Esadazu gezurra
Esadazu gezurra
2026, nobela
176 orrialde
978-84-19570-69-7
Azala: Xabier Gantzarain
Aintzane Usandizaga
1988, Lasarte-Oria
 
 

 

INDAR ZENTRIFUGOA

(Gidaria)

 

Urkoren deiak jo dezan laga du Laidak. Badaki gero audio bat bidaliko diola.

      Zer utziko dizut afaltzeko?

      Ez dio esango zergatik ez zatoz, edo ondo zaude, baina osasuntsu jan dezan arduratuko da. Esker oneko izaten saiatzen da Laida.

      Zerbait janda bueltatuko naiz. Mila esker.

      Ohituta dago Urko halako mezuetara. Eta badaki afalduta bueltatuko naiz ez dela hori literalki, ez dut afalduko dela, eta ez duela horren inguruan galdera gehiagorik egin behar. Urkok erraz ulertzen du ez dituela galdera asko egin behar.

      Errazegi.

      Batzuetan, Laidak kanpotik ikusten du bere burua, ikusten ditu haien buru elkartuak, eta ez du oso ondo ulertzen zer egiten duten batak besteari mezuak bidaltzen, afaria prestatzen. Minutu batzuez, haren begi ilunak, gorputz adar luzeak erabat ezezagun zaizkio. Arrotza izenaren ebakera. Ur-ko. Ezin sinetsia zaio nola ikusi dituen zimurrak azaleratzen lehen halakorik ez zuten begi ertzetan. Nola sumatu duen hatz-mamiekin haren saihetsaldeko azala sotilki lehortzen. Zeinen erraz konturatzen den, ia hura baino lehenago, belaunak min egiten diola, aldartea abailtzen zaiolako. Hitzik gabe adostu ditzakete eguneroko gorabeherak, baina, aldi berean, batzuetan iruditzen zaio ez duela benetan ezagutzen. Ezin dituztela esaldiak kateatu ez bada lekak mozten, ez bada arropa tolesten, ez bada autoa xaboiaz igurzten. Horiek gabe hizketari ekitea etxe-orratz batetik bestera ekilibrismotan hastea bezalakoa da: bertigoa ematen dio eta ez daki beste aldetik ere kablea tenkatuko dioten. Zeregin eta elkarrizketa ezagunetara mugatzen dira ia beti. Hitz egin dute politikaz noizbait, euren harremanaz inoiz, baina zorrotza da hitzen ekonomia halakoetan:

 

izugarria gertatzen ari dena / nola bozkatzen dituzte oraindik? / ulertezina da

edo

ondo gaude? / bai, nekatuta nago, pasako zait / asteburuan kanpora joango gara.

 

      Jende gehiagorekin daudenetan entzuten du Urko solteago hitz egiten. Urkoago. Lilura berri bat da Laidarentzat. Entzuten duenean bere lanaz, lasterketa denborez, deskubritu duen azken telesailaz bare baina etenik gabe hitz egiten, lotsa eta samurtasuna sentitzen ditu nahasian. Kulpa mututzea lortu duenetan argiago ikusi du nondik datorkion sentsazio likits hori: maite du, baina ez du beti gogoko. Gaur egun ezagutu izan balu ez litzateke harekin egongo.

      Baina benetan maite du aldi berean. Zentzua duela pentsatu nahi du. Gogoko duen jende asko maite ez duen moduan, baina alderantziz. Elkar aukeratu zuten eta lasaitasuna, lur-eremu egonkor samarra finkatu bien artean: 80 m2 (gehi terraza). Itolarri logistiko eta emozionaletik atera zuen batak bestea. Lanetik, auto ilaretatik, familia bazkarietatik bueltatu eta arnasa lasai hartu ahal izateko espazioa eta denbora eraiki zizkioten elkarri.

      Errudun sentitzen da Laida halakoak pentsatzera ausartze hutsagatik. Urkorekin sekula imajinatuko zukeena baino erosoago bizi baita; ez dakizu gizon horrekin izan duzun zortea esaten zion amak, esaten dio, oraindik ere, mehatxu eta eztikeriaren arteko doinu horrekin. Eta kulpa datorkio, atzera ere, oraingoan bere familiarekiko, amarekiko, enpo egiteko zentzuzko arrazoirik ez duelako berez. Heldu funtzional eta fundamentuzkoa izan da ama beti, eta behar izan duten guztia eman die anai-arreba guztiei. Baina harekin tarte luze bat egon ondoren, kafe bat edo bi baino gehiago, hamabi orduko hegaldi baten ostean bezala sentitzen da Laida, eta etxera heltzeko, Urkoren oin biluziak lurretik arrastaka entzuteko, egongelako sofan bere gorputza amiltzen uzteko atzera kontua abiatzen zaio lokietan. Nola egoten zen lehen hainbeste ordu harekin? Ez dira aski, gainera, nebekin batera egiten dituzten juntadizoak: hitzik gabeko mandatua da ama-alabek haien bakarkako momentuak behar dituztela. Ez du modu agerikoan behartzen, baina, aldi berean, ez dio beste aukerarik uzten. Asteroko zita higiezina da. Eta gero bisita sorpresak daude, hau ekarri dizut edo bestea beharko zenutela pentsatu dut; burdin jantzizko intrusio eztabaidaezinak. Behintzat ez dut haurrik, pentsatzen du Laidak halakoetan. Badaki hondo-hondoan ama izugarri mintzen duela horrek, gurasotasunaren kontuak, baina ez dio oraindik zuzenean galdetzen. Eta eskertu egiten dio hori. Ez gai mingarria delako, ez berez, baizik eta ez lukeelako jakingo zer erantzun. Nola erantzun, zehatzagoak izate aldera, are gutxiago Urkoren aurrean galdetuko balio. Eta badaki ama esfortzu handia egiten ari dela gaia ez aipatzeko, are gehiago Kuadrillakoak haurrak izaten hasi zirenetik. Denbora kontua da, dena den, Laida ahal beste atzeratzen saiatuko den denbora kontua.

      Alaba bakarrarekin haurdunaldi eta edoskitzearen inguruko elkarrizketarik eduki ezin, eta kafeak eta errekaduak dira, oraingoz, Laida eta amaren arteko harremanaren zimenduak. Aitarekikoari, aldiz, telefono deiek eta kilometroek eusten diote. Gero eta maiztasun gutxiagorekin, hori bai; harekin hilabetean behin hitz egitera mugatzen da azkenaldian. Aitaren esaldi gogokoena errepikatzen dio bere buruari, harekin erabiltzera ausartzen ez den sarkasmo mingotsarekin masturbatuz.

      Zutaz ezer ez badakit ondo zauden seinale.

      Ondo gaude esanez erantzuten dio halakoetan Laidak, edo horixe batekin, edo isiltasunarekin, besterik gabe. Nola esango dio, bestela, justu alderantziz izaten dela; nola esango dio Urko auto hark harrapatu zuenean ez ziola ezer kontatu, hiru hilabete egon zela hari deitu ere egin gabe bazekielako ez dela gai notizia txar bakar bat ere jasotzeko aurretik norbaitek irensgarri egin gabe? Horretarako zegoen ama-filtroa, eta, bestela, Iñaki neba zaharrenaren dena urardotzeko joera patologikoa. Denari eusteko moduan dagoenean bakarrik hitz egiten du Laidak aitarekin, eta aspaldi ulertu du ez duela benetako elkarrizketarik espero behar, komunikazio horren helburu bakarra dela aitak zer ehizatu duen esan ahal izatea, zein eskopeta erosi duen. Hotz gorriegiaz, bero kiskalgarriaz kexatzea. Haren anaiaren mainez. Jakinaraztea (ze, antza, Laidak ez zekien) ze garestia den gaur egun autoko edozein matxura konpontzea. Dei haiek zirela aitak sentitzen jarraitu ahal izateko euren harremana bizirik zegoela. Urteak joan urteak etorri, egongelako mahaiaren erdian jarraitzen duen piztiatxo disekatua bezain bizirik. Adarrean geldirik eta zain, begiak hutsari joz, buztana zutik.

 

 

Nola sentiarazten zaitu horrek? entzun du Laidak bere baitarako Mireiaren ahotsean, aitaren izena agertzen zen saio gutxiengoetan esan ohi zionez. Sorbaldak altxatzen zizkion, horrela dira gauzak esan nahi izaten zion, baina hori ere ez zitzaion ateratzen. Amaigabeko zartatzea ote da dezepzioa.

      Dezepzionatuta eta haserre dago Laida aitarekin ere, baina segituan pasatzen zaio, edo segituan zokoratzen du amorru hori. Eta amarekiko haserrea azaleratzen zaio berriro. Aitortu izan dio Mireiari, amarekin gehiago, gehiagotan haserretzen dela. Baina ama, bere akats eta hanka sartze guztiekin, bertan egon da, bere ondoan. Zergatik haserretzen du orduan aitak baino gehiago? Ezer ez egiteak ondorio hobeak dakartza inplikatzeak baino? Aitei bai, behinik behin(?).

      Izan liteke oraindik prest ez egotea aitarekiko haserreari zuzenean begiratzeko, esan zion behin terapeutak. Baina horrek ez zion Laidari kulparik arindu.

 

 

Etxean ez dute aipatzen zer dela eta bizi den aita hain urruti. Zein unetan bilakatu ziren behinola urtean bizpahiru alditako eskapada haiek aitaren behin betiko etxe. Zergatik bueltatzen den familia-etxera soilik Gabonetan eta mediku errebisioak dituenean erretiroa hartu zuenetik. Haren anaiarekin Sorian dabilela esaten diote beti herriko jendeari, galdetzen duenari. Baina ez dabil, dago. Amaren etxean, bien bitartean, eraman aita dentistara datorren astean esaten da soilik, edo aita datorrenean ekarriozue Urkok erosten duen ardo botila on hori.

      Aitaren lur irmoa ez dago, inondik inora, haien artean. Seguruenik ez da sekula egon.

      Eta Luxiarena? Topatu ote du zoru zatitxo propiorik? Edo eraiki ote du eremu partekaturik inorekin? Eroso bizi izan ote zen inoiz haren familia-lurretan? Ala Laidari afaritarako erabiltzen zuten mahaiaren gainean katagorri disekatua ikusteak besteko egonezina eragiten zion barrenean, Luxiari ere, begiz josiriko aldare izoztuak?

      Haurtzaroko laguna ulertzen saiatu izan da Laida, gerora, urteetara; saiatu izan dela pentsatu nahi du. Luxia ez zen sekula erraz-erraza izan, baina une onak ere bizi izan zituzten umetan. Filmekiko maitasuna hari zor dio neurri handi batean, bera esaten ausartzen ez zenaren bozgorailua izatea ere bai; ezezaguna zitzaion askatasun baten urrutiko bista eskaini zion: haren etxe kaotikoa, ama ez zirudien ama bat. Leihotxo bat zabaldu zion Laidaren etxe antolatu, ordenatu eta itogarriari, onerako eta txarrerako.

      Baina Garazirenaren ondoren jasanezina bilakatu zen egoera. Luxia bera.

      Kolpetik gertatu zen, abisu bakarra irakaslearengandik etorri zelarik: Garazi Burgosera joan da bizitzera. Ez zen agurrik izan, ez telefono-helbide trukerik, kartulinetan kolorez eta marrazki desproportzionatuz beteriko mezurik, abesti desafinaturik. Ez zioten inori ezertxo ere aipatu egun haren aurretik, ez Garazik, ez haren gurasoek. Zurrumurru eta sasi-teoria asko entzun ziren gerora, guztiak aitaren egoerari lotuak. Zorretan itota zegoela, polizia atzetik zuela, ez zirela poliziak prezisamente auzoan hargatik galdezka zebiltzanak, etxetik bota zituztela, ezaguna zela apustuetarako zuen joera...

      Irakasleak ez zion tarte gehiegirik utzi albiste haren erreakzioari: granadari uztaia kendu, gelaren sabelera bota eta etxerako bidalitako ariketei heldu zien leherketaren erdian. Zer sentitu zuen Laidak, zehazki, une horretan? Berarentzat zer suposatu zuen benetan Garazi horrela joateak? Ez daki. Luxiak hutsune hura bizitzeko izan zuen moduak, gainera, irentsi, xurgatu egin zuen gainerako guztia, Laidarentzat edo beste inorentzat lekurik utzi gabe.

      Eta eskapurako aukera moduan bizi izan bazuen lehen segundotik? Lotsatzen badu ere, ez du oroitzen lasaitua ez besterik sentitu izana.

      Gogoratzen du irakasleak granada jaurti ostean Luxiaren begirada bilatu zuela, inertzia hutsez, gelakideen artean zurrumurruak kontrolik gabe barreiatzen ziren bitartean. Haren arretak arbelean iltzaturik jarraitu zuen, ordea, hedatzen eta harrotzen zihoan marmarrean galtzeari uko eginda. Ez zuen hitzik egin egun osoan.

      Estutu egin zen Laida. Ez zekien nola jardun txintik egiten ez zuen Luxia batekin. Naturaz kontrakoa zen.

      Goiza aurrera joan ahala, beste haurrek ahapeka hitz egin eta zeharka begiratzen zieten, guztiei zegokien informazio bat apropos ezkutatzen ariko balira bezala. Laidak sorbaldak jasotzen zituen begiradak zuzenegi sumatzen zituenean, azala zulatzeraino zorrotz. Egunaren amaierarako inoiz baino gehiago hitz egin zuen gainerako gelakideekin. Garaziren aita nahiko leku txarrean uzten zuten istorioak partekatzen zituzten, gurasoei ate zirrikituetatik entzundakoak gehienak; hitzengatik baino gehiago, tonuagatik ulertzen zuten larritasuna. Mespretxua.

      Laidak ez daki zenbat egun, aste behar izan zituen Luxiak lehengora bueltatzeko, ohi zuen zurrunbilo amaigabeetan esaldiak endredatzeari berrekiteko. Tarteka normal antzean jokatzen zuen, tarteka gauza bitxiak esaten zituen. Garaziren izena ateratzen zenean, desagertu edo utzi hitzak erabiltzen hasi zen. Baina desagertzea eta hiltzea gauza bera ziren Luxiarentzat, hori soberan zekien lagunaren etxean ordu mordoxka emana zen Laidak, eta luze gabe, Garaziri buruz iragan biribilean hitz egiten hasi zen, inongo apururik gabe.

 

Garaziren gustukoena zen.

        Garaziri barregura ematen zion.

                Garazik horrelako estutxea zeukan, baina horia.

 

      Aditz denborak baino urrunago joan zen, ordea, kontua. Ez zion inori uzten Garaziren aulkia lekuz mugitzen, are gutxiago bertan esertzen. Gelako mutil batekin oldartu zen arrazoi horrengatik eta zigorturik egon ziren biak, ukabilkada eta ostiko artean lurrean piririka kateatu zirelako. Etxera bidean zihoazenetan ere, hutsune bat utzi behar izaten zuten bien artean. Laida belarrietaraino lotsagorritzen zen, eta Luxiaren temak gelakide bati baino gehiagori biloak puntan jartzen zizkiola sumatzen zuen, nahiz eta hartaz barre eginez disimulatu.

      Baina horri esker eta hortik aurrera hurbildu zen Laida bere oraingo eskubide beteko Kuadrillakoengana. Hasieran Luxia ere ibiltzen zen haiekin, ez zuen ideiak liluratu, baina kontrakorik ere ez zion esan Laidari asteburu batean haiekin elkartzeko proposamena egin zionean. Lehenengo urte erdian edo, ez zirudien hain gaizki moldatzen zenik (Luxia izateko), baina ez zuen luze iraun. Bolada batean ondo, bestean gaizki. Beti zegoen, hein batean, lekuz kanpo; edo, hobeto esanda, Luxia lekuz kanpo zen. Laida, aldiz, bazihoan, pixkanaka, behartu gabe, bere lekua egiten, taldearen geruzetan gero eta barrurago. Garaiz ohartu zen horretarako Luxiarekin bakarka geratzeari utzi behar ziola, taldea lehenetsi behar zuela, ondorioz hainbeste maite zituzten film maratoiak egiteari muzin egin behar bazion ere (Luxiaren etxean egiten zituzten beti, han ez zutelako mugarik izaten pantaila pareko orduekin, ezta bideoklubean aukeratzen zituzten pelikula motekin ere). Aitortu behar du une horretan ez zitzaiola askorik axola izan.

      Sarri iristen zitzaizkion komentarioak, Luxiaren inguruko galdetegi disimulatuak. Laidaren aurrean ez ziren luzatzen, baina amuak eskaintzen zizkioten, berak helduz gero, zirkulu txikiagoetan hariari tira egiten jarraitzeko. Ezagutuko zituen dinamika haiek, barru-barrutik, aurrerago.

 

zein da aitaren benetako bertsioa?

                  itsasoarena?

                           istripuarena?

                                    edo ez da sekula aitarik egon?

                                                                 zer gertatzen zaio bere amari?

 

      Laidak bere alde esan dezake ez ziela normalean erantzun biribilik ematen. Irribarre egin eta sorbaldak altxatzen zituen, zuek bezainbeste dakit esanez bezala. Pentsatu nahi du, defendatu ez bazuen ere, ez zuela lagun zaharra erabat saldu. Zaila jartzen zion honek defentsa, gainera. Garazirenarekin egiten hasi zen guztia gutxi ez eta egun batean, Kuadrilla berriaren aurrean, Laida barregarri utzi zuen. Inongo beharrik, arrazoirik gabe. Hor marraztu zion behin betiko gurutzea Luxiaren begitarteari.

      Oraindik senti ditzake une horretako arnasa faltaren, aztoramenaren bibrazioak, gaur egun ahulak izanagatik, une hartako zorabio bortitzarekin konektatzen dutenak. Normala da haserretzea, traizionatua sentitu zinen. Mireia inbokatzeak bibrazio horiek kamusten laguntzen dio; iraganeko gertaera batek oraindik ere hainbeste haserretu dezakeela sentitzeak ematen dion lotsarekin, ordea, Laidak ez daki zer egin.

 

 

Aber, hori izan zen Luxiari entzun zion lehen hitza, aber. Urrunetik baletorkio bezala entzun zuen haren ahotsa, pixkanaka lausotasuna galdu eta bere belarrietan indarra hartzen, inguruko beste hots guztiak desagerrarazteraino: soilik Luxiaren ahotsa eta bere bihotz taupadak. Aber, Laidaren aitak beldurra ematen du batzuetan, baina gero, kalean, majoa da. Nirekin behintzat bai. Beldurra ematen duela etxean, diot. Amari batzuetan botatzen dizkion begiradak... Ez ditut sekula musu ematen ikusi. Ja, bai, baina ez da hori bakarrik, ez ditut sekula elkarri begiratzen ikusi, behin ere ez. Benetan! Fijatu hurrengoan. Egon zarete Laidaren etxean? Ba, aita sartzen da eta, agurtu ere egin gabe, gelako punta batetik bestera hitz egiten dio amak. Eta aitak hirutatik bitan ez dio erantzuten. Ez dakit nola egin dituzten bost ume.

      Ez zuen ulertzen zerk eraman zuen Luxia hori esatera, guztien aurrean, ez zuen inolako funtsik. Eta berari, bestalde, sekula ez zion halakorik iradoki ere egin. Horrek bi aldiz izutu zuen. Besteen aurpegiak ikusi zituen Laidak, ahoa erdi zabalik, adin horretan disimulatzea bekatua den indignazio eta liluraren arteko keinu horrekin. Bertigoa sentitu zuen lehenengo sabelaren ahoan, baina haserreak gainezka egin zion berehala, beste guztia kanporantz isurita. Eztanda egin zuen. Eztanda egin zuen lehenago ez bezala; odola nabaritu zuen bor-bor aurpegian eta gezurra besterik ez duzu esaten atera zen bere ahotik, zure amak eta zuk ez dakizue beste ezer esaten bota zituen hitzak, silabak tu-ka, bere buruari ezagutzen ez zion tonu batean eta nola jakingo duzu guraso-bikote normal bat nolakoa den zure aitak abandonatu egin bazintuzten tenkatu zituen lepoko zainak eta Garazik ere ez zintuen aguantatzen eta horregatik egin zuen ospa inor agurtu gabe eta jadanik jarioari atzera heltzeko ahalmena galduta Garazi ez dago hilda, Luxia, nahikoa da txorrada horrekin.

      Esan bezain laster sentitu zen gaizki. Eta ez patio erdia haiei begira zegoelako bakarrik. Luxiaren begi biribilak iltzaturik geratu zitzaizkion Laidari, zer gertatu berri zen ulertzen ez zuten chihuahua begi horiek.

      Goazen, esan zuen Lorek, edo Maddik, eta joan egin ziren Taldeko guztiak, Luxia bertan utzita.

      Leherketa bakar hark leku berezi batean kokatu zuen Laida. Kontuz, esanez bezala, atsegina da baina ez pasa berarekin. Edo pertsonago bihurtu zuen, irrist egin zezakeen norbait. Besteengana gehiago hurbildu zuen gehiegikeria horrek, kurioski.

      Ajeak ez zion merezi izan, ordea. Loezina, kulparen hozkadak, ezinegona urdailean. Apropos murriztera ohitzen ari zen apetitua guztiz joan zitzaion. Bere buruari agindu zion sekula berriro ez zuela horrela kontrolik galduko. Eta horretarako onena Luxiarengandik eta bere filtrorik gabeko jariotik urruntzea zela, behin betirako.

 

 

Autoaren paneleko pilotua oraindik ez zaio piztu, baina argi keinukariaren erritmoan desbideratu da Laida gasolindegirantz. Ez zaio abisua argiaren esku uztea gustatzen. Kotxetik atera eta gasolio usainak birikak nola betetzen dizkion sentitu du. Usain indartsuek eroso sentiarazten dute: lakarenak, pintura usainak, errotulagailu potoloenak. Mangera deposituan jarri eta kakoari sakatu dio, tiro garbia autoaren sabelera. Erregaiak egiten duen hots pneumatikoari adi jarri da, burua isildu nahian; irudiak, hitzak, hotsak nahasten zaizkio berriro ere, eta hondartza datorkio gogora: harea oinetan, beroa azalean. Autoen zarata, udatiarren elkarrizketa kremaztatuekin nahasian. Goazen hura, pertsona bakar batek esandakoa, aho bakarrez guztiek onartua.

      Zergatik dago hain haserre Luxiarekin? Gaur egun, orain, gasolindegi honetan. Zer zen hain barkaezina zaiona?

      Ez du sekula lortzen mangeraren amaierako gasolio-izpia depositu barruan osorik botatzea. Trauskil sentiarazten dute eskua igurzten dioten azken tanta horiek, nahiz eta gero, disimuluan, sudurrera eramaten dituen atzamarrak, ahal bezain bestetan.

      Disimulu eza, diskreziorako ezintasuna zen gazteagotan Luxiari barkatu ezin ziona. Leialtasun falta, egiarekiko, berarekiko. Baina hori orduko haserrea zen. Eta orain? Zeren berak ez du, are gutxiago bizitzako sasoi honetan, leialtasunaren ideia erromantiko, itxi, fanatiko hori; ezta gezurrarekiko bere amaren ezinikusirik ere. Laidak gezurra esaten du, beharrezkotzat dauka. Eta amak ere hobe luke esaten dituen gezurren jabe egingo balitz. Baina berriro ere, zientzia fikzioa litzateke hori.

      Amaren uste biribilek lotsa pasarazi diote behin baino gehiagotan. Nerabezaroan hala behar du, tokatzen da, baina eta orain? Orain heldu autonomo moduan normala al da norberaren amaren egia biribil usteez hainbeste lotsatzea?

      Pertsona azkartzat du bere burua amak, eta bada, hein batean, baina gogorregi sinetsi izan zion Laidak haurra zenean, fede itsuz. Larriena ez dira beti bota izan dituen esaldi behin betiko, ia bibliko askotan okerrak. Pasatu zuen gaztaroan horiekiko desengainuaren krakatekoa eta grazia ere egiten diote, tarteka, gaur egun. Atzean utzi zuen bere ama perfektua ez izatearen dolua. Are, aspalditxotik argi ikusten du hanka nahiko maiz sartzen duela, neben begirada konplizeen babesean (Koldorenak, batez ere): hain ziren zurrunak haren usteak non izugarri hauskorrak baitziren.

      Eguneroko ohituretatik, errutina txikietatik lepora salto egiten dioten egia (unera arte) ukaezinekin pasatzen du okerrago. Gutxien espero duen zokoetatik erasotzen baitiote amaren uste absolutuen erreplikek, azalean eta garunean tatuaturik dituen egia horiek birrintzen dizkioten begirada, barre, zirto itxuran. Badaki kanporantz haiekin bat egiten, baina barrurantz apur bat hiltzen da aldiro, garuneko konexio-zubi garrantzitsu bat amiltzen zaiolarik, amarekiko erremin sorraren bolumena igotzen.

      Lehen eraiste esanguratsua unibertsitate garaian izan zen, ikaskideen arteko bazkari batean, elkartean zer prestatu eztabaidatzen ari zirela. Hain izan zen inozoa, hain hutsala, oraindik ere lotsatu egiten duela eragin zion lurrikarak. Baina nola egingo dugu patata tortilla? Hori afaltzeko da, ez bazkaltzeko esan zuen Laidak serio, atzera botatzeko serioegi, egia absolutu-biribila balitz bezala. Berarentzat halaxe zelako. Lege bat. Gauza eztabaidaezin bat. Bazkaltzeko patata tortilla harriak saltsan proposatzearen pareko litzateke, esajeraziorik gabe, beren etxean. Isiltasun deseroso bat hedatu zen ikaskideen artean, laburra, ziurrenik; eternitate bat balantzaka hasi zen, ordea, Laidaren garun barreneko harrizko zubian; guztiak barrez lehertu ziren arte. Zorionez, beragandik zetorren ezer ez zuten gaizki hartzen. Aintzat ere ez, bestalde.

      Izan zuen lehen lanpostu garrantzitsuan, onartu nahiko lukeena baino helduagoa zela, etorri zen beste luizi bat: lankide bati aipatu zion, ustezko hurbiltasun une batean, goiz horretan ezin zuela pixarik egin ginekologoarengana zihoalako gero. Zur eta lur geratu zen bestea eta hor etorri ziren benetan ez duzula pixa egiten ginekologoarengana zoazenean, edo, eta arratsaldeko zita ematen badizu zer bezalako galderak. Zuenik ere ez zekien garun-zubia amildu zitzaion orduko hartan. Eta usaina? galdetzen bakarrik asmatu zuen, eta gauza okerragoak usainduko zituen ba esan zuen barrez kideak. Eta bota zion begirada. Moja bat, martiri bat balitz bezala. Bere amak Luxiaz hitz egitean gajoa esateko zuen tonu bera hartu zuten lankidearen irisek. Kontu egin zuen ez esaten pixarik ez egiteaz gain oihal usaintsuekin igurzten zuela bere burua kontsultan sartu baino lehentxeago. Badaezpada.

      Badaezpada zer? Bere amarena zen badaezpada hura. Eta bere burua esatea ere bai, pentsatzea, alua pentsatu beharrean, emakume heldu bati, ingeniari bati dagokion moduan.

      Azkenaldian sentitzen zuen izugarrizko lana egin behar zuela hitzak, konexioak, begirada birprogramatzen, horietatik guztietatik amaren ahotsa errotik aterako bazuen. Sentitzen zuen bizitza osoan entrenatu zuela egokia eta atsegina izan zedin begi, belarri eta sudur-zulo guztientzat, hanka sartzeko arriskurik ere ez hartzeko. Etxeko atetik kanpo oin bat jartzen zuen bakoitzean, leku guztietara jarraitzen zion amaren itzalak, epaituko zuen begirada edonon zegoela gogoraraziz. Nobleziakoa balitz ere. Bere ohorea eta familiarena jokoan.

      Oroitzen du ama esaten neska honek esku handiak ditu, handiegiak, landu egin beharko ditu baldarra ez izateko, eta soinua jotzen ikasi behar zuela erabakitzen hura eta izeba, berari galdetu ere egin gabe. Okerrena da momentuan logikoa iruditu zitzaiola, ilusio puntu bat ere ematen ziola bere burua instrumentu bat jotzen imajinatzeak, soinua sekula aukeratuko ez bazuen ere. Baina akordeoia jo zuen, huraxe zelako familian zegoen musika-tresna, aitonaren herentzia behartua, ama-izeben ilusio berritua. Mezetako burrunba solemnea gehiegi gogorarazten zion bera baino handiagoa zen tramankulu hark, baina ez zuen gaizki egiten. Unibertsitatean hasi zenean, ordea, ikasketa zailak aukeratu zituela (zituztela), eta karreran kontzentratu beharraren aitzakian, ohe azpian gorde zuten soinuaren kutxa eta ez zen sekula berriro handik atera. Atzamarrekin zer eta nola egiten zuen, aldiz, bizi osoan zaindu zuen, orain ere bai, kontrol horixe apropos askatzea erabaki ezean. Baina askatze hori ere kontrolatua dela ohartzen da eta amorruak hartzen du.

      Amaren opariak halakoak izan dira beti: eskatu gabeko akordeoi eskolak, izozkailuan sartzen ez zaizkion oilasko erraldoiak, nahiz eta berak ez duen aspaldi haragirik jaten (amarenean edo Urkoren gurasoen etxean ez bada). Jango du Urkok edo prestatuko diozu Urkori esaten dio eta listo, ez dago zer eztabaidatu, Urko den arren sukaldean abila. Amaren opariak hartu egiten dira, hartu egin behar dira eta izozkailuan estutu jadanik lekurik ez duzula ahaztuta, zure borondatez egin duzula sinetsita.

      Sinetsi duzula sinetsarazita.

      Hortxe, agian, Luxiari barkatu ezin ziona: Luxia ez zen sinesgarria. Ez zuen inguruak jasan zezakeena neurtzen, ez egiekin, ez gezurrekin. Luxia beti zen gehiegi. Gehiegi bat gehiago izateko, besteei ere bat gehiago izan zitezkeela sentiarazteko. Eta aldakorra zen eraman ezineko abiaduran; iritziekin, gustuekin, aldartearekin. Une jasanezinki argitsuetatik lurraren sabeleraino hondora zitekeen, hiru segundotan.

      Halaxe amildu zen hondartzakoa gertatu zen egunean ere, Laida oroimenetik uxatzen saiatu izan den baina behin eta berriro bueltatzen zaion egun hartan.

      Diz-diz iritsi zen Luxia, Juncalen alaba gaztearena izandako peto motza soinean, ezkerreko tirantea solte; bi txirikorda estu adatsean eta irribarrea erauzi ezin. Kanporantz begira zeuden bere gorputz adarrak; sorbaldak, paparra, sudurra. Kolore biziko bainujantzia ikusten zitzaion petoaren azpian. Nekeza zen ez begiratzea, (orain lotsarik gabe pentsa dezake) hain zegoen eder. Ederregi, oraindik ulertzen ez zuten modu batean.

      Taldearengana heltzerakoan, oinak altxatu zituen, zangoak aurrerantz luzatuz, bat lehenengo eta bestea gero. Hasieran Laida ez zen ohartu, deitura potoloa ez baitzeramaten oso nabarmen oinetakoek, baina besteen begietan sumatu zuen. Azkenean, galdera erlijiosoa egin zion batek, gogorik gabe: berriak? eta baietz hark, poza gainezka, ezkutatzeko argitsuegi. Juncalek oparituko zizkion seguruenik, azkenaldian tarteka egiten zituen halakoak, Garaziren desagerpenaren disgustua arintzeko. Zapaldu egin zizkioten guztiek, banan-banan, garai hartako estreinaldien zeremonia lerdoari jarraiki. Laidak ere egin zuen, baina oso suabe, oinetakoak ez zikintzeko. Ez zirudien, dena den, axola zitzaionik. Laidak, ezinbestekoa izan ezean une hartan Luxiari hitzik egiten ez zionak, kezka sentitu zuen harekiko, hain zen lotsagabeki nabarmena egun hartan poroetatik zerion harrotasuna. Entusiasmoa ez disimulatzea garesti ordaindu zitekeen nerabezaroan.

      Hondartzara jaitsi zirenean, betiko lekua hartu zuten. Toallak zabaltzerakoan giroa tenkatu ohi zen une batez: nor noren ondoan jarri. Toki batzuk finkoak ziren, erdian jartzen zirenenak, erpinetakoenak aldatzen ziren gehiago. Misterio hutsa zen indar hark nola funtzionatzen zuen, kanporantz ala barrurantz, norabide aldaketa zerk aktibatuko zuen.

      Luxia eta bera erpinetik hurbil ibili ohi ziren hasieran, baina azkenaldi hartan gero eta barrurago jartzen zuen Laidak bere toalla, besteek gonbidatuta ala energia zentripeto ikusezin haren eraginez, ia ohartu gabe. Egun hartan Luxiak ere barruraxeago jarri zuen berea, ausarkeria hutsez.

      Uretara joan ziren segituan batzuk, Laida toallan geratu zen, beti erdigunean jartzen ziren beste birekin batera. Ez zuen gogoko uretara joatea oso itsasozalea ez zelako, edo hori esaten zuen, behintzat, ahots gora. Egia esan, ura bainoago, uretarako bide luzea zen gustatzen ez zitzaiona. Uda hartan hasi ziren ofizialki gazteak eta surflariak biltzen zituen hondartza hartara joaten, eta sarreran, uretatik urrun jartzen ziren beti, urte gutxi barru tabernetan hondo-hondoan eta ateari adi jarriko ziren modu berean. Izozki bat jango luketela aipatzen hasi ziren erdialdekoak, toallan luze, gogorik gabe, gorputz adarrak mugitzeko indarrik ez balute bezala. Izugarria zen nola hartzen zuten jarrera geldo hura, ezer axolako ez balitzaie bezala, eta horrelaxe hain juxtu lortzen zuten nahi zuten guztia. Laidak ere ikasiko zuen pixkanaka. Baina egun hartan, egoera ez luzatzeko, hirurentzat izozkiak erostera joan zen, bere kasa otu balitzaio bezala, izozki hura jateko benetako asmorik balu bezala. Tarteka toallatik altxatzea (jantzita baldin bazegoen) eskertu egiten zuen, bestalde.

      Bueltatu zenean, uretatik heldu berri zeuden gainerakoak, eta Luxia bere onetik aterata ikusi zuen, ingurua hankaz gora jartzen: toallak, motxilak, arropak. Hondarra harrotzen ere jardun zuen, belaunak hareatan iltzatuta. Broma bat da, ezta? errepikatzen zuen, ezkutatu egin dituzue, ahots dardartia ez apurtzeko indar itzela eginez. Besteak geldi-geldi zeuden, zutik, toalla guztiak mugi zitzan uzten, isilik. Bakarren bat ingurura begira, gertatzen ari zenak berarekin zerikusirik ez balu bezala.

 

 

Atzamarra sudurrera eraman du Laidak, gasolio usain bila. Zurrunbilo lausoan etorri zaizkio lagunen keinu iheskorrak eta Luxiaren larritasuna oinetakoen bila. Lurperaturik ikusi izana gogoratzen du Laidak, edo baliteke gero irudikatu, amestu izatea hori, buruari buelta gehiegi emandako gauren batean. Ez ditu lagunak, bere oraingo lagun berberak, halako zerrikeria bat egiteko gai ikusten, ezta nerabezaroko inpultsuetan ere. Ez egoera normal batean, behintzat. Ez duena ulertzen da, eurak izan ez baziren, zergatik inork ez zion gero telefonorik utzi nahi izan. Zergatik joan ziren patxada osoan Luxia han bakarrik utzita.

      Noizbait sentitu izan du tentazioa galdera horixe Kuadrillan botatzeko, arintasunez, ardo kopa batekin, plazan daudenean norbaiten haurra begi ertzarekin zaintzen, herriko azken nobedadeak astintzen.

      Ez du egin.

 

 

Hainbeste urteren ondoren oraindik deserosoa zaion egun hartan, azal kiskaliak hondartzatik atera berritan, Luxia murruan eserita utzi zuten, oinutsik. Horixe da egia. Agur lehor batekin autobusa hartzera aldendu zirenean, ez genuke berarekin itxaron behar? bota zuen norbaitek; bera izan zela pentsatu nahiko luke Laidak, baina ez dauka argi. Oso haserre zegoen harekin sasoi hartan.

      Bazekien Luxia gaizki pasatzen ari zela, benetan gaizki, baina bere familiaz esandakoa iltzatuegi zuen Laidak, eta beldurra ere ematen zion zer gehiago kontatzeko gai izan zitekeen pentsatzeak, berari oharkabean pasatutako zein beste gauza ikusi ote zituen bere etxean, berarengan; normaltzat zuen beste zer arrarotasun higuingarri harrapatu ote zuen Luxiak betiko haurtzaroan geratzea nahi zuen tolesturetan.

      Oinak garbitzera zihoala esan zien besteei azkenean. Ez zioten sinetsiko. Onegia zara esango zion, beste askotan bezala, lagunen batek. Luxiari telefonoa uztea erabaki zuen (Aitor nebaren aurrekoa eskuratu berri zuen hark lanez aldatzerakoan) eta amaitzean besteengana itzuliko zen, ez zen harekin zain geratuko.

      Hurbiltzen ari zela, baina, han ikusi zuen Luxia, oinak ipurmasailen azpian bilduta, kizkurrak txirikordetan bezatu ezin, burumakur. Kokotsa altxatu zuen orduan, eta hitz egiten ari zela ohartu zen, bakarrik, hutsari hizketan, hondartza jendetsu batean. Haren ama etorri zitzaion gogora, eta ondoren berea.

      Ez zuen hor egon nahi.

      Pauso batzuk atzera egin eta, oinak garbitu bitartean, Juncali deitu zion. Bazekien Luxiaren amari deitzea baino eraginkorragoa zela. Ama lanean egongo zen, eta bestela ere ez zen telefonoari, ordutegiei, afalorduari begira bizi zen ama horietakoa. Horregatik deitu zion bizilagunari, horregatik eta, seguruenik, ez zelako amari deitzen ausartzen, ahotsean sumatuko ziolakoan deia ez zela erabat zintzoa, usaindu egingo zuelako benetan gertatzen ari zena. Bizilagunari abisua pasa eta moztu egin zuen.

      Ez zuen zenbaki hartara berriro deitu.

 

 

Luzeekin egin dio keinu gidari batek Laidari. Txingarretan utzi dizkio begiak tarte batez, autobideko marrak ikusi ezinik. Argiak itzalirik doana orain bera dela ohartu da, harrituta.

      Klik.

 

 

Parranda, ikasturte eta boleibol partida artean joan ziren ondorengo urteak. Gerora, bizitzaren perspektiba zabalean, urte gutxi batzuk dirudite, baina dena da, aldi berean, hain muturrekoa, horren hil ala bizikoa sasoi horretan; gosetik enpatxurako arriskuan beti.

      Pixkanaka ohitu egin zen Laida munduan, beren mundutxoan egoteko modu berrira: jada ez zuten Luxiarekin lotzen eta ez zion hainbeste eragiten hark egiten zuenak. Ikastetxez aldatuko zela zioten zurrumurruek, baina eskolaz kanpokoak soilik utzi zituen hasieran. Hirian antzerki eskolara joaten hasi zen, lagun berriak egin zituen. Kuadrillarekin geratzeari utzi zion bigarren hezkuntzako azken urtean.

      Gurasoen Taldea ere lasaitu zen. Are gehiago jakin zutenean batxilergoa beste ikastetxe batean egingo zuela. Zentzua zuela esan zion Laidak bere buruari, besteei, artistikoa egin nahiko zuela Luxiak. Nola ez esango zuen norbaitek aldiro, destainaz.

      Eta horren atzetik joan zen beste bizitza puska bat: lehen mutil laguna, letrak ala zientziak aukeratu beharra; zientziak, esango zion amak, nebek, tutoreak, orientatzaileak, munduak: ikasle bikaina zara eta ate gehiago zabalduko dizkizu.

      Eta horixe egin zuen Laidak, ateak zabalik baino gehiago bideak ondo markaturik nahi zituelako aurrerantzean.