I
2018ko abenduaren 5a
Aitaren aldamenean nago, iktus unitateko gela berezi batean. Banaka baino ezin gara sartu. Inoiz ez zaizkio jendetzak gustatu, ez zaio inporta izango. Eta guri ere ez. Seguru asko aitari gauzak esateko modu bakarra biok bakarka egotea da, bera korderik gabe, ni beldurtuta. Iritsi naizenean izeba Lourdes eta ama zeuden. Salbuespen gisa hiruroi batera sartzen utzi digute gelara. Gure artean ez da maitasun keinu txikienik egon, ez muxu, ez besarkada, ez igurtzi. Esaldi funtzionalak baino ez: zer izango ote da, gaur sofan egin du lo bizkarreko minez zegoelako, goizean normal gosaldu du, hamaiketan irten da bulegotik, tailerrekoak deitu du, ez zuen anbulantziara igo nahi.
Medikuak isuria izan dela eta datozen orduak erabakigarriak izango direla esan digunean isilik gelditu gara. Ez negar, ez esku dardartirik, ez mele, isilik. Galdera tekniko bat:
— “Datozen orduak” diozunean, zer esan nahi duzu? Bi ordu? 24 ordu? 48?
Ez dugu enbarazu egin nahi, isiltasuna zartatzeko egindako galdera zozoa.
— Datozenak. Odol-jarioa etetea da kontua. Baina daukan arazo hepatikoarekin —hizkuntzaren ekonomia zer den, hogeita hamar urte baino gehiago bi hitzetara plegatuta—, konplikatu egiten da bestela ere larria litzatekeena, plaketa gutxi ditu eta. Jarri egingo dizkiogu, baina barea... Ea gorputzak nola erantzuten duen.
Harriek hotsa ateratzen dute basamortuan.
Heriotza zalapartaka ari da.
— Azken gauza bat: unitate honetako arauak bereziak dira: lasai utzi behar zaio, banaka baino ezin da sartu.
Horrela hobe, kalte egiten diogu eta elkarri, kalte taldeari eta norberari familiako bi kide baino gehiago juntatuz gero, hain da gure idatzi gabeko familia-konstituzioa drakoniarra afektuei dagokien atalean.
18.2. artikulua: Ez da jendaurrean negar egingo heriotza bat ez bada tarteko. Kasu horretan:
a. Drenaje emozionalerako bide gisa erabiliko da.
b. Negar egitea inpaktua eragin duen egoeraren hastapenera mugatuko da eta inolaz ere ez da denboran luzatuko.
18.3. artikulua: Ez da saminarekin salerosian jardungo.
a. Ez da saminaren ondorioz gerta daitezkeen prozesu fisiologikoen exhibiziorik onartuko.
b. Samina ez da xantaiarako gai izango. Xantaia egitea bezain arbuiagarria izango da samina iturri duen xantaiara makurtzea.
18.4. artikulua: Salbuespen egoerak:
a. Fikzio baten ondorioz negar egitea eskubide bat da, betiere fikzioa amaitu bezain pronto konpostura berreskuratuko bada.
b. Maitasun, hunkidura, xamurtasun, enpatia adierazpen oro debekatuta dago. Animaliekiko eta sei urtez azpiko haurrekiko harremanak debeku honetatik salbuetsita daude.
Intimitatea da legea ondoriorik gabe urratzeko esparru bakarra.
Bakarrik gelditu gara aita eta biok. Goizeko hamarrak dira, eta lipar batez inkonstituzionala den zerbait egin dut: ilea laztandu diot, beso bat ukitu diot. Leunak ditu ilea eta biloa.
Ez nuen inoiz hain gertutik ikusi.
Kuriosoa da: amak eta izebak ez dute odol bera eta hala ere konstituzio beraren gainean egin zuten zin denboran oso atzera; nire ama eta nire izebaren arteko lotura nire aita den arren, bataren senarra eta bestearen anaia, bera da konstituzio horren gainean esku osoa jarri ez duen bakarra. Ez dakit esaten nor den bertako eta nor den bertakotzeko balore, eskubide eta erantzukizun horien arabera bizitzeko men egin duen atzerritarra.
Abenduak 6, Espainiako Konstituzioaren eguna
“Ezin dut neure burua ulertarazi”, ulertu diogun eguneko esaldi bakarra, gero “barbarbar txokolate barbarbar txokolate”.
2018ko abenduaren 7a
Hizketan hasi da. Besoa ere mugitzen du.
Gorputz atal guztiak mugitzen ditu. Buruko min handia du. Ospitaleko gela honetan beharrean beste leku batean egon dela dirudi. Beste leku batetik esnatu dela. Pozik nago.
Autoan sartuta aurkitu zutela esan dit, arbola baten kontra, Oiartzundik Errenteriara bidean, tailerrean konponketa bat ordaintzetik zetorrela eta ziztuan eraman zutela ospitalera.
2018ko abenduaren 8a
Jaten eman diot. Purea lehendabizi, jogurta gero. Jaten eman diot seme-alabei sekula jaten eman ez diedan debozioarekin.
Garbi-garbi utzi dugu platera.
Amak mesanotxean utzi dizkion oihalezko mukizapietako bat hartu dut, Loewe flaskoaren ondoan daude. Mutur batekin ezpain ertzak garbitu dizkiot, leun, gozo, bukatu nahi ez den koadro bati azken ukituak emanez bezala.
Eskuak ipini dizkiot aurpegiaren alde banatan.
— Dena jan duzu.
Esan diot.
— Goseak zinen.
Esan diot.
— Ongi jarriko zara.
Esan diot.
Begietara begira hitz egin diot, bizitza honetan lehen aldiz. Ez dakit esaten dudana guztiz ulertzen duen baina begiradari eutsi dio.
Lotsa ematen dit aitari buruz idazteak.
Baxenabartar-lapurtar tradizioan beldurrari lotsa esaten zaio. Mexikon eta Kolonbian lotsari pena. Ingelesez, espainolez eta frantsesez enbarazu hitzarekin senidetuta dago lotsa, baina euskaraz enbarazu-k estorbu, eragozpen edo arazo esan nahi du. Enbarazu hitzak asturierazko edo portugalerazko embaraçar-en omen du ahaiderik zaharrena eta soka adierazteko erabiltzen zen.
Gerora, haurdundu esan nahi izan du portugaleraz, asturieraz eta gazteleraz. Bete edo kargatu ere esaten zaio euskaraz horri.
Ez dut sinonimoetan sinesten. Ez dut itzulpenetan sinesten.
Isiltasuna antzeztu behar dut hitzek zentzuren bat izan dezaten eta, hala ere, isiltasun sinesgarrienak ez du zentzua segurtatzen.
Agian dena da hizkuntza arazo bat. Hasieratik.
2018ko abenduaren 19a
Sendagiria ematearekin bat lanera itzultzea debekatu diote. Atsedena behar du, agian erretiroa, esan diote. Donostiatik bueltan haienetik pasatu naiz. Besaulkian aurkitu dut, etzanarazia, hankak luzatuta, lo.
Mahai gainean El Diario Vasco ikusi dut, gurutzegramen orritik tolestuta, gainean irakurtzeko betaurrekoak. Egunkaria hartu eta ikusi dut letrak dagozkien laukitxoetatik kanpo ipinita daudela, hautsita gehienak, baina erantzun egokia josten dute: “Voz de mando: ar”, “Agarrar: asir”, “Lesioné, laceré: lastimé”. Ez nuen berehalakoan esango etxera itzuli eta gurutzegramak egiteko gai izango zenik. Grafia aldatu zaio.
Mutiko ilea du oraindik, tabako kolorekoa, nahasia. Lotsa eman dit lo dagoela begira gelditzeak.
Amak esnatu du, ate orpotik haren izena esan du ozen, esnatzeko, han nagoela.
Harriduraz begiratu nau, ezagutuko ez banindu bezala. Beti egin du hori. Berriro kontatu dit istripuarena.
Begi bat irtenago dauka bestea baino, atzetik bultzaka duen odoljarioaren erruz. Ohi baino motelago, baina argitasunez hitz egiten du. Hitzen bat ez zaio etortzen eta ezpainekin borrokatzen da.
— Ikusi duzu?
Dio egunkaria seinalatuta.
— Dardarizoarekin ezin diot boligrafoari ongi heldu.
Dio.
Gero, sukaldean, amak esan dit aitak erditik moztuta ikusten duela dena. Esan dit, baita ere, itxura txarra hartzen diola. “Zer zortea gurea...! Orain gertatu beharra ere!”. Amak, aitari buruz orain esaten duen bakoitzean, Edateari Utzi Eta Gero esan nahi du.
Esnez bete du edalontzi bat.
— Eramaiozu.
Dio.
Ez dut inoiz aita esnea edaten ikusi.
Frantsesez sevrage esaten zaio zerbaiten kontsumoa eteteari, sevrage tabagique edo sevrage alcoolique diote. Hitz bera erabiltzen da amaren esne bidezko elikaduraren etetea adierazteko, sevrage de l’allaitement, bai animaliei eta bai gizakiei gagozkiela.
2018ko abenduaren 21a
Lau egunen faltan Gabon gauerako, umore txartzen hasita nago.
Ez dut ezagutzen Gabonak baino arautzaileagorik den gertakaririk, ezta ezkontzak ere.
Badakit zer gertatuko den: aitak opariak zabalduko ditu, papera kentzen bukatu aurretik aspertu eta “oso polita” esango du paketea lurrera erortzen utzi ahala, barrukoa atera gabe. Eta guk opariak egiten jarraituko dugu, zeremoniari eusteak nonbaiterako sarbidea emango baligu bezala. Alkandora bada ez du zabalduko, jertsea bada ez du ukituko, oinetakoak badira ez ditu jantziko, perfumeei bakarrik eskaintzen die audientzia amiñi bat. Perfume bat oparituko diot. Pirrinta bat botako du airera eta bigarren bat kolkora. Lurrin horrek gozatuko du elkarren ondoan eserita jarraitu beharrak ematen duen mina.
Familia basati batera jaio nintzen, non amak beldurra eragiten zidan promes eginez ez zidala inoiz gezurrik esango eta aitak nahi zuen oro libreki gorrotatzeko eskubidea aldarrikatzen zuen. Egiarekin eta amorruarekin konpromiso gotorra zuten.
Nire aita mozkor bat zen, nahiz eta nik ongi baino hobeto dakidan mozkor hitzak ez duela ia ezer esan nahi. Balio du sailkatzeko, asko eta gaizki edaten dutenak gutxi eta ongi edaten dutenengandik bereizteko, eta, Aristotelesen arabera, sailkatzea ezagutzarako bide ezinbestekoa da, hitz egitea, nahiz eta hitz alferrak erabilita egin, honi guztiari eusteko dugun soka bakarrenetakoa den aldetik. Ezin dugu ebitatu, baina mozkor hitzak ez du ia ezer esan nahi, mozkor guztiak berdinak ez direlako, mozkorra bilakatu egiten delako, eta mozkorrik mozkorrena ez dagoelako beti mozkor.
Haur bat naiz, berandu esnatu gara, autobusa galdu dut, amak lanera hots egin dio aitari eskolara eraman nazan, amak ez daki gidatzen, ez du inoiz ikasiko. Beti prestu, handik ordu laurdenera etxepeko txirrina jo du aitak. Autoa espaloi gainean igota, zain daukat. Dagoeneko mozkorra dago.
Ez dut begirada errepidetik kentzen. Aitaren larruzko jakaren, alkoholaren eta erretrobisoretik zintzilika doan pinuaren nahasketa. Aurrerantzean ez naiz horietako bakar bat ere bereizita usaintzeko gai izango. Larruzko jaka guztiei hartzen diet alkohol usaina, eta pinu anbientadore guztiek dute larruarena. Kotxe berri usainak ezinbestean narama beti aitarengana.
Iritsi gara eskolara. Hark nire barrua usainduko balu bezala ez da inoiz autotik aterako, ez nau klaseraino lagunduko, ez da irakasleengana gerturatuko.
Haur bat naiz, ez naiz besteen etxeetara joaten, auskalo zer nolako aitak dituzten, zerri ugari dabil hor zehar. Besteen etxeetara gutxi joaten naizenez, lagun gutxi etortzen da gurera, baina tarteka heldu da inozoren bat. Aita karga-karga eginda iritsi da, logelako atea zabaldu du, lagunarekin nago ohean eserita, lagunari ilea ukitu dio, nigana makurtu da gero, muxu busti bat eman dit, besapeetan kilimak egin dizkit, ohean etzanari nau, kilikilikilikili esaten du mingain gizenarekin. Hatzak arin mugitzea kosta egiten zaio eta min ematen dit.
Haur bat naiz, lagun horren etxera noa. Sukaldean ari gara meriendatzen, haren aita menditik etorri da, harraskan ari da boten zoletan gelditutako lokatza zotz batekin ateratzen. Artilezko galtzerdiak eskuz garbitu eta iturri gainean utzi ditu zintzilik. Galtza-barrenak jasota oinutsik dabil etxetik. Halako batean gure presentziaz ohartu da: nire izenez agurtu nau, alabari ez dio kasurik egin. Gizon perfektua da.
Haur bat naiz, beste lagun batekin noa Biteri kaletik. Herriko kale nagusia da, jende dotorea eta dotore nahia bertatik paseatzen da, asteburuz jantzita igandeetan sinesten dutenak. Eremu arriskutsua da niretzat, aitak oraindik bertako tabernetan eta egun argiz edaten duen garaia baita, baina ezinbestean zeharkatu behar dut etxera iristeko. Kalearen erdian gizon bat ikusi dut bizkarrez, larruzko jaka darama, zabuka doa marrazki bizidunetan nola. Nire aita da. Badirudi inork ez duela ikusten nik ez beste. Lagunak berriketan jarraitu du, bera ere ez da ohartu. Aitaren parera iritsita, bakoitzak albo batetik egin diogu itzuri eta berriketan jarraitu dugu.
Haur bat naiz.
Ahate zuri erraldoi bat, ni halako bi edo hiru dena, gondolero kapela eta pajarita berde bat jantzita, esmeralda kolorekoa. Orain gutxi arte presentzia bat zen, beti inguruan zebilkidan mamu bat. Baina badira urte batzuk ikustea lortu dudana, eta desagertu ez den arren, badakit zer den: ahate handi bat, lastozko kapelarekin eta pajarita erridikulu horrekin.
Moralari eta kontzientziari lotutako emozio bat da lotsa. Zentsurari, besteen begiradari, norberaren burua inork maitatzeko modukoa izatearen inguruko zalantzari lotutakoa. Bere sinboloa orbana da. Garbitu ezin den hori, begirada guztien itu den hori. Sublimetik erridikulura milimetro erdia zegoela irakurri nion jostun bati, hori.
Aitak esan zidan norbait benetan garbia den jakiteko bere liburuak miatu behar direla, hor zegoela norberaren funtsa. Bakardadean irakurtzen baita eta bakardadean garelako benetan garena. Eskola liburuez ari zen orduan, edo hori uste genuen biok.
Hain da sentimendu nartzisista, lotsatzeak lotsa ematen baitu.
Pertsonaren nortasuna suntsitzen du, norbera ez da ezer akats hori baizik, berdin du zer esan eta egiten duen, pertsonak sinetsiko baitu bizi den artean besteentzat ez dela beldar bat baino desiragarriagoa izango. Eta hain da zaurgarri, hain da zauri, hil egin nahi duela, harrabotsik atera gabe, lurrak irentsita, autosuntsipen amets azkar bat, desexistitu.
Desagertzea, erretiratzea, ezkutatzea: bederatzi urterekin hasi naiz igerian eta bederatzi urtez ia egunero egin dut igeri. Zazpi eta erdietarako kiroldegiko aldagelan nago, kloro eta lixiba usainak nireak dira. Kronifikatutako otitisa dela eta, neurrira egindako silikonazko tapoiak erabili behar ditut. Behin txanoa jantzita ez dut apenas entzuten, ez bada arnasa eta ura. Igerilekuan nagoela, urak ateratzen dituen soinu guztiak bereiztera jolasten naiz: norbait pulunpatzen denean bat-batean urak jasotzen duen kolpea, hondotik ur azalera doazen burbuilen hots igokaria, zipriztinen alaitasuna, ur azpiko korronteek ateratzen duten soinu limurtzailea, eta gehien maite dudana, igeri egitean, oso ongi egitean, nire gorputzak uretan lerratzean ateratzen duen hots isila, tristea eta nolabait ederra. Bi kilometro inguruko entrenamenduak egiten ditugu, crawla eta tximeleta dira nire espezialitatea, distantzia motzak eta potentzia. Domina batzuk irabaziko ditudan arren, ez ditut logelan inoiz ikusgai jarriko, hain harrokeria arruntetarako harroegia naizelako, batetik, eta haiek miresteko publiko egokia falta izanak sorturiko amorruagatik, bestetik.
Duela gutxi zakarretara bota ditut guztiak, ustez egoaren kontrako batailatxo domestiko batean.
Oraindik, udara oro egiten dut igeri. Udara oro egiten ditut metro batzuk tximeleta erara lehertu arte, betiere inor begira ez dudanean, hain da estilo eskandalagarria. Urtero sentitu nahi izaten dut indar hori, hegan egiteko modu bat da.
Gaueko hamarrak pasatxotan iristen naiz etxera. Amak egindako afaria jaten dut, Coca-Cola lata batez lagunduta sukaldean bakarrik. Sukaldea marroia da. Dena da marroia, baita plateren ertzak ere. Ilea lehortu eta ohera, Ohera noa esanez beti, tonurik gabe, ongi ahoskatu gabe, baina esanez. Nire logela neuk horman pintatutako marrazkiz josita dago. Amari ez zaio ardura. Irudimena dudala dio, hori ona dela. Ez du txikikeriatan denbora galtzen.
Urte askotan eskolatik etorri eta lotara joan bitarteko ordu penagarriak libratzeko balio izango didate entrenamenduek. Kasurik onenean, igerilekutik itzultzen naizenean haiek egongelan egongo dira, ama telebistari begira eta aita besaulkian katua kentzen. Etxeko gela handi bakarra da. Hormetan, geroz eta urriagoak diren bere mozkorraldi alegeretan senegaldarrei erositako maskarak pilatzen ari dira. Amari ez zaizkio gustatzen.
Ez da ez zaizkidala gustatzen. Beldurra ematen didate, auskalo zertarako diren benetan.
Dio, mustukarekin hautsa kentzen dien bitartean, segurtasun distantzia mantenduz.
Latigo bat ere badago, iltzeetan bermatuta horma zeharkatzen duena slalom batean bezala.
Egongelako izkina batean, bi metro luzeko ele formako barra dago. Egur ilunekoa da, aitorleku itxura ematen dion maila batez estalita parte batzuetan, azulejuekin bestetzuetan. Hondoan ispilu bat. Ispiluaren aurrean edari bereziak: kristal landuzko botiletan gordetako patxaranak, metalezko filigranekin apaindutako xanpaina, whiski, koñak, brandy eta pattarrak. Barraren gainean telefonoa dago eta barrualdean apalak, non esne tetrabrikak, kontserbak, plantxa, plantxatzeko burusia, ardo garrafoia, sifoia, Winston kartoi amerikarrak eta Coca-Cola latak dauden.
Kasurik okerrenean aita oraindik ez da etxeratu eta logelara bidean, korridorean aurkitzeko arriskua izango dut. Sartze iragarria: giltza bat sarrailaren kontrako borrokan, altzairua egurra zauritzen. Txirrina ez jotzeko besteko duintasuna izan du beti.
Kontrola: ortografian aurkitu dut kontsolamendua, gauzak ongi edo gaizki egon daitezke, eta ongiaren alde paratuko naiz ni, ordenaren, zuzentasunaren, ezagutzaren eta elitearen alde. Gaztelania irakasleari akats bat zuzendu diot, No se dice jabalís, se dice jabalíes. Akatsak egiten dituztenengandik bereizten dut neure burua, moralaren ikuspegitik koska bat gorago nago, plazera aurkitzen dut besteen okerretan, etorkizun osoa kabitzen da jarri gabeko hatxe bakarrean, drogamenpekotasuna da gerta dakiekeen kalamitaterik xamurrena. Akats ortografikoak egiten dituzten lagunekiko errukia sentitzen dut, akats ortografikoak egiten dituzten ezezagunekiko arbuioa. Nerabezaroan, jendaurrean “Soñastes que volastes” irakurriko duen nire ezagun poetanahi bati agurra kenduko diot.
Nik egiten ditudan akatsak gorriz zirrimarratzen dizkidatenean lotsa sentitzen dut, baiki ez dut ezer onik merezi. Laster, aitaren bulegoko mahaian, akats bat aurkituko dut berak betetako albaran batean. Ez dio, bestela grafia ederrean idatzita dagoen hitz bati, tildea jarri. Ezin sinetsita gelditu naiz. Zerbait eraitsi da nire barrenean, baina aldi berean zerbait hori ez naiz ni, salbatu egin naiz. Akats horretan ezagutzen ez dudan tipo bat bizi da.
Arropa eskegitzeko pintzekin hatz puntei heldu, eskuak mantaren azpian gorde. Egurrezkoak dira onenak. Hasieran bizpahiru minuturekin nahikoa zait, baina minean trebatu ahala geroz eta denbora luzeagoaz eutsi behar izango diot benetako plazera sentitzeko. Bihotza pintzaren ertzetan taupaka, odola puntetaraino iristeko punpaka. Hatzak ubeldu dira, eskuak zuritu gero. Iritsi da unea: banaka-banaka askatu, presarik gabe, katarsia dastatu. Minaren trebakuntza prozesuan irakurketek beteko dute geroago pintzen funtzioa.
Erasoa: hamar-hamaika urte ditugu. Gelan bada Goizeder izeneko neskato bat “etxean arazoak” dituena, horrela esaten diote. Etxe handi korrokoil batean bizi dela esan dit gaixorik dagoenean etxeko lanak eramaten dizkion gelakideak. Jakin-mina pizten dit neska arazotsuaren bizitzak. Bere adinerako infantilegiak diren mototsak eta xingolak erabiltzen ditu eta laguntzaile bat izaten du gelan, bere aldamenean jesartzen den gizon handi bat, eta nik neskatoaren lotsa senti dezaket idazmahaia txiki gelditzen zaion gizon hori eserita daukalako ondoan, oharkabean pasatu beharko lukeena lau haizetara aldarrika: neska gajo hau tuntuna da, baina egin dezagun konturatu izan ez bagina bezala. Beldurtuta dirudi beti. Bere hamaiketakoari begiratzen diot ikusminez nor den ulertu nahian: albaletan bildutako txokolate beltza edo hegaluze ogitartekoa eramaten du batzuetan.
Gaixorik dagoenean etxeko lanak eramaten dizkion gelakideari eskatu diot bere etxea deskriba diezadan: egurrezko eskailerak ziztuan igotzen dituela beti ateratzen duten zaratak ematen dion beldurragatik, kristal bat hautsita eta kartoi zati batekin estalita daukatela, gurasoez gain amona eta osaba ere bertan bizi direla, amona eta Goizeder arduratzen direla etxeko kontuez ama eta osaba egongelako sofan etzanda egoten diren bitartean telebistari begira, hain dela sarkorra dagoen zopa usaina enpatxatuta irteten baita beti haienetik.
Bere errelatoak ez nau asetzen, baina berdin dio, espantuka hasi naiz. Behin, etxea zein den erakutsiko dit. Txirrin single bat du, eraikinean beste inor bizi ez den seinale. Sotoko atea bultzatu dut: barrua iluna da, kable batetik zintzilik bonbilla bat, moketa hormetan. Bebarrura sartu eta usnaka hasi naiz, arrasto gehiagoren bila. Gelakideak mahukatik egin dit tira, baina dagoeneko berandu da, liluratuta nago.
Amari galdetu diot zein arazo duten etxean.
Ama zurruteroa da.
Esan dit.
Hori bai txarra, aita beharrean ama!
Gaineratu du.
Nire fantasia bete da. Jolas-garai batean asmatu dut Goizederrek baxoerdi bat ardo eta gazta gosaltzen duela eta nire audientziak sinetsi egingo dit.
Baxoerdi bat eta gazta?
Sinetsi egingo dute sinetsi egin nahi dutelako.
Nire asmakeria berehala zabalduko da eta jakin behar duten guztiek jakingo dute. Damurik ez dut sentitzen, errukia zer den ez dakit.
Aurrerago:
Patata bat da, ohartu zaitezte.
Esaten dudana ez entzuteko bezain urrun dago Goizeder. Hari begira nago begiak erdi itxita, ingurukoen arreta neureganatuta. Denak jiratu dira. Inork ezin du ezetz esan, guztion bistan zegoena izendatu besterik ez dut egin:
Patata azalaren ile kolorea, patata mamiaren aurpegi kolorea, patata formako gorputza.
Gure gelakidea patata kume bat da, eta aurrerantzean hala esango diote, Patata edo Patatakume.
Zurruteroaren alaba patata kume bat da, ardoa eta gazta gosaltzen dituena!
Esango dute.
Algarak.
Euria ari du. Klaseak amaitu direnean, eskola parean, ahoa zabaltzeko eskatu diot. Publiko murritza dago, beste bi neska eta laurok. Obeditu didanean aterkiaren kirtena sartu diot poliki. Amuari kosk egin eta harrapatuta gelditu da. Bueltaka ari da, eskolara sartu-irtenka, aterkia ahotik zintzilik. Beldurtu egin naiz, saiatu naizen arren ezin baitut atera. Garbitzaile bat ikuskizunaz ohartu da eta berarenganantz joan da. Lasaitzeko eskatu dio, arnasa hartzeko, eta mugimendu lehor batez atera dio aterkia ahotik, epairik gabe. Gero, barre artean, barkamena eskatu diot.
Biharamun goizean, bere ama etorri da autobus geltokira. Bertan ikusten dudan lehen aldia da. Aterki beltz baten azpian dator, bere alaba ez bezala argala eta garaia da, ile urdin motza, azal horizta, metalezko betaurrekoak, gabardina. Nire parera iritsita, aterkia itxi eta buruan jo nau. Oihuka hasi zaidanean gabardinaren azpian pijama daramala ikusi dut.
Lotsagabea, nazkantea!
Egin dit garrasi.
Geltokian dauden guraso batzuk inguratu dira eta lasaitzeko eskatu diote.
Edanda dago, gibel koloreko ezpain finak ditu, esaten duenaren eta gorputzak adierazten duenaren arteko décalage bihurri hori antzeman diot.
Joan denean, ongi ote nagoen galdetu didate guraso batzuek, babestu egin nahi naute moxkortxio horrengandik.
Alaba lurrera begira dago, eskuak aurrean lotuta. Paria bat da.
Autoerasoa: Gerra bat da. Aitak ez du hitzik egiten, nik ere ez. Isiltasuna isiltasun bortitzago batekin borrokatu. Soraiotasunean trebatuko naiz. Ez didazu minik emango baina pozik ere ez. Ni soldadu bat naiz eta soldadu horren koronela ere banaiz. Mututasun promesa egina dut. Ustez isiltasuna izango da nire zigorra. Ustez, diot, isiltasuna ez delako existitzen, ez behintzat bizi garen artean. Nire barruko karraskak entzuten ditut gorputzean barrena, ezingo diet horiei ihes egin. Hitza betiko galdu ez dudala egiaztatzeko, lotarako orduan ama bere onetik irtenarazten duten zaratak egingo ditut eztarriarekin: m-m-m-m.
Isilduko al zara behingoz?
M-m-m-m.
Bataila latza izango da amorrua eta gelditasuna konbinatzea, tratu txar psikologikoak eragingo dizkiot neure buruari diziplina puskatzen dudanero. Odoletan barrutik, alferrikakoa izango da: isiltasuna ezin da isiltasunarekin garaitu.
2018ko abenduaren 27a
Ohi baino gehixeago hitz egin zuen aitak Gabon gauean. Atxilotu egin zutela behin. Duela bi urteko Gabonetan edateari utzi zionetik disimulaturiko benerazioz aditzen diot hitza hartzen duen apurretan, agian zerbait esango duelako, inporta duen zerbait, dena argituko lukeen zerbait, ez du inoiz hitzik egin eta zentzu estetiko bat bilatu nahi izan diot ezaugarri horri. Ez genekien. Torturatu egin zutela, beldur handia pasatu zuela. Nolatan ez zigun inoiz ezer esan. “Ezin nuen”. Detaileak eskatu arren ez zizkigun eman. “Ordutik dardara egin zioten eskuek amonari, ez zen Parkinsona, askok pentsatzen zuten moduan”.
Ez dakit zer dagoen “ezin” horren atzean, trauma bat, promesa bat, segurtasun neurri bat, arrastorik ez daukat. Bere aurpegiak ez zuen bestelako informaziorik eskaintzen. Aita oheratu zenean amari galdetu genion atxiloketarena egia ote zen. “Jakina egia dela”. Eta zergatik ez ote ziguten inoiz kontatu galdetzerakoan aitak ez zuela nahi esan zuen, berak ere ez zekiela askoz gehiago.
Hiltzen ari da, badakit. Baina nor ez?
Zertan ari naiz ni, bizitzen ala hiltzen? Egin al daitezke biak batera?
Amari Bigarren Mundu Gerrari buruzko filmak gustatzen zaizkio, “alemanadak”, niri ere bai. Aitari westernak, “bakeradak”, niri ere bai. Aita irla bilakaturiko besaulkian egoten da eta ni sofan, amarekin. Zirrara eragiten diote euren ohorea beste araurik ezagutzen ez duten gizon errari haiek, whiskia trago bakarrean eta begitartea mudatu gabe edaten dutenak inguruan dabilzkien salooneko urdangen haragiei sorgor.
Nik zaldiz ibiltzen ikastea nahi du.
Eta zuk?
Galdetu diot.
Nik ya ez.
Ni orain naizena baino askoz gazteagoa da nire aita, guapoa oraindik, baina ordurako dena zaio beranduegi.
Erdigune xamarrean bizi gara, malda baten goialdean, bost pisuko eraikin bateko hirugarren solairuan. Aldamenean eraikinak bata besteari loturik, parean ere bai. Ez dago apenas lorerik inoren leihoetan. Ez dugu harreman handirik bizilagunekin, soilik azken pisukoekin, eta batere ez aldameneko eta pareko eraikinetakoekin. Askok balkoitik balkoira hitz egiten dute haien kontuez edota oihuka deitzen diete etxe bueltan dabiltzan seme-alabei meriendatzera igo daitezen. Ez dakite euskaraz eta ez da arraroa haietarikoren bat kalean etxeko txapinetan ikustea ogi bat besapean. Ez dauzkate gureak bezalako izenak. Ez dauzkate gureak bezalako orrazkerak. Guk ez dugu bisuteriarik ez plastikozko ilerako pintzarik ez adin batetik aurrera ile luzerik ibiliko, guk ez. Ez dauzkate gureak bezalako oinetakoak. Amak ume-umetatik irakatsi dit beraiengandik bereizten. Gu ez gara builosoak, haiek bai. Guk ez ditugu gure kontuak haizatzen, haiek bai. Guk ez dugu barraskilo zakurik, ez ardi-ilezko lastairarik, ez olio eta hestebete tonarik balkoietan sekula ipiniko, haiek bai. Haien balkoiak emakumeek ureztatzen dituzten geranioz beteta daude, gurean aitak bakarrik zaintzen dituen landare zukutsuak. Guk ez dugu ez piperrautsik, ez erramurik, ez ezkairik erabiliko kozinatzeko. Guk ez dugu haien mintzaira hitz egiten, haien hizkuntza bai. Gu ez gara udan desagertuko jatorrizko herrira itzultzeko, gure herri bakarra hau da, uda zein negu, gure izen-abizenak gorabehera hemen eta orain hasten da gure historia.
Pareko eraikinaren arkupeetan punkiak eta jonkiak biltzen dira. Txutatzen begiratzen ditugu maiz. Amak eta biok, leihotik. Bizkarrez daude, koskan eserita, eta goitik beso zurbilak ikusten ditugu izterren gainean luzatzen, eskuak zabaltzen eta atzera ixten. Amak irakatsi dit xiringetatik aparte ibiltzen ez badut hiesak jota hil nahi. Hondartzan ere oinetakoak jantzita ibili behar dut toalla zabalduko dugun tokia aurkitu arte. El cojo Manteca da izenez ezagutzen dugun bakarra, hanka falta duen punkia. Herriko edozein kantoitan aurkitzen ditut, entrenamendura noala kiroldegi ondoan, etxe azpian, Zumardian. Ikusten ditudanean begirada bajatzen dut eta pausoa azkartzen. Zeruan eta infernuan sinesten ez duen nire amarentzat hankamotz horrek haragitzen du bilaka naitekeen okerrena. Bera izango da telebistan ikusiko dudan lehen pertsona ezaguna. Jesus Quinterok elkarrizketatuko du, eta bere ahotan gure herriaren izena entzuteak baino gehiago erasango dit Quintero haren esanei adi entzuten ikusteak.
Abandonatutako motxilekin eta zabor poltsekin kontuz ibili beharra dago.
Herriko mutil batek ostikoa eman dio bati eta etak jarritako bonba bat zeukan. Orain, hura ere, hanka bakarrarekin dabil.
Dio amak aldiro.
Hondamendi baten berri ematen duenean “hura ere” eransten duela ohartu naiz, hondamendiak, ikusi nahi duenarentzat, ezaguna den hondamendi kate batean txertatuta baletoz bezala.
Leihotik begira egongo gara ama eta biok aitaren etorreraren zain, egunetik egunera geroz eta egonarri eta maitasun gutxiagorekin.
Ezkerraldean orube bat dago, eskuinaldean, Jaizkibel. Goizero begiratzen diogu. Ekaitza ote datorren, hotz egingo duen, hodeiak saretuko diren, hari begira asmatzen ahalegintzen gara zer ekarriko digun egunak. Sutan dago hirutatik bitan. Mendia nola kiskaltzen den begiratzen dugu gauez, erabat gurea ez den tristura batek sorginduta.
Gure etxera eramaten duen maldaren behealdean psoeren egoitza zabaldu dute. Oraindik ez dakit, baina handik gutxira, hori ere sutan ikusiko dut maiz.
Borda batean bizi den gizon batengana eraman nau aitak zaldi gainean ibiltzen ikastera. Oraindik uste dut mendian bizi den jende guztia euskalduna dela, baina ez. Gizonak ez darama elastikorik, bakero zikin bat eta katiuskak bai, bibote sarri oso iluna, ile luzexka, bel-beltza. Elkar ikusi dutenean aitak burua goititu du agur moduan. Nirekiko erakusten duen prestutasunagatik, gizon bibotedunak mesederen bat zor diola dirudi. Gerora jakingo dut Proyecto Hombretik pasatutakoa dela.
Borda aurreko mendi magala zelarik gabe, zaldiaren zurdei eutsita igo eta jaistea izango da nire bataioa. Beldur handia sentituko dut, baina ez dut adieraziko, ni beldurtzen banaiz zaldia ere ikaratuko dela esan baitit. Aita bilatu dut begiradarekin, baina ez dago. Gizon biboteduna besoak gurutzatuta eta hankak zabalik dago niri begira, bakarrik gaude. Arratsalde osoa emango dut berarekin, trostan egiten erakutsiko dit, erreka bat zeharkatuko dugu zalditik jaitsi gabe, baina aitak ez nau ezer egiten ikusiko. Leher eginda, zaldiak zalditegira eraman, edaten eman eta, luzaz laztandu, orraztu eta zelak kendu eta gero, bidoi eta oholekin egindako mahai batera jesarriko gara biok. Garagardo lata pakete bat eta Coca-Colak ekarriko ditu gizonak bordatik. Garagardoa zabaldu orduko azalduko da nire aita eta bi lata edango ditu derrotean. Txukun-txukun ditu oinetakoak, ez dakit non eman duen arratsaldea baina mendian ez.
Gau hartan eta ondoren etorriko diren gau askotan zaldiekin pentsatzen hartuko dut lo.
Oraindik ere zaldi baten gainera igotzen naizen bakoitzean berak ikus nazan desio dut, baina inoiz ez dago hor. Zalditik jaistean bakardadearen zama sentitzen dut, nire gorputzaren pisua.
Badira min ematen ez duten minak.
Nire amonaren izen-abizenak dituen eta erdi almazena eta erdi denda den enpresan egiten dute lan aitak eta amak eta aitaren aldetiko familia erdiak. Almazena esaten diote denek osotasunari, baita dendan lan egiten dutenek ere, nahiz eta almazena apenas zapaldu.
Almazen batean egiten dut lan.
Diote denek.
Bost anai-arrebatan zaharrena da aita eta bera arduratzen da kudeaketa lanez. Etxe bat eraiki eta hornitzeko behar den guztia saltzen dute: teilak, porlana, harea, karea, adreiluak, harriak, erretenak, oihal asfaltikoa, zeramika, salamandrak, konketak, bainerak, komun-ontziak, txorrotak, eskuoihal zintzilikailuak, eskuoihalak... Almazenera atzerantz sartzen dira obretan lanean ari diren kamioiak eta bertan lan egiten duten gizonek, tartean nire osabek, materiala kargatzen dute Fenwickarekin lagunduta. Gizonezkoen eremua da: igeltseroak, iturginak, kamioilariak, kontratistak, peoiak, etxean konponketa bat egiten ari direnak, biltegizainak... Mahoizko arropak janzten dituzte, propagandazko elastikoak, gomazko esku-larruak, oihalezko txanoak. Asteburuetan haiekin topo eginez gero ez ditut ezagutuko, hain egongo dira diferente. Almazena iluna da, fluoreszente gutxiegi daude hain eremu zabalerako. Horma estaligabeak ditu, kable eta hoditeria bistan, fantasiarik gabea. Alde batean, zementua, legarra, hondar beltza eta horia dagoenez, hautsezko laino bat dago beti. Oporretan, hondar horizko zakua da nire hondartza. Ez dut besterik behar. Handi datorkidan metalezko pala tontor ezberdinetan iltzatzen dut, esku kolpe hutsez noraino sar dezakedan neurtzen dut eta azken kolpea oinarekin ematen diot erabat lurperatzeko. Baina onena gero dator: tiraldi bakarrean lortu behar dut ezpata bertatik ateratzea. Arturo erregea naiz. Horrela birrinduko dut arratsaldea eta udaren parte handi bat. Fenwickaren gainean nabil osabaren batekin edota beste edonorekin, hortzek paleei haginka egiten diete, beteta zeuden kamioiak husten dira, hutsik zeudenak betetzen. Gizonek oihu egiten diete kamioilariei almazenean sartzeko maniobrekin gidatzeko, juxtu-juxtu kabitzen dira eta. Kamioi bat sartzen den bakoitzean gaua egiten da eta joaten denean eguna.
Almazena eta denda bulegoaren bitartez daude lotuta, U bat itxuratuz. Bulegora sartzeko, soinean daramagun hautsa astintzen dugu. Bulegoa sabai-leiho baten azpian dago eta landareak gozo hazten dira txoko guztietan. Lau mahai daude: aitonarena, izeba Lourdesena, aitarena eta Maite lehengusinarena. Aitona, erretiroa hartuta dagoen arren, egunero-egunero joaten da bulegora: iristen den gutun mordoa gutun-irekigailu batekin zabaltzen du arta handiz, tinbratzetik libratu direnei zigiluak mozten dizkie, eta bospasei inguratzen dituenean, konketa ur beroarekin bete eta beratzen uzten ditu paperetik desitsatsi arte. Azkenik, ile lehorgailu batekin sikatu eta estankoan erositako zigiluekin batera ipiniko ditu plastikozko kutxatxo batean. Kutxaren aldamenean zigiluak itsasteko traste bat dauka, oinarrian ura daramana eta gomazko belaki laranja bat gainaldean. Gainontzekoek mahai gainean uzten dizkioten gutunetan zigiluak itsasten laguntzen diot.
Ez miazkatu, pozoitsuak dira.
Dio.
Baina maite dut zigiluen mingotsa eta nobeleskoa dela badakidan arriskua. Burua galtzen hasita ezagutu dut beti. Lekeitioak lehen aldiz entzungo ditudanean etxekoak egingo zaizkit, aitonak maiz txertatzen ditu eta ulu, txilio eta errepika absurdoak hizketan ari dela. Qué barbarité Antuanet, esango du behin eta berriz, Qué barbarité, Antuanet. Edo La merde de Ponente. Edo Non é vero salda bero. Errima zentzugabeak, saeta bilakaturiko haur kantak, bokalik gabeko kontsonante segidak, behin eta berriz errepikatzearen poderioz logikoak ez ezik esanahiz beteak irudituko zaizkidanak. Egunero, berdin dio uda edo negu, itsasoan hartuko du bainua. Dyane 6 kabrioletean joango da Donostiara, baina ez dio inoiz kapota zabalduko, gure familian inor ez baita afanean aritzen. Normalean ez du animaliarik jaten, azukrerik, gatzik eta irin zuririk ere ez. Gosaritarako, labean egindako baratxuri buru bat hartzen du, atalka-atalka, mandarina bat bailitzan. Artrosiaren erruz okerrak ditu hatzak, behatzak ere okertu egin zaizkio eta koskorrez beteta dauzka. Horregatik, neurrira egindako larruzko zapatak ibiltzen ditu beti. Hain ongi egokitzen zaizkie zapatak bere oin malkartsuei, kanpotik begiratuta altxor txikiak gordetzen dituztela baitirudi. Burberry gabardina, ile sarria atzerantz orrazten du kontxazko orrazi batekin. Dirua maite du eta haxeak behin eta berriz desegiten ditu billeteak zenbatu, lisatu eta laztantzeko.
Maite denari adierazi egin behar zaio.
Esaten dit.
Bera ere zu maitatzera adoretu dadin.
Eta billete bat luzatuko dit ezkutuan. Beti daukat dirua patrikan, batzuetan diru asko da nire adineko batentzat. Litxarreria dendatan xahutuko dut parte bat: natazko palmerak, txokolatezko poloak, kotoiak... Eskolatik irtendakoan erosiko ditut, niretzat eta lagunentzat. Beste parte bat paper-dendatan joango zait, txorroskiloak, koadernoak, idazlumak, borragomak, Rotring markako errotulagailuak erosten: asperduraren kontra, molde eta tamaina ezberdineko abezedarioak sortzen ditut orri milimetratuetan.
Diru kontuak aitak eramaten dituen arren, ofizialki ez da gerentea. Hala ere, lantokiaren egitura aldatu eta erregistratzen dutenean hala izendatuko dute. Momentuz, zenbakiekin ongien moldatzen den anaia baino ez da. Bulegoaren epizentroa bera da: txukun-txukun ditu jarrita uztaidun karpetak, orri pilak, azuleju eta harlauza enpresetako katalogoak, gutunak, albaranak... Boligrafoen potea gomaz estalita dago eta hortik zehar aurkitzen dituenak ere bertan ipintzen ditu, arrautzontziak inguratzen dituzten gomak, esaterako. Niri emakume-jirafen lepoa gogorarazten dit gomez estalitako poteak. Asko bidaiatzen duen osabak Birmaniatik bidalitako eta bulegoko leiho batean dagoen postalarekin lotzen dut etengabe, eta alderantziz, buklean.
Aita eta izeba Lourdes arduratzen dira bulegoan eta dendan zehar barreiatuta dauden dozenaka landareak garaztatu eta hosto iharrak kentzeaz. Erronda egin ondoren ukabilak hosto hondatuz beteta itzultzen dira bulegora.
Aitonak burdinazko idazmakina du, aitak, laster, Olivetti elektriko bat. Gurpildun mahaitxo baten gainean izango du, bere idazmahaiaren ondoan, baina arrebak, lehengusinak, amak edo nik erabili nahi izanez gero, plazera emango dio uztea.
Ba al dakizu nola dabilen?
Galdetuko du erosi eta hurrengo urteetan.
Eta gurpildun mahaitxoaren atzetik joango da, eta berak entxufatuko du behar duen horren mahai azpian katamar jarrita, eta behar duen horrek martxan ipini eta benetan nola dabilen badakiela demostratu arte bere atzean geldituko da zutik, argibideak emanez papera sartzeko moduari buruz.
Hobe duzu berriro atera eta zuzen sartu.
“Empresa creada por Telesforo Zapirain en el año 1930, siendo a su vez contratista de obras, edificando varias en las poblaciones de Errenteria, Pasaia, Oiartzun, etc. Posteriormente delegó la empresa de Materiales de Construcción en una de sus hijas, Mª Antonia, quien, con su cónyuge Juan, continuó al frente de la misma sirviendo los materiales más usuales en aquella época, como cemento, ladrillo, áridos, tejas, bloques, etc... y por supuesto azulejos y baldosas tanto cerámicas como terrazo, los cuales se transportaban desde las fábricas de origen hasta la estación de ferrocarril más cercana al destino, en vagones de tren a granel y protegidos con paja. En la actualidad la empresa Maria Antonia Zapirain S.A. continúa con la labor iniciada por el aitona con la ayuda de un buen personal cualificado”, idatzi du aitak herriko urtekarian argitaratuko duten iragarkirako. Maria Antonia gure amona da. Juan gure aitona. Banaka-banaka eta kontzentrazio handiz irakurri dute izebak, Maite lehengusinak, amak. Solemnitatez esan dute oso ongi dagoela, horrela bidaltzeko. Harro dirudite, aitaz, baina baita ere negozio urtetsu baten parte izateaz.
Aitak orriak mozten irakatsi dit artazirik erabili gabe. Bitan tolestu eta gero, tolesa tentuz zapaldu behar da bi hatzekin, lehenengo aurretik, gero ifrentzutik. Tolesa zalantzagabea denean hiru gauza egin daitezke: listuarekin busti eta biguntzen denean orria bitan partitu, kantoi batean ahokatu eta kantoia gida bezala erabilita moztu edota, orrialdea tolestuta dagoela, erregela bat erdian sartu eta kolpe lehor batez erdibitu. Gertutik begiratuta paperaren zuntzak ikus daitezke. Aitak ez du inoiz guraizerik erabiltzen. Papera zuzen mozteko modu bakarra hau ei da.
Ordenagailu bat eta inprimagailu bat erosi dituzte, kanpo kontable baten aholkuz. Orain orri amaigabe bat irteten ari da beti inprimagailutik, marra zuri-urdinduna. Inprimaturikoa gertutik begiratuz gero, idatzitakoa ilusio optiko bat baino ez dela ohartzen naiz: ez dago karaktererik, puntu ñimiñoen arteko hutsuneak ikusten ditut puntuek iradokitzen dituzten hizki eta zenbakiak baino gehiago. Orri infinitua tolestuta gelditzen da zulotxoak dituen aldetik, baina tarteka, inprimagailuak huts egin eta, inor konturatu orduko, bulegotik zehar sakabanatuko da. Aita da maiz bulegotik makurtuta paperezko olatua biltzen dabilena eta, behar den aldera tolestuz, inprimagailuko pilatxora itzultzen duena. Gaztea den arren kosta egiten zaio pikotxean jartzea. Orri anabasa esku artean duenean, ez du asmatzen zulotxoak dituen aldetik tolesten eta bere onetik ateratzen da, papera edozein modutara bilduz eta zimurtuz. Beste trago baten beharrean dagoelako da, berdin du eguneko zein ordu den. Aurpegia hanpatzen hasi zaio, begiak irteten, bizkarra okertzen. Bulegotik irtengo da bankura edo postara doanaren aitzakiarekin. Itzuleran, beranta zuritzeko, kontu harrigarriak asmatuko ditu.
Udaltzain putakumea, non ez didan isuna jarri nahi izan moztuta zegoen kale batetik joan nahi izateagatik. Baina postara joan behar dudala, ez duzu ulertzen? Ez al duzu ulertzen faktura hauek bidali behar ditudala?, esan diot. Eta berak ezetz, etxe batetik lapiko bat bota dutela eta ikertzen ari direla nor izan den... Jo eta txikitu ez dudanean! Hantxe eduki nau kieto ordubetez kabroi alaenak!
Nahi gabean bezala hitz egiten du, aho txikiarekin, bere mahaira eseri eta kazadora aulkiaren bizkarraldean ipintzen duen bitartean. Ez amak, ez izebak, ez lehengusinak ez dute txintik ateratzen. Nik ere ez, haien arteko bat naizenean ez dut hitzik egiten ez emoziorik adierazten. Parean jarri didaten paper jarraitu kutxa ebakitzen ari naiz. Mila bat orri aterako ditut. Ertzak laztantzen ditut, zerradunak dira. Ez da apenas nabaritzen noizbait bat eta bakarra izan zirenik.
Izeba Lourdesek eta Maite lehengusinak kontabilitatean laguntzen dute, baina horrez gain dendariak ere badira. Maiteren mahai gainean egon ohi dira esker ona adierazi nahi duten bezeroek utzitako pasta kaxak. Oso gozozaleak gara denok eta berehala bukatzen zaizkigu. Ama da bulegoan mahairik ez duen bakarra, dendari nagusia denez. Amak, izebak eta lehengusinak hiruren artean diseinaturiko lanerako mantalak daramatzate jantzirik, bi urtetik behin berritzen dituztenak. Lanekoak diren arren, eta ondorioz ehun gogorrekoak, estanpatuan edo joskeran bilatzen dute originaltasuna. Izebak diseinatzaile izan nahi zuen eta amantala sortu eta estreinatzea gertakizun txiki bat da:
Bihar ekarriko dizkigute amantal berriak!
Dio amak bazkalorduan.
Nagusiarekin ezkonduta nagoenez ez nukeela eraman behar esan dit gaur bezero lotsagabe batek. Erantzun diot, aizu, ni langile bat naiz beste edonor bezala, eta harrotasun handiz diot... A ze ergel puska, hau ere bada ba!
Bulegoaren beste atetik dendarako pasabidea dago. Ama beti dago hor, zapi bat eskuan. Bera da bezeroak artatzen lehena, baina bat baino gehiago sartuz gero, lehengusina aterako da bigarren, bi baino gehiago badaude izeba hirugarren, hierarkia horretan beti. Bezerorik ez dagoenetan amak garbitu egingo du: dozenaka ispilu, konketa, komun, manpara eta kanila. Dendako erakusleihoa handia da eta bertan bainu bereziena izaten dute erakusgai: azuleju txikien moda iraungita, azuleju handiak ipiniko dituzte irudikatutako etxe bazter horretan, harlauza dirdaitsuak, hankatxo urreztatuak dituen bainera, esku-oihal eta alfonbra harroak, kotoiak gordetzeko kristal finezko poteak... Amak egunero segurtatzen du seta akasgabe egotea.
Dendako sarreran ispiluzko bi panel daude. Agortzen ez den lilura sortzen dit panelak angelu egokian jarri, burua bien artean sartu eta nire irudia biderkatzen ikusteak, geroz eta txikiagoa den ni bat, geroz eta txikiagoa, desagertu arte. Infinitua existitzen den frogatzen saiatzen naiz, neure burua han urrutian ikusten ote den. Ezetz uste dut. Hainbestekoa da hori jakiteko dudan grina une batez prest nagoela amore eman, isiltasun botoa hautsi eta amari galdetzeko. Berehala baztertzen dut tentazioa ordea, erantzuna aurreikusita: “Nik zer dakit, nik ez dakit ezer gauza horiei buruz”.
Etxe zatiak simulatzen dituzten txokoak daude nonahi: bainu bat baineran gomazko ahate eta guzti, landa estiloko sukalde ekonomiko bat txapa gainean intxaurrez beteriko saskia duena... Dendako alde banatan, hormei josita, azuleju eta baldosaz osaturiko panelak. Azulejuak panel bertikaletan eta baldosak kaxoi horizontaletan, hormak eta lurrak irudikatuz. Modeloa zaharkitzean edo fabrikatzeari uzten diotenean berri bat ipiniko dute silikonazko pistola batekin. Azulejudun panel bakoitzak karga handia hartzen du eta bizpahiru lagunen artean atera behar da gontzetatik. Nire ama beti da bizpahiru lagun horietako bat.
Aita da azulejuak jartzen, mozten eta ingleteak egiten iaioena, nahiz eta geroz eta gutxiagotan egiten duen.
Nik egingo dut aita ez baitago ongi.
Dio amak hitzetatik kexua erauzi nahian, baina gorputz osoa gogortuta.
Geroz eta gehiagotan ordezkatuko du amak.
Ez dut gizonik behar. Ez dugu gizonik behar. Ez duzu gizonik behar.
Ama propaganda organu bat da. Egitura gramatikal sinpleko mezu zehatz eta errepikakorrak sortzen ditu etengabe.
Eslogan hauetariko bakoitza aurretik esandako aldi guztien sedimentu emozional erantsiarekin irteten da bere ahotik:
Ez maitemindu.
Dio.
Ez sinetsi inori.
Dio.
Baina batez ere ez sinetsi amodioan. Tuntunek bakarrik sinesten dute, ez zaitez tuntuna izan.
Dio.
Ez sinetsi ezertan: gizonak, erlijioa, politika... Ez zaitez ergela izan.
Dio.
Ikasi. Ez zaitez gu bezain tentela izan.
Dio.
Ez zaitez ni bezalakoa izan.
Dio.
Ez dut nahi ni bezalakoa izan zaitezen.
Eskolatik irtetean, dendako lurrean belauniko aurkitu ditut Maite eta ama, batak silikonazko pistola eskuetan, besteak ipini beharreko azulejua.
Gaur ere aita ez zegoen ongi. Bankura joan da goizeko bederatzietan eta eguerdira arte ez da itzuli, lau ordu behar izan ditu kanbioak hartzeko, atera kontuak. Orain ere kontratista batekin gelditu omen da.
Aitaren lehengusinari begiratu diot, amaren dezepzioa baino eramangarriagoa zait bere errukia. Begiak zabal-zabalik, masailak airez bete eta sorbaldak kizkurtu ditu.
Kontuz erre gabe.
Dio amak pistolara hurbiltzen naizenean. Baina nik erre egin nahi dut. Hatz mamia bakarrik, zedarritu, zaindu, senda dezakedan min bat desio dut.
Panelean itsatsi dituzte baldosak. Baina panela erroetan atzera ipintzeko hirugarren bat behar dute, asto-lanerako beraiek adina den norbait, aita. Atetik sartu orduko sumatzen da non egon den: pauso lotsatiak, baina batez ere begirada, ikusi bai baina begiratzen ez gaituzten zaldi begiak.
Lagunduko al diguzu panela jartzen?
Galdetu dio lehengusinak.
Aitak mingaina egokitu du ahoan. Gauza serioen alibi gisa erabiltzen duen karpeta bazter batean utzi eta txintik atera gabe altxatu du panela lurretik. Amak eta lehengusinak lagundu diote sartzen. Komunean itxi da gero.
Upel batean itoko ahal da! Nik josiko nizkioke iltzeak.
Dio amak.
Edo:
Errioxako mapa darama aurpegian. Orratza sartu eta ardo turrusta bat atera baietz!
Ardoarekin mozkortzen da oraindik, tabernetan oraindik.
Komunetik irtetean landareak ureztatzen ditu.
Bezero batzuei sukalderako azuleju modelo bat gustatu zaie. Amak ongi ezkontzen diren baldosa modelo ezberdinak eramaten ditu panel ondora eta banaka-banaka ipintzen ditu lur imajinarioa legokeen angelu zuzenean. Haietako batzuek karga handia izatez gain, kontuz ibili behar dira ertzekin ebakirik ez egiteko. Harri-jasotzaileen modura, kolpe batean, izter gainetan eutsi dio piezari.
Hau modernoa da, oso sufritua gainera.
Dio.
Baldosa bere tokira itzuli eta beste bat hartu du.
Honek oso ongi ematen du azulejuarekin, baina nabarmenegia da eta aspertu egingo zarete.
Dio.
Hau zoragarria da, baina delikatua. Dedikazioa eskatzen du. Eta dedikazioak denbora. Prest egon beharra dago.
Bezeroek amak erakutsi ez dien harlauza bat seinalatu dute.
Ez pentsa gero erakutsi nahi ez dizuedan materiala daukadanik!
Apur bat asaldatuta dago, agian neu baino ez naiz ohartu. Bere pauso txikiko gorputz gotorrarekin joan da erakusgai batean dagoen baldosa horren bila.
Hau ezin zatarragoa geldituko litzateke, mesedez, izan ere, horrexegatik ez zait burutik pasatu ere egin zuei erakustea. Nik gauza politak baino ez dizkizuet atera.
Erantzun du eta, bi kolpetan, baldosa inguratu du.
Nahita ere ez nuke konbinazio okerragorik aurkituko, bada marka! Elkar erailtzen duten bi pieza dira. Baina zuek ikusi behar duzue, ni ez naiz eta zuen etxean biziko.
Almazena denda baino goizago ixten dute, eguerditan zabalik izaten baitute. Aspertuta, arratsalde osoa zer-suman ibili naiz dendan zehar bezeroak sartu arte. Esaten dituzten gauzak entzutea dut gogoko. Haien bizitzen berri izatea. Orain, bihotza ukabilean entzuten dut bulegoko atearen orpotik nola sumintzen den ama, bezeroek alde egingo dutela sinetsita. Baina ez. Berehala kalmatu da. Sibilinoki, moderno sufrituenaren alde egin dezaten lortuko du beti. Ez du nahi damutzerik.
Niri sukalderako azuleju sinpleena gustatzen zait gehien, zuri-zuria, ertz añileko zenefetan estanpa euskaldun bukolikoak dituena: idi orga, baserria, dantzariak plazan... baina amak ez du inoiz erakusten.
Puaj!
Dio
Hori ez da modernoa!
Dio.
Gustu txarreko alaba atera zait.
Dio.
Horrelako estanpak ditu amesten dudan etxe abegitsuko sukaldeak. Gorroto dut gurea. Amak ere bai.
Ahal dugunean sukalde modernoa jarriko dugu.
Dio.
Orduak ez ezik egunak ematen ditu amak bezero bakoitzarekin. Gutxitan joaten da pertsona bakarra, maiz bikoteak dira, ama-alabak, aita-alabak, batzuetan familia osoak. Diru dezente behar da sukaldea edo bainua berritzeko, materialetarako baino, igeltsero eta iturginen lana ordaintzeko. Bezero batzuk urduri jartzen dira aukeratu bitartean, badakite erosketa hautuak haien biografia domestikoko paisaia baldintzatuko duela urte luzez. Emakumeek gizonek baino ilusio handiagoa adierazi ohi dute. Gehienetan, lan asko eginda aurreztutako dirua da xahutuko dutena eta erosketarena momentu inportantea da. Sarri, gorrotoarekin hitz egingo dute erauzi edo estaliko dituzten etxe pusketez, krimen baten eszenatokiak bailiran. Batzuetan, lanak amaitu eta gero, bezeroek ama gonbidatuko dute etxera haren laguntzaz aukeratutako materiala nola gelditu den ikus dezan. Lanorduetatik kanpo egingo du beti, bere ahuldadeak ez dituela enpresak zertan ordaindu argudiatuta.
Nik neurez egiten dut, aizu, ez nau inork behartzen, horregatik joaten naiz lana eta gero.
Dio, harro.
Gaur arbelaiztarren etxean egon naiz sukaldea ikusten. Oso-oso polita gelditu zaie, modernoa. Altzariak ere ongi aukeratu dituzte, diru pila sartu dute etxetresnetan ere, onenetan onenak, kromatuak, niri kromatuak gustatzen zaizkit, orain kromatuak eramaten dira, zuriak ez, zuriak itsusiak dira.
Afaria eta biharamuneko bazkaria prestatzen duen bitartean esan dit.
Umeak gozotegian baino pozago zeuden.
Dio.
Eta bere deskribapenek nire irudimenean forma hartzen bukatu aurretik, ezagutzen ez dudan familia horren pozarekin bat egin aurretik, gaineratu du:
Orain gainontzeko guztia oso hondatua ikusten da, zatar-zatarra, sukaldetik irten eta beste familia baten etxera sartu naizela iruditu zait, pena.
Pena. Besteekikoa.
Bezero asko handik urte batzuetara itzuliko dira, beste diru puska bat aurreztuta, beste etxe zati bat berritzera. Arbelaiztarrak ere bai.
Orain bainua berritu dute.
Dio afaldu bitartean.
Bideta zeukaten eta beste bategatik aldatu nahi zuten. Esan nien, “faborez, hori egunero dutxatzen ez ginen garairako zen, dagoeneko ez da eramaten”. Ni behintzat egunero dutxatzen naiz, ezin dut etxetik irten dutxatu gabe, ez dut ulertzen nola egon daitekeen egunero dutxatzen ez den jendea. Bideta... ze jende.
Dio amak.
Poz-pozik gelditu dira, ez da harritzekoa, ez dakizu zeinen elegantea gelditu zaien... Koplarik ez dute ibili dirua xahutzeko orduan: iturri garestienak ipini dituzte, italiarrak, marabilla bat. Gero kafea hartu dugu sukaldean, baina dagoeneko zaharra ikusten zen, pena... zenbat eta ederragoa bata orduan eta zatarragoa ikusten da bestea.
Pena azalera kolatzen zaidan koipe geruza bat da: oso apain eta tente joanagatik, kalean arbelaiztar bat gurutzatuko dudan bakoitzean sentituko dut nire erraietan haien hutsegitea, alferrikako dispendioaren bekatua, amets helezinen auzo-lotsa.
2019ko urtarrilaren 19a
Yoga klasea. Irakaslea hurbildu zait eta bizkarrezurra zeharkatu dit hatzarekin:
— Eskoliosi bat duzu, bazenekien?
— Bai.
— Jaiotzean aitari hartu zenion sufrimendu puska bat da.
2019ko urtarrilaren 22a
Ziarrosiaren errua omen da dena. Ama, hain mizkina izan dena beti hitzekin eta ebakerekin, ziarrosia esaten hasi da orain.
— Zirrosia esaten da.
— A bai? Ba hori, berdin dio, zirrosiaren erruz izan omen da dena.
— Lehen ongi esaten zenuen.
Hizkuntza arazo bat. Bat-batean, ez bakarrik aitarena, baizik eta handiagoa den zerbaiten akaberaren lekuko izaten ari naizela sentitu dut.
Euskaraz eta gazteleraz gibel handia duela esaten zaio axolagabeari, alferrari edo flematikoari.
Frantsesez eta gaztelaniaz, piku (higo, figue) hitzarekin lotzen da: erromatar garaitik dator zenbait hegazti pikuz galkatzea, zirrosia eragin eta ondoren gibela jatea: delicatessen bilakatzen zuen fruituaren gozotasuna hartzen zuen piku jate basatiaren eraginez zartatutako gibel horrek. Frantsesek berdin izendatzen dute organoa eta jatekoa, foie.
Etxe berrira etorri ginenean pikondo zahar eta erraldoi bat zegoen. Pikondotik gereziondora eskegi genuen hamaka. Irailean, pikuz betetzen zen. Aita etortzen zenean dozena bat piku jaten zuen harrapazka, jatortasun erakustaldi batean; beste inoiz ez nuen pikuak jaten ikusi. Irail amaieran, eroritako pikuek ardo txar usaina hartzen zuten eta jasanezina egiten zitzaidan han egotea.
Ingelesez liver esaten diote, eta hitz bera erabiltzen dute bizizale esateko. Hamletek bere buruari pigeon-livered (uso gibela duena) esaten dio koldarra dela adierazteko. Lear erregeak eta Macbethek lily-livered (gibel zurbila) hitza erabiltzen dute. Hiztegian begiratu dut esanahia eta koldarra, lotsatia aipatzen da, gauza bera bailiran. Antzina uste zen gibela odol sortzaile zela eta hau zela, eta ez bihotza, maitasunaren organoa.
Etimologia hitzaren etimologiak hitzaren benetako zentzua esan nahi du, aditzera emanez gaur egun, antzina ez bezala, modu iruzurtian erabiltzen direla, ez sortu zireneko arrazoi ustez garbietarako. Hasieran hobeak bagina bezala.
2019ko urtarrilaren 26a
Aita hiltzea nahi dut berarekin hitz egin ahal izateko.
Aita hiltzea nahi dut.
Aitak hiltzea nahi zuen.
Aitarekin hitz egin nahi dut.
Idatziz baino ez dezaket lor intimitate maila gorena.
Suizidatzeak bizitza osoa har dezake.
Oiartzun izeneko errioak zeharkatzen du Errenteria. Guk Orereta esaten diogu, hori dela diote benetako izena. Usaintsua da, batez ere bero egiten duenean, Zumardiaren bestaldean dagoen paper fabrikak askatzen dituen gasen ondorioz. Bi zulo handitatik erriora isurtzen dituen hondakinengatik dela uste dugu ordea. Esne koloreko txorrotak ateratzen dira batzuetan, marroiak besteetan. Zenbaitzuetan, erabilitako tinduen arabera, errioa gorriz edo morez tindatuko da. Korrokoi lodiz beterik dago eta ur gutxi duenean supermerkatuetako orgak eta bizikletak agertuko dira lohian harrapatuta. Cocoliso familiak botatzen dituela dioen elezaharra sinesten dugu. Familia honi heroina salmenta egozten zaio, baita Poliziarentzat salatari lana egitea ere:
Bizikleta lapurtu, ibili eta errekara botatzen dute Cocolisoek.
Erosketa egin, organ etxeraino eraman eta errekara botatzen dute Cocolisoek.
Sinetsi nahi dugulako sinesten dugu.
Alimaleko eraikin zuri ketsu bat da paper fabrika. Ezin da paretik igaro sortzen dituen hodeiak miretsi gabe. Kanpotik datorren jendeari deigarria egiten zaio kiratsa. Gu ohituta gaude. Lotsa gainditzen dudanean, urguilu suerte bat sentitzen hasiko naiz herrixka xarmant batean bizi partez halako fabrika fetidoa dagoen lekuan hazteagatik. Madarikazio horretan hezi gara, madarikazioa onartu dugu, madarikazioa maitatzen amaitu dugu eta horrek garaiezin bilakatu gaitu.
Eremu abandonatuak daude nonahi. Koltxoiak eta botilak, egunkariak, aldizkari pornografikoak. Erabiltzaileak ez daude inoiz han. Neguko egun batean, eskolara goazela, hildako mutil bat aurkitu dugu autobus geltoki lanak egiten dituen orubean. Kaskote artean dago, azala urdinduta, eta hotzak hil dela pentsatu dugu inozo. Xiringa bat baino gehiago dago lurrean. Hurrengo egunetan kontuz ibiliko gara, baina berehala ahaztuko zaigu. Nire lehenengo hildakoa da eta baita gutako gehienona ere. Ez dut deus berezirik sentitu.
Eskolan zirkular bat banatu digute. Polizia Nazionalaren tanketetan ez sartzeko abisua da. Lepoan zapi gorria daramaten poliziek herria hartzen dute eta haurrak gonbidatzen dituzte haien ibilgailuetan ibiltzera eta armak laztantzera.
Etxeko argazki kutxan, familia argazkiekin nahas-mahasean, hondo beltzeko hiru postal daude. Aurrez aurre begiratzen duten eta ezagutzen ez ditudan gizonezko biren eta emakumezko baten aurpegiak dira, ondoan jaiotza eta heriotza urtea zuriz idatzita, “Herriak ez du barkatuko” letra potoloetan, ukabila baten irudia haritz hosto baten barruan.
Ongi gorde gero.
Dio amak haietako postal bat eskuetan daukadala ikusten duenean.
Nolabaiteko harrotasuna sentitzen dut gurasoek sekretuan gordetzen duten zerbait edukitzeagatik. Beraiek ez dira inoiz manifestazioetara joaten. Aitaren lehengusinaren senarra klandestinitatean bizi da eta maiz erakusten dute haren irudia telebistan “terrorista bilatuenetakoa” delakoan.
Ja!
Dio aitak aurkezleak bere izena esaten duenean.
Gazte-gaztetatik izan da azeria, ezagun du begiradan.
Dio amak.
Beti elkarrizketa bera.
Nonbait Carrero Blancoren izena entzuten denean ama kantaxkatzen hasten da:
Carrero Blanco almirante naval / tenía un sueño volar y volar...
Putakume hori. Kabroi alaena.
Dio aitak gaztetuta.
Bere barruan baino etsaia kanpoan lukeen aita nahiago nuke, mundua aldatu nahi duen bat, munduaren puska txiki bat sikiera.
Istiluak daude noiznahi. Giroan sumatzen da etor daitekeena. Isiltasunak bereizten ikasten dut. Halako batean, goma errearen eta bolboraren usaina zabaltzen da kolpetik herrian. Kristal hautsiak, barrikadetarako arrastaka eramandako edukiontzi eta hesien kirrinkak. Harriek asfaltoaren kontra jotzean ateratzen duten hotsa. Amak, sukaldetik deitu nau leihora atera nadin:
Etorri, hasi da!
Jende ugari dago leihoetan. Ikusminez begiratzen diogu kaleari. psoeren egoitzako pertsiana jaitsi dute. Suak kanpoan daude eta ez etxean. Gazteak Poliziarengandik ihesi datoz maldan gora, eta jonkiak arkupeen atzeetan gorde dira. Poliziak heldu dira, pilota jaurtigailuekin. Leherrenak egin dituen mutil bat ez da jabetu. Gure gaineko bizilagunak oihu egin dio:
Badatozela, alde!
Mutila korrika atera da. Polizia bikote batek leihoetara begiratu du pilota jaurtigailuarekin garrasiaren jabearen bila eta gure etxeko atarirantz egin du. Ama eta biok barrura sartu gara, argia itzali dugu. Ikaratuta nago. Txirrinak jo du. Etxebizitza osoko txirrinak jo dituzte batera. Geure interfonoan, “Txakurrak kanpora” dioen pegatina maiztu bat dago itsatsita. Hain nago izututa, espartzuarekin igurzten hasi naizela.
Zer ari zara?
Dio amak.
Ez zaitez tuntuna izan, ez dira igoko. Eta igoko balira ere zer? Kakati!
Gortinak utzitako zirrikitutik jarraitu du begiratzen amak. Bere aldamenean nago. Beti du garbi usaina, baina dagoeneko ez dugu elkar ukitzen.
Hurrengoan enteratu egingo zarete!
Esan du polizia batek gora begira.
Isilik nago, barrutik garrasika ari naizen arren.
Nire koldarkeriak lotsatu nau. Bigarren akatsa da.
Afaltzen bukatzen ari garela aita etorri eta mahaira eseri da. Nola jaten dudan begiratzen dit, irribarre zozoa aurpegian, besoak gurutzatuta, partiduaz gozatzen ari den ordezko jokalaria.
Istiluak ikusi al dituzu?
Galdetu dio amak.
Ez, bulegoan nengoen.
Erantzun du aitak.
Ordu hauetan?
Amak ez du inoiz amore ematen.
Platerekoa amaitu dudanean, amak mahai gainekoa bildu du, zakarkeriaz, eta harrikoa egiten hasi da guri bizkarra emanda. Orduan aitak pospolo kaxa bat atera du patrikatik:
Begira.
Esan dit.
Pospolo bat piztu eta bi hatz miazturekin zapaldu du sugarra.
Psss...
Entzun da.
Begira.
Dio berriz.
Beste pospolo bat piztu eta modu berean itzali du.
Psss...
Hatzak busti gabe egin du gero.
Liluratuta begiratzen diot. Harro dago. Niri begira gelditzen da horrela. Nik ez dakit zer egin bere begiradarekin, traba egiten dit. Ama jiratu egin da, harrikoa egiten ari denean sartzen den kapsulatik aterarazi ei du fosforo usainak.
Zer ari zarete?
Dio.
Pospolo erreak ikusi ditu mahaian lerrokaturik. Nire txanda da orain. Pospolo piztu bat esku batean, besteko hatzak miaztu ditut. Sugarrera leunegi hurbildu eta erre egin naiz.
Merezita.
Dio amak.
Aita egongelara joan da.
Bera ez da erretzen anestesiatuta dagoelako.
Dio amak.
Telebistan, Omayraren agonia ematen ari dira, sumendi baten erupzioaren ondorioz bere etxeko hondakinen artean harrapatuta gelditu da neskato kolonbiarra.
Nire izebaren ilea uki dezaket oinekin, nire azpian dago.
Dio.
Oiartzun errekaren koloreko ur batek inguratuta dago, burua baino ez du agerian.
Denok dakigu bera ere hil egingo dela izeba bezala, ezingo dutela erreskatatu, baina Omayra kezkatuta dago biharamunean matematika azterketa duelako.
Neska ezjakin gajoa.
Dio amak.
Ezin diot begirada gainetik kendu bere atlante aurpegiari.
Hitzek beren lana egin dezaten uzten dut. Isiltasuna ez da existitzen, barrurantz hitz egitea da. Isiltasuna desagertzeko modu bat zela uste nuen, hitzak niretzat gordetzea, kalkulatu gabe nireez gain besteen hitzak ere barruan geldituko zitzaizkidala. Alderantziz, hitz egitea arriskuan jartzea da.
Aulkiak altzariaren kontra jo eta urra zezakeela-eta, silikonazko topeak ipintzeko buru-argitasuna eta ganora izan zenuen. Zergatik ez zenuen buru-argitasun eta ganora hori nigana etorri eta besarkada bat emateko?
Izan al duzu inoiz gogorik?
Zergatik ez duzu egin?
Ni jaiotzea nahi al zenuen?
Inoiz ikusi al nauzu igerian?
Inoiz lotsatu al zara nitaz?
Inoiz lotsatu al zara zeure buruaz nigatik?
Irakurri al duzu inoiz nire libururik?
Gustatzen al zaizu nire ilea horia ez izan arren?
Motza nahiago duzu ala luzea?
Zergatik ez zenidan inoiz orraztu?
Isiltzen denean idatziko dut gu denok elur jausi baten moduan herrestan eraman gaituen istorioa. Jakin arren hitzak ez direla nahiko, eta hala ere hizkuntza baino ez dudala mordoilo hau askatzeko. Mina esaten dugunean elkar ulertzen dugun ilusioak biziko gaitu, nahiz eta besteak arrastorik ez izan zertaz ari garen. Eta horrela beti. Guztionak diren hitzekin norberaren esperientzia kontatu, horra benetako proiektu politiko sozialista bat, edo komunista litzateke? Betaurreko gabe betaurreko bila ibiltzea bezalakoa izango da.
(Ez nengoen konturatuta: isiltzen-ek ere hiltzen darama barruan. Denok karriatzen ditugu nahi gabean besteen istorioak).
Udako oporrak, goiza. Denborak zulatu egiten nau. Balkoira atera naiz eguzki bila. Butano bonbonaren muturra usaindu dut, belauniko jarrita. Arnasa hartzen dut sakon gasa eta metala nire barruan nahastu arte. Bonbona gainera igo naiz, eskuak barandan eta oin puntak bonbonaren kirtenetan. Frenteko andreak oihu egin dit, jaisteko. Ez diot jaramonik egin. Errepidea zeharkatzen ikusi dut, etxeko zapatila takoidunak, boatinezko bata. Gure etxeko txirrina jo du, entzun dut. Ama etorri da ziztuan.
Suizidatu egin nahi al duzu?
Dio.
Arratsaldean, berriro egin dit galdera, lasaitasun antzeztuarekin.
Suizidatu egin nahi al zenuen?
Kolpetik, galdera horrek beste norbait bilakatu nau, ezezaguna den, arriskutsua izan daitekeen, askeagoa den norbait. Bere begiradak pitzatuta, beltzune horietan hazten jarraituko dut.
2019ko urtarrilaren 29a
Gurasoak etorri dira etxera. Iktusa izan zuenetik bigarren aldia da aitak autoa hartzen duela. Etxe parera iritsi orduko bozina jo du, ez nituen espero. Aparkatzeko maniobra egiten ikusi dut, kosta egin zaio. Autotik atera denean ongi aparkatu duen egiaztatu du. Leihotik aldendu naiz begira harrapa ez nazaten. Irtenegi utzi duela ohartu da, bigarren ekinaldian lortu du ongi sartzea.
Baserriko arrautzak ekartzera etorri dira. Harrera normal bat egiten ahalegindu naiz. Hain normal, non ez diodan aitari apenas aurpegira begiratu, ez dezan pentsa nire errukia pizteko bezain gaizki dagoela uste dudanik.
Pattal ikusi dut, hankak eta besoak fin-finak eta tripa lehertzear, zaldi zahar bat dirudi. Nire muxua bilatzen du buruarekin sugandilak eguzkia nola. Gero, ohiko isiltasun biolentora itzuli da. Haizeak apurtu duen arropa zabaltzekoa ikusi nahi zuen, berak konponduko zukeen iktusaren aurretik. Hura ikuskatzen ari zela esan dit amak oso makal ikusten duela, itxura txarra hartzen diola, ez duela pixa egiten horretarako pilulak hartu arren, medikuak esan diola ziztatu egin beharko dutela, “eta horrela hasten direnean malo”. “Zein zentzutan?”, galdetu diot. “Ez dutela asko irauten”.
Ziarrosia aipatu du berriz ere, dena horren errua dela; hizkuntza arazo bat, nik nire kabutan.
“A gabe”, zuzendu diot.
Gurasoak etorri eta gutxira ingelesera joan naiz, haiek gure etxean utzita. Errietatxoa egin diet abisatu gabe etortzeagatik. “Ea alaba ikusteko baimena eskatu behar dugun”, amak.
Ingeles klasetik bueltan kotxea ez zegoen etxe aurrean aparkatuta. Pena sentitu dut, baina aldi berean arindua, ez baitiot bere presentziari aurre egin behar izan.
2019ko otsailaren 4a
Herrian aitortza xume bat egin didate Santa Eske egunean. Lotsa handia pasatu dut, baina ezin izan dut ezetz esan, ez naiz hain umila izateko bezain garrantzitsua. Gaztetako kuadrillako batek deitu zion duela pare bat aste aitari nire telefonoa eskatuz. Geroztik gainean izan dut aste osoan hitzordua lotu dugun jakiteko. Lehengo astera arte nagikeria adierazi diot, oraindik ez diodala deia itzuli gizon horri. Izena badakidan arren jakingo ez banu bezala hitz egin diot hari buruz. Fundamentuzko gizon bat da bere kuadrillakoa, jantzia, zuzena, fededuna segur aski. Aitak ongi geratu nahi du berarekin, nire bidez; nik gaizki gelditu nahi dut berarekin, aitaren bidez, baina ez dut egingo.
Herenegun berriz ere deitu zidan aitak, non eta zer ordutan izango den, beraiek ere agertuko zirela. Hor nonbait poz txiki bat piztu zait, kolpetik denak zentzua hartu izan balu bezala. Santxoenea kalean ireki berri duten Noski liburu-dendan itxaron behar ditut. Bitartean abesbatza herritik barrena ibiliko da, bertsolari batek eta txistulari eta soinu-jole talde batek lagunduta, koplaka. Bakarrik joan naiz hitzordura, hamar minutu lehenago. Ordurako aita eta ama han zeuden, liburu-denda atarian. Muxu doi bana, mostradore bat bagenu bezala gure artean.
— Noiz iritsiko dira?
— Bost minutu barru, pentsatzen dut. Ez nuen uste etorriko zinetenik.
— Nola ez gara etorriko ba, emakumea.
Ez nintzen behin ere jabetu, nire irudimenean kalea zuzen-zuzena zen, baina bihurgune leun bat duenez, mutur batetik ez da bestea ikusten. Zain geundela lehen notak entzun dira, makilak lurra kolpekatzen, geroz eta gertuago.
— Puntu-puntuan datoz —erreparatu dio amak—. Goazen.
Aitak ordulariari begiratu dio eta baietz egin du buruaz.
— Bazoazte? —galdetu diet.
— Jakina, hau lotsa.
Beste bina muxu doi. Inor agertu aurretik egin dute ihes. Ez dute han ikusterik nahi.
Iritsi dira, berrogei bat, baserritarrez jantzita, gizonezkoak gehienak, inguratu naute, liburu-dendara sartzera gonbidatu nau zuzendariak. Bertsolaria jarri zait parean, nire literatur lanari eta amatasunari kantatu die. Bertso bakoitzaren atzetik koplaka erantzun du abestaldeak niri begira. Omenaldi bat zen, diotenez, niri zuzendua.
2019ko otsailaren 27a
Jaizkibel sutan.
Bizitza osoa daramat mendi hau horizontean, bizitza erdia gurasoen etxetik begira, beste erdia nire etxetik, eta beti iruditzen zait belarrezko bale zahar bera. Hodeiak trabatuta gelditzen dira bertan, gainezka egindako esnea dirudite. Maiz lagunekin edota amarekin telefonoz edozeri buruz hizketan ari garela elkarrizketetan sartzen da, eta nork bere ikuspegitik osatzen du Jaizkibeli begira uste duena: lanbroak zein norabide hartuko duen, hodeien mehatxuak gauzatuko ote diren, eguzkiaren indarrak eutsiko ote dion berotzeko adina.
Saltzen dituzten azuleju eta harlauzak Italian eta Castellon egiten dituzte. Aita urtean bizpahirutan joaten da Castelloko azuleju feriara edota hango fabrikak bisitatzera, gehienetan bakarrik, beste batzuetan osabetako batekin edo izebarekin. Amak egiten dio maleta. Eskaizkoa da, handiegia astebeterako. Txukun-txukun jarri dizkio barruko arropak, pijama, alkandora eta galtza lixatu berriak. Amerikana autoaren kako batetik zintzilik eramango du.
Sartu zure panpinen bat arropen artean, zurekin akordatzeko.
Esan dit amak.
Gomazko e.t. bat sartu diot, “Mi casa” esaten du hatz erakuslea piztearekin batera. Sorpresa handia hartuko du ikustean, pentsatu dut, eta segidan nire pentsamenduarekin lotsatu naiz. Eguerdian abiatu da. Muxu eman dio amari ezpainetan. Txolinduta dago, baina ez dirudi amari axola zaionik. Leihotik ikusi dugu joaten, Renault 18 zurian.
Espero dezagun ez dela bidean akabatuko.
Dio.
Begien bistatik galdu dugunean ama behatu dut. Sofan etzan da albistegiak ikusteko eta lanera joan aurretik kuluxka arin bat egiteko. Triste nago aita joan delako eta zikin sentitzen naiz aitarekiko tristura sentitzen dudalako. Oraindik ez dakidan arren, maitaleak faltan hartzen diren moduan hartzen dut faltan. Orange izeneko hotelean hartzen du ostatu, irakurtzen den bezala ahoskatzen dugu, frantsesezko hitz bat dela jakin gabe. Iritsi bezain pronto hots egiten du beti, arratsean. Nigatik ere galdetzen du, baina ez du inoiz eskatzen telefonora jar nadin, hobe. Aita kanpoan den egunetan amak berarekin lo egitera gonbidatzen nau. Baietz esaten diot. Perkalezko maindireak dituzte, hasieran hotz daudenak, baina behin azala ukituta, berotu eta haien milioika hariek biltzen zaituztenak. Bere gorputza gertu sentitzen dudan urteko egun bakarrak dira. Aitaren aldean egingo du lo amak, nik amarenean. Gure gorputzek ez dute elkar bilatzen, baina ongi daude bata bestearen ondoan. Goiz batean, masaila zeharkatzen didan orbain bat aurkituko dut ispiluan. Izutu egingo naiz. Amak lasaituko nau: burukian brodatuta dauden haien inizialek utzitako marka da.
Jasanezinak egingo zaizkit aita itzuli arteko egunak, baina ez diot amari deus aipatuko. Itzuliko den egunean urduri esnatuko naiz. Urduri itzuliko naiz eskolatik. Beti iristen da esandakoa baino beranduago, baina beti dakartza fruitu konfitatu kutxa bat eta fabriketan eman dizkioten propagandazko boligrafo, kalkulagailu, koaderno eta gisakoak.
Mesanotxean egin du lo egunero.
Esan dit e.t. itzuli didanean.
Min ematen dit bere hitzek eragindako zoriona ezin erakusteak.
“Ixilikonai!” zen euskaraz ezagutzen zuen esamolde bakarrenetakoa. Ixa asko markatuz, euskaldun jatorraren intonazio eta bolumen zehatzarekin erabiltzen zuen, maiz egoera desegokietan: haurrei kariñoa adierazteko “Ixilikonai!” esaten zien, adibidez. Gero xamurtasunak aurpegiera bigunduta gelditzen zen, besoak zabalik haien besarkadaren zain.
Ezkailu zen fetitxismoz gordetzen zuen beste hitz bat. Nonbait bere aitarekin joan zen arrantzara noizbait eta, hain garrantzitsua izan zen egun hura, arrainaren izenak ere biziraun zion hizkuntzaren suntsipenari. Bizpahirutan eraman ninduen, antzina bezala egiten erakutsi nahi zidan. Asmoa ona zuen.
Beharko duzu:
— sagardo botila huts bat
— kortxoa
— 2-3 metroko soka (aukeran)
— ogia
— mailu bat
Tranpa prestatzeko behar den denbora: 15 minutu.
Egunpasa egiteko ezin aproposagoa.
Mailuarekin botilaren ipurdia puskatuko duzu, hiru edo lau zentimetroko diametroko zuloa eginez. Bertatik ogi pusketak sartuko dituzu, botilaren lepo osoa bete arte. Horretarako kortxoa jarrita izan beharko du botilak. Aukeran, soka lot dakioke botilari, arrainak bertan daudela uste denean tira egin eta uretatik ateratzeko. Hala, sokarekin ipurdia inguratuko da, tira egiterakoan, arrainak botilaren ahoan harrapatuta geldi daitezen. Soka erabili nahi ez bada, botila errekan sartuko da, harrien artean trabatuz. Arrainak daudela uste denean aterako da, ipurdiz gora betiere. Familian egiteko denbora-pasa ezin hobea da! Piknika prestatu, gerizpea duen errekasto bat bilatu eta gozatu. Eta gogoan izan: haur txikiekin joanez gero ez ahaztu flotagailuak!
Oiartzunera eraman nau kotxez, pabiloi arte batera, errekasto bat pasatzen den lekura. Tarte batean zementuzko baranda bat dago errekaren alde bietara. Aitak kazadora zintzilikatu du bertan. Poltsatik traste guztiak atera, azkar batean tranpa prestatu eta botila errekan sartu orduko desagertu da ni han bakarrik utzita. Kotxeko giltzak kazadorako patrikan daudela. Behar izanez gero kotxean sartzeko, bezero batekin hitz egitera joan behar duela. Pabiloi batzuk seinalatu ditu begiradarekin.
Korronteak kulunkatzen duen sagardo botilak hotsa ateratzen du harrien kontra. Lasaigarria da ezaguna zaidalako: aita eta amarekin mendira joan naizen apurretan errekasto bat bilatu dugu sagardoa freskatzeko.
Kamioi asko pasatzen da errepidetik. Batzuek abiadura moteltzen dute ni ikusita, balazten karrankak izutu egiten nau. Beste batzuek bozina jo dute. Gehienek ez naute begiratzen. Ordubetera edo, baserritar bat hurbildu da moto zahar batean. Kosta egiten zait dioena ulertzea eta nire ezgaitasunarekin lotsatu naiz. Azkenean gaztelaniara pasatu da: irtenegi dagoela botila, horrela ez ditudala arrainak engainatuko. Begira gelditu da haren abisuak nigan eraginik izan ote duen, baina ez dut zirkinik egin, ez dezala pentsa hizkuntz arazo bat izan denik. Begira-begira dago, baina nik ez diot jaramonik egiten. Aldiz, hona jaitsi eta botila behar den bezala kokatzea nahi nuke, sokari helduta nagoen bitartean nire aldamenean jesartzea, ganibeta koipetsuarekin sagar bat zuritzea, pusketaka ahora ematea hatz potolo ugerdoekin. Entzungor egin diot. Kokoriko jarraitu dut, sokari helduta. Sisalezkoa da eta zakarra, azkura eragiten du eta askatu egiten dut tarteka; ez nuke aita dezepzionatu nahi, ez nuke berak maitekiro prestatu duen jolasa abandonatu dudala ikusterik nahi, aita barandan egon daiteke-eta niri begira isil-isilik, larruzko kazadora zintzilik dagoen lekuan, eta badaezpada soka hartu dut berriro. Baserritarrak alde egin du.
Errekan gurpilak, plastikozko poltsak, oinetako solteak, gasolina eta edari latak daude. Tarteka botila trabatuta dagoen tokira hurbiltzen naiz, oinetakoak gehiegi busti gabe, arrainik ba ote dagoen ikustera. Ezkailu bat harrapatzea da desio dudan bakarra, aitaren ahotan mitikoa den hitz hori haragitu, aitari bere haurtzaroa itzuli, arnasestuka bada ere.
Etortzen ikusten dut, burua oinak baino aurrerago beti, eskuak gorputzaren alde banatan zurrun, hatz txikerrak tente eta dardarti.
Zerbait arrantzatu ote dudan galdetu dit, irri txikiarekin. Arrainik harrapatu ez izana baino frakaso handiagoa da berari huts egin izana. Erantzuten diodanerako ordea ez dago nirekin, ez dakit non dagoen, han dagoen arren. Kotxera sartu gara. Alde egiteko presa dauka, norbait segika balu bezala. Nik ez dakit zer egin frakasoarekin, beretzat zen, bere dezepzioaren kausa izateko prest nengoen, beso-zabalik.
Uda izango da nire garairik hauskorrena, normaltasuna antzezteko estalpea galduko baitut eskolatik kanpora. Asperdurak min ematen du. Itsusi eta higuingarri sentiarazten nau.
Eskolatik aparte ez dut lagunik, lehengusurik ere ez dut. Eskolako lagunak oporretan daude. Bat Orioko kanpinean; beste bat Bermeon, amaren jaiotetxean; bestea Allon, aitarenean; beste bi Cacereseko herri txiki banatan, aitaren edo amaren jaiotetxean; bada Alacanten uda oro apartamentua hartzen duenik ere, eta joaten ez diren apurrek niretzat helezinak diren planak egiten dituzte gurasoekin: Santa Klara uhartea, sanferminak, barkuan egunpasak... Banaka-banaka hots egiten diedalako dakit, banaka-banaka erantzun didatelako zein duten nirekin gelditzea baino plan hobea. Lastima adierazten dute, baina nik errukia irakurtzen dut eta ez diet berehalakoan barkatuko. Hala ere, hain nago salduta, denen behin-behineko helbideak idatzi baititut koaderno usaintsu batean, eta sumatu diedan gailentasunaren arabera erabakiko dut nire gutunen hartzaileen hurrenkera. Egunerokoa daukat, azal akoltxatua du eta giltzarrapoarekin ixten da. Bertan lagun guztien bilakaeraren erregistroa daramat, nik sortu ditudan lau kategoriatan: “jatortasuna”, “zuzentasuna”, “higienea” eta “adimena”. Orri karratuak dira eta koloretako boligrafoekin idazten dut, labur: “Eskuzabala, beti laguntzeko prest”, “Gezur infantilegiak, baina ona”, “Ile koipetsua, bartzak”, “Saiatua, apur bat motza”. Oporrak haientzat urtero errepikatzen diren errutinak direnez, denek dute norbait zain han, eta beti berandu datozen haien gutunetan, niretzat dagoeneko ezaguna den lagun inposible horietariko baten izena irakurri orduko gizenduko da nire inbidia eta irudimen sukartsua. Udak gaiztotu egiten nau.
Kanpinera? Miserableen antzera lurrean lo egitera? Mesedez!
Caceresera? Hemen bizita leku idor horretara? Bai jende aldrebesa, neska!
Santa Klarara? Irla batean oporretan egon direla esan ahal izateko... ja! Bestela ez esan!
Dio amak eguerdian, lanetik bueltan, lagunekin zergatik ez naizen gelditu galdetu eta nire mina bere eginda.
Ezkailuetaraz gain, aitak obrak bisitatzera eramaten nau. Eraikin osoak dira, batzuetan etxe multzoak, Hernani, Irun, Lezo, Oiartzungo aldirietan. Zimendu artean egiten ditu tratuak kontratistekin. Bostekoa ematen diote elkarri. Aitari segituan agortzen zaio hitz jarioa eta egiten ari direnari begira gelditzen da, isilik. Kontratistak zerbeza bat eskaini dio, hozkailu eramangarri bat seinalatuz. Aitak barre txikiarekin ezetz, hitzez, buruaz, gorputzez. Harro nago. Jarraian, desagertu egin da.
Bakarrik nago porlanezko hezurdura haietan gora eta behera builaka dabiltzan buzoz jantzitako gizonen artean. Zaila da erabakitzea hormigoi forma haien norabidea zein den, jaiotzen ari diren edo eraisten, atzera edo aurrera doazen erruinak diren. Eskonbroen, adreiluen eta altzairuzko armaduren artean nabil, bera itzuli arte, besteen ametsetan galduta nagoela konturatu gabe.
Gelako mutil batzuekin kartoia biltzeko ere gelditzen naiz. Bizikletekin pasatzen gara dendaz denda eta ematen dizkiguten kutxak plegatu eta parrilletan jarrita eramaten dizkiogu txatar biltzaileari. Denon artean bildutakoa balantzan ipini eta ateratzen dugun diruarekin litxarreriak erosi eta parkeko bazter batean irensten ditugu. Hormigoizko lurra beroa dago. Etzan eta begiak itxiz gero hondartzan gaudela irudika dezakegu.
Batzuetan aitona-amonekin joaten naiz hondartzara. Amona apain-apain doa jantzita soineko argi batekin. Garaia eta argala da, ez da ederra baina dotorezia dauka, urguilua. Eguzkitako betaurrekoek aurpegi erdia estaltzen diote. Umetan galdu zuen begia. Solaskideari demanda eginez kontatzen du, hatza tentetuz puntuazio ikurrak lihoazkeen tarteetan.
Gure ama trikotatzen ari zen, eta ni korrika sartu nintzen gelara, e, oso bihurria bainintzen, oso, oso, e. Gainera egin nion salto besarkatzeko eta besapean zeukan orratzak begia zeharkatu zidan, e.
Kontatzeko manerak ez dit errukia sentitzen uzten. Galera horrek eguzki epeletan haztea ekarri zion eta, beste bi ahizpen kalterako, aitak bere izen-abizenak jarri zizkion gerora oparoa bilakatuko zen almazenari.
Ahizpa enpresari bilakatzeak beste janzkera bat, beste hizketa gai batzuk, beste manera batzuk, eta batez ere beste hizkuntza bat hitz egitearen gailentasuna eta bakardadea ekarri zizkion amonari. Ez ditu ments ez baserria ez bizimodua ez ohiturak ez iragana; iraganetik, lentzeria eta ordulari kontrabandoan ibiltzen zeneko garaiaz hitz egiteak soilik argitzen dio aurpegia.
Mendian barrena ibiltzen ginen gauez, abarketan, sos batzuk ateratzeko. Hanka arinak nituen.
Ez da politikaz mintzatzen, nahiz eta haren aitari Pasaian zeuzkan bi barku kendu zizkioten nazionalek gerran, baina Carlos Garaikoetxea gustatzen zaio eta bere irudia ikusten duen bakoitzean gogoratuko du zein guapoa den. Bera da, hiru ahizpetan, seme-alabekin euskaraz hitz egin ez duen bakarra, eta bilobok jaio behar izan dugu bere etxean atzera erabiltzeko. Gu, beti, kontu handiz hurbilduko gara beragana, besapeetan josteko bi orratz luze balitu bezala.
Ez dut inoiz almazenean lanean ikusiko, seme-alabak edukiz geroztik ez baitzen itzuli, baina bertara sartzen denean erreberentzia giroa sortzen da, ez bakarrik hauen partetik baizik eta baita gainontzeko langileen partetik ere. “Egun on, Maria Antonia” esango diote denek, nahiz niretzat amona Mari izan. Kristalezko begiak markatzen du amonaren agenda: garbiketek, betzuloaren doiketek, begi berria egiteko proiektuek, ebakuntzek, betaurreko bereziak probatzeko hitzorduek.
Aitak miresmena dio, baina ez da aldebikoa. Pleitesia adierazten dio ikusi orduko eta amona adoratzen uzten da. Biek dituzte barizeak hanketan eta elkarrekin joan ohi dira klinikara “ziztatzera”. Aitak harro dirudi amarekin arazo bat konpartitzeagatik sikiera eta, bezperan, elkarrekin egingo duten egunpasa lau haizetara zabalduko du bezero eta langileen artean, kabitu ezinda.
Hondartzara iristean amona etzan egiten da eta alde egin arte ez da mugituko. Poltsan daramatzan bi oskolekin estali ditu begiak. Azal distiratsu eta leuna dauka, hanka eta beso luze, finak. Aitonak algak biltzen ditu, bainujantzi txiki bat soinean. Gorputz atletikoa du. Begiz jotako belarrak hartu, uretan garbitu, eta toallan ipinitako egunkari orri baten gainean zabaltzen ditu tentuz, denbora baten buruan buelta emateko. Etxean jarraituko du sikatze prozesua, prestatzen dituen edabe berrien osagai izarra da. Nik, bitartean, inguruan dauzkadan haur eta familiak behatzen ditut obsesioz. Bainatu egin naiz. Itotzera jolastu naiz. Hildakoarena egiten trebatu naiz. Arnasa hartzeari utzita aurkitzen dut bakea. Igeri egin dut. Olatu handiekin izutzen diren ni baino haur zaharragoek auzo-lotsa ematen didate.
Ze erridikuluak.
Pentsatuko dut etengabe, eta ezingo diet begiratzeari utzi, nahiz begiak kresalak erreta eduki.
Aitona-amonek ez diote elkarri hitzik egiten. Amonak zerbait esaten duenean aitonak begiratu egiten nau barrez, keinuka. Aitonak zerbait esaten duenean amonak begi oneko oskola kentzen du, lepoa apur bat altxatu eta begiratu egiten dio, zirkinik egin gabe.
Asperdurak gaixotasun batek bezala garaitzen nau, herra eta tristura zabalduz nire gorputz osoan.
Meriendatzeko deiadarra egiten duten ama gizenei begiratzen diet, jolasean ari diren haurrei begiratzen diet, ogitarteko muinoietan amaitzen diren emakumeen besoei begiratzen diet: haien seme-alabak hain ari dira ongi pasatzen non goserik ere ez duten.
Intxaurrak eskuekin kraskatzen ikusi dut.
Sagarrak labanarik gabe partitzen ikusi dut.
Lapak arroketatik erauzten eta zarata handiarekin hurrupatzen ikusi dut.
Norbaitek Frantziatik ekarritako hardun gazta labanatik jaten ikusi dut.
Uretatik apenas pasatutako arrautza ia gordinak irensten ikusi dut, koilaratxoaren sabelarekin kraskatzen eta barrukoa edaten ahotsa findu nahi duen otsoak nola.
Jatetxeetako menuetan steak tartare-a bilatzen ikusi dut. Aurkituko duen apurretan eskatuko du eta zenbat gustatzen zaion gainantzeztu. Gorringoarekin nahastutako haragi xehatu gordina eskainiko digu sardexkaren muturrean. Amak eta biok atzeraka egingo dugu.
Amak eta biok sentitzen dugun higuinarekin gozatzen ikusi dut. Amak eta biok sentitzen dugun higuinarekin gozatuko dugu. Guretzat ari da jaten, bere gizontasuna antzezten eta gu geure emakume mandatua betetzen.
2019ko apirilaren 3a
Aitaren urteak. Zoriontzeko hots egin diot, eskerrak eman dizkit, haurrak ongi ote dauden galdetu dit, “bai” erantzun diot, “zer ari dira alproja horiek?” galdetu dit, “alferkerian” erantzun diot, “a”, esan dit, “ongi egiten dute”, eta segidan “disfrutatu eguna” esan diot, “bai, agur”, “agur”. Hogeita hamar segundo.
Beti izan gara arrotzak bata bestearentzat. Edateari utzi zionean kontinentez aldatu zen, eta hala ere arrotzak izaten jarraitu genuen. Ez dakit zertan aldatu nintzen ni haren begietara. Nolakoa bilakatu ote naiz harentzat edateari utzi eta gero? Hobetu egin naiz ala okertu?
Bere nire gauzen inbentarioa:
— belaun hezurtsuak
— begi irtenak
— aurpegi estua
— lepo luzea
— tabako koloreko ilea
— eskoliosia
— haragirik gabeko masailak
— lotsa
— barruranzko joera
— harrokeria
— petralkeria
— isiltasuna
2019ko maiatzaren 13a
Gaur amak esan dit oso guapa nagoela.
2019ko maiatzaren 28a
Asteburuan egongela pintatu dugu Landerrek eta biok. Igandean gurasoak etorri zirenean, aitak galdetu zidan zergatik ez ote genuen erabili berak oparitu zigun pintatzeko kita. Kartoizko kutxa batean zetorren “arrabola magikoa”z ari zen, Teletienda bidez erosi zuena hilabete batzuk aurrerago. Ez dugu inoiz kutxatik atera ere egin, hain iruditu zaigu beti tramankulu funtsik gabea. Erantzun baten zain gelditu zen. Azkenean, ahaztu egin zitzaigula esan nion. Mingaina klaskatu eta joan egin zen. Eskaileratik jaitsi eta salto batean kitaren bila joateko bulkada izan nuen, hain zitzaidan jasangaitza bere dezepzioa. “Erabili izan bazenute orain ez zenituzkete lurretik txaplata horiek kendu behar izango”.
Alde egin zutenerako Lander eta bion arteko giroa hondatuta zegoen: musika traba egiten hasi zitzaidan, berriketarako gogorik ez nuen, pintaketa lanekin hasi izanagatik damututa nengoen (“margolari bati deitu behar genion”). Margotzeko kitaren bila joan nintzen: jarraibideetan arrabolaren kirtena margoz bete behar zela irakurri nuen eta inbutu baten bila joan nintzen. Baina ordurako bukatuta zeuden lanak, banekien.
2019ko ekainaren 3a
Bi orduko itzulia hondartzatik. Azken ordubetea Oihanarekin. Esan diot lehengo astean aita ziztatu zutela sabeletik likidoa ateratzeko.
— Parazentesia?
— Hori.
— Ostia.
— Ostia?
Nire barruan han nonbait banekien larria zela eta Oihanak zalantza guztiak suntsitu dizkit.
— Hori da gibela oso izorratuta duela.
— Oso? Transplantea egiteko aukerari ezetz esan dio.
— Ikusi egin behar zenbatero betetzen zaion tripa... Seguru zaude transplantea eskaini diotela?
— Hala esan dit amak.
— Harritzen naiz. Agian ez diote egin nahi kirofanoan gelditzeko aukera asko dituelako.
— Ezetz, berak egin diola uko.
— Jendeak ez daki, baina heriotza baino gauza okerragoak daude.
— Agian.
— Zergatik ez zoaz medikuekin hitz egitera?
— Ni?
Eraso bati aurre egiteko moduan jarri naiz. Izua. Lotsa. Ez gaitzarekikoa, ez aitarekikoa, baizik eta nire sentimenduekikoa. Haien aurrean erortzearen beldurra. Oinez jarraitu dugu. Etxerakoan amari deitu diot transplantearen aukeraz hitz egiteko.
— Ez du nahi, badakizu zein egoskorra den.
— Baina ba al daki zein den ez egitearen ifrentzua?
— Ez.
— Orduan?
— Goiza izorratu didazu.
— Hitz egin medikuarekin.
— Ongi legoke zu etorriko bazina, horrela...
Gogortu egin naiz, haur, hotz, beldurti.
Dutxatu ostean, etxeko landare guztiak ureztatu ostean, sagar bat mozten ebaki bat egin ostean, audio bat bidali diot esanez joango naizela, esateko zein egunetan den, baina ez dit erantzun.
2019ko ekainaren 5a
Atzo Atabalen izan nintzen Anari eta Low ikusten. Ez dakit zergatik, aretora sartu aurretik Maialeni kontatu nion aitarena. Esatea ulertzea izan zen. Zornea bezala zabaldu ziren hitzak nire ahoan: hiltzen ari da. Nire minak ez zion higuinik eragin, espanturik gabe onartu zuen esan berri niona, begirada xume bat eskaini zidan eta horri esker ez nintzen odolustu.
2019ko uztailaren 3a
Guraso guztiek uste dute, isilean zein publikoki, euren seme-alabak bereziak direla.
Seme-alaba guztiek uste dute, isilean zein publikoki, euren gurasoak bereziak direla.
2019ko uztailaren 5a
Transplantea egin ala ez erabakitzeko proba bat egin beharra dago, baina aitak ez du egin nahi. Patologoak hilabeteko epea eskaini dio azken erabakia jakinarazteko.
Badakigu zer esango duen.
Hondo-hondoan harrotasun suerte bat sentitzen dut aitaren erabakiarekiko, absurdoa, ergela, autosuntsikorra. Eta esango nuke amak ere sentitzen duela.
Zer egitea nahiko nuke aita optimoak?
Zer egiten dute aita optimoek?
Gerrara joan?
Gerrara joateari uko egin?
Heriotza baino gauza okerragoak daude.
2019ko uztailaren 6a
Saioak kontatu dit bere gurasoen ezagun bati gibel transplantea egin ziotela eta bizitza aldatu zaiola, baita emozioak ere. “Gauzak bizitzeko eta prozesatzeko manera”, esan dit, “gibelak erabakitzen du eta zeri eman paso eta zeri ez”, argudiatu du. Lipar batez neure buruari amets egiteko baimena eman diot.
Aitona-amonek apartamentu bat erosi dute Benicassimeko hondartza ondoan, seme-alabak Castelloko fabriketara joaten direnean hoteletan beharrean bertan gera daitezen eta udan ere aprobetxa dezaten. Apartamentu txiki bat da, logela bakarra, egongela, sukalde txiki bat eta terraza dituena. Txandak hartu behar dira joateko.
Erosi dutenetik udara oro joango gara, herriko festak hasten diren egunean beti, hiru asterako. Amak dio aitak ezin duela herriko festetan egon, tentazio handiegia baitira berarentzat.
Denok batera joango gara desintoxikazio egoitza hartara, denok eskutik emanda. Besteok gara, guk hala erabaki gabe, bera desmasiak egitetik aldenduko dugun tutoreak. Ama arduratu da maletak egiteaz eta biderako jakiak prestatzeaz. Aita kotxearen bila joan da goizean goiz.
Depositoa betetzera noa, itzultzen naizenerako prest egon.
Esan du.
Eztarritik irteten utzi ez duen hots batekin erantzun dio amak begiratu gabe.
Joan denean esan dit:
Autoarena eta berea.
Etxe azpira etorri eta bozina jo du. Esandakoa baino ordu erdi beranduago iritsi da. Bagenekien hala izango zela eta, hala ere, esan duen ordurako prest eta zain gaude, horrelakoak baikara: gauzak artez egiten ditugu errua beti besteena izan dadin.
Okindegira bidean udaletxeko aparejadorearekin aurkitu naiz, proiektu handi bat dute esku artean eta kontatu egin nahi zidan. Esan diot, “aizu, familia zain daukat oporretara joateko, orain ez”.
Dio.
Ez zaio besteek nabaritu diezaioten beste nabaritzen, baina guk badakigu, ahoa modu berezian mugitzen du eta, ezpain dantza bat.
Esnezko opil bat eta Elgorriaga txokolatina ekarri dizkit okindegitik.
Auto bidaia da okerrena, isiltasuna estaltzeko jartzen duen irratiko musika gozoa. Gaizki gidatzen du, ito egiten du autoa, bolantekadak ematen ditu norbait gerturatzen zaionean edo aurreratu nahi dutenean, baina errudunak besteak dira, batez ere motozaleak. Azken tragoak ekarritako baretasuna probintziatik atera orduko desagertu da.
Begira putakume hori!
Dio.
Ez aitak ez amak ez dute musika maite, ez behintzat kasete bat erosteko beste. Atzeko eserlekuan leihotik begira, urtetik urtera nireago dudan paisaia eskapatzen ikusten dut. Gai naiz hodei beteko zeru grisekin hunkitzeko, gai naiz mendi berde ilunak nire sentitzeko nire besoa nire sentitzen dudan indarrarekin. Nahi gabe, irrati herrikoi bat sintonizatu dute: Benito Lertxundi da.
Begira!
Dio aitak.
Niri ari da, euskara estimatzen dute nahiz eta arrastorik ez izan. Uste du euskaraz jakinez gero gustatu egingo litzaiokeela, uste du euskara jakiteagatik gustatu egin behar zaidala. Bolumena igo du. Ez dut kantua ezagutzen. Amak melodiaren gainetik lalalala kantatu du, inolako arterik gabe.
Zein ederra den kantu hau, honek bai kantatzen duela ongi.
Dio amak eta nik ulertu dut esaldiak gordetzen duena. Esan nahi du besteek ez dutela ongi kantatzen. Eta besteak musika arina egiten duten abeslari espainolak dira. Piperrik ez ulertu arren, sakontasuna, seriotasuna eta transzenditu nahia sumatzen ditu Lertxundirengan. Ez ditu jasaten tonadilleren lantu eta aieneak telebistan, gutxiago gizonezko abeslarien fazak maitasunari kantatzen.
Zein erridikuluak.
Dio beti.
Eserlekuaren iletxoek azkura egiten didate izerditu zaizkidan izterretan. Oso argala naiz, hatzak eta ukabilak kabitzen zaizkit saihetsen hutsuneetan. Galtza motz zuria eta elastiko zuri-urdina daramatzat. Eskuak sarde moduan jarrita orrazten dut ile motza atzerantz, playboyen antzera. Leihatilan bilatzen dut nire isla. Ez dut neure burua ispiluan begiratzen haien aurrean. Ezin naute harrapatu hain ekintza intimoan, ezin dute ikusi hain ahula naizenik.
Berdea paisaiatik desagertu ahala gailendu da horia. Orduan jabetu naiz koloreak ez direla desagertzen, ezer ez dela desagertzen, beste zerbaitek ordezkatzen duela dena, berdeak horia, mendiak ordeka, trinkotasunak biluztasuna, lurrak zerua. Harritu egin naiz aurkikuntzarekin eta neure buruari errieta egin diot lehenago ohartu ez izanagatik, tuntuna. Agian oker nagoela eta desager daitekeen zerbaiten bila tematuko naiz alferrik. Auto barruan sartu diren hauts malutak behatu ditut, haiek harrapatzera jolastu naiz. Begiak ixten ditut. Nire kabutan, begi itxiekin ikusten dudana definitzen saiatu naiz, nire betazalen barruko aldea dela pentsatu dut lehenik, begiak ixtean begi-niniak beherantz jiratzen ditudala ohartzean nire barrunbeak direla pentsatu dut jarraian, izutu egin naiz, lilura eta nazka sentitzen ditut ezinezkoa dela ohartu aurretik. Ikusten dudana beltza den edo ezereza den ebazten ahaleginduko naiz gero, beltza ez dela beltz oso eta ezerezean mugitzen diren partikulak badirela egiaztatuko dut azkenik.
Cariñenara arte gelditu gabe joango ginela adostu duten arren, aitak errepide bazterreko taberna baten aurrean gelditu du kotxea pixalarriak dagoela esanez. Ama eta biok barruan gelditu gara.
Hor doa gasolina bila.
Esan du amak begirada belaun biluzien gainean daraman Pronto-tik jaso gabe. Egun hautseztatuan barna joaten ikusi dut, mahuka motzeko alkandora zuria eta galtza beixarekin, erraldoi eta dorpe. Tabernatik irtetean, ezpainak lehortu ditu eskumuturrarekin. Autoko atea ireki eta bioi begira makurtuta zerbait hartu nahi ote dugun galdetu digu abegikor.
Goazen, bestela ez gara inoiz iritsiko.
Azkendu du amak.
Geroz eta zakarragoa da giroa. Irratia ere itzali dute. Atzeko leihoak zabaldu ditut bero sapa sentitzeko, nire barruko ezinegona garaituko duen zerbait behar dut.
Itxi leihoak, bero nazkagarri hori sar ez dadin.
Dio amak.
Motozale batek aurreratu gaitu.
Hurrengo bihurgunean akabatzea espero dut!
Dio aitak, eta ukabilkada batez bozina jo du.
Hori!
Bihotz ematen dio amak, gaineratuz:
Akabatu ez, hobe elbarri gelditzen bada bizi osorako!
Monegroen parera iritsita, paisaiari buruz hitz egiteari ekin diote, nahiko modu sosegatuan. Aitak urtean bizpahiru aldiz eta guk urtero egiten dugun bide bera izanagatik, aurretik behin ere ikusi izan ez balute bezala egiten dute.
Hemen bizi egin behar da gero.
Ez okurritu orain leihoak zabaltzea, kiskali egingo gara eta.
Begira ze lehorte, begira ze siku dena.
Belar izpi bat, arrama bat, lore bat, ezer ez, harriak.
Ez diote alferrik desertu esaten: Monegroetako desertua.
Gu beste nonbaitetik gatoz. Gu berdetik gatoz. Hemen jaiotakoa bazara ez dakizu infernuan jaio zarela.
Hori izango da.
Gaixoak.
Besteen lazeriak suspertzen ditu eta horri eskerrak bidaiaren azken txanpa lasai egingo dugu, umore oneko kasik.
Kuluxka egin dut. Leihotik begiratu dut. Laranjondo sailak. Mendi eta lur gorriztak, azulejuen bihotzen kolorekoak.
Ordu erdi falta zaigu iristeko. Garaipen bat ospatuz bezala, eskukada bat eman dit amak belaun gainean, begi urdinak diz-diz.
Urbanizazioa elkar zelatatzen duten bi dorrek osatzen dute, alde batera igerilekua eta bestera saskibaloi kantxa dutenak, atzealdean haur parketxo bat. Dorreen sarrera bakoitzean portxe bana dago. Iluntzeetan, bertan elkartzen da urtero-urtero uda pasatzen duen bizilagun mordoxka bat sangria pitxar parearen inguruan. Parrokianoak, esaten diete gurasoek. Etxebizitza bakoitzak aparkaleku bat dauka esleituta. Gurea murru baten kontra dago eta maniobra ugari egin behar da autoa sartzeko. Lauzpabost bizilagun inguratu dira ikustera. Aita eta ama urduri jarri dira.
Badirudi espazio-ontzi bat ikusi duzuela lur hartzen.
Esan die aitak autotik irtetean eta txintik atera gabe alde egin dute.
Aitak maletak eta gainontzeko trasteak atera eta igogailu pareraino eraman ditu.
Zuek igo, berehala noa. Kotxeari garbialdi bat emango diot.
Igogailuan, gainean daramatzan tragoen bilduma egin du amak:
Abiatu aurretikoak, pixa egin duenekoa, Cariñenakoa, beste restopekoa... eta orain beste pare bat... beno.
Hatz trauskilak erpuruaren kontra joz kalkulatu ditu. Ezkontzakoa da daraman eraztun bakarra. Gustura dago emaitzarekin.
Hiru astez horixe du batez bestekoa, gure ondotik ihesean egiten dituen eskapada txikietan hartzen dituen trago lañoak, gure ondoan egon ahal izateko hartzen dituenak. Mozkortuta ikusiko ez dudan urteko garai bakarra da. Horrek ez dakar ama eta biok atezuan ez egotea. Bere aliatu leiala naiz. Ihesaldietatik etortzen denean esaten dituenak neurtzen ditugu nork bere kabutan, ez edukiz, baizik eta formaz: mingainaren loditasuna, betazalen erorkera, begiradaren zabaltasuna. Ongi eusten dio, segur aski garagardoa edaten duelako. Goizean goiz jaikitzen da, nire logela bilakatua den egongelatik pasatzen da, laranja zukua egiten du sukaldean eta badoa. Batzuetan pasatzen entzuten dut, lurra guztiz zapaldu gabe egiten du ni ez esnatzeko. Beste batzuetan ikusi egiten dut, eskuak dardarka, gorputzetik aldenduta. Bueltan, bezperan adostutako erosketa dakar.
Oporraldi estajanovistak dira, ordu-tarte guztietan dago planifikatutako eginkizunen bat. Goizetan hondartza: nik uretan pasatuko dut denbora gehiena. Haiek itsasertzetik ibiltzera joango dira eta itzuleran, urbanizazio ondoko taberna batean, amak bi Bitter Kas, aitak bi garagardo eta nik hortxata bat hartuko ditugu sepia errazio edo kakahuete plater batez lagunduta. Bata edan orduko eskatzen dute bigarrena, bero eta egarri erakustaldi neurriz kanpokoa eginez. Ez gara guztira ordu erdi baino gehiago eserita egongo.
Urbanizaziora iristean, ni igerilekuan geldituko naiz haiek jatekoa prestatzen duten bitartean. Luze batzuk egingo ditut, denbora estaltzeko eta gainontzeko beraneanteak nire igeri estiloarekin txunditzeko, baldin eta hau estimatzeko besteko kriterioa badute, nahiz eta gehien gustatzen zaidana ur azpian egotea den: kronometroari adi, murgildu aurretik gorputza eta garuna erlaxatu eta leunki hondoratzen naiz. Igeriketako entrenatzaileak “ura ukitu” egin daitekeela azaldu digu eta ura ukitzen trebatzen naiz, ur gainean esertzen, uretan toki egoki bat egiten. Arnasa eten dut, begirada lasaiarekin jarraitzen ditut burbuilak, ahalik eta geldien, ahalik eta luzeen, isiltasuna entzuten dut, indargetutako bizitzatik urrun, arraina naiz birikek uzten didaten bitartean. Erraz betetzen dut minutua. Ur azaleratzean, jendailaren zaratarekin egiten dut topo.
Aitak txistu egin dit balkoitik, bazkaria prest dagoela esan nahi du. Ni naiz bakarrik dagoen nire adin bueltako haur bakarra. Ni izango naiz urtero etortzen diren haurren artean taldean ibiliko ez den bakarra. Familia heldu berriak ikusten ditut kotxetik irten ahala inguratuak izaten igerilekuan edo portxean daudenengandik. Haur eta nerabe batzuek ongietorria egiten diete iritsitako haur eta nerabeei. Gu ez gaitu inork inguratu. Amarentzat bakardadea distintzio adierazle bat da.
Ze erridikuluak.
Dio, haur talde batek etorri berria globo eta kartelekin hartzen duenean.
Apartamentuko terrazan bazkaltzen dugu, plastikozko mahai eta aulkietan, zamauarekin beti. Dorreetako baten etxabean bizi den atezain errumaniar bat kontratatu dute duela ez asko. Aitak dio bera dela harekin hitz egiten duen bakarra, gainontzeko udatiarrak arrazistak direlako. Iritsi eta biharamunean agurtzera joan eta berriketan gelditzen da urbanizazioko kontuez jakinaren gainean egoteko. Gero guri kontatzen dizkigu xehetasun handiz gizonaren hizkera eta azentua imitatuz. Nik ez dut harekin behin ere hitz egin, baina aitak bere gorputza maileguan uzten dionean, otzana, zuzena eta adeitsua da, apur bat tolesgabea. Ahoa apenas ireki gabe imitatzen du, bizkarra borobilduta:
Ez da posible atarira oinutsik.
Ez da posible igogailua bustita.
Ez da posible koltxonetarik eta baloirik igerileku.
Ez da posible ogitartekorik belarretan. Txindurriak. Txindurri txuriak.
Bizilagunen batzarrean hartutako erabakiak dira guztiak. Asko hiriburuan bizi dira urtean zehar eta Benicassimen pasatzen dute uda. Kasta eta janzkera berdintsukoak dira eta komunitatea osatzen dute portxean.
Faxista hutsak dira, ze gogo gauzak debekatzeko, baita oporretan ere!
Dio aitak faxista hitzean enfasi handia jarrita.
Joan daitezela beren piperpotoak zezen plazatan astintzera!
Laguntzen dio amak.
Errumaniar gizajoa, horiekin toreatu beharra ere... lau txakur txikirengatik gainera.
Kariño berezia diote, gailentasunetik sortutakoa, nahiz eta amak ez duen inoiz harekin hitzik egin.
Arratsaldeetan gurasoek egunkari eta aldizkariak irakurtzen dituzte apartamentuko terrazan hautsontziak gainezka egin arte. Aitak gurutzegrama koadernoa betetzen du orririk huts egin gabe, koadro guztiak betez. Ni ohe-sofan nago, irakurtzen edo herriko lagunei paper perfumatuetan gutunak idazten. Telebista ere ikusten dut. Aitak Jacques Cousteauren antza izatea nahi nuke, edo MacGyverrena. Azala bero daukat eguzkiagatik, bizkarrekoak tira egiten dit mugitzen naizen bakoitzean eta gustuko dut sentsazioa. Aurpegian mutiko bihurriaren traza ematen didaten orban zuriak atera zaizkit, hain nago beltzaran. Urtean zehar ez bezala, erakargarri sentitzen naiz.
Gurasoen legea da bazkalostean ez dela irten behar. Beroa hilgarria da. Afera aipatzen duten bakoitzean, haserre, higuin, larritasun eta egarri keinuak eginez deskribatzen dute Levanteko tenperatura.
Ordu hauetan ezin zara atera. Hil egin zaitezke.
Ze nazka.
Errutina hau azuleju fabriketako jabe edo komertzialekin bazkaltzera joaten garenean baino ez da apurtuko. Gehienak aberats berriak dira eta Castelloko jatetxe garestiren batean jartzen digute hitzordua. Gurasoek, ahal izanda ere, behin ere erosiko ez lituzketen auto arranditsuak dituzte.
Zenbat txorakeria.
Diote biek autoetan iristen ikusten dituztenean, gu beti puntuan edo bost minutu lehenago iristen baikara zitara, apain-apain jantzita.
Ze erridikuluak.
Ez ditut haien izenak gordeko, haien gorputz atal diferenteekin bakarra osatuko dut nire memorian: gizonek kokospea dute eta urrezko zigilua potolotutako hatzen batean, amerikana urdin iluna daramate, alkandora urdin argia eta apaingarri urrekararen bat duten larruzko oinetakoak galtzerdirik gabe. Emakumezkoak apalak eta pinpirinak dira, argalak eta goxoak, lurrin sarkorrak daramatzate eta ez dute inoiz etxetik kanpo lan egiten ez bada haien fabriketan idazkari lanetan. Kasu egiten didate, baina ez naiz gai emozioaren hamarrenarekin erantzuteko. Ahal dudan guztietan almejak saltsan jango ditut eta postrerako limoi izoztua. Bazkari horietan zigiludun gizonezkoek arrantza egitera gonbidatuko dute aita barkura, urtero. Aita gustura joaten da, eta bera gabe egongo garen opor egun bakarra izango da. Iluntzean, harrapatu dituzten otarrainen berri emango digu, nahiz esku hutsik etorri beti. Amaren eta nire harridurarako, ez dator mozkorra. Amak botila keinua egingo dit aita despistatzen denean. Gero ezezkoa buruarekin. Irri txiki bat azkenik. Pozik gaude.
Bestela, egun arrunt batean, eguzkia moteldu arte ez gara berriz ere irtengo. Apartamentua hondartza aldean dago eta herrira joateko autoa hartu beharra dago. Dutxatu eta herrirako arropekin janzten gara. Aitak eta amak Benicassimeko taberna eta jatetxe guztiak ezagutzen dituzte eta aldiro ezberdin batean afaltzea dute erronka.
Terraza batera jesarri bezain pronto aitak garagardo bat hustu du trago bakarrean.
Hau egarria.
Dio, aparra mingain puntarekin garbituz.
Afaritan beste pare bat edan du, antsia ezkutatzeko arte gutxirekin. Ofizialki gure aurrean edaten dituen bost horiek dira eguneko bakarrak. Edonola ere, hiru astez ez da behin ere mozkortuko.
Apartamentura bueltan, autoan, jandakoaren errepasoa egingo dute eta konparatu egingo dute beste jatetxeetako plater eta prezioekin. Ez zaie inporta garesti ordaintzea baldin eta adarra jotzen ez badiete.
Saltsari irina bota diote eta hori tranpa da, irin gabe egiten da berez, ez zait gustatu.
Dio amak.
Gatza falta zitzaion.
Dio aitak (aitaren sofistikazio gastronomikoa gezegi edo gaziegi dagoen esatera mugatzen da).
Hiru asteren buruan helburua beteta egongo da: aita ez da izango etorritako bera. Puztuta zegoen aurpegia bere onera etortzen ari da, begiradak, herabea izanagatik, norabidea dauka eta hitzek, urriak izan arren, ere bai. Niki koloretsu bat eta galtza motzak jantzi ditu itzulerarako. Irurtzunera iristean zerua ukigarri bilakatu da, augurio txarrez betetako hodeiek ordezkatu dute hiru astez gainean izan dugun zeru inozo eta infantila.
Iritsi aurretik egarri da.
Uda den sitcoma amaitu da eta datorren urtera arte ez da denboraldi berririk egongo. Astebete baino lehen gauzatu da debaklea: kanporatuak izan gara bere ikusmiratik eta baita begiratzen duen lekutik ere.
2019ko uztailaren 7a
Eguneroko honekin amets egin dut gaur. Amak zerbait aipatzen zidan eta ate bat zabaltzen zen kontakizun honen barruan, bere karranka eta guzti, beste nonbaitera ninderamana, hura zabaldu eta igaro arren atzera egiteko aukera ematen zidana, egurrezko korridore batetik, istorioa utzi nuen tokian hartzera. Atea zabaltzeko esan beharreko pasahitza “Es por la ciarrosis” zen.
Hasieran gure aurrean edaten du.
Lekuona ardandegitik garrafoi bat ardo erosi eta, inbutu batekin lagunduta, botila bat betetzen du. Otorduetan edaten dute, aitak ardoa eta amak urardo oso arina. Nik, ura delakoan amaren edalontzitik hurrupa eginez gero, oihu egiten dut eta harraskara bidean dena zipriztintzen dut deabruaren edabe hura nire barrura sartu delako. Ohitura zurrunekoak, ardo botila erdia eguerditan eta beste erdia gauean husten dute, edo hori da tazitoki onartutakoa, ama ohartu den arte ardoaren marka geroz eta azkarrago jaisten dela. Aitari kargu hartu dio, baina aitak salaketa ukatu eta ardoari ura eransten hasi zaio gu engainatzeko. Nire begiekin ikusi beharra daukat: botilatik ardo turrusta bat isuri dut baso batera, garrafoitik beste bat beste baso batera. Argi kontra ipini ditut, ez dago zalantzarik. Gezurra haur ahulen trikimailutzat neukan eta inpresio handia eragingo dit aita azpikeria horietarako kapaz dela jakiteak.
Ardoa garrafoitik zuzenean hartzen hasi da: pikotxean jarrita ikusi dut barraren atzean isurtzen baso batera. Ez da ohartu. Altxatu da, egongela zeharkatu du, V gorri bat marraztuta ezpain gainean, baina ez darama edalontzirik eskuan. Isil-misilka, barra barrua arakatu dut bila, alferrik. Berak ikusi gabe begiratzen diot. Txabusinako patrikan konkor bat dauka, gogor itxurakoa. Bi aste iraun behar duenak astebete irauten du.
Etxean dagoen denbora guztia lo ematen du, besaulkian. Geroz eta maizago uzten dio eguerditan etxera etortzeari. Komertzial bat etorri dela eta berarekin bazkaldu behar duela dio. Ez du guztiekin egiten, laguntzat dauzkanekin bakarrik.
Benetako lagunak balira ez lukete mozkortzera eramango.
Dio amak.
Beste batzuetan, bazkaltzen ari garela hots egiten du eta amari esaten dio tailer batetik edo obra batetik edo auskalo nondik deitu diotela eta bidean mokaduren bat jango duela, ez itxaroteko.
Polita zegoen.
Dio amak.
Mesede ederra egin digu ez etorrita.
Dio amak.
Hau kalamitatea.
Beti deitzen du, gezurra esateko bada ere.
Geroz eta sarriago, bazkalordura garaiz iritsi arren, atea zabaldu orduko nonbaiteko mina duela esan eta egongelako besaulkira joko du. Zabuka dabil korridorean zehar.
Ze lotsa.
Dio amak.
Bazkalostean besaulkian aurkituko dugu begiak txilotuta, hankazabal, garaitua. Esnatzean, begirada inon finkatu aurretiko lipar horretan, beldurtuta dagoela konturatu naiz. Gero, airean zabalduz, bere eskuei begiratuko die lehendabizi, lanparari, armairuari, aldameneko sofan gaudenoi, eta nor den, non eta norekin dagoen gogoratzeak beldurra ezabatuko dio aurpegitik.
Garrafoiaz gain alkohol ugari dago gure etxean, urte onetan, azuleju fabrikek ez ezik kontratistek, igeltsero eta iturginek xanpain, sagardo edo ardo kaxak oparitzen dizkiote-eta aitari Gabon bueltan. Castelloko fabrikanteek alkohol kaxekin batera laranja tona bat bidaltzen dute almazenera. Aita eta izeba laranja kaxak partitzen ibiltzen dira senide, langile eta bezeroen artean. Gure etxeko barran beti dago laranja kaxa bat botilen ondoan.
Ez dakit non neukan burua... Hona etorri ginenean sofa bat erosteko ere ez genuen, koltxoi baten gainean jarrita ikusten genuen telebista... baina berak barra egin behar zuela! Ozenago bai, baina argiago ezin zidan esan, eta ni konturatu ez, tuntuna!
Dio amak haserre Prontoarekin barra lainoztatzen duen bitartean.
Eta nik ere tuntuna dela uste dut, oso tuntuna, ezin dela tuntunagoa izan.
Pikotxean jarrita harrapatu nuen aldi hartaz aparte ez dut inoiz barran trago bat hartzen ikusi. Masa ilun harengandik ihes egiterik ez dago ordea, hain da handia eta pisua bere presentzia.
Etxera ardoa ekartzeari utzi dio. Amari sinetsarazi nahi dio ez duela edaten, bere irudimena dela.
Gezurti, gezurti alaena!
Egiten dio oihu amak aitari honek tente eusteko lanak dituen bitartean. Aitak dio egun osoan ardo bat baino ez duela edan.
Lipar batez ama harrituta ikusi dut, benetan bere irudimena izan ote den zalantza egiten. Niri ere gauza bera gertatu zait. Orduan, aldendu, eta bere kolkorako hasi da egunaren errepasoa egiten, gezur salaketa horrek sorturiko kaosa ordenatu nahian.
Gaur hiru aldiz atera da bulegotik, aldi bakoitzean makurtuago iritsi da. Komunean lo hartu du, atzo bulegoko mahai gainean... bere arrebak esnatu behar izan zuen. Eta botatzen duen kiratsa, zer?
Bere buruari egiten dio galde.
Gauetan leihoak zabalik egin behar dut-eta lo destilategi batean nagoela ez emateko! Eta zoratuta nagoela sinetsarazi nahi dit, lotsagabea!
Batzuetan ordea, laguntza eskatzen dio ni naizen bere subalternoari ikusten duena izendatzen lagun diezaiodan. Usnatzen trebatu naiz. Zerri trufari bat baino abilagoa naiz. Lau hankatan jartzeko gogoa sentitzen dut, alkohol urrinaren xerka.
Zuk ere ikusten al duzu nik ikusten dudana?
Ahalik eta laburren erantzuten diot.
Zuk usaindu duzu?
Bai.
Fruta ustel usaina zuen?
Bai.
Ikusi duzu aulkitik erortzen?
Bai.
Ikusi nauzu altxatzen laguntzen eta bera txiklezko hankak balitu bezala ezin zutituta?
Bai.
Notario txiki bat naiz, norbaitek egin beharreko lana da.
Sekulako aitzurrekin agertzen da edonon, etxean, lanean, harategian, okindegian, udaltzaingoan, autobus geltokian, plazan, komunitateko bileran.
Elkarrekin gauzak egiteari utzi diote. Aurretik ere ez ziren askorik irteten, baina asteburuetan itzuli bat egin eta pintxo batzuk jatea bezalako zerbait debekatua bilakatu da. Ama etxetik lanera joaten da, tartean erosketa, beste ezer ez, ez du ezustean berarekin topo egin nahi. Larunbat goizetan lan egiten dute. Aita karga-karga eginda etortzen da eguerdian. Besaulkian lo sakona egin eta gero, asteburua etxean ematen dute: amak ez duelako berarekin irten nahi eta aitak demostratu nahi diolako ez duela edaten. Tour de force horri esker, aitak edan gabe pasatuko du ia asteburu osoa. Arratsaldean landareak ureztatu, zimel daudenak lekuz aldatu eta amaren bihotzeko aldizkariak irakurriko ditu. Dutxa hartu eta gero biluzik ibiliko da etxetik zehar. Gustatu egiten zait horrela ikustea, esan nahi du ongi dagoela. Igandean, indarberriturik, goizean goiz itzuliko da bulegora astean zehar egin gabekoak eguneratzera. Igandea da edaten ez duen astegun bakarra. Bulegotik bueltan, emazte-alabak dituen gizon arruntarena jotzen itzuliko da etxera, egunkaria besapean, ogia, pastelak. Pastel horietako bat askotan “mozkor” bat da, bular formako bizkotxo alkoholean bustia, chantillyzko muinotxoaren erdian ginga gorri bat duena. Izozkiak jateko plastikozko koilaratxo bat jartzen diote erretiluan pastel horren hartzailearentzat, hain da sendotasunik gabea.
Mozkorra jango al duzu?
Tentatzen nau aldiro.
Nik baietz. Amaren begirada uki dezaket, baina igandea su-eten eguna denez, isildu egiten da. Oraindik ez zait pastel hori gustatzen, baina berak jan ez dezan hartzen dut.
Koilarakada bat ahora sartu orduko desegiten da eta barruan daraman alkoholak aho-sabaia kolpatzen dit bortizki, istant batez inguruan dagoen guztia irrigarri utzita.
Hau da orduan.
Pentsatzen dut neure kabutan.
Zenbat gustatzen zaion, begira.
Esaten dio amari, niri begira harro.
2019ko uztailaren 8a
Aita eta ama Benicassimera joan dira, beraien mekara. Aitak fede handia dio oraindik. Urteko igande luzeena da Benicassim. Han ez du apenas edan izan, jan eta ibili besterik ez, gurutzegramak egin eta udako lagunekin egon.
Geroz eta ugariagoak eta hobeak dira urte onak negozioan. Onaldi garaia da eta etxe asko eraikitzen ari dira nonahi. Herriko orubeak desagertzean horizontea bertikal bilakatu da: izenik ez duten baina gure eszenatoki izandako etxe arteko belardi, auzoko lokazti, lantoki ondoko zementu zatiak berrizendatu eta bizigarritzat jo dituzte, lehenago ez balira bezala, edo lehenago han bizi izan ginen haur, jonki eta bestelako bazter jendea izaki bizidunak ez bagina legez. Aurrerantzean, espazio absurdoen peskizan ibiliko dira udalak, promotoreak, kontratistak, bizigarritasun baimenak negozio berria bilakatu dira, gainazal eraikigarriak urre meategiak. Denek egin nahi dituzte etxeak, inori ez zaio ardura nor eta nola bizitzeko. Herriko aldirietara auzo bilakaturik iritsiko dira eztandaren hedatze uhinak. Eraikuntzaren sukarra familiaren negoziora ere iritsi da eta besteen etxeak inoiz baino garrantzitsuagoak izango dira haientzat. Azuleju fabrikatzaileek geroz eta opari handiagoak egiten dizkiete urte bukaeran: ardo eta laranja kaxekin batera, Dupont su-piztekoak, Montblanc bolalumak, urreztatutako giltzatakoak, gastu guztiak barne hartutako urrutira bidaiak. Miamira, Rio de Janeirora, Acapulcora joan dira aitona-amonak eta beltzaranduta itzuli neguaren erdian.
Miamin egon gara.
Dio, idazten den bezala, ingelesezko i-a ahoskatu gabe.
Amerikan.
Espanturik gabe aipatzen du azal koloreaz galdetzen diotenean, Gipuzkoako mugetatik apenas atera den norbaitentzat ohikoa balitz bezala. Itsas kurkuiluak ekartzen ditu bidaietatik, telebistaren gainean duen gantxillozko tapete batean jarriko dituenak. Haien etxera joaten naizenean, aspertuta osaba-izeben geletako tiraderak arakatzen ari naizela, ezustean harrapatzen nau amonak atzetik, kurkuilu handi bat eta gero beste bat ipiniz belarrietan itsasoa entzun dezadan.
Gure aurrean edateari utzi dionetik taberna urrunetara doa aita. Geroz eta goizago etxeratzen da, geroz eta mozkorrago.
Norekin egon zara?
Galdetu dio amak.
Aitak ez du erantzun. Batzuetan bi oinetakoak eranztea lortzen du, beste batzuetan zapatak jantzita gelditzen da lo.
Bere burua akabatzen ari da.
Esaten dit amak.
Esnatzen denean oraindik eguna bada alde egiten du, etxean ez baitago alkoholik. Ama arduratu da ezkutatuta zeukan guztia harraskatik behera botatzeaz.
Aurpegia eman dezala gutxienez.
Dio burua husten ari den botilatik urrunduta. Higuina dio alkohol usainari, urardoa ere ez du edaten dagoeneko. Absolutuki abstemioa da modu hiperboliko batean, asko erretzen du ordea.
Zuk ez edan inoiz.
Esaten dit.
Menopausiarekin batera edaten hasteko gogoa pizteak beldurtzen nau, emakume askori gertatzen zaio, ez nuke nahi niri gertatzerik.
Dio.
Eta nik ulertzen dut zer esan nahi duen, handitzean suizidatzeko gogoa izateak beldurtzen bainau ni.
Ez utzi gero! Eskuak lotu, beharrezkoa bada, ze lotsa!
Dio bere buruaren aukerekin izututa.
Tribunal popular ikusten ari naiz. Javier Narten hizkera fazatiak liluratuta nauka. Oraindik ez dakit aktore bat denik, ezta justizia dramatizatu daitekeenik ere.
Amak erretzeari uzten ez badio hil egingo da eta orduan ez da inor geldituko aitaren eta nire artean, ni bilakatuko naiz bere zaindari.
Astelehen batean aitak bizikleta estatiko bat erosi du, urdina eta zuria. Bertara igota galtza motzekin ikusteak txokatu egin nau, baina gustatu zait. Pedal hotsa entzuten dut etxeko lanak egiten ari naizen bitartean.
Ordubete.
Dio egongelara izerdituta etorri denean. Gero, gorila batek bezala kolpekatu du bularra ukabilekin.
Hemendik Tourrera.
Dio amak, pozik.
Nik aurrekaririk ezartzeko inolako asmorik ez duen eta tentuz aztertuz gero barre txiki bat irudi lezakeen keinua egin dut.
Hozkailua ireki eta garagardoak ikusi ditut.
Aitak eskatu dizkit.
Dio amak.
Ez omen dute apenas alkoholik.
Bizikleta saio bakoitzaren ostetik edaten du bat, trago bakarrean, gure aurrean zutik, gure aurrean egiteak bekatutik salbuetsiko balu bezala. Dutxatik irtetean beste bat edango du.
Oso txikiak dira.
Amaren aurrean azalpenak ematen entzun dut amak kargu hartu dionean.
Biharamun goizean bi botilatxo baino ez daude.
Pare bat asteren buruan amak garagardoa erosteari utzi dio. Aitak ekarriko ditu ogiarekin batera, okindegitik.
Handik hilabetera aitak garagardoa erosteari utzi dio.
Bizikleta ere isildu da.
Kalean edaten du. Etxera lo egitera baizik ez dator, berdin du zein ordutan irekitzen duen atea, goiz, arratsalde edo gau, beti dator lo egitera. Astean pare bat aldiz bazkaltzera ere bai. Amak bezperatik prest utzi duen bazkaria berotu gabe irensten du: gelatinatan bildutako albondigak, gantz geruza gorrizta baten azpian dauden garbantzuak, gogortutako makarroiak. Animalia bat ikusten dut aita dagoen lekuan, urdaila bete behar duen lau hankadun bat lapikoetatik zuzenean jaten, isatsa nabaritzen zaio txabusinaren azpitik. Higuina zabaltzen zait gorputz osotik, hainbeste bihotza bizkortu eta infartu batek jota hilko naizela uste baitut. Baina ez dut deus esaten ez egiten. Estoikotasunez, zerri baten alaba humanoa izateko konpromisoa berresten dut. Gurekin esertzen denean ematen duen irudia ez da hobea: plater gainean loak hartzen ez duenean, arrapastaka jaten du, plater inguruan papur asko utzita.
Arrantza egitera joaten hasi da, Oiartzun errekak Iztieta zeharkatzen duen tokiren batera. Kalean bizi den jendearekin egoten hasi dela esan dit amak.
Arloteak. Oraindik ez du arrain alerik ekarri, korrokoi bat ere ez.
Dio.
Ez dirudi ni bezain asaldaturik arloteak aipatu dituen arren.
Dagoeneko ez daki zer asmatu. Arrantza! Kale gorrian edaten jarraitzeko aitzakia.
Geroz eta sarriago joaten dira aitaren bila almazenera. Badago bat naufrago bat dirudiena. Beste bat, gnomo itxurakoa, koadrozko txabusinarekin ibiltzen dena beti. Bere diruaren bila.
Dio amak.
Batzuetan beraiekin joaten da. Beste batzuetan ateraino laguntzen ditu eta billete bat ematen ikusten dut.
Ikusi beharrekoak. Agian boteretxo bat duela sentituko du haiekin, dirua, etxea eta familia dauzkalako oraindik! Ikusten duzu zeinen ergela naizen! Zeinen ergela!
Iztietako tabernetan, orotariko arloteen konpainian egiten du alkoholiko bizitzaren parterik exhibizionistena. Afrika iparraldetik etorritako familiek ireki dituzten janari-denda, jostundegi, lokutorio eta halal harategien artean dauden, pintxorik ez duten, baina ozpin-pepino, tipulin eta olibak eskaintzen dituzten tabernak, horiek dira bere aterpea.
Batzuetan etxera iritsi eta lurrera erortzen da. Batzuetan lurrean botata dagoela jakin arren ez gara sofatik mugitzen.
Gauean, oihuak entzun ditut haien logelan eta korrika joan naiz. Aita da, leiho hegira igotzeko ahaleginetan. Amak, kamisoian, eutsi egiten dio. Indarka ari dira. Amak besotik tira dionean aita utzi egin da. Kazadora eta alkandora erantzi dizkio eta ohera sartu du.
Eta zu, segi ohera.
Dio amak ni han nagoela ohartuta.
Ezin dut lorik egin. Irten ez diren oihuek barrua infektatzen didate.
Goizean, aitak prestatu dizkit Cola Caoa eta laranja ura. Eguna oraindik ez da etorri eta ke-xurgagailuaren argia piztuta egin du, txintik atera gabe. Zarata handia ateraz utzi ditu katilua eta edalontzia mahaian, atentzioa eman nahian bezala, baina ez diot begiratu ere egin eta ohera itzuli da minduta dagoen jopua nola.
Arrats berean, pasa-pasa eginda etorri, amak kargu hartu diolako haserretu eta hautsontzi bat egongelako kristalezko mahaiaren kontra jo eta txiki-txiki eginda utzi du. Gero, ohera joan da.
Suizidatu zedin utzi behar nuen.
Dio amak.
Eta kontuz ezkardekin, ez zaitez oinutsik ibili.
Gauza bakoitzerako hitz zehatza erabiltzen du oraindik.
Ezkarda bat hartu eta hatz mamian ipini dut. Hari begira errepikatzen dut hitza, ezkarda, izendatzen ikasteak arriskutik kanpo mantenduko nauelakoan.
Garai honetan zorionak pedal hotsa izango du. Edaten duena kontrolatu nahian ari den egunetan bizikletara igoko da. Bulegoko lana bukatu eta gero, gauean, anai-arrebekin biltzen da, esku artean duten proiektuaz hitz egiteko: biltegia Oiartzunera eraman eta hartara Errenteriako dendaren tamaina bikoiztu. Aitak proposatu du. Diru parrastada bat eskatzen duen proiektu potoloa da, baina egin beharra dute atzean gelditu nahi ez badute, dio. Bileretara joan aurretik etxetik pasatzen da batzuetan, bizikletan ibiltzen da, dutxa hartzen du, perfumatu eta bilerara eraman beharreko paperak errepasatzen ditu. Beti dabil karpetekin atzera eta aurrera, eskriturak, bankuko kontuak, urteko balantzeak, berak sortutako pabiloi proiektuaren eta denda berriaren planoak... Txukun dagoenetan amari kontatzen dio buruan dabilkiona:
Dagoen eskaera zoroari erantzun behar diogu. Zaharkituta geldituko gara bestela, arriskua hartu beharra dago.
Amari egoki iruditzen zaio. Baina bera langile soil bat da, destajuan egiten duena lan, harro esaten dio entzun nahi duen orori, baita aitari ere:
Ni langile soil bat besterik ez naiz, niri ez galdetu.
Batzuetan mozkor-mozkor eginda joaten da bileretara. Hurrengo egunean nire izeba-osaba batekin topo eginez gero zealdoka iritsitako gizon haren luzapena den haragi puska baino ez naiz sentituko eta ukabil baten moduan itxiko naiz, azkazalekin min hartzeraino. Haiek ere lotsa-emangarriak zaizkit, haien etorkizuna zenbakiekin abila den mozkor baten esku uzteko bezain ezgauza eta menpeko baitira.
Aitak ukatzen jarraitzen du. Ama erotu egiten da.
Asmatu egin dudala esaten ari al zara? Gezurretan ari naizela diozu? Ez naiz ba mozkorra ni izango?
Dio amak, lehertzen denean.
Aitak irribarre harroputz bat dauka ahoan. Besaulkian eserita dago cowboy desafiatzailearena antzezten.
Bideokamera bat erosiko duela egiten dituen tontakeriak grabatzeko.
Mehatxu egin dio amak.
Ni begira-begira nago, isilik. “Ez didate negar eginaraziko, ez didate barre eginaraziko” da nire kontsigna. Indarra ematen dit isiltasunari eusteak. Aita loak garaituta dagoenean amak galdetuko dit:
Erotuta al nago?
Ez.
Handitzen ari den notario bat naiz, minuta kobratzen hasitakoa, sorbaldak zoldaz beteta dituen traje ilun bat daramana.
Egun horretan Bigarren Mundu Gerrari buruzko pelikula batek ematen dio bakea amari: armairu batean ezkutatuta daude ama-alabak naziengandik ihesi. Haurra negarrez ari da. Bota hotsa etxe barruan entzuten denean, isiltzeko, amak aurpegia estaltzen dio alabari bi eskuekin. Etxea miatzen ematen duten denbora eta jaioberria isilduta dagoen denboraren arteko tentsioan pipak zuritzeko abiadura azkartu du. Naziek etxetik alde egiten dutenean alaba hilda dago amaren besoetan. Nire benetako ama negarrez ari da. Biharamunean goiz jaiki behar duen arren, inoiz ez da beranduegi gas kamerei, kontzentrazio esparruei, nazien desmasiei begira egoteko, bere bizitzaren digestioa egiten laguntzen diotenez.
Erosi dute pabiloi handi bat Oiartzunen eta Errenterian zeuden hiru osabak hara joan dira lanera. Aldaketa honekin lantokia almazen izatetik denda izatera pasatuko da. Garai batez, ohiturak ez die utziko izendapen berria erabiltzen, eta elkarri zuzentzen arituko dira:
Ez da almazena, denda da.
U-aren bi adarrak bulegoak lotuko ditu oraindik, baina adar biak denda bilakatuko dira orain. Aita eta izeba aritu dira lanak koordinatzen herriko dekoratzaile batekin batera.
Aitak bizi-aseguru bat egin du. Amak esan dit Biteri kaletik goazela:
Zulora joango balitz 40 milioi jasoko genituzke.
Isiltasunari eutsi diot.
Ez pentsa hainbeste denik.
Dio.
Aldaketa handia ekarriko du dendaren handitzeak: biltegia desagertuta, aurrerantzean albaran baten bueltan laneko arropekin bulegora sartuko diren igeltsero eta iturginek lekuz kanpo emango dute bertan, hain dago dena txukun eta erakusgai. Antzinako dendako sarrera mantenduko da. Gainean, herriko artisau batek enkarguz egindako zeramikazko piezekin Maria Antonia Zapirain idatzita. Sartzean, zilindro erdi moduko bat dago, gorria. Zilindrotik, apalak irteten dira, eta bertan, eskuko xaboi-ontziak, dosifikagailuak, kotoientzako kutxak, hortz-eskuilak sartzeko poteak...
Inaugurazio egunean dotore janzteko eskatu dit amak, baina nik erdibide bat aukeratu dut, dotoreegi joatea baino gauza zabarragorik ez dagoela jakitun. Dagoeneko galdu dut mutiko gorputza, orain norantz ari den hazten ulertzen ez dudan gorputz batean bizi naiz, nire etsaiaren barruan. Ama ez dut inoiz makillatuta ikusi, beltzarantzeko hautsak ematen ditu soilik, Husky siberiar begiak nabarmentzen zaizkio horrela. Emakume apainegiak deitoratzen ditu, txotxolatzat dauzka, azkazal luze pintatuak daramatzatenak bereziki.
Lanik egiten ez dutelako eraman ditzakete, eta harro egongo dira gainera, ze txotxolak.
Dio. Arbeit macht frei.
Estiloa dut.
Dio.
Ez naiz ez polita ez argala, baina estiloa dut.
Elkarrekin egin dugu dendara artekoa. Puntu-puntuan iritsi gara, baina dagoeneko jende apur bat pilatuta dago erakusleihoetan.
Ez al dute beste zereginik?
Dio amak ahopeka.
Pintxo usainean denak.
Gure atzetik hasi da sartzen jendea.
Erakusleiho nagusian jacuzzi borobil bat dago. Filmetatik kanpo, oraindik halakorik ikusi gabeak gara gutako gehienak. Neurri ezberdinetako toalla atigratu bigun hanpatuak ditu inguruan, azuleju ilunak hormetan eta lurrean, brillanteen antzera distira egiten duten iturri, eskuila eta toalla-tokiak. Jendea liluratuta dago amak, izeba Lourdesek eta Maitek muntatu duten setarekin.
Jende txolinarentzat da hori, Arantxa.
Esan dio amak bere liluraren berri eman dion andre bati.
Edo:
Hori zer arraiotarako nahi duzu ba, Mertxe? Txoriburua izan behar da gero!
Hartu dio kargu amak, bainerarekin fantaseatzen entzunda. Ezin ditu besteen fantasiak jasan, ez bakarrik ezin lortuzkoak izateak lotsa-emangarri bilakatzen dituelako bere begietara, baizik eta ezin lortzeak fantasia-egileari ekarriko dion denbora-galtzea aurreztu nahi diolako. Nireak ere banaka-banaka suntsitu ditu ume-umetatik.
Ni behintzat goizean dutxa hartu eta pozik. Hau ez da guretzat, baina erakusleihoan zerbait erakargarria jarri behar da, badakizu nola den negozioa, Carmen.
Denda barruan, azken modako sukalde eta komun setak daude nonahi. Horrez gain, nahi beste azuleju, baldosa, konketa, ispilu, sukalde-gain, armairu eta beste daude, txukun-txukun ipinita. Catering enpresa batek banatuko ditu pintxoak eta edariak. Familia eta herriko jendeaz gain, igeltseroak, iturginak, etxe dekoratzaileak, arkitektoak, kontratistak eta Castellotik propio etorritako komertzialak.
Non dago nagusia?
Galdetzen diote trajez jantzitako zigilu-eraztundun lepape dardaratiko gizonek amari, bi muxu ematen dizkiotenean.
Oraintxe etorriko dela uste dut.
Dio amak.
Berehala bete da denda. Amona koktel baterako bezala agertu da jantzita, ohi duenez: orraztu berri, betaurreko handiak, urrezko bitxi ugari, gamelu ilezko beroki luzea, alkandora gerrirainoko gona estuaren barrutik, takoiak. Jendartean apur bat paseatu da, baina berehala aspertu da laudorioez eta etxera joan da. Atean aitarekin egin du topo. Begira nago. Ageri da mozkortuta iritsi dela, trabeska ikusten dudan arren badakit, hatz txikerra tentetzeko moduagatik. Makurtu eta lepoa luzatu du amonaren muxuaren bila. Amonak masailaren goialdea eskaini dio, belarria kasik, eta kolpe leun batzuk eman dizkio aitari bularrean aurrera segi aurretik.
Jendea aita zoriontzera hurbildu da, bizkarrekoak eman dizkiote, galdera teknikoak egin, xanpain kopak eskaini, baina bera fanen artean niganantz bidea zabaltzen duen rock izarra da. Nigana iritsitakoan muxu busti bat eman dit. Aurpegia izpi bat jiratu dut, berak bakarrik antzemateko beste. Nire arbuioak min ematea nahi dut, baina min pribatua behar du, bera eta nire artekoa. Jendea, dendaren inguruko lausenguren batekin hurbiltzen zaionean, aitak baietz egiten du buruaz, poliki, losintxaria zeharka begiratuta, esaten ari dena entzuteaz aspertuta dagoela adieraziz, bukatzeko azkar, ez dirudi ordea inork desairea kontuan hartzen dionik. Gero niri begiratu dit, eskuak larruzko kazadoraren patriketan, hatz txikerrak kanpoan, balantza ia ohartezinak egiten ditu aurrera eta atzera, egin beharrekoa egitera mugatu dela eta lausenguak berdin zaizkiola adierazi nahi didala uste dut, inportanteena hemen ni naizela, baina sobornaezina naiz, aldiro ignoratuko dut, hutsik egin gabe: bizkarra luzatu dut, sorbaldak atzerantz bota, lepoa arteztu, begirada erortzen utzi. Duintasuna zer den erakutsiko diot.
Niri ere hurbiltzen zait jendea zoriontzera, hitz labur batekin edo keinu txiki batekin erantzuten diet, erotuta nagoela ez pentsatzeko ordainsaririk merkeenarekin alegia.
Urrutian, ama ikusten dut komun set batean igeltsero batekin eta bere emaztearekin. Gizona komunean eserita dago, izkina batean dagoen aldizkaritegitik hartuko zuen Hola gainetik irakurtzen, bi andreak bere kokote gainetik berriketan ari diren bitartean.
Norbaitek eraman dezala hemendik.
Egin dut oihu barrurantz.
Sukalde set batean gaude gu. La cocina de Karlos Arguiñano eta errezeta begetarianoak biltzen dituzten liburuak daude enzimera gainean ustekabez bezala utziak; frutaontzian, imitaziozko laranjak eta sagarrak. Catering enpresako mutil bat hurbildu zaigu xanpain kopaz beteriko azpil batekin. Aitak ezetz egin dio buruaz eta alde egiteko keinua ondoren eskuaz.
Aitak nire ondoan jarraitu du txorimalo baten antzera, benetako komunera ihes egin dudan arte.
Komunera noa.
Ez naiz ezer esan gabe alde egiteko bezain gupidagabea oraindik, baina ikasten ari naiz. Komunetik irteterako beste norbaitek bete du nire hutsunea. Itolarria daukat. Ama hurbildu zait.
A ze biajea daukan.
Dio hortz artean.
Bera ere zigortzen dut halako gizona aukeratu izanagatik ugaltzeko.
Komertzial bat inguratu zaigu, bi muxu eman dizkio amari.
Zorionak, jefa!
Jefa? Ezta batere!, langilea.
Dio amak.
Ze guapa zauden!
Esan dio gorputza erretiratu duenean.
Ez nago guapa, guapa naiz, baina batez ere estiloa daukat, zer uste duzu ba.
Komertzialak sudurrean atximurka egin dit.
Pozik, ezta?
Ez duzu bat parean jotzen.
Pentsatu dut.
Handik irten naiz, bi-hiru urte zaharrago naiz. Igerilekura noa. Ilun dago. Denda parean eliza brutalista marroi bat. Atarian azken jonkiak biltzen dira, kale kantoietan poliziak. Haien aldamenetik pasatzean identifikatzeko eskatu dit batek. Artilezko txanoa darama kaskoaren azpitik. Aho bat eta bi begi, hirurak niri begira.
Zer daramazu poltsan?
Galdetu dit.
Igerilekurako trasteak.
Erantzun diot.
Zabaldu.
Kontesturik gabeko bere ahoaren sorginkeriapean ireki dut.
Atera dena.
Bost, zenbatu dut mentalki, poltsa egiten edo desegiten dudan bakoitzean ezer ez ahazteko egiten dudan moduan, eta desio zitzakeen koktelen partez toalla, bat, bainujantzia, bi, txanoa, hiru, betaurrekoak, lau, eta txankletak, bost, ateratzeak ustez sortu dien desengainua nire egiten dut, nahi ez badut ere.
Urtetik urtera haien begiradapean zizelkatuko naiz, haien susmoek itxuratzen lagunduko didate, arriskutsua izan naitekeela sinetsiko dut, miaketetan aurkituko dut neure burua, identifikazio eskari bakoitzean sentituko dut nor naizen jakiteko beharra.
Bat-batean absurdoa bilakatu da harlauza urdinei begira hainbeste denbora ematea.
Bizikleta estatiko hotsa guztiz desagertu bitartean onaldi geroz eta laburragoak izango ditu: behin, ostiral batez, lagunekin plazan nagoela, bertan agertuko da, txispatuta. Urrunetik deituko dit, nire mundutik autoerbesteratua. Egunean bertan Parisera trenez joateko lau txartel ditu eskuetan. Lagunei esan diet:
Banoa Parisera, agur.
Ez dakit zer pentsatzen duten nitaz, ez nire aita klandestinoaz.
Ostiraletik igandera arteko plana da. Ohedun bagoi batean goaz. Elkarrengandik gertuegi gaude eta ez zait gustatzen, usaindu egin dezaket eta. Ama saiatu den arren, ezin dira leihoak zabaldu.
Jendea ez suizidatzeko.
Dio.
Barrurantz hitz egin duela iruditu zait. Hitz hori aipatzean begietan kolpatuko zaizkidala uste duen irudiak xamurtuko dituelakoan horrela. Edo bere buruan baizik existitzen ez den nire suizidio saiakera gogoratzea ebitatu nahi du agian.
Parisko lurra zapaldu bezain pronto ama liluratuta ageri da eraikinekin, okindegiekin, jendearen janzkerarekin.
Dena da polita.
Dio kalearen erdian geldirik.
Higuina ematen dit zeinen erraz saldu den ikusteak.
Dendetako erakusleihoak, okindegien usaina, bukinistak, Senako bateaux mouches-ak, Versaillesko jauregiko lanparak eta lorategiak, break dantzariak, beltzen janzkera, zurien diru usaina ospatzen ditu haur txiki batek nola. Marché aux puces-etako jantzi eta objektu militarrak laztantzen ditu bizirik baleude bezala: kaskoak, balak, jakak, motxilak, kantinplorak, botak.
Hau jantzi zutenek naziren bat akabatu zuten jakin nahi nuke.
Dio.
Zerriak. Zerri nazkagarriak.
Dio.
Aitak garagardoa edanez eusten dio asteburuari. Poza ematen dio ama pozik ikusteak, baina berak ezin du poza sentitu, ez da gai. Behin eta berriz geratzen gara mahai nanodun terrazatan egarria argudiatuta. Gu ere zerbait hartzera behartzen gaitu ia, oso garesti den arren, bere egarria guztion egarria dela irudikatu nahian.
Pozik zaude?
Galdetu dit behin eta berriz. Baina ni ez naiz hain merkea eta, Parisek sortu didan lilura begietan nabari ez dakidan, haiengandik metro batzuk aparte ibiliko naiz. Ez naiz fio, ez aitaz, ez amaz.
Geldialdia egiten dugun jatetxe eta taberna guztietan ama komunera joaten da. Azuleju kontuetan bertan eramaten dena ikusi nahi du, baina zapuztuta dator, zaharkituak ez daudenak soilegiak direlako, eta kirasdunak gehienak.
Letrina bat.
Dio zigarro bat piztuz.
Gehiegi erretzen duzu.
Esaten dio aitak.
Bizpahiru aldiz joango gara Parisera, ezustean beti. Han ikusitakoek onaldietako elkarrizketak elikatzen dituzte modu sinesgaitzean, haien burua hara itzularazteak dauden tokitik aterako balitu bezala: “Champs-Élyséeseko erakusleihoak bezala”, “L’Hippopotamuseko patatak bezala”, “Place d’Italieko zerbitzari hura bezala” diote egoera txepelenetan.
Gogoratzen?
Esaten didate.
Eta nik ezetz diot. Ez gogoratzeko ahalegina egiten dut, ez naiz nagoen tokitik ihes egiteko bezain koldarra.
Londresera ere joango gara. Hegazkin batera igotzen naizen lehen aldia da, ama ere bai. Aita mugituta igo da hegazkinera, baina amak ez du zigortu, alderantziz baizik, Londresera joateak sortzen dion zirrarak bere eginkizuna konplitzetik apartatu du, nire begietara utzikeria, menpekotasuna eta arintasun eskandaluzkoa erakutsiz. Ententean arrakalak sortzen hasi dira. Doble mututu beharra sentitzen dut orain, beragatik eta nigatik.
Trafalgar Squarera iritsi arte aitak ez du bakerik izan. Urte erdi eman zuen Londresen gaztetan, kontabilitatea eta ingelesa ikasten. Kanpaidun galtzak eta ile luzea zeramatzala dio.
Honainokoa.
Dio, sorbalden parean jarrita eskua.
Plaza hori du gogoan, noizbait gu gabe zoriontsu izan zeneko eszenatokia erakutsi nahi digu, haren oroitzapena parteka dezagun, ama irrikatsu dago. Autobus gidariarekin ingeles negargarrian entzuten dut hizketan. Azkenean, hatzekin esan behar izan dio zenbat txartel nahi dituen eta mapan seinalatu nora joan nahi dugun.
Speakers’ Corner da hurrengo geltokia. Askatasunaren ikur gisa saldu digu:
Bakoitzak nahi duena esan dezake hemen, ez dago galarazita dagoen ezer.
Emakume bat ari da hizketan, ozen; lauzpabost entzule ditu inguruan.
Begira gelditu gara. Bere berbarotik zerbait ulertzen hasi naizenean, aitak esan du:
A zer eroa, goazen.
Gero kakahuete pakete bana erosi digu amari eta bioi parkeko urtxintxei jaten eman diezaiegun.
Londresen ere jatetxe, taberna eta hoteleko azulejuak behatzen dituzte, ezezagunak zaizkie guztiak. Haiek saltzen dituztenak baino askoz kalitate kaxkarragokoak direla ebazten dute aho batez.
Begiradarekin pitzatzen dira.
Dio amak.
Pub batean gaude. Mozkorra ikustera ohituta nagoen arren aspaldi da edaten ikusten ez dudana. Garagardoak gorputzean egiten dion efektu lasaigarria nabarmena da. Beldurra desagertzen zaio begietatik une batez. Bestela ere erraldoia den arren, alkoholak puztuta dago. Ezkon-eraztuna txiki dauka eta hurrengo garagardoa ekarri bitartean jiratu egiten du, torloju bat askatzen ariko balitz bezala.
Hiriko estimulu gehiegizkoek ezin kontrolatuzkoak bilakatzen dituzte nire emozioak eta lan handia eta gogorra egin behar dut inork ez dezan nabaritu ni ere gozatzen ari naizela.
Hau zoragarrikeria bat da, zoragarrikeria bat.
Dio aitak.
Hanpatuki hitz egiten hasia da, bereak ez diren hitz ahalik eta luzeenekin, inork baino hobeto ezagutzen dudanez ez dagozkiola badakidan hitzekin, ez dakit nor, baina norbait imitatuz, agian ideia bat, izan nahiko lukeen gizona akaso, geroz eta arroztuago dago ordea bere hitzetatik eta baita agian izan nahiko lukeen gizon horrengandik ere.
Beridikoa esango du egia egokiagoa litzatekeen tokian, ibilgailua kotxe partez, intsipidoa esango du gatzgabea esateko eta seriez kanpokoa oso ona adierazteko.
Telefonoz geroz eta xelebreago hitz egiten du, tarte handiegia utziz hitzen artean, larritasun handiegiarekin. Erregistroa behar lukeena baino izpi bat jasoago da, solaskidea arrotza bailitzan eta egoera ere bai.
Jabetzan-dudan-ibilgailu-baten-azterketa-teknikoa-egiteko-hitzordua-hartzeko-da-egiten-ari-natzaizun-telefono-dei-honen-helburua.
Erantzungailu batekin ari denean esaldiak errepikatzen ditu, aireportuetako bozgorailuetan bezala.
Dei-iezadazu-istantean, arren; dei-iezadazu-istantean.
Maiz, kontatzen duena izen-abizenak dituen eta normalean ezagutzen ez dugun gizonezkoren batek berretsita dator, zeina beti den bere arloan kargu gorena: “Miguel Mari Petrikorenak esan dit, Oarsoaldeko garraiolarien elkarteko ordezkariak”, “Jose Angel Urbietak agindu dit, Euskadiko igogailu fabrikatzaileen presidenteak”.
Hondamendiak hizketan jarraitzen du.
Gutxi jaten du, inoiz ez da gose. Baina balkoian dituen landareak zaintzen ditu eta hauek hazten jarraitzen dute.
Galtza bustitzen hasi da. Orban bat, komunera joan aurretik.
Begira zer itxura daramazun, faborez.
Zigortzen du amak.
Gero tanta bat baino gehiago izango dira, pixa egingo du gainean, eta kazadora edo jertsea gerrian lotuta egingo du etxerainoko bidea, balantzaka, galtzak aldatu eta bere festa pribatura txukun-txukun itzultzeko.
Amak hatzak pintzan jarrita sartuko ditu galtzak garbigailuan. Beti daude etxe osoko leihoak zabalik, uda zein negu.
Ez dago frenatzeko modurik. Amak xanpain botilak aurkitu ditu bulegoko aitaren mahai azpiko a-z karpeta handietan. Biharamunean, goizeko bederatzietarako, bat falta da.
Orain xanpainarekin gosaltzen du, ezta Hollywoodeko izar bat balitz ere!
Dio.
Aitak dio bera ez dela izan, ez dakiela nork jarri dituen hor.
Ergela naizela uste al duzu? Daramazun zepelina nik asmatu dudala sinestea nahi al duzu?
Dio amak.
Aitak mingaina klaskatu du. Segundo bat geroago lo dago besaulkian, zurrungaka.
Amak galdetu dit:
Erotuta al nago? Esadazu arren nik ikusten dudan gauza bera ikusten duzula!
Hilabeteak daramatzat hausnarrean, eta zornea bezala atera zait esaldia:
Dibortziatzea nahi dut.
Ja!
Dio amak.
Ja, ja eta ja! Eta zer uste duzu, nik ezetz? Zu bai bizkorra!
Nire isiltasun botoak ez dit uzten ez elkarrizketak mantentzen ezta sustatzen ere eta azalpen luzeago baten zain gelditu naiz.
Egun batean kalera irten eta aita plazan aurkitu nahi duzu lotan, kartoi kaxa baten gainean bere lagun berriekin? Zubipe batean eskean? Hori nahi duzu? Uste duzu hori nahi dudala zuretzako?
Orduan nigatik da.
Barrundatu dut.
Istantean ama ere lo dago sofan. Hautsontzia zigarrokinez beteta dago, tente uzten ditu, erupzio bati biziraun dioten zuhaitz enborrak dirudite.
Isilik jarraitzen dut. Liburuak dira leuntzen nauen erreka. Hitzaren zain nago, hitz zehatza, ezkarda ateratzen lagunduko duena. Batzuetan lortzen dut. Mina joan egiten da, baina oroitzapena gelditzen da, arrangura.
Sukaldera etorri da aita, igandez jantzita arrantzara joateko. Beita atera du hozkailutik. Kartoizko kaxa batean dago. Nire aurrean zabaldu du, asaldatu egin nahi nau zizareak erakutsita, baina ez du lortu nire mukertasuna haustea.
Inoiz amu bat haragitan iltzatuz gero zer egin esaten dit.
Ez da inoiz atzeraka egin behar.
Dio.
Agian bide motzena irudituko zaizu, baina ez, amuaren kakoak haragia zartatuko lizukeelako.
Dio.
Bide luzeena hautatu behar da, amuari itzuli osoa eman, eta orduan bai, atera.
Londresera bidali naute, hilabete. Amak, bera bezalakoa izan ez nadin, ingelesa ikastea nahi du. Ez dakit joan nahi dudan, baina hemen ez egoteko modu bat da. Hamabost urte ditut.
Laurogei urteren bueltan dauden bi ahizparen etxean nago, aldirietan. Orain arte ez dut inoiz terik edan, baina hemen ez dago besterik. Gainazalean mintz ilun bat ateratzen zaio, ez baitituzte ez teontzia ez katiluak xaboiarekin garbitzen. Ez dut ulertzen esaten dutena eta haiek ez dute ulertzen esan nahi dudana. Goizez ingeles klaseak hartzen ditut. Arratsaldean bertan ezagututako jendearekin joaten naiz erdigunera. The Rocky Horror Picture Show ikusi dut. Madnessen kontzertu batean izan naiz. Baina ez dut lortzen inguruan ditudanek bezainbeste gozatzea.
Gauean, etxera bueltan, banku batera sartu naiz kutxazainean dirua ateratzera. Ez naiz ohartzen barruan gizon bat etzanda dagoenik. Jiratzen naizenean ate parean dago hankak eta besoak zabalik. Gizon handi eta lodi bat da, gaztea, beltza, txikiegi daukan elastikoak sabela bistan uzten dio. Gainera etorri zait. Besoetatik heldu nau, konbikzio gehiegirik gabe. Indarka aritu gara eta itzuri egitea lortu dut, baina bere azkazalen marka eraman dut besoetan. Autobusean, bakarrik, nire gorputza haztatu behar dut hor dagoena ni naizela sentitzeko.
Londresetik itzultzen naizen egunean, etxeko leihora begira nagoela, ulertzen ez dudan zerbait gertatzen zait gorputzean: oskol horren barruan dagoena ez naiz ni. Eskuak begiratzen ditut, aurpegia ukitzen dut, begiak barrurantz bultzatzen ditut. Ni naizela ebazten dut, baina dagoeneko ni ez naizela ni, beraz esaldiak ez duela zentzurik. Ez dut esaten dudana ulertzen. Ahal dudan moduan iritsi naiz etxe atarira. Amari interfonotik esan diot ez nagoela ongi.
Drogak hartu dituzu?
Dio ni ikusi bezain pronto.
Anbulatorioan, Valium injekzio bat jarri didate. Poliki-poliki nire azala eta nire mamiaren arteko bi piezatako puzzlea ahokatzen joaten da, klik egin arte.
Ama ni baino izutuago dago.
Hitzak jarri nahi dizkio gertatzen zaidanari eta behin baino gehiagotan harrapatuko dut komuneko ate atzean botaka egiten ote dudan entzun nahian, komunera sartzen zipriztin bila. Inor ez da inorekin fio, familia-gaixotasun bat da.
Disonantziak urtebete iraungo dit. Nire gorputzaren gaineko kontrola galdu dut eta berreskuratzen dudan apurretan askatu egiten dut, beldurtuta. Ez dut errekonozitzen nire barruan bizi dena. Klasean ezin dut idatzi, barrutik datorren zerbait nire eskuetatik ateratzea deabrukeria iruditzen zait. Boligrafoa paper gainean ipini orduko hasten zait dardara. Erotu egin naizela uste dut.
Eskolan entzule gisa egotea onartzen dute, azterketak egitetik salbuetsi naute, mozkor batek bezala idazten dut.
Ezer ez da behin bakarrik gertatzen.
Kronifikatuta dudan otitisa kontrolatzeko ikusten dudan medikuari kontatzera ausartu naiz.
Gutxien espero dudanean, maketa baten barruan ikusten dut neure burua, nagoen kale, etxe edo tabernan harrapatuta, okume eta harri-kartoizko objektuz eta giñolez inguratuta.
Diot.
Eta nola ikusten duzu zure burua maketa horretan?
Galdetu dit belarri barrua arakatzen didan bitartean.
Uste dut ez nagoela maketan. Goitik ikusten ditut.
Jainkoa zara orduan?
Jainkoa eta bere obraren parte aldi berean.
Irribarre egin du eta errealitatearen hiperkontzientzia dudala esan dit, ez dela larria.
Dena gezurra dela esan nahi diot, antzezpen batean gaudela badakidala, badakidala berak ere badakiela, baina ez diot esaten, badakidalako bere senean daudenen arteko paktua puskatzea litzatekeela.
Borroka baten erdian esnatu naiz, gurasoen etxean. Barruan daukat, atera nahi du, gogor eusten diot koltxoiari, saltoka nauka ohean, oihu egin ezinda, mingainetik barrurantz tiraka ari zait. Arnasestuka, izerdi patsetan, mintzak eta kartilagoak entzuten ditut zartatzen, sabelean hasi den zarata likatsu bat, sastadak hasieran, kolpeak ondoren, bidea irekitzen, gogortasunagatik ukondoak izan daitezkeen zerbaitekin bultzaka atera nahi du, kosta ahala kosta, sabela zartatu nahi dit eta nik ez diot utzi nahi, baina bera prest dago ni bitan partitzeko. Egunsentira arte eutsi diot. Gero amore eman dut, nekearen aurrean plegatuta. Bera ere lasaitu da. Ile, kedar, azkazal eta errautsezkoa izan daitekeen filamentuzko hodei beltz bat daukat sabelaren gainean, ilun-iluna eta metal usainekoa. Nire gainean orbitatzen du. Zikinkeria da, baina hain ongi ordenatuta ederra dela. Ukitzen ahalegintzen naizenean bere baitara biltzen da. Blai eginda nago. Argia piztu dut, zoko guztiak miatu ditut. Bakarrik nago logelan. Beso eta eskumuturretan ubeldurak dauzkat eta harramazkak bizkarrean. Barrurantz erditu naizela uste dut.
Amak katekesia ematen duen andre bat ezagutzen du dendatik, etxez etxe dabilena erlaxatze teknika bat erakusten “depresioak eta gauza horiek” dituzten pertsonekin.
Lourdesera joaten da mirari eske.
Dio.
Atzamar punta lokian jiratzen du.
Baina ez da tipa txarra, santujalea izanagatik.
Hain nago desesperatuta onartu egin dudala. Arratsaldez dator etxera, bakarrik gaude sofan. Begi urdineko andre edadetu bat da, arropa koloretsuekin jantzita. Aldamenean eseri zait eta aurpegia ukitzeko baimena eskatu dit. Ez dut nahi, baina baietz esan diot. Masailetan jarri dizkit eskuak eta negar egin dut aspaldiko partez. Begiak ixteko agindu dit, baina ezin dut, beldur handiegia ematen dit, atezuan egoteko beharra dut zer gerta ere. Begiak zabalik egitea adosten dugu. Arnasa nola hartu esaten dit, baina minutu baten buruan gelditzeko eskatzen diot, ez dut jasaten nire arnasa entzutea, izan ere ez baitakit benetan nirea den. Poseituta nago, baina ez dakit nork.
Egunero-egunero dator, eltzekari usaina soinean eta baratxuriarena eskuetan, moja baten sinesmenarekin.
Datorren astean ezingo dut etorri, Lourdesera joan beharra daukat.
Dio eztiegia zaidan ahotsarekin.
Bueltan, kordel urdin batetik zintzilikatutako amabirjinaren irudia oparitu dit. Bularren artean gurutzatu ditu bi eskuak poliki.
Zer ikusi duen galdetu diot. Umetan gelako batek kontatu zidan bezala, zerri hankak eta eskuak dituzten familiak, bihotza eta urdaila konpartitzen duten siamesak, betazalik gabeko haurrak ikusi dituela esatea nahi nuke.
Maitasuna.
Dio.
Maitasun handia.
Alde ilunetik hain urrun egoteak mesfidantza eragiten dit. Lotsa ematen dit bere eskuetan egoteak, baina ez dut ezer hoberik.
Batzuetan burua usaintzen didala uste dut. Horrela hasten ditu saioak.
Sofan eserita egotea kosta egiten zait, ez dut lortzen nire barruan geldirik egotea. Andreak azalarekin arnasa hartzen erakutsi nahi dit eta egunen batean lortuko dudala agintzen. Buru-azalarekin hasten da, betazalekin gero, belarriak, lepoa... oin puntetaraino. Bere fedeari lotzen natzaio, nik ez baitaukat nirerik.
Egun batean etorri egin da, aurpegia ukitzearekin bat. Lortu dut. Gorputz honetan bizi naiteke berriro ere, ni bakarrik arnasa hartzen, momentuz bada ere.
Nobio bat daukat. Alaia eta guapoa, baina ez nau desio. Manifestazioa amaitzean taberna batean gorde gara. Istiluek gure arteko emozioak biziagotzen dituzte, aldatu egiten gaituzte, falta zaigun pindarra dira. Musika kendu dute. Pertsianak erdiraino jaitsi dituzte. Zigarro bat erre dugu erdi bana. Sirenen urdinak maiteminduta sentiarazten nau, ez dago urdin ederragorik sirena argi hori iluntzean baino. Atzeko atetik irten dugu lerroan. Kale ertzetik joan gara, euria ari balu bezala; aurrera begira, irmo baina ez erruduna bezain zurrun, hortik azkar ateratzeko bezain bizi, baina ihesi ez goazela emateko bezain geldo.
Lekuona okindegiaren parean, Poliziaren furgoneta bat trabeska, jende multzo bat ilargi erdia osatuz: erdian, gorputz bat sutan, espasmoka, kasko gorri bat du aldamenean, urtzen ari dena. Sirena hotsak entzun orduko korrika irten eta irekita utzi duten taberna bakarrean sartu gara. Telebista piztuta dago, bolumenik gabe. Albistegietan Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak Hondarribira iritsi direneko irudiak ematen ari dira. Bi hileta-auto, jendearen oihuak, polizien borrakadak, gizonezko bat zebra-bidean botata. Odolean senti ditzaket biolentziaren pozoia eta antidotoa.
Etxera iristean aita besaulkian aurkitu dut. Odol pixka bat dauka kopetan, begia urdinduta, eta galtzak urratuta belaunen parean. Trapuan bildutako izotzen azpitik hitz egin dit, gora begira.
Putakume horiek eman didaten jipoia.
Ertzainek jo egin omen dute.
Dio amak.
Omen ez, jo egin naute. Putakumeak. Faxistak. Kare bizitan lurperatuko ahal dituzte!
Dio.
Gezurra dela badakidan arren, gustatu egiten zait, segundo batez, aitarena Poliziaren errua dela sinestea. Segundo batez, gustatu egiten zait aita manifestazio batean irudikatzea, Poliziari oihuka, bortxa bere burua ez den beste edonoren kontra erabiltzen.
Beste nobio bat daukat. Ergela baina guapoa. Etxean aurkeztu dut, bertan egiten dugu lo asteburu batzuetan, bera Azkainen bizi da aitarekin. Aita alkoholikoa du berak ere, baina ez nirea bezainbeste, ezta urrunetik ere. Ama loriatan da nire nobioarekin, errubioa, begi urdina eta garaia izateaz gain, frantsesez ere egiten duelako, eta hori atzerritarra izatea bezalakoa da bere begietara. Berari zuzentzen zaionean esaldiak errepikatzen ditu, sintagma zatitzen du, erakuslea aurrera pasatzen:
Probatu al duzu inoiz hau? Probatu, hau. Hau probatu al duzu inoiz?
Dio, berak egindako kroketa bat eskainiz.
Nobioak gaztelania perfektuan erantzun dio Donostiako zein tabernatakoak diren gehien gustatzen zaizkion kroketak.
Nik baino bost urte gehiago ditu. Quiksilverreko almazenean lan egiteaz gain dantza garaikidea egiten du. Seko maiteminduta nauka, nahiz eta oso baldarra eta dekadentea sentitzen naizen bera den izaki lerden eta segailaren ondoan, edo agian horregatik. Umiliazio txikiak eragiten dizkit, bigundu egin naizelako, jantzi bat gaizki gelditzen zaidalako edota dantzatzen dudan moduagatik, baina berdin zaidala uste dut, bera baino azkarragoa bainaiz, umiliazio hitzean hesitu dezakedalako erasoa, izendatuz gero, gauzak beste zerbait izatera pasatzen direlako, ez beti hobea den zerbait. Maitasunari ez diot askorik eskatzen, gizonekiko mesfidantzan hezi bainaute, lerdoa izan behar da gero arrautza guztiak hor ipintzeko. Astean zehar, tarteka, unibertsitateko autobusean ezagutu dudan tipo batekin ere gelditzen naiz. Irakurketak eta filmak trukatzen ditugu kromo partida batean nola: Gioconda Belli, Julio Cortazar, Marguerite Duras, Joxe Azurmendi, Brendan Behan, Gilles Perrault, À bout de souffle, Viaggio in Italia, Dracula, Malcolm X, Do the Right Thing. Izenburuen bidez hitz egiten dugu bestela hitz egiten jakingo ez genukeen gauzez, gainontzekoek sarbidea ez duten mundu bat sortuz; besteen sorkuntzen bidez edertzen eta zabaltzen gara, haiek estimatzeko gai izateak hobetuko bagintu legez. Ezagutzen dudan lehen pertsona da hitzekiko nik adinako lilura sentitzen duena. Berarekin ez nago bakarrik.
Izan zaitezke etakoa eta begetarianoa aldi berean?
Diot.
Galdera da: izan zintezke etakoa begetarianoa izan gabe?
Dio.
Benetan axola ez zaizkigun eztabaidetan korapilatzen gara benetan axola balitzaizkigu bezala, larrutan ariko bagina, gainean edo azpian jartzeko borrokan ari garela sublimatuz.
Elkar probatzen dugu, gero eta ausardia handiagoarekin. Bera irakasle lanetan hasi berria da Kazetaritza fakultatean eta indarkeriaren monopolioaren inguruko tesia idatzi nahi du. Ez naiz guztiz fio bere azalaz, ezta bere iritzien zintzotasunaz ere, baina bitartean probetxua ateratzen diot. Inoiz ez nau inork hainbeste desio izan. Beldurra ematen dit zenbat desio nauen, zoro batek bezala, eta, oharkabean, beragan daukadan eraginaren menpeko bilakatu naiz.
The Black Crowes-en kontzertura joan nahi du. Nire nobioarekin eta nirekin etortzeko proposamena egin diot, neuk sarrerak erosita ditut jadanik. Nobioa eta bera elkarren ondoan ikusiko ditudan lehen eta azken aldia da. Azkainetik abiatu gara Pandan eta Irunen jaso dugu. Nire nobioak bostekoa luzatu dio leihotik, klasea dauka.
Irakaslea?
Dio burlarekin.
Besteak dorpe erantzun dio, ezagun da ez dagoela eroso.
Atzeko eserlekuan jarri da, hankak estututa. Erretrobisoretik begiratzen diot, berak niri ez, liburu bat atera du makutotik. Nire nobioak ez du inoiz libururik irakurri. Besoa luzatu dut atzerantz, liburua uzteko eskatu diot. Isaiah Berlinek idatzitakoa da: “Azeriak gauza ugari dakizki, trikuak ordea bakarra eta garrantzitsua”. Bera zer den galdetu diot, azeria edo trikua. Astoa dela erantzun dit erretrobisoreari begira. Egina: bion arteko begirada zirkuitu pribatua martxan jarri dut. Nire nobioa ohartu egin da.
Errenterian geldialdi txiki bat egin behar dut, gurasoen etxean ahaztu ditudan sarrerak jasotzeko. Atarian aparkatu dut. Hirurak atera gara kotxetik. Besarkada teatral bat eman diogu elkarri irakasleak eta biok. Bere zakila sentitu arte ez dut bakerik. Bitartean, nobio segailak motots batean bildu du sorbaldetarainoko ile luze horia eta, zigarro muturra ezpainetatik zintzilik, luzamenduak egiten hasi da autoaren aldamenean: besoak, zangoak, gerria, lepoa... Bere edertasun lazgarria bestea kikiltzeko darabilela ezagun da. Jainko nartzisista bat da, hegaletako lumak kedarreztatuta dituen aingeru lumpentar bat, emakume aurpegia eta zaldi gorputza duen izaki mitologiko bat, eta nirekin egiten du lo. Bestea kapotaren gainean eseri da liburua irakurtzera. Berehala natorrela esan diet, biak bakarrik uzteak sortzen didan plazer sadikoak aztoratuta. Igotzen dudan eskailera bakoitzeko nire barruan eskailera bat jaisten dut. Giltzarekin zabaldu dut. Egongelan daude. Atearen orpoan gelditu naiz. Ama txabusina jarrita dago, iristen naizenean atondu egiten du barruko arropa ikus ez dakion.
Zein altu dagoen telebista.
Diot.
Zurrungekin bestela ez da entzuten.
Dio.
Aita besaulkian dago zerraldo, begi bat ireki du nire ahotsa entzun duenean, begiratu nau, ez nau ikusi, zurrungaka jarraitu du.
Ez dakizu zer legatz ekarri duen gaur, Guinnesserako modukoa.
Ya.
Gogortu egin naiz, itsustu, nire baitara bildu matrioxka infinitu bat bezala, gainazalera atzera irtetea zaila izango dela badakit.
Nora zoaz?
Kontzertu batera. Astelehenean itzuliko naiz. Sarreren bila etorri naiz.
Bainuan begiak pintatzen ari naizela txirrina entzun dut. Gero, ama korridorea zeharkatzen urrats astun biluziekin, atea zabaltzen.
Hau sorpresa, aspaldikoa.
Esan du.
Kaixo esatera etorri gara.
Bestea ere han da, senti dezaket. Leihotik behera egin nahi dut salto. Zainak ebaki nahi ditut. Botikina irentsi nahi dut. Eta aldiz: lurrin laino bat botatzen dut airera eta pietatea itxuratu dut lainoa azalera itsatsi arte.
Zuk ere nahi al duzu kafea?
Esan dit amak oihuka.
Ez, bagoaz.
Korridorea zeharkatu dut egongelan aurkituko dudanaren beldur. Sofan eserita daude bi mutilak, amaren aldea libre utzita. Zutik gelditu naiz, nire bortxaketari begira. Apaletan dauden senegaldarren tinbalak bakarrik hasi dira joka, latigoa airea zartatzen hasi da, maskarak barrez ari dira, nire haurtzarotik hona barran kukututa egon den txaleko eta begiztadun zerbitzari banpiroa atera da whiskia eta izotzak metalezko erretilu batean, letaginak izerditan.
Ongi etorri Horroreen Museora.
Esan du.
Azukrea nahi duzue?
Egin du garrasi amak sukaldetik. Aitak begi bat jiratu du sofarantz. Bi mutilei begira gelditu da ikusi arte. Besaulkian agondu da.
Oraindik mozkorra dago. Nobioak burlaizez begiratu dio irakasleari. Dibertitzen ari da nire debaluazioarekin. Lan askorekin altxatu da aita sofatik. Beraien parean jarri da eta bostekoa luzatu die. Gero, bien artean sofan leku bat egiteko adierazi du eskuekin. Oso bakanetan ikusi dut aita sofa handian eserita. Groteskoa da. Bertan gelditu da ama eta biok zutik gauden bitartean, beheko ezpainarekin goiko ezpaina estaliz, telebistari begira ikusi gabe.
Etxeko eskailerak jaisteak ez nau osatu.
Kotxean inork ez du deus aipatu. Birrinduta nago. Adore pixka bat berreskuratu dudanean erretrobisorean bilatu dut bestearen begirada, baina kortozirkuitua gertatu da. Ispiluan aurkitu garen arren, dagoeneko ni ez naiz begiratzen zuena eta berak nigan ez du ikusten lehenago ikusten zuena. Ezin dut jasan.
Kontzertuan elkarrekin mozkortuko dira biak, kamarada zaharren antzera.
Ingresoak datoz. Batek septizemia bat eragiten dio. Hilzorian dagoela esan digute. Hiltzea nahi dut, baina ez da hiltzen.
Ezin du gehiago edan, zirrosia dauka.
Esan dio medikuak amari.
Lotsatuta gaude, mozkorrak geu bagina bezala.
Psikiatra batek ikusten du. Botikak errezetatzen dizkio. Dardara handia dauka eskuetan. Goizetan ez da edalontzia urik isuri gabe eusteko gai.
Ama, komunean, aitaren tanta pote bat kontraluzean begiratzen.
Ez da hartzen ari.
Dio.
Animalia alaena.
Azkentzen du hortzak garbitu aurretik.
Ohean sartuta dago, intzirika. Batzuetan erditzen ari den andre bat dirudi, beste batzuetan negarrez ari den jaioberria. Hizkuntza berri batean zuzentzen zaio tarteka amari. Atearen zirrikitutik begira nago, eguzkiak argitzen du ohe handi zuria, bertan atrapatuta dagoen arraina da aita, uretatik atera berria, arnasa hartzeko borrokan, buztankadak ematen aireari.
Ababa be. Ababa be. Uuuu. Ababa uju glub.
Ez dakit zer esaten ari den.
Dio amak.
Maindireekin pilota handi bat egin du.
Ukitu.
Esan dit.
Baina nazka ematen didate.
Blai eginda daude.
Dio.
Sukar patsetan dagoela. Bihotza arrapaladan dihoakiola. Ezin duela geldirik egon. Ostikoka ari dela, indarka, hala moduz aldatu dizkiola maindireak.
Koltxoia aldatu beharko dugu.
Egunak ematen ditu horrela. Bestela inoiz itxita ez dagoen haien logelako atea itxi du amak. Egun horietan sofan egiten du lo.
Ea oraingoan.
Dio amak.
Ababa be. Uuu. Barbarbar ababa be. Uuuu. Ab ab aba.
Hitz ulergarriak ahoskatzen dituenean fabulatzen hasten da. Ez da erraza fabulazioa egitateetatik bereiztea.
Iruñeko klinika batean ingresatu dute. Oso garestia da. Ama joan da berarekin. Esan diote aste batzuk eman behar dituela han. Kosta egiten zait nire benetako bizitzaz lehenengo pertsonan idaztea, baina badira idatziz baino ulertu ezin ditudan gauzak.
Ez dut ikustera joan nahi.
Klinikan atake bat izan du. Ohetik erori, besoko hezur bat puskatu eta tutuz josita omen dago. Ez dut ikusi nahi, nahiz eta ospitaleratze bezperan, beilan nagoela, neure buruari hitz eman diodan sendatzen ez bada ere mozkor bat maitatzen ikasiko dudala.
Ikustera joan naiz. Uste nuen lelotuta aurkituko nuela, baina ernai zegoen.
Uste dut magnesio arazo bat daukadala eta hori dela eta hiruzpalau ardorekin mozkortu egiten naizela.
Dio.
Hiruzpalau litro ardo esan nahiko duzu.
Pentsatu dut.
Gela itsusi bat da. Ken Folleten liburu bat, egunkari pare bat eta Muy interesante eraman dizkiot. Ez da emozio zantzurik egon bien arteko elkarrizketan. Gero, erizaina etorri da.
Hau nire alaba da.
Esan dio.
Komunera joan naiz horrelako egoeretan egin ohi dudan legez, ispiluan begiratzera hor jarraitzen dudala segurtatzeko.
Tafallan bizi da. Han egiten du lan.
Entzun dut esaten erizainari.
Tafallan elurra ari du gogotik. Logelako leihotik etxe azpiko zuhaixka ikusi dut zuritzen, hasi eta buka. Ez zait hemen bizitzea gustatzen, haragi usaina dago kaleetan. Bertakoek ez dute sentitzen, barre egiten didate. Gozoa da hasieran eta sudur mintzetaraino sartzen utziz gero beranduegi da: usteltzen ari den gorpuarena da, ezin duzu berehalakoan gainetik kendu. Orain arte, elurrak baizik ez du usain hori desagerrarazi.
Astero joango naiz Iruñera aita ikustera. Bisita laburrak dira, administratiboak. Ez dakit bere ondoan egoten, gutxiago berarekin hitz egiten. Berarekin izan naitekeen bezain normal egoten ahalegintzen naiz. Gilles Perraulten La orquesta roja eraman diot. Ez nuen berehala pentsatuko aitari nobelak utziko nizkionik. Ken Folletena irakurri du. Ez dut inoiz liburu bat irakurtzen ikusi.
Ongi dago.
Esan du galdetu diodanean.
Mozkorraldi Handi bakoitzetik esnatzean zer ikusten ote duen galdetzen diot neure buruari. Edateari guztiz utzi zionean jabetu zen Marguerite Duras bere ama eta anaia hilda zeudela. Aita jabetu nahi ez zuen zerbaitetaz jabetu ote den jakin nahi nuke, lastima ez garela hitz egiteko gai.
Etxera bueltan inoiz ikusi ditudan elur maluta handienak erori dira kotxeko kristalaren gainera. Kotxea bazter batean utzi dut eta begira gelditu naiz foralak agertu diren arte.
Klinikara iritsi naizenean, ezagutzen ez dudan tipo bat aurkitu dut aitarekin logelan. Bere lagun bat dela esan dit.
Erizain ederrik ez al dago hemen?
Galdetu dio.
Bai, badira.
Erantzun du aitak.
Bromuroagatik izango da akaso baina hau ez dabil...
Maindireen gainean duen besoetako bat altxatu du, ukabilduta.
Kosta egin zait ulertzea. Eta ulertu dudanean lotsa sentitu dut.
Hogeita sei urte ditut eta lehen aldia da aita sexuari loturiko aipamen bat egiten entzuten dudana. Ez dakit nor den benetako aita, hau edo orain artekoa.
Bi hilabetez eutsi dio edan gabe. Berriro hasi denean, bizikleta estatikoa logelatik atera du amak arrastaka.
Eraman hau hemendik.
Esan dio aitari, eguerdiko kuluxkatik esnatu denean.
Orain, esnatzen denean, atzarrien mundura guztiz itzuli bitartean, gargaraz eginiko hizkuntza horretan mintzatzen da:
Ababa. Ababan uuuu... Bebe Ujiujiuji. Ababa. Glubglu.
Dena ahazten du. Dena nahasten du.
Ezin du oroitzapen berririk sortu.
Esan digute.
[Telefono deia]:
Non zaude?
Galdetu dio amak.
Ez dakit non nagoen.
Oso berandu da.
Nagoen tokian ere bai.
Dagoeneko ez naiz han bizi, baina hangoa izaten jarraitzen dut. Tarteka bazkaltzera azaltzen naiz. Aitak dagoeneko ez du goserik eta eseri ere egin gabe lapikotik zerbait lardaskatu, eskugainarekin muturra garbitu eta egongelara doa. Zabuka ez egiteko besoak aurrerantz botatzen ditu eta hankak arrastaka eramaten; bizkarreko minez eta oinetako minez dagoela esanez lagundu ohi du antzezpena. Bazkaltzen bukatu orduko joan naiz egongelara, ama harrikoa egiten utzita. Besaulkian dago. Lo egonagatik begiak erdi irekita dauzka. Irtenak dituenez begi-globoaren mugimendu guztiak nabaritzen zaizkio. Zaratatxo bat egin dudanean nigana jiratu du ezkerreko begia periskopio bat bailitzan. Asaldatuta esnatu da, beti esnatzen da asaldatuta. Gargara horiek egiten ditu tokitik mugitu gabe. Apur bat bizkortzeko balio izan diote. Ohartu da sofan nagoela.
Zer?
Galdetu dit, kargu hartu nahiko banio bezala.
Ezer ez.
Defendatu naiz zerbait leporatu izan balit bezala.
Aita.
Esaten diodan bakoitzean erne eta prestu agertzen da, baina lipar bateko ilusioa da. Begiak kliskatu orduko soufflé alferrikaldu bat da.
Lan bat egiten ari naiz.
Esan diot.
Koadernoa atera dut. Barruan, aste batzuk lehenago haien etxetik hartutako argazkiak eta eskuz idatzitako zita batzuk daude. Ez diot aipatu lanarena berari buruz gehiago jakiteko beharra dudalako asmatutako zerbait dela, ez diot aitortu interesatzen zaidanik nondik datorren, ez adierazten onartu egiten diodanik iragan agian traumatiko bat izateko aukera, ezta ere argazkietako mutil serioa oraingo mozkorra bilakatzeko bidean gertatutakoak ezagutu behar ditudala bai ala bai nire bizitza den katramilan ordena pixka bat jartzeko.
Berarekin hitz egiteak lotsa ematen didanez eta lotsa ematen didanez bera lotsatu egingo dela aurreikusteak, trantsakzioan pentsatuko dut gogor. Agintea nik dudala erakutsi behar diot, adieraz diezaiodan gorputz osoarekin: ez zait zure existentzia interesatzen, ez oraingoa ezta lehengoa ere, izan ere niretzat ez zara existitzen, baina lan bat egiteko informazioa behar dudanez (lanak libreago egingo gaitu), mesedea eskatzera etorri naiz.
Zer lan?
Harritu egin da esku artean ditudan argazkiak ikusita.
Bailarari buruzko bat.
Besaulkitik altxatu eta nire alboan eseri da.
Argazkiak ipini ditut bera eta nire artean.
Gibel usaina dario.
Dokumentalista bilakatu naiz, boligrafoarekin seinalatu dizkiot argazkiak, esaten duena jasoz koadernoan. Ez dakit bukaerara iristeko gai izango ote naizen, oso urduri nago.
[0#, argazki txiki bat, sepiatua; kapotadun kotxe bat belardi batean, eskulekutik zilindro formako nezeserra zintzilik; barruan haur bat. Kotxearen azpian barruan dagoenarekin antza handia duten beste bi haur, lurrean jesarrita; gehiegizko esposizioaren ondorioz, haur bera da hiru une ezberdinetan].
Hiru horietakoren bat naiz ni, nor ez dakit.
[1#, zuri-beltzezko argazki txiki bat: aita mendian, hesi baten ondoan, txarrantxari helduta bi eskuekin; sokadun alpargatak, galtza motza eta alkandora leporik gabea, zeuzkanik ere ez nekien elutxak masailetan].
Lau urte inguru izango ditut hor, Oiartzunen. Oraindik euskaraz nekien. Euskaraz hitz egiten genuen. Ez dakizu nola hitz egiten nuen euskaraz, gazteleraz ez nekien.
[2#, zuri-beltzezko argazki laukizuzen txiki bat, ertz horzduna: hamahiru mutiko galtza motzetan, sorbaldetatik helduta, gezi mutur bat itxuratuz: aita hirugarren dago].
Bermeon, gelakideekin, zazpi urte. Dagoeneko ez dakit euskaraz. Ez daukat oroitzapen askorik, kabroi galantak ginela, hori bai.
[3#, zuri-beltzezko argazki laukizuzen txiki bat, ertz horzdunak denborak berdinduta: familia argazki bat mendian; amonak alpargatak daramatza, soineko bat; aitonak alkandora zuria, bularreraino zabalik; belarretan zamau bat, jatekoak eta porroi bat gainean; bekozkoagatik ezagutzen dut aita, anai-arrebengandik aparte dago, kamerari begira].
Ez nuen argazki hau gogoratzen.
Gertutik begiratu du. Begi-globoak zehaztasunez mugitzen zaizkio, iguana bati bezala. Ez du emoziorik adierazi. Herriko aldizkarian Inaxito Albisu elkarrizketatzea egokitu zitzaidanekoa gogoratu zait. Hala jakin nuen berak sortu zuela Estatuko Alcohólicos Anonimos-en lehen taldeetako bat, Errenterian. Paraiso tabernan elkartu ginen, egurrezko mahai korritu batean. Grabagailua piztu aurretik esan zidan behin nire aitarekin hitz egin zuela. Ez nekien bere alaba nintzela bazekienik eta lotsa azal guztitik zabaldu zitzaidan ohartu nintzenean hitz egiteak horretaz hitz egitea esan nahi zuela. Aitak esan ziola sagardoa izan zela bere lehen alkohola, mendian, gurasoen eskutik, oso lotsatia zela eta mingaina askatzeko hasi zela edaten.
Mingaina askatzeko ez, mingaina galdu zuelako hasi zen edaten zure aita!
Hatza tentetuta esan zidan.
Edo zer uste duzu, hizkuntza galtzeak ez duela zauririk uzten?
Aitak argazkiari begira jarraitu du:
Ez dut deus gogoratzen.
[4#, nerabe kuadrilla bat jauregi itxurako eraikin baten aurrean].
Ribabellosan, udalekuetan: oroitzapen txarra, kexatu egiten ginen ematen zitzaigun tratuaz, baina mojek gutunak puskatzen zizkiguten. Bromuroa ematen ziguten gosaltzeko, kanpaia jo ez genezan. Bazkaldu eta gero tebeorik ez ziguten irakurtzen uzten, siesta eta via crucis-a. Etxerakoan mojek egiten zigutena kontatu nien gurasoei baina ez zuten sinetsi.
[5#, argazki karratu bat, zuri-beltzezkoa: aita ile luzearekin ageri da, telefono kabina baten barruan, irribarre txikiarekin].
Londres, 16 urterekin joan nintzen irakasleak aholkatuta, zazpi hilabete eta erdiz. Pisu batean bizi nintzen herriko beste batzuekin eta Kensington School Collegen, Kensington High Streeten ikasten nuen. Oso oroitzapen onak.
[6#, zuri-beltzezko argazki bat, horizontala: 97596 matrikuladun Mini txuri baten kontra jarrita bost gazte, kamerari begira irriz; horietako hiru mozorrotuta daude, naufragoz, izter parean flekotan amaitzen diren galtzekin, aita da horietako bat. Mobilean konprobatu dut aitaren telefono zenbakia: bost zifra horiekin osatzen da, ez diot ezer aipatu, hala ere, ez baitugu magian sinesten; debekatuta dago magian edo bere edozein aldaeratan, kabala barne, sinestea].
Ganberro batzuk. Zein ongi pasatzen genuen. Ganberro batzuk ginen.
[7#, koloretako argazkia, bertikala: aita kafesne koloreko uniformez jantzita, begiradagatik txispatuta dagoela dirudi].
Soldaduska. Gastadoreetan egin nuen. Denak ziren fatxak, bat izan ezik. Bat horrek ikurrina lapurtu zuen Legioaren Museotik eta oraindik Nafarroako museoren batean dago. Oso-oso oroitzapen txarrak ditut garai horrenak, oso.
[Badirudi gogoratze hutsak min ematen diola, eta nik auzo-lotsa sentitzen dut, ezin baitzuen hainbesterako izan, ez behintzat garai hartako gizon batentzat].
Argazkiak agortu dira, sofako ehunaren patroi errepikakorra gelditzen da bion artean. Argazkiek ez dute joko askorik eman. Galdera inportante bat egitera noa:
Eta nolakoa zinen haurtzaroan?
Haur normal bat.
Nola konpontzen zinen anai-arrebekin?
Ongien Josirekin, okerren Francisekin. Txikitatik izan da aldrebes hutsa, askotan lagundu nion etxeko lanei zegokienez.
[Zegokienez. Hizkuntz erregistroa goratzen du esaldia luzatzen hasi orduko, beste norbait beste nonbait beste norbaiti balitz bezala hitz egiten ari dena].
Izeba Lourdesekin ongi, Jesusekin ere bai. Aitona-amonekin ongi.
[Ez dit ezer emango].
Kontadazu zure oroitzapen onena edo kariño handienarekin gordetzen duzuna.
Nire oroitzapen onenak ezkontza egunekoak direla esango nuke, zilarrezko ezteiak, erran nahi baita [erran nahi baita], ama eta biok Siziliara joan ginenekoak.
[Harridura. Mina. Ez dut jakin nahi zer den hain zorioneko sentiarazi zuena, ez dut jakin nahi nire jaiotza baino zoriontsuago sentiarazi zuen ezer. Ez dut jarraipena entzun hain nago lanpetuta sofatik ez altxatzeko ahaleginak egiten].
Ama Donostian ezagutu nuen, diskoteka batean. Nik jaka beixa eta gorbata urdina neramatzan. Amak ile luze errubioa zuen, niretzat herriko guapena zen. Dantzatzeko eskatu nion eta ezetz esan zidan. Eseri egin nintzen eta kito. Gero berak eskatu zidan. Nik hamabost urte nituen eta berak hamasei. Ordutik nobiotan eta gero ezkonduta.
Nitaz haurdun zegoela jakin zenuenean zer sentitu zenuen?
[Lan fina, dotorea, Rodriguez anderea, ez zaizu ezer nabaritu. Ez da nabaritu ikerketaren subjektua eta objektua pertsona bera direnik].
Izugarrizko poza. Eta zu jaiotzean ere bai.
[Eztarria txita kumaldi batek butxatuta daukat, oiloa hurbiltzen sentitu eta txioka hasi dira zizare baten zain, irentsi, gosea berdindu eta isildu diren arte].
Hamabost urterekin hasi nintzen lanean. Pasaian kontabilitatea eta mekanografia estudiatzen nituen aldi berean. Urte asko eman nituen ikasten eta lanean xentimorik irabazi gabe, aitona patroi. Ikaragarri gogorra zen lana, horregatik daukat gorputza daukadan bezala. Kamioiak eskuz deskargatzen nituen, oso-osorik, eta karea ere eskuz egiten nuen.
[...]
Karobi batean. Kareharria sutan jarri kiskali arte. Kiskaltzen zenean kare bizia sortzen zen. Bakarrik egiten nuen.
[...]
Kare biziaren gainean ura bota eta harriak desegiten dira, hauts bilakatzen dira, horra.
Zertarako da hori?
[Interes neurtua].
Morteroa egiteko batez ere, baina baratzerako ere bai, inguruko baserritar guztiak etortzen ziren erostera, den-denak.
[Harrotasunez hitz egin du beti baserritarrekin tratua izateaz, elkar-ulertze horretan galdutako zerbaiten aurkikuntza bailegoen].
Listo?
Baietz erantzun diot. Lan askorekin altxatu da sofatik, elkarren aldamenean egoteko alibia galduta.
Hortzak garbitu eta gero perfumatzen entzun dut. Muxu bila etorri zaidanean masailaren goiko aldea eskaini diot. Normalak ematen dugu kasik.
Goizean, unibertsitatean, gure testu bana irakurri dugu literatur ekitaldi baten baitan Mari Luz Estebanek eta biok, aretoan hogeita bost bat lagun zeuden.
Arratsaldean Alkoholiko Anonimoetan nago, Donostian.
Berri bakarra al naiz?
Denok izan gara egunen batean berriak, nena, zaude lasai.
Haietariko bat naizela uste dute. Lotsatu egin naiz, eta begiratuarekin, keinuekin eta zehatz ahoskatu eta erregistro doian kokatutako hitzekin uxatu behar izan dut zalantza oro.
Senide batentzat da.
Diot.
Esertzera gonbidatu naute. Pisu zahar bat da, agian oinordekorik gabeko mozkor ohiren batek dohaintzan utzitakoa. Hogeita bost lagun inguru daude gela honetan ere. Borobilean ipintzeko leku nahikorik ez eta nire onetik ateratzen nauen moduan kokatuta daude, nahas-mahas. Oinetako itsusiak dituzte guztiek, batzuek behatz puntak gora eta behera mugitzen dituztela ohartu naiz. Hondatuta daude, baita egoitzaren arduradunak ere, hondamendia kutsakorra delako.
Etxekoandre itxurako batek literatura izenekoa irakurri du. Tren bidaia luze batean aldamenean eserita eduki nahi ez nukeen nire adin bueltako tipo batek kafe pitxar bat ekarri du gero. Katilukada bat hartu dut ke hodeiaren atzean gorde ahal izateko itxaropenarekin. Joaquin delako batek bere kasua kontatu du, niri zuzenduta. Bi hilabete daramatza tragorik probatu gabe.
Zergatik begiratzen didan egin nahi diot oihu, ez dela justua, gelan hogeita bost lagun egonda, ez begiratzeko gehiago niri.
Hauek badakite, baina zuk ez: andreak maleta egin zidan. Jota gelditu nintzen, literalki.
Dio.
Metafora batek ezin duela literala izan pentsatzen dut nik.
Orain amaren etxean bizi naiz. Egun bakoitza da gogorra. Egun bakoitza. Esnatu eta pentsatzen dut: “Oraindik egun osoa gelditzen zait!”. Ez duzu uste lortuko duzunik, baina hemen nago, bi hilabete eta gero, literalki.
Erronda bat egin dute eta hitza hartzera gonbidatu naute. Ez dut hartu, baina besteek hitz egiten jarrai dezaten nahi dut indar handiz. Une batez, maite ditudala sentitzen dut, maite ditudala esan nahi diedala sentitzen dut, modu epiko bezain sentiberan egin nahi diedala oihu. Lurrera begiratu dut. Urteak dira ez nituela oinetako hauek jartzen, ez dira ditudan ederrenak, inolaz ere, zaharkituta daude zeharo, ez dakit zergatik ipini ditudan ere. Behatzak mugitu ditut. Nire zoriona puntakoan kabitzen da.
[Telefono deia]
Etorri.
Non zaude?
Dendan.
Zer egiten duzu hor?
Etorri. Lurrean nago.
Apo baten moduan?
Apo baten moduan.
2019ko uztailaren 10a
Peronea apurtu dut.
2019ko uztailaren 12a
Lander Londresen dago lanean, handik Poloniara doa, eta haurrekin Benicassimera joatea erabaki dut nik. Haiek eskatu didate. Ideia txarra dela badakit, baina etxean ez naiz moldatzen, hanka hautsiarekin arrautza parea egostea arrisku praktika bilakatu da. Tamalgarria naiz.
Margaret Meadek: Zibilizazioaren lehenengo arrastoa soldatutako lehenengo hezurra da, horrek esan nahi baitu hezurra puskatu duen hori zaintzeaz arduratu zela norbait, piztia batek jan ez zezan, egarriz ito edo gosez hil ez zedin. Bestea zaintzearekin batera hasi zen zibilizazioa.
Claude Levi-Straussek: Naturatik kulturarako igarotzea alkoholaren bitartez egin zen. Ezti-ura egiten asmatu zutenek jainkoengana hurbiltzeko erabiltzen zuten.
Nik: Badira hartzitutako baiekin lurrera erori arte mozkortzen diren hartz kuadrillak.
2019ko uztailaren 20a
Familia inventarium, Benicassimeko apartamentua:
— Gotelea.
— Latoizko lanparak kristalezko tulipa zuriekin.
— The Cure-ren Mixed Up diskoaren estanpatua dirudiena sofa azaletan.
— Araztasun erabatekoa.
— Egongelako armairuan poker kartak, Rubiken kuboa, ping-pong palak eta Scrabblea.
— Argi urdin lasaigarria ematen duen eltxo hilgarri bat.
— Toallak eta bainujantziak kanpoan zintzilik.
— Plastikozko mahai bat eta lau aulki terrazan.
— Hobeto lehortu dezaten leungarririk gabe garbitutako toallak terrazako mahai gainean tolesturik.
— Kristalezko hautsontzi bat mahai gainean.
— Egunkari, gurutzegrama eta aldizkari pilatxo bat harri batek eutsita hegaldatu ez daitezen.
— Bost litroko ur bidoiak sukaldeko hormaren kontra errenkadan.
— Sandia eta melokotoiak sukaldeko mahaitxo gainean.
— Botila urez beteriko hozkailua.
Etengabe edaten dute ura, izoztua egon behar du, izoztua egon arte ez dute edaten, eta egiten badute, gogo txarrez.
Kartzela bilakatu zaidan balkoitik igerilekua ikusten dut, hain desiragarria, hemendik jauzi egiteko gogoa ematen baitu. Bizilagun batzuk jenderik ez dabilenetan sartzen dira luzeak egitera. Urbanizazio honetan inork ez du nik baino hobeto igeri egiten, lezioa eman nahi nieke, batez ere polizia itxurako tipo horri, gihar gehiegi flotagarritasunerako.
Agian hau izango da beraiekin oporretan egongo naizen, garen, azken aldia.
Aldameneko gelan egiten dute lo, horma fin kasik paperezko batek banatzen gaitu. Arraroa da haiek hain gertu erdi biluzik, elkarrekin, izerditan daudela sentitzea; arraroa haien gorputzak entzutea gauez arnasa hartzen.
Urbanizazioko Besteak gorroto dituzte. Izan ere, haientzat guztiak dira Besteak. Supremazistak dira, besteen mozdadea eta injustizia salatzen dituzte. Justua eta injustua denarekiko sen hipertrofiatua dute, aldiz Besteen mozdadera eta lege ergeletara plegatzen dira salbuespenik gabe.
Lehen ez bezala, gauzen, jatekoen prezioak begiratu eta kontrastatu egiten dituzte. Gehienetan, ez beti, zenbat eta gehiago ordaindu orduan eta gehiago gustatzen zaie. Jatetxe batean jan dituzten txibiak beste jatetxe batekoekin konparatzen dituzte: prezioa, anoaren tamaina, freskotasuna, irineztatzearen finezia... ezaugarri guztiak aletzen dituzte normalean aho batekoa izan ohi den berediktora iritsi arte. Oso txarra bada, ahots tonuak gorantz egiten du hitz hartze bakoitzean, kopeta ilunduz joaten zaie eta txarkeria maila adosten dutenerako norbaitekin asko haserretu direla emango du. Alderantziz, oso ona iruditu bazaie, bigundu egiten zaie gorputza eta maitemindu aurpegia jartzen.
Egunez etxean bazkaltzen dugu, gauez herriko jatetxeetan. Hainbeste urte dira hona etortzen guztien genealogiak ezagutzen baitituzte.
Aita:
— Hemen gabardina erako ganba zoragarriak egiten zituzten, baina jabea pixka bat zikina zen, nik uste horregatik hasi zela bezeroak galtzen, gu barne. Gero itxita egon zen urte pare batez, eta orain txinito batek hartu du, baina ez dakizu zer nolako risottoa egiten duen.
Txinitoa esaten duen bakoitzean hain txikia ote den galdetzeko gogoa ematen dit. Baina-ren erabilerak ezkutatzen duen mundu ikuskerari buruzko mitin bat ito dut. Ez dugu ez hizkuntza bera, ez mintzaira bera hitz egiten.
Ama, aita komunera joan denean:
— Orain txinitoaz maitemindu da, jende guztiaz maitemintzen da. Egunero etortzen da berarekin gosaltzera, bazenekien?
Aitarekin batera etorri da mahaira jabea eta kakahuete platertxo bat ekarri digu. Aitak aurkeztu egin gaitu. Gizonak irribarre egiten du denbora guztian. Esaten duena ez dut ongi ulertzen eta aita arduratzen da itzulpenaz: “Bere seme txikiari buruz ari da, ez dakizu zein bizkorra den; kalkulagailuarekin entretenitzen da barran jarrita aita lanean dagoen bitartean”, “portento bat izango da” eransten du amak. Txinatarra urrutiratzen denean irribarreak iraun egiten die lauzpabost segundoz. Beragatik bizitza emateko prest leudeke.
Lehenengo gauean barne patioa duen jatetxe batean afaldu genuen. Koloretako bonbillak zituen zuhaitzetatik zintzilik eta harrizko bankuen gainean kuxin handi koloretsuak. Zizka-mizka ugari eskatu zituzten, gero plater bana eta postreak. Aitak izozkia nahi du beti postrerako, hiru bola ezberdin: menda eta limoia dira bere gustukoenak. Kontua ekarri zutenean nik ordainduko nuela esan nien. Imintziorik egin gabe onartu zuten. Ez nuen espero eta haserretu egin nintzen zaratarik atera gabe, lehendabizi haiekin, gero neure buruarekin haiekin haserretu izanagatik. Ume txiki bat nintzen gurasoei afaria ordaintzen. Ordutik txandaka ari gara, afaria nik, bazkalaurreko lehenengo tragoa haiek, bigarrena nik, afaria haiek, erosketa bat nik, hurrengoa haiek.
Gaur apartamentuan gelditu naiz haurrekin, batetik, ezin dudalako erritmo hori jarraitu, bigarrenik, haurrak kokoteraino daudelako gainezka dauden jatetxeetan itxaroteaz eta aitona-amonen errietak jasotzeaz formal eserita ez egoteagatik.
Makuluen erruz eskuetan atera zaizkidan babak ez zaizkit ixten eta umore txarrez nago, bero handiegia egiten duen hondartza batean hanka honek ainguratuta.
Egongelan egiten dut lo haurrekin. Amak etxe osoa garbitzen du goizeko zortzietan. Sofak eta altzariak mugitzen ditu azpiak garbitzeko. Zarata egiten du eta esnatu egiten gara aldiro. Harritu plantak egiten ditu: “Nik ez dut zaratarik atera”. Lurra fregatu eta gero ezin da zapaldu, lehortu arte. Beraz ezin dugu ohetik atera. Berak ere ezin du dagoen tokitik mugitu. Sala eta komunaren arteko marran zutik egoten da zain, kokotsa fregonaren makilaren gainean bermatuta zorua lehortzen den arte.
Jende guztiaz kexatzen dira, mundu guztiaz hitz egiten dute gaizki. Bizkarra eman bezain pronto. Bereziki jasanezinak zaizkie jendearen erretolika eta xuhurkeria.
Haien artean ere egiten dute: aitak amaz gaizki hitz egiten du honek buelta eman orduko eta alderantziz. Baina elkarri pegatuta bizi dira. Seguru nago nitaz ere gaizki hitz egiten dutela haiengandik urrundu orduko; amorruz, hiraz, mespretxuz, harriduraz, lotsaz... eta hala ere, badakit eroki maite nautela.
Amak esan dit: “Pare bat egun gehiago eta dibortziatu egingo nintzateke”. Jasanezina, kontrolatzailea, gobernatzailea dela. Aukera horrek izua eragin dit, hain dago makal aita. Alkoholik gabeko garagardoak edaten ditu bata bestearen atzetik. Berehala lasaitzen zaio gorputza, alkoholaren oroitzapenarekin nahikoa balu bezala. Lotsatu egiten da duen tripaz eta ez du ia inoiz kamiseta kentzen, ezta hondartzan ere. Oinak arrastaka eramaten ditu, sabelaldeko azala distiratsu jarri zaio, haurdun dagoela dirudi. Hankak eta besoak iharturik, lepoko haragia zintzilika eta begirada izutua dauka. Ilea aldiz gazte mantentzen du.
Atezain errumaniarra jubilatzera doa. Salbokonduktoa eman dioten bakarrenetakoa da. Mila eta hirurehun euro irabazten ditu hilean, etxea, jakina, ordainduta du. Esaten dute diru asko egingo zuela, argia, gasa eta etxea pagatuta edukitzearen ondorioz... Imitatu egiten dituzte harekin izandako dialogoak, bere errumaniar-gaztelera baldresa. Askotan gizajoa esaten dute hari buruz hitz egin eta gero.
Haurrak adoratu egiten dituzte baina berehala aspertzen dira. Begira egotea gustatzen zaie, haien edertasuna laudatzen dute, baina ez dituzte inora eramaten ni ere ez banoa. Burua berotu zieten Aquaramara joateko. Eguna iritsita esan zidaten beraiek bakarrik ez zutela joan nahi haurrekin, eta nik, ez genituela hiru sarrera, haien biak eta nirea, alferrik pagatuko. Azkenean bakarrik joan nintzen haurrekin, igeltsua gomazko zorro batean bilduta. Negargarria izan zen. Lan handiak ditut batetik bestera mugitzeko eta beroak ez du laguntzen. Ur parke batean ilarak egiten eta atrakzioetara iristeko eskailerak igotzen aritu behar izateak gutxiago.
“Kirola egin beharko zenuke... zera, nola izena du horrek? Zelulitisa edo hori atera zaizu”. Izterretan. Egia da. Izterrak tonifikatzeko web orrien bila harrapatu dut gaur neure burua, amak esan arte konturatu izan ez banintz bezala. Erridikulua naiz.
2019ko uztailaren 22a
Noviembre izeneko liburu-dendara eraman nau aitak, nik hala eskatuta. Ez nekien Benicassimen halako bat zegoenik. Biok bakarrik joan gara eta bidean apartamentu honen erosketa nola izan zen kontatu dit.
Gidatzen ari dela hitz egiten du solteen, agian ez diogulako begietara begiratu behar elkarri. Duela hogeita hamar urte inguru, aitona aitarekin etorri zen Castelloko fabrikak bisitatzera. Bi eguneko kontua izango omen zen. Orange hotelean hartu zuten ostatu. Planeatutakoa amaitzen ari zirela, German izeneko konstruktore batekin afaldu zuten. Apartamentuz osatutako bi dorre egiten ari zela eta aitonak bat gordetzeko eskatu zion, afaritan bertan. Besteak baietz. Sei milioi izan omen ziren guzira. “Nire izenean jarri nahi zuen. Ni agertzea jabe. Hala nahi zuen berak, berak esan zidan, niri esan zidan eta Germani ere bai”.
Familia-mandatu bat izan da beraz urte hauetan guztietan hona etortzea?
Horregatik uzten zion edateari hemen?
Horrek bilakatu zuen Benicassim igande?
Amak maiz errepikatzen duen legez, zaharrena izanagatik, bost anai-arrebetan aita da etxea ipini ez zioten bakarra. “Ez zuten maite”, esaten du maiz, “nahiz eta onena izan den beti”.
Hemen bainatu eta han afaldu, bost egun eman zituzten etxera iristeko. Aitonak bainujantzian eta oinutsik egin zuen bidaia osoa. Harro kontatu dit, aitonaren eszentrikotasunetan ipiniz indarra, baina behingoz aukeratua bera izateak sortzen zion poza ezkutatu ezinda.
Aitona-amonak hil zirenean apartamentua haren izenean ageri ote zen galdetu diot, ezetz, berak. “Ez zait inporta. Esan egin zidan, niri, niretzat nahi zuela”. Apartamentu bat erbestean seme besteratuarentzat.
Bueltan, bakarrik gelditu garenean, amak galdetu dit zer moduz ikusi dudan aita. “Nahiko ongi” esan diot. Berak ezetz egin du buruaz, ekibokaturik nagoela. Beste urte batzuetan hona etorri eta astebetera edo gorantz hasten dela, baina oraingoan itxura txarra hartzen diola, desagertzen ari dela. Esan diot aurrekoan hoberantz egiten ari zela esan zidala, aklaratzeko. “Bai, baina ez da hala”. Muturtu egin naiz.
Nire etxera itzuli nahi dut. Baina nahi ala ez, hau ere nire etxea da, gainean daramadana, barrura sartu zitzaidana, elkar suntsitu nahi duten elebidunaren bi hizkuntzen antzera: “Être bilingue, c’est un peu comme d’être bigame: mais quel est celui que je trompe?”, Elsa Triolet (1969).
2019ko uztailaren 26a
Nire benetako etxean jadanik (edo fikziozkoan, baina nirean).
Zer izan da nire aita edateari utzi arte?
— Hazi bat.
— Soldata bat.
— Absentzia bat.
— Usain bat.
— Lotsa iturri bat.
— Mesfidantza harrobi bat.
— Isiltasun bortxatu bat.
— Gorpu bat.
— Zaldi begirada bat.
— Fruta ale ustelkara bat.
— Haurdun gelditu den gizon bat.
— Jario arrasto bat.
— Hira erasoaldiak.
— Gezurrak, gezurrak, gezurrak.
— Erorketak, erorketak, erorketak (fisikoak eta metaforikoak).
Zergatik izan behar luke aita batek hau baino gehiago?
Ez al genuke guraso eta seme-alaben arteko maitasun erromantikoa ere eraitsi behar?
Ez ote zuen nahikoa egin hazia jarrita? Nik, ume mukizu apetatsu burgesa, inoiz ez ditut markako zapatila batzuk falta izan.
Herrian, ez dute dirurik uzten eraikuntzarako materiala berea ez den beste denda batean erosi dutenen komertzioetan. Ezin dute ametitu halako eskarniorik. Beste dendetako materiala kaxkarra eta txanda-pasakoa da, “ez dago ogerlekorik lau pezetatan” da beren esaldi gogokoena.
Plazera hartzen dute norbait joaten zaienean beste nonbait erositako zerbait hondatu zaielako, bizpahiru egunerako alpistea izaten dute.
Orain nahi du hondatu zaion hori guk konpontzea. Aski zuen hemen erostea. Esan diot: ez dago ogerlekorik lau pezetatan.
Jatetxe batera joaten garenean, berdin du non, komunera joaten dira beti, lehenengo bata eta gero bestea. Espioi bilakaturik, azulejuen etxea, modeloa, tamaina eta kolorea konbinatuz, kode sekretu bat trukatzen dute:
Marazzi, Isadora, 30 x 30, kobaltoa.
Aparici, Piemonte, okrea.
Porcelanosa, Sena Caliza, 30 x 40.
Todagres Porcelanico, zain grisak, mate, laukizuzena.
Batzuetan batak besteari egindako zuzenketak daude:
Kobaltoa ez, indigoa.
30 x 30 ez dute egiten, izatekotan 40 x 40.
Eta iruzkin osagarriak:
Gaizki jarrita dago, okerra; nabaritzen da ez dutela Raulek edo Gogorzak jarri.
Lurra eta horma ez dira ongi ezkontzen, daltonikoa izan behar da gero.
Zaharrunoa. Desoreka handia dago pintxoen sofistikazioaren eta komunaren artean, lastima.
Material hori juntura grisekin jarri behar da, horrela jarrita hondatu egin dute.
Baita oniritzia ere:
Oso ongi gelditu da. Nik saldu nien.
Marabilla. Seriez kanpokoa. Komun barruan bazkaltzeko gogoa ematen du.
Dena aldatu da. Dena aldatu dute. Detritu usaina desagertu da, ezer ez da ilunpean gelditu. Herriko espaloietan ez dago ez zakur kakarik ez zikinik. Zaborrontziak ipini dituzte kale kantoi guztietan, eremu lauak zeuden lekuetan etxeak eta parkeak altxatu dituzte, auzo pobreenen eta aberatsenen arteko aldea berdindu da, etxe bera aurki daiteke han eta hemen eta baita ondoko herrian edota hemendik 700 kilometrora dagoen batean ere. Jonkirik ez dago eta punkirik ere ez, auzoen moduan berdindu dira kasta guztiak, txukun, apain, igandeko. Ez dago xiringarik ez txatar biltzailerik ez pentsu saltzailerik ez litrona hutsik ez barne turismorako mapak marraztuta dituzten koltxoirik ez gomazko pilotakadarik ez arratoien kontrako pozoi horiaren arrastorik. Bizikletak lotzeko burdinak eta kamerak ipini dituzte han-hemenka, gomazko zorua dute haur parkeek, eta pentsaezinena, Espainiako bandera jarri dute udaletxean. Seguru eta usain oneko, orain, herritar moduan, zoriontsu izatea da gure betebeharra.
Dendan, saldu dituzte sal zitzaketen azuleju milia guztiak. Eraikuntza sektorearen gainbehera eta aitarena aldi berean gertatu dira, hainbeste ezen eta haur garaian fosilduta gelditu zaidan garun zatiak ahalegina egin behar baitu estatuko eraikuntzaren krisia aitak eraginda izan ez dela gogoratzeko. Lehendabizi, aitona-amonek urruneko lekuetatik brontzeatuta etortzeari utzi diote; gero, laranja, ardo eta xanpain kaxek, giltzatako eta boligrafoek.
Eskuila bat saldu dut gaur. Eskuila bat!
Dio amak.
Ordura arte arratsetan, egun osoa lanean eman eta gero, oinak gatzdun ur bero balde batean sartzen zituen indarberritzeko, baina jadanik ez da nekatzen.
Denak ikeara jostailuzko sukalde eta komunak erostera! Ergelak!
Dio.
Aitarentzat, jatetxeetan paperezko aho-zapiek oihalezkoak ordezkatzeak mugarritu du mundu baten akabera; amarentzat ikearekin hasi da mundu berria.
Norberak egin behar dena! Non ikusi da hori? Hurrengo negozioa izango da geure hilobi propioa egiteko palak saltzea! Hiltzea merezi dugu!
[Telefono deia, Sorkun]:
Zaborra ateratzera jaitsi naizenean zure aita ikusi dut. Duela ordu erdi baino gehiago, bederatziak inguru izango ziren. Balantzaka zihoan eta erori egingo zela zirudien. Arduratu egin naiz eta atzetik joan natzaio, badaezpada, eroriz gero laguntzeko.
(Nik entzun egiten diot, badakit ez dela ezer gertatu, istorioari ekiteko maneragatik: hasieratik, kronologikoki, laketu gabe baina amaierara iristeko presarik gabe; ez da ezer gertatu, beraz. Lotsa eta pena toki bat egiten saiatzen ari dira nire gorputz barruan, itxi egiten naiz espazio gehiegirik har ez dezaten, nahiz eta Sorkunekin ez dagoen arazorik, miseria truke aberatsa dugu bion arteko harremanaren ardatzetako bat).
Ikusi dut dendan sartzen, bere dendan. Pixa eginda zegoen. Kosta egin zaio atea zabaltzea, minutuak... baina lortu du... Eta argiak piztu gabe abiatu da pasilloan barrena... Horregatik deitu dizut, izan ere, ordu erditik gora darama han... agian zerbait gertatu zaio... ez zegoen... ongi. Gizajoa. Zer egingo dut?
Zoaz etxera.
Ez duzu bere bila sartzea nahi?
Ez, zoaz etxera.
Pijaman nago gainera.
(Errebelazio bat izan dut. Nire aitaren amaren izen-abizenak daramatzan dendaren ataria ikusi dut: Maria Antonia Zapirain idatzita kristalezko ate gotorraren gainean, dendara sartzeko korridorea. Sorkunen offarekin ikusi dut aita hara hurbiltzen, bere ama den horren ate-bagina zabaltzen, umetokiaren lepoa den korridorean gora, sabela den ofizinaren iluntasunean existitzeari uzteko.
Bera han dago, lo, epel.
Pentsatzen dut).
Ez da larria. Uste dut bere amarekin egoteko modu bat dela.
Hilda dago?
Ez.
Ya.
Egon zentzu izpiritualean.
Ya.
Ez omen dio inoiz muxurik eman.
Garai hartan normala izango zen.
Ez nuen horretan pentsatu. Zoaz etxera, berandu da eta. Bulegoan kuluxka bat egingo du eta listo. Ez zaitez kezkatu.
Agian erori egin da.
Orduan lurrean egingo du kuluxka. Nolako pijama daramazu? Eskijama edo zetazko pikardia bat?
Idiota! Maitale batek ahaztu zuen kamiseta daramat, belaunetaraino heltzen zait, Suicidal Tendencies-ena.
Erditu egin naiz. Ospitalera etorri da. Euria ari du eta bustita dago, barrutik ere bai. Haurrak ez daude nirekin, ziun baizik, aurreratu egin direlako.
Nahiago nuen haiek hiltzea zu baino.
Esan dit zenbat maite nauen adierazi nahian.
Ohean eseri da, ezin du tente egon. Eskuak ohearen kontra ukabilduta ditu eta, mugitu behar duenean, mingaina klaskatu, eta ohearen kontra sakatuz egiten du.
Haurrak jaioz gero ia igandero bisitatuko gaitu, goizean. Urteak dira igandeetan ere edaten duena.
Etxera sartu-irten bat egin ondoren kanpoan geldituko da zokomiran. Haurrei gozoki poltsakada bana ekarriko die, izugarri maite dute, eta jakingo duten eguna madarikatzen dut.
Fruta garaian, arbola batetik ale bat hartu eta etxera sartuko da. Etxetik zehar bilatuko nau, isilka. Gero, aldamenean jarriko zait, tentel baten moduan, eta haginkada zaratatsuak emango dizkio. Amaitzean, azkenduko du:
Ona dago.
Adoratu egiten nau horrela, ni eta nire fruituak. Ulertzen dut. Niri ere plazera ematen dit seme-alabak nik egindako janariarekin elikatzen direla ikusteak.
Beste batzuetan menda eskukada bat sudurrera itsatsita sartuko da etxera. Nik entzuteko bezain gogor usnatuz. Esango du:
Menda.
Segidan, leihotik behera botako du sorta.
[Telefono deia]:
Ez al duzu atzokoaz ezer esan behar?
Atzokoaz zer?
Atzoko ximaurraz?
Benetako mozkorrak ezin dira kontatu.
Kaka egiten du gainean. Heriotza baino gauza okerragoak daude zinez. Batzuetan bulegoan, lanean ari dela. Beste batzuetan kaletik doala. Ohean ere bai, lo dagoela. Wittgensteinek zioen ezin esan daitekeenaz hobe dela isiltzea. Kaka bere kabuz adierazten da, mistikoa dena da, jainkoa bizi da bertan. Eta aldiz: zure aitak egunero gainean kaka egitea gauza bat da, zure aitak egunero kaka gainean egiten duela idaztea ordea beste zerbait da. Hitzek metabolizatze ahalmena dute. Barrukien erregina naiz.
2019ko abuztuaren 18a
Bero handia. Ez gara etxetik irteten eguzkia apaldu eta turistak desagertu arte. Kolapsatuta dago Hendaia eta toalla zabaltzeko zentimetrorik ez dago hondarretan. Bizikletan jaitsi, bainua hartu eta etzan ere egin gabe lehortu eta etxera itzultzen gara.
Eguerdian aita eta ama etorri dira. Deitu egin didate eta txiringitoan kafe bat hartzera joan naiz haurrekin. Aitak alkoholik gabeko garagardo bat hartu du bi tragotan. Konturatu naiz dagoeneko ez duela dardararik, baina amarengandik apartatu berri duten animalia baten begirada jarri zaio. Besarkatu egin dira. Haurrek distira egiten dute. Betiko gorde nahi dut edertasun hau, ez dut nahi inoiz ahazterik.
Aitak kontatu dit, Sokoburuko aparkalekuan aparkatzeko ilara luzeak zeudela eta bere txanda iritsi denean, toki huts bat ikusi eta non ez da bada andre bat ezerezetik irten eta hanka eta beso-zabalik ipini aitak begiz jotako aparkalekuan. Pamela bat zeramala eta ile luze errubioa (olatuak egin ditu hatzekin bularraldean ilea itxuratuz), berrogeita hamar urteren bueltan zebilela. Aitak kentzeko esan diola eta andreak ezetz. Behin eta berriz esan diola edukatuki apartatzeko eta andreak ezetz. Eta hara non lurrean eseri den. Orduan aitak bozina jo dio, “baina zer zabiltza, altxatu zaitez hortik” esan dio, eta orduan andrea lurrean etzan da.
Hasieran ez diot sinetsi. Baina amak aitaren bertsioa egiaztatu du, datu gehiago erantsita: senarrak aparkatu duela han aitari tokia kenduta. Askotan bezala azkendu du esaldia amak: “Badakizu nik ez dudala gezurrik esaten”.
Gauza harrigarriak gertatzen zaizkie maiz, baina arruntak balira bezala kontatzen dituzte biek, espanturik gabe, gure familiaren konstituzioak debekatu egiten baitu drama. Gero isilik gelditzen dira denbora luzez.
Niri ere gauza harrigarriak gertatzen zaizkidala esan izan didate maiz ingurukoek, eta agian, haiek ere ez dituzte sinesten hasieran.
2019ko irailaren 25a
Aitak bigarren iktusa izan du. Goizean amaren audio mezua jaso dut, 7:30ean bidali didan arren 8:30ean entzun dudana. Lauretan ohetik jaikitzen eta erortzen entzun du. Altxatzen ahalegindu da baina ezin izan du. 112 zenbakira deitu eta hamar minutura anbulantzia agertu da. 7:30erako bazekiten iktusa zela eta orduan bidali dit, “ez zintudan alferrik izutu nahi”. Unibertsitatera bidean entzun dut, klasera sartu baino ordu erdi lehenago. Bulegoko atea ireki eta nire aulkian eserita zegoen ahatea. Sartu naizenean hegal kolpe batzuk eman ditu. Ez ikusiarena egin diot.
Berrogei bat ikasleren aurrean jarri naiz eta egia esan diet, aita oso larri dagoela. Bada denboratxo bat klasean ere egiari tarte egin behar diogula pentsatzen hasita nagoela. Animoak eman dizkidate eta ospitalera joan naiz ikasleak bakarrik utzita.
Hau dena hasi aurretik, goizean goiz, amaren mezua entzun baino lehen esandakoarekin akordatu naiz. Haurrak neramatzan autoan eta, ez dut gogoratzen zergatik (usainak, koloreak), bota dut: “Uste dut, benetan, gaur hasi dela udazkena”.
Iritsi naiz ospitalera. Aita ikustera sartu baino lehen, korridorean, medikuarekin hitz egin dugu, oso sentsazio (sic) txarrak eragiten dizkiola aitak. Errieta egin dio gure bitartez ez duelako ezer egin aldatzeko (sic). Bazekiela gaixotasuna zein hilgarria zen. Bazekiela odol isuriak eragin zitzakeela.
— Eta azkenean estilo honetako ebento bat (sic!) gertatu da. Halako ebentoak (sic!!) gertatzera arriskatu da.
Ezkontzak, bataioak, iktusak.
Ez zekiela bizirik irtengo zen. Eta irtenez gero ez zekiela nola. Ez zuela erreakzionatzen, ez zuela esaten zitzaiona ulertzen.
Gero, “zatozte, neskak” (sic) esan digu amari eta bioi, ukondotik helduta (ukondotik heldu nau?). Ezagun zen mediku-senideen arteko enpatia lantzeko ikastaro azkarren bat egina zuela. Ez zaio jendea gustatzen. Leiho ondora eraman gaitu. Ezkonduta dago inuzentea. Zer da hortzoien eta hortzen artean duen hori. Lertzoa. Psikopata arraioa, ez dut ulertzen zergatik den mediku, ikasle ona zelako (halako buru puskarekin, ni ere bai!), kanpaia jo bitartean ere barneratu zitzakeelako biokimikako apunteak.
— Ez genuke nahi landare baten moduan gelditzerik, eta berak ere ez —ez dakit amak esan duen edo nik, baina ados gaude.
— Eta sufritzea ere ez, ezta?
Kosta egin zait gelara sartzea medikuarekin hitz egin eta gero. Kosta egin zait negar egitea. Zer dauka jendeak landareen kontra.
Aita ikusi bezain pronto lasaitu egin naiz. Ulertzen zigun baina ez zitzaion ulertzen. Une batean asko gerturatu natzaio, esaten zuena hobeto entzuteko, eta muxua bilatu du, begirada arnasestuka. Beti iruditu zait premiatsua bere muxu eman eta eskatzeko modua, gaur arte ez naiz jabetu hori zela irudia: jaioberriaren gosea. Edo botilaren ahoa bilatzen duen mozkorrarena. Gero Lander etorri da. Ezagutu du eta zerbait esaten ahalegindu da, baina ezin izan du. Landerrek burua laztandu dio niri begira.
Ez dut gauza handirik sentitzen. Ukazioa hau da, agian. Tarteka, hil dadin nahi dut, nahi nukeela uste dut. Izugarri maite dut. Eta gaur hain ezdeus ikusi dut, argal, pixa usainarekin.
Arrateri deitu diot etortzeko. Negarrez hasi da. Mexikon ari da negarrez hemengoa ez den ordu batean biona den aitarengatik.
Etxera itzultzean atzoko festaren hondarrekin egin dut topo. Dozena bat sagardo botila edan gabe gelditu ziren eta armairu gainean ipini ditut errenkadan. Sagardo-etxe desberdinetakoak dira eta beiraren berdea pixka bat aldatzen da batetik bestera. Argiak jo dienean esmeralda koloreko jarri dira.
2019ko irailaren 27a
Aitarekin gelan nengoela fisioterapeuta etorri da, Cristina. Club Atlético Renterían dagoela kontatu dio aitari fitxan Errenteriakoa dela irakurri duenean. Pisu eta jabalina jaurtiketa egiten dituela. Berrogeita hamar eta hirurogei urte artean izango ditu.
Aitari galdetu dio pazientzia ote duen. Berak ezin duenez erantzun nik egin dut, ezetz. Pazientzia eduki behar duela, denbora, patxada eta onarpena. Lelotuta dago erabat, haur txiki erraldoi bat da pardelarekin. Ez dago hemen, ez dakit non dagoen, ez Mozkorraldi Handian ihes egiteko erabiltzen zuen lekuan, leku ezezagun batean baizik.
Hankak altxatzen dizkio, belaunak tolesten, eskua ematen, bere gorputzaren mugimenduei beha dago beste norbaitenak balira bezala. Egiten uzten den bitartean, ezpainak itxi eta zabaltzen ditu, bere ahoak marmoka bat dirudi itsasoan barrena igeri egin nahian.
Bakarrik gelditu garenean ondo-ondoan eseri natzaio. Bere gorputzaren epeltasuna sentitu dut. Begira-begira gelditu zait, aurpegia aztertu dit, harriduraz, aurpegia laztandu dit begiradarekin, lehenengo aldiz ikusi izan banindu bezala. Era berean badaki ni naizela. Baina nire aurpegia ezezaguna zaio benetan, bai behintzat erritmo honetan. Ez nau inoiz hain luzaz begiratu. Hamar segundo. Gure harremana bertan kabitu da. Gure arteko harremana berritu da. Paktua aldatu da hamar segundotan. Irribarre egin diot. Denbora gutxi nuen adierazteko ongi nengoela, zoriontsu xamar naizela, gehiegi sinplifikatu dut, badakit, baina ez dut beste burutaziorik eduki. Begira jarraitu du, keinua aldatu gabe, maitale batek lehenengo aldian nola, eta orduan, nik, irribarrea galdu gabe, “zer begiratzen duzu?” galdetu diot, nahi eta uste baino zakarrago. Begirada apartatu du.
Arratsaldean ilea laztandu dit, bi edo hiru segundo. Ez dit inoiz halakorik egin. Nire liburuaren erreseina bat bidali didate baina berdin dit: nire aitak ilea laztandu dit.
2019ko irailaren 28a
Desagertzen ari da kableak mundu honetara lotzen saiatzen diren arren. Begiak itxi ditu. Arrate iritsi da, garaiz.
2019ko irailaren 29a
Oso aztoratuta dago. Mugitu egiten da espero gabeko indarrez, bere gorputz barruan beste norbait biziko balitz bezala. Amari fuerte heldu dio min emateraino, izutu egin da, indarka kendu behar izan dizkio eskuak gainetik. Medikazioarekin lasaitu dute, baina beste krisi bat izan du arratsaldean, nik alde egin eta gero, osaba Joserekin. Medikuak ezkor daude.
Etxera itzuli aurretik itsasoa ikustera pasatu naiz. Alerta horia emana dago marea biziengatik. Ikuskizun bat espero nuen, baina ez dut izan.
2019ko irailaren 30a
Arnasestua. Begiak itxita.
Ezin dut irakurri eta aitari eskua emanda egon naiz telebistari begira. Azken hirurogei urteotako izotz puskarik handiena askatu da Antartikatik. D28 izena jarri diote eta Mexiko Hiriaren tamainakoa da. Satelite bidezko irudiak erakutsi dituzte: lehenengoan pitzadura ikus daiteke, bigarrenean itsaso beltzean dagoen eremu zuri bat. Bost egun behar izan ditu hausteko. Sarean irudi gehiago bilatu ditut, iceberg baten jaiotzak ateratzen duen zarataren bila. Ez dut deus aurkitu eta dezepzionatuta nago.
2019ko urriaren 1a
Bart hil da, gaueko hamaiketan, ama eta osaba Jose aldamenean zituela.
Nik hamarretan egin nuen alde ospitaletik. Autoan, etxera bidean, gogoratu nintzen ez niola eman Mikelek esandako muxua eta amari deitu nion enkargua bete zezan, “badakit txorakeria dela”. Eman eta gero hil zen.
Peru eta Mikele izan dira azken hamabi urteotan poz handien eman diotenak. Batez ere Mikele izan zen aita baldintzarik gabe maitatzera iritsi zen bakarra eta maitasuna adierazi ziona hitzez eta ekintzez. Haien etxera bisitan gindoazenean, laztandu egiten zuen butakan lo gelditu aurretik eta ondoren. Begirada apartatu behar izaten nuen nik. Zenbat “maite zaitut” esan ote zizkion, zenbat besarkada.
Dagoeneko hasi naiz lehenaldian idazten.
Osaba Joseri maritxu deitu zion behin ahapeka, bestela ia inoiz esaten ez zuen hitza. Osabak bere arrebarekin hitz egitearen plazer hutsagatik hots egiten zion amari astero eta hau egongelako telefonoari lotuta egoten zen, errezetez, supermerkatuko eskaintzez, El Diario Vasco-n irakurritako albiste sentsazionalistez luzaz berriketan. Emakume batek bezala hitz egiten du, esaten zuen, eta inoiz ez dugu ulertu zerk ematen zion halako amorrazioa, aitarekiko pleitesia adierazten zuen gizon batengan. Agian alkoholikoa zen bere emazteaz dibortziatzeko barrenik eduki ez izanak? Hura hiltzean seme-alaben eta etxearen kargu egin izanak? Ni jaio nintzenean haren etxean bizi izan nintzela aitona-amonekin hiru urtez gurasoek zerua goian eta lurra behean besterik ez zutelako? Amaren familia txiroak hartu gintuela, laguntzeko baldintza materialak aitarenak eduki arren?
Etxerakoan esna zeuden, zain. Une zailetan elkarrekin egiten dute lo. Biak triste, Mikele tarteka hautsita, Peru begiak beteta baina lehertu gabe, ez du inoiz negarrik egiten.
Ilargi ezin estuagoa zegoen, eder-ederra, zeru morea.
Goizean, udazkena etxe barrura sartu dela ikusi dut, hostoak zeuden baita sofa azpian ere.
64 urterekin hil da, ile urdin bakar bat ere ez zuela.
64 urtekoa da batez besteko gizonezkoen bizi itxaropena Senegalen.