Euskadi, 2003ko martxoa
— Gu, komunistok, izan ginen etaren aurkako lehen manifestazioa egin genuenok. 1978an, Portugaleten, Portell kazetaria erail zutenean, ekintza haren kontra.
Carvalhok partiduaren aurrietan geratzen zitzaizkion kontaktuak baliatu zituen Euskadira abiatu baino lehen. Hala, Donostiara bidean, Goierriko herri batean gelditu zen, Guadalupe Agirreren munduan sartu baino lehen zita bat egin baitzuen alkandora koadroduna, txapela eta aizkolari itxura zuen komunista jubilatu harekin.
— Inon ez da erraza izan Partiduan militatzea; baina hemen epk-ko militantea izatea bereziki zaila izan da beti.
Komunista jubilatuak herri hartako taberna batean zitatu du, non jende gehiegi ez baitabil goiz erdiko ordu hartan. Tabernako bezero urri horietako batzuek agurtu dute jubilatua. Carvalhok pentsatu du zakur zaharrak direla, elkarri usainka ibili gabe elkarren berri duten horietakoak.
— Ni eta vi.ekoa izan nintzen. Burgosko prozesuaren aurkako protestetan atxilotu egin ninduten eta urte eta erdi egin nuen Basauriko kartzelan. Handik ateratzean gure taldeko batzuk epkn sartu ginen. Gero Partiduaren barruan bizi izan ditut jubilatu arteko urte guztiak: baseko militante bezala, liberatu bezala, ordezkari sindikal bezala: Partiduaren azken banaketak zer behar uzten zuen, eta horren arabera.
Segitzen du militante historikoak bere gogoetarekin.
— Ezkerra, orokorrean, bereziki kainita izan da hemen. Nor bakoitzak arrazoi zuen, eta laster eratzen zuen tendentzia, partidua edo sekta bat. Eta burugogorrak izaki. Norberak arrazoia beti. Eta sekula okerrak eta hutsak onartu ez. Ezkerreko euskaldun batek sekula ez dizu zuzenean aitortuko erratu dela, are gutxiago barkamena eskatuko.
Une batez isildu da, esan duenarekin erabat konforme ez, nonbait, zozo zuria aurkitu izan balu bezala.
— Ez, gaizki ari naiz. Behin batek barkamena eskatu zidan. Izugarrizko ustekabea hartu nuen. Gaixo ote zegoen, hilzorian edo, pentsatu nuen. Are, jakin gabean ni ote nengoen hilzorian ere pentsatu nuen.
Estonatua dirudi bakarrizketaren haria noraino eraman duen ikusita.
— Baina geroago ulertu nuen dena. Adinarekin budista sartua zen.
— Zuk sekula barkamena eskatu diozu inori?
— Nik? Baita zera ere. Oker bat onartzea etsaiari armak ematea da.
Carvalhori begiratu zion, ulertuko zuelakoan.
— Banaketa guztietan, eta mordo bat izan da, gero!, tesi ofizialekin lerratu naiz; ez hainbeste sinesten nituelako tesi ofizialak, ez bada uste dudalako iraunkorra izan behar dela, eta fidela. Iraunkortasunik gabe eta fideltasunik gabe ez dago politika egiterik. Are gutxiago Euskadin.
Komunista jubilatuak Patxi du izena. Tabernan sartu berri batek interpelatu du, euskaraz, eta Patxik erantzun dio etorrera handiko mintzaeran. Carvalho ez dago balioespen linguistiko handietarako, baina ez da hizkuntzalaria izan behar ikusteko horixe dela bertakoek euren artean usatzen duten hizkuntza eta erregistroa. Patxi kamaradak, elkarrizketa finitu duelarik, hasperen egin du. Goiz erdia baino ez bada ere, baxoerdi bat edaten ari da, medikuak ez zaiola komeni esan dion arren. Patxik badaki, gutxi gorabehera, zerk eraman duen Carvalho Goierriko herri hartara.
— Zoritxarreko mutil horren desagertzea gertatu zenean, 82an, Partidua bereizi berri zen, nola ez. Gehienak eerekin joanak ziren. Baina, kontuz, gauza bat utzi nahi dut argi.
Tonuak solemnitate nota bat hartua zuela konturatu zen Carvalho.
— Guk ez genituen eskuak zikindu operazio horietan. Gu etaren aurka geunden, baina gerra zikinik erabili gabe. Eta begira, gaur da eguna beste askok ezin dezaketena beste hainbeste esan.
Komunista militantea mingostasunez mintzo zen:
— Eta kontuz gero, Jauregi akabatu zutenean erakutsi zuten krudeltasuna... Burutik egin zaie. Hauek beren ama akabatzeko pronto daude, beren kalkulu ganorabakoen arabera. Broma gutxi.
Carvalhok ulertu zuen zerbait esateko unea zela, bestela Patxi burkidea itzulerarik gabeko oroitzapenen bidetik galduko zelako.
— Hitz egidazu Guadalupe Agirrez eta haren familiaz.
— Euskal enpresari mota jakin baten eredu garbia. Langile guztiak familiakoak balira bezala tratatzen dituenetakoa, ehunka langile baditu ere. Badaezpada, beren fabriketan ez da sartzen sindikatu batean izena emanda dagoen langilerik.
— Ezta ccookorik ere?
Patxik soin-enborra atzerantz eraman zuen, aulkiaren bizkarrean bermatu arte, eta esku batez ahoa estali zuen, Carvalhori balioespenezko begiratu bat dedikatuz:
— Adarra jo nahian?
Carvalho damutu zen esandakoaz, eta beste bide batetik ekin zion.
— Kokotxa desagertu zenean...
— Guadalupe Agirrek —Lupe adiskide eta etsaientzat— ere kolpea jaso zuen. Izan ere, Kokotxaren arrebarekin, Begoņarekin, harreman handia zuen...
Carvalhok zerbait berezia nabaritu uste izan zuen tonuan, melodian tokitik kanpo jotako bemol bat edo.
— Zenbateraino handia?
Patxi burkideak burua mugitu zuen ezker-eskuin.
— Euskaldunek ez zaitzatela nahas, Carvalho; denak aitoren seme-alaba nobleak direlakoan, beste edonon bezain maiseatzaileak dira.
— Familiarik ba al du?
— Nork, Lupek?
— Bai.
— Ezkonduta egon zen. Banandu zen. Ez dakit familia duen edo ez.
— Eta zuk?
— Nik alaba bat daukat. Parisen dago, zinemari buruzko master bat egiten.
Hurrengo minutuetan Carvalhok konprobatu ahal izan zuen ez dagoela ezberdintasun handirik aita komunista baten eta beste ideologia bateko aita baten artean. Patxi hura, behintzat, alabaren supporter bat zen.
— Masterreko amaierako lana egiten ari da, film labur bat. Les pas perdus du izena. Labur osoan zapatak baino ez dira ikusten; kalean, bulegoetan, fabriketan, metroan... beti zapatak.
— Oso interesgarria.
— Benetan uste duzu?
Carvalhok bizkarra harrotu zuen.
— Gauza horiek interesgarriak direlako egiten dira, ezta?
— Zergatik egin nahi izan duen galdetu diodanean, esan dit hori berdin dela; zergatiak bilatzea kritikarien lana dela.
— Zer azkarrak diren gaurko gazteak.
— Bai, ezta? Esan dizut Parisen ikasten duela. Nik proposatu nion klase-elementu bat sartzea, eta kasu egin zidan. Laburmetraia goitik behera joango da: hasiko da Champs-Élysées etorbideko denda bateko 1.200 euroko Weston pare batekin, eta azken fotograma Montmartre azpiko Boulevard de Rochechouart-eko merkatu txiki batekoa da, non bigarren eskuko zapatak saltzen dituzten, 10 euroan.
Patxi burkideak zalantza une bat eduki zuen. Carvalhok aurreikusi zuen nola argituko zen zalantza:
— Tira, kasu honetan, egokiagoa da bigarren oinetako zapatak esatea, ezta?
— Askoz ere.
— Bisita egitera joan nintzaion. Paris, a ze hiria! Astebete egin nuen han. Egunero joaten nintzen Bastillako plazara, alaba handik hurbil bizi delako, eta Loulou kafetegian esertzen nintzen arratsaldeko bostak aldera, puntako ordua zenean. Ikustekoa zen trafikoaren ikuskizuna! Dantza saio bat bezalakoa zen! Bizikletak, autoak, oinezkoak, patinetedunak, motordunak, furgonetak, kamioi txikiak, patinete zirkularrekoak... Astebetean ez nuen istripu bat bera ere ikusi, eta denbora guztian ematen zuen norbaitek norbait hil behar zuela. Koreografia harrigarria!
Apunte sozio-ekonomiko batekin amaitu behar zen hura, bistan zen.
— Zerbeza, putiklubeko prezioetan, hori bai.
— Zure alabak aholku pare bat onartuko luke?
Patxi bere baitan murgildu zen, oso galdera zail bati arrapostua bilatzeko barneko jakintza-iturri guztiak ireki izan balitu bezala.
— Ez, noski. Baina bota aholku pare hori, ongi etorriko zait-eta. Izan ere, aiten egiteko nagusia da alabei onartuko ez dituzten aholkuak ematea.
— Lehena: ez ditzala plano luzeegiak egin zapata pare zehatz eta jakin batekin. Irango zinemaren eragin kaltegarria saihestea funtsezkoa da.
— Eta bigarrena?
— Bigarrena da autofikzioa saihestea, bere zilborrari gehiegi ez begiratzea. Alegia, bere zapata propioak ere sartzen baditu, ez dadila bihur nartzisismo ariketa.
Carvalho aulkitik altxatu zen.
— Berandu egiten ari zait.
— Bai, Carvalho, bai. Zoaz, zoaz. Nik beste aholku bat emango dizut trukean: euskaldun hauek ez zaitzatela engainatu. Dantza erritualak dantzatzen pasatzen dute eguna, solemnitate osoz, baina gero kaka atzeko zulotik, kristo guztiak bezala.
— Abisa nazazu zure alabak film laburra estreinatzen duenean. Ez dut galdu nahi.
Azkenean aspaldi susmatutakoa berretsi zion komunista zaharrarekin hitz egin izanak: klase borroka lurretik ezin altxatu dago.
Carvalhok gazterik ezagutu zuen Donostia, eta orduan iruditu zitzaion bertako biztanleak nonahiko argazkilari baten ustekabeko apetaren presiopean bizi zen kolektibo bateko partaideak zirela, nonahi eta noiznahiko argazkilari batek kameraren botoiari noiz sakatuko zaintza etengabean balira bezala. Errespetutik irizten zion, hori bai. Orain, urte mordoxka bat geroago, iruditu zitzaion sindromea ez zela sendatu, eta are okerrago, iruditu zitzaion sendatu ez ezik areagotu egin zela, orain hiri osoa, pertsonak ez ezik eraikinak eta hiri-altzariak eta monumentuak ere balira bezala argazkilari apetatsuaren klikaren zain zeudenak. Baina dena nondik begiratzen den izaten da; Anaia Handiaren begipekoak izateko erakutsi mirabetasun hartan, donostiarrak aitzindariak izan zirela pentsatzea ere bazegoen. Joera ez ezik, bidea ere markatu zietela beste zenbait hiritako biztanleei. Carvalhoren ustez, Donostian kontestatarioek eta lumpeneko partaideek ere ukitu chic bat zeukaten. Eta beti geratuko zitzaien itsasoa. Itsasoak klima epeltzen du, eta nortasuna ematzen.
Emaitza orokorra edertasun irreal batekoa zen, oso deserosoa izan behar baitzuen beti ezkontza baterako bezala prestatua bizitzeak, zapatak beti min eginda bizitzea bezala.
Baina beharbada injustua izaten ari zen eta bidezkoagoa zen pentsatzea donostiarrak itsasoari so bizi direla, handik etorriko zelakoan, mendeak eta mendeak zain egon eta gero, begietatik malenkoniaren lorratza kenduko zien profeta.
Injustiziak injustizia, eta zekien punturaino, ez zuen ematen Pio Baroja batek, adibidez, iritzi hoberik zuenik bere herrikideei buruz. Carvalhok gogoratzen zuen hori, behin Barojaren Euskal Herria izeneko gida turistikoa erre zuelako Vallvidreran, eta su handi eta eder bat egiteko balio izan zuelako. Ez al zen Barojak esana ez zitzaiola gustatzen “kanpotarren eta ostatarien” hiri batean jaioa izatea, nahiago zukeela mendi arteko herri batean edo itsasertzeko herri txiki batean jaio izan balitz? Barojaren ustez Donostia apaizen hiri bat zen, Madrilen auzo bat, ez zeukana Bartzelonako edo Bilboko alderdi langilea, tankera serioa eta larria ematen diena, edo Sevillak edo Granadak daukaten pintoreskotasuna, ezta Madrilen azpijoko politikoaren giroa ere. Beharbada ez zitzaion kasu larregi egin behar On Piori, Baroja, denborarekin horma edo pareta bihurtua baitzen, zeinean haur talde bat —intelektualak, nonbait— jostatzen baitzen, pixa zeinek gorago egin. Baina Carvalhok bazekien halaber, oso oker ez bazen behintzat, Bonifazio Etxegarai batek, Donostiarekin errukitsuago agertu arren, Donostiaren “gehiegikeriaz apaintzeko grina neurrigaitza” salatzen zuela, Arturo Kanpionen nobelatzar baten komentarioaren harira.
Denboraz ongi ibiliz gero, Etxegarai, Kanpion, edo egile dezimononiko horietako baten libururen bat erosiko zuen, Vallvidrerara bueltan pizten zuen lehen sua egiteko.
Carvalhok, prezioen gorakadaren jakitun, eta 10.000 euroko txekea kobratu berri edukiagatik, San Martin kaleko pentsio apal baina garbi batean hartu zuen ostatu, berak ere berriki bereganatutako espiritu mesokratikoari zegokion legez.
Gauzak pentsioan utzi eta udaberriaren lehen zantzuak sumatzen zituen Donostiako eurira atera zen. Ordu bat geroago zita zeukan Guadalupe Agirrerekin bazkaltzeko. Agirrek jarri zituen eguna, ordua eta tokia, eta Carvalhori atsegin izan zitzaion ardura txiki horietatik aske ibiltzea, guztiz atzerritar eta estrainioa sentitzen baitzen ezagutzen zuen eta aldi berean batere ezagutzen ez zuen hiri hartan. Carvalhok, ezusteko ibiltari presarik gabeak, errebista pasatu zion hiriko Belle Epoqueko eraikin sorta ederrari; Maria Cristina hotela, Miramar jauregia, Victoria Eugenia, La Perla, udaletxea... dena zegoen Carvalhok azken aldiz Donostian egon zenean utzi zuen tokian, baina Carvalho mesfidakor batentzat, eraikinak dekoratu erraldoi baten parte baino ez ziren, zeinaren atzetik milaka begik barrandatzen baitzituzten bera bezalako oinezkoen joan-etorriak. Bulebar aldean ibili zen, sartu-irten bat egin zuen Parte Zaharrean, doi-doi egiaztatzeko frantziarren elemenia batek hartuak zituela maionesa eta arrautza egosizko danborrada bat ziruditen pintxoz beteriko tabernetako barrak, betiereko itzuleraren legearen berredizio bat balitz bezala. Frantsesek militarki hartu eta beretzat eduki zuten Donostia hemeretzigarren mendean; bi mende geroago berea zen Donostia berriz, okupazioa, oraingo honetan, gastronomikoa, edo gastronomiaren aitzakian, bazen ere.
Guadalupe Agirreren iradokizunari jarraiki, Bulebarrean taxia hartu eta Zuberoa jatetxeko helbidea eman zuen. Taxilariak irratia piztuta zeukan. Tertulia bat entzuten zen. Carvalhok tertulia hartatik ondorioztatu zuenez, euskal intelektualen erdiek leporatzen zieten beste erdiei isilik egotea etaren terrorismoaren aurrean; eta, bitartean, isilik omen zeudenek leporatzen zieten lehenengoei ez ikusiarena egitea estatu terrorismoaren eta torturaren aurrean. Lehen taldekoek behin eta berriz aipatzen zuten urte gutxi batzuk lehenago izenpetutako manifestu bat; bigarren taldekoek, aldiz, lehen manifestu horri erantzuteko hilabete batzuk geroago izenpetutako beste manifestu bat kontrajartzen zieten. Itxuraz, lehen manifestuak marra bat ezarria zuen, zeinaren arabera ehunka euskal intelektualek posizioa hartu behar izan baitzuten; haren ondorioz, euskal intelektualen baitan eszisio bat gertatu zen; bi euskal intelektual mota omen zegoen: manifestua izenpetu eta irudimenezko Rubikon ibai bat zeharkatu zutenak, eta irudimenezko ibaia zeharkatu ez zutenak. Carvalhok distantziatik entzun zituen tertuliakide baten eta bestearen argudioak, harriturik; eta harriturik, ikusi zuelako ehunka euskal intelektual omen zegoela, intelektual adina aizkolari, nonbait, berak pare bat baino ezagutzen ez zuen arren. Zorte ona opa zien lehen taldekoei bere baitatik, beren ausardiak sari eta beka askotako karrera distiragarria ekar ziezaien desiratuz; zorte ona opa zien halaber bigarren taldekoei ere, alibi on bat eduki zezaten desiratuz, beren onerako, epailearen aurrera deituz gero.
— Aste gutxi baino ez direla zinegotzi sozialista bat hil dute —arranguratu zen taxilaria, irratiko eztabaida interesez segitzen zuela iritzirik—. Aski da! Aski da, ez duzu uste?
Ezinezkoa zen taxilariarekin ados ez egotea.
— Aski da, bai.
Hala ere, pentsatu zuen berekiko Carvalhok, gauza jakina da terrorista batengandik Nobel saridun batengana doan aldea galtzetik irabaztera doan alde bera dela. Borroka irabaziz gero, edozein terrorista bihur daiteke enperadore; eta ikusten ari gara, terrorista enperadore izatera iristen bada, Senatuak berretsi egiten duela bere karguan, Erromako Senatuak Kaligularen erabakia berretsi zuen bezala, bere zaldia kontsul izendatzekoa.
Carvalho bere burutazioetan murgilduta zegoen bitartean, taxia geldirik zegoen saihesbide batean, trafikoan harrapatuta, euli bat amaraunean bezala.
— Hau askotan gertatzen da?
— Batzuetan. Gaurkoa manifestazioa dagoelako da, manifestazio erraldoia.
— Eta zergatik manifestatzen dira?
— Duela gutxi Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria izeneko euskarazko egunkaria itxi zuelako. Edo alderdi politiko bat debekatu dutelako, ez dakit.
Buxona askatu eta ordu erdi bat geroago, gutxi gorabehera, hiriak bere izena galdu eta eragin dituen desastreen erantzule egiten ez den aldiria zeharkatu ondoren, Garbuno baserriaren arkitektura sendoak eman zion ongietorria Zuberoa jatetxera; eraikina inguruko landare hesiek, arbola apainduek eta kolore argi-beroek goxatutako egitura larderiatsua zen. Sartu zenean Carvalhori ez zitzaion oharkabean pasatu jangelei eta txoko guztiei zerien aire liturgikoa, baina liturgia laiko batekoa, zeinean zur nobleak, harria eta zeharkako argi beroak baitziren nagusi, detaile piktorikoekin batera. Zuberoaren dekorazioak janaria klub ingeles pribatu baten giroan biltzen zuen, kontuan hartuta klub ingelesak horrelakoak izango ziratekeela baldin eta Oiartzun eta jatetxe hura inoiz Ingalaterrako parte izan balira. Ikusteko zegoen Garbuno horren proposamenak iradokizunen mailakoak ote ziren.
Carvalhok bere burua aurkeztu zuen, eta segituan, salako buruak jangela pribatu batera eraman zuen.
Han zegoen Guadalupe Agirre, harizko mahai-zapi batez eta zilarrezko mahai-tresnez jantzitako haritzezko mahai biribil baten aurrean eseririk. Bere ondoan beste gizon bat zegoen; senarra, pentsatu zuen Carvalhok, baina ez, gogoratu baitzuen Patxik esan ziola bananduta zegoela. Amorantea, orduan? Guadalupe Agirrek berak argitu zuen zalantza, altxatu baitzen, abegikor, eta eskuin eskua luzatu zion bitartean ezkerrez seinalatu baitzuen aldi berean altxatzen ari zen gizona, eta esan baitzuen:
— Hau Pello Uriarte da, nire konfiantzazko gizona.
Hala izendatutakoa gizon txiki eta bizia zen, berrogeita hamarren bat urtekoa, kaskamotza eta edozein independentista katalanek beretzat nahiko zukeen ebakera ederreko traje baten barruan sarturik. Maleta txiki bat zeukan esku-eskura. Minutu gutxi batzuk lehenago, zerbitzari batek maleta hartzekoa egin zuenean, Uriartek ezetz; lurrean utzi zuen, bere ondoan. Uriarte delakoak bostekoa eman zion Carvalhori, indarrez tinkatuz, txikia izan arren bizkorra ere bazela adierazi nahiko balu bezala.
— Barkatuko didazu, Carvalho jauna: hainbeste goxokiren artean aukeratzeak sorrarazten ahal dizun ezinegona ezaguturik, menu arin bat aukeratzeko libertatea hartu dut.
Carvalhok zer barkaturik ez zegoela adierazi nahi zuen zirkin bat egin zuen, eta emakumeari begira jarri zen: lepo biribileko kaxmirrezko jertse berde fin argi soil bat zeraman, aski zabala baina bere bular trinkoen presentzia erabat ezkutatzen ez zuena. Carvalho halako bat erostekotan egon zen behin Edinburgon, Royal Mile karrikan, Charori eramateko, baina garestiegi iritzi zion: mila libera esterlinetatik behera ez zen topatzen halako generorik.
Nekearen hodei batek lausotzen zuen Agirreren begirada, edo hala iruditu zitzaion Carvalhori. Jadezko belarritako berdexkak zeramatzan, jertsearen tonu berekoak, apaingarri bakar. Carvalho konturatu zen ez zeramala eraztunik esku ondo zainduetako hatzetan. Uriarteren konfiantzazko gizon izendatuaren konfiantza oheraino iritsiko ote zen kalkulatzen saiatu zen, baina ulertu zuen goizegi zela horrelako lur labainkorretan sartzeko. Inoiz ez da jakiten. Gogora etorri zitzaion Patxi burkidearen zalantzazko tonua, Guadalupe Agirrek familia ote zuen galdetu zionean atera zitzaiona, eta ondorengo erretolika: euskaldunak beti aurresku bat dantzatzeko arrazoi baten bila, baina gero kaka atzeko ipurditik, denok bezala. Lehengo ondorioan berretsi zen: inoiz ez da jakiten.
Salaburuak atea zeharkatu zuen botila bat eskuan, eta Guadaluperi erakutsi zion. Honek oniritzia agertu zuen buruaren keinu arin batez. Kortxoa kentzean, askaturiko gasaren soinuak gela bete zuen lipar batez.
— Omenaldi txiki bat Kataluniari: Agustí Torelló Mata, Kripta Brut Nature —kantatu zuen salaburuak, Carvalhori kopa erdizka bete baino lehen.
Carvalhok heziketa onak eskatzen duen jarreratik asumitu zuen kortesia zaharreko erakustaldi hura, baina mihia mizto egin zitzaion.
— Suposatzen dut ez garela etorri kantu erregionalak abestera. Nik postreak ekarri arte, behintzat, ez dut asmorik —esan zuen, zerbitzariak alde egin zuenean.
Uriartek balioetsi zuen ironia irri apal baina sano batez. Guadalupe Agirrek kuriositatez begiratu zion. Carvalhok eutsi egin zion, eta trago labur bat egin zuen.
— Bikaina da —esan zuen, tentsioa baretzeko.
Guadalupe Agirrek bekainak arkutu zituen, Uriarte zerbait esatera presatu zen, baina emakumeak isil zedin agindu zion eskuaren keinu suabe baino errime batez.
— Ongi da. Nik ere nahiago dut honela.
Trago minimalista bat lapurtu zion cavari, eta abiatu zen:
— Agirretarrok ehun urte baino gehiago daramatzagu Euskal Herriko industriarekin loturik. Tradizio enpresariala hasi zuena gure birraitona izan zen, Tomas Agirre Elizagoien. Dokumentuek diote 1912an erosi zuela praka fabrika bat, zeinaren sozioa baitzen aldez aurretik. “Agirre konpainia” izena jarri zion, eta urtean 70.000 praka egitera iritsi zen, 200 langileri lana emanez. Mekanikazalea zen, eta makinak inportatu zituen Estatu Batuetatik. Horri esker, oso lehiakorra izan zen urte horietan. Baina, jakina, gerra etorri zen eta birraitonak, euskal nazionalista zenak, Bilbora joan behar izan zuen, nazionalistek errepublikaren alde borrokatuko zirela erabaki zutenean. Fabrika konfiskatu zioten. Haren bi semeak, Fructuoso eta Nazario, gudari joan ziren. Fabrika errebeldeen eskuetara pasatu zen eta bertan jantziak egiten hasi ziren, nazionalen osteak ekipatzeko.
Bi zerbitzari etorri ziren, eta ostra plater bana jarri zieten aurrean.
— Gillardeau ostrak plantxan, pektina, sagar konpota eta beren zukuarekin, limoi ukituaz —kantatu zuen salaburuak, nonbaitetik mirakuluz bezala agertua.
Uriartek lehen ostra hartu eta ahora eraman zuen, ezer esan gabe, eta Carvalhok imitatu zuen. Guadalupe Agirrek hizketan segitu zuen:
— Gerra amaitu eta bost urte geroago, Fructuoso itzuli zen Malagako desterrutik, eta enpresaren zuzendaritza hartu zuen. Fructuosok ez zuen erabat alde batera utzi praken produkzioa, baina negozioari beste buelta bat ematea pentsatu zuen, eta zeuzkan makinak torlojuak egiteko erabili zituen. Tomas, birraitona, 1957an hil zen, nik ez nuen ezagutu. Aitona Fructuosok, denborarekin, praken fabrikazioa erabat alde batera utzi eta tornu berri bat erosi zuen. Orduan piezen mekanizatuan hasi zen.
Hitz egin zuen bitartean, Guadalupek ez zuen apenas mokadurik probatu.
— Zuk ez duzu jaten? —galdetu zion Carvalhok.
— Ikaragarri maite ditut ostrak —erantzun zuen emakumeak—. Gillardeau hauek, batez ere. Baina kalte egiten didate gehiegi janez gero.
Carvalhok gainditu berri zeukan natural jaten ez zuen jendearen aurkako aurreiritzia, mesfidantza ez esateagatik.
— Gillardeau ostrak finezia eta potentzia batzen ditu —teorizatu zuen—, dultzea eta gazia, biak bat eginarazten ditu, haragitsua da eta aldi berean, delikatua. Obalatuak eta sakonak dira. Ostra laua hobea dela uste dutenek hemen dute beren ustea ustela den froga.
Uriartek Carvalhoren predikuari oniritzia eman zion burukada pentsakor batez. Keinu ia antzemanezin bat egin zion Agirreri, eta emakumeak beretzat hartu zuen hasitako kontaeraren haria. Guadalupe Agirrek aprobetxatu zuen, orduan, ostra bat ahora eramateko, Uriartek hitza hartu zuela ikusirik:
— Fructuosoren semeek, Jaxintok eta Bixentek, negozioa hartzerako, Agirre Taldea Deba Garaia, Goierri eta Arrasate aldeko enpresa guztien osagaien fabrikatzailea zen. 60ko hamarkadako eztanda ekonomikoa iristean, fabrika ezin hobeki zihoan. Jaxinto Agirre, Guadaluperen aita, antolamenduaz eta kudeaketaz arduratzen zen. Bixente osabak talentua zeukan diseinurako. Hainbat patente egin zituzten, nabe berriak eraiki, langile gehiago kontratatu... Negozioa hegaldatu zen; bultzada horren ondorioz, gaur egun Agirre Taldea punta-puntan dago Europa eta are mundu osoan. Gutxik esan dezake horrenbeste Espainian.
Guadalupek ordura arte kontatutakoak nolabaiteko karga emozionala zuela otu zitzaion Carvalhori; aldiz, Uriartek marketin arduradun trebe batek bezala hitz egiten zuen: nazioartekotzea, teknologia, berrikuntza, kalitate kontrola, bezeroaren zerbitzua... betiko leloak iruditu zitzaizkion. Euskal tradizio industrialaren ohiko gorazarrea. Guadaluperen ahots fin-zorrotzean kontaeraren nota afektiboak nabarmentzen ziren.
— Meroa erreta, ardo usaintsuaren erredukzioarekin, eta orburuen eta porru txikien laguntzarekin, plantxan eginak —iragarri zuen aretoburuak, bere mendeko zerbitzariei lehen platerak erretiratu eta bigarrena zerbitzaraziz.
Carvalhok bere baitan txalotu zuen meroaren etorrera. Aspertzen hasia zen. Gogoratu zituen Munt-eko markesa, eta Kataluniako goi burgesiako edo oligarkiako beste ordezkari batzuk. Munteko markesak esan ohi zuen aberatsek erakutsi behar dutela aberatsak direla. Agirrek ahalegin eta nekearen errelato luze bat gehi konfiantzazko gizon baten laguntza behar zuen bere aberastasuna justifikatzeko. Latitudea izango zen, edo klima, edo Elizaren gehiegizko eragina, edo espiritu kooperatiboaren lorratza.
— Guadalupek uste du garrantzizkoa dela zuri hau guztia, labur bada ere, jakinaraztea —zioen orain Uriartek—, egingo dizugun mandatuaren inplikazioen eta hemengo plazaren berri, apur bat bada ere, eduki dezazun. Ezagutza horren bidez mandatuaren garrantziaz jabetuko zarelakoan.
Carvalhok meroa probatu zuen.
— Meroa ere bikain dago. Egoste puntua hobeezina da, ez duzue uste?
Uriartek protesta bat egiteko eskua altxatu eta ahoa ireki zuen. Carvalhok ez zion ezer esaten utzi.
— Ez duzue zertan kezkatu. Konturatzen naiz mandatua delikatua dela. Mero hau bezain delikatua.
Guadalupe Agirrek hasperen egin zuen, eta orburu laurden bat, tente baina aldi berean xamur, iltzatu zuen bere furtxetan, poliki. Diskrezio behatzaileaz jaten zuen, usteko balu bezala jateko zeremonian gorputz eta arima parte ez hartzeak egoeraren nolabaiteko kontrola bermatuko ziola.
— Kokotxaren arreba, Begoņa Martinez Urbistondo, ahizpa bat bezalakoa da niretzat —esan zuen.
Uriartek berretsi egiten zituen hitzok goitik beherako burukadekin.
— Zortzi urte genituenetik ezagutzen dugu elkar. Elkarrekin ikasi dugu, elkarrekin pasatzen genituen udak. Bere anaia Fermin desagertu zenean hartu zuen kolpea, ez dago azaltzerik.
Carvalhok ere baiezkoa egin zuen buruaz, ulerbera. Uriartek hartu zuen hitza:
— Lupek esan nahi dizuna da bera ere oso inplikatuta egon dela Kokotxaren desagerketa argitzeko saioetan, beti Begoņaren ondoan, eta...
— Kokotxa ezagutu zenuen? —jakin nahi izan zuen Carvalhok.
— Bai, noski... Gu baino hiru edo lau urte zaharragoa zen ozta-ozta, eta orduko Donostian... Gu orduan han ikasleak ginen...
Nekea izan zitekeen, edo hunkidura, baina Agirrek apenas ukitu zuen meroa, ezta ere.
Uriartek zirt edo zart egin zuen. Horretarako zegoen han, segurutik.
— Kontua da orain, kasua argitu nahian hogei urtez egin duten guztia errepasatu eta gero, norekin hitz egin eta urte horietan guztietan nora jo zuten, desmartxa guztiak kontsideratu eta gero, konturatu direla pista bat ez zutela behar bezala ikertu. Edo —gehitu zuen zalantza une baten ondoren—, uste dutela beharbada, une hartan, ez ziotela pista horri behar besteko garrantzia eman. Eta hari hori berreskuratu nahi dutela.
— Neska misteriotsua —Carvalhok, meroari sakada bat eginez.
— Konturatzen zara —sartu zen Guadalupe Agirre— zer litzatekeen guretzat, zer litzatekeen guretzat...? Betaurreko galduen bila etxe osoa hankaz gora jarri eta betaurrekoak kopetaren gainean jarrita dauzkazula jakitea bezalakoa izango zen. Autoko giltzen bila etxe guztia azpikoz gora jarri, eta sakelan dauzkazula konturatzea bezalakoa.
— Batzuetan itsu gara begi-bistakoaren aurrean —errematatu zuen Uriartek.
Harritu zuen Carvalho elkarrizketak hartu zuen metaforizazioaren gertutasun etxekoak, komunikazio ez ahozkoak berresten ez zuenak. Hegan egiten duten txori migratzaileak, ildo okerrak, betaurreko edo giltza galduak… segurutik metaforizazio-sail bat zegoen Agirre Taldean, komunikazio zerbitzuaren barruan.
— Bi zalantza dauzkat. Lehena: zergatik ari zara denbora guztian “gu”ka. Nor da nire bezeroa?
Uriarte etorri zen sokorri.
— Bezeroa Guadalupe Agirre da, noski. “Gu”ka ari da Begoņak eta berak, benetan, nolabaiteko “gu” bat osatzen dutelako —Guadaluperi begiratu zion onespenaren eske—. Begoņak badaki Guadaluperen asmoa zein den, eta ontzat ematen du, baina aldi berean ez du ezer jakin nahi; hau da, zerbait argituko bada, orduan bai, noski. Baina ez du berriz emozioen eta esperantza faltsuen karrusela abiarazi nahi. Aski eduki du horretatik gaixoak urte hauetan guztietan. Esperantza faltsu bakoitzak berbiktimizatu egiten du.
— Bigarrena: zerk pentsarazi dizue Kokotxarekin ibili zen neska harena ez zenutela behar adina ikertu? Zergatik orain...?
Une horretan salaburua sartu zen berriz, eta hitzik gabeko galdera bat egin zion Agirreri. Honek Carvalhori begiratu zion.
— Zera...
— Pentsatu dugu...
— Ez genuen nahi zu gosez gelditzea...
Laster zen Zuberoako sukaldaria bera bertan, tripaki eta muturren kazola batekin, Carvalhorentzat bakarrik oraingoan. Carvalhok jakin-minez begiratu zion. Gizon sendo bat zen, serioa eta langile itxurakoa, euskaldunei, topikoen arabera, egozten zaizkien bertute guztien jabea, probableki.
Sukaldariak hartu zuen hitza:
— Gure ama zenak egiten zituen bezala eginda. Hau gure plater kutuna izan da urteetan. Orain enkargupean egiten dugu, eta ez edonori. Guretzat balio gastronomikoa ez ezik, balio sentimentala ere badauka. Hemen daude gure sustraiak —baieztatu zuen, serio demonio, kazolara seinalatuz.
Carvalhok zalantza une bat eduki zuen. Zitekeena zen zuhaitz bat bezalakoa zen gizon haren sustraiak hantxe egotea, baina, hainbeste sustrai, berarentzat bakarrik? Besteek ez zuten jan behar?
— Ekarri kazola hori berehala —erabaki zuen.
Sukaldariak pozik eman zion, eta zerbitzari bati agindu zion Remelluri Gran Reserva botila bat irekitzeko, kazolari laguntzeko.
Baina oker zaudete nirekin, uste baduzue honekin desbideratuko nauzuenik, pentsatu zuen; zuek eman niri tripakiak, nahi adina, nik profesional hotz iraungo dut.
Esanak esan, arbelaiztarren erro horietatik sardexkada bat ahoratu eta murtxikatu zuen. Hats egite bat erreprimitu zuen. Profesionala zen, bai, baina beharbada ez hain hotza.
— Ummm... Eta zuk —Agirreri—, ez duzu jaten?
— Ez zait komeni. Esadazu, Carvalho jauna, zuk nola lortzen duzu zure pisuan mantentzea?
Gehiegizko losintxa bat zen, eta Carvalhok bazekien, hamar bat kilo sobran zituelako.
— Metabolismo oso esker onekoa daukat.
Eta sukaldariarengana itzuli zuen burua, harekin mintzatzeko:
— Ezagutzen duzu Granollerseko Fonda Europa, menturaz?
Arbelaitzek, Zuberoako sukaldariak, ez zuen ezagutzen.
— Noizean behin joaten naiz. Gomendatzen dizut. Joan eta eskatu Matanįa del porc de Llerona. Utzi txorizoa eta urdaiazpikoa alde batera, erdipurdikoak baitira, eta kontzentra zaitez bertako hestebetean. Zoragarria. Edo, bestela, eskatu peu i tripa errazio bat: izugarria —Carvalhok hasperen egin zuen, ameslari—; are cap i pota errazio bat, peu i tripa-rik ez badute. Bada, aitortuko dizut zure tripakiek eta muturrek ez dietela inbidiarik...
Gero meroaren tentetasunaz aritu ziren, orburuen egoste puntu zehatzaz, tripaki eta muturren zapore paregabeaz eta min puntu prezisoaz. Ondoren postreak jan zituzten eta kafeak edan. Geroko zerbitzatu zioten kopak bekainak arkutuarazi zizkion Carvalhori, su geldo eta goxo bat urdaila eta hestebeteak berotzen hasi eta bere urrina sudurrera eta garunera proiektatzen hasi zenean: Delamain bat zen, 1946koa. Carvalhok zerbait erretzeko eskatu zuen.
— Ondo 4. zenbakiko Davidoff Grand Cru bat?
— Datorrela.
Carvalhok pentsatu zuen hori guztia, jatetxe hori, sukaldari hori, emakume hori, hamar urteko atzerapenarekin zetozela. Hamar urte lehenago izatera, zoriontasun beteko promesa bat bezala biziko zituzkeen.
— Zerbait gehiago nahi? Ezeren faltan geratu zarela iruditzen zaizu? —zoriontasunezko errezel baten atzetik entzun zuen Carvalhok aretoburuaren eskaintza.
— Ez dakit ba... Aurresku bat, beharbada?
Bazkaria bukatu eta gero, Uriartek autoan hartu zuen Carvalho, San Martin kaleko pentsiora eramateko. Autoan sartu baino lehen, Uriartek bazkariak iraun tarte guztian oin ondoan edukitako maletatxoa hartu zuen. Handik larruzko kartera bat atera zuen, folio tamainakoa. Carvalhori eman zion.
— Hemendik has zaitezke.
Zuberoa jatetxetik pentsiorako ibilbidean Uriartek informazio jakingarri batzuk eman zizkion agirretarrei buruz. Hilabete gutxi batzuk baino ez ziren Jaxinto Agirre, Guadaluperen aita, hil zela. Ama aspaldixko hil zen, Kokotxa desagertu ondoko urte korapilatsu eta zailetan. Aita hil zenean hartu zuen Guadalupek enpresa taldearen zuzendaritza erabatekoa, nahiz eta ordurako, eguneroko zeregin praktikoetan, burua bera izan, azken urteetan aitak gero eta gehiago berarengan delegatzen zuelako. Guadalupek urtebete gazteagoa zen anaia bat zeukan, Matias Agirre, enpresan ere aritzen zena, baina bere buruari karrera politikoa egiteko aukera planteatzen ari omen zitzaiona. Hirugarren agirretar bat ere izan zen, Arrate, baina hura 82an edo 83an hil zen, oso gazterik, Uriartek une hartan argitu nahi izan ez zituen zirkunstantzietan.
— Familia kontuak. Niri ez dagokit horretaz aritzea.
— Hain aberatsak al dira?
— Obszenoki aberatsak. Baina Lupek espabilatu beharra dauka; kasu gehiago egiten ez badie operazio finantzarioei, eta gutxiago fabrikari, atzean geldituko da. Jaramon egingo balit…
Bi anai-arreben arteko harremana, Carvalhok Uriarteren hitz neurritsuetatik ondorioztatu zuenez, ez omen zen oso ona. Uriartek esaten zuen “harreman berezia” zela, anai-arreben arteko afektua eta elkarren ezagutza nahasten zirelako enpresa eta negozioen mundu ez beti errazetik zetozen perdigoiekin. Carvalhok ulertu uste zuen, Uriarteren erretorika ongi estudiatuak adierazi nahi zuela anaia gaztea bekaitzez zegoela, hil eta gerorako aitak nahiago izan zuelako alaba enpresa-taldearen buru utzi, bere gainetik pasatuta. Matias zuzendari komertzial nagusi baten antzeko zerbait omen zen, Carvalhok ulertu ahal izan zuen arren Uriarte bera zegoela Guadalupek jarrita bere anaiaren balizko lauhazka burugabeak bridatzeko, eta hanka sartzeak saihesteko.
Guadalupe ezkonduta egon zen Bilboko familia oso oneko ingeniari batekin. Baina bananduta zeuden aspaldi. Ez zuten familiarik izan.
Carvalhok Zuberoako sukaldariaren etorrerak elkarrizketa moztu zuen puntutik ekin zion:
— Ez dut ulertzen, Uriarte. Zertara dator orain, hogei urte geroago, orduko neska-lagun baten kontuaz ikertu nahi izatea?
Uriartek burua mugitu zuen, begirada errepideari atxikia.
— Zuk ez duzu Lupe ezagutzen. Lupe nolakoa den ulertu behar duzu —Carvalho Uriarteren etxekotasunaren bekaitz izan zen une batez—. Hain da handia kasuarekin daukan tema, ze iruditzen baitzaio mundu guztiak ezagutzen dituela kasuaren xehetasun guztiak. Kokotxaren atzerriko neska-lagunari dagokionez, gertatu zena izan zen Kokotxaren gurasoek, Teodorok eta Joakinak, semeari zer gertatu zitzaion ikertzen hasi zirenean, hainbat kontaktu egin zituztela errefuxiatuen komunitateko elementu esanguratsuekin. Eta, noski, andregaiaren —edo, hobe esanda, harekin ibiltzen zen neskaren— kontua atera zen. Ordea, gurasoek inoiz ez zuten jakin nor zen, baina errefuxiatu guztiek esan zieten segurua zela hark ez zeukala zerikusirik desagerketan. Horregatik, pista hori bazter batean geratu zen. Sekula ez zen ganorazko urratsik egin norabide horretan zerbait jakiteko.
Hitz egiteko garaian hartzen zuen jarrerarengatik, Carvalhok pentsatu zuen Uriartek horrelakoetan justifikatuko zuela konfiantzazko gizon bezala edukiko zuen soldata; ona, gidatzen zuen bmwaren arabera.
— Duela hilabete batzuk, beste hainbestetan bezala, Lupe eta Kokotxaren ahizpa, Begoņa, elkartu ziren. Data zehatzik gabe baina urtean behineko maiztasunarekin, gutxi gorabehera, egiten duten erritual moduko bat da. Lupek ordurako kaskoan sartua zeukan, antza, hari bat aske utzi dutela, bakarrik hari bat, urte hauetan guztietan: Kokotxaren andregai ahaztu hura. Alegia, ontzat eman zutela Teodorok eta Joakinak andregaiari buruz jasotako informazioa, eta ez zutela horren inguruan beste urratsik egin. Orduan galdera batzuk otu zitzaizkien. Eta Martinez Urbistondoren gurasoekin elkarrizketatu ziren errefuxiatuak oker baziren? Edo are okerrago, auskalo zer interes mediante, gezurra sakatu bazieten? Horregatik aipatu du Guadalupek betaurreko galduen adibidea: etxe guztia hankaz gora jarri haien bila eta betaurrekoak jarrita dauzkazula jakitea bezalakoa izango zen. Edo autoko giltza, eta abar. Lupe gaixoari gertatzen zaiona da, kasuaz ari dela, uste izaten duela mundu guztiak erabiltzen duela berak erabiltzen duen informazio maila, lehen ere esan dizut.
Isildu egin zen, eta errukizkoa izan zitekeen keinu bat loratu zitzaion.
— Halako historiek asko dute obsesibotik.
— Guztiarekin, hainbat gauza ez dut argi ikusten.
— Zure zalantzak argitzeko nago.
— Ni bezalako detektibe baten figura, ikerketaren artisau bat, nolabait esan, zaharkituta dago. Bestela, makina bat informazio zerbitzu pribatu dago, askoz eraginkorragoak, beren faktura astronomikoak ordaintzen ahal dituenarentzat, Guadalupek bezala. Eta ni bezalako detektibe bat behar duzue?
Uriartek barre egin zuen.
— Lupek erantzun beharko lizuke, noski. Interesatzen bazaizu, nire inpresioa da berrikuntzekiko mesfidantza egon daitekeela aukera horren oinarrian: hobe txarra eta ezaguna, ona eta ezezaguna baino.
— Berrikuntzekiko mesfidantza? Inoiz entzun duzu Galindez izena? Zuen herri honetan bada Bigarren Mundu Gerratik aliatuen alde espiatu zuen informazio zerbitzurik, alderdi batek eraturik. Ez dakit zergatik, baina iruditzen zait Guadalupe Agirrek aise balia zezakeela kanal hura nahi duena jakiteko.
— Beharbada. Baina Guadalupek eta martinez urbistondotarrek aspaldi jo zituzten jo beharreko ate guztiak, erantzunik gabe.
— Zergatik kontratatu nau Guadalupek, eta ez Fermin Martinez Urbistondoren arreba Begoņak, edo bere familiako norbaitek?
Uriarteri irribarre malenkoniatsu bat marraztu zitzaion ezpainetan.
— Arrebaz beste, Kokotxari jada ez zaio familia zuzenik gelditzen, bizirik. Bizirik eta kasuaz gogoratu nahi denik —zehaztu zuen.
— Oraindik inork ez dit eskatu 10.000 euro balio duen lanik. Ez dut ulertzen, Uriarte. Inork halako dirutza ematen badizu, asko jota aste pare bat iraun dezakeen lan bat egiteko, egon zaitezke ziur une batean edo bestean egin nahi ez duzun zerbait egitera behartu nahiko zaituela.
Uriarteren barrea ironikoa zen, tristura ukitu batekin.
— Egon trankil. Zure dirua ongi eta garbi irabaziko duzu.
— Hitz egidazu Begoņa Martinez Urbistondoz.
— Begoņak osasun arazoak ditu.
Hitzei isuri zien tonua kontuan hartuta, “osasun arazoak” buruari eragiten diotenetakoak omen ziren.
— Gaztea zelarik, Kokotxa desagertu eta gutxira, Donostiako Jazzaldira etorritako Van Morrisonen teknikari batekin lotu zen, eta urte pare batez desagerturik ibili zen. Gero, berriz agertu zenean, ume txiki bat zekarren, alaba. Alabak Saioa du izena eta gaur egun hogei edo hogeita bat urte ditu. Musikariak hanka egin zuen, ez zuen ezer jakin nahi izan.
— Van Morrison Jazzaldira horrenbestetan ekarri ondoren, lehenago edo geroago gertatu behar zen —esan zuen Carvalhok. Eta gero—: Nola moldatzen dira ama-alabak?
— Saioa haurra zenean, Begoņa oraindik ongi zegoen osasunez. Ongi moldatzen ziren. Arazoekin hasi zenean, kanpora bidali zuten ikastera. Guadaluperen laguntzarekin. Orain Suitzan ikasten ari da. Neska eder-osasuntsua da, amaren arazoaren izpirik gabe.
— Oraindik ez didazu esan: zein dira amaren osasun arazo horiek?
— Buruan du arazoa. Nik ez dakit oso ongi haren berri. Galdetu Guadaluperi.
— Eta zertaz bizi da? Zertan lan egiten du?
— Begoņak arropa denda bat dauka Donostia erdialdean. Dreams du izena.
— Eta buru osasunak ez dio galarazten negozioa eramatea?
— Boladak ditu. Ongi dagoenean aski bizitza normala egiteko gauza da. Gainera, langile bat dauka dendan, beste emakume bat. Denda ezagutu nahi duzu?
Carvalho isildu egin zen. bmwa suabe mugitzen zen Donostiako konurbazioaren bide, saihesbide eta errotondetatik. Trafikoa ez zen oraindik laster iritsiko zen punta-orduan bezain handia. Alkoholak zigortutako gibel landuegi bati handiagotutako zainak iruditu zitzaizkion bideok, eta metaforak beldurrezko dar-dar txiki bat eragin zion.
— Eta ez nauzue eramango Begoņa ikustera?
— Beharbada. Momentuz ez da ideia ona.
— Niri, aldiz, lehen urrats logikoa iruditzen zait.
— Oraintxe ez omen dago bere onenean. Haren egoera aski delikatua da. Hainbeste urte, anaiaren historiarekin gora eta behera...
— Begoņa bera ezagutu ezean, Dreams ikustera joango naiz, behintzat. Ametsek asko esaten dute beren jabeen gainean.
— Zuk esaten baduzu... Bestalde, Begoņaren izena ere ez dago, ezta ere, Lupek utzi dizun dokumentazioan, non derrigor elkarrizketa egitekoak iruditzen zaizkion pertsonen izenak baitaude.
Carvalhok bazkaldu eta gero Uriartek emandako larruzko kartera astindu zuen.
— Honetaz ari zara?
Uriartek baietz egin zuen buruaz, ezer esan gabe. Carvalhok kartera ireki zuen. Eskura etorri zitzaion lehen gauza gutunazal bat zen. Urratu eta bertatik orri bat atera zuen, izen zerrenda batekin.
— Renato Bereterbide.
Uriartek errepikatu zuen buru keinua, eta Renato Bereterbide, Reno adiskideentzat, nor zen azaltzen hasi zitzaion.
Pentsioaren harrera-toki txiki eta erreformatuan ez zegoen lehen harrera egin zion bertako langilea, baina bazen morroi bat, ukondoa zur argizko mostradorearen gainean bermatua. Barbour ilun bat zeraman soinaren gainean.
— Pepe Carvalho?
Carvalhok interes berezirik gabe begiratu zion. Polizia zen, zalantzarik ez, eta ez zuen ahalegin handirik egiten bere kondizioa ezkutatzeko. Baietz egin zuen buruaz. Besteak txartel bat luzatu zion.
— Fernando Loitegi.
Carvalhok txartela begiratu eta itzuli zion. Fernando Loitegi, Barne Saileko aholkularia, horixe zen txartelean idatzita zegoena. Polizia berezia izango zen, “aholkulari” baten atzean ezkutatzen bazuen bere nortasuna, eta Barbour bat janzten bazuen.
— Zer nahi duzu?
Loitegik urte luzeetako fideltasunak eragindako zimurrez betea zuen bekokia. Fideltasunari eta diskrezioari esker iritsi zen orain betetzen zuen tokira. Diskrezioaren gakoa bere nagusiei tokiz kanpoko galderak ez egitean zetzan. Bakarra, urteekin ikasi zuela komeni zela nagusiengandik jasoko ez zuen informazioa bere kabuz bilatzea; horrela, politikari nardagarri batek potroetan ostiko bat ematen bazion, estatu arrazoia ahotan hartuta, ustekabean potroak babestuta zeuzkala ikasiko zuen. Norbere burua informazioz eta disuasio espedientez inguratzea bezalakorik ez dago. Baina hori guztia berdin izango zitzaion Kataluniatik etorritako ikertzaile pribatu bati.
— Ezagutu nahi zintudan —zalantza bat itxuratu zuen—. Carvalho detektibea zara, Carvalho ospetsua, ezta?
Carvalhok ez zuen erdeinua ostendu.
— Ez dago merezimendurik nire ospean. Polizia guztien eta aholkulari guztien erdipurdikeriaren ondorioa baino ez da.
Loitegik jasan zuen irribarrea galdu gabe.
— Oporretan edo lanean?
Carvalhoren begiek ere burlaize bat islatu zuten.
— Esadazu zuk.
— Lanera etorri zara —baieztapen bat zen, Carvalhok eskuan zeukan larruzko karterari seinalatuz.
— Hau? Ibilaldi gastronomiko bat egiteko asmoa daukat, eta dokumentatu egin naiz. Oporretan nago.
— Eta egun asko iraungo du zure ikerketa gastronomiko horrek?
— Ez dut uste. Lau, bost egun beharbada. Prezio hauekin...
— Jakina. Zure bidaiak ez du interes profesionalik? Hala balitz, agian laguntzen ahalko nizuke.
— Erretretan nagoela esan liteke, kasik.
Loitegik baiezkoa egin zuen buruaz, orain irribarre ironiko eta zabal bat ezkutatu gabe. Nagusiarengandik jasotako aginduak argiak izan ziren. Kontrolatu itzazu, diskretuki eta distantziatik, hori bai, Guadalupe Agirrek egiten dituen urratsak. Carvalho agertokian azaldu zenean kontsultatu zuen, eta aginduak argiak izan ziren berriro: ez galdu bistatik Lupe Agirre, baina okupatu hadi detektibeaz. Loitegik bazekien nagusiak ez ziola sekula esango zein zen Agirreren eta Carvalhoren arteko lotura. Bere bidez jakin beharko zuen, hortaz. Urteetan handik eta hemendik lortutako informazio txikiei esker —deskuiduak, kronika arrosari lapurtutako zertzelada berdeak, diru goseak eragindako hutsak, anbizioak sorrarazitako akatsak, eta, orokorrean, giza arimaren ahulezia nabarmenak aintzat hartzen dituzten beste zenbait—, osatu zuen botere gehiegikerietatik babesten ahal zuen koraza bat; eta ez zuen inoiz alferrik galtzen oskol horri beste burdin plaka bat gehiago jartzeko aukera. Inoiz batean, politikaren jokaldi maltzur batengatik, norbaitek erabakitzen bazuen Fernando Loitegiri min egitea, edo sobran zegoela, eta etxera joan behar zuela, informazio txikiez josiriko koraza horrek babestuko zuen erasoetatik, edo langabeziaren aurkako baimen-orri bihurtuko zen.
— Gaur behintzat debalde bazkaldu duzu. Eta ondo. Zuberoan ondo jaten da, bai horixe.
— Bira gastronomiko oso bat egiteko asmoa daukat, esan dizut. Hain dituzue jatetxe ederrak! Eta pintxoak! Zer esan Donostiako pintxoei buruz!
Loitegik ez zirudien oso kezkatua itxurak gordetzearekin.
— Gure osasun sistema ere ez da txarra, beharbada entzungo zenuenez.
Carvalhok dezepzio sakon bat biltzen zuen hasperena bota zuen, poliziak beti polizia izango zirelako ebidentziatik. Poliziarik gabeko gizartea utopia bat zen, noski, baina erraza zen baieztatzea ustezko demokraziaren hogeita lau edo bost urte ez zirela aski izan beren betiko nagusikeria bazterreratzeko; eta arazketa demokratikorik ezean, autonomiek ez zituzten behar bezala baliatu horretarako eduki zituzten aukerak. Aitzitik, frankismoaren eskola zaharrak markatutako ildotik jarraitu zuten, demografiaren garapen begetatiboa eta hiriz hiri antolaturiko nobela beltzari buruzko aste elemenia bat, zeinetan Polizia espektakulu baten parte baita, demokratizazio horretaz arduratuko zirelakoan. Edo itxurazko demokratizazio aizun bat inposatuko zutelakoan. Inongo hiritar orekatu ez zen izan beharko neutral Poliziaren aurrean. Bat poliziazalea izan daiteke, autoritarismoaren gaixotasunak jota baldin badago; edo Poliziaren aurkakoa, hiritar ernea baldin bada. Baina polizia bati begiratzea, espektakulu baten parte balitz bezala, garai anbiguoetan baino ez da posible, hiritarrek balioen hierarkiak galdu dituzten garai anbiguoetan.
— Hori zer da? Mehatxu bat?
Loitegik eskandalua antzeztu zuen, esku ahurrak eta besoak zabalduz, laņotasuna itxuratzeko, arizale txar batek bezala.
— Inondik inora ez! Batzuetan gehiegi jateak kalte egin dezakeela, besterik ez.
Carvalhok bizkarra eman zion Loitegiri, eta eskua luzatu zuen zurezko mostradorearen gainetik, kasurik egin gabe. Bere besoak hoteleko harrera-toki ņimiņoa zeharkatu zuen, gelako giltzak zeuzkan koadrora iristeko.
— Goi mailako harremanak dauzkazula ikusi dut.
Loitegik akuilu nahi zituen hitzok, baina ez zen erraza Carvalho mututasunetik ateratzea.
— Gaizki jokatzen ari zara.
Loitegiren ahots tonua aldatua zen; hasierako ironiatik ustezko zintzotasun batera pasatua baitzen, finean Polizia, hogeita lau edo hogeita bost urteko demokrazian —intentsitate gutxikoa, hori bai— zerbait aldatu balitz bezala. Demografiaren garapen begetatiboak ez omen zuen gehiagorako ematen.
— Gutxien uste duzunean, nire laguntza beharko duzu. Lehenago edo geroago, nirekin mintzatu beharko duzu.
Carvalhok bizkarrez entzun zituen Loitegiren berbak. Giltza hartu eta erantzuteko biratu zenerako, Loitegik alde egin zuela konturatu zen.
Laster etorri zitzaizkion errekaduarekin, bai horixe. Nork eman zien gaztigua? Guadalupe Agirrek Loitegi jakinaren gainean jarri izanak ez zeukakeen zentzurik. Orduan, nork? Uriartek, ausaz? Baina ez, emakumea Uriarterekin fio zela begi-bistakoa zen, eta Guadalupe Agirre bezalako bat ezin zitekeen erratua egon hain gauza oinarrizkoan. Orduan? Guadalupe Agirre zaintzapean edukiko zuten. Edo Uriarte, beharbada. Edo biak. Inoiz ez da jakiten.
Bere gelan sartu zen eta kasuari buruzko informazioa zeukan kartera ohe gainera bota zuen. Larruzkoa zen, forratua eta marroi argia, eta folio mordo bat zeukan barruan.
Kartera zabaldu zuen. Barruan plastikozko karpetatxo batzuk zeuden, bakoitza etiketa batekin. “Prentsa dosierra” zioen batek. “Epailearen instrukzioa”, beste batek. Hauek biak lodienak ziren. Argalagoa zen beste batek “Begoņaren elkarrizketak” zuen izena. Eta laugarrenak —azkenak—, “Denetarikoak”. Arratsalde osoa beharko zuen material horri guztiari lehen begiratu bat emateko.
“Prentsa dosierra” izenekoak orri asko zituen, baina lehen begi-kolpe batean, orriok ez zuten ematen Carvalhok aldez aurretik ezagutzen ez zuen informazio handirik. Editorialak eta kasuari buruzko iritzi artikulu batzuk hautatu eta irakurri zituen, informazio orokorrak ematen zituztenak alboratuz. Deigarria zen nola, une jakin batetik aurrera, editorial egile ia guztien iritzia eta susmoen norabidea errotik aldatzen zen: hasieran denek ziurtzat jotzen zuten Kokotxa desagerrarazi zutenak eskuin muturreko mertzenarioak izan zirela, Poliziaren edo Estatuaren zerbitzu sekretuen nolabaiteko laguntza edo oniritziarekin; baina une jakin batetik aurrera, editorial egileek 180 graduko bira eragiten zieten euren hipotesiei, eta Kokotxaren kideak izan zirela bahitu eta desagerrarazi zutenak ia segurutzat jotzen zuten. Biraketa ikusgarri haren arrazoiak ez zeuden oso argi, frogarik gabeko susmoen, iritzien eta zurrumurruen nahasketa bat zirelako, baina prentsa ia guztia txilibitua jota bezala lerratu zen bertsio berrira. Ezker erradikalaren ingurukotzat jo zitezkeen argitalpenak ziren bertsio aldaketa onartu ez zuten bakarrak. Horrelako askorik ez zen, eta gainera, zeudenetatik, batzuk euskaraz zeuden; beraz, Carvalhorentzat ulertezinak ziren. Argitalpen gehienetan esaten zen, desagertu baino pixka bat lehenago Kokotxak esan ziela konfiantzazko adiskideei ez zela inorekin fio, eta beldur gehiago ziela beste atzerriratu batzuei Poliziari berari baino. Gauza batengatik edo bestearengatik, ikusten zena zen azkenean iritzi publiko zabalak erosi zuela terroristen arteko kontu doitzearen tesia. Carvalhok ciako garaiak gogoratu zituen. Lan ona iruditu zitzaion. Erakunde armatu iraultzaile batek bere jarraitzaileen konfiantza galduz gero, galdurik da, kontraintsurgentziako eskuliburu guztietan dago. Zeren —eta hau ere kontraintsurgentziako eskuliburu guztietan dago— ez da beharrezkoa informazio bat egia izatea; aski da sinesgarria izatea, erabiltzeko eta ustiatzeko.
Bistan zen —egunkarietako artikuluak, editorialak eta txatal guztiak horren erakusle— mertzenarioen lehen hipotesiari aurka egiten zion kontu doitzearen kontrahipotesian batzuk askoz erosoago mugitzen zirela.
“Epailearen instrukzioa” delakoan ikusi zituen, lehen aldiz, bilatzea agindu zioten emakumearen aipua eta gorabehera batzuk. Kasuak Frantzian eduki zuen ikerketaren eta instrukzioaren paperak biltzen zituen. Kokotxaren kide batzuk atxilotu zituzteneko deklarazioetan, Frantziako Poliziaren aurrean, haren neska-laguna aipatzen zen. Ez zen ezer apartekorik esaten. Erregistro batean aurkituriko paper bat aitzakia, Poliziak galdetzen zuen ea nor zen paper hartan ageri zen neskaren izena, ea Kokotxaren laguna zen. Erantzunak aski lausoak eta zabalak ziren, batzuetan kontraesankorrak, ia. Carvalhok erabaki zuen hurrengo goizean frantseseko hiztegi bat erosi eta berriz irakurriko zuela material hura guztia.
“Begoņaren elkarrizketak” izenekoa bitxia suertatu zitzaion, elkarrizketa horietako batean Begoņa Martinez Urbistondok aitortzen baitzuen, eta agerian utzi, bere erabateko anparo eza; alegia, ez zekiela ezer gertatutakoari buruz, ez zeukala ezeren froga bakar bat ere, eta ez zekiela nori leporatu bere anaiaren desagertzea; are, Carvalhok ezagutzen ez zuen datu bat ematen zuen, zeinaren arabera, Kokotxa desagertu baino aste batzuk lehenago, Donostiako kazeta batek argitaratu baitzuen berri bat, adierazten zuena enpresari anonimo batzuek dirua ipini omen zutela Kokotxaren burua azpil batean zerbitzatzeko gauza izango zenarentzat.
“Denetarikoak” izena zuenean desagertuaren erakundeak egindako komunikatuak eta beste talde politiko batzuen deklarazioak biltzen ziren, besteak beste. Antza zenez, eta Carvalho horretan aditua ez bazen ere, Kokotxa, 77tik 82ra, Euskadin izan ziren talde armatu guztietan ibili zen, eta honengatik edo bestearengatik, inon ez zen laketu; guztietatik joan zen, edo bota zuten, eta azkenean bere jarraitzaile armatu sutsuenekin, sei edo zazpi, besterik ez, taldetxo propioa osatu zuen. Karpetatxo hartan, halaber, euskaraz idatzitako zerbait topatu zuen, orri batean. Carvalhok poesia bat izango zela iritzi zion, esaldien konfigurazioagatik eta testuaren laburrarengatik, baina euskaraz zegoenez, ez zuen ezer ulertu.
Badaezpada, orria hartu eta jakako poltsikoan gorde zuen.
Gaueko ordu biak pasatuta, Carvalho oheratu zen, hogei urte lehenagoko hainbeste notizia irakurtzearen ondorioz, gaztarora itzuli zen sentipenarekin.
Guadalupe Agirre berak gidatutako autoaz iritsi zen Arrasateko Gesalibar auzora. Santa Agedako egoitza, xix. mendearen hasieran, bainuetxea izandakoa zen. Orain buru osasunaren arazoak zeuzkatenen pausalekua zen.
Autoa parkinatu zuen eta eraikinean sartu zen.
Behe solairua eta bi altura zeuzkan eraikin prismatikoa zen egoitza, bi isuritako estalkiarekin. Behe solairuan, erdi aldean, eraikin-gorputz bat aurreratzen zen fatxadaren planotik, ezkaratz zabal bat osatuz, inperio estiloko eskailera baten aurrekari. Barneko antolamendua eraikina luzeran eta alderik alde zeharkatzen zuen erdiko pasabidearen inguruan eratzen zen. Bigarren solairuan, beheko plantako ezkaratzaren gainean, terraza eder bat zegoen, zeina inoiz batean bertan egondakoek aisialdia pasatzeko toki ez nolanahikoa izango baitzen.
Ospitale bat baino gehiago da. Hospitalitatea da. Erizaina, erizaina baino gehiago da: laguna da. Gaixoa gaixoa baino gehiago da: gizakia da. Txartel ugarien helburua txalogarria zen, noski, baina kontzientzia txar baten erakusgarri iruditzen zitzaizkion Guadalupe Agirreri.
— Sartu dugu lehen pisuko gela indibidual batean, zuk nahi duzun bezala —esan zuen txabusina zuridun batek. Plaza doktorea zen, txabusinaren paparreko poltsikoan zeukan izena.
Guadalupe Agirre sartu bezain laster bidera agertu zitzaion Plaza doktorea, Santa Agedako medikuntza zuzendaria. Ez zen harritzekoa: Agirrek aurrez esan zion bisita egitera zihoala, eta zain zegoen.
— Ustekabekoa izan da. Aski bolada ona zeraman, eta bat-batean...
Plaza doktoreak buruaren atzera-aurrerako balantza esajeratu batez adierazi zuen ustekabearen tamaina. Berrogeita hamar urte pasa edukiko zituen gizon burusoil bat zen, betaurreko biribilduna eta zehatz moztutako bizar zuriarekin, Vienako xx. mende hasierako psikoanalisten zirkuluko kideek eduki ohi zutenaren antzekoa zena.
— Praktika klinikoan, eskizofrenikoen aberastasun sintomatikoak gainditzen du eskuliburu guztien edukia. Bazenekien gertatzen ahal zela. Are gehiago, badakizu noizean behin gertatzen dela.
— Baina orain oso bolada on luzea zeraman.
Plaza doktoreak Canovas del Castillo hil zutenetik bertan egon izanaren itxura zeukan ficus baten atzean ezkutatu zuen bere ezintasuna.
— Atera gaitezen lorategira paseo bat ematera.
Kanpoan arratsaren azken argiak eta gaueko lehen ilunak nahasten ziren. Eraikinaren atzeko baso beltzak aire goibel bat ematen zion oraindik argiztapen elektrikoa isiotu gabe zeukan lorategiari, baina tenperatura ez zen txarra, haize fin batek euria iragartzen zuen arren.
— Orduan, bera bakarrik etorri zen laguntza eske? Noiz izan zen hori?
— Duela hiru egun. Entzumen haluzinazioekin hasi zela berriz, eta delirioekin.
— Ez zidan ezer esan! —arranguratu zen Guadalupe.
— Begoņaren kasuan, gauza bat daukagu alde, behintzat —esan zuen Plaza doktoreak—. Kontzientea da gaixo dagoela, medikazioa hartzen du arazorik gabe...
— Orain zer moduz dago?
Plaza doktoreak ehunka zirkunstantzia antzekotan ehunka pertsona lasaitzeko erabilitako keinuera ongi aztertua antzeztu zuen eraginkortasunez. Izan ere, psikiatra onaren fama zeukan, nahiz eta azken boladan administrazio eta kudeaketa kontuetan gehiago aritu, eriak artatzen baino, zentroko medikuntza zuzendaria izateak horretara bideratzen zuelako nahi baino gehiagotan. Pipa esku artean baino ez zitzaion falta; baina gero eta gutxiago erabiltzen zuen bezeroen aurrean, horien tabakoaren aurkako iritzia handiagotzen joan arau.
— Esango nuke gaixotasunaren agerraldia moztu dugula eta aski egonkor dagoela. Alaba, Saioa, atzo etorri zitzaion bisitan.
— Bai, hori badakit, atzo hitz egin nuen telefonoz Saioarekin. Suitzatik etorri da ama ikustera, beste zereginik gabe. Bihar geratua naiz berarekin. Zenbat denbora beharko da...?
Kalkulatzeko ezintasuna adierazi nahi zuen zirkina osatu zuen Plaza doktoreak.
— Aste pare bat gutxienez, nik uste. Ondoren, ikusiko dugu. Terapia lagungarri berria aplikatzeko aukera ere badaukagu, gainera.
— Esaterako?
— Musikoterapia.
Guadalupe Agirrek musikoterapiaren aukera balioetsi zuen, pentsakor. Ez zekien benetan zer zen, baina izenak ez zuen itxura txarra, behintzat.
— Gainera, zuk lagundu zenezake.
— Nola?
— Prestatu gustukoa duen musikaren zerrenda bat: abeslariak, taldeak, estiloak...
Guadalupe Agirrek barre egin zuen berekiko eta burua mugitu zuen ezker-eskuin, medikuaren eskaerak harrituta bezala.
— Ikusi nahi duzu?
— Jakina.
Biak berriro joan ziren ate nagusiraino, eta eraikinean sartu ziren. Lehen pisura igo ziren. Lehenengo pisuko galeria, beheko ezkaratzera irekita zegoena, zeharkatu zuten, eta pasabide batetik sartu ziren, gela banakakoetara iritsi arte.
Plaza doktoreak ate bat jo zuen. Barrutik sartzeko esan zuen ahots batek.
Bizipen asko ziren Guadalupe Agirre Begoņa Martinez Urbistondorekin biltzen zutenak, baina denen gainetik bazen usaimenaren oroitzapenetara zetorkion usain bat, kasik gorputz baten trinkotasuna hartzen zuena, garunaren barne muinetan berregiten zitzaiona, Begoņa ikusteaz bat. Usain sarkor baten erasoa zen, gorozkien eta jasminaren, heriotzaren eta intsentsuaren, fruta helduaren eta janari ustelduaren nahasketa definigaitz, ahaztezin eta okaztagarria. Guadaluperentzat erremediorik gabe, berandu iritsi izanaren usaina zen.
Goako Panaji, Mandovi ibaiaren estuarioaren nasa, eta nasa haren bukaeran fardeltxo bat eskuan zeukan mutil gazte bat.
— Bego!... Begotxu!
Elkarrekin besarkatuta egon ziren luze, ezer esan gabe. Guadalupek ume txiki bat balitz bezala kulunkatu zuen Begoņa beso artean, eta hitz goxoak esan zizkion belarrira.
— Suitzara joango gara Saioa bisitatzera. Saioa dagoeneko emakume bat da, hitz egin behar dugu harekin.
Begoņaren begiek hutsa baino ez zuten islatzen. Errealitatearen beste frekuentzia batean balego bezala zen.
— Dena konponduko da, ikusiko duzu...
Besarkada mutua desegin eta gelatik atera zelarik, Plaza doktorearengana hurbildu zen berriz, urduri.
— Plaza, ezinezkoa izan zait hitzez konektatzea.
— Ematen du ez dela ezertaz jabetzen, baina jabetu egiten da, eta konpainiak on egiten dio.
— Eta zerbait esan nahiko banio? Halabeharrez hitzez esan beharreko zerbait komunikatu nahiko banio?
— Egoera iragankorra da. Hitzez komunikatzeko prest dagoen arte itxarotea baino ez da.
— Zerbait premiazkoa, berezia...
— Zenbateraino premiazkoa? —Plazari alarma kliniko guztiak piztu zitzaizkion.
“Bizitza ulertzeko modua aldarazteko bezain premiazkoa” esatekotan egon zen, baina ez zen ausartu.
Carvalhok ibili zituen Etorbidea, bai eta ardatz hartatik ezker-eskuin jaiotzen ziren kaleak, flâneur profesional baten baretasunaz. Dreams arropa-dendan sartu eta patxuliaren eta intsentsuaren urrin zaharren oihartzun batek inguratu zuen, printzipio aldarrikapen bat bezala. Carvalhok jakin-minezko begiratu bat egin nahi zuen, besterik ez. Emakume batek artatzen zuen negozioa une horretan, eta harengana egin zuen irribarre batez. Carvalhok bestearen irribarrearen ispilua zatekeena itzuli zion.
— Begiratu bat ematen ahal dut...?
Saltzaileak besoak zabaldu zituen, dena zuretzat esan nahian.
— Hala ere, laguntza behar baduzu...
— Zerbaiten bila ari naiz nire andregaiarentzat.
Saltzaileak zilarrezko artisautzaz, jantzi brodatuez, alfonbrez, lepoko bitxidunez, urrin goxoen potoez eta Shivaren brontzezko irudi txikiez osatutako apalategi batera eraman zuen. Materialen kalitateak eta piezen bakantasunak azpimarratzeko euren arteko distantziak aise aienatzen zuten Dreams ohiko bazar tipiko horietako batetik eduki lezakeenetik. Zetazko fular bat aukeratu zuen.
— Zenbatean daude hauek?
Uriartek, Carvalho bertara joan baino lehen, eman zion dendaren berri: kale on batean zegoen, eta jada ez zuen fakturatzen beste iragan lorios bateko sukar exotikoak eta ekialdezaletasunak Donostiako goiko burgesiako emakumeak hara bideratzen zituenean bezala, zerbait diferenteren bila, baina duintasunez eusten zion azalera handiek, betiko merkataritzaren birmoldaketa orokorrak eta aldian aldiko krisiek aski higatuta utzitako betiko denden artean izandako ospeari, zeinaren arabera oso chic geratzen baitzen Nepaletik ekarritako esmeralda bat zilarrezko eraztun baten gainean engastatua, edo Indiatik ekarritako zetazko jantzi bat urrezko brodatu finekin, dena autentikoa eta dena kalitate gorenekoa. Eta, merkatari guztiek aho batez onartzen zutenez, Begoņa Martinez Urbistondok begi zolia eduki zuen, bere lokala oso alderdi onean erosi eta ireki zuelako, merkataritza ardatz prime batean, alegia. Horrela, okerrenean ere, dendak itxi beharraren atarirainoko bidea egingo balu ere, Begoņa Martinez Urbistondok ez luke arazorik edukiko, hiriko emakume estilo handidunen ehuneko zehaztugabe bat maskaratzeko helburua ordurako beterik, egunen batean denda saltzea erabakitzen bazuen.
Dendan saltzen zen jeneroa eta dekorazioa aspaldi batean bizitako ekialdezaletasun aski orokor baten ondorioak iruditu zitzaizkion Carvalhori, zeinean nahastu baitziren nobedade egarria, esnobismoa, droga ordura arte ezezagunak kontsumitu nahia, bidaia zaletasuna, espiritualitate berri baten beharra eta auskalo zenbat gauza gehiago.
Saltzaileaz gain, emakume gazte bat zegoen denda barruan. Hogei urte inguruko gaztetxo beltzaran polit bat zen, begirada bizikoa eta mugimendu zalu eta arinekoa. Kuriositatez begiratu zion, eta Carvalhok hitzik gabeko diosal arin batez agurtu zuen.
— Fularra eramango dut.
Une hartan Guadalupe Agirre dendan sartu zen.
— Izeba!
— Carvalho!
Guadalupek aurkezpenak egin zituen.
— Saioa, hemen lagun bat. Pepe Carvalho du izena. Pepe, hemen Saioa, nire iloba.
Izeba eta iloba besarkada batean batu ziren, eta Carvalhok egoera baliatu zuen mutis egiteko.
— Ordaindu eta alde egitekotan nengoen.
Detektibeak alde egin zuenean, Guadalupe eta Saioa bertan geratu ziren.
Saioa hazia zen bere aita auto istripu batean hildako rock izar baten soinu-teknikari bat izan zelako gezur errukitsuan. Segurutik jada ez zuen gezur errukitsu hura sinesten, baina ama zegoen bezala egonda, ez zuen aski kemen biltzen misterio hura argitzen hasteko.
Guadalupek besarkatu zuen, eta gero berarengandik urrutiratu zuen apur bat, besaburuetatik helduz, oso-osorik begiratzeko. Lipar batez burura etorri zitzaion besoetan lehen aldiz hartu zuen eguna, eternitate bat lehenago. Orduko ume hura emakume eder bat zelako ebidentziak zimikoa eragin zion barruan, baina emozioa menderatu zuen.
— Egunetik egunera ederrago zaude!
— Jakin bezain pronto etorri naiz.
Lupe Agirrek baietz egin zuen buruaz.
— Badakit herenegun egon zinela, Plazak esan zidan. Ni atzo egon nintzen. Nola aurkitu duzu?
Saioa Martinez Urbistondok elurretan erabilitako betaurrekoen marka zeukan begien inguruan, baina horrek ez zien larritasunik kentzen bere hazpegiei.
— Tira... Plazak bere kabuz joan izana seinale ona dela dio, behintzat.
— Zu zer moduz? Eskiatzen ibili zarela ikusten dut.
Saioa Martinezek irribarre triste bat egin zuen. Amaren deitura erabiltzen zuen.
— Batzuetan kontzientzia txarra izaten dut. Ama horrela egotea, eta ni...
Lupe Agirrek seko moztu zion.
— Zuk ez duzu zure amaren gaixotasunaren errua. Zer moduz Genevan? Eta ikasketak?
— Ondo. Dena ondo.
— Diruz, zer moduz?
Diruaren aipamena entzun eta Saioak burua altxatzea, bizi, dena izan zen bat.
— Izeba, hitz egin beharra daukagu.
— Zertaz?
— Dirua aipatzen duzula... Zergatik egiten duzu?
— Zergatik egiten dut zer?
Neska gazteari disgustua margotu zitzaion musuan.
— Izeba, begiak dauzkat eta lau eragiketak egiten badakit. Geneva munduko hiririk garestienetakoa da. Dreamsen ez da garai batean bezala saltzen. Zure laguntzarik gabe ezin ninteke egon Suitzan ikasten. Zergatik egiten duzu?
Guadalupe Agirreri iruditu zitzaion logikoa zela neskak egin zion galdera, baina, zoritxarrez, ez zegoen behar bezala erantzuteko moduan. Oraindik ez.
— Askoz gehiago da nik zure amari zor diodana. Besterik ez.
Erantzuna nahi baino lehorrago atera zitzaion. Saioak hasperen egin zuen.
— Izeba!
— Zer, maitea?
Ez, unea ez zen iritsia.
— Ezer ez, izeba, ezer ez.
— Noiz itzuliko zara Genevara?
Saioak bere planen berri eman zion izebatzat hartzen zuen emakume hari. Laster zuen ikasturtearen amaiera eta, hori zela eta, ezin zuen Donostian luze gelditu. Amaren bilakaera ona bazen, astebetean Suitzara itzultzea pentsatzen zuen. Udan etorriko zen Donostiara, hilabete pare batez.
Hilabete pare batez. Guadalupe Agirreren burura igo zen dendaren patxuli usain nabarmen eta sofistikatua, eta bere baitan nahasi zen hogei urte lehenago, Saioa jaio zenean, ume jaioberria besoetan hartu zuenean sentitu zuenarekin: Goako Panaji, Mandovi ibaiaren estuarioaren nasa, eta nasa haren bukaeran fardeltxo bat eskuan zeukan mutil gazte bat.
Hilabete pare batez. Hilabete pare batez, udan. Begoņaren osasunak hobera egiten bazuen, orduan izan zitekeen une egokia Saioarekin mintzatzeko, pentsatu zuen Guadalupek. Udan, ama dagoen bezala dagoela, izebak nire galdera guztiak erantzun beharko ditu, pentsatu zuen Saioak.
Carvalho udaletxe aurrean geratua zen Bereterbiderekin arratsaldeko 19:00etan.
Iraultzaile ohiak nola zahartzen diren, behiala ikuskizunetik eduki zuen arren, jada ez zuen inoren jakin-mina pizten. Carvalhoren akordura Anaia Txikia etorri zen. Hala esaten zioten kide bati, oso gazte zela sartu zelako Francoren aurkako borrokan. Modelo espetxean preso eduki zuten, Carvalhorekin berarekin batera. Aurretik edo ondotik Caceresen eta Sorian preso egon zela bazekien. Carvalhok gogoratu zuen Anaia Txikia, laugarren galeria eskobatzen. Une batez, Carvalhoren ziegaren aurretik pasatu zen; ziegaren atea irekita zegoen, uda zelako eta barruko hirukoteetako batek kaka egin berri zuelako hirurentzat zeukaten komun bakarrean. Ahoa bihurtuta, inork entzun ez ziezaion, Anaia Txikiak garaipeneko mezu premiazko eta historikoa bota zien: Berriz greba dago Asturiasen!
Gero, trantsizioa iritsi zenean, katakonbetatik jaulkitako politikarien artean berragertu zen; ez zen politikaren lehen ezpata bat, baina dirua egin zuen, fortuna bat, beste askok bezala, urtegian bildutako kapital politikoaren energia potentziala ustiatzeari esker.
— Izorratzen dituena da arratoi bat bezain pobre izanda, berak bezain aberatsa izatera iritsi naizela, eta beraiek desamortizazioaren garaitik erabili ohi dituzten prozedurak erabiliz —esan ohi zuen, orduan.
Carvalhok halakoen katalogo zabal bat ezagutu zuen, eta ia guztien ezaugarri komuna zen iraultza, edo iraultza nahia, kasu handiegirik egitea merezi ez zuen aspaldiko broma pisu bat bezala izan zela antzezten zutela. Baiki, baziren behialako idealei atxikitako gutxi batzuk, galtzontzillo ideologikoak 68tik edo are lehenagotik aldatu gabe segitzen zutenak; baina askoz gehiago ziren “eboluzio pertsonala” esaten zioten zerbaitek oso urruti eramandakoak, batzuetan arku ideologikoaren beste muturrera. Kasurik ospetsuenetan, iraultza-nahi garaiko erretratuak erakusten zizkietenean, ez zuten beren burua ezagutu ere egiten argazki bilduma zaharretatik erreskatatutako irudi horietan. Mutur-muturreneko kasuetan, ukatu ere egiten zuten haiek halako jaialdietan ibili izana. Oro har, iraultza haiek baino askoz ere gauza zaharkituagoa zela uste zuten, eta gazte garaiko gurarien ostean, gizartean lorturiko posizioaren arabera, erantzukizunak oro ohiltzen zituzten hatzen lepo gaineko ukitu arin batez, adatsetatik eroritako zahia uxatuko balute bezala, inork garai zaharrak gogorarazteko gustu txarra edukiz gero. Orokorrean, nekez topa zitekeen beren bizitzetan horrenbeste erratu ondoren, predikuak horren erraz eta horren usu ematen zituen belaunaldirik. Belaunaldi ahanzkorragorik eta arduragabeagorik. Errua, idulkia erabiltzen uzten zietenena.
Edo beharbada, ez zegoen besterik eta beti hala izan da. Norberak zilegitasuna du behiala zilegi jo dituen borroka moduak besteengan kondenatzeko, zaharragoa izate hutsez, esperientzia txar bat edukitze hutsez. Iraultzaile ohi batentzat ez dago larriagorik, hark huts egin duen tokian beste batek arrakasta izatea baino.
— Dena oso gaizki dago.
Reno Bereterbide gobernuren batean inoiz maila ertaineko ardurak edukitakoa zen, Uriartek Carvalhori adierazi zionez. Gorpuzkeraz ez zen oso handia, baina sasoi onean zegoen, tripa arrastorik gabe. Carvalhok, imajinazioaren lan handirik gabe, kasko, maillot eta kulot batekin irudikatu zuen, bizikleta gainean, Euskal Herriko Itzuliko tontorrik enblematikoenen larunbateroko erasoan. Burusoila zen eta beso indartsuak zituen. Erritmo geldoaz mugitzen zituen eskuak, ondo pentsatutako keinu multzoen koreografia txikia eginez, negoziazio askotan egon den eta keinuera eraginkor baten garrantzia ongi ikasi duenaren antzera.
— Erakundekoa izan nintzen, bai. Eta Kokotxaren lagun handia nintzen.
Ez zen hasiera txarra. Gutxienez, amnesiak ez zuen bere iraganeko pasarte hori ezabatu. Carvalhok goitik behera begiratu zion. Bereterbidek eutsi egin zion, eta baietz egin zuen buruaz, Carvalhoren burutik pasatzen ari zena jakingo balu bezala.
— Hogei urte dituenean iraultzailea ez denak, ez dauka bihotzik; berrogeietan iraultzaile segitzen duenak, ez dauka bururik.
Ez zirudien esaten zuen lehen aldia zela.
— Baina erakundeak Autonomia Estatutua onartzearekin desagertu behar zukeen. Orduan amaitu zen armak erabiltzeko zilegitasuna.
Carvalhok jauzi txiki bat egin zuen bidetik zetorren bizikleta bat saihesteko. Donostiarrak, emakumeak batez ere, Carvalhok oso aspaldi Amsterdamen ikusita bezala ibiltzen ziren bizikleta gainean, pedalkada geldo-neurtuez, planeta salbatzeko ardurak pedalkadak galgatuko balitu bezala. Ziklista haietako asko —suposatu zuen—, asteburua iritsita, bizikleta utzi, Mercedesa hartu eta beren bigarren erresidentziara joango ziren gasolinaren eta goma errearen urrinen artean. Planeta salbatuko zen txirrindulariei esker, dudarik gabe, eta oso esker onekoa izan behar zuen oste haren kidea izateak.
— Inoiz armen errekurtsoak zilegitasuna eduki bazuen.
Eduki zuen inoiz euskaldunen borroka armatuak zilegitasunik? Lehen planoko kontraesanari erasotzeko baino ez, Renok orain —orain— iradokitzen zuenez. Francoren garaian, alegia. Carvalhori ez zitzaion zaila izan Renato Bereterbide irudikatzea, berrogei urte gutxiagorekin eta pistola bat gehiagorekin. Baina militante armatu ohiei komunista ohiei bezala gertatzen zaie: salbuespen batzuk alde batera utzita, bat-banaka eta hurbildik ikusita, ez dago ulertzerik zergatik ematen zuten hainbeste beldur.
— Baina urte haietan borroka armatua kuestionatzea sakrilegio bat bezalakoa zen. Traidore esaten ziguten, damutu...
Bereterbide, beraz, aipatzen zituen “urte horietan”, militante armatua izana zen; baina erabiltzen zuen tonuarengatik, ematen zuen aditzera eman nahi zuela bera borroka armatuaren aurka zegoela baita pistola gerrian zeramanean ere.
— Inork ez zintuzten behartu armak hartzera, ez?
Korrikalari talde bat aurretik pasatu zen. Renok ez bide zuen Carvalhoren esaldia entzun, edo ez entzuna egin zuen.
— Batzuk laster iritsi ginen hura ezinezkoa zelako ondoriora. Desadostasun gogorrak genituen. Kokotxak aktiboki parte hartzen zuen eztabaida haietan, organizatiboki gero eta isolatuagoa zegoen arren.
Carvalhok hitzik gabeko galdera bat egin zuen, bekainak altxatuz, azken esaldiak ustekabean harrapatuta.
— Nire anaia balitz bezala maite nuen Kokotxa, baina borroka ulertzeko modu gero eta diferenteagoak geneuzkan. Kokotxa erakunde armatu guztietatik pasatu zen urte gutxiren buruan, eta guztietatik atera edo bota zuten.
— Ipurterrea izaki, nonbait. Egokitzen zaila —Carvalhok, ulerkor izan nahian.
— Karisma zuen ordea. Eta karisma zuenez, gero eta gehiago jo zuen bere ideologiaren araberako talde bat inguruan edukitzera. Apocalypse Now filmean oihanean galduta zegoen koronel hura bezala.
Harritu zuen Carvalho aipu zinematografikoak.
— Eta zein zen bere ideologia?
— Santa Kruz apaizaz hitz egingo nizuke, baina erreferentzia urruna izango zaizu.
— Izena eta ofizioa aski ditut, ideia bat egiteko.
— Kokotxa aktibista bat zen. etako adar guztietan ibili zen; lehenik pm-ekin; pm-ak desagertu zirenean, borroka armatuarekin segitzearen alde zegoen taldearekin lerratu zen. Gero milietara pasatu zen; baina zentralismo demokratikoa agintekeriaren beste forma bat baino ez zela iritzirik, Komando Autonomoetara pasatu zen. Autonomoen kontraesanak ezin eramanik, bi edo hiru taldetan antolatuta zeuzkan dozena bat militanterekin geratu zen, bakarrik. Militante horiek fidel zitzaizkion, berak pertsonalki errekrutatutakoak ziren ber.
Tenperatura epela zen eta haize firrindari batek astintzen zuen, noizean behin, Bereterbideren nikia. Argiaren kontra ikusita, haren irudia ez zen Arrue anaiek edo Aurelio Artetak pintatu zituzten gizon euskaldun horien oso ezberdina. Gihartsuak, argalak, bizkorrak. Osagarriak aldatzen ziren, baina funtsezkoak iraun egiten zuen. Lacoste bat orain, brusa zahar bat pintore horiek egin zituzten margoetan. Baina ezagutzeko moduko fenotipoak: gogor lan egiten usatutako gizonen gorputz zailduak eta sudur zorrotzak.
— Zure ustez, zer gertatu zen? —bota zion Bereterbideri.
— Apocalypse Now-n aebetako Armadako kapitain batek garbitu zuen Brandok egiten zuen aebetako Armadako koronela, gogoratzen zara?
— Ez noa zinemara Berlangaren Borreroa mustu zutenetik.
— Esaten zutenez, desagertu zenean buruan zebilkion ideia zen Iparretarrak erakundera pasatzea bere arma, azpiegitura, diru eta jende guztiarekin, eta talde berri bat sortzea: heta.
— heta?
— Herria eta Askatasuna. Horrek asko bizkortuko zukeen ekintza armatua Iparraldean... Eta hori ez zitzaion komeni etari, Iparraldeko atzeguardia erabat suntsitzea zekarkeelako.
— Orduan, etak desagerrarazi zuela uste duzu?
— Ez dakit. Itxura guztien arabera, Kokotxaren konfiantzako norbaiten laguntzaz, tranpa bat jarri zioten. Zita bat jarri zioten eta desagerrarazi egin zuten. Inork ez zuen behar bezalako ikerketarik egin. Ez erakunde armatuek, ez Frantziako Poliziak, ez Espainiakoak. Gauza seguru bakarra da egileetako batzuk eta aienatzea estali zutenetako batzuk oraindik bizi direla.
— Eta talde ultraeskuindar horren errebindikazioa sinesgarria da?
— Egia esan, hasieran denek sinetsi genuen. Zalantzak geroago sortu ziren.
Renoren atzaparrek handiagoak ematen zuten gorputzaren kontrastean. Bi eskuetako hatz erakusleak, luzatuta eta paraleloan jarrita, mugitzen zituen hurrenez hurren, gora eta behera, hari ikusezin batzuk mugitzen arituko balitz bezala.
Bat-batean, Bereterbidek burua altxatu zuen, eta Carvalhori begiratu zion:
— Zuk zer jakin nahi duzu, zehatz?
— Badakizu zerbait Kokotxak, Iparraldean zegoenean, eduki zuen neska-lagun bati buruz?
— Bilatzen ari zara? Nork aginduta?
— Guadalupe Agirrek kontratatu nau. Ezagutzen duzu?
Renok baietz baten esanahia, derrigor, eduki behar zuen soinu bat egin zuen.
— Lupe... Oraindik horrekin segitzen al du?
Burua mugitu zuen ezker-eskuin, erremediorik ez duen kasu baten aurrean egin ohi den bezala.
— Eta neska-lagunaz...
— Nik ez dakit nor zen. Garai haietan Kokotxa Iparraldean zegoen, eta ni “barnean”, esan ohi genuen bezala. Ez dakit norekin ibili zen. Alderdi sentimentalari buruz ari naiz, noski. Badakit, ordea, nire konfiantza osoa duten beste kide batzuek esanda, neska bat egon zela, baina ez zuela zerikusirik izan ezertan. Hori kontu zaharra da. Inora ez daraman kontu zaharra.
Kontxako eskudelean bermatuta zeuden Carvalho eta Bereterbide. Udaberria iragartzen zuen arratseko eguzki herabe bat kiriketan zebilen, eta bere burua agertzera deliberatzen zenean urrezko txinpartak erauzten zituen igerilari gutxi eta ausart batzuen mugimenduak barrandatzen zituen ur azaletik.
Renok eskua luzatu zuen.
— Zorte on, Carvalho.
— Beharko dut?
— Nire ustea jakin nahi baduzu, zer gertatu zen dakien eta isilik dagoen jendea dago.
— Kokotxa kilo bat egiteko ehun kilo legatz behar dira. Hauek Pasaiako arrandegi batean erosi ditut. Beren espezialitatea da. Astean berrehun bat kilo saltzen omen dituzte; hau da, aste batean saltzen dutenerako, 20.000 kilo legatz behar dira; alegia, legatz eder batek 3 kilo pisatzen dituela, batez beste, kalkulua eginda, eta kalkulua biribilduz, 6.600 legatz behar dira; eta urteak 52 aste baditu, horrek esan nahi du 343.200 legatz urtean, hau da, mila tona legatz baino gehiago. Mila tona legatz baino gehiago behar da Pasaiako arrandegian urtebetean saltzen dituzten kokotxak ateratzeko.
Bereterbiderekin egotetik hotelera itzuli zenean, Carvalhok Matias Agirreren mezu bat aurkitu zuen gelako giltza gordetzen zuen zurezko laukitxoan. Agirrek, Guadaluperen anaiak, afaltzera gonbidatzen zuen hurrengo gauean.
Matiasek kokotxen bertuteak kantatu zituen. Azpil eder bat kokotxa bete zegoen Carvalhoren eta Agirreren artean. Mahaiaren albo batean beste gizon bat eserita zegoen, Joshemari Ezdakitzer, kokotxa horien —arrautzez pasatuta eta frijituak, besterik gabe— eta ondoren etorriko zen bakailaoaren prestatzailea, eta Gazteluzabal elkarteko lehendakaria.
Agirrek legatzaren eta kokotxaren gorabeheren gaineko bere jakintza itzela erakutsi nahi bide zuen.
— Kontuan hartzen badugu Espainiako ontziteriak ehun eta hamar mila tona legatz harrapatzen dituela, urtean, esan daiteke harrapaketa horri dagokion kokotxa guztien ehuneko bata, gutxi gorabehera, Pasaiako arrandegi hartan saltzen dela. Izugarria, ezta?
Bat-batean, Carvalhok kontzientzia hartu zuen Lurra, Kreazioa, kontinenteak, mendi-kateak, oihanak, ibaiak eta munduko zazpi itsasoak —hauek batez ere—, edo beharbada munduko zazpi itsasoetako bat, oso-osorik, joshemaritar haien kokotxa-gura eta sabelkeria asetzea, beste zentzurik ez zuen obra bat zela; alegia, itsasoa sortua zela kokotxa horniketa lan etengabe baterako, besterik ez. Ikuspegi horretatik, elkarte hartako paretak estaltzen zituzten argazkietan ageri ziren gizonek, sukaldariz jantzita eta danborra jotzen, beren itxura inuzente eta kaltebakoa galtzen zuten, eta haur tripontzi, apetatsu eta berekoien saldo arriskutsu baten antza hartzen zuten, marabunta bera edo beste horrelako izurriteren bat bezain aseezina eta suntsitzailea.
Carvalho, hala ere, ez ikusiarena egiteko prest zegoen, arrazoi bakar batengatik, arrazoi indartsu batengatik: hark ere kokotxak maite zituen.
Matias Agirre planta oneko gizona zen, bere burua ezagutzeagatik oso pozik dagoela ezin ezkuta dezakeen horietakoa. Getariako txakolin bat zabaldu zuen. Basoak bete zituen.
— Zer iruditu zaizu Zuberoa jatetxea? —galdetu zuen.
Carvalhok bekainak arkutu zituen; antza, Donostia guztiak zekien ordurako Zuberoan bazkaldu zuela. Beraz, datua normaltasun osoz bereganatzea iruditu zitzaion egokiena.
Matias Agirrek barre labur bat egin zuen, eta erantzuteko aukera kendu zion, berriz hitz egin baitzuen:
— Harritua? Euskadin ez da posible harri bat mugitzea guk jakin gabe.
— Nor zarete gu?
Agirrek esku bat airean mugitu zuen, galdera ezabatuz bezala, eta beste bide batetik ekin zion:
— Zer iruditzen zaizu Donostia? —besoak zabalduz, Donostia elkarte gastronomiko hura balitz bezala.
Carvalhori bakailaoaren usaina etorri zitzaion. Lehenago lagundu zion Joshemariri pil-pila prestatzen; hobe esan, ikusten egon zen besteak nola egiten zuen. Joshemarik baratxuri atal batzuk frijitu zituen olio ugari zeukan zartagin batean. Gero, baratxuria erreserbatu zuen, eta olio bero hartan bakailao zati eder batzuk frijitu zituen, azala gora begira zutela lehen. Gero zati bakoitzari buelta eman eta azpitik ere frijitu zituen. Bi aldeetatik minutu gutxi batzuk frijitu eta gero, bakailao zatiak plater batera apartatu zituen, eta olioa hozten utzi zuen, gelako tenperatura hartu zuen arte. Olioaren tenperatura baieztatu zuen hatz bat zartaginean sartuz. Tenperatura ontzat emanda, sukaldeko iragazki batez zirkulu txikiak egiten hasi zen zartagineko olioaren gainean, zeina, bakailaoaren gelatina guztia bereturik, mirakuluz bezala, loditzen hasi baitzen maionesa arin baten loditasuna hartu arte. Zer iruditzen zitzaion Donostia?
Galdera tranpa bat zen. Kontxa gustatzen zitzaiola esaten ahal zuen, edukazio onekoa zela erakusteko? Benetan uste zuena esaten bazuen esker txarreko alu bat bezala geratuko zen (eta beharbada ez zioten bakailao gehiago prestatuko); gehiegizko laudorioak esanez gero, lausengari zuri eta merke bat bezala; topikoaren bidea hartuz gero (marko konparaezina, eta abar), zuzenean tontotzat hartuko zuten. Gailegoen erara erantzutea (Eta zuri?), bere kasuan aski justifikatua egonik ere, ausarkeria iruditu zitzaion. Erantzun zuhur eta politikoki zuzen samarra ematea erabaki zuen, ironiari erabat uko egin gabe:
— Ez dut aski ezagutzen taxuzko erantzun bat emateko, begi-bistakoa denaz aparte. Eta begi-bistakoa denak ez du nire onespenik behar, lehen hamaika frantziarrena lortu du-eta.
Agirrek barre labur bat egin zuen, bere kautan erantzunaren balioespena eginez. Agirre betigazteen sailekoa zen; egia zen oraindik ez zela oso zaharra, baina askoz gazteagoa balitz bezala janzten zen, hitz egiten, jaten, edaten zuen.
— Eta zer pentsatzen duzu Euskadiko egoeraz?
Galdera saihetsezina zen. Carvalho ez zen askotan egon Euskadin, baina bisita guztietan galdetu zioten. Ez zen justua, bera ikuspuntuaren auzia konpontzeko baliabide teknikoa baizik ez zenez.
— Terrorismoa...
— Terrorismoaren lakra, jakina.
— Baina beharbada galderaren norabidea aldatu behar nuke, eta Kataluniako egoeraz galdetu.
— Ez zait interesatzen politika.
— Bai ote?
Carvalhok bizkarrak harrotu zituen, eta defentsa posizio gotorragoetara itzuli.
— Donostian ondo bazkaltzera etorri den detektibe pribatu bat baino ez naiz. Ez dakit ezkontideen desleialtasun indizea handiagoa ote den hemen Katalunian baino. Krimen mailak handiagotu edo txikiagotu dira azken bost urteetan? Zein da delitu ekonomikoen eta delitu guztien arteko ratioa? Handiagoa Katalunian baino? Txikiagoa? Hor amaitzen da nire jakintza esparrua. Ez zait interesatzen politika.
— Lehengoan Gobernadore berriaren postu-jabetze ekitaldian egon nintzen, Alderdiak ordezkari bidalita. Harrera aurreskua egin zitzaion, eta ondoren ardo bat zerbitzatu zen. Bertan zegoen armadako jeneral batek zera esan zuen: hobe da euskaldunen aurka borrokatzea katalanen aurka borrokatzea baino; azken finean, euskaldunen aurka borrokatzea gorilen kontra borrokatzea bezalakoa da; katalanek, ordea, sastakai florentziarrak daramatzate payes onaren gerrikoen barruan.
— Ni, ordea, bainuetxe batean egon nintzen eta enpresari katalan bat ezagutu nuen: Els catalans, de les pedres en fan pans, horixe zen hark maite zuen leloa. Baina armadako jeneral batek esaten badu...
— Carvalho jauna, niri adarra jotzen ari zara... —barre egin zuen berriz Agirrek—. Baina tira, eskubidea daukazu baloiak urruntzeko, ezin ukatu. Eta, zerorrek aipatu dituzunez delitu ekonomikoak, badakizu zein den Euskadiren eta Kataluniaren, eta are Espainiaren arteko ezberdintasun nagusia?
Desberdintasun nagusia zein zen azaltzeko delibero osoa zuen norbaiten galdera zen.
— Instituzio publikoen kudeaketaren zentzu kolektiboagoa daukagula zuek baino. Zuek pertsonalistagoak zarete.
Joshemarik buruari eraginez berresten zituen Matiasen hitzak.
— Kolektibitatearen zentzu horrek, ekonomian ez ezik beste gainerako gauza guztietan zaintzen dugunak, zentralitate bat ematen digu; gaur egun, 2003. urtean, inork ez du ogerleko bat ematen gure alde, ppk gora eta gora egin behar omen duelako. Hori esaten dute ezkerreko analista batzuek, behintzat. Beharbada zu ere iritzi horretakoa izango zara. Eta badakizu zer gertatuko den?
Carvalhok bere baitan balioetsi zuen zer errealitate ezkutatzen ahal zuen “kolektibitatearen zentzua” bezalako eufemismo batek, eta gauza bakar bat etorri zitzaion burura, baina beretzako gorde zuen.
— Justu kontrakoa! Geuk jango dugula pp, alegia!
Hau esatean, irribarrea Gazteluzabal elkartearen hormak alderik alde harrapatzeko moduan zabaltzen zitzaion.
— Alde batetik irabazten dena, beste batetik galtzen —ausartu zen Carvalho, zuhurtziaz.
Agirrek eskua astindu zuen, galerei garrantzia kenduz.
— Izan gaitezen serioak. Erabakitzeko eskubidea, independentzia... hori guztia oso ongi dago, baina gaur egun... Zu independentista zara?
Carvalho bere baitara itzuli zen. Independentista al zen? Bera, erroak Galizian zeuzkan komunista ohi eta ciako agente ohi bat. Gero, banan-banan, eta ordena honetan, etorri zitzaizkion Bromuro, Biscuter, Charo eta Fusterren irudiak; Division Azul hartan borrokatutako bat, zapata garbitzailea kalean, dagoeneko hilda; umezurtz espiritual bat; familia Murtzian zeukan prostituta bat. Boskote horretan Fuster zen independentziaren errebindikazio erdi koherente bati eusten ahal zion bakarra, independentismoaren kontzeptu klasiko batetik, behinik behin. Eta hura valentziarra zen! Lana eta negoziazioa, horixe zen arestian aipatu zuen enpresariak gehien maite zuen bigarren leloa. 2003ko une hartan ez zirudien katalanen espiritu independentista oso pil-pilean zenik.
— Ez zait gehiegi interesatzen —esan zuen—. Baina etorkizunari buruzko prebisio bat bada eskatzen didazuna, zerbait esango dizut: politikan, igarle guztiak dira onak banengoen ba esateko garaian. Aldez aurretik asmatzen, eskasagoak.
Agirrek burlatik aski hurbil zegoen irria egin zuen, baina formak galdu gabe.
— Espainiak ez digu utziko independizatzen, ez zuei, katalanei, ez guri. Badakizu zergatik? Europak ez duelako nahi. Eta badakizu Europak zergatik ez duen nahi? Europak kobratu nahi duelako. Alemaniak, batez ere.
Ordurako bere galderak erantzuten zituen bestearen iritzia interesatzen zitzaiola simulatu gabe, gutxienez. Baina orain Carvalhok bazuen zer galdetu:
— Iradoki nahi duzu katalanak ez daudela beren zor partea ordaintzeko prest?
— Ez, ez horixe. Katalanak ordaintzeko prest egongo dira, noski; gu ere prest geundeke. Adierazi nahi dudana da alemanek ez dutela uste Espainiak, katalanak eta euskaldunak badoaz, bere zor partea ordaintzeko gaitasunik duenik. Beraz... Erabakitzeko eskubidea, independentzia... folklore moduan ongi daude. Ez pentsa, gure posizioaren indarrak, gure zentralitateak, moderazio erreala ez ezik, epika pixka bat ere behar izaten du, tarteka. Baina epika dosi ondo neurtuetan, garbi gera bedi. Estatuaren zenbait botereri —indar armatuei, batez ere— gatazka maila bat beharrezkoa zaion bezala, beren tokia, beren botere kuotak eta beren aurrekontuak —batez ere beren aurrekontuak— mantendu ahal izateko. Alde horretatik, haientzat Euskadi pagotxa da.
Joshemariren bakailaoa goxo zegoen, baina ordurako Carvalhori senak esaten zion iristen ari zela afari hura ordaintzeko tenorea, eta esaten zion, halaber, faktura ez zela merkea izango. Distrakzio maniobra bat egiten saiatu zen, baina bere indarretan gehiegi sinetsi gabe.
— Bakailaoa pil-pilean asmatu zuena jenio bat zen; izan ere, zapata zola bat baino ez zena zera bihurtzea...
Alferrik, Matias Agirre azeleradorea hondoraino sakatzeko prest baitzegoen.
— Zer esan dizu nire arrebak?
— Zertaz?
— Zertaz izango da, bada. Kokotxa zenaz. Fermin Martinez Urbistondoz, alegia. Ez jatekoez. Badakit horregatik zaudela hemen, zer uste duzu? Zer plan dauka nire arrebak?
Carvalhok erabaki zuen ezinezkoa zela disimuluan segitzea.
— Hari galdetu. Hark esan ez badizu, nik ez dizut zertan esan. Nire bezeroa da.
— Zenbat ordaindu dizu?
Carvalhok pentsatu zuen afarian zehar suelto edandako txakolina efektua egiten hasia zitzaiola Matias Agirreri.
— Zenbat ordaintzen dizu?
— Nire mugak ditut. Deontologia profesional izena duen zerbaitek markatzen dizkit.
— Hark emandakoaren bikoitza emango dizut, bere enkargua ahaztu eta niretzat lanean hasten bazara.
— Galdetu ofiziokoen artean, are polizien artean ere. Horietako batzuek gorrotatzen naute, baina denek esango dizute leiala naizela nire bezeroarekin, lana amaitu arte.
Matias Agirrek barre egin zuen, eta erdeinuaren lorratz batzuk atxiki zitzaizkion barre horren buztanari, nahi gabe, beharbada.
— Denbora eta dirua galtzen ari da. Ez dago jakiterik Kokotxa non dagoen, bizien mundutik lekutu zutenek esaten duten arte, behintzat.
— Eta nork lekutu zuen?
— Kutxolek, noski.
— Kutxolek, bere Vespa zaharrarekin.
— Kutxolek, Kaskolen laguntzarekin. Hori hala da eta ez dago besterik. Mila bider esan diot arrebari, baina temati hutsa da. Arreba oso pragmatikoa da negozioetan, baina sentimenduak tartean sartzen direnean kosta egiten zaio errealitatea onartzea. Orain buruan sartu zaio Kokotxaren neska-lagunaren kontu hori. Denbora galtzen ari zara, Carvalho, sinets ezazu. Kokotxaren azken neska-lagun horrek ez zuen zerikusirik eduki.
Joshemari etorri zen gazta eta menbrillo plater batekin, eta intxaur saskitxo batekin. Bazirudien bazkari hartako mintzagaiak ahitzen ari zirela. Baina Matias Agirrek bazeukan azken galdera bat Carvalhori egiteko. Bestela bezala egin ere.
— Eta Liliz? Zerbait esan dizu Liliz?
— Liliz jakin behar den guztia —esan zuen Carvalhok, ezjakintasun erabatekoa ahotsaren irmotasunaren atzean ezkutatuz.
Intxaur oskol bat husten ari zen Agirre. Ez zituen begiak goratu erantzuteko.
— Bai, e?
— Matias Agirrek politikan sartzeko eskaintza bat eduki du. Datorren urteko udal hauteskundeetan zerrenda buru joateko proposamena egin diote.
— Sinesten dizut, bai; hauteskunde eztabaida baterako sparring moduan erabili berri nau. Galtzaile txarraren tankera hartu diot.
— Irabaziko duela uste du.
Carvalhok, Agirrerekin afaltzetik bueltan hotelera itzuli zenean, Uriarte zeukan zain. Carvalhoren hoteletik gertu bizi zela esanez justifikatu zen. Guadalupe Agirrek iradoki ziola bertatik pasatzea, dena ondo zihoala baieztatzeko. Gaueko hamaikak ziren. Uriarte konturatuta zegoen ordurako Carvalhok ez zuela bisitarik espero.
— Hartuko dugu kopa bat, zuretzat beranduegi ez bada, behintzat.
Zeharkako argiek argiztatutako taberna txiki batera eraman zuen, Kontxa aurrean. Txoko aparteko batean jesarri ziren. Zurak, larruak eta moketak bezeriaren mailan zeuden, eta alderantziz. Uriartek parrokiano batzuk agurtu zituen eseri aurretik, eta edariak eskatu zituen: hogeita lau urteko Macallan bat Carvalhorentzat eta tonika bat berarentzat.
— Astegunetan ez dut edaten, ardo pixka bat ez bada —desenkusatu zen Uriarte.
Carvalhok besoak zabaldu zituen, garbi utzi nahirik guztiz liberala zela norberaren edate ohiturei dagokienez.
— Matias Agirrek politikan sartzeko eskaintza hori onartu du?
Uriartek bizkarra harrotu zuen.
— Hala ematen du.
— Oso seguru dirudizu.
— Une honetan, bere arrebaren aurrean duen gutxiagotasun sentimendua ezabatzeko modurik onena da.
Uriarteren teoria zen Matias Agirrek ezin zuela gainditu aitak arreba aukeratu izana enpresaren uhalak eramateko, eta beste nonbait —zergatik ez politikan— aurkitu behar zuela pultsio negatibo hura gainditzeko jokalekua.
— Gainerakoan, dena ondo? —galdetu zuen Uriartek.
Carvalhok esku ahurrak zabaldu zituen. Guadalupe Agirrek soka laburrez lotu nahi zuen, eta Uriarte berari markaketa egiteko bidalitako morroia zen, antza.
— Bai, kontuan hartzen badugu hiru egun baino ez ditudala egin hemen. Ez dut astirik izan aspertzeko, hori bai: Zuberoan bazkaltzeaz aparte, gobernuaren aholkulari berezi bat etorri zait bisitan, Reno delako batekin hitz egin dut, elkarte gastronomiko bat ezagutzeko aukera eduki dut, eta... Luperen anaia, Matias, ezagutzeko aukera ere bai. Hiru egunetarako ez dago gaizki, ez duzu uste?
— Gobernuaren aholkulari berezi batek bisita egin dizu? —galderaren tonuagatik, Uriartek ez bide zuen berria espero—. Nork?
— Loitegi izenarekin identifikatu da.
— Eta zer nahi zuen?
— Hemen nagoela badakiela frogatu nahi zidan.
Carvalhori iruditu zitzaion Uriartek bekainak zimurtu zituela. Iruditu zitzaion, halaber, bere baitako kontabilitate moduko bat egin zuela, lasaitasuna eta aldarte apala galdu gabe.
— Hiru egunetarako, ez dago gaizki.
— Irudi luke mundu guztia nire zain zegoela.
— Zer moduz Renorekin?
Carvalhok tragoa egin zion bere whiskiari, egonarriz, eta laburtu zizkion azken ibilerak, kokotxen betekada ahaztu gabe, baina izandako elkarrizketari buruzko xehetasun askorik eman gabe, badaezpada. Uriartek irri egin zuen, bi kiloko harria hanka tartean eskegita eramaten ohituta dagoenaren irriaz.
— Matiasek burua lehengo lepotik... Bestela ez zen Matias izango. Kokotxak, ondo?
— Bai, baina nik angulak espero nituen.
— Angulak San Sebastian bezperan ahitu ziren. Ez zizkizun kontatu bere aitona zenaren balentria belikoak?
— Ez.
— Ez? —errepikatu zuen harridura dibertituaz Uriartek—. Bere aitonak, Fructuosok, 36an egin zituen balentriak berritzea gustatzen zaio, ba. Esploradorea omen zen, gudarien batailoi batean, eta sekulakoak bizi izandakoa omen. Esaterako, behin, frontea Kalamua mendi inguruan zegoela, Gipuzkoaren eta Bizkaiaren artean, nazionalen lerroetara hurreratu zen, gauez, hainbeste ze guardian zegoela lo gelditutako errekete bati fusila kendu baitzion. Eta horrelakoak.
— Halakorik, batere ez. Legatzaren arrantzari buruzko lezioak eman zizkidan, nire iritzi politikoez interesatu zen...
Uriartek baietz egin zuen buruaz, dena prebisiblea iruditzen baitzitzaion.
— ...eta dirua eskaini zidan, kasua uzteko eta bere zerbitzuan jartzeko.
Uriarteren harridurak egiazkoa ematen zuen, aterarazi baitzuen bere imintzio modu neurritsutik, eta espantuka jarri.
— Zital halakoa...!
— Ezetz esan diot, jakina.
Trago bat kendu zion bere tonikari eta eskuak pasatu zituen ilerik gabeko burezurretik, lasaitzeko edo.
— Irakurri duzu dosierra? —galdetu zuen.
Zerbait gertatua zen Uriarteren aldartean; une oro bare egoten eta atsegin izaten saiatzen zen arren, orain urduri eta atezuan zirudien. Carvalhori ez zitzaion aldartearen aldaketa oharkabean pasatu, baina ez zuen pentsatu une batean ere bera zenik Uriarteren agresibitate itoarazi haren itua.
— Ez oso-osorik eta behar den arretaz, baina begiratu bat egin diot, bai. Sakonago irakurri behar dut.
— Eta zer deritzozu?
Carvalhok hasperen egin zuen, eta berriz atera zitzaion hasieratik garbi ikusten ez zuen kontu nagusia:
— Tira, Uriarte. Gauza bat ez zait normala iruditzen. Ireki dut gutunazala, ikusi ditut nire solaskidetzat nahi dituzuenen izenak, eta ez dut Begoņa Martinez Urbistondo, Kokotxa zenaren arrebaren izena ikusi. Zerbait ganoraz egin nahi bada, ordea, funtsezkoa da berarekin hitz egitea, ez duzu uste?
Uriartek begiak igurtzi zituen esku ahurrekin.
— Ulertzen dut zure ikuspuntua, baina uste dut ez dela posible izango.
— Zergatik ez?
— Begoņa, une honetan, psikiatriko batean ingresatuta dago. Besterik?
Orain tonu lehorra zen Uriarterena, gaiaz beste egiteko presatua balego bezala.
— Bai. Zer da hau?
“Denetarikoak” karpetatxoan aurkitutako orria, poesia itxurako testua zeukana atera zuen jakako poltsikotik. Destolestu eta Uriarteren sudur aurrean paratu zuen. Uriartek intrigaz begiratu zion.
— “Lili bat hartu eta hostoz hosto erantzi —irakurri zuen—. Eta harek zu ere amets, eta harek zu ere erantzi”. Poema bat dirudi.
— Horixe iruditu zait niri ere. Zer esan nahi du?
Uriartek gaztelaniara itzuli zion.
— Norena da?
— Ideiarik ere ez —aitortu zuen Uriartek, Lur planetatik Orion konstelaziora dagoen distantziaz galdetu izan baliote bezala.
Aldi berean, zerbait definigaitza ikusi zuen Carvalhoren begietan, detektibeak zer edo zer ezkutatzen ziola pentsarazi ziona.
— Zerbait esaten dizu? —galdetu zion Uriartek.
Carvalho pentsakor geratu zen.
— Interesgarria. Interesgarria da.
— Beraz, Lupe Agirre Begoņa Martinez ikusten egon da?
Politikari zaharraren galderan bazegoen urduritasun-tanta bat, beharbada Loitegi ez zen beste inori oharkabean pasatuko zitzaiona.
— Beraz, komunikatu dira?
Orain alarma-hotsa nabariagoa zen.
— Komunikatu… Une honetan Begoņa Martinez Urbistondok beste krisi bat eduki du eta errealitatetik kanpo bezala dago, isolatua eta botika gogorrak hartzen.
— Aterako da?
— Bai, noski. Aldian-aldian krisiak ditu, baina horiek pasatuta normaltasun erlatibo batera itzultzen da. Hori da behintzat Plaza doktoreak uste duena.
— Ongi informatuta zaude, nonbait. Zer dugu Plazaz?
— Plazak antipsikiatriaren abaroan irabazi zituen lehen ospe printzak. Badakizu: zororik ez da, eta, baldin bada, zoroa klase borrokaren ondorioa baino ez da. Sistemaren hondakin bat. Klaserik gabeko gizarte batean ez da zororik egongo.
— Ez, e? Halakorik! Eta ni sindikalistak esportatzen hasi behar genuelakoan! Oker nengoen: sindikalistak eta antipsikiatrak esportatzen hasi behar dugu, lehenbailehen.
— Plaza aspaldi jaitsi zen asto horretatik, ordea. Bere posturak asko ematu dira, errealismo dosi osasungarriei esker. Inor ez dago interes tasen gorabeheretatik aske.
— Presionatzen ahal dugu?
Loitegik segundo batzuk hartu zituen Plaza presionatzeko aukeraz gogoeta egiteko.
— Ahal dugun edo ez, komeni ote den baloratu behar da, nik uste. Gauden honetan... Lagunak dauzkagu erizainen artean. Eta horiek diotenez, une honetan Begoņa ez dago ezertarako.
— Beraz, nahita ere, Lupek ezingo zion ganorazko ezer esan Begoņari.
Loitegi konturatu zen horrek arindu zuela bestearen aurpegiko giharretan nabari zen gehiegizko tentsioa. Beraz, pentsatu zuen, Guadaluperen eta Begoņaren arteko komunikazioan zegoen koxka, edo koxketako bat. Zein zen komunikatu behar zion mezu garrantzizko hori?
— Eta detektibe katalana?
Loitegik bizkarrak harrotu zituen.
— Paseatzen ari dira handik eta hemendik. Momentuz galkatzen ari dira antzara baten moduan.
— Ez dut ulertzen. Zertarako nahi dute?
Loitegik hazka egin zuen buruan.
— Irudipena dut hori Lupe Agirrek baino ez dakiela.
— Uriartek ere ez?
— Uriartek ere ez. Are, lehengoan Matias Agirrek detektibe katalana soziedadera eraman zuen afaltzera. Kokotxak eman zizkioten, ito arte ia.
— Ummm…
— Eta bakailaoa pil-pilean…
— Loitegi, arren, menua ez zait interesatzen.
Loitegi isildu zen une batez eta solaskideari begiratu zion. Ez, ez zuen ulertzen hitz itxuraz sinple horien esanahi sakona.
— Esan nahi dudana da Matias Agirre katalanaren mihitik tiraka aritu zela. Baina ez omen zuen ezer jakiterik lortu —isildu zen une batez, beste posibilitate bat etorri zitzaiolako burura—. Nork daki, beharbada katalanak berak ere ez daki zertarako dagoen hemen.
— Oraingoz.
— Oraingoz, noski. Momentua iritsiko zaio, suposatzen dut.
— Nola jakin duzu hainbeste?
— Soziedadeko presidentea, Joshemari, gurea da. Hark prestatu zuen afaria.
— Zer asmo du Matiasek?
Loitegik aho inguruko muskuluak erabili zituen, ezpainetako ertzetatik kanporantz tiratzeko, ezjakintasuna itxuratzen zuen keinu irrigarri samar bat osatuz. Espero zuen eta entzun nahi ez zuen galdera zen, erantzunik ez zeukalako.
— Atzera egiteko asmorik duenik ez du ematen, behintzat. Joshemarik dio beldur dela ez ote duen tontakeriaren bat egingo.
— Tontakeriaren bat? Zer, esaterako?
Loitegik tontakerien balizko itsasoaren handitasuna adierazi nahi zuen keinua osatu zuen eskuez.
— Nik al dakit…
— Besterik?
— Lili delako baten kontua aipatu omen zuen Matiasek afariaren amaieran.
— Lili? Nor da Lili?
— Lili? Izena behintzat ezezaguna zait.
Hori esaten zuena Txato Bezunartea zen, Guadalupek emandako zerrendako bigarrena.
— Nik urtebete egin nuen atzerrian, Iparraldean. Urte hartan han zegoen Kokotxa, eta noski, ezagutu nuen. Hura desagertu baino hiru hilabete lehenago, ordea, Hegoaldera egin nuen muga-pasa, eta guardia zibilek zauritu eta atxilotu ninduten. Desagertu zenerako ni jada kartzelan nengoen, ospitaleko hilabete eta erdiko egonaldiaren ondoren.
Carvalhok bazekien, Guadalupe Agirrek emandako dosierra zela medio, Txato Bezunartea horrek hamar urte egin zituela kartzelan ospitaleko egonaldi horren ondoren. Eta hasieran medikuek uste zutela ez zela bizirik aterako. Orain hori guztia kontatzen zuen beste norbaiti gertatu izan balitzaio bezala. Larruan botoi-zulo bat —edo batzuk— egin ziotenetik azalari estimazioa hartzen joan zitzaiola zirudien, eta hogei urte geroago inork nekez irudika zezakeen ekintza betean bere eginbehar iraultzaileaz konbentzituta, edo bultzada mesianiko baten mende, are gutxiago zita lekurako aukeratutako Artzain Ona katedralaren ondoko kafetegi argitsu eta jendetsuan kafesne bat lasaitasun osoz hartzen ari zenean.
— Eta bai, egia da neska batekin ibili omen zela desagertu baino lehenagoko azken hilabete horietan. Neska txiki beltzaran bat. Batzuek Gasteizkoa zela esaten zuten. Baina nik ikusi baino ez nuen egin, behin edo bitan, ez nintzen harekin sekula mintzatu. Izena ere ez dakit. Lili? Ez. Baina batek daki. Batzuek neska ere atzerriratua zela esaten zuten, eta beste batzuek ezetz. Erakunde armatu batekoa behintzat ez zen, nik dakidala. Gero kartzelan zabaldu zena zen hura Kokotxaren gona kontu bat izan zela, eta ez zuela zerikusirik desagerketarekin.
— Eta iritzi hori fidagarria iruditzen zaizu?
Txatok irribarre berezi bat egin zuen.
— Sasian norberak kontrolatzen ez duen makina bat gauza gertatzen da, eta kartzelan informazioa mugatuta dago; susmoak susmo, informazio hori ohiko bideetatik zetorren, eta sinesgarria zitzaigun; txakurrena edo prentsarena baino areago, konprenituko duzunez.
Guadalupek emandako materialak zehazten zuen Txato Bezunarteak ongi ezagutu zuela atzerriko giroa, urte haietan, Kokotxaren arma kidea izandakoa zela bolada batez, eta ideia propioak eta argiak zituela aferari buruz.
— Zure ustez, zer gertatu zen?
— Zehatz, egin zutenek zerbait esan arte, ez dago jakiterik.
— Ederki gaude, orduan. Hogei urtez isilik badiraute... Renato delako batek eta izan zela iradoki zidan...
— Bereterbiderekin egon zara?
— ...heta izeneko erakunde bat sortu nahi zuelako, bere taldeko jendearekin eta Iparretarrak erakundekoekin, eta horregatik...
Bezunarteak baietz egin zuen buruaz.
— Ezagutzen dut hipotesi ofiziala, bai. Kokotxa bezain zoro zegoen bati ere ez zitzaion halakorik burutik pasatuko. Nik ez dakit zer gertatu zen, baina urteen perspektibarekin, erraza da.
— Erraza?
— Intsurgentziaren aurkako maniobra da, esku-liburukoa. Gainera, talde ultraeskuindarraren errebindikazioa dago.
— Entzun nahi nuke zure teoria.
— Erraza da. Frantzian errefuxiatu paperak ukatzen hasi zitzaizkigunetik, jendarmeek oso kontrolatuta eduki zituzten iheslari guztiak. Bazekiten non eta norekin bizi ginen, ibiltzen ginen, elkartzen ginen. Guri bisitan joandako edozein ahaidek edo adiskidek ongi dakien bezala, barrandan ibiltzen zitzaizkigun, argazkiak egiten zizkiguten. Normala da. Prekauzio elemental bat, frantziarren aldetik; nik ere berdin egingo nukeen, jendarmea izatera. Laster edukiko zuten fitxategi oso zabal bat. Eta jendarmeek bazekiten informazio hura urrea zela Espainiako Poliziarentzat. Baina urte haietan Espainiaren eta Frantziaren arteko lankidetzarik ez zen, ez behintzat zuzena eta, esan dezagun, ofiziala, eta are, gaizki ikusita zegoen Frantziako zenbait zirkulutan, Espainia ez zelako oraindik estatu demokratiko homologatu bat, “estatu demokratiko” izateak esan nahi duena esan nahi duela. Jendarmeen artetik, norbaitek filtratuko zuen informazio horren parte bat, hango Poliziaren goi karguen oniritziarekin, edo ez, hori kasurako berdin da. Informazio horrekin, Espainiako Poliziak zuhaitza mugitzea erabaki zuen, mertzenarioen bidez, Frantziako agintariak ataka estuan jarri eta errefuxiatuekin zeukaten postura aldarazteko.
— Eta zergatik Kokotxa?
— Elementu nabarmena eta politikoki esanguratsua zen. Palo guztiak ukitutakoa eta ezaguna. Poliziaren orduko aurreiritziek ere pisua edukiko zuten: eta familia oneko putakume hau al da cashero kuadrilla hori guztia gu hiltzera bidaltzen duena? Aski da! Horrelako zerbait.
— Eta jarri zioten zita, eta hori guztia?
— Hori garrantzi askorik gabeko kontu tekniko bat da. Kokotxa jende askorekin elkartzen zen, eta jende askorekin hitz egiten zuen. Solaskide papera jokatu zuen behin baino gehiagotan, ibili zen erakunde armatuetan, eta hemengo alderdietako ordezkari guztiak ezagutu zituen, gehiago edo gutxiago. Norbaitek erakutsiko zien Espainiaren agindupeko mertzenarioei zein zen harekin zita faltsu bat prestatzeko bidea. Ez zen zaila izango.
— Hortaz, saldu egin zuten?
Txatok bizkarrak harrotu zituen.
— Bai. Edo ez. Ez halabeharrez. Orduan gure segurtasun neurriak ez ziren, nola esan, zorrotzegiak. Ez esatearren hura kilonbo bat zela, argentinarrek erabiltzen duten hitza erabiliz. Eta etsaiekin hitz egiteko premia handia zen. Baina bai, aldi berean egia da norbaitek mertzenarioei Kokotxarenganaino bidea seinalatzea ere litekeena dela. Nobelazaleentzat erakargarriagoa da hipotesi hori, jakina; niri, nolabait esan, gauza bat pentsatzea edo bestea, berdintsu iruditzen zait. Norbaitek bidea erakutsi zielako izan, edo bidea beren kabuz aurkitu zutelako izan, kontua da zepoan harrapatu zutela, kito.
— Eta bere kideek akabatu zutelakoa?
— Hori umeen ipuinak dira. Hala izan balitz Espainiako iturgintzak, jakinik hasiera-hasieratik haiek ez zutela parte eduki historia hartan, lurra eta zerua mugituko zituzketen dena argitu arte, baza hori, moralaren aldetik oso garrantzizkoa zen baza hori, euskal intsurgentziaren aurka erabiltzeko. Dena den, norberak zalantzak izan ditzake. Baina estatu aparatuek ez. Eurek badakite gerra zikineko mertzenarioak izan ziren ala ez. Norbaitek, borondate onez, pentsa dezake estatuen aparatuek, eurak izan ez zirela jakinda, urte luze hauetan egin dituzten atxiloketa eta tortura guztiekin ez zutela arrastorik aterako? Eta arrastorik atera eta gero, ez zutela erabiliko?
Txato Bezunarteak azken tragoa kendu zion bere kafeari. Ondoko liburutegi publikoan lan egiten zuen, artxibategian.
— Lanera itzuli beharra daukat. Amaitu da kafea hartzeko denbora —desenkusatu zen.
Carvalhok Bezunartearen eskuei so egin zien. Esku handiak ziren, zainak ongi markatuta zeuzkatenak. Zenbakien hoztasuna lege, hartzekoak eta zorrak arta handiz kontabilizatzen dituen kontulariaren inpartzialtasunaz galdetu zuen.
— Merezi izan zuen?
Bezunarteak ustekabeko irriņo bat egin zuen, eta gero bizkar harrotze arin bat.
— Borroka formak ez dituzte zapalduek aukeratzen, zapaltzaileek baizik. Nork esan zuen? Mandelak? Merezi izan ote zuen? Bai? Ez? Ez dakit. Urrutiegi joan ginen eta inor ez zen kezkatu itzulerako bidea zaintzeaz, ez bizkarra babesteaz.
Carvalho damutu zen galdera egin izanaz. Anaia Txikia burkide zaharra ustelkeria putzu batean ito zen, Bezunarteak artxibategi lanak egiten zituen, bera detektibea zen... Alferrik zen zentzu bat bilatu nahi izatea. Baina Bezunartea ari zitzaion berriro:
— Argitu iezadazu kontu bat: Kokotxaren azken neska-lagun haren arrastoa bilatzen ari zara Lupe Agirreren enkarguz. Hori esan didazu, ezta?
— Bai.
Ezker-eskuin mugitu zuen burua.
— Zorakeria da.
— Horixe esan nion nik hasieratik.
Txato Bezunartea lasai mintzo zen, ordura arteko guztian. Bat-batean, ahotsa apaldu zuen. Esango zuenaz damutzekotan zegoela ematen zuen, esan baino lehen.
— Zorakeria bat da, baina agian laguntzen ahal dizut.
Carvalhorekin egon eta gero, Txato Bezunartea artxibategiko lan-mahaira itzuli zen. Mahaitik telefonoa hartu, kanpora atera eta dei batzuk egin zituen. Uste baino errazagoa gertatu zitzaion zita bat egitea.
— Esaiozu Txato Bezunarteak deitu diola, eta garrantzizkoa dela.
— Nork?
— Txato Bezunarteak.
Handik ordu pare batera Bezunartearen telefonoak hots egin zuen.
— Bihar goizeko bederatzietan hartuko zaitu. Ordu laurden bat baino ezin dizu eskaini, ondoren zenbait bilera dauzka-eta.
— Ordu laurden bat, aski eta sobra.
Hurrengo goizean, dentistara joan beharra zeukala aitzakia hartuta, zortzi eta erdietan lanetik atera eta Donostiako aldirietako industrialde bateko eraikin batean sartu zen, non masa-erakunde baten bulegoak baitzeuden.
— Zita daukat Otxoarekin —adierazi zion ate ondoan harrera-mahai batean zegoen militante bati.
Nora joan behar zuen erakutsi zioten. Atea jo eta hamar-hamabi metro karratuko gela soil batera sartu zen; leiho batek goiz grisaren argia proiektatzen zuen mahai handi samar baten gainean. Aulki batzuek eta pareta txuri hutsek osatzen zuten espazio hura, urgentziazko bilera klandestinoak egiteko pentsatua zirudiena.
Otxoak irribarre zabal batez hartu zuen Bezunartea. Bostekoa elkarri eman eta eskuak sendo tinkatu zituzten.
— Txato, aspaldikoa! Ez daukagu denbora larregi. Esan, zerk ekarri zaitu?
Otxoa delakoak abegi ona egin zion. Baikor patologikoa zen, gauero zeru zati berbera ikusten ohitua, eta bolboraz betetako kupelaren gainean ibili behar izatea paseo erosotzat jotzeko modukoa.
— Carvalho izeneko detektibe katalan batekin egon naiz. Uste dut interesatuko zaizula esateko daukadana.
Otxoak jertse soil bat erabiltzen zuen, bere kastakoen estereotipo uniformedunetik urrun. Gehiago zirudien historiako ekilibrista bat politikari profesional bat baino. Janzkera hura funtzionala zen, praktikoa, berdin balio behar zuena hala transatlantikoari noranzkoa aldatzen ahalegintzeko nola presondegiz presondegi eroso salto egiteko. Pavesek idatzi zuen, poema batean, kartzelan egon dena hara itzultzen dela ogi puska bati kosk egiten dion bakoitzean. Beharbada horregatik bisitatzen zuen Otxoak kartzela maiztasun harekin.
Bezunarteak zehatz eta ezer gorde gabe kontatu zion zekien guztia: detektibea Lupe Agirre enpresariak kontratatua etorria zela, Kokotxarekin ibili zen azken neska aurkitzeko esperantzan, horren bidez Kokotxaren historia iluna argituko zutelakoan; ordura arte detektibeak izandako elkarrizketa eta joan-etorriak...
— Gauza bitxia, benetan —esan zuen Otxoak, Bezunarteak amaitu zuenean—. Beste zerbait ez esateagatik.
— Bai, kontu xelebrea da. Horixe bera iruditu zait niri.
— Fio zara?
— Ez erabat. Baina Carvalho Lupe Agirreren eskuin eskua den Uriarteren bidez iritsi da niregana. Laguntzen saiatuko naizela uste dut.
— Ongi eginda. Eskerrik asko. Kontuan hartuko dut esandakoa.
— Ez dut uste neskarena argituz gero ere ezer berririk jakingo denik, baina neska hura nor zen jakin dezakeen batengana bidali dut. Gaizki egin dudala iruditzen al zaizu?
Otxoak esku bateko hatz mamiak bestekoen aurka jarri zituen, eta gero sudur azpian bildu, pentsakor. Ondoren bi eskuak bereizi zituen, alboetara eramanez, historiarekin indarka aritzeak muskulatura nekatu ziola adierazi nahiko balu bezala.
— Azken finean, kasua argitu dadin nahi dugu, ezta?
Gero erlojua begiratu zuen. Ordu laurdena pasatua zen. Besarkada bat eman zioten elkarri eta despedidarako hitzak trukatu zituzten. Bezunarteak atearen heldulekuari kontu zion, kalerako prest.
— Txato...
Bezunartea Otxoarengana itzuli zen, atearen heldulekua askatu gabe, besteak zer zeukan esateko entzuteko.
— Handia litzateke gero...
— Handia litzateke?
— ...ibili-ibilian, geu izan ginela deskubrituko bagenu!
Burberrya esekitokian zen, bulegoko atearen ondoan. Mahai gainean ikurrin txiki bat, leihotik ikusten zen lau haizeetara zabaldutako ikurrin erraldoiaren alaba jaioberria. Bulegoaren jabea mahai atzean eseria zen, eta Fernando Loitegi, bulegoan sartu berri, argibideen zain zegoen.
— Berririk al da, detektibeaz?
— Historiko batzuengana bidali dute, gradu amaierako lana egin beharko balu bezala.
— Nortzuk, esaterako?
— Bereterbide...
Besteak buruaz baietz.
— Bezunartea...
— Nor da Bezunartea?
— Ez al zara oroitzen, 80ko hamarkadaren hasieran, hor nonbait, segada baten ondorioz, hiltzekotan egon zen...
Bulegoko politikariak moztu zuen, ulertzen zuelakoa edo bazekielakoa eginez.
— Bezunartea, gero, Otxoarekin bildu da.
— Hara! Hau interesgarri jartzen da. Badakigu zertaz aritu diren?
— Ez, baina uste izatekoa da detektibe katalanaren bisitaz hitz egingo ziola, noski.
— Ez dakigula zertaz aritu diren!?
Loitegik eztarrian geratutako ezintasunezko zabor batzuk garbitu zituen, konpromisozko eztultxo batzuk batere gogorik gabe botaz.
— E... Gure entzuketa sistemak huts egin du. Beharbada espainiarrenak funtzionatuko zuen. Joan zaitez eskatzera, ordea.
— Espainiarrenak funtzionatzen du eta gureak ez? —benetan haserre zegoen.
Fernando Loitegik bizkarrak harrotu zituen, ezintasunez.
— Israeldarrei sinestera, haiek ez dute gure teknologia, baina nork daki...
Fernando Loitegi zutitu zen, bilera amaituta zelakoan, alde egiteko prest.
— Egon, Loitegi, egon segundo bat.
Hori esatearekin batera paper bat eman zion.
— Hor hiru kazetari garrantzizkoren izenak dauzkazu. Bilera bat egin nahi dut haiekin. Jarri kazetariok jakinaren gainean, eta antolatu bilera hori.
Kazetariak jakinaren gainean jarri? Ez dakit ezer, baina! Izan ere, pentsatu zuen Loitegik, alde egin zuenean, haserre, ez dakit zerk eragozten didan teknologia israeldarra erabiltzea zahar harroputz honek ezkutatzen dizkidanak jakiteko. Ordurako beste norbaitek aurrea hartu ez bazion zeregin horretan, behintzat.
Frantziako epaileek, Kokotxaren desagertzea kari, egindako instrukzioak Guadalupe Agirrek Carvalhori emandako dosierreko zati esanguratsua hartzen zuen.
Material hori guztia ikusi zuen, baina denbora behar zen hango datu zaparrada asimilatzeko.
Horregatik, Txato Bezunartearekin egon eta gero, Carvalho bere gelan itxi zen eta “Epailearen instrukzioa” izeneko karpetako agiriak errepasatu zituen, pozik, ingeleszaletasun orokor eta itogarriaren garaiak baino lehenagokoa izaki, orri horiek ulertzeko adina frantses gogoratzen zuelako, eta badaezpada hiztegia erosteko sen ona izan zuelako. Orri asko ziren, baina prozedura burokratikoaren fraseologiak, karguen errepikapenak eta formula judizialek betetzen zuten tokia kasik dokumentuen mamia baina handiagoa zen. Funtsean, Kokotxa desagertu eta gero, haren familiak salaketa jarri zuen Baionako epaitegian, eta jendarmeen jardunak bi norabide eduki zituen: alde batetik, Kokotxarekin harremana izandako euskal errefuxiatu askoren etxeetan sartu, etxeak miatu eta han zeudenak atxilotu eta galdekatu zituzten; eta bigarren norabidea izan zen familiak behin eta berriz seinalatzen zuen ultraeskuindarren pista uxatzea eta aintzat ez hartzea. Desagertzea eta geroko lehen une horietan, familiak behin eta berriz gogorarazten zuenez, talde ultraeskuindar batek, pvl (País Vasco y Libertad) izenpetzen zuenak, desagerketaren errebindikazioa egin zuen hasieratik; baina jendarmeek ez zuten pista hori behar bezala kontuan hartu.
Jendarmeek miatu zituzten etxeei dagokienez, garbi zegoen Jendarmeriak ongi kontrolatzen zuela subertsiboen azpiegitura. Carvalhok ezer esaten ez zioten hainbat izen ikusi zituen atxilotuen artean, eta aski dibertigarriak iruditu zitzaizkion atxilotuek ematen zituzten erantzunak, beren jardunen egiazko izaera eta asmoa jendarmeen aurrean ukatzen saiatzen zirenean.
Kokotxa bera bizi zen etxean egindako erregistroan, jendarmeek eskuz idatzitako ohar bat aurkitu zuten, txikituta. Jendarmeek berrosatu egin zuten, eta izen bat aurkitu: Ana. Atxilotu guztiei erakutsi zieten ohar berrosatua, galdetuz ea Ana hura nor zen. Gehienen erantzunak lausoak, zehaztasunik gabeak eta are kontraesankorrak ziren, xehetasun batzuei —izena, altuera, ilearen kolorea, adina, nongotasuna...— zegokienez, behintzat. Carvalhok zehatzena eta osoena iruditu zitzaiona erreskatatu zuen: “Oui, je connais Ana. Elle a 18 ans. Elle est petite. Elle mesure environ 1,60 m. Elle est de corpulence moyenne. Elle est brune, et les porte sur les épaules. Je voyais Ana, la plupart du temps avec Kokotxa. Ils se tenaient par le bras. Je suis au courant de leur liason depuis deux mois. Ils fréquentaient la plupart des bars de la ville...”.
Beste batzuek esaten zuten altuagoa zela, edo ilea motza eta beltzarana zuela, edo ez zekitela haren izena. Batzuek Gasteizkoa zela deklaratu zuten; beste batzuek, Bilbokoa zela; beste batzuek, ez zekitela nongoa zen... Norbaitek aipatu zuen haurdun zegoela iruditu zitzaiola. Baina inork ez zuen ezer esan ziurtasun osoz, eta kontraesana zen nagusi. Horrek pentsarazi zion Carvalhori, dosierrari lehen aldiz begiratua bota zionean, ez ote zen neskaren egiazko nortasuna ezkutatzeko maniobra koral bat; baina Txatorekin hitz egin eta gero alde batera utzi zuen aukera hori. Ezjakintasunak egiazkoa ematen zuen.
Ordu pare bat eman zuen paperen gainean. Aspertu zenean, gelak zeukan balkoi txikira irten zen. Gautzen ari zen, eta zirimiri fin bat ari zuen, oinezkoen urratsak galarazten ez zituena, hala ere. Autoen gurpilek salatzen zuten asfaltoaren hezea. Ez zuen hotzik egiten.
Pentsakor geratu zen. Zenbat eta buelta gehiago eman paper horiei, zenbat eta gehiagotan pentsatu egunotan izandako topaketei buruz, hainbat handiagoa zen bere baitan hazten zihoan ezinegona eta erabilia izaten ari zelako sentsazioa. Hau ez da mugitzea, hau mugitua izatea da. Zertarako, zer asmorekin? Mamu bat bezalakoa zen neska baten atzetik jarri, bidea Erpurutxok basoan ez galtzeko erabili zituen ogi mamiak bezalakoak ziren pistez bete, poema bat eta guzti... Zer jokotan sarrarazi zuten? Hamar milako txekearengatik izan ez balitz, pentsatu zuen Carvalhok, hemen egongo nintzatekeen, bai zera.
Telefonoak hots egin zuen. Guadalupe Agirre zen.
— Pentsatu dut agian ideia ona izan daitekeela elkarrekin afaltzea.
Bistan zen soka motzean lotzen zutela.
Carvalhok hasperen egin zuen. Beharbada ez zen aukera txarra gauzak argitzen hasteko. Guadalupe Agirrek helbide bat eman zion.
— Oinez etor zaitezke, ez dago zure hoteletik urrun.
Paperak bildu zituen, erantzi eta dutxan sartu zen. Gero arropa garbia jantzi, gelako argiak amatatu eta kalera irten zen.
Kalera irten zenean itsasoko brisaren bolada batek hartu zuen. Zer litzateke itsas bazterrean dagoen edozein hiri itsasoaren eragin babesgarririk gabe. Esaldia berdin aplika zekiokeen Bartzelonari nola Donostiari. Amaz gabetu duten urtebeteko nini bat. Hondamendirik handiena gertatuta ere, hor dago itsasoa, zabal, betiereko, eternalki egonkor eta mugiezin, aldakor eta nahasi bezainbeste, gogorarazteko humanoen kezka minenen ezdeusa. Itsasoa, nonahiko eta ezinbesteko, beti berdin eta beti diferente, segurtasuna eta epela ematen dituen ama bat bezala. Penak erlatibizatzen irakasten duen maisu bat bezala. Burua Bartzelonara joan zitzaion. Ezberdintasuna zen Bartzelonak ez zuela itsasadarrik, itsasoaren eragin onuragarria lehorrerantz barneratzen zuen kresalezko zain baten gisa. Carvalhok atseginez imajinatu zuen Plaįa de Catalunya mesokratikorantz barneratzen zen itsasoaren beso hipotetiko bat, Via Layetanaren tokia hartuta, eta bera Born edo Gotic-eko irudimenezko eskudel batean bermatuta, urari begira.
Bere lilurazko ametsetatik atera zen eta Guadalupe Agirre Van den Bergek emandako helbidea erakutsi zion oinezko bati. Honek Mirakontxarantz bideratu zuen. Carvalhok hondartzaren gaineko pasealekua hartu zuen, talasoterapia zentro baten aurretik pasatu zen, errepidea zeharkatu eta aldapa bat igotzeari ekin zion.
Aldaparen erdia eginda, paperean apuntatua zeukan zenbakia begiratu zuen berriz. Apur bat goragoko eraikuntza bati zegokion.
Hirurogeiko hamarkadako eraikuntza zuri bat zen, terrazaduna, beirate handiekin.
Guadalupe Agirre Van den Berg zen eraikuntza hartako atikoaren jabea.
— Baserrian edo herrian ez nagoenean, apartamentu hau ongi datorkit Donostian zereginen bat izanez gero.
Hiru laurdeneko puntuzko txaketa beix bat zeukan soinean, aurrealdeko botoi bakar batean lotzen zena, apartamentu haren metro koadroaren prezioarekin egokia, Carvalhok suposatu zuenez. Praka zuriek eta bular txiki-tenteak erdi ezkutatzen zituen zetazko kamisetak osatzen zuten Guadaluperen janzkera.
— Gaurkoa bezalako egoera bat, esaterako. Donostia hiri oso txikia da, eta elkarrekin ikusiko bagintuzte... Diskrezioa maite dut.
Agirrek Carvalho gidatu zuen terraza zabaleraino, nondik Kontxako badiako ikuspegi ederra zabaltzen zen, euren oinetan, orain gaueko aurpegia erakusten zuena: izaki ilun bat, lo dagoen dragoi erraldoi baten antzera, argi horixka zalantzati batzuen abaroan kulunkatzen zena.
— Zoritxarrez, gaur ez dago terrazan afaltzeko giro.
Esan zuen anfitrioiak, beirate handiaren ondoan, baina barneko aldean, paratutako mahai bat seinalatuz. Bi plater, mahai-tresnak eta bi kopa eta bi baso zeuden mahai-zapiaren gainean.
Atikoa Txillidaren dizipuluren batek apailatua zirudien. Pinturazko urratu beltz testuradunak zeuzkaten koadroak pareta ezin zuriagoetan, forma geometrikoko eskulturak, mendi puntako azken baserritik ekarrarazitako zur noblezko kutxa zahar berrituaren kontrapuntuarekin; espazioa ausarki, zerbitzuak egunero sakonki errepasaturiko moketa zuri-marroixka, argiztapena zeharkakoa eta ongi pentsatua. Carvalho emakume irudi bat eraikitzen saiatzen da ikusten dituen objektuetatik abiaturik. Dekorazioaren estiloak euskaldunen larderia eta soiltasuna islatzen zituen, eme erdi nordiko eta amaren aldetik probableki jansenista batek berrinterpretatua. Neolitikoari eta haren kontzeptuei begira jartzen gaituen estilo biluzi bat da euskal estiloa, eta iragandako edozein denbora hobea izan zela pentsatzera gonbidatzen du. Neska doratu haren prakapekoak altxor bat behar zuen, Stevensonen Altxorraren Irlakoa baino preziatuagoa. Denaren jatorria. Zergatik, noiz, nork eskatuta, noren mesede jartzen zen Grial hura inoren eskutzarren edo esku finen, ahoaren, zakilaren tiramenean?
Pareta batean apalategi baxu bat zegoen, non kopa eta trofeo batzuk ikusten baitziren. Hiru edo lau, segurutik Guadalupek bere kirol bizitzan lorturikoen aukeraketa bat; inportanteenak edo maiteenak, nonbait. Carvalhok interes handirik gabe begiratu zituen. Gogoratu zuen, hala ere, Arantxa Sanchez Vicariori irabazi ziola irakurri zuela Euskadira abiatu baino lehen, Guadaluperi buruzko informazioa interneten bilatzen aritu zenean.
— Hartuko duzu zerbait? Ardo bat, ausaz?
Carvalhok ez zuen denborarik izan erantzuteko, ateko txirrinaren hotsa entzun eta Guadalupe irekitzera joan zelako, barkamen hitz batzuk murmurikatuz. Carvalhok aprobetxatu zuen Guadalupe Agirreren hanka zuzen-sendoak, ipurmasail zehatza, genetika pribilegiatu baten eta tenislari profesionala izatekotan egon zen baten partida eta gimnasio ordu kontaezinen fruitua zen higitzeko era labainkor hura ederresteko. Roland Garrosen irudikatu zuen, pistaren hondoan, pilota batera iristeko oinei azken irristada eragiten, lur zanpatuko zipriztinak harrotzen.
Teniseko ametsak alde batera utzi eta beiratetik begira jarri zen. Saiatu zen lausengu bat bezala hartzen txortategi esklusibo hartara gonbidatu izana, non —suposatu zuen— jende oso hautatuak baino ez zuen sarrerarik edukiko. Hura Guadaluperen eremu pribatua zen. Saiatu zen imajinatzen zer jende modu izan zitekeen apartamentu hartara gonbidatua izateko ohorea edukiko zuena. Ez zen erabat erraza izango, ausaz, Guadaluperen posizioan eta arduretan zegoen emakume bakar eta oraindik gazte batentzat harremanetan sartzea. Ar menderatzailearen babesa uxatu eta banandu zena, gainera. Haurra zeneko betiko adiskideren bat, Begoņa bezala? Tenisean ari zeneko kideren bat? Beste alde batetik, Donostiak aski aukera emango zuen jende interesgarria ezagutzeko. Negozioen bidez ezagututako ekonomiaren marrazoren bat? Enpresa handi baten ceoa, Trilateraleko morroiren bat... Uriarte, konfiantzazko gizona? Edo Uriarteren papera harremanak erraztea izango zen, Francori, Donostian zelarik, atunak ekartzen zizkiotenena bezala? Hamar kilometroko erradioan egon behar zuten ehunka gizonezkok, han egotearen pribilegioaren truke bizitza urte pare bat emango luketenak. Hori amestera ausartu ere egingo ez liratekeen beste milaka batzuk ahaztu gabe. Zergatik bera, Carvalho?
Guadalupe kaxa errefrigeratu batekin itzuli zen, eta Carvalhoren gogoeta eten. Estalkia kendu eta trebeziaz bildutako pintxo-sinfonia bat agertu zen, bakoitza bere estalki edo ontzi bereziarekin.
— Pintxoetan oso famatua den Groseko taberna batetik ekarrarazten ditut.
Sukaldera joan zen eta Viņa Tondonia botila batekin itzuli zen. Gran Reserva 1992. Ireki, kopa batean isuri eta Carvalhori luzatu zion.
— Beharbada klasikoegia iritziko diozu —barkamen eske bezala zen, ardoari buruz—. Hemen ez daukat gauza handirik.
— Moldatu egin beharko, ze erremedio. Guadalupe…
— Dei nazazu Lupe, arren. Mundu guztiak hala deitzen nau.
— Konturatu naiz, bai. Beraz, Lupe, zuk ez duzu edaten?
— Amiņi bat, konpainia egiteagatik. Normalean ez dut askorik edaten. Ez naiz aditua ardo kontuetan.
Tondonia apustu segurua zen, arriskurik gabea, estatu-bonoak erostea bezala.
Carvalhok tragoxka bat egin zuen. Fundamentuz eta klasikotasunaren kontzientziaz elaboratutako ardoa zen, inor aho bete hortz uztea bilatzen ez zuena. Carvalhok ez zuen erreakzionatu eta Agirrek muzin bat bezala interpretatu zuen, nonbait:
— Bodega baserrian daukat —beraz, baserria zen bizitza sozialerako tokia—. Eta ez naiz oso aditua. Zer egingo diogu, ba.
— Zer egingo diogu.
Lupek pintxoak atera zituen kaxatik eta mahai gainean ipini zituen.
— Zerorrek hartu nahi duzuna.
Carvalhok tartaleta bat hartu eta dastatu zuen.
— Zer da?
Lupe Agirrek pintxoak eduki zituen kaxa barrenetik argazki koloredunak zeuzkan orri bat erreskatatu zuen.
— Udaberri izena ipini diote —irakurri zuen, udaberri hitzak zer esan nahi zuen azalduz—. Kalabazina eta zigala krema.
Udaberriari Itxaso, Txalupa eta Txopito izenekoek jarraitu zioten. Agirrek hor utzi zuen afaria, baina Carvalhok ez zituen utzi nahi izan probatu gabe Bikote, Txupito, Txapeldun eta Donostiarra, Katedrala eta Tosta. Pintxoak ezin hobeki egokitu ziren bere urdailaren geografiara, bakoitzak zulo bat estaliz. Itxura batean unibertso banatakoak ematen zuten pertsonaien argazkiak agertzen ziren pintxoak deskribatzen zituen orrixkan, izenaren berri ematearekin batera. Pertsonaia famatuen ondoan beti tabernako jabeak zeuden.
— Txipiroia tipularekin, Albako dukesaren eta Harvey Keitelen bizitzen intersekzio puntu posible bakarra —ohartarazi zuen Carvalhok.
— Eta beste askoren bizitzena. Zurearena, adibidez.
Albako dukesarekin zerbait komunean eduki zezakeelako posibilitate xelebreak begiak okerrarazi zizkion Carvalhori.
— Eta gutxi fio; tabernara joango bazina, jabeek zurekin egin nahiko lukete argazkia.
— Naizenean baino gehiagotan naukazu. Hemen ez nau ia inork ezagutzen.
Carvalhok palisandrozko idaztegi baten gaineko Oteizaren esfera erdi hustu bati begiratu zion. Ez zuen zalantzan jarri autentikoa izango zela. Eskua esferaren gainetik pasatu zuen, ferekatuz, ia.
— Van den Berg? Nondik dator Van den Berg?
— Herbehereetatik, noski. Gure aitona, amaren aldetik, Herbehereetako Armadako ofiziala zen. Karrera diplomatikoa egin zuen, Madrilen destinatu zuten. Haren alabetako bat, nire ama, hain zuzen, Donostiara etorri zen ikastera. Hemen Herbehereetako Armadako jeneralaren alabak enpresari ekintzailea ezagutu zuen... Historia luze bat da. Gu hemen jaio ginen, noski.
Agian Agirre-Van den Berg loturaren fruitu hura ez zen erabat izotzezkoa. Unea aprobetxatuz, Carvalhok egoaren flotagarritasun lerrora tiratu zuen:
— Kontatu egidazu Arantxa Sanchez Vicariori irabazi zenionekoa.
Lupe Agirre Van den Bergek irribarre apal bat egin zuen, garrantzia kenduz.
— Hura orduan 15 urteko mukizu egin gabea zen, nik 27 nituen. Tenisa erabat utzi nuen urtea izan zen.
— Sanchez Vicariok 17rekin irabazi zuen Roland Garros, baina.
— Edonork dauka egun txar bat.
— Handik gutxira utzi zenuen, ordea. Zergatik?
Lupe aurrerantz makurtu zen apur bat, eta ile xerlo bat isuri zitzaion eskuineko begiaren gainetik. Ile leun eta gris bat.
— Erabaki beharra zegoen, besterik ez. Ikasketak eta enpresa, edo tenisa. Enpresa aukeratu nuen.
— Inoiz ez zara damutu?
Gizatiarra zirudien. Carvalhoren iditasun funtzionariala ez zegoen prest azaleko izotzaren azpian berotasunik egon zitekeela jasateko. Tondoniari sakatu zion, eta isilik geratu zen, aiduru. Ondoren etorri zena funtzionario batek ulertzeko moduko errelatoa zen, maiztua, esanaren esan beharraz. Bertsio ofiziala.
— Ez horixe. Tenisean aritu izanak asko balio izan dit enpresa mundurako. Tenisak diziplina eskatzen du, autokontrola, buru hotza erabakiak hartzeko unean, psikologia indartsua, eta norberaren lanarekiko fedea. Jakin nahi duzu gauza bat?
Bere bizitza justifikatzeko neurrirako errelatoa zeukan. Mundu guztiak bezala. Carvalhok erabaki zuen hurrengo gezurra egia balitz bezala hartuko zuela.
— Errazagoa da enpresaren munduan arrakasta izatea, tenis profesionalean baino. Nik bezala, hiru belaunaldiren enpresa bat hartzen duzunean, esan nahi dut.
Carvalhok, une hartan, Cerdan bat pizteko gogo izugarria zuen, baina emakume haren lubakian irekitako zirrikitua zabalagotzea premiazkoagoa iruditu zitzaion.
— Trofeoak hor dauzkazu, ordea.
Lupe Agirrek apalategira begiratu zuen, kopak bereak ez ezik, berak eginak balira bezala.
— Bost urterekin hasi nintzen tenisean. Umekeria irudituko zaizu, agian, baina trofeoek segurtasuna ematen didate une txarrak bizi ditudanean.
— Eta jada ez zara tenisean aritzen? Utzi duzu erabat?
— Oraindik ateratzen naiz kantxara lau bola astintzera, denbora eta gogoa dudanean, baina ez da lehengoa. Eta zu, Carvalho? Zertan aritzen zara lanean ari ez zarenean?
— Liburuak erretzen ditut.
— Ohitura horrek inkisitorial samarra dirudi.
Carvalhok hasperen egin zuen.
— Mendeku txiki bat da, asetasunaren eta zorionaren promesa egin eta gero promesa hori bete ez duen kulturaren aurka. Zuk ez dituzu erraketak erretzen?
— Ezta pentsatu ere! Erraketen materiala toxikoa da, errez gero. Bestalde —etenaldia, hitzei indarra emateko bezala—, joera heldugabea dela deritzot.
— Heldugabea, zer zentzutan?
— Sortutako espektatiben mailan ez dagoen guztia erre behar al dugu? Orduan gehienok geure burua erretzetik hasi beharko genuke.
Lupe Agirre jaiki egin zen.
— Kaferik?
Carvalhok baietz. Lupe sukaldera joan zen kafea prestatzera. Emakume haren mugitzeko eran bazen zerbait, Carvalhok hitzetan errenditzen ez zekien zerbait. Felinoa zen, alde batetik; baina keinuen ekonomia landu baten jabe ere bai. Segurtasuna eta eraginkortasuna transmititzen zituen. Astiro mugitzen zela eman arren, edonor baino lehenago iritsiko zen nahi zuen puntura; berezko inpultsua profitatuz, hanka bat irristarazi eta bola zail bat ekartzeko ohitura duen baten estiloaz mugitzen zen. Gauzak, gertuagotik ikusten direnean, ordea, ez dira urrutitik ikusten direnean bezala. Bat-batean, Guadalupe Agirre aldi berean oso hauskorra eta oso gogorra iruditu zitzaion; gogorki hauskorra, edo hauskorki gogorra. Emakume hura, bere inhibizioetatik aske, sexuaren abandonuan, esaterako, esperientzia bat izan behar zen. Inoiz bere inhibizioetatik erabat askatzen bazen, bederen. Ikuspegi horretatik begiratuta, Lupe Agirre desafio bat zitekeen. Carvalhok ezin izan zuen eragotzi imajinazio ariketa ebidenteena irudikatzea. Carvalho zaldi zahar nekatua zen, baina hartara iritsiz gero, zin egin zion bere buruari esentziaren azken tantaraino konbokatuko zuela gorputzeko hezur ezkutueneko mamiaren azpitik, fracking sexual erraldoi horretan biziaren azken tantak entregatu behar bazituen ere.
Bat konturatzen da, jada erremediorik ez dagoenean, ez cia, ez liburuak erretzea, ez iraultza egin nahi izatea: bizitzan bide zentzuzko bakarra atiko hartara iritsi eta bertan irautea dela.
Lupe kafearekin eta Lagavulin botila batekin itzuli zen. Carvalho, ameskeriak alde batera utzita, lehengo funtzionariotasunera itzuli zen, hanka bat bestearen gainean gurutzatuz, gorputz jarreraren aldaketarekin batera ikuspegi aldaketa ere behartuz. Lilurarik ez.
— Esadazu gauza bat —bota zuen Carvalhok—: zergatik ez dago Begoņa Martinez Urbistondo zure ustez elkarrizketatu behar ditudan pertsonen artean?
— Nork esan dizu ez duzula ikusi behar?
— Uriartek. Edo hori ulertu diot nik behintzat. Oso gaixo dagoen aitzakian.
Guadaluperen begi argiek bizitasuna galdu zuten une batez.
— Gaixo dagoela egia da. Baina ez dut uste ikusi behar ez duzunik. Are, harekin egon behar duzu. Guztiz beharrezkoa da. Baina unea iristean. Horregatik joan zinen lehengoan dendara?
— Horregatik eta zerbait erosi nahi niolako adiskide berezi bati.
— Andregairik badaukazu? Zertan aritzen da?
— Zaila da bi hitzetan azaltzea.
— Zer, ordea? Andregairik daukazun edo zertan aritzen den?
— Biak.
Lupek urrats bat egin zuen atzera, Carvalhoren erantzun lakonikoa errespetatuz. Carvalhok une horretan sentitu zuen bere erantzunak balizko zubi bat hondoratu zuela, eta Guadalupek esku artetik ihes egiten ziola.
— Saioa zure lagun Begoņaren alaba da, noski.
— Jakina.
— Zure lagun Begoņarentzat ez da erraza izango gazte bat hazi eta heztea, gaixo egonda.
— Une txarrak pasatu ditu, bai; baina aurrera atera du.
— Izeba deitzen dizu?
— Begoņa gaizki egon denean ni arduratu naiz Saioaz. Kasik bigarren ama bat bezalakoa naiz harentzat.
— Eta jakin al daiteke behingoz zer den Begoņak duen gaixotasuna?
Bistan zen galdera ez zela Guadaluperen gustukoa.
— Begoņa bisitatzera joango garenean jasoko duzu bere eritasunaren gaineko zertzeladarik.
Esaldiak harakin baten taula gainean moztua eman zuen. Guadalupe. Zakarkeriaz damutua, esaldi bat gaineratu zuen, desenkusa moduan.
— Alegia, profesional batek ongi azalduko dizu. Nire azalpenek ez lukete ezer argituko.
Carvalhok ez zekien zeri egotzi Luperen hasmentako jarrera aldaketa, Begoņa ikusteari zegokionez, eta hitz beste egin zuen: egindako elkarrizketak eta izandako enkontruak kontatu zizkion, Loitegi, Uriarterekin izaniko berbaldia, anaiarekin izandako afaria eta gainerakoa, ezer isildu gabe, baina zenbait xehetasun beretzat gordez.
— Kortesiaz eta laguntzeko gogoz hartu naute, itxuraz. Oraingoz ez dut ezer lortu, ordea. Dena igande arratsaldeko telebistako film bat bezalakoa izan da, prebisiblea eta plastikozkoa.
Lupek hizketan segitzeko gonbita egin zion bere isiltasunarekin.
— Inork ez ditu hamar mila euro ordaintzen inora ez doan bide bat ibiltzeagatik. Oraindik ez didazu eskatu hamar mila euro balio duen ezer egiteko. Gidoitik ateratzen den izen bat baino ez daukat. Nor da Lili?
Guadalupe Agirrek Lagavulin zurrusta bana isuri zituen baloi-kopatan. Ohituraz jogging praktikante zaildua eta jogurt kontsumitzaile konpultsiboa izan behar zuen emakume hark halako lizentziak hartuko zituenik ez zuen uste Carvalhok, keinuak ustekabean harrapatuta.
— Normalean ez dut edaten.
Agirre Van den Berg hurrupa txikietan husten joan zen bere dosia, baina kopa berriz bete zion Carvalhori, honek turba zaporeko mama hari ohoreak eginda, hustu egin zuen bakoitzean.
— Lili gure ahizpa txikia zen. Uriartek zerbait kontatuko zizun.
Carvalhok gogoratu zuen Uriartek esandakoa. Modu aski estrainioan eta gazterik hildako arreba bat.
— Arrate izeneko arreba bati buruz hitz egin zidan Uriartek.
— Bai, Arrate izena zuen. Lili adiskide minek erabiltzen zuten maitasunezko ezizena zen. Lili hiru urte gazteagoa zen ni baino. Bion erdian dago Matias. Zer esango dizut Liliz... Moldakaitza zen, zeharo. Urte haietan beste asko bezala, droga kontuetan nahasi zen, askatasun egarria substantzia toxiko horiek aseko ziotelakoan. Orduan erraza zen drogen mende jaustea, barra-barra ibiltzen zen nonahi, haur heldugabeak baino ez ziren gazte batzuen eskura... Errehabilitazioan ibili zen, gainditu zuen, ustez, berriz erortzeko... Erori-altxatu bakoitzean halako joera mistiko berezi bat garatu zuen. Badakizu zer zen hippie trail?
Carvalhok bazekien. 70eko hamarkadan gazte asko Ekialdera abiatu zen lurrez, Turkia, Afganistan, Iran eta Pakistan zeharkatuz, Nepalera edo Indiaraino iristeko. Bidaia furgonetaz, autobusez, trenez eta auto stopez egiten zuten. Baina hura 1979an amaitu zen, sobietarrak Afganistanen sartu zirenean. Harrezkero ibilbidea aldatu behar izan zuten.
— Zure ahizpak gazteegi behar zuen egiazko hippie traila egiteko.
Lupek arrazoi eman zion buruko keinu batez.
— Baina ez bere gisako trail bat egiteko. Dena lurrez egin beharrean, Istanbulen hartu zuten hegazkina. Indiaraino iritsi zen sekta bateko kide batzuekin. Handik gutxira Goan aurkitu zuten, hilik, gaindosia hartuta.
Gertaera mingarri hura gogora ekartzeak gogortu egin zituen Luperen aurpegiko trazak, eta tenisaren eta enpresaren esperientziaren bidez landutako baretasun amultsu eta distantearen maskara urtu, segundo batez emakume oraindik gazte eta zaurgarri bat baino ez zenaren bisaia agerian utziz. Usain sarkor baten oroitzapen bizia, gorozkien eta jasminen, heriotzaren eta intsentsuaren, fruta helduaren eta janari ustelduaren nahasketa zen urrin definigaitz, ahaztezin eta okaztagarria, betirako garunaren txoko batean geratua. Erremediorik gabe, berandu iritsi izanaren usaina.
— Goan, non? —jakin nahi izan zuen Carvalhok—. Goako lurraldea Gipuzkoa eta Bizkaia bat eginda bezain handia da.
— Goako Panajin.
Panaji, usain hori, eta etxe koloretsu eta txikien dedalo bat, pildaz jantzitako arlote europar gazte bat ontzi batekin, Mandovi ibaiaren estuarioaren nasa gainean. Konturatzerako norbaitek manta batean bildutako bi urteko ume bat jarri zion beso artean. Erremediorik gabe, berandu iritsi izanaren usaina.
— Ez naiz xehetasunetan sartuko. Irudika dezakezu. Minaz gain, esamesarako aukera eta kontakatiluen bazka, berria zabaldu zenean. Gipuzkoako familia onenetako baten alaba hilik, Indian, droga menpekoa zelako. Hori 1984an izan zen. Lilik 22 urte zituen, nik 25. Oso batuta geunden...
Bere hitzak zuzendu zituen berehala.
— ...bueno, orduan bertan ez; baina elkarrekin hazi ginen. Imajina dezakezu...
— Hura ere tenisean aritzen zen?
— Ez... Surfean aritu zen, umetan, eta oso ona zen, gainera; baina kirola egitea zozokeria iruditzen zitzaion.
Emakume hura poliedrikoa zen. Orain ezpain bazterrek beherantz tiratu zioten, keinu anker bat osaraziz, espresionismo nordikoak pinturaren historiari egin dion ekarpena handiagotu nahiko balu bezala.
— Amak ezin izan zuen gainditu. 1988an hil zen, minbiziz. Penak probokaturiko minbiziz, ez daukat dudarik. 53 urte baino ez zeuzkan. Han joan zitzaigun Herbehereetako Armadako Van den Berg jeneralaren alaba harro eta ederra, mundua aise kontrolatzen ahal zuen zaldia zela uste zuena.
Lupek begiak heze zeuzkan.
— Orduan, Uriartek hitz egin dizu Liliz?
— Eta zure anaiak.
Guadalupe Agirreri oihua izatera iritsi ez zen higuinezko intziri bat irten zitzaion.
— Nazkagarri hori. Uste izatekoa zen.
Berehala berrosatu zuen piura, hala ere.
— Lili oroitzapen mingarri bat da agirre van den bergtarretan. Ez dakit zer asmo duen nire anaiak halako kontuak astinduta. Matias ume mainati bat baino ez da.
— Politikan sartzeko asmoa omen du.
— Gaixo politika. Lehenaz gain, orain hau.
Carvalhok zaleak pozik jartzeko fitxatu diren futbolariek egiten dutena egin zuen: hutsunea ikusi eta baloia jaurti.
— Uriarteren arabera, Matias minduta dago aitak zu aukeratu zintuelako enpresa zuzentzeko.
— Hori esan dizu Uriartek? —harridura egiazkoa zirudien.
— Esan... Horixe iradoki nahi zuela iruditu zitzaidan. Zure aita orain sei hilabete hil zela esan zidan.
— Bai, hala da...
Sei hilabete zirela aipatzeak errealitatera jaitsi balu bezala izan zen.
— Sei hilabete dagoeneko! Sei hilabete jada eta bere gauza guztiak ez ditugu konpondu oraindik...
— Kaixo, Lupita, aspaldiko.
Matias Agirreren tonuari ironia leuna zerion. Astegun baten arratsaldea zen, eta Guadalupe gutxitan egoten zen astegunez baserrian. Ez zen oso probablea Matias familiarena izandakoa eta orain Luperena zen baserriraino joan izana bertan aurkituko zuelako segurtasuna eduki gabe. Horrek aztoratu egin zuen: norbaiti aginduko zion atzetik jarraitzeko? Telefonoa kontrolatuko zion? Biak baserriaren atean zeuden.
— Kasualitate hutsez harrapatu nauzu —tonuak aho zorrotzeko labana baten oihartzunak zituen—. Nola jakin duzu gaur baserrian nagoela?
Matias Agirrek kezkarik gabeko barrea egin zuen, bere arrebaren umore txarrak ez zuela inpresionatzen erakusteko lez.
— Zer moduz Bego? —galdera laņo bat zen, baina Lupe Agirreren aurpegiko azala tenkatu zen.
— Ez zinen honaino etorriko Bego zer moduz dagoen galdetzera, ezta?
— Zurekin hitz egin behar dudalako etorri naiz —arrebaren galderei erantzun gabe, Matiasek—. Zer, ez didazu esan behar barrura pasatzeko?
Guadalupe alde batera baztertu zen, ate irekia libre utziz anaia pasa zedin. Ordurako ez zuen zalantza handirik bisitaren zergatiaz.
Baserria muino batean zen, nondik itsasoa urrutian ikusten zen eta hondarribi zuriko mahasti hurbilen usaina aditzen. Baserria xix. mendekoa zen, baina xx. mendearen bigarren zatian agirretarrek erreformatu zuten lehen aldiz, eta ez ziren urte asko bigarren erreforma egin ziotela, Guadaluperen ekimenez bigarren honetan. Ez zen agirretarren jatorrizko baserria, berez. Luperen aitak erosia zen, Van den Berg amak, Herbehereetako Armadako jeneral baten alabak, itsasoa gertu behar zuela jakinarazi zuenean.
Guadalupek ezkaratzera pasarazi zuen anaia. Beheko plantan ipar-ekialdera ematen zuen sukaldea zegoen, nondik Santa Klara aise ikusten zen, lanbro zarratuko egunetan izan ezik. Zabala eta argia zen, eta bigarren erreforma eta gero, suak erdian zeuzkan, irla eran. Kobrezko ontziteria, diseinuzko baxerak eta basoak, burdinazko zartaginak, Jean Vierrek berarentzat esklusiboki diseinatutako mahai eta esku-zapiak eta mandarrak, dena zegoen bildua eta txukuna, gauza bakoitza bere tokian.
— Zer, ez didazu jateko eta edateko ezer aterako, ala?
— Ez.
Guadaluperen erantzun zakarrak ordura arteko itxurakeria zapuztu zuen. Matiasek hasperen egin zuen.
— Tira, hobe horrela. Zuzenean joango naiz harira.
— Horixe —gonbidatu zuen Lupek—. Goazen harira.
— Detektibe bat kontratatu duzula jakin dut. Detektibe katalan ospetsu bat.
— Bai. Eta?
— Dirua botatzen ari zara. Gainbehera doan berritsu bat da.
— Hala uste duzu?
— Bangkokeraino joan behar izan zuen enarak deskubritzera.
— Detektibe bat kontratatu dut, ez ornitologo bat.
— Euskaldunen gaineko topiko guztiak erabiltzen ditu. Astapotroak, kulturarik gabeak eta basatiak garela deritzo.
— Beharbada ez zaio arrazoi pixka bat falta.
— Zergatik eta zertarako kontratatu duzun jakin nahi dut.
Lupek ez zuen erantzun. Matias Agirrek hasperen egin zuen.
— Niregatik egingo ez baduzu, egin Saioarengatik.
Su bizi batek hartu zituen Guadaluperen begiak oraingoan.
— Saioa!? Familiaren lotsabidea!? Saioa ez aipa, otoi! Ez duzu Saioaz ezer jakin nahi izan urteetan, eta orain Saioa?
Matias Agirrek zartagin handi bat hartu zuen, paretan eskegita zegoen tokitik, eta eskuan erabili zuen, bi aldeetatik aztertuz; zilarrezko giderra zuen kobrezko zartagin eder bat zen. Ukabil kolpe leun batzuk eman zituen zartaginaren ipurdian. Gero haitzurdinezko sukalde-gainekoan pausatu zuen, poliki, barruan hazten ari zitzaion amorrua kontrolatzeko ahalegina eginez.
— Ahazten duzu Saioaz dena ezkutatu zenigutela aitari eta bioi?
— Ene! Eta zenbat urte dira dakizunetik?
— Baina aitari...
— Utzi aita bakean! Aitak ezin izango zuen eraman, baina zuk, zuk...
— Nik zer?
— Urte hauetan guztietan zuk ez duzu hatz bat bera ere mugitu Saioari eta Begoņari laguntzeko. Eta orain horrekin zatoz, zer eta Donostiako alkatea izan nahi duzulako?
Matias Agirrek nekez jasan zuen Guadaluperen hitzen haserrea eta ironia karga, baina eutsi egin zion. Politikan sartzea erabaki zuenetik zenbait ikastaro azkar egindakoa zen. Lehen araua, zioten irakasleek: herrak edo kolerak ez diezazutela informazioa lortzea galarazi.
— Nola erabili nahi duzu detektibea afera honetan?
— Hori zuri ez zaizu inporta.
— Inkesten arabera ez omen gaude hain gaizki. Baina ilegalizatuen botoa behar dugu, bestela ez gara iritsiko.
— Logika horietatik aparte bizi naiz.
— Ilegalizatuen boto-emaileek, boto-emaile zenbaitek bederen, botoa ematen ahalko liokete agirretar bati, beharbada, duten aukera bakarra hautetsontzian balio ez duen papera sartzea denean.
— Zuk esaten baduzu...
— Bakar batek ere ez dit botoa emango, ordea, aita zenaren azken borondatea betetzen baduzu, eta badakizu!
— Hori ez da nire arazoa.
— Aita hil zenean, ez zekien alkategai izendatuko nindutela! Uste duzu, jakin izan balu, hori nahiko zukeela?
Guadalupe Agirrek burua mugitu zuen, ezker-eskuin, Matias partida galdutzat eman nahi ez zuen aurkari temoso bat balitz bezala, galduko duen arren beste set bat jokatzera behartuko zuena.
— Asko jota, hilabete batzuk atzeratzen ahal dut erabakia, hauteskundeak pasatu arte. Ez dakit ba —kalkulua egin zuen—. Lau hilabete?
Matiasek lehen haitzurdinezko sukalde-gainekoan pausatutako zartaginari giderretik heldu eta lurrera bota zuen, amorruz. Kalapitak ez zuen Luperen aurpegiko keinua aldarazi.
— Lau hilabete! Badakizu lau hilabete atzeratzeak ez duela ezer konpontzen! Esaten ari naizena da ez dugula bete behar aitaren azken borondatea! Ez orain, ez lau hilabete barru, ez inoiz!
— Hori ezinezkoa da.
— Enpresan zure morroi bihurtzea aski ez, eta nire bidea egitea galarazi behar didazu?
— Ez zenuen politikan sartu behar.
Hitzak krispazioak erdi itota atera ziren Matias Agirreren ahotik.
— Hemendik alde egiteko esan behar diozu Carvalhori.
— Horregatik afaldu zenuen berarekin lehengoan? Alde egin dezan eskatzeko?
— Zu zara bere bezeroa. Zuk eskatu behar diozu.
— Ezta pentsatu ere.
Guadalupe Agirre, pistaren hondoan, pilotakada truke gogor baterako prest dagoen tenislaria zen. Matias Agirreri amorruak galarazten zion pilotaren ibilbidea argi antzematea.
— Oso oker zaude, arrebatxo, uste baduzu besoa besoaren gainean geratuko naizela gure familiaren izen ona lokaztietatik arrastaka daramazun bitartean.
— “Arrebatxo”? Ironia faltsu horrek ez dizu ongi ematen, batere ez.
— Borondate horiek ez ziren gure aitaren borondateak. Ganora eta burua galdutako agure batenak ziren. Gure aita izandako agure batenak.
— Bere onean zegoen diktatu zituenean, notarioak fedea eman dezake.
— Bere onean? Hori —mespretxu guztia bilduz ahoskatzen zuen—, eta hori gutxi balitz, hori gutxi balitz, zu... —Matias, egonarria galtzear era nabarmenean.
— Berriro matraka horrekin?
— Bere onean egon izan balitz, ez zintuen enpresaren kargu jarriko!
— Aita oso bizkorra zen.
— Zu bezalako, zu bezalako... —Matiasen asaldua gero eta nabarmenagoa zen; gero eta puntu more nabariagoa jartzen ari zitzaion bisaian.
— Hara! —Lupe hatz puntekin loria ukituz, puntua eta partida berea zela konturatzen zenean bezala—. Horrekin hasi behar al duzu orain?
Beheko ezpainak dardara egin zion Matiasi, eta berbarako ezgai utzi.
— Nik lagunduko dizut esaldia bukatzen. Zu bezalako puta bat? Zu bezalako lesbiana bat, ausaz?
— Lupe, arren!
Bultzadatxo bat baino ez, ukitu suabe bat baino ez, saretik bertatik egin beharreko bolea erraz bat, eta partida berea zen.
— Berriz diot: zure nahietara makurtuko naiz Donostiako alkatea izan nahi duzulako?
Matiasen eltzea jasan zezakeen presioaren mugan zegoen, eta zapart egin zuen, ikastaro guztiak gainetik eramanez.
— Donostiako alkatea izan nahi dudalako eta potroetatik ateratzen zaidalako! Izorratu nahi naute, non eta nire etxean, nork eta nire arrebak!?
— Hara! Atera da matxoa!
Matias Agirre sekula politikari on bat izango ez zen ebidentziak tristatu zuen Lupe.
— Aita zenaren borondatea betetzen ari naiz, eta ez nauzu horretatik apartatuko —bere azken hitza zen.
Matias Agirrek sukaldea eta ezkaratza zeharkatu zituen urrats handietan eta alde egin zuen, deus gehiago esan gabe, danbatekoa jota. Bere arreba Lupe, ordea, baserriko ateraino joan zen, lasai, eta portxedun atetik behatu zuen anaiak maniobra nola egiten zuen, bere Mercedes Benz C 180 Kompressor-a aparkatuta zegoen baserri aurreko plazatxo modukotik atera eta errepidera sartzeko.
Matias Agirrek baserria utzi eta ordu laurdenera, Guadalupe Agirrek baserriko atearen aurka bermatuta segitzen zuen, paisaiari begira. Hura bezalako arratsaldeak zituen gustuko. Hodei ugariek zerua erabat estaltzen zuten arren, hego haizea zebilen eta, horrelakoetan askotan legez, ikuspena bereziki gardena zen. Itsas bazterreko elementu geografiko bakoitzaren profilaren ertzak ezin garbiago ikusten ziren, marrazkilari trebe bat entretenitu izan balitz bezala haitz, mendi, pentze edo zuhaitz bakoitzaren silueta airezko arkatz batez errepasatzen. Hodeiak ugariak baina altuak zirenez, Lupe Agirrek Santa Klararen ertz ongi definituak begiratzen ahal zituen, soa Jaizkibelen mazeletan, Aiako Harriaren konkorretan eta Larhungo gainetan galdu baino lehen. Denbora luzea zen ez zituela aintzat hartzen bere anaiaren purrustadak eta umekeriak.
Beste auto bat hurreratzen ari zen itsasaldetik zetorren errepide asfaltatu eta estutik. Lupe Agirrek irribarre egin zuen; Uriarteren bmwa zen, eta haren zain zegoen.
Uriartek autoa aparkatu zuen eta Luperi bi musu eman zizkion masailetan. Honek Uriarte barrura pasarazi zuen, ate ondoko ezkaratza zeharkatuz. Behin hura zeharkatuta, ezkerretara hartu beharrean, non sukaldea baitzegoen, eskuinera, mendebalde aldera, alegia, ematen zuen egongela zabal batera eraman zuen. Egongelako mendebaldeko muturrean beirate handia zegoen, eta hondoan larruzko bi besaulki. Han eseri ziren biak.
— Zure anaiarena zen ziztuan gurutzatu dudan autoa? Gidatzeko moduagatik, haserre zirudien. Hemen egon da?
— Ustekabean agertu da. Ez dakit nola jakin duen hemen nintzela.
— Norbait edukiko du zure atzetik, zu kontrolatzeko?
Guadalupe Agirrek ezaxola erakusten zuen keinu bat egin zuen.
— Horrenbesterako gauza da.
— Zer nahi zuen? —jakin nahi izan zuen Uriartek.
— Ezer ez. Alkatea izango dela uste duenetik inoiz baino jasangaitzago dago.
— Matias alkate? Ikusiko dugu.
— Gogoan dut aitak alkate bati buruz, ez dakit nongoa, ordea, kontatzen zuena. Alkate izendatu zuten, eta haren aitak zera esan omen zuen: seme gizajoa, etxean badakigu ergela dela; orain herri guztiak jakingo du.
— Eragotziko diozu?
Guadalupe Agirrek ez zuen erantzun. Anaiaren etorkizun politikoa bere eskuetan zegoen, baina Uriartek ez zuen detaile guztien berri zertan jakin. Uriartek, bere aldetik, beste gauza batzuk zekizkien.
— Hor zehar entzun dut presionatzen ari direla dimiti dezan. Pentsatu dut zerbait jakingo zenuela.
Guadalupek ez omen zekien ezer.
— Presionatu dimititzeko? Nork presionatu?
Uriartek gorantz mugitu zuen burua, Matias Agirreren dimisiorako presioa zerutik baletor bezala.
— Ez da zaila imajinatzea.
— Orduan, horregatik etorri zait hain errabiatua.
— Eragotziko diozu, beraz.
— Agian ez da beharrezkoa izango nik ezer egitea.
Uriarte atezuan jarri zen, Guadaluperen komentarioak zeukan atzealdearen nolakoa jakitun.
— Orduan ez dago bueltarik.
— Carvalho kontratatu nuenez gero, ez dago bueltarik. Eta Carvalho aipatzen ari garela: zer deritzozu?
— Eskarmentuko gizona da.
— Zer esan nahi duzu, zehatz?
— Esan nahi dut haren pazientziak muga bat edukiko duela. Galde eta galde ez ari zait ba, ea noiz eskatuko diozun egiteko hamar mila euro balio duen zerbait.
— Pixka bat gehiago itxarotea dauka. Honek ez du luze joko.
— Bitartean ez du denbora galdu. Pentsa, Loitegik ere bisita egin dio.
— Zer edo zer aipatu zidan. Loitegi…
— Zure anaiak bidalita?
— Nik al dakit.
Guadalupe Agirre pentsakor geratu zen. Ordura arte ez zuen gehiegi pentsatu bisita hartaz. Loitegik zer paper jokatzen zuen ezin antzeman zuen. Bazitekeen Matias anaiak Loitegi limurtu izana, baina zekienez, Loitegik hari zuzena zuen Matiasengandik oso gainetik zegoen goiko erpineko jendearekin. Non ez bazen hasi, denborarekin, interes propioak kudeatzen.
— Hortaz, aurrera egingo duzu —bota zuen Uriartek, jakinik huraxe zela atzera egiteko azken abagunea.
— Aitari horrenbeste zor diot. Ez dut beste aukerarik.
Uriartek hasperen egin zuen.
— Carvalho aipatu duzunez...
Guadalupe Agirrek bekainak goratu zituen, eta keinu horrek bildu zuen galdera mutua.
— Begira, Lupe, nik ez dakit zehatz zein diren zure aitaren azken borondateak, haren gutuna irakurri ez dudanez, baina…
— Agian imajinatzen duzuna baino okerragoa da.
— Bai ote? Badakit agirretarren berri, eta suposatzen dut, gutxi gorabehera, gauzen nondik norakoa zein izan daitekeen. Baina...
Guadalupe Agirrek zehatz eta labur aritzea maite zuen Uriarterengan. Atzera-aurreraka hasten zenean urduritu egiten zen.
— Esan esatekoa, Pello.
— Beharrezkoa zen Carvalho nahastea honetan? Kanpotar bat? Hemen baduzu norekin fio izan. Nirekin, urrutirago gabe. Eta zutaz ezer ez dakien batez baliatu nahi duzu?
Lupek eskuak jeansen atzeko patriketan sartu eta itsasora begiratu zuen, Uriarte han ez balitz bezala.
— Utzidazu hau nire modura egiten.
— Lupe, ez naiz ezbaian jartzen...
Guadalupek esku bat altxatuta isilarazi zuen.
— Lehena: profesional bat da. Ospe handiko profesional bat. Bigarrena: desagerketa kasuetan lan egin izan du. Urte asko ez direla oraindik desagerketa baten kasuaz arduratu zen Buenos Airesen. Eta hirugarrena...
— Hirugarrena...?
Guadalupek Uriarterengan iltzatu zituen bere begi gris argiak, emozio guztiak kontrolpean.
— Hirugarrena, zuk akats moduan juzgatzen duzuna, abantaila bat da: atzerritarra da. Atzerritarra da, ez dauka hemengo berri, ez dauka aldez aurretiko baten aldeko edo bestearen aldeko interesik historia honetan. Dena kutsatzen duen gure giro itogarri honetatik aparte dago, garbia da. Eta neronek kontratatu dut.
Uriartek hasperen egin zuen.
— Pentsatu duzu zure aitaren azken borondateak edukiko dituen ondorioen gainean? Nola hartuko du Begoņak?
— Horixe da delikatuena.
— Eta Saioa?
— Saioa gaztea da eta gaindituko du.
Uriartek zalantzazko keinua egin zuen. Guadalupe saiatu zen aierua garaiz mozten.
— Dena kontatuko diogu, poliki-poliki.
Anaia aurrera aterako zen alkate izan gabe ere. Eta bera? Bera nola geldituko zen? Kostu pertsonalak arduratzen zuen, ez dimentsio publikoak. Begoņak ongi onartzen bazuen... Letorkeen bagaren zipriztinek harrapatuko zuten, noski, baina ezer ez zen aldatuko bere bizimoduan; are, zirkulu batzuetan prestigioa irabaz zezakeen. Eta, txarrenera, ezagutzen zuen prentsan bere irudiaren aldeko kanpaina egiteko prest egongo zen kazetari pare bat.
— Ondorioen gainean pentsatu dudan? Ez dut beste ezer egin joan diren sei hilabeteetan.
Etortzear zen udaberriko eguzki herabe baten printzek, goi lanbro arin eta solte batzuen iragazkitik igarota, argitzen zituzten etxeen, hiriko altzarien eta itsasontzien ertzak, akuarela naif bateko trinkotasun badaezpadakoa emanez paisaiari. Pio Barojak arrazoi zuen, iparraldeko eguzki hark ez zuen itsutzen, hegoaldeko eguzkiak bezala, eta koloreak eta bolumenak ņabartu egiten zituen.
Goiz zen, eta Carvalhok ostatua hartua zuen pentsioko atarian zain zegoen Uriarte:
— Gaur Begoņa Martinez Urbistondo bisitatzera goaz. Har dezagun kafe bat, inporta ez bazaizu.
Kaleaz beste aldeko taberna batera joan ziren.
— Ulertu nizun oso gaixo zegoela eta ez genuela molestatu behar.
Uriartek bizkarrak harrotu zituen, esaneko.
— Ugazabaren agindua da.
Taberna batera sartu ziren eta bi ebaki eskatu zituzten.
— Esadazu, Uriarte: zer da Agirre zaharrak utzi zuena, zer afera, zer arazo, Lupek sei hilabetean konpondu ezin izan duena?
Uriartek bekainak arkutu zituen, ustekabean harrapatua, kafe kikara ezpainetarako bidean zihoanean. Diskrezioaren bidetik jo zuen.
— Familiako gauzak. Ni enpresako kontuez baino ez naiz arduratzen, eta hura dena ongi lotuta utzi zuen Agirre zaharrak, bai horixe.
— Zer nolako gizona zen?
Uriartek kikara barra gainean utzi eta ukondo bat bermatu zuen bertan.
— Nik ez nuen hainbeste ezagutu. Bost urte neramatzan enpresan hil zenean, eta ez nintzen bere konfiantzazko zirkulukoa. Hori gero etorri zen, Lupek zuzendaritza hartu zuenean.
— Inpresio orokor bat edukiko duzu, gutxienez.
— Bai, inpresio orokor bat bai. Enpresari paternalista horietakoa zen. Oso langilea eta delegatzen ez zuena. Autoritarioa, larderiatsua. Egunero goizeko seietan fabrikan egoten den horietakoa. Borrokalari bat.
— Zer moduz moldatzen zen aitaginarrebarekin, Herbehereetako Armadako Van den Berg harekin?
Irri burlati batek kirik egin zuen Uriarteren begietan.
— Lupe deitzen diozu, aitaz kezkatzen zara… Lurreratu berri, eta ez duzu aukerarik galtzen familian sartzeko, e?
Carvalhok bi ebakiak ordaindu zituen Uriarteri begiratu gabe, ironiari entzungor, eta erantzunaren zain.
— Ongi moldatzen ziren. Esango nuke Van den Berg zaharrak errespetu berezia ziola enpresa kuartel bat bezala eramaten zuelako. Van den Berg zaharra militarra zen, itsas armadakoa.
Isildu egin zen, hurrengoa esateko zalantzatan balego bezala.
— Baina alferrik ari zara. Dibortziatu zenetik, eulitzar asko ibili zaio atzetik, arrakastarik gabe.
Carvalhok urguilu zauritua inpostatu zuen:
— Zer, bere tipoa ez naizela iradoki nahi duzu, ala?
Uriartek barre egin zuen, erantzun bakar.
— Eta zer tipoa da berea? Deustuko ekonomialari bat, zu bezalakoa?
— Jakingo banu ere, ez nizuke esango —alkandoraren lepora ailegatu aitzin hil zen barrea egin zuen—. Zurrumurruak entzuten dira, baina.
— Zer zurrumurru klase?
— Denetarik. Aukeran daukazu: emakumeak gustatzen zaizkiola; Brad Pitten adiskidea egin zela hau Zinemaldira etorri zen batean. Tenislarien artean ere maitaleak dauzkala. Batzuek Sampras aipatzen dute; beste batzuek Björn Borgek behin baino gehiagotan gaua pasatu duela Kontxa aurreko atikoan... Conchita Martinez... Gero politikariak daude, bankariak, enpresariak...
— Gaurgero detektibe pribatu bat ere bai, ezta?
— Oso litekeena. Hau herrixka bat da.
Ez zirudien Uriartek topikoari eman ohi zaiona baino balio handiagoa eman nahi zionik esaldiari, baina Carvalhoren bihotzean iltzatu zen, daga traidore bat bezala. Hura herrixka bat zen, eta bera, herrixkako tontoa. Sei hilabete lehenago hildako aita bat, zeinaren azken asuntoak oraindik itxi gabe baitzeuden; herriko alkate izan nahi zuen seme oldarkor bat; 20 urte lehenago desagertutako militante bat, eta Carvalho bilaketa ezinezkoan —desagertutakoaren neska desagertuaren bila— bidali zuen alaba bat... Dena aurresku solemne baten soinu bandan bildua, eta pintxo ederrez lagunduta. Batzuek eta besteek batetik bestera garraiatzen zuten zaku bat bezala sentitu zen Carvalho, detektibe pribatua barik, detektibe pringatua. Pazientzia errezetatu zion bere buruari, ordea. Hura guztia nora zihoan jakiteko garaia iritsiko zen. Bitartean, emandako txekea kobratua eta bere kontuan sartua zen. Hariari eutsi zion.
— Herrixka bat, Versailles aire batekin.
— Versaillesen ere zakurrak oinutsik.
— Izan ere.
Uriartek tabernako atea seinalatu zuen.
— Goazen. Luperen bila joan behar dugu.
Uriartek hurbileko parking batean zeukan bmwa. Autoa hartu eta Luperen bila pasatu ziren, bi gau lehenago Carvalhok ezagutu zuen atikoaren ataritik. Uriartek gidatu zuen, Guadalupe ondoko eserlekuan zihoan, eta Carvalho atzean.
— Santa Agedara goaz.
— Eta oso urruti da hori?
— Ordubetera ez da iristen.
Bidean jakinarazi zioten Santa Agedan xix. mendean gertatutako magnizidioaz.
— Han hil zuten Canovas del Castillo 1897an. Beharbada datua ezagutuko duzu.
Uriartek hartu zuen hitza, probokatzeko:
— Ez al zen Canovas izan esan zuena, Espainiaren onerako, Bartzelona berrogeita hamar urtean behin bonbardatu behar zela?
Guadalupek Uriarteri begiratu zion, teniseko bikoitz bateko lagunak jokaldi bihurri bat garaiz kanpo egin nahi izan balu bezala.
— Ez arduratu, Lupe. Carvalho jauna eta biok adiskide onak izateko bidean gaude.
— Hori Esparterok esan zuen —argitu zuen Carvalhok, Uriarteren adiskidetasun aldarriak ontzat emanez—. Canovas izan zen espainiarren definizio konstituzionala eman zuena: espainiarra da beste gauza bat ezin izan daitekeena.
Ordubete baino lehenago Arrasateko Gesalibar auzoan zeuden. Eraikin erraldoiak ezagun zituen xix. mendeaz geroztik garai zehatz bakoitzari loturiko funtzio aldaketek utzitako arrasto arkitektonikoak. Canovas hil zuteneko galeria baino ez omen zen geratzen jatorrizko egituratik.
Iritsi zirelarik, azkar eduki zuten gorbatadun pare bat harrera egiten. Bat kudeatzailea zen, esan zuenez, bere burua aurkeztu zuenean; bestea, zentroko zuzendaritza medikoa eramateaz gain, Begoņaren tratamenduaz pertsonalki arduratzen zen medikua zen, Plaza doktorea. Bistan zen Lupe Agirrek ahaidetasunez tratatzen zituela biak, enplegatu bat tratatzen den moduan; Carvalhok kalkulatu zuen enpresariak eskupeko ederrak utziko zituela zaintza etxe haren kutxan.
Elkarren aurkezpenak egin zituzten. Ohiko diosalen ondoren, kudeatzailea gonbidatu garrantzizkoentzat gordetzen zuen erretolikarekin hasi zen:
— Balnearioa 1825ean ireki zen; 1872-76ko Karlistadan karlisten gerra ospitalea izan zen...
Carvalhok entzun zuen azalpena kasu handirik egin gabe. Bitartean, hormetan, han eta hemen paratutako txartelen testuak irakurri zituen: Erizaina, erizaina baino gehiago da: laguna da. Gaixoa gaixoa baino gehiago da: gizakia da.
Une horretan kudeatzaileak, zeinari Carvalhok kalkulatu baitzizkion 4.000 hilean, hamalau paga urtean, gorbata justifikatu behar zuela iritzi bide zion.
— Egonaldi ertainak eskaintzen ditugu, gaixotasun mental kronikoa duten eriei zuzenduta.
— Leopoldo Maria Panero, kasurako.
Kudeatzaileak harriturik begiratu zion Carvalhori.
— Panero jada ez da hemen.
Medikuak gaiaz beste egin zuen.
— Plaza doktorea naiz. Beharbada Carvalho jaunari interesatuko zaio...
Plaza saiatzen zen igartzen noraino joan zitekeen azalpenarekin. Guadalupe Agirrek azalpenaren mugak ezarri zituen, lehen begiz eta gero hitzez.
— Noski, Plaza, noski. Carvalho jauna konfiantzazkoa da eta badaki Begoņa gaixo dagoela, haren eritasunaren ezaugarriak ezagutzen ez baditu ere.
— Ongi da. Saiatuko naiz azalpen, nola esan, dibulgatiboa egiten.
Plazak eztarria garbitu eta ekin zion.
— Ebidentzia zientifikoak iradokitzen du, eskizofreniak osagai genetiko hereditario garrantzizkoa duen arren, koadro klinikoaren hasiera lotuta dagoela, oso lotuta ere, estresarekin edo egoera estres-eragile zehatz baten faktoreekin.
Esana zen, behingoz. Carvalhok inolako erreakzio berezirik gabe jaso zuen datua. Konforme, Begoņa Martinez Urbistondo eskizofrenikoa da. Horrek esplikatuko zuen, nonbait, ordura arte bere bezeroak eta haren ingurukoek Begoņari buruz erakutsitako ilunkeria. Arreta jarri zien Plaza doktoreak esandako azken hitzei:
— Esan nahi duzuna da anaiaren desagertzea izan zela koadro klinikoaren piztailea? —ausartu zen.
— Ezin daiteke segurtasun osoarekin esan, baina hala dirudi, kontuan hartuta lehen sintomak desagertu eta hilabete gutxi batzuetara agertu zirela.
— Zer sintoma?
— Sintomatologia oso aldakorra da pertsona batengandik beste batengana: delirioak, haluzinazioak, bat-bateko umore aldaketak, diskurtso inkoherentea, abulia, bipolaritatea, jokabide biolentoak... Praktika klinikoan, eskizofreniaren aberastasun sintomatikoak aise gainditzen du diagnosi irizpideen eskuliburu guztien edukia. Interesa edukiz gero, Begoņari buruzko txosten osoa erakusten ahal dizut.
— Senda liteke? —jakin nahi izan zuen Carvalhok.
— Ez, baina tratamenduak eraginkorrak ohi dira. Errehabilitazio programa on batekin eta farmakoekin bizitza aski normala egin daiteke. Asaldura konplexua denez, aplikatu beharreko tratamendua askotarikoa da, ikuspegi psikosozial batekin egindakoa, ospitaleratze luzeegiak saihesteko.
— Orain musikoterapiarekin hasi gara, ezta, Plaza doktorea? —esan zuen Guadalupek, medikuaren eta detektibearen arteko elkarrizketan sartuta.
— Bai horixe. Musikoterapia esperientzia musikalak erabiltzen dituen ikuspegi terapeutikoa da. Eriari laguntzen dio bere gaitasun emozionalak eta harremanetarakoak hobetzen. Egoera mentala eta egoera orokorra hobetzen ditu.
— Sartuko gara Begoņa ikustera? —Lupek proposatu, medikuari eta Carvalhori begira, hurrenez hurren.
— Zergatik ez?
Begoņa Martinez Urbistondo pergaminozko azala bera baino handiagoa ematen zuen gitarra baten atzean ezkutatzen zen emakume bat zen. Egindako musikoterapia azken saioaren arrastoa ei zen gitarra.
Bi emakumeek, Lupek eta Begoņak, elkar besarkatu zuten, Carvalhori tentsio erotikorik gabea iruditu zitzaion besarkada batean.
Biak bereizi zirelarik, Uriartek eskua jarri zion sorbalda gainean, diosala egiteko, eta Begoņak lipar batez heldu zion eskuari, agurrari erantzun eginez. Carvalho konturatu zen keinu horrek adierazten zuela Uriarteren bisitak ez zirela ezohikoak.
Nabaria zen Begoņak negar egin zuela berriki. Emakume txikia zirudien, ile beltz-luzekoa baina dezente urdindua, motots batean bildua. Carvalhok pentsatu zuen beharbada ez zela hain txikia, eta inpresio hori jarreraren ondorioa zela; izan ere, bere gorputzaren ardatzaren inguruan bilduta zegoela ematen zuen.
— Hau Pepe Carvalho da, aipatu nizun detektibea.
Carvalhok fruitu heldu bat bezala besotik zintzilik zegoen esku bat tinkatu zuen. Inoiz batean Begoņa hura neska ederra izango zen, enurarik gabe. Carvalhok ezin izan zuen galarazi bi emakumeak alderatzea: ederra, ongi proportzionatua eta osasun betean Lupe; ondoan, haragi hondatu batzuen multzoa baino askoz gehiago ez zen Begoņa. Oso litekeena zen, ordea, biek hogei urte zituztenean mutilek batari besteari bezain ederra iriztea. Begoņaren masailak puztuta eta artifizialki gorrituta zeuden musikoterapia baino fuerteagoak izango ziren farmakoengatik, eta begien hondoan dena suntsitzen eta deboilatzen duen txerrenaren lauhazkaren distira estrainio bat geratzen zitzaion.
— Lagundu egingo digu anaia bilatzen. Ikusiko duzu. Dena ongi aterako da oraingoan.
Esaldiak Begoņaren malkoak erauzi zituen, baina ez zuen ezer esan. Mututasuna, ausaz, Plaza doktoreak aipatu zuen eskizofreniaren aberastasun sintomatikoaren agerpen bat zen, besterik ez. Lupek berriz besoen artean hartu zuen Begoņa eta estutu egin zuen. Carvalho errudun sentitu zen, beharbada bera izan baitzen, ekitearen ekitez, suntsipen intimo horren erakustaldia probokatu zuena.
Carvalhok Uriarteri begiratu zion eta honek atenditu zuen laguntza eske mutua. Biak gelatik irten ziren.
— Esan nizun ba. Begoņa gaizki dago.
— Esperantza faltsuak ematen ez da hobetuko.
— Lupek asko lagundu dio: tratamenduak ordaindu dizkio, lanean lagundu dio lanerako denean, diruz ere babestu du, zuzenean... Batzuetan bolada onak izaten ditu, eta orduan pertsona atsegina da; baina gaixotasunak eraso gogorra egiten dionean... Fisikoki ere ez dago hain ondo, aski higatua baizik.
— Jakin nahi duzu gauza bat, Uriarte? —esaten hasi zen Carvalho—. Lupek hona etorriko ginela esan zuenean, ordura arte ipuin polit bat kontatu zidala uste izan nuen; alegia, behin etorrita jakingo nuela, benetan, zein zen egin behar nuen egiazko lana. Eta egiazko lanak ez zuela zerikusirik izango desagertu baten arrebarekin, eta kontu horrekin guztiarekin.
— Horregatik nahi zenuen kosta ahala kosta Begoņa ikusi?
— Normalena ikerketa hortik hastea zen.
— Eta zure ustez, orduan, jokoa zertan zen?
Carvalhok sorbaldak uzkurtu zituen, garrantzia kenduz bezala.
— Nik zer dakit! Terrorismoaren lakra, zerga iraultzailea... gauzak hortik joango liratekeela imajinatu nuen.
Uriartek barre ozen bat egin zuen, zeinari erdeinuzko lorratz urrun bat atxiki baitzitzaion.
— Ederki geundeke halakoak konpontzera Kataluniaraino joan beharko bagenu.
Carvalhok jauzi egin zuen Uriarteren burlaren gainetik. Burura etorri zitzaion, une batez, Lupek nola konponduko lituzkeen halako arazoak galdetzea; baina ez zen izan galderarik egiteko bezain tontoa.
— Hala izango da, noski. Baina hala ere, zuen laurogei belaunalditako amonen pisuak konpontzen uzten ez dizuen zerbait konpontzeko deitu didazue.
Izan ere, Uriarteren burla aireak ez zion onik egin.
— Eta orain zer uste duzu? —Uriarte jasaile zaildua zen.
— Ez dakidala ideia ona izan den zaintza etxe honetara etortzea. Beharbada ez zen beharrezkoa.
Lupe une hartan ateratzen ari zen Begoņaren gelatik. Carvalhok argi ikusi zuen hark ere negar egin zuela, baina lasaitasunaren maskara zeukala jantzita berriz ere. Negar egin izanak areagotu zion, ordea, lasai zegoenean ere zeukan etsipen puntu nordiko, espresionista, Munchen erako hura.
Carvalhoren azken hitzak airean harrapatu zituen, ordea.
— Alderantziz, Carvalho, alderantziz. Guztiz beharrezkoa zen zu gaur hona etor zintezen.
Pepe Carvalhoren oroimen gastronomikoan bazen, Casa Leopoldo ezagutu zuenekoaz gain, haurra zeneko beste mito bat. Gogoratzen ez zituen arrazoiak medio, bere aitak, behin, Donostiara joan behar izan zuen, eta harekin eraman zuen. Ezin zezakeen gogoratu zenbat urte edukiko zituen. Zortzi? Hamar? Donostiako Parte Zaharreko taberna batean, zeinaren izena ez baitzuen gogoan, betirako dastatze-oroimenean iltzaturik geratu zitzaion antxoa-tortilla ogitarteko bat jan zuen.
Santa Ageda zaintza etxetik itzuli zirenean, Uriartek eta Lupe Agirrek Bulebarrean utzi zuten, Carvalhok hala eskatu baitzien. Sen ilun eta kontrolagaitz bati segika, Esterlines, Enbeltran eta San Lorenzo kaleetatik ibili zen. Azkenean taberna batean sartu zen. Bere haurtzaroko taberna hura izatea litekeena al zen? Carvalhok ez zekien eta ezin zezakeen jakin, baina galdutako aho-gozoaren bila saiatzea erabaki zuen.
Antxoa-tortilla ogitarteko bat eta Cigalesko gorri bikoitz bat eskatu zituen. Soraiotasunez zipriztindutako melankoliaz jan zuen, gourmet erruki bako baten eraginkortasunaz. Hura zen ogitartekoa, edo ez zen? Hori gutxienekoa zen; berreskuratze saio hura ezinezkoa izan zen hasieratik, kimera baten atzetik ibiltzea lez, eta orain inporta zuen gauza bakarra orainaldia zen, ogitarteko zehatz hura, hortzeria hura, papila horiek, urdailaren egoera jakin hura. Aldaera horien guztien erresultantea izan zen ogitartekoa jateko modukoa zegoela, eta ez zen gutxi. Plazerik onenak beti oroimenekoak dira. Gero desira geratzen da. Oroimena zenbat eta luzeagoa, orduan eta laburragoak desiraren hankak. Beste ogitarteko bat eskatzea edo pintxoak jaten hastea deliberatu zuen bere artean; are, egun hartako bazkaria horretan uztea ere pentsatu zuen une batez. Urdailak borroka bat planteatzen dio burmuinari, eta honelako borroketan, ia beti, inteligentzia praktikoa inteligentzia teorikoari gailentzen zaio.
— Beste antxoa-tortilla ogitarteko bat eta beste Cigales bat. Bikoitza ez, arra betekoa.
Lupe Agirre Van den Berg etorri zitzaion burura. Bistan zen jogurt-jale hark biak elkarrengandik urrundu baino egingo ez zituzketen ohitura gastronomiko aberranteak praktikatu behar zituela. Teresa Marse etorri zitzaion burura, ontsa jateko bidea erakusten saiatu zen azkenaurreko burgeskume zangomehea. Hura oso aspaldi izan zen; ordurako urteak ziren Carvalho ez zela inor —izan gordinjale, izan begano— konbentzitzen saiatzen bere nutrizio galbideetatik aparta zedin. Ni naiz ni eta nire kolesterola, beste filosofo hark esan ez zuen baina dudarik gabe esan nahi izan zuen moduan. Ogitartekoa eta ardo basokada amaitzen ari ziren eta Carvalhok begiratu zituen barra atzeko plantxa eta barra-gaina, Pizarrorena bezalako begirada batekin, gain batetik Peruko lurraldean begia jarri zuen lehen aldian.
— Txanpi, patata eta ziza errazio bana. Eta beste arra beteko bat.
Idi batek bezala jan zuen, erritmo geldoz baina hortz kolpe bakoitzean hutsik egin gabe, eta plateren zokondoak ongi garbituz. Gero uxual kopa eta kafea eskatu, dena edan, ordaindu eta kalera irten zen, pentsiora joateko asmoz. Alkoholak errealitatearekiko luze-laburrak antzaldatu zizkiola konturatu zen, baina esajeratu gabe. Siesta egingo zuen eta beharbada masturbatuko zen Lupe Agirreren ohorez. Posibilitatea behar den seriotasunaz kontsideratu zuen eta konturatu zen ezetz, ezinezkoa izango zitzaiola; norberaren mugak alde batera utzita, Agirre hark bazeukalako emakume-objektuaren klixetik defenditzeko emakume emantzipatuek ohi duten kontra-irudia; bere ederrean, deserotizazio helburua erabat lortua zuen. Baina ez, ez zen hori, ezta ere; beharbada Lupe Agirrek konbentzio erotiko berri baten desafioa egiten zion hurbiltzen zenari, mendeari, munduari, aski trebezia duenak baizik ezin ireki dezakeen sarraila-joko idiosinkratiko batera gonbidatuz.
Konplikatuegia 2003ko Carvalhorentzat. Gazteak baleki, zaharrak baleza.
Eta oroz gain, ezin zuen kendu gainetik erabiltzen ari ziren sentipen desatsegina.
Txato Bezunartearen ahotsak, telefonotik, ustekabean harrapatu zuen, siestatik altxatu eta dutxatu berri.
— Carvalho?
Azalpen gutxi batzuk aski izan ziren Carvalho konturatzeko nor zegoen telefonoz beste aldean. Berarekin kolaboratzeko prest agertu zen terrorista ohi onbera hura zen.
— Berriak dauzkat. Zure ostatuan gera gaitezke, nahi baduzu.
Arratsaldeko zazpiak ziren.
Elkartu zirelarik, pentsioaz beste aldeko tabernan sartu ziren, eta txoko baten mahaira eseri, bi kaņa hartuta. Martxa hartan, bezero onenetakoa bihurtzeko bidean zen Carvalho pentsio ondoko tabernan. Bezunarteak bere betiko aldarte patxadatsua agertu zuen, heriotzari belarriak ikusi dizkionak baizik ez daukana, usu.
— Esan nizun saioren bat egingo nuela. Zerbait daukat zuretzat. Zita bat prestatu dizut Bilbon. Gure arteko ezkertiarrik amorratuena, kapitalaren aurkakoena, ezagutzeko aukera daukazu, nahi baduzu.
Ironia nabarmenak Carvalho atezuan jarri zuen.
— Bilbora joan behar duzu, hori bai. Bilboko higiezinen agentzia batera, zehatz esateko.
— Uste nuen ezkertiarrik amorratuenak kartzelan zeudela oraindik.
— Batzuk bai. Horri ere 150 urteko kondena erori zitzaion. Baina aldian behin asmatzen den “bide” horietako batean sartu zen eta badira dozena erdi urtetik gora atera zela. Kostata, odol delituak zituen-eta.
Carvalho ez zegoen “bide” horiez oso informatuta.
— Aldian behin egiten den saio horietakoa. Madrilgo eta hemengo gobernuentzat, presio lapikoari segurtasun balbula bat jartzea bezalakoa da.
— Eta antikapitalista amorratuenarekin elkartzeko, higiezinen agentzia batera joan behar dut? Eta zer arrazoi du antikapitalista amorratu batek higiezinen agentzia batean egoteko?
Bezunarteak irri egin zuen, elkarrizketa berak aurreikusitako bidean joan baitzen.
— Arrazoi oso ona. Agentziaren jabea da. Xeber Lopez du izena. Txerren, ezinena.
— Eta zer dauka niretzat Txerren horrek?
Bezunarteak begiak erdi itxi zituen, kontzertuan nota desafinatu bat entzuten duenak bezala.
— Zer daukan? Zer eduki lezakeen.
— Eta zer eduki lezake?
— Kokotxa desagertu zenean, Txerren preso zegoen; baina Kokotxaren ibilbidea aski ongi ezagutzen du, haren barkutik azken ordura arte jaitsi ez zenetakoa izan baitzen. Eta bizirik, libre eta hemen dagoen bakarretakoa da, bakarra ez bada. Gutxi-asko, adierazi diot zeren bila zabiltzan, eta hitz egiteko prest dagoela dio.
— Esan, zuk zer irabazten duzu honekin?
Txato Bezunarteak erabiliaren erabiliz entseatu gabe erraz osatzen zuen aurpegieraz begiratu zion.
— Ahaztu zaitez nitaz kontabilitate horretarako. Oso gaizki pasatu duen eta pasatzen ari den jendea dago. Ez zait iruditzen fribolizatzeko gaia denik.
— Nirea ez da fribolitatea, distantziaren eta ezintasunaren nahasketa bat baino. Gaur bertan ikusi dut gaizki pasatu duen eta pasatzen ari den pertsona bat: Begoņa Martinez Urbistondo. Egoeraz jabetzen naiz. Gerretan, handietan bezala txikietan, alde bietako hilotzak biltzea eta alargunak kontsolatzea izan ohi da lan gehien ematen duena.
— Esadazu gauza bat, Carvalho: zu zeren edo noren alde zaude?
Carvalho kaņa eduki zuen basoaren barren hustuari begira jarri zen. Apur bat pentsatu zuen erantzuna. Esaldi zorrotzen biltegia kaņa hura bezain huts zegoela konprobatu zuen.
— Nik ez daukat alderik. Nik bezero bat daukat.
Erlojuari begiratu zion. Zortziak ziren. Goizegi rock’n’rollerako, beranduegi damutzeko. Bilbora joateko ere bai. Zeuzkan aukerak kontsideratu zituen.
— Zuk non afalduko zenuke? —galdetu zion, konbentzimendu handirik gabe, Bezunarteari. Izan ere, ez zituen Bezunartearen ohitura gastronomikoak ezagutzen.
Bezunarteak, Carvalhoren prebisio txarrak gaindituz, Narrika kalera eraman zuen berriro, baina beste taberna bat zen oraingoa. Morgan izena zuen jatetxea zen. Jabea pelikula asko ikusitakoa behar zuen bibotedun kantauriar bat zen. Afaria ez zen gaizki egon. Carvalhori iruditu zitzaion kantauriarrak, mahai artean zebilenak, saihestu egiten zituela, Euskal Herritik Madrilera, zorrak itota, ihes egin duen eta jatetxe bat ireki zuen sukaldari batek euskal azentuko bezeroak saihesten dituen bezala.
— Flanagan esaten diote.
— Bai, e? Hau ere aspaldiko laguna edukiko duzue.
Carvalho ordurako malta bat edaten ari zen.
— Aizak, hi, Mortimer, afaria ederra egon duk.
— Sekretua bezeroei behar duten distantzia ematean datza —erantzun zuen Flanagan delakoak, Mortimer deitu izanagatik ezaxola.
— Esadazu, Mortimer: zergatik jarri diozu Morgan?
— Eta zer nahi zenuen, ba, Goikoetxea jartzea? Ikuspegi komertzial pixka bat eduki beharra dago. Adierazirik gabeko adierazle bat behar nuen, derrigor, bezeroak esanahiaz bete dezan.
Carvalhok errespetutik bereganatu zuen logika enpresarial hura. Bezunarteak bi arima errari horien solasa entzun zuen harridura handirik gabe. Tabernariak alde egin zuenean, Carvalho mintzo zitzaion:
— Morroi hau fidagarria da?
— Guztiz —hitz beste egin zuen—. Inor adarra jotzen ari zaizun posibilitatea kalkulatu duzu?
— Nor? Euskal oligarkia?
— Esaterako.
— Bai, noski. Etorri naizenetik ez daukat besterik buruan. Orain arte berdin zitzaidan, edo ia. Orain jakin-mina piztu didazue, batzuek eta besteok, adarjotzaileok.
— Hau ez da nire Bilbau, dena ein dabe aldau —esan zuen taxilariak, Carvalho helbide ezezagunera eramateko ardura hartu zuena—. Berrasmatu egin gara. Aspaldi da ez zarela hemendik ibili?
Carvalhok baietz aitortu zion taxilari abarketa-zaleari, berritsuari, alegia.
Bilbok bota ei zuen bere iragan metalurgikoa itsasadarrera, eta lehen gaizki ordaindutako langile hitsen begitarte idorrak ikusten ziren tokian, orain plexiglasezko irribarreak egiten dituzten neska dekonstruituak, burokratak, esku zurietako lapurrak, Bartzelonako euskaldun unibertsitarioak eta ilaje guztietako txupopteroak paseatzen ziren. Ez zen oso seguru Carvalho bilbotarrek asko irabazi ote zuten aldaketarekin, baina, batez ere, aldaketak Txerrenekin egon eta gero jan gogo zuen pil-pilean egindako bakailaoaren errezetari ez eragitea espero zuen. Galdetu zion Carvalhok bere buruari, hori guztia jakitera Blas de Oterok, kalera jaitsita, bere bertso guztiak apurtuko ote zituen, edo etxera itzuliko ote zen, herabe, poesiok intimitatean birrintzeko. Poeman lokatza, lohia egon behar bada, behiala Celayak, beste dinosauroak, esan zuen bezala, ez zirudien Bilbo postmodernoa tokirik egokiena poesiarako, udaleko brigadak dena txukun-txukun mantentzen saiatzen zirenez. Ezta 2003. urtea, post-egiaren garai betea, alegia, Hikmetek eta haren euskal oihartzun Arestik errebindikatzen zuten egiazaletasunarentzakoa ere. Poesia txokolatezko mailu bat delako ebidentziatik, Carvalhok madarikatu zuen, buruz, mantxatzeraino partidurik hartzen ez duenaren poesia, oso garbi jakin gabe zer partidu ote zitekeen hori, urrunean susmatzen zen San Mamesko arkuak iradoki lezakeena, edo besteren bat; beti geratuko litzateke errioa, kafesnezko zain bat bezala. Baina ezta hori ere, ura dezente garbiagoa ikusten baitzen. Manchester jada ez zen Manchester, baina ezer ez zen jada izan zena, eta alferrik zen iraganeko santuei kandelak piztea, santu berriak gurtu behar zirenez, jakinagatik ez zirela santu, ezta berriak ere.
Taxia geldirik zen Gran Viaren erdian, minutu batzuk luzatzen ari zen trafikoaren txolopotean.
— Katedralerako asmotan etorri zara?
Taxistak Athleticek arratsaldean jokatuko zuela argitu zion.
— Niri gehiago gustatzen zait pilota, ordea —esan zuen taxilariak.
Azalpen luze batekin hasi zitzaion. Eibarko frontoian esku huskako partidak izaten zirela, bera batzuetan joaten zela diru pizarren bat jokatzera, kopuru txikiak, betiere. Eibarko frontoia ere katedrala omen zen herriarentzat, taxilariaren arabera. Eta a ze kasualitatea, Gernikako frontoia, non zesta puntan aritzen ziren, hura ere katedrala ei zen, nahiz taxilariari, zesta punta ikusteko, Markinako frontoia gehiago gustatu.
— Markinako frontoia ere katedrala da?
— Ez! —taxilariak, irribarretsu, bezeroa zepoan zuelakoan—. Hura unibertsitatea da!
— Hiru katedral unibertsitate bakoitzeko. Horrek gauza asko esplikatzen du.
— Zuk uste? Azken beltzean, unibertsitatekoek ere birrete bat erabiltzen dute, beren autoritatea nabarmentzeko, apaizek eta militarrek bezala. Ez naiz fio autoritatea azpimarratzeko txano berezi baten beharra daukatenez. Eta orain zer gertatzen da? —esan zuen taxilariak, frenoa sakatuz eta bozina joz.
Taxia geldituta zegoen auto ilara solemne baten erdian.
— Zer gertatzen da?
Taxilariak zalantza adierazi zuen buruaren mugimendu batez.
— Bizkaiko Aurresku Txapelketarengatik ez bada...
Errekalde zumardiko helbidera iritsi eta Lopezen higiezinen agentzian sartu zen. Bedatsetik hurbileko arrats herabe baten azken argia oparo pasatzen uzteko areto txiki eta funtzionala zen, aski berria, non bulego-mahai bi ikusten baitziren, eta atzean beste ate bat, itxita. Mahaietako batean neska bat zegoen.
— Hitz egin nahiko nuke Xeber Lopezekin.
Mahai atzeko neska gazteak azkazalak karrakatzeari utzi zion, eta ulertzeko zailtasun infinitua erakusten zuen keinu bat konposatu zuen.
— Barkatu, baina uste dut tronpatu egin zarela. Hemen ez da izen hori duen...
Une hartan beste mahaia betetzen zuen bigarren idazkaria, neska hau ere, barreneko gelatik atera eta bere tokira itzuli zen. Keinu bat egin zion gazteari.
— Edurne, jaun honek Severiano Lopezekin hitz egin nahi duela esan nahi du.
Irribarre urduri bat egin zuen Edurnek, jefea identitate bikoitz baten jabe zela ulertzeak sorrarazi zion ezinegonak probokaturik, ausaz. Idazkari beteranoa egoeraz jabetu zen.
— Nor zara?
Carvalhok erreferentzia behinenak eman zituen, eta bigarren idazkariak utzi berri zuen barreneko gelako atean jo zuen, informazio jaso berriak transmititzera. Sartu eta berehala irten zen.
— Lopez jaunak atseginez hartuko zaitu.
Lopez jauna ebakera oneko trajea eta ongi apaindutako ilea zeramatzan gizon errespetagarri bat zen, irribarretsua eta bostekoa konfiantza transmititzeko indar justuaz ematen zekiena.
— Barkatu Edurneren ez ulertua. Gaztea da eta ez daki...
Carvalhok ez zion esaldia amaitzen utzi, eta ulertzen zuelakoa egin zuen eskuen mugimendu batez.
— Badakikezu nire bisitaren arrazoia.
— Eseri, eser zaitez, mesedez —Lopezek miraz begiratu zion Carvalhori—. Beraz, zu zara Carvalho? Carvalho famatua?
Pepe Carvalho deseroso mugitu zen eserleku konkistatu berrian, Lopez haren saltzaile grinatsuaren maneren mende.
— Carvalho naiz, bai. Famatua, ez. Ez behintzat munduko alde honetan.
— Kafe bat nahi duzu?
— Zergatik ez!
Lopez altxatu zen eta atea ireki zuen. Kafeak eskatu zituen eta bere eserlekura itzuli zen, hasierako irribarrea galdu gabe. Bilboko itsasadarrak askorako ematen zuen, baita Lopezen odol delitu probableen arrastoak disolbatu eta Fenix hegaztiaren hegada berria islatzeko ere.
Idazkari beteranoa sartu zen, bi kafe eskuetan, plastikozko edalontzietan.
— Carvalho, ez naiz adarretatik ibiliko. Ikusten duzun hau guztia, bizimodu berri baten erakusgarria da. Denok merezi dugu bigarren aukera bat.
— Nola ez.
— Aspaldi esanda dago: zure etsaia ezin baduzu garaitu, harekin elkartu.
Defentsarik onena eraso bat dela jakitun, oldartzen ari zen, Carvalhoren mututasunak akuilatuta, nonbait.
— Ikusi nahiko zintuzket, komisaria batean eman izan balizkizute niri eman zizkidaten ostien erdiak.
Agian hainbestean behin berritu behar zuen papera errepikatzen ari zen, inguruabar aringarri guztiak kontuan hartzen zituen bertsioan.
— Negozioa ongi doa?
— Baita oso ongi ere. Diru guztia adreiluan sartzen ari da. Ez duzu inbertitzeko asmorik? Produktu interesgarriak ditut.
— Esaterako?
— Paseo espazialak. Futbol zelai baten tamainakoa den globo batetik eskegita dagoen kapsula berezi batean 30 kilometrora igo, Lurra biribila dela inolako zalantzarik gabe konprobatu ahal izateko, xanpain kopa bat hartzen den bitartean.
— Kostako da, kostako denez.
— 125.000 dolar. Baina azken-azkena ilargian lursailak erostea da —barre egin zuen—. Lursailak... Ilargisailak, alegia. Norberak ez du ikusiko, baina produktu izarra da. Jendeak seme-alabei edo ilobei oparitzeko erosten ditu. Ehun metro koadro, ilargiko Lasaitasunaren Itsasoari begira. Zer iruditzen?
— Lasaitasunaren Itsasoari begira, lehen lerroan?
— Lehen lerrokoak hamar mila euro metro koadroko. Bigarren lerrokoak zortzi mila. Etorkizunari begirako inbertsioa da.
— Eta zer berme dago?
— aebetako ez dakit zenbatgarren enmiendaren arabera, norberak eskrituratu ditzake sailok, eta bereak dira istantean. Ordainduz gero, jakina. Indioen lurrak ere hala bereganatu zituzten.
— Interesgarria dirudi, baina nik ez daukat seme-alabarik, gutxiago ilobarik.
— Pena bat da, zinez.
Biek beren kafeak amaitu zituzten, eta elkarri begira geratu ziren.
— Zer? Zu ere harrituta, azken antikapitalista ilargia saltzen ikusita?
— Nirekin ez duzu antzeztu beharrik. Nik ez zaitut epaitzen —sartu zen Carvalho—. Ni apostata ziniko bat naiz.
— Apostata zinikoa, ordena horretan? Edo ziniko apostata?
— Eta oso litekeena da zuri eman zizutenaren erdia jaso izana, neuk ere, gehiago ez bada.
— Hobe horrela. Elkar ulertzen ahal dugu. Zer jakin nahi duzu?
— Kokotxak bere azken urteetan harremana eduki zuen neska baten bila nabil. Zuk horretaz zerbait dakizula esan didate.
— Baliteke... Baina denbora luzea joan da harrezkero, eta oroimena traidorea da.
— Neska batekin ibili ei zen...
— Nik ez nuen ezagutu, baina zerbait iritsi zitzaidan kartzelan nengoenean.
— Nor zen?
— Kartzelan zirkulatu zuen, Kokotxaren adiskideen artean, Hegoaldera pasatu eta pisu franko batean gorderik zela, ez zuela bakarrik lo egiten. Baina neskak ez zuen harremanik gure mobidekin.
— Zer zen, bada? Historiaren turista bat?
— Hala izendatu nahi baduzu...
— Turismo klase hori arriskutsua da, gero.
— Emozio gogorrak bizi nahi zituen goi burgesiaren alaba fin bat zela zabaldu zen. Maitasuna zen, beste batzuen arabera. Kokotxaren gurasoek zerua eta lurra mugitu zituzten semearen bila. Neskari buruz ere galdetu ziguten; baina neskaren pelikula beste bat zen. Hala baieztatu zieten kalean zeuden kideek.
— Zeintzuek?
Xeber Lopezen irribarre betierekoak ironia gradu batzuk irabazi zituen.
— Zaila izango zaizu haiekin zita bat egitea. Gehienak hilik daude, eta oraindik bizirik daudenak hor nonbait dabiltza, Kuba, Mexiko, Venezuela edo auskalo non. Ez diote telefonoa edonori ematen.
— Lili izenak zerbait esaten dizu?
Lopezek eskuin ukondoa bermatu zuen bere aulkiaren besoaren gainean, eta kokotsa eta sudurra ferekatu zituen, txandaka, pentsakor.
— Lili, Lili... Goan gelditu zen. Edo Katmandun izan zen? Oroimena traidorea da... Lili Kokotxaren neska-laguna zen, noski… Hori Lupe Agirre Van den Bergek kontatuko dizu hobekien.
Soinuaren kalitatea aski ona da. Bi bilera diferente dira. Lehena, politikari zaharrak kazetariekin egindakoa da. Hiru kazetari dira, baina batek hartu du hiruron eledunaren lana. Horixe da mintzatzen ari dena.
“— Orduan, Fructuoso Agirreren gaineko dosier oso bat nahi duzu. Zertarako, jakiterik badago?
— Kanpaina bat egin behar da.
— Fructuoso Agirreren aurka??
— Ez “aurka”, “hari buruz” baizik.
— Zer helbururekin?
— Distantziak markatzeko helburuarekin.
— …
— Afera hauxe da, demostratzea eta gizarteari ikusaraztea Jaxinto Agirrek iraganean hartu zituen erabaki batzuk guztiz pertsonalak izan zirela, eta ez zutela izan zerikusirik gurekin.
— Eta hori, zergatik, zer dela-eta, jakiterik badago?
— Ez, ez dago jakiterik oraingoz. Gauza bakoitza bere momentuan.
— Baina, orduan…
— Unea iristean konprenituko duzue. Bitartean, hasi lan egiten esandako norabidean…”.
Ondoren datorrena konfiantza goreneko kide batekin izandako elkarrizketa da. Politikari zaharra da lehen hitz egiten duena.
“— ...Irakeko inbasioa...
— Ikaragarria da. Hondamendia ekarriko dio, eta hala ere...
— Espainiako Estatuko % 90 Irak inbaditzearen aurka dago, eta berak badaki...
— Nik ezin dut ulertu.
— Harrokeria da. Aznarrek, bere harrokerian, uste du lezio bat ematen ahal diola mundu guztiari. Mundu mailako liderra dela uste omen du. Megalomano halakoa. Patetikoa da.
— Baina sozialistak...
— Sozialistek ez dute behar dutena egoerari aurre egiteko behar den moduan...
— Inbasioa noizko?
— Berehala. Edozein egunetan. Beharbada hizketan ari garen honetan hasita dago.
— Saddam, tirano hori...
— Badakizu, Saddam putakume bat da, baina gure putakumea da. Eta hainbeste dagoenean jokoan... Irak, Siria, Iran...
— Petrolioa, gasa, energia...
— Eta Txina. Beldur diote Txinari. Hazkunde tasa ikaragarriak ditu, baina energia da bere ahulgunea.
— Diote ala diogu?
— Gure eragin ahalmena oso mugatua da horretan.
— Kasu honetan hainbat hobe, ezta?
— Jakina. Ezkerreko profila markatzeko balioko digu.
— Zer, orain ezkerrekoak gara, ala?
— Gu ezkerrekoak? Zuk esango didazu. Baina nork daki gaur egun ezkerra zer den? Ezkerrekoek ez, behintzat. Inozo eta despistatu batzuen botoak eskuratzeko balioko ahal digu.
— Bai, bai. Erdaldunek esaten duten bezala, dena da ona komenturako.
— Gure diskurtsoa: ez dituzte askatasuna eta giza eskubideak defendatzen, ez horixe. Energiak eta ongizate ereduaren biziraupenak mugitzen ditu.
— Ekonomiak, hitz batez. Hatsa ere gezurra dute.
— Guk politikaren alde humanoa erakutsiko dugu.
(...)”.
Loitegiren begitarteak kontzentrazioa adierazten du, ez baitu hitz bakar bat ere galdu nahi. Entzuketak iritsi zaizkionetik, asaldatuta dago barnetik, kristalezko bolari begira etorkizunak zer ekarriko duen deszifratu nahi duen aztia bezala. Loitegik ordenagailuaren teklatua ibiltzen du, eta zaharrak beste pertsona batekin duen solasaren zati bat atzeman du.
“(...)
— Alderdiaren barne bizitzak bere berezitasunak ditu.
— Izan be...
— Nire hautagaiak ongi ezagutzen ditu barne berezitasun horiek. Gaztea da, baina gutxik bezala ezagutzen du Alderdia.
— Bizkaikook, ordea...
— Alderdia ez ezik, ilegalizatuen mundua ere ongi ezagutzen du. Alderdian beste inork ez bezala, ausartuko nintzateke esatera.
— Oinatz Ganboaren hautagaitzak aurrera egingo dauela badakizu, baina.
— Eta izango da Ganboaren alde sutsuki egingo duena, ez Oinatz Ganboaren alde egiteagatik, nire hautagaiaren alde ez egiteagatik baizik, badakit.
— Kontsentsuko hautagaitza izan leike, baina.
— Edonola ere, ez dut hartzen gauza pertsonal moduan.
— Hori espero dot eta hori gurako neuke.
— Esperientziak erakutsi dit gauzak arazo pertsonalak balira bezala hartzeak oker handiak egitera eramaten ahal zaituela.
— Berba jakintsuak dira horiek.
— Are gehiago, beste alde batetik begiratuta, horrelako lehiak izatea ona da. Halakorik ez balitz hilik geundeke, ez duzu uste?
— Ez neban gura zuk pentsatzea Bizkaiko organizaziņoaren aldetik...
— Eszenatokitik aterako naiz laster, baina antzezlanak aurrera jarraitzen du. Eta nik laguntzen segituko dut. Eta zailtasunak jartzen beren interesen alde, eta ez ideiaren alde, ari direnei.
(...)”.
Eszenatokitik aterako dela laster? Loitegik badaki aukera hori gero eta presenteago dagoela intriga politikoen gezurmendietan eta isil-bileretan, baina ez dakiena da berehala gertatuko denik, eta are mugimendu formalak hasiak direla jada. Oinatz Ganboa? Entzuna zuen zerbait, bai, posibilitate moduan, baina ez hautagaitza eratu baten buru bezala. Premiazkoa zen Ganboarekiko harremanak berpiztea.
Berriz eragin zuen ordenagailuaren teklatua, tresnak bere onenak eman ditzan. Zaharrak berreskuratu du lehengo solaskidea.
“(...)
— Eszenatokitik aterako naiz laster, baina antzezlanak aurrera jarraitzen du.
— Pentsatuta daukazu noizko?
— Urte berriarekin batera.
— Eta noiz jakinaraziko duzu?
— Dagoeneko partiduaren goiko mailetan ez da sekretu bat. Honezkero Bizkaikoak hariak mugitzen ari dira hautagaitza bat eratzeko, zurearen aurkakoa.
— Hori ere ez da sekretu bat. Oinatz Ganboa.
— Ezin dut beste hautagaitza hori galarazi, ordea.
— (...)
— Hala ere, badakizu nik zure alde egingo dudala.
— Udal hauteskundeen osteko panoramak kezkatzen nau.
— Ez da erraz igartzen.
— Ikusiko zenituen azken inkestak, noski. ppk nahiko ongi eusten dio, gerra-aireak eta guzti. Posible al da?
— Baliteke... edo ez. Azalpen bat bilatze aldera, gauza batzuk bururatzen zaizkit: lehena, gerraren aurka jende asko mugitzen ari da, bai, baina gizartearen zati dinamikoena ez da beti gizarte osoaren iritziaren isla izaten. Bigarrena, udal hauteskunde batzuk dira, ez gerrari buruzko erreferendum bat. Eta hirugarrena, Zapatero ez dago aski helduta. Bere partiduko baroiak... batek A esaten badu, laster aterako da beste bat B esatera. Gauzak horrela, ulertuko duzu jendeak...
— Nik gehiago Euskadi nuen buruan.
— Donostian, behintzat, gauza bat dago argi: Matias Agirre ezin da hautagaia izan.
— Horrek ere kezkatzen nau. Ez du hain erraz etsiko.
— Ezin da izan. Bere aitarena jakiten denean...
— Hala ere, hautagai zerrendatik kendu eta dena korrika eta presaka berrantolatzeak ez gaitu toki onean uzten...
— Zu eta bion artean: Matias Agirre, une honetan, hilotz politiko bat da.
— Harekin hitz egin beharko dut...
— Dagoeneko nik ere hitz egin dut. Ez diot esan gure erabakia behin betikoa dela, baina terrenoa prestatu dizut.
— Egoskorra da, ordea...
— Eskain iezaiozu bigarren mailako karguren bat. Esaiozu orain karga jasanezina zaiona beste batean, beharbada, beste profil bat behar denean, abantaila izaten ahal zaiola. Mugimenduren bat egingo duela uste duzu?
— Zerbait egiten saiatzen ahal da.
— Esaiozu zuhurra izateko eta bere unea itxaroteko. Gaztea dela...
— Oinatz Ganboa...
(...)”.
Loitegi sumintzen ari da entzuten duenarekin. Kabroia. Kabroi zaharra. Eszenatokitik aterako da laster, baina antzezlanak jarraitzen du, bai horixe.
Norbaitek Loitegiren bulegoko atea jo du. Loitegik itzali du ordenagailua, etorri berriak pantaila beltz bat baino ez dezan ikus. Ondoren aurrera! esan du, eta Matias Agirreren irudi lerdenaren ertzak bete du ia osorik atearen markoak uzten duen espazioa. Matias Agirre, Donostiako alkatea izateko zerrendaren lehen postua laster utzaraziko omen diotena.
Loitegik ez du gogo berezirik hilotz politiko batekin hitz egiteko, baina mesedeak zor dizkio Matias Agirreri, honek berehala gogorarazi dion bezala:
— Loitegi, bat zor didak.
— Detektibeaz ari haiz, noski...
Loitegik ez du nahi zaldi galtzailearen aldeko parioa egin; baina ez du etsai bat irabazi nahi, badaezpada. Saiatuko da Agirreri gustua ematen, beraz, baina berak pertsonalki eskuak zikindu edo bere inguruko jendea zipriztindu gabe. Nola? Zerbait pentsatuko du, kontu handiz ibili beharko du, ordea...
Gaua zen jada Carvalho Xeber edo Severiano Lopezen higiezinen agentziatik irten zenean. Kanpoan ilun bazen ere, argia egiten hasia zen Carvalhoren buruan. Mahai-joko ergel batean bezala, Lopezek abiapuntua markatzen zuen laukira itzul zedin esan zion.
Bertan afalduko zuela erabaki zuen, eta afaldu eta gero Donostiako ostatura itzuliko zela. Afaldu bitartean pentsatzeko astia edukiko zuen. Hori baino lehen, ordea, non afaldu erabaki behar zuen. Bereziki zaila egin zitzaion aukeratzea 2003ko Bilbon, non proposamen berri eta gero eta sofistikatuagoen elemenia batek begi zeharka begiratzen baitzion auzoko Donostiako eskaintza gastronomikoari, Bilboko betiko jatetxe klasikoen urteetako hegemoniaren aurkako lehian.
Plaza Biribila zeharkatu zuen eta Arenaleko zubia iragan, xix. mendeko Arriaga antzoki neobarrokoaren siluetaren bila. Carvalhok finean deliberatu zuen berrikuntzak denbora behar izaten duela ganoraz egokitu arte; iritsiko zen noizbait sukaldaritzako esperientzia ausartagoetara irekitzeko unea. Ez ziokeen bere buruari barkatuko Bilbon egon eta bakailaoa ez jatea, ordea. Hortaz, Arriaga atzean utzi eta Zazpi Kaleetan sartu zen Bidebarrietatik, Jenaro Pildainen jatetxearen bila. Carvalhok bazekien bazirela urte batzuk Pildain, bakailaoaren katedraduna —katedraduna, ez gutxiago. Deserosoa izan behar zen herri hartan bizitzea; izan ere, han denak ziren katedralak, unibertsitateak eta katedrak—, erretiratu zela, baina jatetxeko sukaldea esku onetan utzi eta gero, urteetan sukaldeburua izandakoarenetan.
Behin jatetxean, Carvalho betiko zalantza existentzialaren preso geratu zen: bakailaoa, pil-pilean edo bizkaitar erara? Beharrik aretoburua errukitu eta bi anoa erdi jatea proposatu zion, bata pil-pilean eta bestea bizkaitar erara. Miretsirik behatu zuen, berriro, arrapiztutako alpargata zaharraren zolaren mirakulua, alkimia jenial baten bidez arrain jangarri bihurturik, eta zapore familiar haren abaroan hausnartzen hasi zen. Izan ere, argia ikusten hasia zen tunelaren hondoan.
Gogora etorri zitzaion Lupek bere ahizpa gazte Arrateri buruz esandakoa. Bere gisako hippie traila egin eta Goan hil zena, gaindosiak hartuta. Lopezek esan berri zion Lili Kokotxaren neska-laguna zela; baina Arrate Lili bazen, eta Lili izan bazen Kokotxaren neska-laguna, zertarako joan zen Guadalupe Bartzelonaraino Lili bilatuko zuen morroi baten bila, aldez aurretik baldin bazekien Liliz jakin behar zen guztia, hilik zegoela ere barne? Zertarako kontratatu zuen aldez aurretik zekien zerbait ikertu zezan?
Guadalupe Agirrek berak prestatu zizkion pistak berari, Erpurutxori, Ogroaren etxera iristeko. Bistan zen Lupek nahi izan zuela Carvalho, bere ikerketaren ondorioz, irits zedin jakitera hilik zegoen ahizpa aurkitzeko kontratatu zuela. Orain falta zen jakitea zer asmorekin eratu zuen Lupe Van den Bergek maskarada barregarri hura. Mila ideia etorri zitzaizkion burura, familiaren afera oso uher bat argitzeko saioa bezala baizik ezin zezakeen uler maniobra harrigarri horren aurrean. Baina alferrik zen une hartan burua txoriz betetzea, eta Carvalho prest zegoen jatetxeko aretoburuak erakutsitako aldarte abegikorraz baliatzeko; hortaz, ea beste anoa erdi bat, Club Ranero izena ematen zaionekoa oraingoan, zerbitzatuko ote zion galdetu zion. Eta arren, ekartzeko hari laguntzeko beste txakolin botila bat, bai, Mendraka, bai, lehena bezala.
— Zer iruditu zaizu Bizkaiko txakolina?
Galdera erretorikoa zen, eta gainera tranpa bat ezkutatzen zuela nabaria zen. Norgehiagoka antzuen gainetik jauzi egin zuen Carvalhok:
— Nik ez dut ulertzen txakolinaz, tutik ere ez. Baina ardo zuri hau bikaina da.
Afaldu eta gero autoa aparkatuta utzi zuen parkingerantz hartu zuen. Autoa hartuta, begiko kanika kostatu zitzaion 1. zenbakiko Davidoff bat piztu zuen eta Donostiarantz egin zuen, ke zirimolen erdian.
Automatikoki gidatu zuen. Euria hasi zen eta haizetako-garbigailua martxan jarri zuen.
Bide osoan hausnarrean egin zuen. Orain ulertu zuen Guadalupe Agirre Bartzelonan agertu eta Kokotxaren desagertzean jardun zezan eskatu zionetik etengabe sentitu zuen monitorizatua izaten ari zelako sentsazio deserosoa, lika, urduritasun eragingarria. Eta denetan garrantzizkoena: Lupe Agirreren ahizpa Lili eta Kokotxa militante desagertuaren arteko harremana behin finkaturik, harreman horren hondoan zer sekretu gordetzen zen jakitea falta zen. Eta Lupe Agirrek berarengandik zer nahi zuen. Hau da, berak, Carvalhok, zer paper erreserbatuta zeukan inauteri hartan. Hamar mila eurotan tasatua. Carvalhok bere buruari galdetu zion ea Agirre zaharra, Luperen eta Matiasen aita, sei hilabete lehenago hil izanak zerikusia edukiko ote zuen pantomima guztiarekin. Teoria bat ernetu zen bere baitan.
Behingoz, aurrera egin zuela sentitu zuen lehen aldiz. Hurrengo egunean Carvalhok Lupe Agirreri deitu eta kartak mahai gainean jartzera behartuko zuen.
Gaueko hamabi eta erdiak jota ziren Donostiara iritsi zenean. Han ere euria zen. Pentsioak plaza batzuk eskaintzen zituen parking publiko batean, kasik ohea bera baino prezio altuagoan. Carvalhok hartuta zeukan bat, eta hara zuzendu zen, parkinga zeharkatuz. Ez zen inor ikusten.
Autotik jaitsi zen, edandako txakolinak eta erretako puruak baldartuta oraindik. Bat-batean hiru itzalek inguratu eta biribil baten erdian kokatu zuten. Hiru gizon handi ziren. Bik kateak erakusten zituzten eskuetan, hirugarrenak makila bat. Parkingeko argiak ahulak ziren, eta ez zuen detaile askorik ikusterik izan, hirurak modu hartan armatuak zeudelakoa alde batera utzita. Zerbait esaten hasi zen, baina konturatu zen alferrik zela; katedunek hankak lurrean ongi tinkatuta zituzten, borrokarako prest; makiladunak, aldiz, erlaxatuagoa zirudien, berba egiteko prest, ausaz. Carvalho burua makurtu eta haren kontra oldartu zen, giza hesia apurtzen saiatuz.
Ez zen behar bezain azkarra izan, eta Carvalhok betea nahi zuen kolpea saihestu zuen makiladunak, hein handi batean. Atzera egin zuen, zabuka, baina erortzera iritsi gabe. Katedunek atzetik jo zuten eta lurrera bota, ahoz gora. Lurrean zegoela, makiladunak, mendekuz, hanka altxatu zuen; ez aurreskua dantzatzeko, ordea, ostikoa buruan jotzeko baino. Carvalho defenditu zen ostikoak barreiatuz norabide zehatzik gabe, zintzilikarioak esku batez eta burua besteaz babesten saiatzen zen bitartean. Bi ostikoz jo zuten alboetan, eta Carvalho kuzkurtu egin zen, fetu postura hartuz. Orduan katedunek beren kateak deskargatu zituzten bizkarra, burua eta besoak zaurituz. Makiladunak ostiko pare bat eman zion aurpegian. Carvalho jaikitzen saiatu zen eta utzi egin zioten. Oraindik erabat zutitu gabe zegoelarik, ukabilkada zaparrada bat erori zitzaion. Lokian emandako kolpe batek parking guztia argitu zion. Ostikoak eta ukabilkadak liztor baten eztenkadak lez sentitzen zituen gorputz osoan. Bereak egin zuela ulerturik, gogorren iritzi zion ukabilkadaren mendean jausi zen, indarge, erresistentziari uko eginez.
Hiru gizonek Carvalhok ulertu ez zuen hizkuntza batean hitz egin zuten. Poltsikoak miatu zizkioten. Dokumentazioa begiratu zioten. Bat-batean, ordura arte parkingean geldirik egondako furgoneta baten argiak piztu ziren eta haiengana hurbildu zen, gurpilen karranka ozen batekin. Gidariak, jipoi-emaileen laugarren konplizeak, furgoneta ondoan jarri eta atzeko atea zabaldu zuen. Katedunek Carvalho galtzarbeetatik eta oinetatik hartu eta atzeko eserlekuan sartu zuten. Bi katedunak ere atzeko eserlekuan sartu ziren; makiladuna, aldiz, aurreko eserlekuan eseri zen, gidariaren ondoan.
Furgoneta gurpilen karranka batez atera zen parkingetik.
Makiladunak zerbait agindu zuen.
Carvalhok, konortea erdi galdurik, apenas entzun zuen aurrean, gidariaren ondoan, zihoanaren agindua. Gorputz osoa minduta zeukan, baina laster konturatu zen portura zihoazela, eta horrek uretara botatzeko asmoa zutela baizik ezin zezakeen esan nahi. Hala balitz, pentsatu zuen, ikusteko legoke hankak eta besoak lotuta edo lotu gabe botako zuten. Eskuak eta hankak lotzen saiatzen baziren, hil ala bizi borrokatu beharko luke lehorrean hil zezaten, eta ez portuko galipotezko uretan itorik.
Ibilbidea motza izan zen. Autoa gelditu zen. Txoferra jaitsi zen, eta handik gutxira bi kolpe eman zituen furgonetaren txaparen aurka. Horrek seinale bat izan behar zuen, portuan ez zegoela inor bistan gaztigatzeko. Berandu zen eta euriak garbitu zituen kaleak, nahiz eta, portu zaharraren murruez beste aldean, ahots apalak, oinezkoen urratsak eta autoren bat edo besteren gurpilen uren gaineko hotsa entzuten zen, zurrumurru urrutiko bat bezala.
Dena oso arin gertatu zen. Autotik jaitsarazi zuten eta, konturatzerako, lauren artean airean jaso zuten, bakoitzak hanka edo beso batetik helduta. Ez zizkioten besoak eta hankak lotu, beraz. Alboetara zabukatu zuten, sinkronian, gorputzaren joan-etorri bakoitzean altura handiagoa hartuz. Bat kontatzen hasi zen, atzerriko azentuaz:
— ... eta hiru!
Bi edo hiru metro hegan egin zuen. Ahoa itxi zuen uraren biskositatearen zain. Hotzikara batek astindu zuen ur hotzarekin kontaktua egin zuenean, eta hondora joan zen erresistentziarik gabe. Besoei eragin zien ia panikoa zen nazkari aurre eginez ilunpe erabateko hartan. Begiak itxita nahiago izan zuen; sudurrean uren azidotasuna sentitu zuen. Arnasa hartu gabe eutsi zion, portuko hormen bila. Esku batez ukitu zuen animalia heze eta ikaragarri bat bezalakoa zen horma likatsua. Eskuaz pareta ukitu zuen zirrikitu bat aurkitu arte; topatutakoan eskua bertan sartu eta eutsi zion. Birikak lehertzear izanik ere, nahi zuen denbora eman erasotzaileak joan zitezen. Gehiago ezin izan zuenean ur azalera irten zen, birikak hustuta, bularrean iltzatuta zeuzkan bi harri balira bezala. Handik gertu arrapala zegoela sumatu zuen. Arratoiren bat zebilela iruditu zitzaion. Arrapalaraino joan eta itsasotik irten zen.
Portuan ez zegoen erasotzaileen arrastorik. Carvalhok imajinatu zuen, bera ikaratzeko asmoa bete eta gero, tokiak hustu egingo zituztela. Lehorrera iritsi zenean aurreko arkupean babestu zen, badaezpada; ez zen ezer entzuten, eta isiltasunak mahuketatik zerizkion tantek lurraren aurka jotzen ateratzen zuten asotsa areagotzen zuen. Hortzek karraska egiten zuten. Nazka, beldurra eta bere buruaren lastima sentitu zituen. Bere gorputzak halako zenbat gehiago jasaten ahal zituen, benetan ondorio serioak eduki gabe, pasatu zitzaion burutik. Azalari, arropei eta ileei atxikitzen zitzaien gasolio usain sarkorra sentitu zuen.
Piura horrekin ez zeukan inora joaterik. Txoko ilun bateko edukiontzian egunkari zahar batzuk ikusi zituen. Bertara joan eta alkandora eta jaka kendu zituen. Egunkariekin hala edo nola idortu zen. Alkandora bota zuen eta jaka bihurritu zuen, ahalik eta ur gehien kenduz. Gero jantzi zuen, papar-hegalak goratuz. Jakaren oihalaren trinkotasunak hala edo nola eutsi zion. Hurrena oinak zapatetatik ateratzea eta sikatzea izan zen. Gero prakak eta galtzontzilloak kendu zituen, gisa horretan harrapatuz gero koplak aterako zizkiotela jakitun. Eragiketa errepikatu zuen: galtzontzilloak zakarrontzira bota, prakak bihurritu, eta jantzi. Mugimendu bakoitzean gorputzean zeuzkan ebakiek, zauriek eta zartakoek min egiten zioten; bakoitzean, Carvalhok erreprimitu zuen minezko garrasia egiteko gogoa, purrustada sor bat eginez. Ezkerreko begia ia erabat zarratuta zeukan.
Eskuineko zapata jantzi nahi izan zuenean, ezin gehiago eutsi eta lurrera amildu zen.
Ez zuen jakin Carvalhok zenbat denbora egon zen lurrean etzanda. Segundoak, minutuak edo orduak izan zitezkeen. Bat-batean urratsak sentitu zituen eta, amets batean bezala, ahotsak entzun zituen.
— Katalana da?
— Bai horixe. Kristo bat eginda utzi ditek.
— Nor izan da? Zipaioak?
— Ez zakiat. Uste diat errumanieraz ari zirela.
Carvalhoren ezkerreko begia zerbait ireki zen, zirrikitu bat besterik ez, haren ondora joandakoen irudiak ikusteko beste. Gazteak ziren, bakeroak, kirolerako zapatilak eta izerditarakoak jantziak zituzten, buruak izerditarakoen kaputxetan ondo sartuta zeramatzatela.
— Katalan madarikatua, gerra ematen ari duk gero.
— Txo! Ez kexatu hainbeste, eta lagundu ezak mugitzen. Ezin diagu hor utzi.
— Otxoak esan zian haren mugimenduak zaintzeko, baina ezer ez egiteko. Eta orain kieto-kieto zegok.
— Eta zer nahi duk? Kale erdian utzi, erdi hilik?
Auto txiki batean sartu zuten. Pentsioko atean utzi zutenean, Carvalhok berebiziko poza sentitu zuen.
Carvalhok begiak ireki zituen, gelan beste norbait zegoela antzemanda. Ohearen oinetan Fernando Loitegi zegoen, hari so, adi. Carvalhok ezin zezakeen beste hainbeste egin, begi bat irekitzeak kristoren oinazea ematen ziolako.
— Ederki zurratu zaituzte.
Carvalhok protesta keinu bat egin zuen. Saihetsetako minak keinua ez errepikatzeko aholkatu zion.
— “Etorri eta kontatu”? Ezer kontatu ezinik gelditu ez naizenean. Eta betiko. Gutxik egin du.
— Detektibe zaildua zara. Harrigarria da nola erori zaren lazoan.
— Lapurtu nahi izan zidaten.
— Bai, hoteleko zuzendaritzak esan dit. Portura bota omen zintuzten.
— Bai. Hotelekoek deitu al dizute?
— Igogailuan aurkitu zaituzte, konorterik gabe.
Carvalhok gorputza behatu zuen. Bendak eta aposituak zeuzkan; eta substantzia lika bat nabaritu zuen betazalean. Norbaitek adabakitu zizkion larruazal puskak.
— Zerbait lapurtu zizuten?
— Ez.
— Erasotzaileak ezagutuko zenituzke?
— Ez. Ilun zen eta dena oso azkar gertatu zen.
— Beharrik ez zintuzten bota besoak eta hankak lotuta.
— Konorterik gabe nengoen, ia-ia.
— Uretan dzanga eginda edonor iratzartzen da.
— Bihotz onekoak izango ziren, orduan.
Loitegik aulki bat hartu zuen. Buelta eman zion, oheburura hurbildu eta bertan eseri zen, besoak aulkiaren bizkarrean bermatuta.
— Esadazu zer gertatu zen.
— Atzo Bilbon pasatu nuen eguna. Han afaldu nuen. Bueltan, autoa pentsioaren parkingean utzi nuenean, lau tipok eraso egin zidaten. Lapurtu nahi izan zidaten. Ez nuen baliozko ezer, eta uretara bota ninduten, portuan.
— Zer egin zenuen Bilbon?
— Zer du arraro horrek? Ez al gara gelditu Bilbo Donostiaren auzo bat dela? Edo alderantziz zen?
— Gorde zure ironia beste batentzat. Niri laguntzea komeni zaizu.
— Guggenheim ikustera joan nintzen, turista guztiak bezala.
— Mozkortuta zeunden? Neskaren baten bila ari zinen?
Eta Carvalhoren harridura aurpegia ikusirik.
— Ordainduta, badakizu.
— Nire adinean? Ulertuko duzunez, gauza batzuk, adin batetik aurrera...
— Nik ez dut ezer ulertzen. Esadazu, zer iruditu zitzaizkizun? Profesionalak al ziren, zure ustez, edo drogazale desesperatuak, edo...
Carvalhok moztu egin zuen.
— Jendea jipoitzen ohituta zeuden. Kateak eta makilak erabili zituzten. Konortea galduta nengoelakoa egin nuen, eta benetan hala nengoen, ia-ia. Ezer ez neukala ikusita amorratu ziren eta uretara bota ninduten. Itxaron nuen alde egin zuten arte, uretatik atera, ahal moduan idortu eta hotelera etorri nintzen.
— Dirurik ba al zeneraman?
— Kopuru txiki bat baino ez.
— Eta ez zizuten kendu? Ez zizuten besterik kendu? Txartelak, erlojua...
— Erlojua? Hogei euroko plastikozko Casio bat?
— Oinez itzuli zinen? Zergatik ez zenuen taxi bat hartu?
— Norbaitek ekarri ninduen.
— Nork?
— Ez dakit. Agertu bezala desagertu egin ziren. Artean ez nintzen gauza ezer esateko ere.
— Ez zenuen laguntzarik eskatu?
— Eta azalpenak ematen hasi? Arren. Izen ona zaindu behar dut. Nork eskainiko lioke lana trapu bat bezala erabiltzen duten detektibe bati?
Loitegik hasperen egin zuen, etsita.
— Carvalho, zertara etorri zara? Nirekin mintzatuko bazina, laguntzen ahalko nizuke.
Gobernuaren aholkulariaren hatzak destaina egin zion, akusatzaile.
— Baina gehiegi eskatzea da, nonbait. Ez dugu behar kanpoko inor etortzea gure aferak konpontzera. Hemen jokotik kanpo zaude.
— Mehatxu bat da?
— Inola ere ez. Gaztigu bat. Edozein kasutan, har ezazu nahi duzun moduan.
— Ohikoa da turistak portuan uretara botatzea?
— Ez. Baina zu turista oso berezia zara. Turista normal batek salaketa aurkeztuko luke. Errumaniarren banda baten atzean gabiltza. Jipoiak ematen espezializatuta daude. Enkarguz. Etsairik egin duzu hemendik zabiltzanetik?
— Subkontratak, pribatizazioak... Kontuz gero, martxa honetan lanik gabe geratuko zara.
— Salaketa bat aurkeztu nahi duzu?
— Ez. Laster joango naiz hemendik. Ez dut katramilatu nahi polizia ikerketetan. Ez zidaten ezer lapurtu. Ezta poltsikoan neuzkan berrogei euroak ere. Zauriak sendatuko dira.
— Beraz, poltsikoan berrogei euro zeneuzkan eta horiek ere ez zituzten eraman.
— Kopuru irrigarria da.
— Antzeko kasuak ezagutu ditut. Hogei eurorengatik itotakoen kasuak ezagutu ditut.
— Benetan? Ikaragarria da.
Carvalhok ez zuen nahi izan burla urrutiegira eraman, bera Marlowe eta Loitegi Chandlerren liburuetako inspektore basati bat balira bezala.
— Ez dizut begirik kenduko. Hemendik aurrera zu babestea izango da nire lehentasuna.
— Laster alde egingo dut, esan dizut.
— Hala bedi. Are, ni zu banintz, osatu eta etxera itzuliko nintzateke, arineketan.
— Jatetxe batzuk bisitatu nahi ditut oraindik.
— Carvalho, gauza bat ulertu behar duzu.
Carvalhok beso bat mugitu zuen, nekez, bukatzen has zedin eskatzeko.
— Zure kasuan, ez da hainbeste bihar joango zaren edo astebete barru joango zaren, baizik eta egitera etorri zarena eginda joango zaren... edo ez.
Loitegik alde egin zuen. Atera zenean, telefonoa hartu eta hoteleko zuzendaritzarekin harremanetan jarri zen Carvalho. Medikuren batek ikusi ote zuen jakin nahi zuen. Baietz esan zioten. Medikuak esan zuela ez zuela ezer larririk. Egun bat ohean pasatzeko eta hurrengo egunean osasun etxe batera joateko zauriak artatzera, eta zerbait arraroa sentitzen bazuen —zorabiorik, buruko minik...— abisatzeko, ingresatu egingo zutelako.
Gero ohetik altxatu zen, ea zutik eusteko gauza zen ikusteko. Lehen zutik eta gero kokoriko jarri zen, postura horretatik abiaturik poliki-poliki berriz tentetzeko. Proba gainditu zuen. Mina zeukan gorputzeko zenbait ataletan, azkura begian, baina osorik zen. Ohera itzuli zen eta norbaitek han utzitako ur botilatik drangada luze bat egin zuen. Berriz deitu zuen telefonoz zuzendaritzara, ea trajea garbitzen ahal zioten eta laranja zuku bat ekarriko zioten. Zuzendaria bera joan zitzaion, zer moduz zegoen galdetu eta trajea ordu gutxitan listo edukiko zuela esan zion.
Burua burkoan bermatu zuen. Ez zuen lo egin nahi baina logurak eraso egin zion. Begiak itxi zituen eta sentitu uste zuen portuko urak presio egiten ziola soinaren inguruan. Arratoi gris erraldoi batzuek, beren bibote tenteekin, igeri egiten zuten berarengana, eta berak uxatu egiten zituen ostiko desesperatuak banatuz eta eskuekin zartakoak emanez. Baina ezin zuen azantzik sortu, erasotzaileak portuan zeudelako, beren lana amaitzeko zain.
Norbaitek atea jo zuen eta esnatu egin zen. Egoeraren kontzientzia hartu eta ohean agondu zen. Ia bi orduz lo egin zuen laranja zukua edan zuenetik. Aurrera, esan zuen; ateko heldulekua biratu zen eta ate irekiak utzitako hutsunean Matias Agirreren irudia agertu zen.
— Zer moduz zaude?
Carvalhok utzi zion une batez berak bakarrik gogoratzen dituen hildakoak gogoratzeari, Agirrerenak ere gogora ekartzeko; eta ez zentzu berean.
— Berandu ibili zarete, Agirre, berandu.
Agirrek harritu plantak egin zituen. Aktore txarra zen, nahi dutena lortzeko antzerki gehiegi egin behar izan ez duten guztien antzera. Erregistroa aldatu zuen, hala ere.
— Listoagoa zinelakoan nintzen. Oso ergela izan behar du batek Donostiako portuko uretan amaitzeko.
Carvalho nekatuegi zegoen oraindik beste berba-esgrima batekin hasteko. Nork jakin, beharbada denak gaizki juzgatzen ari ziren Matias Agirre; hain aktore txarra izanda, beharbada politikan karrera egin zezakeen.
— Ez daukat berba egiteko umorea. Esan esan behar duzuna eta ospa egin hemendik.
— Hobe horrela. Nik ere ez daukat denbora sobra. Gure artekoa, orain arte, ez da oso samurra izan. Baina garaiz gaude oraindik gure harremana onbideratzeko.
Carvalhok ipurdia mugitu zuen ohean, jarrera erosoago baten bila.
— Zenbat eman dizu nire arrebak?
Carvalhok ulertzen ez zuelakoa egin zuen.
— Zenbat ordaindu dizu orain arte? Zenbat gehiago agindu dizu?
— Urpekari ekipo bat erosteko beste.
— Jaramon egin izan bazenit, orain patrika beteta eta hezur guztiak bere tokian egongo zinen.
— Izorratuta zaude, Agirre.
— Zure azken hitza da?
Carvalhok barre bortxatua egin zuen, barre egiteak saihetsetako kolpeen mina areagotzen ziolako.
— Agirre, zureak egin du.
Agirrek erdeinuz begiratu zion.
— Hor konpon, Carvalho. Ni lurrikararako prestatuko naiz, baina zu ere presta zaitez letorkizukeenerako.
— Hurrengoan uretara esku loturik botako nauzu?
Ttu egingo balu bezala mintzo zen Agirre:
— Nork eragotzi behar dit?
— Zer egin dizute? Astapotro alaenak! Urrutiegi joan dira.
— Gutxienez, minuta justifikatzeko aukera eman didate.
Carvalhok lubakietatik etorri berri den beterano baten duintasunaz zeramatzan bendak eta aposituak, gerrako dominak balira bezala.
— Kontuak eskuetatik ihes egin digu, guztioi. Konpentsatu egingo zaitut.
— Gero eztabaidatuko dugu hori, baita konpentsazioarena ere. Orain erantzunak nahi ditut.
Begi bat estaltzen zion aposituak horrenbesterako eskubidea ematen zion. Guadalupe Agirrek ere ez zuen aurkakorik esan. Begitarteak ez zuen emozio eutsi bat baino erakusten; hark ere begi bat —begi urdin bat— estalirik zeukan: adats grisaren xerlo batek estalia. Begiak arin makillatuta zeuzkan, begietako itzalaren ukitu xume batez. Carvalho laketu zen bere aurrean ederbegi egotearren egin zuen ideiarekin.
— Zuk galdetu, eta ikusiko dut erantzuten ahal dudan.
— Lili zure ahizpa zen, Arrate Agirre Van den Berg.
— Bai.
— Beraz, zure ahizpa terrorista baten maitalea zen.
— Bai.
— Desagertu egin zen eta oraindik desagertuta dagoen terrorista baten maitalea.
— Bai.
— Eta zuk hasieratik, Bartzelonan kontratatu ninduzunetik, nik hori jakin nezan nahi zenuen...
— Baina ez nuen nahi eta ez nuen uste inork zafratu eta Donostiako portura botako zintuenik.
Carvalhok esku bat altxatu zuen, ez ziezaion eten eskatzeko. Lupe Agirre, sarearen beste aldean, sake zital bati errefera egiteko prestatzen den tenislari gazte bat balitz bezala kontzentratu zen.
— Baina datu hori ezkutatu zenidan. Beste modu batez esanda, bazenekien zerbait deskubritzera bidali ninduzun. Ongi ordainduta, gainera. Orain galdera: zergatik? Zertarako?
Sake zitala, baina harrera-laukizuzeneko zer angelutara joango zen bazekiena.
— Zuk zer uste duzu?
— Erantzun posible bakarra da agirre van den bergtarrek zerikusia dutela, aldez edo moldez, Fermin Martinez Urbistondo Kokotxa-ren desagerketarekin. Baina hori ondorio orokor zehaztugabea da, eta honezkero —Carvalhok begi mankatura eraman zuen hatza— baieztapenak, erantzunak, detaileak eta xehetasunak nahi ditut.
Lupe besaulkitik jaiki zen, eta atzeko mendi magal berde batera irekitzen zen leihatera hurbildu zen. Agirretarren baserri zaharberrituan zeuden. Luperen begirada, leihate eta geroko arkupea gainditu, eta magal berdean tinkatu zen. Eskuak sartuta zeuzkan jeans estu batzuen atzeko poltsikoetan. Beharbada nahi zuen puntu zehatzera iritsia zen, azkenik.
— Norberaren gertuko gizarte erlazioen arteko gorabeherak ezkutatzea ezinezkoa da. Aita zena erotu egin zen jakin zuenean Arrate, edo Lili, nahi duzun bezala, Kokotxarekin ibiltzen hasi zela. Arratek sekulako iskanbila eduki zuen aitarekin eta etxetik alde egin zuen. Muga zeharkatu eta beste aldera joan zen Kokotxarekin bizitzeko. Gogoan dauzkat aitaren eta amaren arteko sesioak eta oihuak hori zela eta, hemen bertan, baserrian. Ama desesperatuta zegoen, aitak ez egitekoren bat egingo zuelakoan azkenik. Aitak presionatu egiten ninduen, ahizpa konbentzitzeko mutil hura, Begoņa nire adiskiderik minenaren anaia zena, bestalde, utz zezan.
— Saiatu zinen?
— Ongi asko nekien nik hori alferrik zela. Are, okerragoa zela; alegia, Kokotxa uzteko esanago, eta gehiago lotuko zitzaiola hari. Arratek bere bizitza bizi nahi zuen, eta ez zuen jasaten aitaren autoritatea —isiltasun une bat—. Ez zuen jasaten inoren autoritatea.
— Zergatik egin zuen? Maitasuna?
— Hala esan nahi baduzu... Arratek nortasun indartsua zeukan. Espiritu erreboltaria zen, oroz gain, eta aitaren autoritatea auzitan jarri zale. Grinatsua zen halaber. Gaztetasuneko pasio horietakoa zen, nire ustez, militante armatuak idealizatuta zeuden garai batean. Izan ere, zer da maitasuna?
— Hura ere militantea izatera iritsi zen?
— Arrate? Ez. Egia esan, ez dakit ziurtasun osoz, baina ez dut uste. Arrate ez zen, benetan, borrokalari ezkertiar eta abertzale bat. Batez ere neska gazte bat zen, beldurrik gabea eta edozertarako prest, hori bai, abentura handi bat bizitzen ari zela uste zuena. Mugaren bi aldeetan libre ibiltzea zeukan, gainera, Kokotxak ez bezala. Suposatzen dut lagundu egingo ziola plano pertsonalean: mezuak garraiatzen edo ezkutalekuak aurkitzen... horrelako gauzetan.
Lupe Agirrek irribarre herabe bat egin zuen, norbaitek gizartearen oinarriak armaz eta jendea hilez irauli nahi duen inori “plano pertsonalean” lagundu nahi ziola esateak zer efektu bitxi egiten zuen jakitun.
— Luze iraun zuen harreman horrek?
Guadalupe Agirrek eskertu zuen Carvalho xehetasun gehiagotan sartu ez izana.
— Ez. Ez horixe. Hilabete gutxi batzuk baino ez. Bi, hiru... lau agian, gehiago ez. Aita edozer egiten saiatu zen harreman hura apurtzeko. Behin, Arrate baserrira zerbaiten bila etorri zela aprobetxatuz, bertan itxi egin zuen, Poliziaren eskuetan utziko zuela mehatxu eginda. Baina baserri bat ez da kartzela bat, eta fabrikatik konfiantzazko bi gizon ekarri bazituen ere, zaintza egiteko, Arratek ihes egitea lortu zuen.
Leihatea zabala izanagatik ere, gaua abailtzen ari zenez argi naturala eskasten hasia zen. Carvalhok inguruko burdinazko eskulturei erreparatu zien, Txillidarenak ia seguru; edo bestela beharbada lanparak izango ziren.
— Gero Kokotxa desagertu eta ez zen inoiz gehiago etxean gaiaz hitz egin. Arrate ez zen etxera itzuli. Bientzat, bai Arraterentzat, baita Begoņarentzat ere, kolpe oso gogorra izan zen.
Lupe Agirre isildu egin zen eta atzera bota zituen bekokiaren gaineko ile grisak eskuineko eskuaren mugimendu batez. Triste ez ezik, negarrez hasteko puntuan zirudien, kontzientzia txarrak eraginda, beharbada.
— Errealitatea da ez nuela asmatu ahizpa gazteari laguntza ematen gehien behar zuenean... Ni ere gaztea nintzen eta nire bizitza bizi nahi nuen, harenaz oso bestelakoa.
Batzuk historia egiteko jaiotzen dira; beste batzuk, historia jasateko. Bi ahizpa, bi bizitza proiektu, pentsatu zuen Carvalhok. Guadaluperen bizitzaren proiektua historia egitea izango zen, ausaz; Arraterena, jasan behar izatea historia hori, baina orduan ez zuen hala ikusiko.
— Handik gutxira, Kokotxa desagertu eta hiru edo lau hilabetera, esan nahi dut, Arratek ulertu zuen ez zuela Kokotxa berriz ikusiko, etsi zuen, nonbait, eta lagun berriekin ibiltzen hasi zen. Lagun berri horiekin heroina probatu zuen. Ordura arte gutxi ikusten nuen, baina banuen harekiko lotura bat, Begoņa tarteko; ordea, handik aurrera gutxiago ikusten hasi nintzen. Bere adiskideen zirkulua zeharo aldatu zen. Nik ez nituen ezagutzen haren lagun berriak eta ez nekien zer girotan eta zer jenderekin mugitzen zen. Begoņak eduki zuen kontaktu apur bat gehiago, eta zerbait kontatzen zidan, tarteka, nahiz eta hark ere ez zuen gehiegi ikusten. Egun batean Arratek telefonoz deitu eta zita bat jarri zidan, Donostian. Talde berezi bateko jendearekin zebilela, eta bizitza komun bati ekiteko proiektua zeukatela, hippie trail egin eta Indiara joatekoa. Arrate ekonomikoki ere independentea zen, amabitxiak diru kopuru bat utzi ziolako; ez dirutza bat, baina bai urte batzuetan bizi ahal izateko kopuru inportante bat. Orduan ikusi nuen azkeneko aldiz bizirik. Indiara joan zen. Geroxeago dei bat jaso genuen: Atzerriko Ministerioaren bidez Indiako enbaxadarekin kontaktuan jarri gintuzten: gaindosi batek jota hil zela gaztigatu ziguten. Ez zaitut nekatuko gorpua aberriratzeko eta Indiako Poliziarekin gauzak argitzeko egin behar izan genituen gestioen berri ematen. Arrate hil eta gutxira gure ama ere hil zen, ezin izan baitzuen alabaren galera gainditu. Horrekin bizitzen ohitu ginen aita, Matias eta hirurok, ezer galdetu gabe, ezer esan gabe. Gero, gauzak areago konplikatzeko, Begoņa ere hasi zen daukan gaixotasunaren lehen zantzuak erakusten.
— Harreman handia zenuen Begoņarekin orduan ere?
— Betitik eduki izan dut, ikasle garaietatik. Anaia desagertu zenean, hasieran, biak, Begoņa eta Arrate, oso elkartuta egon ziren; baina Arratek laster hartu zuen beste bide bat. Nik ere, orduantxe, nire inguruabar pertsonalak zirela-eta, ezin nion merezi eta behar zuen denbora guztia eskaini, eta gure arteko harremana pixka bat hoztu zen. Begoņa buru-belarri ibili zen anaiaren kasua argitu nahian; baina denbora aurrera ahala, esperantza galdu eta etsiak jota geratu zen. Nire egoera pertsonala hobetu zenean, saiatu nintzen gure arteko harremana konpontzen, eta baita lortu ere; baina ordurako Begoņa aski aurrera ibilia zen gaixotasunaren bidean.
Lupe Agirre Carvalho zegoen aldera itzuli zen. Honek ikusi zuen malko batzuk isuri zituela. Ile xerloak estaltzen ez zion begian ezagun zuen.
— Oso zaila da hau dena ezezagun bati bat-batean eta hotzean azaltzen.
— Jakina. Hotzean azaldu baino, hobe beroan berotu. Beharrezkoa da ezezagunak ostia batzuk hartzea, konfiantza hartzen joateko.
Lupek jertse zabalaren mahukaz sikatu zuen malko iheskor bat; partidari buelta ematen ahal diola sinesten duen tenislariaren fiertasuna ageri zitzaion begietan berriz ere.
— Ez dut zure ironia merezi. Nik ez nion esan inori zuri eraso egiteko. Nik zu osorik behar zintudan —esango ez esango bezala gelditu zen une batez—. Behar zaitut oraindik.
— Orduan?
Guadalupe Agirrek ezjakintasuna adierazi zuen ezpainen eta eskuen mugimendu koordinatu batez.
— Ez dakit. Erasoaren atzean Matiasen eskua egongo da, suposatzen dut.
— Oraindik ez dut dena ulertu. Zure ahizpa terrorista batekin nahastu zen; hau desagerrarazi zuten, eta arreba junkie bihurtu zen. Indiara joan zen eta hil zen. Tragedia bat da, noski, baina horrek ez du justifikatzen detektibe bat kontratatzea, ezta zure anaiak ni akabatu nahi izatea ere. Esan, zertan datza zure aitaren esku-sartzea afera honetan? Ausaz, zure aitak...
Lupek hasperen egin zuen eta eskuak igurtzi zituen deseroso.
— Oso gutxitan baizik edaten ez badut ere, whiski pixka baten beharra daukat. Nahi duzu?
— Zergatik ez.
Laster itzuli zen bi basorekin. Hatz eskas bat berarentzat, basokada luzeagoa Carvalhorentzat. Lanpara bat piztu zuen. Gainerakoak eskulturak bide ziren.
— Aita duela sei hilabete hil zen. Aita... aita gizon larderiatsua zen. Urteek ematu zioten izaera, baina ekintzailea eta ausarta izandakoa zen, enpresan bezala bizitzako gainerako arloetan ere. Tira, ez naiz ari justifikatu nahian, baina, nola esan, amak susmatu bezala, ez egitekoa, balentria egin zuen azkenik.
Carvalhok gizon zahar patxadatsu bat imajinatu zuen, usoei ogi papurrak ematen, parkean, lasaitasunean. Baretasunaren irudia bera. Zahartzeak zorne moralak oro estaltzen ditu, errukia pizten du, errespetagarritasun geruza bat ematen du; zahartzaroak defentsa gabeziaren inpresioa sorrarazten du, eta horrekin batera zaharrarekiko sinpatia jaiotzen da. Nor izaten ahal da zahar herbaldu bati min egiteko bezain dongea? Nork ez lioke errepidea gurutzatzen lagunduko? Gero norbaitek kontatzen du zahar hori Auschwitzeko kartzelari ankerrena zela, edo ama bat eta bere sei umeak hil zituela gerra zibilean, eta gorpuak zulo batera bota; baina izugarrikeria hura egin zuen gizona jada ez da existitzen, agure beneragarri bat etorri baita munstro odol gosea ordezkatzera. Agirre zaharrak egin zuena egin zuela, beranduegi zen gizakien justiziarako, harengan kanposantuaren bakea baitzen obratua zegoeneko.
— Zer egin zuen aitak, bada?
Lupe gelako txoko batean zegoen palisandrozko idazmahaira joan, tiradera bat ireki eta handik Carvalhori gutunazal bat luzatu zion.
— Koadroa osatzeko datu bat falta duzu. Ikusi nuen azken aldiz Arrate haurdun zegoen.
Carvalhok gogoratu zuen Frantziako epailearen instrukzioaren paperetan, jendarmeen galderei erantzunez, norbaitek esan zuela Kokotxarekin zebilen neska haurdun zegoela.
— Arratek... alaba bat eduki zuen.
Carvalhok kontuak egin zituen. Oso oker ez bazen, alaba hori 1982an jaioko zen; eta handik urte pare batera edo, Begoņa Martinez Urbistondo alaba batekin agertu zen. Denborak bat zetozen.
— Alaba hori... Saioa?
— Saioa.
— Eta aita...
— Aita Kokotxa zen, jakina.
Mendea gautu baino lehen, askatasunaren eta klase borrokaren profetak beharko dituzue; hormarik gabeko eroetxeetan sar itzazue, eta ihes egiten badute, hotzez hil daitezela, galaxiarik txarrenetako ateen ondoan abandonatuta.
Carvalho ez zen gogoratzen non irakurri zuen poema bezala saldu zioten testu txiki hura, baina gauza batez zegoen seguru: Santa Ageda eroetxe hormaduna zen; nekez aurkituko zuen han, hortaz, askatasunaren profetarik.
Informazioko mahaiaren atzean zegoen neskarengana joan zen eta mediku buru Mikel Plazarekin egon nahi zuela iragarri zuen.
— Noren partez?
— Pepe Carvalho. Uste dut abisua pasatu diotela, etorriko nintzela esanez.
— Mesedez.
Carvalho itxarongela batera pasarazi zuen.
Itxaron bitartean, Carvalhok aurreko arratsaldekoa gogoratu zuen. Guadalupe Agirrek eman zion gutunean Jaxinto Agirreren azken borondateak zeuden, eskuz idatziak, eta ez zuten zalantzarako zirrikiturik uzten, ezta txikienik ere.
Gutuna bere seme-alabei zuzendua zen, Guadaluperi eta Matiasi.
Gutunaren hasieran, 80ko hamarkadako lehen urteetan, hainbat enpresarik politikarien artean eta segurtasun indarren kideen artean zeuzkan kontaktuen berri ematen zuen. Goi mailako kontaktuak ziren, inondik ere, Espainiakoak eta Euskadikoak: La Moncloatik eta Ajuriaenetik gertukoak, borroka antiterroristako goi karguak, Ertzaintzakoak, alderdi politiko guztietako aparatuetako eta zuzendaritza organoetakoak... Carvalhok Espainiako izen guztiak gogoratzen zituen, gutxi asko, Euskal Herrikoak ez hainbeste.
Elite hartako kideen arteko kontaktuak maiz gertatzen ziren, eta haietan kezka nagusi bat mahaigaineratzen zen behin eta berriz: euskal erakunde armatuen terrorismoari nola aurre egin.
Gero azaltzen zuen, aipatu kontaktu horiek baliaturik, Barne Ministerioko goi kargu ezagun batekin bilera bat egin zuela 1982. urtearen hasieran. Gutunak ez zuen esaten nor zen ministerioko goi kargu hori. Gauzak aski arin egiten ahal izan zirela berez “makineria aski ongi olioztatuta zegoelako” ordurako, “interes komun batzuk” zeuzkatela atzeman zutelako bilera eta kontaktu horietako partaideek. Bilera hartan, Ministerioko kargu harekin bakarka, izen bat eta diru kopuru bat jarri zituen mahai gainean: Fermin Martinez Urbistondo, 30 milioi pezeta. Hamar milioi operazioa martxan jartzen zenean; gainerakoa, burututakoan.
Gero gaineratzen zuen ziurtatu ziola Barne Ministerioko mezulariari ezen, unea iristean, hau da, operatiboa prest zegoenean, berak emango zizkiela Martinez Urbistondorengana iristeko beharrezkoak ziren jarraibideak; zehatzago esanda, bere kontaktuen artekoa zen Euskadiko politikari baten izena —hemen ere Jaxinto Agirrek ez zuen izenik aipatzen— eta harekiko hitzordu baten amua erabiliko zutela Kokotxa zepoan harrapatzeko. Hortik aurrera, Barne Ministerioko gizonaren kargu geratuko zen Kokotxaren atarramentua.
Bistan zenez, baldintza nagusia zen operazioa egitea Arrate alabarentzako inolako arriskurik ez zen une batean.
Agirre zaharrak hamar milioiko depositua egin zuela baieztatzen zuen gutunean, eta gero, agindu zuen bezala, une egokia iritsi zela jakinarazi ziotenean, zita bat antolatu zuela Kokotxarekin. Zitaren amua prestatzeko, Eusko Jaurlaritzako Barne kontseilariaren konfiantzazko gizon baten izena erabili zuen, kontseilariak eta haren konfiantzazko laguntzaileak ezer jakin gabe. Gutunean berariaz errugabetzen zituen horiek; zita prestatzeko Kokotxarengana iristeaz bezainbatean, hori arazorik gabe egin zuela aitortzen zuen, “lotsagabe hark, lehenago, ‘zerga iraultzaileari’ buruz hitz egiteko nirekin hitzordu bat egiteko adina larru izan zuelako”.
Operazioa burutu zuten, arrakastaz; Martinez Urbistondo harrapatu, Hegoaldera ekarri, atxilotze-etxe klandestino batean galdekatu eta hil egin zutela, eta ondoren gorpua itsasora bota. Horren guztiaren berri eman zion Barne Ministerioko kontaktuak. Agirrek falta ziren hogei milioiak Suitzako kontu batean sartu zituen. Jaxinto Agirrek deklaratzen zuen, bere idatzian, ez zuela jakin nahi izan egile material zehatzak nor izan ziren, eta ez zuen beste inor inplikatzen. Gutunean bere erantzukizunak onartzen zituen beste inor salatu gabe. Seme-alabei gaztigatzen zien, hala ere, gutunaren edukia publiko egiten zenean ez zela faltako gainerako erantzuleen bila hasiko zenik, eta ez zela zaila izango ekintza hartan sartutako guztien ardurak argitzea.
Azkenik, erabaki muturreko eta anker hori prestatzeko eta aurrera eramateko azken arrazoia aipatzen zen: Kokotxak dirua eskatu ziola, zerga iraultzaile moduan; zer eta, bere alaba propioa, Arrate, horretarako baliatuz. Bere alaba horretarako bitartekari bezala erabiliz.
Horixe izan zen Jaxinto Agirreren pazientziaren ontzia gainez eginarazi zuen tanta, barkatu ezin izan zuena, eta akziora bultzatu zuena.
Bukatzeko, Carvalhori interesgarriegia iruditu ez zitzaion eta bere seme-alabei zuzentzen zien desenkusa moral luze bat zetorren, bere jokabideen aringarri bat, azken nahiak agertu baino lehen: Begoņa Martinez Urbistondori egia guztia jakinaraztea eta konpentsazio ekonomiko bat ematea: milioi bat euro; eta ondoren, desagerketaren historia guztia publiko egitea. Hau da, Kokotxaren desagertzearen misterioa behin betiko argitzea Euskadiko iritzi publikoaren aurrean.
— Izan ere, ezinezkoa joko zuen, arrazoiz, halako albiste bat eremu pribatuan geratzea, iritzi publikoaren oharkabean pasatu ahal izatea —esan zion Guadalupek orduan—. Baina sei hilabete igaro dira gutun hau lehen aldiz irakurri genuenetik.
Berandutzearen arrazoiak bi ziren, Lupek aitortu zionez; batetik, Matiasek erakutsi zuen erresistentzia; ez zegoen ados aitaren azken borondateak betetzeko kontuarekin, horrek bere karrera politikoaren amaiera ekarriko zuelako. Izan ere, nola aurkeztuko zen plebiszitu popularrera herriak Kokotxaren desagertzearen erantzule nagusiaren semea zela jakiten zuenean? Horixe zen arrazoi nagusia. Eta gainera, Matias ez zen ados milioi bat euro hala oparitzearekin, burugabekeria bat iruditzen zitzaion.
— Matias konturatu zen zu zinela nik aitaren azken borondateak betetzeko erabili nahi nuen tresna, eta galarazi nahi izan zuen, zu hemendik bidaliz. Baina berandu ibili zen.
Bigarren arrazoia Guadalupe bera zen; alegia, aitaren azken borondateak betetzeko pronto egonik ere, egoerak gainez egin ziola, eta ez zuela jakin afera nola bideratu. Jendartean publiko egiteari zegokionez ez zegoen arazorik; mediak aski ezagutzen zituen, unea iritsitakoan, berria nondik nora ibilaraziko zuen jakiteko. Ordea, askoz ere zailagoa zitzaion Begoņarekikoak nola egin behar zituen asmatzea.
— Tenisean aritu nintzenean psikologo batekin lan egitea zen entrenamenduaren parte. Badakit aski psikologia konturatzeko Begoņari jakinarazteko modua prozesu bat izango dela, eta funtsean prozesu medikoa, hau da, espezialistek gidatuta. Begoņaren baliabide psikologikoak ez daude egoera honi aurre egiteko prest, eta disoziazio-gertakari larria pairatzen ahalko luke. Nola azaldu hau dena, ordea, Plaza doktoreari, edo Begoņa tratatu beharko duten adituei, direnak direla?
— Eta Uriarte?
Lupek ezetz egin zuen buruaz.
— Uriarte ez zen aukera ona. Hark ere asko dauka digeritzeko, oraindik.
Zenbait plan pentsatu zuen, baina bakar batek ere ez zuen erabat konbentzitu, Carvalhoren zerbitzuak kontratatzea erabaki zuen arte. Izan ere, mezulari moduan elementu guztiz exogeno bat erabiltzeak gauzak erraztuko zituen, zetorren errebelazioa ohiz kanpokoa eta larria zela ondo agerian utziko bailuke.
— Salbuespenezko bitartekari bat, salbuespenezko egoera batean.
— Eta Saioa?
Lupek ezintasunezko keinu bat egin zuen.
— Harentzat ere ez da erraza izango, baina gaztea eta osasuntsua da. Eta ez du sekula lan egin beharrik izango, nahi ez badu.
Carvalhok galdera batzuk zeuzkan oraindik.
— Beraz, zure aitak ez zuen Saioa ezagutu, ez zuen jakin bere iloba zela...
— Horrek arazoa are gehiago korapilatzea baino ez zuen ekarriko.
— Eta Matias? Matiasek ere ez zekien?
— Matiasek aita hil zenean jakin zuen. Ordura arte Begoņaren eta bion arteko sekretutik kanpo eduki genuen.
— Eta beraz, Saioak ez daki egiazko aita-amak nor zituen…?
— Ez... Liliren hilotzaren bila Goara joan ginenean bere lagunek umea ekarri ziguten. Begoņa eta bion artean erabaki genuen di-da. Begoņa egingo zen umearen kargu; denboraldi batez desagertu zen, rock izar baten soinu teknikari batekin joan zen aitzakiarekin, eta gero Saioarekin agertu zen, berea zela esanez.
— Baina paperak...
— Paperen historia luzea da. Hasieran nire ahizparen eta aita ezezagunaren alabatzat inskribatu zuten, baina gero Indiako enbaxadako funtzionario prestu batek dena konpondu zigun, eta Begoņaren alaba balitz bezala inskribatu zuten. Dirutza bat ordainduta, hori bai.
Itxarongelako atea zabaldu zen une hartan, eta Carvalhoren gogoetak eten ziren. Mikel Plaza zen, Santa Agedako mediku burua.
— Deitu kudeatzaileari. Baita musikoterapeutari ere, eta esaiozu bere flautarik onena prestatzeko, aurrean lan zail bat daukagu-eta.
— Dena ondo joan da?
Guadalupe Agirre Van den Bergek ohiko kortesiaz eta manera bridatu-neurritsuekin hartu zuen Donostiako atikoan. Bizitza kremailera bat da, pentsatu zuen Carvalhok. Albo bakoitzeko hortzak ixten diren heinean memoriaren arrasto bat osatzen da; aurretik gelditzen ziren bi zerrenda askeen tartea, gero eta laburragoa, desioa da. Bi zerrendak lotzen dituen lerratzailea topera iristen denean, dena amaitu da. Sekula baino ederrago zegoela iruditu zitzaion.
— Zurekin hitz egin nahi dute.
Lupek hasperen egin zuen.
— Baina nola-halako plan moduko bat zirriborratu dugu. Ez diote botako dena bat-batean, noski; flauta solo batzuk beharrezkoak ei dira aurretik terrenoa prestatzeko. Gidoi antzeko zerbait prestatzen ari dira; “jakinarazpen mailakatu bat”, Plazak esan zuen bezala esateko. Nik neuk parte hartu beharko dut halako batean, deitu egingo didate, gidoiak agintzen duenean. Zuk ere bai, noski. Jakinarazpen mailakaturako plana prest daukatenean deituko dizute, zuk ontzat eman dezazun. Lacanen argazki baten gainean zin eginarazi diet dena publiko egitea erabakitzen duzun arte ez diotela beste inori deus esango.
Lupek ezaxola adierazi nahi zuen keinu bat egin zuen.
— Aste gutxiko kontua da mundu guztiak jakitea. Hilabete gutxi batzuetakoa, asko jota. Aski denbora eduki dut prestatzeko, eta prest nago. Zailena eginda dago.
Carvalhok eztarria garbitu zuen hitz egin baino lehen.
— Sinetsarazi nahi didazu, hogei urtean, zuri sekula ez zaizula burutik pasatu... —esaldia amaitu gabe utzi zuen.
— Eta zer inporta du horrek orain?
Carvalho zutitu zen, ospa egiteko asmoz.
— Zer egingo duzu?
— Bartzelonara noa. Psikiatrikotik deitzen didatenean itzuliko naiz. Agur.
Carvalho aterantz mugitzen hasi zen.
— Carvalho...
Burua jiratu zuen.
— Beharbada xelebrekeria bat irudituko zaizu hau dena... Afera honek gainditu egin nau hasieratik, eta ez dut jakin hobeki konpontzen. Barkatu. Barkatu eta eskerrik asko.
Guadalupe altxatu eta aterantz abiatu zen, Carvalhori aurrea hartuz, bi jokoren arteko atsedenaldiko aulkira doan tenislari zaildua lez, bular txiki-zehatzak pixka bat aurreratuz, ipurmasail perfektuei kulunka eragiten zieten bi zango luze, zalu eta zuzenen mugimendu geldo baina irmoaz. Carvalhok beti amestu zuen bizitzan leku berezi batera iristearekin; leku berezi bat, nondik ez baitzuen edukiko itzultzeko gogorik. Leku hura atiko hori al zen? Supituki Luperi atzetik segitzeko desioa sentitu zuen; zaldi irrintzia egin eta ibilera erritmiko horren atzetik joateko, munduaren akaberara bazen ere.
Baina ez zen mugitu. Behin Biscuterrekin eta haren lagun Madame Lissieuxekin izandako elkarrizketa bat gogoratu zitzaion: mila urteren buruan, esan zion Biscuterrek Madame Lissieuxi, gizonaren lurraren gaineko hegemonia amaituko da, eta emakumeen hegemonia hasiko. Ez, esan zuen orduan Carvalhok, lurraren gaineko hegemonia lortzeko azken borroka akaroen eta emakumeen artean izango da. Eta akaroek irabaziko dute.
Esaldia bukatu gabe zegoela iruditu zitzaion orain.
— Eta pena handia izango da.