Argialdiak
Argialdiak
2023, narrazioa
104 orrialde
978-84-19570-09-3
Azala: Maite Gurrutxaga
Miriam Luki
1973, Urretxu
 
Argialdiak
2023, narrazioa
104 orrialde
978-84-19570-09-3
aurkibidea
 

 

Argialdia

 

 

Gau osoa eman zuen jolas horretan,

istant batean ikusten eta gero ikusten ez.

Clarice Lispector

 

 

Teresa Salaberri leiho ondoko besaulkian jarrita dago, kanpora begira, baina ez du ezer ere ikusten. Ez zedroak, ez gereziondo japoniarra, ez urkiak ez eta sakonean ageri den fabrikaren kea ere. Bere begiak trapuzkoak dira. Gorputza laburra, iluna eta idorra du. Inoiz luzea izandakoa, orain bizkarrak konkortuta eusten dio azalari. Gela barruko argia zuria den arren, urdina ematen du, neguagatik. Zahar usaina dago. Ez zaio ahoa ikusten, maskarak estaltzen du. Teresaren eskuak gurutzatu gabeko zangoen gainean lotuta daude, lepoa leiho aldera bihurtuta. Ezkerreko oinaren dantzagatik ez balitz, egunero bezain bare dagoela pentsa liteke.

      Egoitzako egoiliarren katalogoan errazen multzoan dago. Langileek, goizeko atontze lanetarako ezarrita dituzten egoiliar bakoitzeko hamabi minutu horietatik, ez dituzte Teresarekin bizpahiru baino gehiago erabiltzen. Zain egoten da besaulkian, orrazten. Gelan sartu den langileak denbora gehiago hartu du gaur, baina; ondoko ohearen gainean maleta huts bat zabaldu, eta armairutik banan-banan atera eta sartu ditu: Teresak soineko bezala erabiltzen dituen txabusinak, galtza lodi batzuk, bi galtza mehe zilindro eran tolestuta, udako txapin pare bat, bina udako eta neguko kamisoi, bi zapata pare larruzko, txapinen moldekoak, sei galtzetin sendo, hiruzpalau panty, orkatilara iristen direnak, bata bestearen barruan bilduta, eta zazpi kulero zuri, berdin, kotoizkoak. Beroki urdin iluna kanpoan utzi du, armairutik esekita. Nezeser barruan orrazia, hortzetako eskuila, Heno de Pravia poto bat. Pond’s aurpegiko azal lehorrarentzat eta ilea biltzeko urkilak. Egoiliar guztiak atontzen dituztenean, bere bila joango dira telebista gelara eramateko. Beste egoitzara bazkalordurako bidaliko dute. Noiztik dagoen han inork ez daki, iristen ikusi zutenak joanda daude. Denek uste dute, sarrerako fikusa bezala, Teresa han egon dela beti.

      Goizero, 305. gelan sartzen direnean, harritu egiten dira langileak, une horretan bertan beti dagoelako orrazten. Erloju suitzarra bezain zehatza dela esaten dute eta arraroa egiten zaiela, atsoa oso galdua dagoelako. Ilea luzea, urdina, mengela eta koipeztatua du. Intxaur baten tamainako mototsean biltzen du goizero, lepoaren azpian. Gaurko mototsak atzokoa ematen du, identikoa da. Egunero desegin eta egiten du eta intxaurrak beti ematen du berbera. Logelakidea hil zenean ez zen konturatu ere egin; zerraldoa eraman zuten, eta langile bat etorri, maskara erantzi eta barruraino sartu zion zotz luze bat sudurretatik. Teresak utzi egin zion. Izurriak iskin egin dio orain artean. Atzo, langile batek egoitzaz aldatuko dutela esan zionean izurritea aipatu zuen. Zeruan ez dago ostarterik eta lainoak berunezkoak dira. Kafesnea eta galletak gosaldu ditu. Teresak ez du sekula ahozapirik erabiltzen tanta bakar batek ere ez diolako alde egiten, baina gaur bi orban daude txabusinaren paparrean.

      Ez du eskandalurik egiten. Horregatik, eta autonomoa eta otzana delako, dago errazen multzoan. Hitz egiten badu, bere burua aurkezteko da; eskua luzatzen du esanez “Teresa sa-la-be-rri”. Gelan itxita dagoenetik, gutxiagotan aurkezten du bere burua eta langileak sartzen direnean ez du keinurik egiten.

      Inork ez daki Teresak bart ez duela lorik egin. Atzo goizean atea jo gabe sartu ziren eta gaur beste egoitza batera eramango dutela esan zioten. Langileetako batek ahotsa altxatu zuen hobeto ulertuko ziolakoan eta silabak arrastaka eraman zituen. Teresak, ahotsaren estimuluari erantzunda, bere burua aurkeztu zuen aspaldiko partez: “Teresa sa-la-be-rri”. Irten zirenean ezkerreko oina mugitzen hasi zen dar-dar arin batean.

      Bart ohean sartu eta izarak latzak egin zaizkio; mugitu, eta lastaira babesten duen plastikoaren karraka entzun du. Alderik alde begiratu du eta pareten zuria ahitua begitandu zaio. Altxatzea eragozten dioten oheko barra horiengatik ez balitz, sukaldera joango litzateke ogi pusketa baten bila. Gorputzaren atalak bizkortzen joan zaizkio errenkadan. Arnasari eutsi dio bihotzaren taupadak entzuteko eta soinua ezagutu du. Gero, bat-batean, irudiak etortzen hasi dira txinpartaka: goitik beherako oihal marraduna ikusi du lehenengo, gero mahuka luze bat, eta ondoren alkandora osoa, lisatuta, aulki baten sorbaldan zintzilik, janzteko prest eta botoi zuri nakaratuak eskumuturretan. Senarraren alkandora da, baina arraroa egin zaio inoiz senarra eduki izana. Ohean etzanda, irudiak sabaian proiektatzen ari direla uste du. Hegazkin txikiak eta handiak ikus ditzake sabaiaren ortzi-muga zeharkatzen. Logelako hormak Teresaren itzala erakusten du. Siluetan sudurraren kurba nagusitzen da, irtena eta biribila, Yom Kippurreko sudurra. Kokotsa, bigarren kurba nabariena, urteek zorroztu dute. Itzalean ez dira kopetako zimurrak bereizten. Begiak zabalik ditu eta eskuak sabelaren gainean bilduta dauzka mantaren azpian. Alkandora bidaietarako lisatzen zion hura da. Ikusi ditu, esate baterako, gizonezko zapatak: larruzkoak, belarriekin, belarririk gabeak, marroiak, larru kolorekoak, beltzak, denak distiratsuak eta ilaran binaka antolatuak. Zapatak zenbatzen saiatu da, baina kontua galdu du. Senarra ez du irudietan ikusi. Jakin-minez egon da, baina ez da agertu.

      Inoiz bisita bakar bat ere jaso ez izanak ukitu zaurgarri eta misteriotsua ematen dio Teresari. Ez da bere bakardadearen jakitun eta horrek samurtasuna eragiten du zenbait langilerengan, baina beste batzuek esaten dute ezeroso sentiarazten dituela. sa-la-be-rri. Senarrak aldiro bidaiatzen zuen. Etxeko txirrinak jo, atea ireki eta bi polizia ikusi zituenean ez zen estutu. Hegazkin istripu bat egon zela esan ziotenean ere ez. Hilik zegoela gehitu zutenean, betazalak behin kliskatu, eskuak sabel gainean lotu, eta atea itxi zuen eskerrak eman ostean. Hilkutxarik ez zuen erosi senarraren gorpurik ez zutelako aurkitu. Garabien negozioan zebilen eta tratu asko egiten zituen ozeanoaren beste aldean. Haren hegazkina uretan amildu zen, bidaiari guztiek eta eskifaiak galdu zuten bizia. Biharamunean egunkaria erosi zuen kioskoan, gero ez zuten berri gehiagorik eman.

      Teresaren behar bakarra egunero telebista gelara joatea da. Logelan itxita geratu zen tartean, bere gorputzaren narriadura areagotzeaz gain, luzatu egin ziren absentziak. Langile batek hirugarren solairuko arduradunari ohartarazi zion eta telebista baten bila bidali zuen mantenuko langilea biltegira; ez zegoenez, salbuespena egin, eta Teresa egunero telebista gelara eramateko agindua eman zuen zuzendariak.

      Atzo gauean, hegazkinak sabaitik desagertu direnean, sagarrak ikusi ditu, gorrixkak eta doratuak, belazean agertu dira sagarrondo batetik zintzilik. Tupustean, lapiko bat dago ikatzezko sukaldean eta esku batek tapakia altxatu du. Konpota lurrina logela guztian barreiatu, eta bere sudur-punta biribilera iritsi da. Esku hori bere amaren eskua dela jakin du eta ez zaio batere arraroa egin ama eduki izana. a-m-a hizkiak ahogozatu ditu eta gorputza epeldu zaio. Umeen ahotsak entzun ditu baina, tinko saiatu den arren, ez du asmatu nor diren.

      Egoitza behin-behinean itxi aurretik, Teresaren errutinan telebista gela eta paseoak zeuden. Lorategian ibiltzen zen pasieran, itxuran alderrai, baina beti ibilbide berbera egiten. Hasi atarian eta baratzeraino, baratzetik atarira bueltan, geldialdirik egin gabe, arin. Baratzean bai, han norbait lanean aurkituz gero, bere burua aurkezten zuen. Batzuetan, izan uda edo negu, oinutsik ateratzen zen, behatz luzeak, hezurtsuak eta finak bistan zituela. Langileren bat konturatuz gero, logelara eramaten zuen eta lokatza kentzen zion oinetatik. Gero, paseoak bertan behera geratu ziren eta telebista gelara joan-etorriak ere bai, Teresa salbuetsi zuten arte. Egoiliarrei debekatu egin zieten egoitzatik ateratzea eta bisitaririk ez zuten onartu. Langileak goitik behera fumigatzen zituzten sartzerakoan eta irteterakoan. Hilotzak plastikozko poltsa beltzetan ateratzen ziren, baina Teresa, leihotik begira egonda ere, ez zen sekula hil-autoekin ohartu.

      Gelan sartu den langileak ezohiko zerbait nabaritu dio, halako dirdira berezi bat azalean. Teresari oharkabean pasatzen ari zaio hau guztia, pentsatu du, maskararen, eskularruen eta zabor-poltsekin egindako babes-jantziaren barruan, zorionekoa bera. Telebista gelan aulki bakartu bat dago, eseri egin da. Langileak pantaila piztu eta urrutiko agintean kanalen botoia sakatu du, hegazkin istripuen saioa aurkitu duen arte. Plastikoan bildutako agintea goiko apal batean ezkutatuta utzi eta joan egin da. Egoitzako langileek ez dute sekula ulertu hegazkin istripuen saioak ikusteko Teresaren zaletasun hori. Arbuioa eragiten dio bati baino gehiagori.

      Argi malba bat agertu da Teresaren logelako sabaian, eta gona gorri bat. Gona gorriak bistan utzi ditu eserita dagoen andrearen belaunak. Algarak entzun ditzake eskusoinuaren doinu artean. Esku luze bat, hezurtsua eta fina, pausatu da belaunaren gainean. Bere eskua dela ohartu da. Eskuak belauna laztandu du eta Teresak, ohean etzanda, ura sentitu du hankartean.

      Boeing 737 Max hegazkin baten istripua erakusten du gaurko saioak. Hegazkina Javako itsasoan amildu zen. 189 hildako. Esatariaren ahotsak tragedia ahoskatzen duen arren, sorgor entzuten dio. Begiak pantailara lotzen zaizkio. Bidaiarien paniko oihuak erreproduzitzen ditu istripuaren dramatizazioak. Teresak ezker oina baino ez du mugitzen. Hegazkina amildu eta, une zehatz horretan, irribarre egin du, maleziaz. Esatariak dio gorpurik ez zutela berreskuratu, itsasoak denak irentsi zituela. Teresak ez du entzuten. Esfingera itzuli da.