Esadazu gezurra
Esadazu gezurra
2026, nobela
176 orrialde
978-84-19570-69-7
Azala: Xabier Gantzarain
Aintzane Usandizaga
1988, Lasarte-Oria
 
 

 

BIHOTZERREA

—Igerilaria—

 

Itsasertzetik urrundu zara. Hondarra atzean utzi eta ia eskertu egin dituzu paseoko hartxintxarrek oinazpian egindako ziztada ankerrak. Lurra epelago dago hemen.

      — Ez nuen hilik hitza sekula erabili.

      Oinutsik ibiltzea ez zaizu behin ere erraza egin. Igerialdia norbaitekin partekatzen duzunean, harritu egiten zaitu zein lasai ibil daitekeen jendea errepidearen, harrien, lurraren gainean, mina aukera bat ez balitz bezala.

      — Ordu laurden gehiago eta banoa.

      Nora, baina?

      — Norbaiten bila.

      Farolak pizten ari dira, eta hiri dotoreetako gune dotoreetan ohi denez, argi epelak dira nagusi. Eraikinak, azalak, bizitzak itsusten dituzten argi zuri gogorrak kanpoaldeko auzoetarako dira.

      Errainu horixkek gauero bustitzen duten aurpegi baten bila abiatu zara, beste telefono bat eskatzeko. Beste saiakera bat egiteko.

      Hirukote bat ikusi duzu urrunean, eta korrika egiteko bulkada izan dute zure oinek, hala moduz erantzun dio gorputzaren gainontzekoak. Harrapatu dituzu. Turistak dira. Ibileran nabaritu diezu, galtzamotxak eta sandaliak janzteko teman. Plastikozko ingelesez azaldu diezu egoera. Telefonoa luzatu dizu batek, whatsappa zabalik. Whatsappetik deitzeko, idazteko aukera ez zaizu orain arte bururatu. Baina etxeko telefonora ezin duzu whatsappetik deitu. Audio bat bidaltzen hasi zara orduan, Laidari, berriro ere, baina ezabatu egin duzu zer gehiago esan asmatzen ez duzulako.

      Kotxe bat ikusi duzu hurbiltzen, eta telefonoa sandaliadunei bueltatuta, beharrik ez dagoela adierazi eta autoaren argietarantz jo duzu, eltxoek nola. Bihotza azkartu zaizu, hankek korrika txikiari eman diote, oraindik ere zer esango diozun, nola jokatuko duzun pentsatzeko tarte nahikorik hartu ez baduzu ere; denbora asko galdu duzu zure buruko mamu-sareekin endredatzen eta funtsezkoena ondo lotzea ahaztu zaizu.

      Zer izango da Laidari esango diozun lehendabiziko gauza?

      Kotxe gris metalizatua da, handia, motor elektrikoen isiltasun beldurgarri horrekin; aisa imajina dezakezu Laida halako bat gidatzen. Hurbildu ahala gidari bibotedunak abiadura jaitsi du, errepidea zeharka dezazun. Ez duzu pasatzeko beharrik, baina gurutzatu egin duzu, ustezko Laida agurtzeko altxatutako eskua airean zintzilik. Ezer esateko aukera eman aurretik, martxan da berriro gidari ezezaguna, esker-keinutzat hartu duenari modu berean erantzun ondoren.

      Turisten arrastorik ez dagoeneko. Hasierako bankura itzuli zara.

      Nolako kaltea egiten dizun oraindik ere zaputzak hartzeak, Luxi. Haurra zinenean, amari “bihotzerrea daukat” entzuten zenionean, benetan zer zen jakiteko gazteegi oraindik, dezepzioak uzten zizun aztarna mikatz horren antzerakoa imajinatzen zenuen. Gerora jakin duzu, biak desatseginak izanagatik, oso desberdinak direla. Dezepzioarenak gehiago irauten dizu, azalaren, giharren, mintzen tolesturetan ezkutatzen zaizu, desagertu dela sinetsarazi arte, eta, berriro zaputza hartzea tokatzen zaizunean, aurreko aldi guztiak aktibatzen dira batera, jasanezin. Oraintxe bezala.

      Zergatik ez duzu zuzenean etxera deitu?

      — Zertarako kezkatu ama.

      Zertarako. Zertarako kontatu amari benetan nola zauden. Madrilen bezala.

      — Ez da gauza bera, ama orain ez dago horretarako. Ez dago ezertarako. Eta nahiago nuke Madrilen bezala banengo oraintxe. Nire bizitzako hilabeterik onenak izan ziren.

      Bai, eta txarrenak ere bai. Bizpahiru aldiz hitz egin zenidan bigarren urteko negu hartan, denbora luzea zeneramanean halakorik egiteko beharrik gabe.

      — Baina Madrilera joateari esker utzi nion lehendabizikoz zurekin hitz egiteari.

      Ez zen erabat horrela izan, Luxi. Institutuan, ordurako, pixkanaka nirekin hitz egiteari utzi zenion. Antzerkian hasi zinen Donostian, lagun pare bat egin zenuen, eta asteburuetan haiekin ateratzera gonbidatzen zintuzten. Institutu berrian gorrotagarriegiak ez ziren klasekideak zenituen, bakean uzten zintuztenak, parrandetan topatuz gero drama edo entusiasmorik gabe hitz egiten zizutenak. Gero eta gutxiago behar ninduzun. Madrilera interpretazioa ikastera joan zinenerako, oroitzapen lauso bat nintzen zuretzat.

      — Kostatu zitzaidan ama konbentzitzea.

      Juncalek lagundu zizun orduko hartan ere, diruarekin, amarekin. Aurrezteko tabernako lana lortzearekin.

      Lehen hilabeteetan pasta bakarrik jaten zenuten ia-ia. Alokairua ordaintzeko nahiko lan. Bost ordu egunean klase intentsiboak, iluntze-gauetan lan. Tabernari, supermerkatuko hornitzaile… Ateratzen zen edozertan. Zuk nahiago zenuen zerbitzari lana, jendearekin tratuan mantentzen zintuen, tonteorako aukerak, pasarte bitxiak pilatzen zenituen; miresgarria zitzaizun jendea zeinen zuzena eta lotsagabea zen hiri hartan, zure ordura arteko inguruan ez bezala. Madrilen izan zintezkeen horren guztiaren ilusioa bizirik mantentzen zizun tabernako giroak.

      Bigarren ikasturtean tokatu zitzaizun gauetan supermerkatuak hornitzen lan egitearena, eta hori beste kontu bat izan zen. Argi zuri hura, bozgorailuetako hots-uhin zikinak. Ikasi zenuen aurikularrekin, zure musikarekin itsustasun hura apur bat isiltzen, baina argiekin ez zegoen ezer egiterik. Ez da bizitzan supermerkatu baten pasilloek baino gehiago deprimitzen zaituen ezer.

      — Jesus, ze dramoi supermerkatu batengatik, ezta?

      Aspertu arte esango dizut, Luxi: nire hitzak zureak dira. Literalki.

      — Baina lehenengo urtea izugarria izan zen.

      Gustura zeunden, lagunak zenituen berriro, talde bat, benetan ikusi eta ulertzen zintuena. Momentuan zinen horren isla bueltatzen zizuten, ez beste ezer, ez zure iragana, ez zure familia. Ez zinen poligrafo bati entxufatua sentitzen galderak egiten zizkizutenean. Oso gutxitan irteten zen iragana zuen arteko solasaldietan; paratestua zen, pertsonaia ulertzeko soilik ezkutuan pilatzen zenuten informazio gehigarria. Orainaldi amorratuaren gose zineten: gorputza, espazioa, hemen, orain. Gustatzen zitzaizuna egiten, izaten ari zinen, eta horretarako egin beharreko zeregin ez hain atseginek ere zentzua hartzen zuten hala. Zure istorio tragikomikoak baloratzen zituen publikoa zeneukan eta ez zenuen bizkar muineraino min ematen zizuna aurpegi axolagabez kontatzeko presiorik.

      Donostiako antzerki eskolako kide batekin joan zinen Madrilera, beste hiru ezezagunekin pisua partekatzera. Gogoratzen dituzu aurreko planifikazioak, ilusio eutsiezina, maletan zer hartu eta zer ez erabakitzearen poza eta estresa. Interpretazio laborategi ezberdinak aukeratu zenituzten, hark kamera aurrerakoa nahi zuen gehiago, zuk antzerkia, antzerki fisikoa. Beste guztirako oinarria emango zizun uste osoa zenuen.

      Gogorrak ziren irakasleak. Krudelak ere bai batzuk. Nork bere metodologia zuen fede, eta xehetasunik txikienean amen ez egitera, garesti ordainarazten zen sakrilegioa.

      — Matilde Robledo. Amesgaiztoak ere izaten nituen harekin.

       Orain barre egiten duzu lankideei kontatzean, Luxi, baina negar ugari egin zenuten Matiren kontura. Ez zuen gupidarik komentarioekin, esposizioarekin. Prestigioarekin lotzen zenuen orduan, kontu serioetan zenbiltzatela sentitzen laguntzen zizuen. Gaur egun inuzente samarrak izan zinetela pentsatzen duzu, baina lehenengo urtean engantxatu egin zintuen hark guztiak.

      Ikasturtea hasi bezain pronto, urruntzen joan zinen antzerki eskola zaharreko lagunarengandik. Ez zen apropos izan. Bera ez zegoen pozik Madrilen, bere herria, bere jendea zituen faltan, ez zen ondo moldatzen hiriarekin, klasekideekin. Lehia bizia zuten, beste rollo batekoak ziren. Aldartea pisutu zitzaion, ez zuen antzik zurekin Donostian antzerki klaseetan ibilitako neska bizi harekin. Gonbidatzen zenuen zure lagunekin ateratzera, eta joan ere egiten zen, baina ez zituen zuen kodeak partekatzen. Azkenean ikasturte erdian utzi zuen dena.

      Pena eman zizunaren plantak egin arren, lasaitua sentitu zenuen. Segituan topatu zenuten ordezkoa haren gela txiki leiho gaberako.

      Huts-hutsetik has zintezkeen, motxilarik, riñonerarik, zintzilikariorik gabe.

      Antzerki laborategiko kideek begi zabalduekin, benetako interesarekin jasotzen zintuzten zu, baita zure etxean modu minimalistan erreproduzitu zenuen aldare familiar berria ere. Santa Luziaren estanpa pare bat, estetikoki deigarrienak —begi estrak lore baten moduan heltzen zituena eta platereko begiak oker zeuzkana—; Laidak eta nik intxaur oskolarekin egindako itsasontzietako bat aitaren ordezkari; ama gazteagotan eta amona batera zeuden argazkia espazioa aurrezteko. Osaba eta aitona ez zenituen Madrilera eraman. Eta han nengoen ni ere, modu diskretuago batean, egin nizun azken opariaren itxurapean. Lagun berriek xehetasun askorik ere ez zizuten eskatzen; enigmatikoa, ohiz kanpokoa, teatrala zen oro ongietorria zen. Hori zen zure mobida, listo. Objektu haien inguruan banaka-banaka galdetzen bazizuten, luzeago ala laburrago baina erantzuten zenien, nire opariaz galdetzen zizuten arte. Buruarekin ezetz egiten zenien orduan, eta errespetatu egiten zuten hitz egiteko ere korapilatsuegia zen zera hori, zera misteriotsu hori.

      Ez zuen misterio gehiegirik, ordea.

      Kafezko gozokia zirudien harritxo hura oparitu nizun, espiral marroi bat, belarri ñimiño baten forma zuena. Osaba batek ekarri zidan ezkonbidaiatik. Kroazian izan ziren eta, ni haren besoetakoa izanik, souvenir bat ekarri behar zidala otu zitzaion. Ez zidan sekula beste oparirik egin, eskukadatxo bat harri marroi. Santa Luziaren begiak deitzen zitzaiela esan zidanean, ez nuen zalantzarik izan: zuretzat behar zuen batek, aldarerako.

      — Eta joan aurretik buzoian utzi zenidan.

      Nik uste lehenago eman nizula.

      — Ba nik buzoiarena dut gogoan. Ez zenidan ohartxo batekin utzi? Agur-opari?

      Zuk hala nahi baduzu. Kontua da Madrilgo aldare inprobisatuan bazegoela, sarreran zenuten altzari zentzugabeki txiki haren kaxoian. Eskerrak ez zenuen nire argazkirik jarri. Aitarenik ere ez, bide batez. Hori susmagarria egiten zait.

      — Oskol-ontzia eraman nuelako, geneukan argazki bakarra ez galtzeko.

      Zuk hala badiozu. Zure lagun berrien artean Tere zen aldare horrekiko interes handiena zuena. Etxera joaten zitzaizun bakoitzean zabaltzen zuen tiradera, eta irribarrez begiratzen zion, luze. Hark kontatu zizkizun santuaren beste bertsio batzuk, begiak ez omen zizkioten torturatzaileek atera, Santa Luziak berak erauzi zizkion bere buruari, haren edertasunaz maiteminduta zegoen gizon bati bidaltzeko, bere edertasunaz sentitzen zuena piperrik axola ez zitzaiola adierazteko; gero jainkoak are begi ederragoak birsortu zizkion betzuloetan. Kontatu zizun, baita ere, haren fedea hautsi nahi zutenen aurrean jainkoak mugiezin, erreezin egin zuela Luzia gaztea tarte batez, minik egin ez ziezaioten, baina, azkenerako, berdin-berdin torturatu eta erail zuten. “Era mi santa favorita” esan zizun herabe Terek, bizi osoan mojekin ikasi ondoren antzerkilari, artista izan nahi zuela esanez gurasoak erremediorik gabe behazundu zituenak; pozik, oraingo bizimodu berrian lotsatzen zuen bere iraganaren fetitxe bat zurekin partekatu ahal izateagatik.

      — Tere! Ahaztua neukan.

      Harreman sakonak, esanguratsuak topatu uste izan zenituen Madrilen. Hitz, esamolde berdinetan endredatzen zinetelako, gorputzak modu berean mugitzen, ahotsak gisara arrastan erabiltzen ikasi zenutelako. Zure lekua topatu zenuen. Eta, ondorioz, zure inguru guztia, mundu osoa bere lekura bueltatu balitz bezala izan zen. Erraz konektatzen zenuen edonorekin, hitzez, larruz, algaraz. Etsai berak zenituzten: agintariak, zuzendari despotak, tabernetako babosoak, irakasle aktorefrustratuak, naziak. Ez zenuten zuen artean etsairik bilatzeko beharrik. Arratsaldetik goizeko ordu txikiak arte luzatzen ziren elkarrizketa dentsoak zenituzten, ahotsik gabe, mingaina lehor amaitzen zenituztenak, buruko minez eta zorionaren antza izan zezakeen ezinegon konstante batekin.

      Dena zen malguagoa, irekiagoa, mugikorragoa; harremanak, ideiak, janzkerak, desira. Talde estanko, hertsirik gabeko mundu bat apokalipsirik eragin gabe posible zela ikusi zenuen, are gehiago, erraza zela, ordura arteko guztia denbora galtze hutsa izan zela.

      Ez ninduzun behar, ezta istorio formatuan ere. Ez zenion Madrilgo inori nire izenik aipatu. Are gutxiago Laidarenik. Eta gurekin batera, zure ama ere askatu zenuen. Ez haserretu, Luxi, baina badakizu on egin zizula.

      — Egunero hitz egiten nuen berarekin.

      Badakit.

      — Ordubete baino gehiago askotan.

      Baina amari begira, amarentzat egoteari utzi zenion. Zeure burua aurkezteko hartaz, haren heriotzaz, hozkailuaz hitz egiteari. Zeure kasa izaten hasi zinen. Deiak ere, luze gabe, amak egingo zituen beti. Bakarrik sentituko zen sasoi hartan, Luxi, bere publiko faboritorik gabe. Nor zen zure ama bere burua, zu zeu, zuri etengabe kontatu gabe?

      — Amak bazuen jendea. Gutxi baina ona. Juncal: inkondizionala. Nik ez dut sekula halakorik izan.

      Eta ni? Eta Laida?

      — Horri heldu nahi diozu? Benetan?

      Ez didazu sekula barkatu joan izana. Laidarekin gertaturikoa ere niri egozten didazu, hondo-hondoan. Horregatik hau guzti hau? Bihotzerrea? Giltzarena? Orain arte uste nuen amagatik zela gehiago. Lotuta ere egon liteke. Ama ere inkondizionala zela uste izan zenuen, uste izan duzu gaixotu den arte, zu baino beranduago hilko zela, eta zu hil ondorenean ere zuri eusten jarraituko zuela, bere istorioetan.

      — Garazi. Madril. Madrilen geunden.

      Madrilen, bai. Nigandik, Laidagandik, amagandik urrun. Behingoz. Baina amak ez zintuen hain erraz askatu. Amak ez zituen zure beharrak, zure ezinak ikusten, Luxi, ezta akatsak ere. Bereak baino are gutxiago. Ezin zuen mundua, ezertxo ere zen bezala ikusi. Fikzio paktu erabatekoa zuen errealitatearekin: garbia, inozentea, hipokrisiarik gabekoa. Santa Luziaren begi guztiak alez ale biltzen zituen, ispiluak desagerrarazten, gertakariak lokatzaren moduan bihurritzen bere ahotsaren, buruaren, urdailaren zirrikituetara moldatu arte. Eta zurekin gauza bera egiten zuen. Egingo luke orain ere hemen ikusiko bazintu, barrutik pasatzen zaizuna benetan jakingo balu.

      — Ama ez da lehen zena. Baina orduan bai, Madrilen nengoenean bai. Arratsero deitzen zidan, hutsik egin gabe.

      Ordubete izaten zintuen gutxienez telefonoan, berdin zitzaion lanerako prestatzen ari zinen edo lagunekin tapeatzen. Hartzen bazenion bazenekien ordubetez egon beharko zenuela. Zure ordutegiak zekizkien, eta esaten zizun “oraindik ez zinen lanean” edo “gaur ez zenuen gaueko txandarik, zergatik ez didazu lehenago hartu?”. Zure amak, haurra zinenean eskolaz kanpoko ekintza gutxi horien asteko egunak nahasten zituenak, afaltzeko, lotarako ordutegiarekin kaosean bizi zenak, orain izugarrizko kontrola zuen zure joan-etorriekin. Horrek ez zizun pistarik eman, Luxi? Madrilera joan eta hilabete pasa zenean, egun oso batean telefonoa ez hartzen saiatu zinen, deien maiztasuna jaistea arrazoizkoa zela iritzita. Hurrengo deian denbora hirukoitza eduki zintuen beste aldean, belarria bero-bero, haren purrusta inongo bainarik gabe irenstera beharturik. Tonu ozpina zerbait kontatzen hasten zitzaizun bezain pronto pasatzen zitzaion, ordea. Halakoetan bazenekien hark bakarrik zuela hitz egiteko eskubidea, galdua zenuela txanda bezperan telefonoa ez hartzeagatik.

      — Galdera asko egiten zizkidan Madrilgo bizitzaz lehen hilabeteetan.

      Gero eta gutxiago ondoren. Eta ez zuen erantzun bakar bat ere arretaz entzuten, Luxi, hainbeste ezagutzen duzu zure ama. Soilik inporta zitzaion noiz sar zitekeen bera, noiz lot zezakeen zuri gertatutako zerbait bere anekdotaren batekin, beste edozein garunetan ezinezkoak liratekeen konexioak eginez. Zuk esango zenion “Pablo bizikletatik erori da eta besoa apurtu du emanaldirako bi egun geratzen direnean” eta amak “ni beste hartan bezala, fabrikan lanean nengoenean, bizikletan joaten nintzen gaueko txandara. Nagusia zerri bat zen, baina ni begiko ninduen eta behin eskatu zidan...” eta beste kontaketa kate bati heltzen zion, zuk esandakoarekin zerikusirik ez zuena, bere existentzia zuri, bere buruari behin eta berriro erakustea zuena helburu bakar.

      Amari bere kasa hitz egiten uzten ikasi zenuen, lau esalditan zure egoera orokorraren laburpena egin ondoren.

      — Beldurra ematen zion ni urruntzeak.

      A. Orduan zeu ere ohartzen zinen, Luxi.

      Modurik sinpleenean asmatu zenuen, halako batean, amarekin nola komunikatu egoera berri hartan. Retiroko parkean paseatzen zenbiltzan, malenkoniatsu samar. Aitortu nahi zenuena baino gehiago gustatzen zitzaizun murtziar hark zuen artekoa intentsuegi jartzen ari zela eta gehiago ez geratzeko esan berri zizun. Ikasi zenuen irria behartzen eta “dejar fluir” hartan mugitzen, baina bihotzerreak erasan zintuen barrutik orduan ere. Halakoetan joaten zinen berde bila, txori, animalia bila, zementuzko izkina konpultsibo haiek mingarri zitzaizkizunean, edo, kasurik okerrenean, zentzugabe.

      Parke erraldoi hartako zonalde lasaienak aukeratzen zenituen, inguruak zure aldartearekin bat egin zezan. Udaberria indar biziz sartu zen egun hartan, bezperan gutxitan bezala egin zuen euria hirian, dena gristasun hezez estaliz. Perfektua zen, gaurko badiako giroa perfektua iruditu zaizun modu berean. Zozo bat ikusi zenuen. Irria atera zitzaizun, beti eginarazten zizuten irribarrea zozoek, ez zenekien oso ondo zergatik. Arnasa sakonxeago hartzeko balio izan zizun, argazkia ateratzen saiatu zinen, zooma eginez, eta ikusi zenuen bazuela mokoan zerbait. Heldurik zuen horrekin lurrean kolpeka hasi zen, eta ez zenuen gihar bakar bat ere mugitu, zuretzat espreski, intimoki egiten ari zen zerbait zirudien ekintza haren detaile bakar bat galtzearen beldur. Harrituta ikusi zenuen barraskilo oskol hura apurtzen eta, tarte batez barrutik ateratakoa mokoan erabili ondoren, irentsi eta salto txikika urrundu zen zugandik, azkenerako hegalak astindu eta airean desagertu zen arte.

      Magikoa iruditu zitzaizun.

      Amari deitu zenion, eta emozio handiz kontatu ikusi berri zenuena. Aspaldiko partez benetan zurekin hitz egiten ari zela sentitu zenuen, bertan zegoela, konektatuta zeundetela. Zure aktore kontuak baino askoz gehiago interesatu zitzaion.

      “Hori amona zen”.

      Eta zuen familiak zozoekin zuen harremana kontatu zizun, konpainia egin izan zizuetela unerik garrantzitsuenetan.

 

“Juan ospitalean zegoenean, leihotik horixe ikusten zuen, zozo bat, bere goizeroko bainu erritualetan, azpiko eraikinaren teilatuko ur putzu batean. Eta Juan hil hurren zen azken orduetan ere zozo horixe bera ikusi nuen, behin baino gehiagotan, leihoko erlaitzean. Eskua estutzen nion aldi bakoitzean nebari, ikus zezan amona etorri zitzaiola konpainia egitera”.

 

      Zuk ez zenekiena zen amona ez zela semearen ondoan egon haren heriotzan, ama bakarrik egon zela Juanekin une hartan. Jakin, ez zenekien osaba benetan nola hil zen ere. Baina bazenekien amari hitz egiten utzi behar zeniola, ez zela galderak egiteko garaia. Egia esan, zure amari galderak egiteko garai onik ez zegoen: esan nahi zuena esango zizun, zuk eskatu ala ez, alferrik zen kontatu nahi ez zuen zerbait galdetzea. Eskapismoan abila zen oso.

 

“Parkeko zozoak zure ondoan hori egin badu, zugan konfiantza duen seinale. Edo abisuren bat ematera etorri da. Amona izango da”.

 

      Ez zenion amaren teoriari logikarik ikusten, ezta haren kode propioetan ere. Amona bizirik zegoen, printzipioz behintzat, osaba Juan hil zenean. Zergatik bisitatu, orduan, zozo itxurapean? Zergatik ez zegoen han, ospitaleko gela hartan beraiekin? Baina beti eman zizun beldurra amari osabaren inguruan ezer galdetzeak. Benetan galdetzeak.

      “Agian amona da, bai” erantzun zenion eta etxerainoko bidea egin zenuen, ama belarrian hizketan oraindik. Parketik oskol zatia jaso, zure pisuraino oinezmetrozoinez joan, altxor berria aldaretxoan jarri eta, oraindik ere, hitz eta pitz jarraitzen zuen. Oskolak ondo ematen zuen nik oparitutako harriarekin, biak ziren marroixkak, kiribilak. Santa Luziak begi berdeak izan zituen ordura arte zuen izozkailuko aldarean, zeure buruan, baina zergatik ez marroiak.

      Handik aurrera egunero kontatzen zenion amari zerbait zozo haren inguruan: altuago kantatzen zuela zu gertu zeundenean, noraino hurbiltzen zitzaizun. Hura zela, inguruko zozoekin alderatuta, moko horian mantxa laranjak zituen bakarra, nolakoa zen haren mokoa, gastatu samarra eta ezkerrera okertua.

      “Amonaren sudurra bezala”.

      Esaten zenizkion gauza asko Googlen topatuak ziren, edo amak berak aurreko egunetako deietan zozoen inguruan kontatutakoak, baina ahaztu egiten zitzaion lehenago esan zizkizula eta entusiasmo handiz hartzen zituen.

      Horrela lortu zenuen dei haiek eramangarriak izatea, ama sostengatzea.

      Udako oporretan etxera bueltatu zinen. Aurrez aurre eta tarteko zozorik gabe, gero eta zailagoa zitzaizun amarekin hitz egitea. Haserretu egiten zen, ez zenuelako zure beste bizitzaren parte egiten. Lagunez, eskolez, Madrilez hitz egiteko Juncalen bisitak aprobetxatzen zenituen; zuen artean kuxin bigunak jartzearen modukoa zen haren presentzia, irribarrez eta adi entzuten zizun, eta amaren harilkatze behartuei ere laguntzen zien, aldi berean. Amak beste gai bati heltzen zion ahal bezain pronto, hala ere, maniobra kamikazeak eginda.

      Saiatzen zinen ama limurtzen, Madrilera bisitan joan behar zuela esaten zenion, zure lagunak aurkeztuko zenizkiola. Baina lana aipatzen zuen halakoetan, eskuarekin euliak uxatzeko keinua egiten. Zure saiakera losintxariak amaitutzat ematen zituen “qué pinto yo en Madrid” zeken hura bortitza egiten zitzaizun beti, talka egiten zizun zure amaren izaera, ustez, abenturazalearekin. Bulego batzuk garbitzen lagundu zenion uztailean, lixiba usainak eskuak lehortzen zizkizula.

      Uda luze joango zen Madrilgo lagunekin planak egin izan ez bazenitu. Bataren herriko festetara, bestearen amonaren hondartzako etxera, abuztu osoa penintsulan gora eta behera ibili zineten, ipar eta hego. Ez zenuen udan lan egin nahi izan, lotsagabekeria hori baimendu zenion zeure buruari lehendabizikoz hamasei urte zeneuzkanetik. Madrilen lanean zenbiltzan tabernan uztaila eta abuztua hartuko zenituela esan zenion nagusiari, galdera tonu arrastorik gabe.

      — Abuztu hura ikaragarria izan zen.

      Hala izan zen, bai, baina konturatzen zara ez zenituela lagunak zurera gonbidatu? Haiek Euskal Herrira etorri nahi izan zuten arren hamaika aitzakia asmatu zenituela zure etxera etorri ez zitezen? Amaz lotsatzen hasi al zinen garai hartan, Luxi? Zure etxeaz? Edo zure misterio lainoa galtzeko beldur zinen?

      — Ez dut ulertzen hain uda ona igaro ondoren zergatik aldatu zen hurrengo ikasturtean taldeko giroa.

      Amaren zolitasun bera duzu gaiaz beste egiteko.

      Konpetentzia, nekea, adrenalinaren beherakada, auskalo. Egia da bigarren urtean giroa ez zela berdina izan. Zuen arteko korapilo eta talkak, inpultsu inozoak, guztia amaitzearen aldez aurreko beldurra... Arrazoi txiki ugari egon zitezkeen horretarako, baina ez zu asetzeko moduko bakar eta biribilik.

      — Eta lanetik bota ninduten.

      Hobeto esanda, ez zintuzten bueltan hartu: zure abuztuko euforiaren fakturatxoa. Supermerkatuan hasi zinen, besterik topatzen ez zenuelako. Antzerki eskolak errepikakorrak zitzaizkizun ordurako, jasanezinak irakasle handiuste haren ohar absurdoak. Izan zenituen liskar pare bat Matirekin. Astebetez ez zinen eskolan azaldu. Aldartea ubeldu zitzaizun. Lagunak kezkatzen hasiak ziren, baina zuk ez zenituen hitzak topatzen gertatzen zitzaizuna azaltzeko. Ezta niri kontatzeko ere. Eta hori guztia gutxi ez eta, errematerako, amaren dei hura.

      — Begira zenbat gauza aipatu dituzun, Garazi, ez nintzen amagatik bakarrik bueltatu.

      Baina deiaren ostean jo zenuen hondoa, Luxi, ez aurretik. Zergatik ez zenuen beste eskola bat, beste lan bat probatu? Zergatik ez zinen gero Berlinera joan gogoan zenuen bezala? Eta hitz egingo didazu baliabide faltaz, “mundu horretako” fribolitateaz, akiduraz; baina amaren dei harekin hondoratu zinen.

 

“Kaixo, Lu. Aizu, zure aita hiltzear da eta zurekin hitz egin nahi duela esan dit. Nik behin baino gehiagotan errepikatu diot Madrilen zaudela, oso bizitza okupatua duzula, baina tira, esango nizula zin egin diot eta hementxe. Joan nahi duzu ikustera? Pentsatzen jarrita, hori esatera etorriko zitzaizun amona pasa den udaberrian, denbora omen darama gaixorik. Ni ez naiz joango, baina zure aita da. Zuk ikusi”.

 

      Zerk harritu zintuen gehiago, Luxi? Amak aitaz horrela hitz egiteak, hamaika aldiz hamaika modu desberdinetan “desagertu”, “joan” zela esan ez balu bezala ala, hain justu ere, amak une hartan egiatik ez babestu izanak, beste hainbestetan bezala?

      Ez zenion erantzun garbirik eman. Etxera bueltatu zinen, hori bai. Bazenekien etxera bueltatzeak zer suposatuko zuen zure interpretazio ikasketetan. Izen handiko tiranoak ez zizun barkatuko huts egite hura, ezta aitaren aitzakia erabili izan bazenu ere. Baina nola erabiliko zenuen, ba, hil hurren zen aitaren aitzakia hura, ikaskide guztiek ikusi baldin bazuten zure aita zenaren intxaur-oskola aldarean? Zergatik ez zenuen eraman Madrilera urtetan aitarena zela esan zenuten argazkia, Luxi? Ez ote zen ordurako zeuk ere errekonozitu uste izan zenuelako filmen batean gazte eder zuri-beltz hura? Izua ematen zizulako zure ikaskideren batek izen-abizen zehatzagoak jartzeak aurpegi horri?

      — Zer leporatu nahi didazu horrekin?

      Nik? Ezer ez. Zuk nahi ez baduzu, behintzat.

      — Ez nien irakasleei azalpenik eman. Supermerkatukoei juxtukoa.

      Ez irakasleei ez inori. Lagunek mezuak bidaltzen zizkizuten, baina gehienetan ez zenien erantzuten, eta, erantzun zenuen urrietan, lausoak ziren zure hitzak; bueltatu behar izan zenuela, familia kontuak, besterik ez. Pixkanaka gero eta mezu gutxiago jaso zenituen.

      Aitari ez zenion bisitarik egin. Amak argi utzi zizun “tu padre, tu decisión” batekin berak ez zuela gai hartaz ezertxo ere jakin nahi. Zertarako etorrarazi zintuen, orduan? Juncal prest agertu zen zuri aitarengana laguntzeko. Gelditu zineten hurrengo egunean ospitalera joateko, sartu zinen bizilagunaren kotxean, aparkatu zenuten eraikin hitsaren aurrean eta “itxoin” esan zenion. Itxaron zenuten ordu bat, bi ordu. Negar egin zenuen, penagarri samar. Besarkatu zintuen. Malkoak lehortu zizkizun Juncalek, eta bazkaltzera eraman zintuen.

      “Zure ama ez dago ondo, Luxia”.

      Baietz esan zenion, bazenekiela, eta pentsatu zenuen inoiz egon ote zen ondo zure ama. Baina ez zenuen Juncal esaten ari zitzaizuna ulertu, Luxi, edo ez zenuen ulertu nahi izan. Postrea partekatu zenuten isilean.

      Amari ez zenioten ezer kontatu. Hark ez zuen deus galdetu. Ez zenuen jakin zure aita nolakoa zen, ez aurpegiz, ez ahotsez, ez bestela. Eskela ikusi nahi ote zenuen galdetu zizunean ezezkoa erantzun zenion Juncali.

      Amarekin egon zinen aste pare batez, existitzen zenik nabaritu ezin zen dolu arraro batean elkarri kontrapisua egiten edo, eta zerbait aldatu zen etxe hartan. Eta ez aldaretik magikoki desagertu zen “aitaren” argazkia bakarrik. Otorduro zeharka begiratzen zenion izozkailuari zuk eta ama, Juncalen bisitarik ezean, isilik egoten zen. Nebarekin, amarekin hitz egiten jarraitu zuen, dena den.

      Galderak trabatzen zitzaizkizun eztarrian. Bazenekien hasiz gero ez zinela sekula geldituko, eta beldurra ematen zizun lur erauntsi horrek. Niri ere ez zenidan hitz egin aldi hartan, Luxi. Minduta zeunden? Minduta zeunden urte asko atzera eragin nizun bihotzerrea berriro etorri zitzaizulako? Ezer esan gabe, zuk ezer ulertu gabe joan nintzelako? Laidak ere alde egin zizulako muturren aurrean eta orain hau guztia nori kontatu ez zenuelako? Guri baino ezingo zenigukeen kontatu, niri eta Laidari. Ni joan aurreko Laidari, pentsatu zenuen, eta buru barruan kantatu, urte asko atzera asmatu zenion melodiatxoarekin, buruz zenekien telefono mugikor bakarraren zenbakia, haren zenbakia. Zer gertatu izango zen une horretan Laidari deitu izan bazenio? Oraindik ez ziren pasatako urteak hainbeste gogortu, pixka bat bai, nahikoa harremana beste leku batetik eraikitzeko, baina ez gaur egun bezala, oraintxe bezala, antzinako fosil bat berpizteko arao bat behartzen ari zarela sentitzeko bezainbeste.

      — Ez dugu jakingo.

      Artegatu egiten zintuen zure etxe izandakoak, hozkailuak egiten zuen zarata setati hark.

      Ostiral batean esan zenion amari: “Madrilera noa”. Zigarroa piztu zuen, zuretzat edo amonarentzat edo osaba Juanentzat zen marmar ulertezin batean.

      Autobusa hartu eta Madrilera joan zinen. Lagunek harrituta baina beso zabalik hartu zintuzten, nabarmenegia zen bidean galdutakoa, ordea. Ez zenuen berezko sintonia erraz, irristakor hura lortzen haiekin. Behartu egiten zenuen, antzeztu.

      Eskolei zegokienez, argi utzi zizun Matik: nahi bazenuen bueltatu zintezkeen, baina bai ala bai bigarren maila egin beharko zenuen berriro osorik, ez zenuelako fundamenturik egin; “me decepcionas, Lucía”. Zugandik zerbait espero izan balu bezala; dena eskura izan eta dena alferrik galdu bazenu bezala. Bazenekien gezurra zela eta gezurrarekin erantzun zenion zuk ere: astelehenean bueltatuko zinela.

      Amak egunero deitzen zizun berriro. Etxera bueltatu zinen aste horiek existitu izan ez balira bezala, guztia irauli zuen dei hura egin ez balu bezala. Baina konturatzen zen, Luxi, konturatu behar zuen; inoiz baino isilago egoten zinen, monosilaboekin erantzuten zenion. Erretorikoak ez ziren galderak egiten hasi zitzaizun, azkenerako.

      “Zer moduz zozoa?” galdetu zizun behin, eta tonuan nabaritu zenion seko ahaztua izan zuela kontu hura guztia, “zer moduz amona?”; “hilda”, erantzun nahi zenion, baina ez zinen gai izan eta “neguan ez dira hainbeste ateratzen” esan zenion.

      “Bueltatuko da”.

      Ez zuen zentzurik Madrilen alokairu garesti triste bat ordaintzeak, beste supermerkatu batean beste lan fluoreszente bat topatzeak, antzerkirik egin gabe, arrotz sentitzen zinen talde batean egotera behartzeko zeure burua.

      Beste ostiral batean erabaki zenuen aski zela —ostiralak deprimenteak iruditu izan zaizkizu sarri—. Madrilgo ikasketak eta lagunak hitz erdirik gabe utzi, armairua hustu, aldare minimoa bertan abandonatu eta, autobus parea hartuta, herrira bueltatu zinen. Besterik gabe.

      Post-diskurtsoa: Madrilgo bizimodu frenetikoak, azalekoak nazkatuta bueltatu zinela, etxean probatu nahi zenuela aukera gutxiago egonda ere. Etxea dagoeneko zer zen oso ondo ez bazenekien ere.

      Juncalek kezkatuta begiratzen zizun. Ez zuen ezer gehiago galdetu. Amaren etxean jarraitzea ere eraman ezina egin zitzaizunean, lehenengo lanekin diru pixka bat bildu eta pisu bila hasi zinen Donostiako argi zuriko auzoetan.

      Zenbat urte pasatu ziren gero? Zenbat casting? Zenbat bideobook? Zenbat asteburuko, goizetako, noizbehinkako lan? Eta pixkanaka aukerak zabaltzen hasi ziren, zorte handia izan zenuela ere esango luke batek baino gehiagok: telesail bat, funtzionatu zuen pertsonaia bat, kalean jendeak, haurrek batez ere, ezagutu eta zure atzetik izen berri hura oihukatzen joatea.

      Nahi zenuena?

      Faltan bota zenuen denbora luzez Madrilgo lagunekin izandakoa. Urrutira harremanak ez zuen iraun, bihotza apurtu zizun, baina zure erabakia izan zen azken batean. Zeure erabakia izan zen haien mezu kezkatuei normaltasun gainantzeztuarekin erantzutea, bi urte haiek gertatu izan ez balira bezala jokatzea; zeuk aukeratu zenuen asteburuetan, zubietan, emanaldi garrantzitsuak zituztenean hara joan beharrean aitzakiak luzatzea. Taldea nahi duzu, betirako hil edo biziko lagunak nahi dituzu, baina gero ezin duzu halakorik sostengatu, Luxi: beldur zara. Beldurgarria da ezkutaketan jolastea inor bila ote duzun jakin gabe.

      Madrilgo bizitza atzean utzita, Donostian zure lan, alokairuzko pisu —oso— partekatu propioa ziurtatuta, denbora asko ematen zenuen, kurioski, amarenean. Nahiz eta gero eta benetako elkarrizketa gutxiago izan harekin, nahiz eta ohartu hitz egiten zenuten aldietan batak besteari bakarrizketak jaurtitzeko izaten zela, nork nori arreta gehiago eskatu, nork nori zer nabarmenago kontatu. Nekagarria zen. Eta bihotz betez sinistu nahi izan bazenuen ere, ezin zenuen sinistu. Ez hura, ez zeure burua. Izozkailuko aldarea ostikada batez botatzeko gogoa sartu zitzaizun behin baino gehiagotan, amari sorbaldetatik eutsi eta haren burua astintzekoa, kontatzen zuen istorio bakoitzari kontra egitekoa. Eutsi zenion bulkadari. Ama gero eta ahulago, gero eta bere baitan bilduago sumatzeak ere laguntzen zizun euste lanetan.

      Gauza arraroak egiten hasi zen; betiko istorioak, hozkailuarena, bere heriotzarena, aldatzen. Detaile inozoak ziren hasieran, asperdura hutsagatik egiten zuela uste izan zenuen, baina Silvia, Juncalen alaba zaharrena, bisitan etorri zen batean, bere heriotzaren gertaera kontatu zuen zure amak, eta ez zituen zure sukar altua, zure itsaso begiak aipatu. Haren heriotza propioa, Santa Luzia eta amona, besterik ez. Hozkailua ere ez.

      “Hozkailua aldatu behar dut. Nazkatuta nago izozkiak ezin erosteaz”. Bota zizun egun gutxi geroago, zigarrokina hautsontzian itzaltzen zuela, ipurdi erdia jada aulkitik altxatua, ohi zuen moduan. “Baina, ama, eta santuari egindako promesa?”. Zuzen begiratu zizun, goiko ezpaina zimurtuta, inozokeria hura zertara zetorren ulertuko ez balu bezala. “Non nahi duzu sartzea faszitisarentzat medikuak agindutako botila izoztua?”. Eta komunerantz jarraitu zuen zure erreakzioari lekurik egin gabe.

      Eraman zuten hozkailu zaharra, baina ez ziren berria ekartzera iritsi. Marka geratu zen paretan, entxufe zikin bat begi zabalik. Juncalek ama konbentzitu zuen harenera bizitzera joateko. “Lo egitera bakarrik, bazkaltzera” esaten zion, “kafesnea zurean hartuko dugu, goizean eta arratsaldean”. Juncal amari zetorkiona aurreikusten ari zen, eta zu, Luxi, ez zintuen prest sumatzen.

      Bestelako kontuekin lanpetzen zinen ez prestatzeko.

      Zure bizitza, zure familiarena amets baten moduan gogoratzeaz nekatu zinen, amak bakarrik ulertzen zuen nebulosa hartaz, orain, pixkanaka, desagertzen uzten ari zena, bestalde; zu ere gandu harekin desegiteko beldur zinen. Ba ote zegoen istorio horien guztien oinarrian egiarik?

      Prentsan bilaketa egitearen tentaldian erori zinen, azkenean. Amaren gertaera hartara, gertaera berezienera jo zenuen: bere heriotza eta birsortzea. Titular bat topatu zenuen herriko liburutegiko hemerotekan, egunkari irakurrienaren eskualde-sekzioan: “Se desplomó muerta y durante 15 minutos no tuvo pulso: oraron en voz alta a Santa Lucía”.

      Ez zenuen artikulua irakurri.

      Ama, azken urteetan garatutako ohiturari jarraituz, siestara sartu zen batean, sukaldean bakarrik geratu zineten Juncal eta biok. Mahai gaineko ontzi eta apurrak jasotzen hasi beharrean, parean zuen kafesne erdi hustua hartu, eta albo batera apartatu zuen Juncalek. Behetik gora begiratu zizun, kopetako zimurrak nabarmenki estutuz, “tira, bota behingoz” irakurri zenuen zuk keinu horretan, eta bota zenuen. Amaren heriotzaren eguneko titularrak topatu zenituela esan zenion, baiezkoa egin zizun buruaz. “Eta zuk ez zenion sinisten”. Mindu egin zintuen akusazioak, nahiz eta goxo esan zizun, nahiz eta arrazoia zuen. “Amak ez du gezurrik esaten, Luxia, ez beste mundu guztiak baino gehiago”. Irribarre egin zizun, kea albo batera, goraka botaz. “Are gehiago esango dizut: esaten duen ezertxo ere ez da gezurra harentzat”. “Baina besteontzat bai” ausartu zinen. Luzatu egin zuen isiltasuna Juncalek, eroso. “Zer nahi duzu jakin, Lu? Ni prest nago amak kontatzen ez dizun hori, zure ustez egia den hori kontatzeko, hari oraintxe halakorik ez eskatzearen truke. Bota”.

      Galdetu nahiko zeniokeen osabaz, haren eritasunaz, heriotzaz zenituen susmoez; zure aitonaren itzalak guztiei eragiten zien min mutuaren atzean zegoenaz, amonaz. Jakin nahi zenuen familian atzera noraino iristen zen herrikoek zuenganako, zurekiko zuten mesfidantza. Galdetu nahi zeniokeen zure aitaz, amarentzat benetan izan zuen garrantziaz. Baina isildu egin zinen. Ez zenuen galderen ondoren zetorren guztia entzun nahi. Orain ez. Ez zen bidezkoa orain, justu orain, guztia balantzaka jartzen hastea. Aita ikustera joan ez zineten eguneko esaldi bera errepikatu zizun Juncalek, “Zure ama ez dago ondo, Luxia”, eta gehitu zuen, “berak ez dizu esango, nik ere kostata eta ezkutuan eskatu dizkiot informeak medikuari baina, nahi baduzu, neuk esango dizut. Jakin nahi duzu zer gertatzen zaion zure amari?”.

      Burua jaitsi eta atzamarrekin apurrak biltzen hasi zinenean ez zuen insistitu.

 

 

— Gerora ere ez dit sekula aurpegiratu ondorengo hilabeteetan, gaixotasuna gehiago nabaritzen hasi zenean, etxera ez agertu izana.

      Badakit.

      — Gaizki sentitzen nintzen kalean jendeak amagatik galdetzen zidanean. Sekula kasurik egin ez zion jendea, iraganean ondo tratatu ez zuen jende hura guztia betazalak samurtuz niri amaz galdezka.

      Ez zinen horregatik bakarrik sentitzen gaizki. Lotsatu egiten zinen galdera zehatzak egiten zizkizutenean ezer azaltzeko gai ez zinelako. Amari ezkutuan leporatzen zenion zure amona eta aitonaren artean zer gertatu zen, zure osaba benetan nola hil zen ondo ez kontatu izana, baina gero, aukera izandakoan, ez zenuen ezer jakin nahi izan. Ezta amaren gaixotasunaz ere. Herrira joateari utzi zenion.

      — Eskerrak Juncali, bera arduratu zen amaz. Bera arduratu da beti amaz.

      Hilabeteak egon zinen etxetik pasatu gabe. Baina, beste ostiral batean, Donostiako alokairu garestia utzi eta, abisurik gabe, amarenera bueltatu zinen zure maleta arinarekin —ikasi duzu azkenean maleta arinak egiten—. Bihotza uzkurtu zitzaizun. Hozkailuaren hutsunea paretan, kafesne usainik ez sukaldean. Baina hor zegoen, Juncalen oharra, postit hori batean, labeko atean: “Etorri etxera, Lu”.

      Hantxe zeuden biak, Juncalen sukaldean lekua eginda. Amak irribarre egin zizun, Juncalek parean kafesnea galletekin jarri eta istorioren bat kontatzen hasi ziren biak, normaltasun planta behartuegiarekin. Ez zuten lehengo indarrik, garai bateko erritmorik. Juncali zegokion orain biziagoa izatea.

      Arratsalde osoan egon zineten mahai haren bueltan, zu entzuten, baretasuna antzezten. Halako batean nekeak gain hartu zion amari eta Juncalek ohera lagundu zion. Baldar ikusi zenuen, zahar. Bizilagunak askoz gazteagoa zirudien orain, bizitza osoaren kontrara. Ama oheratu ondoren irratia piztu zuen, oso baxu; “ulertzen dut amarekin haserre egotea, baina nahikoa da, Luxia”.

      Esan nahi zenion ez zeundela haserre, ez zela haserrea sentitzen zenuena, bihotzerrea zela, hain bihotzerre handia, hainbeste bihotzerre batera ez zenekiela arreta nora eraman. “Ez dakit zer uste duzun, zer asmo duzun, baina amak hobera ez du egingo” esan zizun katiluak harraskara eramaten zituela, aurpegia zure begietatik ezkutatuta.

      Irratiaren zurrumurrua oroitzen duzu, ur txorrota, plateren talka.

      — Ni hil behar nintzen lehenengo.

      Hori esan zenion bizkarrez zegoela, harrikoa egiten ari zela, eta haren sorbaldei begira bazeunden ere, badakizu irribarre egin zizula.

      Hori zenuen gogoan, gaur ere, autotik itsasorako bidean?