Silueta
Silueta
2025, nobela
160 orrialde
978-84-19570-50-5
Azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

36. Erreberberazio efektua

 

      Idazleak proposatzen duen fikzioaren barruko errealitatea oinarri izan dezakeen bahiketa bati buruzko nobela baten kritika literarioek osatutako nobela da hau, bahiketa bati buruz ari dena, eta literaturaz, eta irakurketaz, eta kritikaz, eta abarrez. Zer? Canok jolasa maite duela, literatura bezainbeste. Eta agian biak modu bereizezinean baino ezin direla praktikatu gogorarazi nahi digula beste behin. Has gaitezen, beraz, berriro:

      31 kritika biltzen ditu liburu honek, ezagutzen ez dugun eta idatzi gabe dagoen eleberri bati buruzkoak: Silueta. Kritika horietako bakoitzak pista bat edo beste ematen dio irakurleari, zein den trama, zein pertsonaiak, nola dagoen nobela egituratua, zein narratzailek gidatzen duten, nola lantzen diren hainbat gai, hainbat pasarte zehatz. Kritika bakoitzak gordetzen du, halaber, ahots bat, eta horien bidez, Silueta-ren interpretazio askotarikoak jasotzearekin batera, munduari behatzeko eta komunikatzeko 31 manera azaleratzen dira. Honenbestez, artefaktu polifoniko honen eskutik dugu nobelaren muinean dagoen nobelaren berri, baina baita gure komunitate kulturalean dauden tentsio, posizionamendu eta inertzien berri ere.

      “Siluetak iradoki egiten du, ez esan”, aipatzen da Canoren nobelan. Hain zuzen ere, ulermenerako gakoa den hori ezkutatzea da irakurlea aktibatzeko motorra. Hasiera batean nahasgarri gerta daitekeen ahots bilbe horrek erreberberazio efektu bat du azkenerako, entzun gabekoa haren oihartzunaren bidez deszifratzeko ariketa egitera behartzen baitu.

      Gizarte garaikideotan ditugun ajeak abileziaz irudikatzen ditu horrela Canok: errealitatea joan-etorri azkarrean dabiltzan testu eta bideo txatalen bidez eraiki beharraren kondena, literaltasunak duen indarra edota iritzia epaiarekin ordezkatzeko joera, kasik arrazoia nork duen jakiteak nobelak baino garrantzi handiagoa izateraino.

      31 kritikari horien obsesio, mania, esamolde maiztu eta klixeen sakonean, ordea, Canoren ohiko kezkak eta interesak agertzen dira berriz ere: gatazka politikoaren inguruan idazteak dituen zailtasun eta arriskuak, zer den kritika literarioa eta zein diren haren mugak, literatura osatzen duten ezinbesteko testuartekotasuna eta jolasa, eta, jolas horretan sartuz gero, irakurleak testuari bizialdia luzatu eta biderkatzeko daukan gaitasuna.

 

I.M.

2026-02-15

Kritiken Hemeroteka