Ukitzen gaituen ura
Aldiune jakin hori loratu aurretikoa,
maisutasun aro hori
dohaina agertu aurrekoa,
jabe izan aurrekoa.
Louise Glück
1
Tenka-tenka egindako haurrak gara nerabezarotik gertu. Lagunen etxeetako balkoietatik neurtzen dugu hiltzeko behar den altuera. Oihana eta Lore zazpigarrenean bizi dira, Eli zortzigarrenean. Gure auzoko adreilu laruko blokeek ez dute umetan marrazten genituen etxeen antzik, alargun tristeak zer dira ba, etorriko ez den haizeren baten zain autopistaren ertzean.
Noizbehinka galga eta goma hotsa aditzen dugu; egunaren zatirik handienean narkotikoa da autoen igaroa. “Jaizu frutia!”, egiten dio errietan amamak Eliri, sukaldeko armairuetara arrimatzen sumatzen duen bakoitzean; “zenbat erru?”, galdetzen dio etxerako lanekin ari dela, “zuzenduizu bizkar hori”. Ikastolan akatsei erru esaten diete. Gure okerren kulpanteak gara. Baina orain oporretan gaude: hiru hilabete diktaturik, bonba abisurik eta erradiadoreen gainean epeldutako esne basorik gabe.
Lorek motots baxu batean bildu du orraziaz bustitako ilea, eta, Craioveanu bizkarrean, baloiarekin tokeak egiten ditu etxepean. Oihanak amarentzako lm tabako kartoiak eta seiluak erosten ditu auzoko estankoan. Mezu-kate batean parte hartzen ari da: “Gizon batek neska bat hil zuen 1933an. Hiltzaileak artean bizirik zela lurperatu zuen, Toma sora balcu kantatzen zuen bitartean. Abestiaren izena irakurri duzunez gero, neska zure bila etorriko da, eta hiltzaileak ito zuen ber gisan itoko zaitu zu. Baina mezu hau beste bost laguni bidaltzen badiezu, bakean utziko zaitu. Zeuk egin aukera”.
Erlauntza konpartitzen dugu, baina nork bere gelaxka du. Gure etxea aitarena da, lanean ari da eta isilik ibili behar dugu. Haren lepoa ikusten dut zuzentzen ari den paperetara makurtuta, jertse beti bera soinean. Kultuak gara. Mapamundia dugu komunean, konstelazioak sabaian, liburuak apaletan, munduko bola logelan. Aita “ep-ep-ep” esanez altxatzen da eskritoriotik, eta begiei antiojoen azpitik igurtzika joaten da komuneraino. Pospolo bat pizten du kaka egin ostean. Grafologia ikastaro bat egin du, eta T hizkiaren zehar-marratxoa jaisteko ariketak eginarazten dizkit umilagoa izan nadin. Pozik dagoenetan, gauzak esaten ditu italieraz: bisogna insistere, la tua mamma, la mala testa, sehaska kantaren bat.
Ama etxeratzen denerako, bederatzietako albisteak izaten dira. Denda itxi ondoren ardoa edatera joaten da ahizparekin; bi hartzen dituzte, batzuetan hiru, eta berandutu egiten zaio. Footing egiten du denbora librean, eta eguerdian ere tardantzaz itzultzen da. Txistuka sartzen du giltza sarrailan, poza banderatzat. Amaren aldean energia eta konformidade gutxikoa naiz. Balkoian itxaroten diot bainuaren ostean gauez, butano bonbonaren alboan kukututa, albornozaren azpian biluzik. Barandara igotzen naiz aldapan gora ikusten dudanean, “badator!” oihukatzen dut barrura; ezkaratzetik Jugoslaviako gerra irristatzen da.
Udak izterretako ileak horitu ahala zanpatzen gaitu porlanaren kontra. Egunero entseatzen dugu pozaren aldaeraren bat, zorren bat kitatzeko bezala, baina zailagoa da aldiro. Ez gara gurasoen pentzura ibiltzeko bezain umeak, ezta gure kasa mugitzeko bezain libreak ere; ez zaigu ezer falta, baina ez dakigu denborarekin zer egin. Portaleko freskuran etzaten naiz, babes ofizialeko berrogei etxebizitzaren zamaren azpian, suspertu egiten nau lixiba usainak. “Aspertzea inportantea da”, dio amak, eta badoa.
Etxe blokeen arteko banku berdean itxaroten diet lagunei aitak ez diezaien interfonotik euskaraz gaizki egiteagatik kargu hartu. Ea jaisten naizen galdetu ohi dute. “Jaitsi-ko! Jaitsi-ko!” zuzentzen die aitak, edo, “bai, egunero jaisten da”. Gramatika da ezinegonari aurre egiteko bere modua, araua zaintzea du ofizio, seguru sentitzen da sintagmaren barruan. Hitzetan babesten erakutsi dit. Borragomaren usainak arkatz bat eskura izateak adina trankiltzen nau; hamaika urte ditut eta hunkitu egiten nau “lurrik ikuitu gabe gorputzari jira” bertso zaharreko esaldiak aitaren ahotsean. Ez diot inori esaten. Bi hizkuntza egiten ditut, zuzena etxean eta euskañola kalean: bizkor ikasi dut hizkuntza lotsaren mugetara bridatzen, “atzo jun laike ginan”, diot giharrik uzkurtu gabe, “bixar geratu laike zera?”.
Indurainen izena dator sukaldeetatik, bibak eta animoak; ihesi doa, tropela atzean utzita. Indurain da munduaren poza. Gora begiratzen dut. Beira esmerilatuz itxitako balkoiak beroa metatzen, maindireak eguzkitan gogortzen. “Holaaa!”, Eli plastiko zati handi bat besapean dakarrela dator. Asierri bokadilloa jaurti dio Mamenek: “¡No tires el pan!”. Txabusina soinean, loreontzi hutsez betetako balkoitik begiratzen digu. Zaintzaileek hazi gaituzte: Mamenek, Julik, Margak, Beak. Gure ordezko amak dira; gure premia fisiologiko eta emozionalez arduratzen dira titularrek dendan, ofizinan edo pelukerian lanean diharduten bitartean. Kalendarioan marratxoz markaturiko ordu-kopuruaren arabera kobratzen dute, beltzean. Asierrek estropezu egin du eskaileretan. Asko hazi da azken urtean, handiegi gelditzen zaio gorputza, sueltoegi darabil, edonork esango luke burua txikitu zaiola. Ukondoetan gotelearekin egindako zauriak ditu; Teo-ren moduko berna formarik gabeak. Oihalezko poltsa bat dakar klin-klin: “klabijak”, dio. Motxila ireki dut: sokak, kordoiak eta hariak; mailu bat.
A8-aren gaineko zubia igaro behar dugu Lore eta Oihanaren etxera iristeko, keinuka tematzen gara kamioilariek bozina jotzea lortu arte. Zubiaren aldameneko zelaian andreak eguzkitara daude hamaketan etzanda. Beste batzuen amak dira, gureak ez dira hain alaiki etzaten. Bidegurutzean, oinak obretako porlan freskoan hondoratzen ditugu, gure zapata zola betikotu nahi dugu, halako sosegu iragankor bat sortzen digu horrek. Zubiaz haraindiko etxaurreetan buzo urdinek eta grisek, zintzilik, gizon hutsak dirudite, haizeak puzten dituenak lantzean-lantzean. Nireak ez beste aita guztiek tailerrean lan egiten dute, eta ez dute apenas etxerik zapaltzen. Txikiteotik tailerrera eta tailerretik txikiteora egiten dute. Etxabeetan gora eta (m), leitzaran ez!, sigma ez itxi. Ez dugu hormek diotenaz hitz egiten.
Oihana eta Loreren amak igotzeko agintzen digu interfonotik, erdi kantari. Astuna da igogailuaren atea, norbaitek barruko botoiak erre ditu txiskeroarekin. Tabako eta tapioka-zopa usaina du bikien etxeak. Askotan etortzen naiz telebista ikustera, edozein ordutan hartzen naute, hemen ez dut trabarik egiten. Karmenek muxuka jan gaitu, eta niri ipurdia ukitu dit galtzen barrutik, “¡culo bonito!”. Txandal ardokara eta permanentea daramatza. “Ez da etxetik irteten”, esan ohi du gure amak Karmeni buruz, eta hori esatean sudur-zuloak zabaltzen ditu. Keinu egiten dio aitari hatz lodia ahora gerturatuz, tuntuna banintz bezala, “andre tristea”, esaten du, “tristea andrea”. Nik behin baino ez dut Karmen goibel sumatu. La ruleta de la fortuna ikusten ari ginen biok, Oihana eta Lore ostiaka ari ziren gelan eta ustekabean betaurrekoen besoa hautsi zitzaion. Negarrez hasi zen kokotsa paparraren kontra estututa, intziri txikiak eginez. Nik isilik iraun nuen. Baina gaur pozik dago. Lore belaunetarainoko esporteak, galtza motzak eta Realeko kamiseta jantzita, Zülleri buruz ari da aitarekin salan, gorputza telebistarantz inklinatuta biak, Alpe d’Huezen gora doaz aita-alabak. Kaiet, berriz, txapakume lamina handi birekin dator paparra bistan, imitaziozko Adidas galtzak soinean eta tabako paketea galtzetako goman sartuta. Soinean dituen prakek alboko hiru marrak oihalera itsatsita dauzkate josita izan beharrean. Bikien neba zaharragoa da, bost urte ateratzen dizkigu, eta xaflak kanpamenturaino eramaten lagunduko omen digu. Karmenek gozokiak dakartza denontzat: jamoiak, Minimilkak eta Risketosak. “¡Hala, a jugar a pala!”.
San Rokera bidean Kaiet aurretik doa. Ezetz pastore elektrikoa ukitu. Ezetz zakurrari harria part tira. Ezetz asunari heldu. Zenbat apustu. prohibido el paso kartela zintzilik daukan katea igaro eta ehunen bat pausora daukagu basea. Terrenoa berdintzen igaro ditugu asper-egunak, paletak josten. Gazteak Debako hondartzara joaten dira trenez, baina guri oraindik ez digute uzten. Oihanak Minimilkak atera, eta zorroa kendu dio bati: “Beitxu, honela egiten da mamada bat”. Kaietek kokoteko bat eman dio zuk-zer-dakizu-puta-criaka.
Asier ermitako iturrira bidali dugu kantinplorak betetzera, olana tenkatu eta txapakumea josi diegu paletei. Kaietek plakak zerratu ditu Chesterra hortzetan. Elkarri irainka hasi dira Oihana eta Lore, bata besteari titietan joka, elkar defendatzen eta elkar hil nahian agortzen dituzte egunak. Elik eta biok txabolaren barrualderako ideiak pentsatu ditugu, sofa bat eraikiko dugu hankak ebakitako hiru aulkiri bi burko josita. Asier teilatuarekin tematuta dago: ez bustitzea eta barruan gauzak gorde ahal izatea da garrantzitsuena.
Atseden hartzera eseri garenean, zerbeza latak atera ditu Kaietek. Oihanak bakarrik hartu du bat, barre gangarrez. Lorek sunormal marru egin dio, eta ostikoka hartu du enbor bat. Gero teilatuari ekin dio Asierrekin. Klaseko jendeari buruz hitz egin dugu. Hilekoa jaitsi orduko ahizpa zaharrak erregimenean jarriko omen duela Ane Gonzalez. Garbiñek eskuak beti izerditan dituela eta etak inpuestoa eskatu diola haren aitari. Amaia Silvaren titiburuak fresaynata txupatxusen kolorekoak direla eta miazkatzeko gogoa ematen dutela, a ke baietz! Jon Korta astindu egiten duela aitak, sardexkaren markak dituela eskuan. Andoniri enpinatu egiten zaiola eskolan.
Irakasleak errepasatu ditugu: dantzakoa alkoholikoa, Patxi viejoverdea, Joxe marikoia. Gorka Lopez zigortu dutela errekreoan “Sara maricom! Sara maricom!” jazarri ziolako moroarena eginez. Lourdes andereñoaren solitaria eskolako laborategian dagoela formoletan-gordeta-puto-asco. Mirarik zaldi hortzak dituela eta erraldoi ahotsa. Gero geure gorputzetara irristatu gara. Elik aldakak zabaldu zaizkiola dio, Oihanak titiek min ematen diotela bi intxaur bezain gogor jarri zaizkionetik. Niri zilindrikoa naizela esan didate. Egia da ez zaizkidala ez titiak hazi ez formak bete, Minimilk bat naiz. Aluaren usaina aldatu zait limoira, iodora. Orain ere aditu dezaket galtzetan barrena. Une oro aditzen dut. Besteek usaintzen ote duten ez dakit.
Lainoa dator Durangaldetik. Sabaiko egituraren gainean zabaldu dugu plastikoa, ziri luzangak eta palma hostoak sokaz lotuta. Palma hostoak ere plastikozkoak dira, zaborretan aurkitu genuen landare artifizial handi batenak. Lasto fardoak goitibehera txapelketan jiratu genituen. Belar sikua esku-beteka zabaldu dugu hostoen gainean eta harri zapalekin eutsi. Teilatuak sendoa dirudi. Urrats batzuk egin ditugu atzera, txabola urrunxeagotik miresteko: egunen batean hemen egin behar genuke lo.
Elkarri pega-pega eginda eseri gara, seiok kabitzeko moduan. Azukre, olio eta izerdi usaina dugu; sakon sentitzeko zorian gorputza. Urrezko euri-hauts gozoa sartzen da paleten zirrikituetatik eta airean geratzen da dantzan. Asierrek irratikasetea atera du motxilatik, baina ez du pilarik; baboa, ez da konturatzen ezin dugula inon entxufatu. Sofaren aldamenean jarri dugu, hala ere, eta Elik, trastea piztearena eginda, kantatzeari ekin dio: “If you wanna be my lover!”. Algarak. “I wanna ha!, I wanna ha!...”, atzetik besteek, eskumuturreko merkeak besoetan tintin. Kaiet bozkario infantiletik zentzuzko distantziara kokatu da; soina atzerantz botata begira gelditu zait betunezko begiekin. Hatzak mugitu ditu magaleko tabako hondarrak astintzeko. Hari banatatik tiraka sentitzen ditut taldearen hats beroa eta bestelako dei indibidual bat, narrasean datorrena. Taldearen pultsura batu naiz Kaieten begirada erabat askatu gabe.
Tanta lodi baten hotsa aditu dugu geure buruen gainean eta sabaira begiratu dugu denok. “Shhh”, dio Lorek. Beste tanta bat. Eskua atera du. “Ekaitza”, dio. Lehen baino ozenago ari gara kantari. Aire freskoa sartu da. Tenpesta lehertu denean elkarri izterrak estutu eta txilio egin dugu Oihanak eta biok, dagoeneko badakigu nesken beldurra sexya dela, eta praktikatu egiten dugu. Asierrek eskuak igurtzi ditu. Hiru anai-arrebek bizkarretik heldu diote elkarri. Elik eskukada bat gominola sartu du ahoan. Tarte labur baterako, kanpoan utzi dugu ulertzen ez dugun guztia.
2
Ikaroren eskultura inauguratu dute King Kongeko zubian. Bailarako herriek azaleko kraka arraskatuz erauzi nahi dute iraganaren zama, eta artelanak eta olibondoak enkargatu dituzte plazak, zubiak eta errotondak dekoratzeko. Brontzezko eta aluminiozko irudia Deba ibaiaren gainean zintzilik dago, eskuak zubira luzatuta. Eguzkiaren beroak argizarizko hegoak urtu zizkion gizonaren mitoarekin leziatu nahi gaituzte: Ez da munduko tokirik ederrena baina etsi ezazue bertan, ez dezazuela eraman behar izan goregi hegan egin nahi izanaren lotsa. Izebarekin noa eskultura ikustera. Institutura aldatu naizenetik ez naiz ikastolako nesken taldean kabitzen, badira zenbait aste euren planetatik kanpo uzten nautela. Badut halako desira urduri bat aldaketarako, auzoko lagunartea azken udararekin desegin zen, konfiantza handiagoa dut etorkizunean presentean baino.
Masailean haizea bezain aisa hartzen dute batzuek tokia jendartean, ez nik. “Inoiz ez da jakiten nondik sartuko den airea”, dio izebak pentsamendua irakurri izan balit bezala. Zintzurrera daramatzat eskuak. Tirakada batekin jertsearen txanotik erakarri eta lepoa estutu dit norbaitek. “Bazatoz?”. Jennyfer da, ia bota nau. Institutuko marimatxoa, sumatu izan dut niri begira. Bere kuadrillarekin dago. Kokotetik sakaka batu nau multzora.
“Marlon askatzera goaz”, ezkerreko besoan tatuaje tribala eta ezpain zulatua dituen neska garai batek fabore bat egiten ariko balitzait bezala hitz egin dit. “Saioa”, aurkeztu du bere burua, bi hatz bekokira eramanez eta ibiltzeari utzi gabe. “Kanpofubol zaharraren ondoan bizi da”. Marlonez ari dela ulertu dut. Zubian behera dendarantz urruntzen ikusi dut izeba.
Jennyferrek bizkarretik pasatu dit besoa, izerdi eta ozpin usainarekin bildu nau, tipulinak jaten ari da zorro garden batetik. “Badakizu nor den?”. Baietz nik. Marlon, Olegario, Fonda, Maca, Colomo... Bakoitzak du bere istorioa. Olegariok bosgarren pisuko balkoitik bota zuen butano bonbona. Tabernetan auto-txokeetako fitxa laranjekin ordaintzen saiatzeagatik ere ezaguna da. Fonda roskatik pasatako bat da; ohorezko matrikularen jabe institutuan, Fisikako karreran desbideratua, anfeten erruz edo listoegia zelako edo biak batera, omen. Bi liburu argitaratu ditu berak asmaturiko hizkuntza batean. Maca puta izan zen Madrilen. Orain ahotsak entzuten ditu, zikina eta zarrastela da. Afixa eskegi zuen etxeko balkoian: “Vendo casa con marido dentro”. Colomok listina ikasi zuen buruz eta gutxien uste duzunean zure telefonoa kantatzen dizu kalean.
Beti izan dut burutik egiteko beldurra. Zoratzekotan noren moduan zoratuko nintzatekeen kalkuluak egiten ditut. Badakit hurbilago nagoela Fonda eta Colomorengandik Olegario eta Macarengandik baino. Marlon daukat urrunen, jaiotzetik da gaixoa. Ironiaz jarria du izena, Marlon Brandorengatik. Herrena eta utzia da, zango bat du bestea baino hogei zentimetro laburragoa, eta aldea halako takoi lodiarekin ibiltzen da tangalaka, aldaka bilin-balan eta eskuineko oina arrastan, galtza kanpai beltz edo granateekin beti, zapata zola itsusia ezkutatzeko. Txotako bastoia dirudi kokotserainoko ile lastokararekin.
“Lotuta dauka amak”, Saioa errabiak propultsatuta doa. Banuen aditzea. Izebak kontatu zidan hemezortzi urte bete arte etxean gordeta izan zutela Marlon, “Jaungoikoak erabat amaitu gabe utzi zuelako, manda huevos”, eta herrian ez zuela inork ezagutzen. “Como un puto perro”, dio Saioak, eta eskuinera hartu du beltzen etxeko errotondan. Olibondoa jarri dute biribilgune honetan ere. Atzean utzi ditugu Guass diskoteka, zerrategia eta gasolindegia. Gizondu zenean nesken atzetik ihes egiten zuela kontatu zidan izebak. Saioak plastikozko botila bat jo du orpoaz: “Egin umeak horretarako”. Larunbatetan kalean gora ibiltzen da Marlon, usoen moduko urruma bat eginez. Ez du hitz egiten, ez daki. Batzuetan edatera ematen diote gazteek, ikusi izan ditut zanka-motza xaxatzen eta haren balantzarekin barrez. Berotzen denean “Ma-lon-Ma-lon!” lardaskatzen du bere izena. “Asteburuetan bakarrik askatzen dute”. Pentsu fabrikaren albotik oinez doala, Saioak bideoklip bateko protagonista dirudi.
Erdigunetik urrunduta, bazter-kalexketan, pabiloi abandonatuek hautsita dauzkate kristalak. Harriak eta botila hutsak jaurti dituzte barruetara mutilek. Arratoientzako pozoi horia zokondoetan; hormetan, txiza-parabolak. Bost neska eta mutil bi gara. Grafitiak, kolorea galdutako afixak eta “Se alquila” kartel erdi askatuak igaro ditugu, parabrisan “Limpia guarro” idatzita daukaten autoak, uralitazko teilatudun txabolak. Los Herminios tabernaren atzeko eskaileretan eseri garenean inork ez dit izenik galdetu, baina zigarro-ketan bildu naute.
Aliketak eta espraia atera ditu Saioak motxilatik, “ni bakarrik sartuko naiz”. Bi mutilek sarrera kontrolatuko dute etxe aurreko zuhaitzetara igota. “Zuk egingo duzu pintada?”, galdetu dio Saioak Jennyferri. Jennyfer lata zahar batekin jolasean ari da, oin batetik bestera darabil. “¿Y qué quieres que ponga?”, gelditu du hankapean. Salto egiten dute euskaratik erdarara. “Marlon askatu, ¿no?”, proposatu du ordura arte isilik egon den mutil begi-putzu batek. “¿Marlon no es un insulto?”, Jennyren ondoan Coca-Cola bat edaten ari den neskak hezurrak bistan ditu. Inork ez daki Marlonen benetako izena zein den. “Pues, Independentzia y punto” dio bekainak erorita dituen tipoak, “yo qué sé”. “Ya me lo haré”, erabaki du azkenean Jennyferrek lata kentzen ahalegindu zaion mutila driblatzen duen bitartean. “Lagunduko diot”, atera zait.
Etxe apartatu bat da trenbide ertzeko langile barrioaren eta futbol zelai zaharraren artean. Saioak dio burdin sare batek inguraturiko lorategi txiki bat duela ibai aldera, non katuak eta ahateak kumatzen diren elkarren lehian. Etxeko hormara jositako zirrindola batetik katez lotuta egoten omen da Marlon. Ogi apurrak ematen dizkie animaliei. Urruma itsusia hegaztiei ikasi omen die. “Hor egiten du lo?”, galdetu diot Saioari. “Fíate”.
Farolak piztu diren arte itxaron dugu. Kamioaz bestaldeko platanondo kimatuetan gora egin dute mutilek. “Chris, pasa piti bat”. Mutilak paketea jaurti dio motzondo itxurako adar baten gainetik, eta Saioak ezkerraz harrapatu du. “Eta atzetik segitzen badigu?”, tipa bulimikoak ez du, antza, kontua argi ikusten. “Ba, emaiozu Coca-Cola bat, pareces tonta”, danba, Jennyferrek. Jertsearen txanoa seinalatu dit: “Ponte el choto”. Espraia hartu eta etxaurreko ilunpeko hormara goaz, farolek bestaldeko espaloia argitzen dute: “Deletrea”. Potoa astindu du eta idazten hasi da. “Pssst!”, nondik sartuko den seinalatu digu Saioak, hortentsia buruhandi batzuen aldamenean makurtuta. Alboetara begiratu dut, auto bat igaro da, baina ez gaitu ikusi. Amaitu duenean, “goazen!” presatu dut Jennyfer; Saioa burdin sarearen azpiko zementuzko murrutxoaren gainera igota dago.
Hesiaren gainean zangalatrau jarri, eta bizkor egin du behera. Lorategiaren ertzean gelditu da, aliketak txuparen patrikan. Begiak iluntasunera ohitu arte itxaron dugu: etxearen atzeko toldopean dago Marlon hondartzako hamaka bat izan daitekeenaren gainean erdi etzanda, lo, agian. Burua hautematen zaio albo batera eroria. Inguruan janari hondarrak ditu, potoak, botilak eta latak. Katu bat hondarretan miazka ari da. Txiza eta lore usaina dago. “Hor egingo ote ditu bere gauzak?”, ahapeka nik Jennyferri. Hatza ezpainetan, erne jarri da. Pixkanaka gerturatu da Saioa. Eskutik heldu diot Jennyferri, eta ez dit askatu. Bi zigarro punta gorri ageri dira platano mozkinduetan. Eta Marlonen gurasoek armaren bat balute?
Katuak hanka egin du Saioa sumatu orduko. Ez da mugitzen. Hormara loturiko katea bereizten saiatu naiz, baina gauden tokitik ez da ezer garbi ikusten. Ez dugu ulertzen zer egiten duen Saioak Marlonen aurrean kieto, katera makurtu gabe. Atzera egin duenean, botila bat jo du oinarekin eta korrika irteteko prestatu gara, baina ez du inork zirkinik egin. Eskuak burdin sarean sartu ditu Saioak, murrura igo eta poliki igaro du hesia: “Ez da bera”.
Oinez goaz, isilik, etxea inguratu dugu Saioaren atzetik. Mutilak arboletatik jaitsi dira, eta auto baten gibeletik atera dira beste bi neskak. Egongelako leihoaren parean gelditu da Saioa, eta barrura begiratu dugu denok. Marlon eta haren ama besaulkian eserita telebista ikusten ari dira elkarri eskutik helduta, argi urdinkarak dar-dar egiten die aurpegietan. No te rías, que es peor. Paretak, gure atzean, “Askatasuna” dio pintura gorriz.
3
Jennyferrek eta Saioak kurtsoa errepikatu dute eta hirurok ikasgela berean gaude orain. Saioak beso eta hanka mehe-meheak ditu eta aktore porno baten bularrak. Jennyferrek futbolari bernak ditu, zaldizko bat dirudi. Jennyren aitak goitibehera eraikitzeko altzairuzko errodamenduak eta egurrezko listoiak ekarri dizkigu tailerretik, eta haren garajean elkartzen gara arratsaldeetan; nesken goitibehera armatu nahi dugu San Juan Bosco egunerako. Mutilei ez diegu garajera sartzen uzten, ezta Jonasi eta Chrisi ere, Jennyferren eta Saioaren nobioei. Haiekin lokalean egoten dira, elkar masturbatzen dute eta porroak erretzen dituzte bizkarrezurra bigundu arte. Saioak larrutan ere egiten du, “echar el palo” esaten dio. Orbanak eta zuloak dituzte txandaletan.
Garajean ere etengabe erretzen dute; “líate un porro”, agintzen diote elkarri. Hizkuntza berri bat zabaldu zait zakarkeriaz eta taldetasunez biltzen nauena, min egiten didan tokitik zaidana ezinbesteko. Nik euskara ematen diet, eta, nire harridurarako, onez jasotzen dute. “Guai hitz egiten duzu”, esaten dit Saioak. Hortz okerrak ditu. Haiek ere nahi dute zerbait nigandik. Doskia erretzen dute normalean, marroixka eta hondartsua, lagunen batek Morotik ipurtzuloan huevaren bat ekartzen dien arte. Arrautzatxoek burbuilak sortzen dituzte metxeroaren sugarra hurbiltzean eta lika-lika gelditzen zaie atzamarretan. Nik begiratu egiten diet. Euren hatzen, mihien, ahurren abileziarekin xarmatzen naiz. Zorabiatu egiten nau keak, landareen erritmora hurbiltzen nau, tentsioa askatzen laguntzen dit, atseden hartzen dut estutzen nauen guztitik. Lurrean eserita, apunteak errepasatzen ditut hurrengo azterketarako.
Taladroa, zerra eta lixagailua txandakatzen dituzte. Michelek, Jennyren nebak, azaldu zigun goitibehera nola eraiki. Bi autoren bateriak erabilita soldatzen irakatsi zion Saioari, titietara begira. Errodamenduak jarri dizkiogun hodiari zuloa egin eta burdinazko ardatz bat sartu diogu oinarriari lotuta, erdian baskula dezan.
Nekatzen garenean, Jennyren etxera igotzen gara. Laugarren pisu bat da, zakur usainekoa. Eros Ramazzottiren musika jartzen du eta Sunny Delight zukuarekin bultzatzen diegu frijigailuan egindako patata izoztuei. Zukua derrotean edaten du Jennyk, bularra jotzen du korroka egiteko. Bera baino hobeto elikatuta nagoela konturatzea errebelazio bat da niretzat, zenbateraino baldintzatuko gaituen ez dakit. Amak oharrak uzten dizkio sukaldeko mahaian: “Jenifer, he ido al dientista”, “Jenny, tengo aurobic”, “te dejao la abugresa en el frigorifico”. Ez dakit akats, koipe eta azukre geruza horren azpian taupaka ari den maitasuna azaltzen. Afrikar erako txirikorda artifizialak daramatzan andre ipurtandi bat da Jennyren ama, alabaren izena diferente idazten duena egunaren arabera.
Art botatzarrak erantzi, butakan etzanda hankak luzatu eta zigarroak erretzen jarraitzen dute nire lagunek. “Geure burua elkarrekin pozoitzea klase elkartasuna da”, dio Saioak. Azazkaletako esmalte beltzez konpondutako galtzerdi urratuak daramatza. Handik gutxira, berriz: “Neskak, lasai, e?, baina haurdun nago”. “¿Se te va la olla?”, Jennyfer begira gelditu zaio falta zaizkion hitz guztiekin. Nik badauzkat hitzak; ez dute, ordea, ezer esateko balio. “Tranki”, lasaitu nahi gaitu Saioak, aitak lagunduko omen dio abortatzera. “Baina ondo zaude?”, galdetu diot. Baietz. Kondoirik gabe egin zutela duela hilabete eta erdi lokalean, “qué coño quieres que haga”, begiak jaitsi ditu, kanpora begiratu du, “follando como mongolitos”. Nire aitarekin pentsatu dut eta hotzikara bat igo zait bizkarrean gora. Nire gorputz orbangabea. Kolore arrosako imajinatzen ditudan nire obulu bigunak. “Nahi baduzu, lagunduko dizut”, eskaini diot. Muxu eman dit masailean, “si al final vas a ser maja”. Xanpu eta ke usaina du. San Juan Bosco egunaren biharamunean egingo diote abortua Bilbon.
Garajera itzuli gara. Aurreko hodiari soka lotu diogu alde banatan. Tirafondoekin josi dugu V erako egitura, eta zeharkako listoi labur bi gehitu dizkiogu eserleku gisa. Aldamenetan heldulekuak egin dizkiogu altzairuzko hodiekin. Ez dugu dekoratuko, gure asmoa ez da originaltasunaren saria irabaztea. Garbi daukagu: Jennyferrek gidatuko du, ni erdian joango naiz, Saioak kontrolatuko ditu inertziak.
Elkarrekin egoten garenetik ez da inor nirekin sartzen. Institutuan besoz beso esertzen gara, irakasleek ez dute ezer ulertzen. Korridorean atzetik etorri, eta belaun kolpe batez nireak tolesten dizkit Jennyferrek, erori aurretik jasotzen nau, azpiraka hasten zait, kokotean lapatzen dizkit ezpainak, kamisetaren lepotik heldu eta bultza egiten dit paretaren aurka, “estás eschumirriada” esaten dit. Saioak bizkarretik oratzen dit kuadrillatik joatera gonbidatu ninduten neskak hurbiltzen ikusi orduko. “Te parto la cara” mehatxatu zuen ni iraintzen harrapatu zuen mutil bat; Jennyk ukabilaz kendu zion besapean zeraman baloia, eta hamar minutuz behartu zuen bere hankapean dantzatzera. Nik aitaren liburutegia erakutsi nien. Bilduma literarioak eta gramatika liburuak, filosofiakoak, hiztegiak eta entziklopediak, “nahi baduzue, eraman bat”. Saioak ekuazio bat ebazten ari balitz bezala begiratzen zion gure etxeari.
Atzeko ardatzari supermerkatuko gurdiek izaten duten moduko gurpil birakari bat jarrita frenatu dezakegula proposatu du Jennyk, tronpoak saihesteko. Karrozeriako mutil batzuek sistema hidraulikoa instalatu omen diote goitibeherari, baina konplikatuegia iruditzen zaigu. Errodamenduei galga sistemaren bat jarri behar geniekeela errepikatu du Jennyk, edo esku-frenoa, bestela. “No flipes”, kontra egin dio Saioak, ez du frenorik nahi: “Atzean, konponduko naiz ni”. Hain dago ziur, ez gara aurre egiten saiatzen, bere burua etorkizunerantz jaurtitzeko duen moduak edonor apartatzen du. “Probatuko dugu?”.
Pikoa da barrioko aldapa. Ni ia arratsaldero igotzen naiz bertatik, Jennyferrek futboleko selekzioarekin entrenamendua duen egunetan salbu. Etxerako lanekin laguntzen diot duela hilabete batzuetatik. Inteligentzia bizia du, baina azalekoa eta gaizki antolatua. Ez du oinarririk matematikan, ingelesean, euskaran; amatatzear dagoen gar bati putz egitea bezalakoa da. Pasilloan igarotzen ditu eskola ordurik gehienak, Jonasi smsak bidaltzen. Tuntuntzat du bere burua, eta tuntuntzat dute irakasleek; horrek minik eragiten badio, disimulatzen saiatzen da. Zakar eta irrikaz tratatzen nau. Kopeta jartzen dit kopetaren kontra ahari jokoan bezala, eta muxu ematen dit ezpainetan gogor: “No me enterao de la misa la media”. Berriz azaltzen diot, badakit uler dezakeela; hiruhileko honetan denak gainditzen baditu, muerdo bat emango didala esaten dit. Kontzeptu bakoitza uler dezan zenbat eskailera jaitsi behar ditudan kalkulatzen dut, urte bat, bi urte, lau; eta elkarrekin igotzen ditugu gero. “Soy corta”, etsitzen du. “Gero jarraituko dugu”, esaten diot, “etzatera joan nahi duzu?”. Masajeak ematen dizkiot bernetan bero efektuko krema mentolatuarekin. Luzetara etzaten da, aratinik, eskuak burupean eta telebistako agintea paparrean. Txandala kentzen du masajea eman diezaiodan. Kargatuta izaten ditu giharrak entrenamenduen ostean. Belar artifizialeko futbol-zelai baten moduko hankak ditu, gogor hazten zaio ile beltz-beltza. Izterretaraino igotzen naiz; “no te emociones”, gelditzen nau.
Batzuetan “ven” agintzen dit eta ohera eramaten nau. Flanelazko izaren azpian etzaten gara gorputza esna; eskatzeak lotsa ematen diolako agintzen ditu gauzak. Horman Jonasen argazki bat dauka distira erabat galduta, muxu ematen baitio gauetan loak hartu aurretik. Beste bizitza bateko oroigarria iruditzen zait, mutil horrek ez du gurekin zerikusirik. Jennyk kamiseta altxatzen du, eta bizkarra laztantzen diot bularretako deportiboaren azpitik, orin lodiak eta bilo leuna haztatzen dizkiot, kuleroaren goma ertza; berak niri ere bai, gerria eta bizkarra, saihetsak asko jota. Galtzak desitsatsi behar izaten ditut iluntzean etxera bueltan.
Duela hilabete, aita siestan zegoela etxetik irten, eta gerrara doanak bezala egin nuen ibairainokoa, nire 50 kiloak destinoaren mende. Zubitik zintzilik, Ikaroren eskulturak hondakinez beteta zeukan ahoa, hegoak zabalik. “¿Qué te pasa?” esan zidan atea ireki orduko. “Zurekin maitemindu naiz”. Bizkarka jarri zen: “Y yo qué quieres que te haga, si ando con Jonás”. Eta gero: “Anda, dame un masaje”.
Hiruron artean pendizera atera dugu goitibehera. Jennyfer tramankuluari gerturatu zaio, bira bat eman dio atzealdetik. Besoen indar hutsez atzeko ardatzetik gora jaso, eta astindu egin du egituraren sendotasuna egiaztatzeko. Saioak bere erabakietan adinako ustea du Jennyk bere gorputzean. Lurrean utzi du atzera. Altzairuzko heldulekuak laztandu ditu. Distira egin diote begiek. Benetako gozatua behar du lehen lerroan eseri eta, aurpegia haizetara, norberaren pisu guztiari joaten uzteak.
Jonas eta Chris etorri dira kaskoekin, eta bidea zaintzen jarri ditugu, bata goian eta bestea burdindegiko bihurgunearen parean. Niri Michelen kaskoa utzi didate. Auzoko haurrak trastea mirestera hurbildu dira, eta gizon batzuk begira dauzkagu Casa del Pueblotik. Neskak garela ohartu direnean, dei egin diete barrukoei. Geure tokiak hartu ditugu. Hankak zabaldu, oinak ardatzean bermatu, eta sokekin eskumuturrak inguratu ditu Jennyferrek. Izterrekin besarkatu dut. Nire atzean zutik jarri da Saioa. “¡Venga, va!”, garrasi egin du Jennyk. Belaunak tolestu ditut eta ezker-eskuin ditudan heldulekuei heldu diet gogor. Ez dut sekula halakorik egin. Saioa korrika hasi da goitibeherari bultzaka, errodamenduen dardara hedatu zait gorputz osora, azkura egiten didate masailek. Saioa noiz igo den sumatu dut, jauzi bakarrean kokatu da nire bizkarrean, grabitatearen mende goaz orain. Abiadurak bertigoa eta kontrolatu ezin dudan euforia eragiten dizkit. Jennyferren lepoaren kontra jarri dut burua, begiak itxi ditut, harrabotsa aditzen dut inguruan, izutu egin nau abiadak, “ezkerrera!” garrasi egin du Saioak, eta pentsatu gabe etzan dugu gure existentziaren zama guztia. Gorputz bakarra gara eta maldan behera goaz; ez dut beste inon egon nahi.
4
Laster ez naiz hemen biziko baina ibai hau izango da nire ibaia. Doi-doi habitagarria, nekatua, arrea: industriaren zamaren gainean eguzkiaren dirdaia, Ikaro zaharra zubian zintzilik. Kazetaritzako karreran matrikulatu naiz Bilbon. Berandu baino lehen, zauri baten antzera itxiko da iragana, bizitza saldo handietan isuriko da hiriburuko kaleetan; baina orain zabor hau guztia garbitu beharra dago.
Ahotsak alaiak dira, hogeita hamar lagun ibaian gora zapatilak, praka motzak eta eskularruak soinean, zakar poltsa bana garraio. Sufritua da ibaia, lau hamarkada makina erreminta eta utzikeria daramatza, leihoetatik zuzenean jaurti diren zabor poltsak, euriak mendietatik arrastaturiko lokatzak. Bi neska eguzkitako toldo bat garraiatzen ari dira, blai eginda dago olana, eta laguntza eskatu digute, hurbildu egin naiz, “aspaldiko”, agurtu naute. Terrazetako aulkiak eta mahaiak atera ditugu, Galapagoetako dortoka bi. Hainbat formatako burdinazko piezak daude urpean, altzairuzko errodamenduak, bolanteak, esku-frenoak. Oholek hondakinak pilatzen dituzte eta isuria trabatzen dute. Bi mutil uralitazko xafla handi bat atera nahian ari dira. Han aurrean dago Jenny, lizar baten adarretatik azken uhaldian kateaturiko plastikozko poltsak erauzten. Herrian geldituko da, ikasturtea gainditu du, oraindik ez daki ikasten jarraituko duen. Trafiko-konoak, patineteak, konketa bat, telefonoak, edari latak atera ditugu, haur-kotxe ugertu bat. Txistu egin dit Saioak, orgari bultzaka doa, “birra bat?”. Ibai ondoan dago bere amaren taberna, eta zerbeza kaxaz beteta dakar karroa.
Urak orkatilak miazkatzen dizkigu, mehe dator eta distira egiten du eguzkitan. Ahateak labaintzen dira korrontearen mende, aldamenetik igarotzen zaizkigu. Koartza bat ibai hegian.
Sakonune batean auto baten motorra aurkitu dugu, ez dugu ateratzerik izan, ezta sokaz lotuta ere. Paratxokeak, haizetako garbigailuak, ihes hodiak, atzerako ispiluak. Colomo ikusi dut, telebista bat darama besoetan antena herdoilduak tente, izterretaraino bustita galtzak. Haur batek eskua zabaldu, eta ibai hondoan aurkitu dituen txanponak erakutsi dizkit. “Auto-txokeetarako”, esan diot.
Estufa bat, kateak, disketeak, diapositibak. Amak agur egiten dit zubitik. Pintura potoak, pilak, bizikleta bat. Ukitzen gaituen ura itsaso izango da arratsalderako.