Eraikuntzarako materiala
Eraikuntzarako materiala
2021, nobela
256 orrialde
978-84-17051-80-8
Azala: Lander Garro
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
2004, narrazioak
Eraikuntzarako materiala
2021, nobela
256 orrialde
978-84-17051-80-8
aurkibidea
 

 

II

 

 

2019ko urriaren 2a

Fakturek iristen jarraitzen dute.

      Bi liburu erreklamatu dizkidate Baionako liburutegitik.

      Ikasleek tutoretzak eskatu dizkidate.

      Mikelek ez ditu bere bakero berriak aurkitzen.

      Bigarren edizioaren aleak iritsi zaizkit.

      Katuentzako janaria erosi behar da.

      Ogia, esnea, arrautzak.

 

      Arratsaldea eta goiza tanatorioan eman ditut. Jende asko ibili da. Bere, zure, beren, nire eta gure lagunak, senideak, ezagunak, lankideak, bezeroak. Ezagutzen zintuztenek zure eskuzabaltasuna eta ontasuna izan dituzte ahotan. Badirudi inor ez dela gogoratzen minaz, ezta geu ere. Pena oldeek irentsi naute tarteka. Hilkutxan etzanda zure tamaina berreskuratu duzu. Ez zaitut ezagutu, ez zen zure aurpegia. Hildako asko ikusi ditut eta hau ez zinen zu.

      Nire betiko lagunak etorri dira, haietariko gehienekin zureaz inoiz hitz egin ez dudan arren, dena dakite, hondamendiaren lekuko mutu izan dira, eta lehenengo aldiz batera egin dugu negar horregatik.

      Amak aukeratu dizkizu arropak, mutiko ilea daukazu. Ukitzeko aukera eman didate. Ez dut nahi izan, baina haurrek bai. Hotz handia dago zauzkaten gelan. Berehala irten gara eta kristalaren atzean jarri gara. Mikele negar batean egon da, eskuak eta kopeta kristalaren kontra. “Inork ez nau inoiz berak bezala maitatuko”, esan du. Nik ez nuen gehiegi begiratu nahi, ez zintudan ezagutzen, eta ez nintzen sentsazio hori gobernatzeko bezain sendo sentitu. Inoiz ezagutuko ez zaituzten nire lagunak eta kolegak etorri dira. Hilik bakarrik ezagutu zintzaketen, ez zegoen beste modurik.

      Doluminak. Besarkadak. Estutu bakoitzak barruan geraturik zegoen ura ateratzen dit, ez dut nahi gelditzerik guztiz garbitu arte. Ez dakite nor zinen. Ez dakite zergatik egin dudan negar. Ez dakite ezer.

      Azken urteotan ilea mozten zizun pelukera ikusi dut aurpegia negarrak hanpatuta, zure argazkiari begira zintzilik daraman lepokoaren harria ukitzen duen bitartean. Ez dut bere izena oroitzen gaztetatik ezagutzen dudan arren. Nik baino bospasei urte gehiago ditu, ederra, alaia eta desiragarriki xaloa zen orduan eta oraindik ere hala dirudi, arina, argitsua. Zure lepoa esku-oihalarekin inguratzen irudikatu dut. Kapa jarriko zizun gainetik, belkroarekin lotuz gehiegi estutu gabe baina ura eta iletxoak ez sartzeko adina hertsi. Konketara bideratuko zintuen gero. Kanilako ura esku gainean probatuko zuen tenperatura egokia lortu arte. “Ona al dago?”, galdetuko zizun burua bustitzean eta zuk beti erantzungo zenion “bai”, hotzegi edo beroegi egonagatik (ez zitzaizun molestatzea gustatzen). Eta aparra egin arte igurtziko zizun ilea, garondoa eta lokiak trebeziaz masajeatuz, eta zu, begi tiroideoak itxita, beti eztanda egiteko zorian zeuden baina zartatzera inoiz iritsi gabeko bi arrautza mugikor haiek, bizitzaren plazer goren hartaz gozatzeko gai zinen berari esker. Ukondoa ukitu dit joatean, irribarre egin dit triste. Aztoratuta gelditu naiz, jeloskor ez esateagatik. Ez naiz inoiz egongo bera zugandik egon zen bezain hurbil.

      Salbu sentitu naiz lehendabiziko aldiz zure ondoan. Harro sentitu naiz lehendabiziko aldiz zurekiko maitasuna erakutsi ahal izateagatik. Lehendabiziko aldiz.

      Ez da mozkorrik ez eskalerik egon tanatorioan. Agian traidorea zara haientzat, azken urteotan kolaborazionista bilakatu zinelako.

      Bagindoazenean, azken agurrerako kantuak hautatu behar genituela esan digute. Amak argi zeukan euskarazkoak izan behar zutela eta ahapetik kantatu dizkit, letrarik gabe: Mendian gora haritza, Haurtxo polita, Txoria txori eta Xalbadorren heriotzean. Ez dut eragozpenik adierazteko barrenik izan.

 

 

2019ko urriaren 3a

Atzo eguerdian erraustu zintugun. Kaputxinoen elizan izan da hileta. Amak esan dit hiltzen denean berak ez duela eliza batean bukatu nahi. Landerrek idatzitako testua irakurri zuen apaizak, ederra, benetakoa. Atzo idatzi zuen, zure etxean, berak, ez nik, hilda ere hitza ukatu baitizut. Zer pentsatuko zuten besteek. Zuk bakarrik ulertuko zenuke, badakit, garrantzia kenduko zenioke, “zer axola du” izango lirateke erabiliko zenituzkeen hitz zehatzak, seguru nago.

      Etxerakoan xerrak, entsalada eta ñokiak afaldu genituen. Barruak nahastu dizkit zu hil berritan haragia jateak.

 

      Ez dut ezer sentitzen.

 

      Atzo kolegiora deitu nuenean esateko haurrak ez zirela joango ezin izan nuen esaldia amaitu negarragatik.

      Gero, Donibane Lohizuneko polizia-etxetik deitu zidaten galdera batzuk erantzutera joateko, eta zurea kontatu behar izan nien. Frantsesez arazorik gabe bukatu nuen esaldia: “Mon père vient de mourir”.

      Gazteleraz oraindik ez dut ahoskatu, “ha muerto mi padre”.

 

      64 urterekin hil zara.

      42 urte ditut nik, amak 66. Peruk eta Mikelek 12, nire eta amaren urteen aldea da haien urteen batura. Ez du ezer esan nahi.

 

      Autopsia edo nekropsia, heriotza baten zergatiaren bila egiten den post-mortem azterketa xehea. Bi fase ditu: makroskopikoa eta mikroskopikoa. Lehenengo fasea kanpoko azterketari dagokio eta emaitzak azkar eskuratu ohi dira. Bigarrena barruko azterketari dagokio eta asko luza daiteke.

      Bi autopsia mota daude, klinikoa eta judiziala. Lehenengoak interes zientifikoa du, bigarrenak lege ondorioak izan ditzake. Edonola ere, autopsiak bakarrik ziurta lezake heriotzaren benetako arrazoia, eta ez beti. Maiz, heriotza baten atzean bereizten zailak diren gaitz edo egoera ugari egon daitezke. Haatik, orokorrean heriotza eragin duen kausaren inguruko susmo argi bat egon ohi da.

 

 

2019ko urriaren 4a

Peru errugbi entrenamenduan utzi eta zelai inguruan gelditu naiz, bueltaka. Zerura begiratu eta ahate saldo bat ikusi dut gezi mutur bat itxuratzen. Bizpahiru ahatek taldea utzi eta geziaren erdian ipini dira A bat marraztuz. Han zebiltzan beste guraso batzuei esan diet begiratzeko, baina ez didate jaramonik egin, ez naute ezagutzen.

      Aita, pentsatu dut, zu.

      Jarraian, burua galtzen ari naiz, pentsatu dut.

 

 

2019ko urriaren 5a

Zurekin egin dut amets, baina ez dakit zer.

      Ez zenidan inoiz amets bat kontatu, nahiz eta urteetan niri gosaria prestatzeko esnatzen zinen, goizeko 6:45ean, eta biok bakarrik egoten ginen sukaldean. Mozkorra ez zeunden eguneko une bakarra zen, txabusina granatea soinean, hanka argal biluziak agerian. Gogotik zenekien zenbat esne isuri behar zen kazora katilukada Cola Cao prestatzeko, inoiz ez zegoen ez soberan ez faltan. Txokolate esnea eta laranja ura mahaian ipini orduko oheratzen zinen, oraindik iluna zela, garai hartan oso goiz sartzen baikinen klasera. Bakarrik gosaltzen nuen, kanpaiaren argia soilik piztuta, ilunpetan irekitzen zen argizko ate hura.

      Ez zenidan inoiz ilea atondu, baina beti etorri zinen aireportura bila.

 

      Azken aldiz ukitu zintudanean, hori dut gogoan. Berriro laztandu nahi zintuzket. Horrek bakarrik hunkitzen nau. Baina ez dut ahaztu behar hiltzen ari zinelako laztandu zintudala.

 

      Hitzordua hartu dut medikuarekin. Ez dut neure burua lanerako gai sentitzen. Hitz hauen artean ikusten dut dagoela nire tokia. Era berean, baja eskatzea kosta egiten zait. Unibertsitatean lau irakasle ditugu faltan eta ni bosgarrena nintzateke.

      Medikuari ez diot gezurrik esango, egin dezala egin beharrekoa. Ez dut gainantzeztuko. Ez diot lana erraztuko. Ebatz dezala berak nire penak zenbat balio duen. Eskuetan erakutsiko diot, hor konpon.

 

 

2019ko urriaren 6a

Gugatik hiltzeko prest zeunden, baina ez zinen gugatik bizitzeko prest egon.

 

 

2019ko urriaren 7a

Goizederrekin topo egin dut, doluminak eman dizkit, hiletan egon zela baina ez ninduela molestatu nahi izan. Ez nuen ikusi, ez dut inoiz ikusi, erruak eta lotsak eta arbuioak ez didate inoiz beragana hurbiltzen utzi. Gaizki jantzita doa, zahartzen duten arropekin. Probetxuzko emakume baten itxura eman nahi du, segur aski, amaren itzalarengandik iheska oraindik. Ni ere izan nintzen bere amaren hiletan, nerabe nintzela. Lagun talde guztia joan ginen eta banaka-banaka inguratu gintzaizkion bi muxu ematera. Ez dakit nola ametitu zuen halako hipokresia desfilerik. Hamahiru urterekin gure lagun taldetik kanporatu genuen. Hamalaurekin eskolak egotzi zuen eta estetika ikasketak egin zituen. Traba egiten didan begirunearekin agurtu nau.

      — Gizon on bat zen zure aita —esan dit—. Orain bi aste etorri zen nigana —esan dit atsekabetuta.

      Ez nekien beragana joaten zinenik, ez zenidan inoiz aipatu.

      Nire harriduraz jabetu da.

      — Bada urte pare bat etortzen hasi zela. Lehenengo aldian manikura egitera etorri zen, azkazal bat barrurantz hazten zitzaion eta. Oso lakarrak zituen eskuak. Gaztetan karea egiten hondatu zituela esan zidan. Masaje hidratatzaile bat eskaini nion eta hari gustatu, eta nola gainera!

      Oraindik umetako urrezko zigilua daramaten bere eskuek zure esku lakarrak ukitu, laztandu eta masajea eman dizute. Ezin dut burutik kendu. Goizederren patata koloreko eskuek zure eskuak. Duela bi aste. Auskalo zenbat aldiz.

 

 

2019ko urriaren 8a

Hil zinenean ez nengoen han, gau hartan hilko zinela banekien arren. Azken lezioa izan zen. Amaiera arte eutsi genion ginen bezalakoak izaten.

 

 

2019ko urriaren 9a

Ostiralean medikuarengana joan zen Arrate, zure heriotzaz geroztik sukarrarekin eta gorputzeko minez zegoen. Ama gure etxean zegoela deitu zuen esateko ingresatu egingo zutela, defentsak oso baxu zituela, medikuek ez zutela ulertzen zergatik. Ama negarrez hasi zait, nik eutsi, itxura ona eman nahian. Bakartu egin dute, gaixotasun infekziosoen unitatean. Gaur izan naiz bera ikusten. Banaka baino ezin da sartu, segurtasun neurri handiekin: eskularruak, plastikozko txapinak, musukoa eta goitik beherako paperezko jantzi bat. Gela handi batean dago, muxu bat eman diot eta aparte eseri naiz gero. Zurbil dago. Hitz egiteko indarrik ere ez du. Dengea dela dio berak, baina medikuek ez dute argi, globulu zuri hain gutxi izatea ez omen da ohikoa. Analisien emaitzen zain gaude, baina Arrateren autodiagnostikoaz fio naiz.

      Ikusi nauenean esan dit:

      — Aitarekin batera hiltzen ari naizela sentitzen dut.

      Erantzun diot bere zati bat hiltzen ari delako izan daitekeela.

      Orain, Arraterenarekin, konturatu naiz zein ahul eta zaurgarri gauden. Ezingo nuke jasan ezer txarra gertatzerik.

 

      Ospitaletik bueltan ama ikustera joan naiz. Zure paperekin laguntzeko eskatu dit. Kartoizko kutxa bat atera du sukaldeko mahai gainera, “begira zein txukun zeukan dena jarrita” esan dit harro. Zure letrarekin topo egiteak negargura eman dit. Hirurok ari gara hiltzen.

      Amarekin eseri naiz egongelan paperak aztertzera. Zure besaulkia barra eraistearekin batera desagertu zen, eta ohartu naiz harrezkeroztik bata bestearen aldamenean eserita egon izan zinetela sofan iluntzero.

 

      Hau eta geroko bizitza nolakoa izango ote da?

 

      Hau eta gero orgasmorik izango ote dut?

 

      Medikuak lau eguneko baja eman dit eta antsiolitikoak errezetatu dizkit. Egun gutxi eta antsiolitiko asko, iruditu zait. Erosi egin ditut nahiz eta ez ditudan hartuko. Aitaren heriotza seme baten jaiotza da baina alderantziz.

      Presente egon nahi dut.

      Mina sentitu nahi dut.

      Haurdun gelditu nahi dut.

      Txakur bat nahi dut.

      Ilea moztu nahi dut motz.

      Autokarabana bat nahi dut.

      Egin ez zenizkidan promesak sinetsi nahi ditut.

      Agindu ez nizun guztia bete nahi dut.

 

 

2019ko urriaren 10a

Orgasmo bat izan dut, tristea eta laburra.

 

      Nork esaten du triste egon behar dudala? Basaki bizi nahi dut heriotza, ez modu normatiboan.

 

      Gauzak, objektuak, egitekoak, kezkak, hitzorduak jarri nahi ditut ni eta heriotzaren artean: bizitza berri bat chihuahua batekin, asteburuetan mendira joateko ez dauzkadan baina bilatu beharko nituzkeen lagun mendizaleekin.

 

      Arratek deitu dit: dengea da. Mexikon heldu zion eltxo baten oparia, ozeanoaren bestaldean ireki zaiona. Ez dago tratamendu berezirik: likidoa, parazetamola eta lasaitasuna.

 

      Lau egun pasatu dira eta ez nago hobeto, gripe batek jota bezala sentitzen naiz. Medikuari hots egin diot baja luzatu nahiko nukeela esanez. Ikusi egin nahi nauela. Lau egun ziztrinetan ahaztea nahi ote du berrogei urtez gainean eraman dudan karga hau? Min dut. Haurdun egon naizenez geroztik ez dut bajarik izan, peronea ere oporretan hautsi nuen. Hogei urtean bigarren aldia da baja eskatzen dudana, eta lehenengo aldian, argitaletxean nengoela, nekea eta antsietateagatik eskatu nuen. Orduko medikuak ez zidan eman nahi, oporretan deskantsatuko nuela, gaztea nintzela, beste behin zistitisarekin joan eta hatza baginatik sartu zidan mediku hark.

      “Zure buruaz beste egiteko burutaziorik izan al duzu?”, galdetu dit. “Inolaz ere ez!”, nik.

      Oraingoan antidepresiboak eman dizkit. Erosi egingo ditut, norbaitek esan baitit begiratu egiten dutela medikuen aginduei kasu egiten zaien edo ez. Ez dut ulertzen zergatik hainbeste traba, baina ez dut duintasuna galduko, ez naiz arrastaka eta pijaman agertuko, ez dut gezurrik esango. Nekatuta eta gorputz osoko minez eta hauskor eta izututa eta arnasarik gabe nago ikasleen aurrean jartzeko eta ez dut pilularik nahi hau dena sentitu nahi dudalako, eta kudeatu, onartu, eraldatu. Hau dena sentitzea merezi dut nire aita hil delako.

 

      Zuri egiten dizudan ofrenda da min hau.

 

      Azken urteotan hamar eta hogei zentimetro artean galdu zenituen tolesetan.

      Ez dut zutaz inorekin hitz egin nahi, niretzat bakarrik nahi zaitut. Ulertezina litzateke gure maitasuna. Gure sekretua da, zu eta bion artekoa. Baina, nola da posible hainbeste maitatzea mozkor bat?

 

      Lotsa erauntsiek hartzen naute azkenaldian, indar handiz. Lotsa baja eskatzeko, lotsa negarrez hasten naizenean, lotsa jendaurrera makillatuta agertzean, lotsa Mikelek Indonesia zein kontinentetan dagoen ez dakiela dioenean, lotsa Peruk Whatsapp talde batean akats ortografikoz jositako mezu bat idazten duenean, lotsa Landerren estrabagantzia batek publiko berria duenean, lotsa norbaitek esaten didanean nire liburua irakurtzen ari dela. Zurekiko harremanean lotsa izan da nabarmen gehien sentitu izan dudana. Egon ote daiteke maitasun hondakinen bat lotsaren barruan? Lotsa al zaitezke maite ez duzunaz?

 

 

2019ko urriaren 12a

Ez zenuen potrorik izan edateari uzteko. Abandonatu ninduzun eta hala ere maite zaitut.

 

      Zein ahul klase naiz ba? Zein menpeko arraio? Zein feminista ostia?

 

      Norbaitek pentsa lezake mozkor bat zinela eta horrekin ase. Mozkor bat, erraz esaten da. Baina mozkor guztiak ez zarete berdinak, emakume guztiak, beltz guztiak, frantses guztiak, dislexiko guztiak, lesbiana guztiak, faxista guztiak eta aita guztiak berdinak ez diren bezala. Idaztea zurekin eta zuretzat egoteko manera bilakatu da. Hemendik kanpora kosta egiten zait zurekiko, zure bitartez, zuretzat ezer sentitzea. Zugatik, bai, sentitzen ditut gauzak, zure erruz: amorrua, hutsunea, gogo falta, itxitasuna, isolatzeko desioa eta hiltzekoa.

      Desexistitzea ez da hiltzea.

      Desexistitzea ez da suizidatzea.

      Desexistitzea paretik kentzeko modurik delikatuena litzateke, baldin eta desexistitzea posible balitz.

      Desexistitzea amets bezala.

 

 

2019ko urriaren 13a

Gaur bi aste hil zinela.

      Amorrua bai, penarik ez.

 

      Desmadrea neurrigabekeria da. Gertatzen denean ama kontingente bati deitzen zaio gauzak bere onera ekar ditzan. Despadrea ez da existitzen, aitek berezkoa izan dezaketelako gehiegikeria, aita izateari utzi gabe ere.

 

 

2019ko urriaren 14a

Zaila da mozkor bat maitatzea. Zaila da jendearen aurrean mozkor batekiko maitasuna adieraztea. Azken urteotan maitatu izan zaitut, baina kontu handiz. Ez dakit mesfidantzarik gabe maitatzen, ergela izan behar da gero inor mesfidantzarik gabe maitatzeko.

      Baina ez al da maitemindu bat hau idazten ari dena? Ez ote da hau fabulazio bilduma bat maiteminaren objektu denaren existentziarekin zerikusi eskasa duena, zure ibileratan patrikatik erori zaizkizun papurretan nirekiko maitasun adierazpenak irakurtzeko ahalegin desesperatua?

      Gaur da nire azken baja eguna.

 

 

2019ko urriaren 15a

Amak kontatu dit igandean paella egin zuela eta Peruk haragi zati guztiak aparte utzi zituela, zuk bezala. “Genea heredatu ez izana espero dut”, esan zidan. Haserretu egin nintzen.

      Amak orain kariñoz hitz egiten du zuri buruz, inoiz ez bezala. Nola prestatzen zenuen merienda bientzat urdaiazpiko onarekin, nola jarri zenuen autoan kristalezko flasko bat bertako hautsontzia ez zikintzeko, zein ongi ulertzen zineten, zein ona zinen marrazten eta zenbakiekin eta altzariak egiten. Eta batez ere, behin eta berriz dio, zein ona zinen.

      Aita ezkutua. Ez nion inori ezer aipatzen zuri buruz. Ezta sexu analaz hitz egiten nienei ere. Ez dakit zurekiko lotsa edo larderiagatik zen edo neure buruarekikoagatik. Orain hilda zaude. Bortizki sentitu dut zu hilda egoteko gogoa zuri buruz idatzi eta estigma amiltzeko.

      Nigan jarraitzen duzu ordea. Ez da honekin amaitu. Lotsak hor dirau, lizun, tentagarri, likits, ilun, bere bidea egiten gu ohartu gabe, orainaren etsai.

 

 

2019ko urriaren 16a

Gaur ingeles klasean, Ramonek galdera bat egin dit:

      — Bihar, esnatzen zarenean, ez daukazun zein gaitasun eduki nahiko zenuke?

      — Dantzatzekoa —erantzun diot pentsatu ere egin gabe, eta gaizki dantzatzen dudala erantsi dut.

      Gero ohartu naiz zeinen lotsagarria den esaldia, zenbat gauza esaten dituen nitaz, gehiegi, eta akaso inori egin dakiokeen aitormen antierotikoena dela.

 

      Oraindik ez dut ingelesez aproba egin: “My dad died two weeks ago”.

 

 

2019ko urriaren 17a

Zergatik ez zenizkidan inoiz hosto iharrak erauzi?

      Zergatik ez zenituen inoiz nire zurtoinak zure hatz artean hartu?

      Zergatik ez zenidan inoiz ura eman?

      Zergatik ez ninduzun eguzkitsuagoa zen bazter batera eraman?

 

 

2019ko urriaren 18a

Idoiak deitu dit, gaur jakin duela, asaldatuta zegoen eta triste. Negarra ito behar izan dut. Uste nuen ez nintzela ezer sentitzen ari. Zergatik Idoiarekin? Zu eta nire artean jende batek eroale lana egiten du eta beste jende batek isolatzaile lana. Nor da zer eta zergatik?

      Agian zerikusia izan dezake Idoia nire garairik eroenean ezagutu nuela, haurrek bi urte bete ez zituztenean, etxera etortzen zenean gu lanera joan gintezen, pijaman ikusi nauela gutxienez berrogei aldiz.

 

 

2019ko urriaren 22a

Baserri bat oparitu nahi zigun. Euskaraz egin genezan nahi zuen, nahiz eta berak ulertu ez, izen aspirazionalak jarri zizkiguten nahi zutenetik gehiegi urrun ez gintezen. Beraiek ulertzen ez zuten hizkuntza batean eskolatu gintuzten ahizpa eta biok. Haiek ulertzen ez zuten hizkuntzan hitz egiten genuen ahizpak eta biok mahaiaren bueltan. Aitona-amonek haien seme-alabei ezkutatu zieten “aurrera egin zezaten” eta Gabonetan senideok elkartzen ginenean hizkuntza hartan jarduten genuen aitona-amonak eta bilobok, aitarentzat eta bere anai-arrebentzat marmar ulergaitza bilakatua zen hizkuntza mutilatuan.

      “Ozpina, mesedez” esaten genuenean aitak eta bere anai-arrebek esanahiaren bila begiratzen zioten elkarri, baina inork esku mugimendurik egin aurretik aitonak edo amonak ebazten zuten airos: “El vinagre”.

 

 

2019ko urriaren 23a

Lehengoan Joxemarirekin egin nuen amets, aurrerantzean nire aita izan nahi ote zuen galdetzen niola eta baietz esaten zidala. Pare bat egun geroago bere email bat jaso nuen. Ametsa kontatu nion eta adoptatu nahi ote ninduen galdetu. Baietz esan zidan, zergatik ez. Lasaitu eta poztu egiten nau aukerak nahiz eta fantasiazkoa izan. Jeloskor jarriko ote zinatekeen ez dakit.

 

 

2019ko urriaren 24a

Baratxuri zopa jateko gogo bizia. Aitaren plater kuttunetako bat zen, berarentzat bakarrik prestatu ohi zuena buztinezko lapikoan zeremonia handiz. Haur denboran, koilarakada bat eskaintzen zidan, senide euskaldunak ahotan, haiekin ikasi omen zuen jaten. Ikasi, esaten zuen, ezagutza misteriotsu bat gordeko balu bezala platerak. Soiltasunaren estetika erakutsi nahi zidala uste dut, pobreen luxua, koilara hartan kabitzen zela zoriona. Paradisu galdu hartara eramaten saiatu zen maiz. Hasieran baietz esaten nion, plazer emateko. Nire keinu hark harrotasunez betetzen zuela ikasi nuenean koilarakada hura ez onartzen hasi nintzen. Bakartu egin nahi nuen, etxean ere, bere bandokoa ez nintzela ikusarazi behar nion kosta ahala kosta. Gaur, hura jateko gogo bizia izan dut. Zopako ogia erosi eta Amagoiari eskatu diot errezeta. Akaso hau da gure ouija.

 

 

2019ko urriaren 25a

Bartzelonan eman ditugu bost egun, Landerrek idazten ari den eleberrirako ohar batzuk hartu nahi zituela aprobetxatuz. L’Hospitalet de Llobregaten egin dugu lo. Igande goizean, gosari bila jaitsi nintzenean, arlote itxurako alkoholiko jendea ikusi nuen, duintasunari eusten, auzo hartan tokiz kanpo egon gabe beren dantzatxoarekin. L’Hospitaleten jaio izan banintz akaso normalagoak ginateke biok, Alkoholikoa eta Alkoholikoaren alaba, S. L. Lotsa klase kontu bat ere ba ote den. L’Hospitaleten ederra iruditzen zait jendea, baita hortzik gabe eta muturra berotuta ere.

      Zure zamaz libratzeko egin nintzen idazle, uste dut, zugandik urruntzeko bidea izan zen, beste norbait beste nonbait beste norbaitentzat izateko aukera. Aktoreez, dantzariez, margolariez... jelosten nintzen, haien mundu itxuraz ez zurrunaz, non prekaritatea, ez bakarrik materiala, baizik eta emozionala ere, xarmagarri bilaka zitekeen. Baina nik ez nuen ez antzerkirako, ez dantzarako, ez margotzeko balio. Ez nekien ezer egiten, igeri egiteaz eta irakurtzeaz aparte. Alabaina, haietariko bat bilakatuz gero, gogor ahaleginduz gero, dekadentzia edertasun bilakatzeko aukera izango nuen. Agian haien munduan bazegoen aita alkoholikoentzat eta aita alkoholikodun alabentzat belusezko kuxinek, lanpara gaineko zeta zaharrek eta tabako usainak leundutako txoko goxo bat.

      Zuen eta nire artean hitz ezezagunak jarri nituen, adreiluz adreilu. Irakurriz eta idatziz desklasatzea zen helburua, espero ez nuena zen, irakurriz, nintzenaren eta ginenaren kontzientzia hartuko nuela, edertasunaren eskutik egia etorri baitzen ezinbestean. Nentorren tokitik aldenduko nintzen, baina trukean ez nuen inoiz ahaztuko nondik natorren: zementua, karea eta hondarra saltzen zen almazen batekoa naiz.

 

 

2019ko azaroaren 1a

Atzo hilabete hil zinela. Hutsunea sentitzeko aurretik okupatu egin behar da.

      Gaur ezertarako gogorik gabe nago, ez litzaidake inporta izango hilda egotea. Amorrua ere aurki dezaket gogogabetasun horretan apur bat hazka eginda. Jateko, erretzeko, erosteko, irakurtzeko gogoa daukat, konpultsiboki.

      Ama alaiago ikusten dut ni baino.

      Ama alaiegi ikusten dut.

      Gaur lagunekin joan da bazkaltzera.

      Tenerifera, Parisera eta Lisboara joateko bere planen berri ematen dit.

      Herentzia kontuek okupatuta eta bizirik mantentzen dute, kezkak beti berpiztu izan du.

      “Zer pentsatuko ote du aitak zulotxo batetik begira baldin badaukat?”, galdetzen dit baimen eske.

 

      Ez dakit nor zinen.

      Ez zenuen hitz egitea maite.

      Jendeak begirunea zizun.

      Ez zinen inoiz langile jendearengandik apartatu.

 

      Benny Hillen lerdokeriekin algaraka jartzen zinen.

      Martes y Treceren arrunkeriek barrez lehertzen jartzen zintuztenean, alborantz begiratzen zenuen konpartsa bila. Amak jarraitzen zintuen, nik ez.

      Mister Bean agertu zenerako ikasi zenuen bakarrik egin beharko zenuela barre.

      Algara eragiten zizuten biloben alukeriek.

      Barre felinoa zenuen, mina ere ordezka zezakeena hotsa kenduz gero.

      Nik ez nizun ia inoiz irri eginarazi, are gutxiago negar.

 

      Behin nirea ere izan zen gorputz hori zelako sufritzen zuena ematen zenidan hainbeste min. Orain ez dakit zer egin honekin, ez daukat non gorde.

 

      Perfumeak oparitu nizkizun txikitatik: urte askoan Brummel, azken urteotan Loewe Esencia. Zabaltzean beti botatzen zenuen lurrun pirrinta bat, baita pijaman egonda ere. Agian askatzen zenuen usaina estaltzeko egiten genuen. Bilduma dotorea zenuen etxean, baina hil zinenean ez zeuden armairuan. Dendara zure bila joaten zen kaleko jendeari oparitu zenizkiola esan zidan amak.

 

      Ez dakit zein emakume mota gustatzen zitzaizun, ez emakumeak bereziki gustuko zenituen ere.

 

      Ez zenuen inoiz sonbreiru bat jantzi.

 

      Futbolari higuina zenion, baina esku-pilota asko gustatzen zitzaizun.

 

      Ez zenigun barkamena eskatu.

 

      Guapoa izan zinen.

 

      Pentsatzen badut ez zaitut maite. Pentsatzen ez badut maite zaitut. Pentsatzen badut ez zaitut maite. Pentsatzen ez badut maite zaitut. Pentsatzen badut ez zaitut maite. Pentsatzen ez badut maite zaitut. Pentsatzen badut ez zaitut maite. Pentsatzen ez badut maite zaitut. Pentsatzen badut ez zaitut maite. Pentsatzen ez badut maite zaitut. Pentsatzen badut ez zaitut maite. Pentsatzen ez badut maite zaitut. Pentsatzen badut ez zaitut maite. Pentsatzen ez badut maite zaitut. Pentsatzen badut ez zaitut maite. Pentsatzen ez badut maite zaitut.

 

      Dagoeneko ezingo zaitut ezagutu.

 

 

2019ko azaroaren 2a

Amak deitu dit, negarrez aritu dela buruko mina jarri arte, zenbat hartzen zaituen faltan.

      Nik ere negarrez eman ditut orduak, logelan sartuta, ilunpetan, baina ez diot deus aipatu. Aurpegia desitxuratu zait. Ispiluan begiratzean neure burua ez ezagutzearen plazera deskubritu dut.

      Hain nago triste garaiezina naizela.

 

 

2019ko azaroaren 3a

Haitin, Antiguan, Koh Taon jaio izan banintz ez nukeen hau horrela biziko eta gutxiago kontatuko. Zergatik izan behar du aita batek nirea zena baino gehiago? Lehenengo munduko dramak, emozioak, kontakizunak.

      Jo izan baninduzu, ama jipoitu izan bazenu edo ahizpa bortxatu sikiera, maitatu izan ez bagintuzu kulparik gabe gorrotatuko zintuzkedan. Baina ez. Gaixotasun bat da, esaten dute. Talde gaixotasuna: bat gaixotuta denak gaixotuko zarete aldez edo moldez.

 

      Gorrotorik ez, ados, baina errukirik ere ez, ez dut zure gainetik ipini nahi, horrek nire azpitik kokatuko zintuzke eta, parez pare nahi zaitut, ez dizut horrela eta horrela utziko zure ardurei itzuri egiten.

      Nazka, arbuioa, ezereza.

      Hildakoen kontra idaztea koldarrek eta traidoreek egiten dute, badakit.

 

 

2019ko azaroaren 4a

Zu ezagutzeko modu desesperatua da idaztea.

      Zu bizirik mantentzekoa.

      Zu laztantzekoa.

      Zurekin egoteko modu bakarra.

      Gaixorik behar zenuen sendatzeko.

      Hilda bizirik egoteko.

 

 

2019ko azaroaren 5a

Nola da posible hainbeste maitatzea besaulkian kordea galduta zegoen hura?

      Nola egingo nukeen zure heriotza jasateko baldin eta inoiz nirekin dantza egin izan bazenu edo txorien izenak irakatsi izan bazenizkit?

 

 

2019ko azaroaren 6a

Anarik kontatua: euskal arrantzaleek ez zekiten igerian, ez zuten jakin nahi. Hartara, uretara eroriz gero, igerian ez zekitenak azkarrago itoko ziren eta igerian zekitenei hil arteko agonia luzatuko zien bizirauteko itxaropenak.

      Zuk zertarako ikasi zenuen igerian?