
ISPILUAK
—Igerilaria—
Bankutik altxatu eta ur ertzerantz jo duzu; itsasotik hurbilago zure itxurak, zure egoera absurdoak zentzu gehiago izan dezaketelakoan. Akaso han norbait topa zenezake, eta urtarorako soilegia dagoen tamariz honen adar okerretatik urrundu.
Aldaketa eskertu dute zure gorputz adar zurrunduek. Kosta egiten zaizu nahi duzun moduan, zehaztasunez mugitzea. Benetako arriskua ote da hipotermia? Telefonoaren falta madarikatu duzu berriro, ezin informaziorik bildu, ebaki, josi. Baina madarikazio inozoa da, Luxi, telefonoa gainean izatera egoera hau ez baitzen existituko.
Lankideren bati deituko zenioke. Lankideak dira zure oraingo lagunak. Orduak eta egunak, egunak eta asteak pilatzen dituzue elkarrekin, eta harreman estuak eraikitzea erraza dela sinesten duzue. Baina zuk badakizu ez dela benetan hala. Ez duzu jakin nahi, baina jakin badakizu. Gauza bera gertatu zitzaizun Madrilera joan zinenean ere. Orain badirudi garai hartako heriotzarainoko adiskidetasun haiek ez zirela inoiz gertatu. Eta horrek min ematen dizu, amaitu izanak baino gehiago, gertatu ote ziren ere zalantzan jartzeak. Nola da posible gauza hain intentsua, hain hil ala bizikoa ezerezean geratzea? Hotzikarak eragiten dizkizu. Edo itsasoaren hurbiltasunak laztu dizu azala, bestela.
Grabaketaz grabaketa pasatu duzue uda osoa, eta lanetik kanpoko orduetan ere elkar bilatzen jarraitzen duzue, taldea deseginez gero norberarentzat espazio handiegia sortzeko beldur. Grabaketa hasi aurreko lagunek, bizitzak, ez dizuete balio, ez zaituztete asetzen.
Baina udazkenarekin akabo; hurrengo uda, denboraldi, grabaketara arte. Ezinbestean etorriko dira aldaketak: etxekotu zaizun jendea joan egingo da, berria iritsi. Geratzen direnekin harremanari gogobero eustea egiten zaizu benetan zailagoa. Urteren batean zu izango zara badoana, ordea, eta horrek ematen dizun lasaitasunak berdintzen dizu tristura.
Lankide-lagunen artean, nori deituko zenioke egoera honetan, zenbakia jakitera? Ezkutuan zuretzat nahiko zenukeen pertsonaia gorpuzten duen Ingeri? —ezkutuan zuretzat nahi zenituzkeen gorputza eta aldartea ere badituena, bestalde—. Telesailean beste guztiok baino askoz urte gehiago daramatzan —eta oso esplotagarria den aitakeriaz jarduten zaizuen— Josebari? Edo beste aktoreekin duzun ezerosotasunak gainezka egiten dizunean, zigarro baten aitzakian, kamera atzean bilatzen duzun Enekori? —ez diozu sekula aitortu hark emandakoak bakarrik erretzen dituzula, traizioa litzateke—.
Bertsio bera kontatuko al zenieke hirurei?
Ubarroiaren begi berdea lasai erabil zenezake Inge eta Josebarekin; eta Enekorekin ere bai, sinetsi ala ez. Tipo berezia da: ez du haserretzen entzundakoa ez sinesteak, dibertitu ere egiten du. Horregatik gustatzen zaizu. Inge etortzekotan irudia litzateke potentea: zu harekin motorrean, kizkur ilunak, kizkur horailak airean nahasian, buia, kasko eta bainujantzi, hiria zeharkatzen. Joseba azalduko balitz, bere bi haurrak atzeko eserlekuan loturik, ezin sinetsizko begiraden biderketak emango lizuke kontaketarako publiko zabalagoa eta hauspoa. Baina, gogoratu, garrantzitsuena ez da zuk nola kontatuko zeniekeen, baizik eta haiek nola errepikatuko luketen gerora. Istorio partekatuak sinesgarriagoak izan ohi dira, gehiago barkatu ohi zaie zorroztasun falta. Arnasa luzeagoa dute eta beti zaizu zirraragarria besteen ahotan hartzen duzun formaren, kolorearen publiko izatea. Protagonistago zara besteen kontakizunetan zeureetan baino.
Horretan ere desberdinak zarete ama eta biok. Zu ohartzen zara jaso eta bueltatzen dizutenaz, eraikuntzaz. Ama ez. Nahiago zenuke, hark bezala, patxadaz eta inprobisazioan antolatu eta berrantolatu guztia, pasarte bakoitza aldian-aldian desberdin ahoka daitekeen lego pieza bihurtu. Egia esan, Luxi, amarenak ez dira lego piezak, plastilinaren antz handiagoa dute. Edo buztinarena. Berdin dio kanpokoek arrakalak ikusi ala ez, dena datorkio ondo. Listuarekin leunduko ditu aspaldi lehorturiko gainazal pitzatuak eta baleko irudituko zaio. Zuk bloke eta pieza zurrunen artean itxurak egiten ikasi behar izan duzu.
Gerora itxuratze hori nolabait profesionalizatzen saiatu zara. Eta ez zaizu gaizki joan: baduzu lana, soldata bat. Grabaketa aldiro berritzen diren lagun minak. Eta horrela baduzu zure bizi historia, familiako istorio sinestezinak hutsetik berriro nori kontatu.
Profesioaz ari garenez: Laidari kontatzeko moduko bertsio bat izan liteke zure pertsonaia berrirako ikerketa bat egiten ari zarela, nik zer dakit, “Metodoarekin” ahalik eta lan sakonena egiten edo, gorputza jartzearen egiatik edo, aktore kontu horiek.
— “Gaubela” telesailerako?
Esan diezaiokezu, nerabeentzako telesaila grabatzeaz gain, antzerki obra serio baterako lanean zabiltzala, ikerketa lanetan. Edo zinema gidoi batekin, Laidak ere gogoko zituen filmak. Telebistakoa soldata hutsa dela, zuk bestelakoak egin nahi dituzula berez. Proiektu propioak. Gezurra ere ez da. Laidari sinesgarriagoa egingo zaio. Inozoa irudituko zaio, hori bai, baina ubarroiaren mistizismoa eta sinbolismoa baino lurtarragoa, ezta?
— Stanislavski Laidaren esperoan.
Pedanteegia da, ados, ahaztu —metodoarena pasata dago gainera, ezta?—. Fase txirriporro hori atzean utzi genuen. Eta hogeita gutxirekin xarmagarria da pixka bat pedantea izatea baina orain dagoeneko ez da ondo geratzen. Zure proiektu eta asmoak zeharka eta gainetik aipatzeak interesgarriago egiten zaitu, profesionalago. Baina bazen hori asmoa berez, ezta? Amari, familiari buruzko antzerki obra hori noizbait egitea, sakona baina umoretik; heriotza eta bizitza... Juncali ere esan zenion. Agian balioko dizu gaur gertaturikoak.
— Giltzarenak?
Giltzarenak ez. Edo ez giltzak bere horretan, literalki, gehiago zer sinbolizatzen duen; ubarroiak, itsasoak, begi berdeak bezala. Zuk esaten duzu antzerkilariak heriotzarekin obsesionatuta bizi direla.
— Baina nik ez dut antzerkia antzerkilarientzat bakarrik egin nahi.
Ahaztu antzerkia une batez. Ahaztu gaur ia gertatu dena, gerta zitekeena. Esan egia, Luxi, sakon-sakonean, Laida etortzea al zen benetan nahi zenuena? Aspaldiko partez halako istorioren bat kontatu —ubarroiarenaz ari naiz, ez Stanislavskirenaz— eta ikustea nola erreakzionatzen duen? Ikustea ea oraindik bekaina altxatuta begiratzen dizun, altxatzen duenik ohartu ere egin gabe?
— Menderaezina zen bekain hura.
Sarri izan zen zure sinesgarritasunaren termometroa. Ezkerreko bekainak salatzen zuen Laida. Espiritismoa egin genuen hartan kopetatik gora ihes egingo ziola zirudien.
— Espiritismoa egin genuela esatea askotxo iruditzen zait.
Zuk deitu zenion hala. Esan zenigun amarekin eta Juncalekin maiz-maiz egiten zenutela eta gauzak mugitzen zirela: kristalak, platerak, Santa Luziaren aldareko begiak. Zuen hildakoekin hitz egiten zenutela. Eta Laidak bekaina altxatu zuen. Zenbat urterekin hasi zen keinu hori egiten? Zaila egiten zait memoria ordenatzea, behin eta berriro orraztu arren ileak edonorantz ateratzen zaizkion txirikorda bezalakoa da.
Lehenago zer izan zen, ispiluena ala espiritismoarena?
— Ispiluena. Ez dakit. Eta maiz-maiz ez, behin edo behin egin genuela esan nizuen. Eta ez nuen espiritismo hitza erabiliko. Amak ez zuen hitz hori ahoskatzen, herra zion.
Zodiakoari bezala. Bitxia, ondo ematen ziolako astrologian sinesteak. Eta espiritismoak. Baina zuk hitz horixe erabili zenuen, Luxi. Guk askotan ikusia genuen zure ama hildakoekin hitz egiten, edozein momentutan, platerak lehortzen ari zela, izozkailuko aldarea txukuntzen, bizilagunekin ariko balitz bezala; zerikusirik ez zuk kontatu zenigunean erabili zenuen intentzioz mozkorturiko tonu horrekin, beldurrezko filmen girokoa zena gehiago; ilunpetan linterna batekin kokotsetik gora aurpegia argiztatzea falta izan zitzaizun. Eta taula bat egin zenuen. Aldizkariren batean topatuko zenuen nola egin, “Superpop” edo “Vale” edo antzekoren batean; zure amak bakarrik uzten zizun halakoak irakurtzen, gureei ez zitzaien egokia iruditzen, ez hizkuntzaz, ez edukiz.
— Nola ekarriko zuten ouija taula bat aldizkari horiek? Guraso guztiak eskandalizatuko ziren. Pelikula bati pause eman eta pantailatik kopiatu nuen.
Nonbaitetik atera eta kartoi batean itsatsi zenuen, zabar, eskulanetan ohi zenuenez. Pazientzia, zero. Esan zenigun afaloste batean baino gehiagotan egin zenutela, bi emakumeen zigarroen keak eta aldareko kandelak lagun. Nahiz eta Santa Luziaren aldareko kandelak pilekin pizten zirenetakoak izan ordurako, zure amak todoacienean halakoak deskubritu zituenetik. Aitarekin hitz egiteko tema sartu zitzaizun, zuk ez zenuelako, amak bezala, zure senide ez-bizidunekin berriketan jardutea lortzen erratza pasatzean, gosariko papurrak jasotzean. Ez benetan. Ez amaren moduan. Eta ordurako ohartua zinen ez zuela sekula aitekin hitz egiten. Ez berearekin, ez zurearekin. Egoskortu egin zinen. Konbentzitu egin gintuzun, Laida gogorik gabe eta ni...
— Zu izutu egin zinen.
Ni izutu egin nintzen.
— Eta zure amari kontatu zenion
Hala izango zen.
— Eta zure amak Laidaren amari. Zergatik izutu zinen horrenbeste?
Ez dakit. Ez zen izan hainbeste zure aitaren ustezko mamu-mezuengatik, gehiago beldurtzen ninduen zure aurpegian marrazten zen… irrikak? Gaur kotxetik ateratzean zenuen irrika berberak, Luxi. Beti heriotzara hurbiltzeko, bizitza azeleratzeko presa hori. Gaur ere beldurtu naiz. Ubarroia ikusi ez bazenu, zer gertatuko zen?
— Laidak ez zuen zirkinik egin.
Ez zuen askorik sinistu. Seguruenik ez zituen inoiz benetan sinetsi espirituen eta beste aldearen kontu horiek. Nabarmen mugitzen zenuen txanpona atzamarrarekin, Luxi. Baina zure ama etxeko ispilu guztiak estaltzen hasi zenean, hor bai, hor larritu egin zen. Tarrat! Inongo azalpenik eman gabe hasi zen maindire zaharrak urratzen, urgentziaz, egoerari ez zegokion tentsioz; hil edo biziko kontua zirudien. Hots lehor haiek bete zuten egongela. Tarrat. Laguntza eskatu zigun, zakar, maindire zaharrak, behinola zuri izandakoak, mozteko “hartu eta puskatu. Horrela”. Tamaina zehatz bateko txatalak eskatu zizkigun “horrela, ikusten?” eta lanean jarri gintuen. Ez genekien zertarako. Gero haiekin etxeko ispilu guztiak estaltzen hasi zen. Ez ziren gutxi zuenean. Gu zur eta lur geunden zure amari begira.
Estali zituen guztiak halako batean, eta lasaitu zen azkenean. Zigarroa piztu eta hiruzpalau zupada eman arte ez zigun ezertxo ere esan. Bagenekien zain egon behar genuela, errieta egin behar zigula, nahiz eta ez jakin oso ondo zergatik.
“Ispiluak arriskutsuak dira zuentzat. Ez pentsa ez dakidanik zertan zabiltzaten. Ez zabaldu ixten ez dakizuen aterik”. Laidari begiratu zion, zuzen-zuzen. Ez zuen keinurik egin hark, ezta bekaina altxatzeko ere. “Ez okurritu gero maindireak berriro altxatzea. Orain etxera”.
Bidali egin gintuen. Nire etxeko ispiluekin zerbait egin behar ote nuen galdetu nahi nion, baina ez zigun txintik esateko tarterik utzi.
— Ezetz esan nizun, lasaitzeko. Zuri-zuri zeunden.
Horregatik kontatu behar izan nuen etxean. Eta horregatik izan zuten gero zure amak eta Laidarenak liskar hura.
— Ispiluengatik?
Espiritismoa egin genuela esan nielako.
— Baina zuri amak utzi zizun bueltatzen, eta zu zinen izutu zen bakarra.
Utzi zidan, bai. Eta ordurako ez zen zuenean ispilu bakar bat ere geratzen. Azkenean oihal zaharrak seguruak iruditu ez eta komunekoa ere ez zen libratu zure amaren purga hartatik. Zure etxera joateak hotzikara ematen ziola esaten hasi zitzaidan Laida sasoi hartan. Guk, zuk eta biok, espiritismo saiakerena jakin ondoren amak joaten uzten ez ziola disimulatzeko zela uste izan genuen, baina ez dakit, Luxi. Amak jakin gabe joan zitekeen. Eta hotzikarenak ez zuen zentzurik. Bera zen halakoetan gutxien sinesten zuena.
— Zerk izutu zuen, orduan?
Ez dut uste ispiluen beste aldea zenik. Zure etxea zen, zure ama. Zu.
— Izoztuta dago hondarra.
Oinak lurperatzearenak harea bero dagoenean bakarrik funtzionatzen du, ez hotza dagoenean. Beti egiten duzu ezkutatzeko keinu hori. Oraindik ere lotsatzen zaituzte zure oinek? Keinua behintzat geratu zaizu. Niri gustatzen zitzaizkidan, gustatzen zaizkit, behatzak elkartzen dituen mintz horrekin. Zureez hitz egin zenigun arte nik ez nuen sekula pentsatu nire oinak nolakoak ziren, politak ala zatarrak, gustuko ote nituen; oinak ziren, kito. Baina zuk eta Laidak halako ateraldiak izaten zenituzten, oinak zirela, begien forma zela, lepoaren lodiera, izterren arteko hutsunea. Txikiago sentiarazten ninduzuen, umeago, eta ordura arte ohartu gabeko gorputz atalez eta akatsez konturarazten. Zenbat ordu ispiluei begira zure amak kendu zituen arte.
“Anfibio oinak aitarengandik datozkizu, itsaso begiak bezala; ez kexatu, aizu, bata bestearen truk. Nireak beti izan dira ederrak, behatz zuzen-zuzenekin”.
Eta oina altxatzen zuen, beltzarana, txankleta zintzilik zuela.
Zure amak eta Juncalek sarri kontatzen zituzten halakoak, zein ederrak eta zoroak ziren gaztetan, zer egiten zuten horretarako. Amak kontatzen zituen bereziki, baina bizilagunak baiezkoa egiten zuen buruaz, begi ameslariz, barreak une aproposenetan sartuz.
“Lixiba azalean emanda hartzen genuen eguzkia. Lixiba! Pentsa. Eta gero eguzkitan ordu luzez etzan. Zuek kokakolarekin egiten zenuten, ezta, Juncal? Ozpinarekin ere entzun izan dut. Funtzionatu, funtzionatzen zuen, hori esan beharra dago, baina gero ordaindu egin behar. Begira nola geratu zaidan azala. Kartoizkoa dirudi, ikusten marka hau? Erredura itzela egin nuen, bigarren gradukoak zirela esan zuten medikuek, baina ni seguru nago gutxienez hirugarren gradukoak zirela. Begira, ukitu. Ukitu hemen! Lakar-lakarra, ezta? Hori ba, kartoia. Txaparekin erre nintzela esan nion medikuari. Esaiozu lixibarena! Haurdun nengoen, gainera. Lehen txapa egoten zen sukaldeetan, ez bitroa orain bezala. Sua egiten zen barruan eta ukituz gero kiskali egiten zintuen. Zure osaba zenak bi urterekin eskua bete-betean jarri zuen txapan, eta a zer marruak! Orbana izan zuen betirako. Ba horixe esan nion medikuari. Bestela aguantatu gero”.
A ze begiratua bota zizun Laidak zure amari esan zenionean bagenekiela txapa zer zen, Laidaren etxean oraindik bazutela. Begirada harekin bertan akabatu ahal izan bazintu egingo zukeen. Ez zenuen ulertu zergatik. Ez zenituen gauza asko ulertzen orduan, Luxi. Normala da. Nik ere ez. Juncalekin hitz egiten jarraitu zuen zure amak, azalerako erabiltzen zituzten metodo miragarrietatik ilera pasaz.
“Amoniakoa! Egia da! Eta plantxarekin kiskaltzen genuen. Baina ez ilerako plantxak e? Etxeko plantxa-plantxarekin, arroparentzat zena. Eta horiek ere ez ziren, inondik inora, oraingoak bezalakoak. Eta bekainak? Ze deskalabru egiten genituen bekainik apenas izateko!”.
Halako istorioek bai, Laidaren interesa pizten zuten. Zurea ere bai tarteka. Nik, gezurra badirudi ere, nahiago nituen hildakoei buruzkoak, nahiz eta gero gau osoan begirik ez bildu. Baina zure amak eta Juncalek halakoak kontatzeari utzi zioten ispiluak estaltzearekin batera.
Horren aurretik, egun batean, Laidak lixibarena probatzeko gonbita egin zizun. Zorionez, ez zenion kasurik egin. Gorroto zenuen lixibaren usaina amak asteburutan komuna garbitzeko ardura eman zizunetik. Urte gutxitara ohitu egingo zinen, astearte eta ostegun iluntzeetan amak berarekin eramango zintuelako bulegoak garbitzera. Baina Laidak eta zuk bazenituzten zuen edertasun-trikimailu propioak, berriagoak. Berdin-berdin inozoak. Liburuak jartzen zenituzten oraindik apenas nabaritzen zitzaizkizuen titien artean, zinta isolatzailearekin estutzen izterrak, krema etxean “ahazten” zenuten hondartzarakoan, film gardenarekin buelta eta buelta estaltzen zenuten sabela, izerditan urtuko zen itxaropenarekin. Nondik ateratzen zenituzten ideiak? Aldizkarietatik? Buruz ikasteraino ikusten zenituzten erdipurdiko pelikuletatik? Niri ez zenizkidaten guztiak kontatzen, zuen gauza zen. Ez ninduzuen horren parte sentitzen, edo ez zineten nitaz fidatzen, zuen gurasoei kontatuko ote nien. Zure amari. Hura enteratzeak beldur handiagoa ematen zion Laidari berea enteratzeak baino.
“Compra culo o vende pantalón” esaten zion zure amak tarteka, begi ertzetik haren ibilerari segika, zigarroa eskuan. Laida gorritu egiten zen, ez zuen zer esan asmatzen. Ezkutuan begiak, ezpainak margotzen hasi zinetenean ere zu baino intentzio gehiagorekin estaltzen zen kalerako bidean, hark ez harrapatzeko.
Nik ez nuen ulertzen nondik norakoa izan zen Laida eta zure amaren arteko tenkatzea, zuk ere erdizka, baina hor, ordurako, tentsioa nabarmena zen. Oinekiko zure obsesioa ere garai hartan ernatu zela esango nuke, ni joan aurreko azken urteetan; hamaika, hamabi urterekin? Lehenago ez. Udaro sandaliak jartzea tortura hutsa zitzaizula esan zenidan. Baina ez zen egia. Lehenago ez zitzaizun axola oinutsik ibiltzea, sandaliak jartzea. Ez zenituen oinak ipurdi azpian, hareatan edo aurkitzen zenuen edozein kuxinmantadenadelakoren azpian ezkutatzen. Barre egin zizuten, baina, uda hartan. Barre egin zien norbaitek zure behatz “amorfoei”, elkartzen zituen mintz horri. Barre egin zenuen zuk ere. Baina hor hasi zen oinen ezkutaketan ibili beharra.
Oraintxe egiten ari zaren bezalaxe.
— Anfibio oinak.
Hala esaten zizun amak.
Zure oinak dauzkat gogoan hondartzakoa gertatu zenean ere. Inoiz baino hauskorrago ikusi zintudan, han, atzeko horman eserita hankak zintzilik, oinak elkarren atzean ezkutatu nahian. Murru hartan hasi zinen nirekin hitz egiten. Ni joan eta gero nirekin hitz egiten, esan nahi dut.
Gaurdaino iraun dizu hondartza horrekiko ezinak.
— Ez da ona igeritarako.
Hori izango da. Norbait zurekin geratuko zela espero zenuen, Laida bai, behintzat. Ez zintuztela han, hondartza kanpoan, oinutsik utziko. Baina autobusa hartzera joan ziren guztiak. Zuk soinean garraio-txartela besterik ez zenuela jakin arren, txanponik ez inori deitzeko, are gutxiago telefono mugikorrik. Adorerik ere ez zizuten utzi geltokirainoko minutu luzeak hiria zuzenean zapalduz egiteko.
“Sekula entzun duzu inori oinetakoak soilik ostu dizkiotenik hondartzan? Motxila ondoan izanda?”. Horixe izan zen esan zenidan lehenengo esaldia, ahots gora, oinak kulunkatzeari utzi eta azkenean petrilean, ipurdi azpian, ezkutatu zenituenean. Baietz esan nizun nik. Uste dut baietz esatea behar zenuela momentu hartan. Horrela hasi zinen nirekin hitz egiten, Luxi, haurrek lagun imajinarioak izateari uzten dioten garaia baino bospasei urte beranduago.
Zergatik egun horretan eta ez benetan joan nintzenean?
— Laidak eta nik apenas hitz egiten genuen ordurako.
Luxi.
— Uste dut ez zidala besteei kontatutakoa sekula barkatu.
Luxi?
— Pentsatu gabe bota nuen.
Luxi...
— Zer?
Zergatik esan zenien denei hilda nengoela?
— ...
Egon geldi. Ezin dituzu oinak gehiago hondoratu.
Goazen bueltan tamarizaren ondora.