Hetero
Hetero
2024, narrazioa
160 orrialde
978-84-19570-29-1
Azala: Alain Urrutia
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2019, saiakera
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

Irla

 

 

 

Irla, bere modura, beldurrez eta plazerez

inguratuta geundenaren ebidentzia zen.

Jon Benito

 

Gure fikzioak ere lehiatuko genituzkeela uste duzu?

Garazi Arrula

 

Irlak badauka sakontasun bat

barrurantz zulatu beharrekoa.

Iraitz Agirre

 

 

 

Garaia: 2023ko udazkena.

Eszenatokia: Donostia, Amara auzoko etxe bloke bateko lehenengo solairua, elikadura eta dietetika kontsulta.

 

 

pe:  Grabatzen ari da?

ua:  Bai. Aizu, ba, gustatzen zait kontsulta, argitsua da. Pazientearen aulkian eseriko naiz. Zurea altuagoa da, e?

pe:  Eta erosoagoa. Enkoadrea inportantea da. Baina lasai, ez dizut kobratuko. Kafe bat?

ua:  Bale, bai, eskerrik asko. Zenbat kobratzen diezu?

pe:  60 €.

ua:  Joño.

pe:  Badakizu, bestela ez du funtzionatzen. Eta ez diet Bizumez ordaintzen uzten.

ua:  Zergatik ez?

pe:  Inportantea da norberaren erabakiez jabetzea: kutxazainera joan, dirua atera, billeteak askatu. Keinuak gorputzean gelditzen dira. Tori, kontuz, katilua bero dago. Kubari buruz hitz egin nahi duzu, orduan.

 

(Bazkalondoan zitatzea onartu duen gizonak, Pello Egurenek, bidaia bat konpartitu zuen nirekin 2006an. Nik hogeita bi urte neuzkan, berak hogeita lau. Urte hartako Aste Santuan Kuban errefuxiatuta zeuden euskaldunekin Aberri Eguna ospatzera eta hamabosta igarotzera gonbidatu gintuzten bi bertsolari, Pello eta biok; kazetari bat, Ekaitz Lopez; dantzari bat, Oihana Rekondo; eta trikitilari bikote bat: Olatz eta Urko. Garai hartan Pellok porroak erretzen zituen bata bestearen atzetik, bizarra narrastuta eramaten zuen, lodi zegoen eta kamiseta itsusiak janzten zituen. “Badut lagun bat eta arrazoia du”, esanez hasten zituen hitz-hartzeen erdiak, eta Arnaldo Otegiren azentuarekin hitz egiten zuen. Aurreneko liburua idazten ari nintzen ni.

  Adiskide egin ginen, berak ni asmotsu eta nik bera bihotz oneko ikusten nuelako, eta geure buruarengan aurkitzen ez genituen ezaugarriak estimatzen genituelako batak bestearengan. Gero talde-terapia bat konpartitu genuen. Bi urtez, hilean larunbat goiz batez, psikologo bik lurrean eserarazten gintuzten afinazio emozional zaileko hamar lagun, eta biluzte-ariketak eginarazten zizkiguten. Elkarren lotsak ukitu genituen. Hurrengo urteetan asko eztabaidatu genuen, etengabe izan genituen eztabaida berak inora iritsi gabe, eta urruntzen joan ginen. Neu urrundu nintzen. Bera argaldu, eta dietetikan graduatu zen, ez zuen aurrera egin bertsolari modura. Nik idazten, kantuan eta aldian behingo krisiak izaten jarraitu nuen. Laguntza eske deitu nionean, nire ipuinaren alde ahal zuen guztia egingo zuela esan zidan, gardentasunez hitz egin nahi zidala. Esandako helbidera iritsi naizenean, haren izena daraman plaka zilarkara ikusi dut atalondoan. Jaka dotorea soinean ireki dit: “¡Compañera!”, agurtu nau.)

 

pe:  Nik nola gogoratzen dudan kontatzea nahi duzu?

ua:  Bai.

pe:  Disimulurik gabe hitz egin nahi dizut.

ua:  Hala hobe ipuinarentzat.

pe:  Dena den, hasi aurretik, gauza bat: hitz eman diezaiogun elkarri batak besteari epairik gabe entzungo diogula. Ez gaitezen saiatu elkar konbentzitzen.

ua:  Konforme nago, bai.

pe:  Ados, ba, aurrera. Nondik hasi… Kontaktua Oihana Rekondoren bidez izan zen. Norbaitek eman zion Ferminen enkargua, ezta?

ua:  Bai, lankide itzultzaile batek. Oihanak niri deitu zidan, nik zuri eta zuk Ekaitz Lopezi. Eta Oiartzungo taberna batean egin genuen zita.

pe:  Bai, nik militantziatik ezagutzen nuen Ekaitz, iritzi-emaile ari zen Garan.

ua:  Ezin kabitu geunden.

pe:  Pentsa.

ua:  Buruz genekien jende haren epika: torturak, ihesak, enboskadak, klandestinitateko kontuak… Eta orduan jakin genuen erbesteratu haien artean bazirela izen potoloak: ideologoak, kazetariak, idazleren bat…, seudonimoak erabiliz publikatzen zutenak hemengo prentsan eta editorialetan. Oihanak esan zigun nor zen nor. Fermin aipatu zigunean, sinistu ezinda gelditu ginen. Zu aurretik ere egonda zeunden Kuban, ezta?

pe:  Bai. Xalarekin eta Paorekin, urtebete lehenago. Kaka eginda pasatu nuen hilabetea. Ehun kilotik gora nintzen, egun guztian kolokatuta… Itxaron, leihoa zabalduko dut. Inporta dizu erretzen badut? Ni anulatuta nengoen. Iraultzaz hizketan isildu gabe eta alerik esan gabe. Gogoratzen al zara nola janzten nintzen?

ua:  Bai, eta nola hitz egiten zenuen ere bai.

pe:  Niretzat Kuba nahi izatera atrebitzen ez nintzen guztia zen. Baina beste bat izateko aukera ere bazen, beste identitate bat probatzekoa, batez ere, neskekin. Nik ez nuen emakumeen desirarik sekula sentitu, ezta neure amarenik ere, haurra nintzenean.

ua:  Ja.

pe:  Asuntoa ez zen han larrutan egin nezakeela, asuntoa zen zuriak eta turistak izate hutsagatik desiozko begiradek inguratzen gintuztela. Hurreratuko didazu, mesedez, horko hautsontzia? Interesatuak zirela? Injustuak? (Zigarroari tira eginez) Niretzat lehen aldia zen neskak gauza goxoak esatera hurbiltzen zitzaizkidana. (Beheko ezpaina aurreratu eta kea indarrik gabe askatuz) Agian zuretzat zaila da ulertzen.

ua:  Ez dakit.

pe:  Kuba ispilu potentea da, zeure buruaz itzultzen dizun isla sinistu nahi duzu, baina badakizu ezin zarela erabat fidatu. Gauza bat da neskak eskura izatea, hori erraza da han, baina beste kontu bat da benetan irrikatua sentitzea. Sakonean denok dakigu desira ezin dela erosi. Ni errudun sentitzen nintzen, eta beldur handiagoa ematen zidan ligatzeak ez ligatzeak baino. Zuk ez duzu erretzen?

ua:  Utzi nion.

pe:  Ondo. Esaten da behar duzunaren eta nahi duzunaren artean dagoen distantzia dela desira. (Lepoa luzatuta kea askatuz)

ua:  Freud?

pe:  Keba. Baina Kuba desira aplastante bat zen. Gu ezkertiarrak ginen, guk ezin genituen emakumeak esplotatu, baina nire lagunak, Pao eta Xala, elkarrekin liatuta zeuden han izan ginenean, eta egun osoa pasatzen zuten larrutan. Gero esaten zuten, “historia hemen esertzen da”, eta ingurura begiratzen zuten pelikula baten barruan bageunde bezala. Playa Girón kantatzen zuten, nik ez nekien letra. Diru gutxi geneukan, pentsa, nik Paori 600 euro utzi nizkion bidaia hartarako, berak ez zielako gurasoei dirurik eskatu nahi. Lotarako gela bakarreko etxeak hartzen genituen, aurrezteko. Komunean eta dutxan entzuten nituen gogor txortan, izerditan ateratzen ziren. Ez banengo bezala jokatzen zuten. Edo han nengoelako jokatzen zuten horrela? Barkatu, leihoa itxiko dut. Egun batean ohe bakarreko gela bat hartu behar izan genuen, eta gauaren erdian maindireen tirakadek esnatu ninduten. Lo plantak egin nituen.

ua:  Garai hartan Xalarekin kolgatuta zeundela uste nuen.

pe:  Hmm. (Kokotsa igurtziz eskuarekin)

ua:  Hala zeunden?

pe:  Ez dakit. Bidaia hartan ez nintzen inorekin liatu. Burutik pasatu ere ez. Haiek biek ederki zaintzen zituzten nire debilidade posible guztiak, neskei begiratzen ere ez nintzen ausartzen. Behera begira eman nuen hilabetea. Inork deskuiduan ipurdia arrimatzen bazidan, feminismoaz hitz egiten nion. Diskurtsoa banekien.

ua:  Itzuli zizun?

pe:  Zer?

ua:  Dirua.

pe:  Terapeutak behartu ninduen eskatzera. Rekalde tabernan gelditu ginen.

ua:  Karreran zenbiltzan ordurako?

pe:  Ez, harategian, anaiekin.

 

(Ez nuen harategi hura ezagutu. Baina Pellok kontatuta nekien berak hamalau urte zeuzkala, eta anaiek zortzi eta bederatzi gehiago, aitarekiko harremana eten eta etxetik alde egin zutela. Umetatik lanera lotuta zeuzkan aitak sagardotegian. Egun hartan parrillan jarri zuen Pello eta, itxuraz, txuleta bat gaizki bota zuen sutara. Aitak, bere onetik irtenda, titimuturretatik helduta eraman zuen paretaren kontra. Pelloren anaia zaharrenak bultza egin eta lurrera bota zuen orduan aita, frente egin zion, eta zaharrak lehenengoz egin zuen atzera. Ordutik, etxebizitza eta kontu korrontea konpartitu zituzten hiru anaiek.)

 

ua:  Terapian hasita zeunden, orduan.

pe:  Bai.

ua:  Ahoarenarekin akordatzen naiz. Psikologoak esaten zizula ahoak hiru funtzio dauzkala: jatea, espresatzea eta haginka egitea. Esaten zizun beste bi funtzioak “itzalita” zeneuzkalako jaten zenuela kontrolik gabe. Orekatu egin behar zenituela ahoaren funtzioak.

pe:  Eta koipeaz, gorputzekoaz, babes-geruza bat zela esaten zidan: bioprenoa.

ua:  Garai hartan militantzian oso sartuta zenbiltzan.

pe:  Ezker Abertzalea etxea zen niretzat. Bileretara joaten nintzen, banekien hitz egiten, ekitaldi guztietan kantatzeko deitzen zidaten… baina badakizu zer gogoratzen dudan batez ere? Beldurra. Belaunak dardarka egoten nintzen manifetan. Panikoa nion poliziari. Eta zer esanik ez kideek nire izua nabaritzeari. Niretzat polizia aita zen, herria ama eta eta justizia egitera zetorren talde armatua. Nire anaiak eta ziren, ni eta nintzen, aita hil nahi genuen eta ama salbatu. Benetan sentitzen nuen horrela. Gerora aldatu egin zen hori, baina orduan hala ikusten nuen.

ua:  Nik bolada hartan ezagutu zintudan.

 

(Jaka erantzi du. Besoetan eta bizkarrezurraren forman nabaritzen zaio iraganean oso lodi egon zela. Begira gelditu zait, baiezko keinu ia hautemanezina egin dit buruarekin.)

 

ua:  Eta Oiartzungo bileraz zer daukazu akorduan?

pe:  Oihanak esplikatu zigun brigada politiko-kultural bat osatzeko kontua. Gu baino lehen bisitan joandakoak aipatu zizkigun: zinegile bat, kantari pare bat, editoreren bat, idazle batzuk, Oihanaren lankidea bera… baina gu izango ginen talde modura gindoazen aurrenak.

ua:  Klandestinitatetik ateratzen ari ziren apurka-apurka.

pe:  Bai, errefuxiatuek urteak eman zituzten herrikide eta senitarteko bat bera ere ikusi gabe. Oihanak kontatu zigun lankideak esan ziola bisitetan Fermini eta besteei liburuak eta diskoak eramaten zizkietela, eta originalak ekartzen.

ua:  Orain dela gutxi jakin dut nork ekarri zuen Ferminen nobela.

pe:  Bai?

ua:  Gero esango dizut, baina segi.

pe:  Ezkutuan egon zen sasoian ilunetan irakurri beharrak begiak erre zizkiola kontatu zigun. Beste exiliatu batzuen osasun-arazoak ere bai. Esplikatu zigun hainbat iheslari zeudela, legalak eta ilegalak, eta haientzat ere eramango genituela gauzak. Gu, batez ere, ilegalekin egongo ginela argitu zigun, benetako izenez bizi ezin zirenekin. Eta hor sartzen zen Txarli.

ua:  Bizi da? Badakizu zerbait?

pe:  Bihotzeko batetik onik atera zela jakin nuen, eta Hendaian txaleta erosi zuela. Oraindik antolatzen ditu afariak, noizbehinka.

ua:  Segi, barkatu.

pe:  Oihanari lankideak esan zionez, errefuxiatu batzuen laguna zen Txarli. Berak antolatuko zuen dena. Dirua zeukala esan zigun, eta irlako gastuez arduratuko zela. A, eta bakoitzari 20 kiloko maleta bat prestatuko zigula, errefuxiatuentzako gauzekin.

ua:  Ze enpresa mota zeukan? Jubilatuta egongo da honezkero.

pe:  Plastiko-lantegi bat. Sebas berak enplegatu zuen itzuli zenean.

ua:  Baina orain zabor-biltzaile ari da, ezta?

 

(Sebas kamioiarekin kontainerrak husten ikusi izan dut, lohihartzeko laranja soinean. Kostaldea egiten du, Zarautz-Getaria-Zumaia behintzat bai. Berdin jarraitzen du, kizkurrak urdinago. Oihanak ere egin izan du topo harekin.)

 

pe:  Bai, segituan utzi zuen. Nik ez dakit Sebas zenbateraino fidatzen den Txarliz, baina oraindik lagunak dira. Garbi dago urte askoan harreman hori komeni izan zitzaiola bizirauteko. Hauek gosea pasatu zuten Periodo Especialean, eta Txarlik diruarekin erosten zituen pertsonak. Guri ere hegaldia ez beste guztia ordaindu zigun: alokairuko kotxeak, Cayo Levisako etxea, otorduak, tragoak… dena.

ua:  Irlatik ospa egin nahi izan nuenean, hori izan zen okerrena, ez neukan dirurik. Ezin nuen bueltarako hegaldirik erosi, ez beste etxe batera joan, ez nik bakarrik bidaiatu. Txarliren etxeko afaria gogoratzen duzu?

pe:  Bai. Lasarten zuen txaletera joan ginen bidaia prestatzera: trikitilariak eta gu. Iritsi orduko, Ekaitz eta biok bodegara jaitsarazi gintuen berarekin, eta bi botila aukeratzeko agindu zigun, guk nahi genituen biak. Ez genekien tutik ardoaz. Han behean geundela Kuban larrutan egingo genuela esan zigun.

ua:  Bodegan?

pe:  Birjina al nintzen.

ua:  Ez zabiltza benetan.

 

(Sudur-irri bat egin du, kolpe laburretan kanporatuz airea.)

 

pe:  Gero, afaritan, bidaiarako plana azaldu zigun. Aurreneko hiru egunak Habanan pasatuko genituela, Euskal Etxean abestuko eta dantzatuko genuela Aberri Eguneko urteroko ekitaldian, Palmas y Cañas telebista-saioan lotu nahi zigutela tarte bat…

ua:  Ahaztuta neukan Palmas y Cañasen egon ginela.

pe:  Garbi utzi zigun kontua, batez ere, errefuxiatuei konpainia egitea zela. Fermin, Sebas eta Joxe aipatzen zituen.

ua:  Afari hartan esan zigun nor norentzat ginen.

pe:  Nola nor norentzat? (Nire kafe katilu hutsa seinalatuz)

ua:  Oihanari begira “zu Ferminentzat” esan zion; niri begira, “zu Sebasentzat”; eta Olatzi, “zu Joxerentzat”.

pe:  Ez naiz gogoratzen. Ekaitzi eta bioi ea beltzak gustatzen zitzaizkigun galdetu zigun.

ua:  Gure aurrean?

pe:  Baietz esango nuke.

ua:  Ostia, ba, ni ere ez naiz akordatzen horrekin. Badakit bertsotan egin genuela eta normal-normal bueltatu ginela etxera.

 

(Telefono dei bati erantzun dio, zerbait idatzi du agendan.)

 

ua:  Eta bidaia? Nola gogoratzen duzu?

pe (kafe-kapsula makinan sartu, eta palankari eragin dio): Sebas zegoen aireportuan gure zain bere terrier beltzarekin.

ua:  Nola zuen izena?

pe:  Cleo.

ua:  Hori da: Cleo!

pe:  Hantxe zeuden biak. Ez genuen arazorik izan maletak pasatzeko. Denok besarkatu gintuen, hunkituta geunden. Txarlik, di-da batean, bi kotxe alokatu zituen: berarekin eta Sebasekin sartu ginen gu biok auto batean, eta gainerakoek atzetik jarraitu ziguten bestean. Bidean, Sebasek galderak egiten zizkigun. Gu flipatzen, euskaraz kubatar azentuarekin hitz egiten zuelako. Euskaraz Kuban ikasi zuela kontatu zigun, Ferminek erakutsi ziola, enpresan sartu zenean ez zekiela tutik. Bera bi hilabeterako sartu zela mobidan… “eta hemen nago, kaka jaten!”, esaten zuen.

 

(Sebasek balkoirik balkoi ihes egin zion poliziari 1982an, San Sebastian gauez, danbor-hotsek hiria gortzen zutela. Hogeita bi urte zituen. Beste hogeita lau zeramatzan erbestean.)

 

ua:  Hori beti esaten zuen, “hemen gaude, kaka jaten”.

pe:  Hark maleta prest zeukan edozein momentutan Pasaiara itzultzeko. Dena jakin nahi zuen Euskal Herriaz. Gu ingurura begira gindoazen: jendea, autoak… Polakitoak ikusten genituen atzeko atea irekita, aire beroari irteten uzteko; saltzaileak, “maní!, maní!”. “Irakultzen dituzue Felminen liburuak?”, gogoratzen naiz galdetu zigula, eta zuk baietz, eta berak “onak dira?”, eta zuk “joe, bai!” eta berak, “ba idazten ditu denak gure ihtoriekin, eskatu behalko diogu comisión!”. Segituan kamelatu gintuen, Sebasek kristoren karisma zeukan, dauka, denoi gustatu zitzaigun.

ua:  Bai, baina kotxea gelditzen zen bakoitzean, neskei gauzak esaten hasten zen kopilotuaren bentanillatik, “mami, hazme caso”; “linda, ven acá…”. “Psst!, psst!”, egiten zien.

pe:  Bai, ja… hori denek egiten zuten.

ua:  Eta ahoarekin txakurrei deitzekoen moduko zaratak, klaskak eta muxuen moduko zerak. Shockean gelditu nintzen horrekin. Ez dakit, ez nuen espero. Kubakoa beste kultura bat zela banekien, igual espero nezakeen kubatarrengandik, baina inpresioa egin zidan euskaldunak, exiliatuak horrela ikusteak.

pe:  Iheslari idealaren irudia zeneukan egina, igual. (Gorputza besaulkian atzeratuta)

 

(Iheslari idealaz pentsatzen gelditu naiz. Eskuan darabilen metxeroa erori, eta jasotzera makurtu da Pello, bistan gelditu zaio burugaineko soila.)

 

ua:  Joe… Bale ezin nituela nire perspektibatik epaitu, bale erdi kubatarrak zirela eta moldatu egin behar izan zutela, apurtuta zeudela, baina niretzat, ostras, txokantea zen. (Baiezkoa egiten dit buruaz) Irlan baziren emakume errefuxiatuak ere, baina ez genituen ezagutu, ez zizkiguten aurkeztu. Haien bertsioa gustura ezagutuko nuke. Baina jarraitu zuk kontatzen, mesedez.

pe (beste zigarro bat piztu, eta leihoa zabaldu du berriz): Ba, Sebasen etxera iritsi ginenean, Txarlik maletak ireki zituen, eta atera zituen zartaginak, txorizoak, bizikleta-piezak, arropak, botikak, diskoak… sekulako festa. Joxe azaldu zen. Gizon txiki hanka-mehe bat, begi biziak eta sugandila-muturra zeuzkana. Azkar-azkar mugitzen zituen eskuak, gogoratzen?, eta hitz egin ere antzera. Sebasek eta biek kamiseta erreibindikatzaileak zeramatzaten jantzita: Egingo dugu! zioen beltza Sebasek, eta Alde hemendik! zioen zuria Joxek.

ua:  Bai, momentu horren argazkiren bat badago.

pe:  Horregatik gogoratzen naiz.

ua:  Bi ume ere agertzen dira: Joxeren semea bat, gero haserretu zitzaion hura, eta, bestea, Kattalin. Ordurako nerabea zen, hamabost urte zeuzkala uste dut. Umeek apenas zekiten euskaraz, amek hazi zituzten.

pe:  Txundituta gelditu ginen Joxeren azentuarekin, Lazkaotik atera berria ematen zuen, kaxero totala, eta hogeita sei urte zeramatzan erbestean.

ua:  “Iepa, Joxepa!” agurtu gintuen neskak. Joxepa edo Maritxu esaten zigun neska guztioi, batzuetan bat eta besteetan bestea. Eta igartzen genuen ez zela asmo txarrez, baina, ostia!, izenik ere ez!, “Joxepa, kafeik nahi dezu?” eta “Maritxu, ta zu nungoa zea, ba?”.

pe:  Xelebrea, bai. (Irribarrez) Eta, halako batean, Fermin agertu zen. “Aupa, zelan?”, lotsa-lotsa eginda.

ua:  Isil-isilik gelditu ginen denok.

pe:  “Imajinatzen zenuten más alto, no?”, adarra jo zigun Sebasek, momentu delikatuak biguntzeko kapazitate horrekin. Txikitxoa zen eta potolo samarra.

ua:  Aurrez aurre ez zuen mito nazional bat ematen.

 

(Besoak zabaldu ditu ahurrak gora, esanaz bezala “eta nork ematen du mito nazional bat bertatik bertara?”.)

 

pe:  Oihana hurbildu zitzaion besarkada bat ematera, eta Ekaitzek, serio-serio, bostekoa luzatu zion. Gero gu hurbildu ginen. Berak barre egiten zuen bere txakurtxo-algara harekin, je-je-je. Pozik zegoen. Olatz eta Urko zerbait jotzen hasi zirela uste dut… Eta hor ja kafea atera zuen norbaitek, zigarroak, patxarana… Bertsotan hasteko agindu zigun Txarlik. Oihanak aurreskua dantzatu zien, eta hango giroan sartu ginen.

ua:  “Zuk badakizu saltsa dantzatzen?”, galdetu zidan Ferminek.

pe (erretzaile-barrez): Gau hartan ez, baina hurrengoan joan ginen diskotekara, uste dut.

ua:  Bai! Ni ospitaletik pasatu eta gero. Akordatzen? Lehenengo gauaren ostean, goizaldean komunera altxatu nintzen tripako minez. Hilekoa jaitsi zitzaidala ikusi nuenean trankildu nintzen, baina komunean eserita nengoela, hasi nintzen goitik eta behetik… vomicagando, puf. Burua harrian etzanda, ezin eutsi, konortea galdu nuen. Ekaitz etorri zen, berak suspertu ninduen, eta chapeau, e?, ze han zegoen koadroa… Hori ikusi eta gero ez dakit nolatan liatu zen nirekin. Dena garbitu zuen. Ohera eraman ninduela gogoratzen dut, ordurako zuek denok itzarrik, eta esaten nuela “mina!, mina! Zer da hau?”.

pe (kopeta zimurtuz): Zer gertatu zitzaizun?

ua:  Ekaitz kalera atera zen garrasika, “un médico!”, eta segituan bueltatu zen mutil gazte batekin. Ibuprofenoa eman zidan, eta galdera mordo bat, “¿puedes estal embarazada?”, eta ni lotsatuta, ze orduan Mikelekin nenbilen, baina Mikel atzerrian zegoen ikasten, eta hala ere, “sí”, eta zuek denok han... Umetokitik kanpoko haurdunaldi bat izan zitekeela esan zidan, ospitalera behar nuela. Eta Txarlik eraman ninduen, gogoratzen? Orain flipatu egiten dut horrekin. Oihanak lagundu zidan janzten eta Txarlik eraman ninduen. Nirekin igo zen gora, biok sartu ginen kontsultan. Zer gertatu zitzaidan kontatu nion ginekologoari, eta esplorazioa egitera pasarazi ninduenean, Txarli ere barrura sartu zen. Nire senarra zela pentsatuko zuen medikuak, auskalo. Han egon zen zutik, kamillan hankak zabalik etzanda nengoen bitartean. Azkenean, ez omen zen ezer, “una mala regla”, tentsio beherakada bat. Bueno. Barkatu. Enbalatu egin naiz. Total, handik ordu batzuetara diskotekan geunden.

pe:  Don Cangrejon.

ua:  Ez nekien izena. Han izan zen “alternativa kasena?

pe:  Bai, Sebas kabroia. (Algararen erdian eztul txikiak egiten ditu) Sartu eta gutxira neskak hurbildu zitzaizkigun. Errefuxiatuetako bakoitza neska banarekin dantzan hasi zen, Txarli ere bai, Urko desagertu egin zen… Guk oraindik ez genekien twerkinga zer zen, baina hori, haiek neska kubatarrekin perreatzen, eta gu korroan kikilduta. Bucaneroak eta mojitoak atera genituen, eta hantxe berriketan eta gerria mugitzen saiatzen. Niri, momentu batean, neska bat etorri zitzaidan, beltz-beltza, eta zalameriatan hasi zitzaidan. Eta ni, ba, ahal nuena egiten, dardarka, konbertsazioa luzatzen “ezer gerta ez zedin”. Kubaren egoeraz galdetuko nion, irlako ekonomiaz, Fidelez… Halako batean han non datorren Sebas eta neskari esaten dion “¡no te estará explicando la altelnativa kas!”. Ederki pasatu zenuten horren kontura.

ua:  Hurrengo egunean izan zen Aberri Eguneko ekitaldia.

pe:  Han kontatu ziguten, ba, Joxe Martinena!

ua:  Ostia, egia, Joxe Martin… Nola zen?

pe:  Aurreko urtean trikitilari klasiko batzuk izan ziren ekitaldi hartan, eta mitinlaria, Euskal Herritik bisitan joandako idazle bat, mozkor-mozkor eginda, Jose Marti gora eta Jose Marti behera aritu omen zen ordu erdiz, eta halako batean galdetzen omen dio panderojoleak soinujoleari: “Hi, Joxe Martin hoi zein dek?”.

 

(Santa Klausenaren antzeko algara ozena du, kutsakorra. Komunera jaiki da, elkarrizketa eteteko baimena eskatu dit eskuaz.)

 

ua:  Oihanak soinu-grabazioa pasatu zidan, jasota daude guk kantatu genituen bertsoak eta Ekaitzek egin zuen diskurtsoa.

pe:  Bai?

ua:  Tamalez, bai. Eta biharamunean irten ginen Cayo Levisarantz?

pe:  Viñalesen ere izan ginen. Txarlik txangoak antolatzen zizkien errefuxiatuei, bestela apenas irteten ziren euren auzoetatik. Txapuzak egitetik bizi ziren, erdi mekanikari bata, erdi igeltsero bestea… Jan ere bidaia haietan egingo zuten ganoraz. Baina ez naiz akordatzen zehazki zein ordenatan egin genuen bidaia. Abiatu aurretik Aranbururen etxean ere izan ginen bisitan.

 

(Patxi Aranburu eritasun degeneratibo baten ondorioz paralitiko gelditu zen sona handiko eskultore euskaldun bat zen, aspalditik Habanan bizi zena. Iritsi orduko jakin genuen adin bereko bi haur zeuzkala bi neska kubatar diferenterenak. Haietako batekin, bien alaba txikiarekin eta ordainpean zeuzkan masajista eta txofer partikularrekin bizi zen, esan zigunez, Euskal Herrian bizi ahalko zen baino askoz hobeto.)

 

ua:  Uf, egia.

pe:  Eta handik lehenengo Viñalesera eta gero Cayo Levisara, uste dut. Fermin ez zen gurekin etorri. Haren anekdotak kontatu zizkiguten bidean: umea liburutegian ahaztu zuenekoa-eta. Eta Felmin-tengo-flío-rena.

ua:  A, bai! Hori nola zen?

pe:  Ba, behin neskaren bat gelditu omen zen bere etxean lotan, logela bat utzi omen zion, eta neska gelatik deika hasi omen zitzaion: “Felmin, tengo flío!”, eta Ferminek zer eta manta bat eraman. Eta handik gutxira neskak: “Felmin, tengo calol!”, eta Ferminek zer eta leihoa ireki. Adarra jotzen zioten horren kontura. Zu Ekaitzekin liatu zinen Viñalesen. Eta Oihana Sebasekin.

ua:  Bai.

pe:  Esperientzia txarra, ala?

 

(Badakit nahiago duela erantzuna ez aditu.)

 

ua:  Gau hartan Txarlik banatu zituen gelak. Irlatik bueltatu ostean konturatu nintzen bidaia osoan berak nahi izan zuen bezala antolatu zituela etxeak eta logelak. Beste guztion mugimenduak kontrolatzen zituen.

pe:  Belarri bat altxatzen zuen bi pertsonaren artean tirarik sumatu orduko.

ua:  Arratoi-txakurra.

pe:  Voyeurra zen.

ua:  Bikoteak egiten zituen, berak esaten zuen nork norekin lo egingo zuen. Orduan ere fijatuko zen Ekaitzen eta bion artean zer edo zer bagenbiltzala eta horrela banatu zituen etxeak.

pe:  Olatzi eta Urkori etxe bat eman zien, eta ni berarekin eta Joxerekin jarri ninduen.

ua:  Gero, gaua elkarrekin pasatu genuenoi, bueno guri ez, gizonei galdezka joaten zen, ea zer moduz honekin edo harekin larrua. Zu gau hartan eraman zintuen bakarka, ezta?

pe:  Bai.

ua:  Niri oso biolentoa egin zitzaidan. Denon aurrean esan zuen txortan egitera eramango zintuela. Zu ez zinen behartuta sentitu?

pe:  Galduta. Zuek denok plana zeneukaten. Ni akojonatuta nengoen, eta, aldi berean, erabili gabeko desira neukan barruan ustelduta, eta beste estadio batera pasatzeko gogoa, nik ere izan nahi nuen sexua normal bizi zuen norbait! Oihanaren eta zure epaia iristen zitzaidan, eta gizonen burla, ez nintzelako ezertara ausartzen. Olatzi pena ematen niola uste dut. Nire bizitzako esperientzia sexualik txarrena izan zen, etxe kutre batean, Txarlik aukeratu eta ordaindu zuen neska batekin.

ua:  Beste egun batean neska bana ekarri zizkizuen Ekaitzi eta zuri. Gau osoa pasatu zenuten etxe batean neska birekin.

pe:  Hizketan! Baina hori lehenago izan zen, Habanako bigarren gauean. Txarli enperratuta zegoen guk “beltzak probatzearekin”. Pizza zati bana eta Tropicola latak erosi zizkien, eta gaua gurekin pasa zezaten konbentzitu zituen. Ekaitz batekin sartu zen logelan, eta ni aldamenekoan bestearekin. Gaueko momenturen batean gosea zeukala esan zidan neskak, eta Pain de Parisera atera ginen jateko zerbait erostera, eta berriz ere gelara. Ekaitz eta biok hiru aldiz atera ginen pasillora elkarri galdetzera “ze ingo diau?”. Beraiek kontutan baino ez zirela ari esaten zidan Ekaitzek, eta orduan, ba, ni ere berdin, neskari galderak egin eta egin. Sexuaz hitz egin genuen, katxondo jarri ginen, baina ez genuen ezer egin, ez ginen atrebitu. Goizean Txarlik zerbait ordaindu ziela uste dut. (Eskuineko orkatila jarri du ezkerreko izterrean eta bi eskuak orkatilaren gainean)

ua:  Denon aurrean galdetu zizuen ea gaua zelan joan zitzaizuen. “Hizketan?!”, kargu hartzen zizuen barrez, “hizketan?!”, besoak fanfarroi zabalduz. Igual gau hartan ez, baina Ekaitz behintzat gero liatu zen beste neska batzuekin.

 

(Isiltasuna. Baietz buruaz.)

 

ua:  Beltzen usainaz hitz egiten zuen, askoz hobeto jotzen ei zuten. Nirekin egin ostean hori. Emakumeaz hitz egiten zuenean, singularrean egiten zuen: “Nei berua gustatze zaiak emakumia”. Ez nuen imajinatzen Euskal Herrian horrelako gauzak esaten, gutxiago nesken aurrean. Kazetari serio bat zen, jendeak sekulako errespetua zion. Oihana eta biok bete-bete eginda geunden zuen desio putarekin eta larru kontuekin, dena okupatzen zenuten. Egun osoan sexuaz, emakumiaz, txortaz. Koipearen modura pegatzen zitzaigun.

pe:  Bueno, nik ez nituen nire grinak asko espresatzen. Behar baino gutxiago.

ua:  Sebasek galdetzen zizuen: “Eta? Zuek astean zenbat aldiz egiten duzue txoltan?”, eta Ekaitz ito beharrean: “Astean, esaten dik!”. Hiru egun larrutan egin gabe pasatuz gero buruko mina jartzen zitzaiola esaten zuen Sebasek.

pe:  Nik epaia sentitzen nuen, Oihanarena eta zurea. Oraindik egin ez nuen zerbaiten gainean. (Ez dit begietara begiratzen)

ua:  Jeloskor geundela leporatzen zeniguten, itxiak ginela.

pe:  Antsietate-krisiak eman zizun arte (Begiratu dit) ez nintzen konturatu hain gaizki pasatzen ari zinela. Ikusten zintudan dantzan, bertsotan, berriketan… ondo pasatzen. (Orain ezkerreko orkatila jarri du eskuineko izterraren gainean)

ua:  Gau hartan Cayo Levisako diskoteka batean egon zineten, ni ez nintzen atera, eta Joxek eta Txarlik neska bana ekarri zuten hondartzako etxera. Ez dakit zenbat urte izango zituzten, niri neskatilak iruditu zitzaizkidan, ni baino dezente gazteagoak ziren. Eta Joxe eta neska hura nirearen aldameneko ohean sartu ziren, otxentako koltxoi txiki batean, besoa luzatuta ukitzeko moduan, eta txortan hasi ziren. Ni tapoiak jarrita nengoen, baina entzun egiten nituen, neskak boz mehe batekin egiten zuen intziri... Ezin nuen. Alde egin nuen gelatik. Eta gosaritan muturtuta egotea egotzi zidan Txarlik, ea zer ostia gertatzen zitzaidan. Handik ospa egin nahi nuela esan nion. Sebas ni trankiltzen ahalegindu zen. Ez hartzeko gauzak hain estu. Neskek gure aldamenean gosaldu zuten, baina gizonek ez zieten kasurik egiten, arreta guztia elkarrentzat zeukaten. Neska bana magalean hartuta besoa laztantzen zioten, pareko gizonarekin sozialismoaz eta Otegiren bi mahaien proposamenaz eztabaidatzen zuten bitartean, eta, neskek euren atentzioa erreklamatuz gero, haserretu egiten ziren. Joxe, erdi brometan, kontu eske hasi zitzaion bietako bati mantekilla gehiegi hartzeagatik… Ordutik aurrera ez dut ezer gogoratzen. Buruan kolpe bat eman balidate bezala.

 

(Itxuraz, hondartzatik bueltan Palmas y Cañaseko grabaketa egin genuen. Telebistan atera ginen. Euskal Herrira bueltan Ekaitzen kronika bat argitaratu zen Garan Aberri Eguneko argazki batekin, eta guk Xenpelar dokumentazio zentrora bidali genituen bertso-saioen grabazioak.)

 

ua:  Bueltan Txarlik afari bat antolatu zuen, Oihana eta biok ez ginen joan.

pe:  Ni ez nintzen Kubara itzuli hurrengo urtean. Ondorengoetan bai, beste bost edo sei urtez, Ekaitzekin, baina Txarli gabe. Zuk erabat moztu zenuen harremana kubatarrekin?

ua:  Kattalinekin bakarrik jarraitu nuen harremanetan.

pe:  Eta Oihanak?

ua:  Sebasi idatzi zion, ezkondu zen arte. Irakurri nuen kartaren bat. “Urriak 22, atelena” hasten zen, eta bukatzen: “Ez ahaztu gurekin, agul”.

pe:  Ez genituen ahaztu.

ua:  Ez.