Ahaztutako pintoreak
1
Vicenzo Vicenzi margolariak kutsu fantastiko nabarmeneko kontakizun batekin taxutu zuen bere bizian idatzi zuen ipuin bakarra. Hildakoaren irudia hiltzailearen loa galaraztera itzultzen den istorioaren aldaera bat dirudi ipuinak, baina Vicenzik ez zuen ohiko espiritu edo fantasmaren baliabide errazetik jo, eta pintore bati hobeto egokitzen zaion modu bat aukeratu zuen.
Arrakastarik gabeko pintore ilun bat izan da oraintsura arte Vicenzi, bere garaian ere zeharo ezezaguna, arestian izandako aurkikuntza batek izengabeen tropeletik atera duen arte. Ez du orain ere ahobatezkotasunik lortu, baina Italiako egunkari handienetan izan zuen oihartzunak haren obraren aldeko iritziak hauspotu zituen, bolada batean behintzat. Asko idatzi izan da artista baten lanaren estimazioak izan ohi dituen gorabeherez, bizitan arrakastarik izan ez eta posteritateak izen handien aldarera jaso izan dituenez batez ere. Denborak bakoitza bere tokian jartzen duelako superstizioak elikatutako iritziak izaten dira gehienak, baina, hil ondoan arrakasta izan dutenen kasuan ere, oso badaezpadakoa izaten da aitortza hori, askotan nahikoa izaten baita belaunaldi batek artista bat ezerezetik salbatzea hurrengo belaunaldiak berriz ere ahanzturaren errautsetara bihurtzeko. Kasu askotan, belaunaldien eta joera kritikoen txandakatze horretan, uhinen goraldi eta jaitsaldietan bezala ibiltzen dira artista batzuen izenak; gutxi izaten dira behin artearen kanonetan tokia irabazi eta ohore horri betiko eusten diotenak. Giza kontu guztietan bezala, dena da ausazkoa, dena iragankorra honetan ere.
Vicenzo Vicenziren kasua mende luze bateko ilunpearen ondoren piztu zen argi xume bat izan dela esango nuke, kasualitate baten ondoriozko bristada bat, deigarria hasieran, baina luze irauteko trazarik ez zuena. Ustekabean aurkitutako margolan batzuek atera zuten Vicenziren izena mendetik gorako lozorrotik, baina, koadro harrigarri horiek baino gehiago, bere paperen artean aurkitutako ipuina izan zen hasieran hedabideetan izandako oihartzuna biderkatu zuena, edo, hobeto esanda, ipuin horretan dauden gakoetako batzuk izan ziren Vicenziren bizitza eta heriotzaren zertzeladak ezagutzeko eta haren obraren bitxitasunean argi egiteko balio izan dutenak.
Orain dela hilabete batzuk ezezagun baten e-maila jaso nuen. Ez zen lehen aldia ikertzaile, ikasle edo jakin-minak ziztatutako norbaiten kontsulta jasotzen nuena, baina hain urrutikorik ez zitzaidan ordura arte suertatu. Bi urte eskas neramatzan Antso Jakituna Fundazioan lanean, eta ohituta nengoen kontsulta bibliografikoak erantzuten edo liburu edo agiri jakin bati buruzko xehetasunak ematen; horregatik egin zitzaidan deigarria datu zehatz batzuk baino gehiago neure aldetik ere ikerketa lana eskatzen zuen informazio eskaera jasotzea.
Ingelesez idatzitako e-mail luze batean, Erromako jauregi zahar batean egindako aurkikuntzaren berri eman zidan Sandra Ciani izeneko kazetari batek. Orain arte ezezaguna zen Vicenzo Vicenzi pintorearen margolanak aurkitu zituztela zioen, aparteko interes artistikorik gabeko palazzo zahar erdi abandonatu bateko sotoan. Denborarekin sakabanatu eta erdi iraungitako familia bateko kide batek saldutako jauregia zen, nonbait, eta, jabe berriek birmoldaketa lanak egitea erabaki zutenean, han aurkitu omen zituzten koadroak, urte askoan itxita egondako sotoko biltegi batean.
Hasierako ustekabearen ondoren, arte adituek entusiasmo handirik ez zutela erakutsi esaten zidan Sandra Cianik, eta jabe berriek peritu bat kontratatu zutela biltegi hartan agertu zena aztertzen hasteko. Material ugari aurkitu omen zuen perituak, besteak beste, zenbait margolariren obra ezezagun batzuk, ez munta handikoak, egileen obra ezaguna gailentzen ez zutenak edo ezer berririk ez zekartenak, pintore haien obran espezialista zirenen zirkulu txikitik kanpo inoren interesa pizteko gai ez zirenak. Obra haiekin batera, ordea, ba omen zeuden ordura arte ezezaguna zen pintore baten lanak ere, Vicenzo Vicenzirenak, ikusi zituzten lehenek harrigarritzat jo zituztenak.
Koadro eta margolanez gain, bestelako paper eta agiri multzo ederra aurkitu zutela esaten zidan Sandra Cianik (“a huge amount of files and papers”), urteetako axolagabeziak soto ilun hartan baztertu eta ahaztutakoak. Jauregiaren jabe izandako familiaren aspaldiko artxiboa zegoen han, haien liburutegia, haien gutun-truke guztiak, eta ehunka paper eta dokumentu. XIX. mendearen bukaeran Erroma munduan ezagun egin zuten pintura eskola ugarietako batekoa zen dokumentazioaren parte handi bat, oinordeko zabar eta arretagaberen batek noizbait herentzian jaso eta biltegi hartan edozer moduz utzia.
Sandra Cianik azaldu zidanez, gauza jakina zen jauregiaren azken jabearen arbasoetako batek pintura eskola bat izan zuela XIX. mendearen azken aldera, eta, itxura guztien arabera, eskola hartatik geratzen ziren hondarrak ziren sotoan aurkitutakoak, Vicenziren margolanez gain eskolako ikasle izandakoak ziruditen beste askorenak, behar bezala aztertu, sailkatu eta gordetzeko urte batzuetako lana beharko zutenak. Ez zuen ematen horretarako interes handirik zegoenik, ez behintzat ikertzaile ekipo bat ordaintzeko adinakorik. Izan ere, margolari eskola asko izan ziren XIX. mendearen hondarreko Erroma hartan, bazter guztietako pintoreentzat garaiko meka izan zen hartan.
E-mailean aitortu zidanez, obra haiek denak gordeta zeuzkaten tokira lehen bisita egin zuenean —hasieran jauregian bertan egokitutako solairu batean, gero Erroma inguruko industrialde batean Kultura Ministerioak zuen eraikin moderno bateko biltegian—, arte kritikari batekin egin zuen topo. Kritikaria autore gutxi-asko ezagunen bigarren mailako obra hala moduzko haietan zegoen interesatuta, eta hasieratik jotzen omen zuen baliorik gabekotzat ordura arte ezezaguna zen Vicenzo Vicenziren lana. Arte adituek erakutsi ez zuten interesa piztu zitzaion, ordea, Sandra Cianiri, eta berak ekin zion pertsona bakar batentzat ikaragarria zirudien lanari. Geroago jakingo nuenez, karrera interesgarria egiten ari zen kultura kazetaria zen Ciani; hala ere, kosta egin zitzaion La Repubblica egunkariko arduradunak konbentzitzea palazzo zahar hartako biltegiko material hark artikulu bat baino gehiago merezi zuela (“a sensitive boss is hard to find”). Azkenean, ordea, kostata bada ere, aurkikuntzari buruzko informazioa bildu eta erreportaje bat egiteko enkargua egin omen zioten, gerora artikulu sail bikaina ontzera iritsiko zela susmatu ere egin gabe.
E-mailarekin batera bidali zidan Sandra Cianik aurkikuntzaren berri ematen zuen artikuluaren kopia, egunkariko orrialde bat eskaneatuta. Ez zuen aukerarik galtzen beste egileen obren arruntasuna azpimarratzeko, haien ondoan Vicenzo Vicenziren koadroek zuten indarra goratzearekin batera. Harrigarria gertatu zitzaidan, aditu gehienek ez bezala, Cianik egile ezagunagoen obrei baino arreta handiagoa eskaintzea eta balorazio hobea ematea egile ezezagun baten lanari. Gero, kasua argitzen joan ahala, garbiago ikusi nuen jokaera horren zergatia, artean aitortu ez zidan susmo batek edo, hobeto esanda, desira edo nahi batek gidatzen baitzuen Cianiren ikerketa lana.
Kritikarien uste zabalduena laburbiltzen zuen artikuluaren hasieran. Vicenzo Vicenziren sinadura zeramaten koadro haiek oso bestelako estilo batean margotutakoak ziren, garai hartarako bitxi samarra zen estiloan eginak, aurreko eredu neoklasiko-errealistetatik urruti. Erromantizismoaren eta errealismoaren arteko konbinaketa eta aldaera guztietatik urrun zeuden, eta, lehen begiratuan harridura piztu arren, kritikari gehienentzat baliorik gabeak ziren. Aditu batzuentzat, Giuseppe Arcimboldoren edo Jeronimo Bosch baten eragin nabarmena erakusten zuten, baina garaiz kanpokoak ziren erabat.
Beti harritu izan nau artelanak deskalifikatzeko garaiz kanpokotzat jotze horrek. Gauza gehienetan bezala artean ere uhinak eta oldeak daudenez, egundoko garrantzia du uhinen joan-etorri horretan egile baten lana non kokatzen den ikusteak. Epigonoa izatea benetan gauza tristea da, olatua pasatu eta gero azken jarraitzaile izateak errukarri uzten baitu artista ustekoa; aitzindaria, berriz, gero etorriko den tropel handiaren gurtzak jasoko du izen handien aldarera, eta beste inork sumatu ez zuena ikusteko eta praktikatzeko gai izan zen ezohiko artista gisa geratuko da. Garaiz kanpo dabilena, berriz, ez epigono eta ez aitzindari, ez dagokion olatu bateko burbuila ikusezina besterik ez da. Baina nire inpresioak ez du batere balio, badakit; Historiako ikasketak egina naizen arren, ez naiz arte kontuetan aditua; are gehiago, ezta bereziki artezalea ere. Beste interes batzuek eraman ninduten Historiako fakultatera; ez arteak, baina historiako indar nagusien nondik norakoak ezagutu nahiak ere ez; indar eta olde horiek astindutako pertsonaia historiko batzuek eragiten zidaten lilurak bultzatu ninduen gazte xalo batengan ulertzekoa den okerreko erabakia hartzera. Eta hemen nabil orain, Antso Jakitunaren Fundazioan liburu eta agirien artean, orduak joan eta orduak etorri.
Sandra Cianiren artikuluak, adituen iritziak biltzeko betebeharrarekin konplitu ondoren, Vicenziren lanak deskribatzeko ahalegina egiten zuen. Marrazki garbi eta dotorea goratu ondoren, figura desitxuratuak agertzen zirela zioen. Ez zegoen motibo historikorik, ez erlijiozkorik, ez mitologikorik, eta nahiko modu kaotikoan azaltzen omen ziren Erroma ingurukoak izan zitezkeen landa giroko estanpak. Baina Cianirentzat gutxi-asko ezagunak izan zitezkeen tokiez gain, ba omen ziren beste batzuk irudimen hutsezkoak zirela ematen zutenak: bihurgunez betetako ibai bat agertzen zen askotan, batzuetan ibai ondoko muino batean altxatzen zen jauretxe moduko bat, inguru hartakoa bertakoa zirudien errota bat eta beste leinu-etxe moduko bat ere bai, zubi baten ondoan, denak ere edozein tokitakoak edo geografia topiko batekoak izan zitezkeenak, Cianiren ustez Vicenziren koadroetako giro erdi eldarniozkoarekin ondo ezkontzen zirenak. Baina, artikuluan horrelakorik aipatzen ez zuen arren, gerora gure arteko solas batean aitortuko zidan hasieratik sentitu zuela toki jakin batekoak zirela, berak ezagutzen ez zuen lekuren batekoak, halako irudipen edo bihozkada bat izan zuela hasieratik bertatik.
Neska gazte baten irudi idealizatua ere maiz agertzen zela zioen Sandra Cianik. Begi beltz handiko neska beltzarana zela esaten zuen, eta irribarre lotsati samarra sumatzen zitzaiola batzuetan. Gutxien uste zen tokian agertzen zen neskaren irudia: ibaiertzean oinak uretan zituela, nekazarien etxe bateko leihoan, inoiz baita hegan pasatzen ari zen hegazti baten gainean ere. Baina, neskaren aurpegia baino gehiago, nonahi agertzen ziren igelak omen ziren koadro haien ezaugarri deigarriena. Ia margolan guztietan azaltzen zirela zioen Cianik, batzuetan hesi batean gora igota, besteetan zuhaitz baten adarrean kantuan ari diren txorien moduan, inoiz elkarren gainean pilatuta meta batean bezala. Vicenziren sinaduraren gainean ere igel bat agertzen zen ia beti; margolanaren motiboa edozein zela ere, han azaltzen zen Vicenzo Vicenzi izen-abizenen gainean igel bat, pintoreak bere nortasunaren ikur bihurtu balu bezala.
Cianik bidali zidan artikulu horretan koadroen gainean hitz egiten zuen batez ere, eta aipatu besterik ez zuen egiten biltegian aurkitutako paper multzoa. Dokumentazio asko zegoela zioen, artean aztertu gabea, eta artikuluan bertan iragartzen zuen erreportaje sail baten hasiera izango zela hura, informazio berria aurkitu ahala artikulu gehiago etorriko zirela.
Baina zergatik jo zuen niregana? Hasita omen zegoen baimenak eskatu eta margolanekin batera azaldu zen dokumentazioa aztertzen, egunkariko kultura saileko arduraduna konbentzitu ondoren. Berez unibertsitateko aditu batzuen esku geratu zen jauregi zaharrean azaldutako artxiboa aztertzea, baina Sandra Cianik ez zuen eragozpen handirik izan bere kontura ikertzen hasteko, orduan ez baitzitzaion margolari ezezagun haren lana inori askorik interesatzen.
Gerora jakingo nuen Cianik hipotesi nagusi bat zuela buruan —gerokoak jakinda, agian hipotesi baino gehiago “nahi” edo “desira” esan beharko nuke—, eta bere uste edo susmoari oinarri sendoa emateko aztertu nahi izan zuela biltegian aurkitutako dokumentazioa; sakabanatuta zeuden paper eta gainerakoetan zegoen informazio guztia jaso eta ordenatu beharra zeukan, eta paper eta orri-sorta haietan izen asko ageri ziren, Cianiren ustez pintura eskola hartan ibilitako ikasleenak gehienak, e-mailean azaldu zidanez. Batzuetan aipamen hutsak ziren, zerrenda batean azaltzen ziren izenak besterik ez; beste zenbait kasutan, ordea, ikasle batzuen izenekin lotura zuten paper gehiago zeuden, eta haiei buruzko informazioa biltzen hastea pentsatu omen zuen Sandra Cianik. Europako bazter askotako izenak zeuden, eta e-mail asko bidaltzen ari zela aitortu zidan haiei buruzko informazioa biltzen joateko. Horien artean ba omen zeuden Murua izeneko ikasle batek sinatutako marrazki batzuk, eta zerrendaren batean ere agertzen omen zen; beste zenbait dokumentutan Muruamendiaraz agertzen zen, baina ikasle bera zela uste zuen Cianik, abizen luzea laburtzera jo izango zuena.
Errazena unibertsitateko irakasleengana jotzea izango zuen, noski, euskal artearen historiaz zerbait dakitenengana, baina sasoi hartan bertan, interneten informazio bila zebilela, nik argitaratutako artikulu batekin egin omen zuen topo kasualitatez. Lehen ere esan dudan bezala, ez naiz ni pintura kontuetan aditua, baina, Historiako ikasketak amaitu eta institutu batean irakasle nenbilela, artean banuen curriculum txukun bat egiten joateko asmoa, batez ere zenbait argitalpenekin janztekoa, eta, nire benetako interesetatik urrun samar zegoen arren, erraz onartu nuen gaztelaniaz argitaratzen den aldizkari batek artikulu bat idazteko eskaini zidan aukera, Euskal Herriko pintura eskolari buruzko lantxo bat, Sandra Cianik interneten suman zebilela aurkitu zuen bera.
Horrela, Cianiren ikerketan garrantzirik gabeko xehetasun bat besterik ez zen margolari ezezagun batengatik hasi nintzen Vicenzo Vicenziren obraren berri izaten, kazetari baten ikerketaren barruan bigarren mailako kontu bati esker. Garrantzi handirik gabeko datuak zirela esaten zidan, baina Vicenzik eskola hartan ikaskide izan zituenen inguruabarrak ezagutzea lagungarri izango zitzaiola irizten zion haren obraren inguruko markoa hobeto zehazteko.
2
Ondo etorri zitzaidan ezusteko eskaera hura, ordurako errutinaren atzaparretan erortzen hasita bainengoen; betiko sailkapen eta katalogazio lan errepikatuak gutxi balira bezala, jasotzen nituen kontsultak ere betiko modukoak izaten ziren, interes handirik gabekoak. Ahanzturaren zurrunbiloak irentsitako izen eta dokumentuen artean ibiltzen ohituta, margolari ezezagunaren kontuak halako bizigarri bat ematen zien lau hormaren artean itotako egun luze aspergarriei. Eskueran neukan bibliografia arakatzen hasi nintzen XIX. mendearen hondarrean Erromara ikastera joan ziren pintoreen izenen bila.
Urte batzuk lehenago neuk idatzi nuen artikulurako erabili nituen iturrietakoak freskatu, eta gogoan nituen izenekin hasi nintzen han eta hemen aztarna bila. Erroman ibilitakoen artean Etxenagusia hondarribiarra zen orduko nire lantxo hartatik ondoen gogoratzen nuena, beharbada Erroman geratu eta bertan hil zen bakarretakoa izan zelako, eta haren zertzelada batzuk eman nahi izan nizkion Sandra Cianiri. Bergarako Errege Mintegian hasitako ikasketen jarraipen sendorik ez zuen izan Etxenagusiak, harik eta izeba batek herentzian utzi zion dirutzak bizitza erabat aldatu zion arte. Segituan hartu zuen Erromarako bidea; 1876az geroztik han izan zuen egoitza, eta Erroman bertan hil zen 1912an. Rossettiren adiskide egin zen arren, prerrafaeliten moldeak baino gehiago erakartzen zuen erromantizismo garaiko nazaretarrenak; Bibliako eta bereziki Jesukristoren bizitzako gaiak maite zituen, eta horrelakoetan gailendu zen, Sanson eta Dalila edo Kristo Golgotan lan ezagunek erakusten duten bezala. Ez zuen Euskal Herriarekin zuen lotura galdu, eta behin baino gehiagotan hartu zuen parte Lore Jokoetan; enkargu garrantzitsuak jaso zituen, gainera, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundietatik, bataren jauregiko sabaiak margotzeko eta erregearen foru-zinaren irudia egiteko bestearen beirateetarako.
Erromatik pasatu zirenen artean ezagunenarekin jarrai nezakeen, Zuloagarekin, baina seguru nago interesik ez zuela izango Sandra Cianirentzat, oso denbora gutxi egin baitzuen han eta segituan hartu baitzuen Pariserako bidea. Zuloagak berak bezala, beste euskal pintore batzuek ere Etxenagusia izango zuten agian irakasle Chigi Akademian; Diaz Olano gasteiztarrak, esate baterako, bi urte egin zituen Erroman, 1894tik 1896ra, eta, atzera jaioterrira itzuli bazen ere, oso litekeena da 1898 inguruan beste egonaldi bat egin izana. Ginea eta Arrue bilbotarren aipamena ere egin nion Cianiri, baina banekien haiek ere ez zutela denbora asko egin Erroman. Irureta tolosarra zen, nik ezagutzen nituenen artean, egonaldirik luzeena egin zuena; Etxenagusiaren lagun handia izandakoa, Erroman estudioa izatera iritsi zen, nahiz eta azkenean Euskal Herrira itzultzeko aukera egin zuen; 1912an hil zen, Etxenagusia bezala, baina ez bere lagunaren moduan Erroman, Donostiako estudioko leiho batetik bere burua botata baizik.
Asko ziren Erroman ikasle izandako euskal artistak, tartean han estudio bat izatera iritsi zirenak ere bai, baina ez nuen Murua izeneko inoren arrastorik aurkitu. Ezagutzen nituen izenen berri laburra eman nion Sandra Cianiri, eta ikertzen jarraituko nuela agindu nion.
E-mailez hasitako harremanak horrela jarraituko zuela uste nuen, beste kontsulta asko bezala hura ere hiru edo lau mezutan amaituko zela. Goiz batean, ordea, Italiatik dei bat neukala esan zidan lankide batek, eta harridura segundo batzuen ondoren telefonoa hartu nuenean emakume baten ahotsa entzun nuen Ander Beitiaren galdezka. Neu nintzela esan nionean, poz hartzen zuela esan zidan.
— Eskerrak eman nahi nizkizuke egindako lanagatik. Hobe genuke hemen ere zu bezalako jende saiatu gehiago bagenu.
E-mailezko mezuetan bezala, ingelesez ari zitzaidan, hitz-jario errazean, hizkuntza horretan jarduteko ohitura balu bezala, baina italiar doinu nabarmenarekin. Ahots sendoa zuen eta ozen hitz egiten zuen, karakter handikoek ohi duten bezala.
— Europako bazter askotatik ari naiz informazioa biltzen, baina zurea bezain zehatzik ez dut inondik jaso.
Pintore eskolako paperetan aurkitutako izenekin egindako zerrenda luzea ustiatzen ari zen, han eta hemen bilatutako kontaktuei ahalik eta zukurik handiena atera nahian. Erromako eskola hura benetako hizkuntza eta kultur arragoa zela begitantzen zitzaiola esan zidan: espainiar asko zeuzkan zerrendan, baita portugaldarrak ere, tartean izen frantses batzuk ere bai, eta holandarrak eta bestelakoak ere ez ziren falta.
Vicenzo Vicenziri buruz ez zidan ezer askorik esan, zeharkako iruzkin bat besterik ez margolari liluragarria zela esateko (“a fascinating painter”), baina hainbeste atzerritarren artean Italiako bertako margolariak ere izango zirela pentsatu nuen, eta horrela galdetu nion.
— Bai, badira, baina kanpotarrak gehiago —erantzun zidan, eta isilik geratu zen gero une luze samar batez. Isilunearen ondotik aitorpen moduko bat egin zidan—; italiarren artean nire abizeneko bat, Angelo Ciani.
Sandra Ciani bere historia kontatzen hasi zitzaidan, eta orduan joan nintzen pixkanaka ulertzen haren benetako motibazioa. Txikitatik zekiela esan zidan aitonaren osaba bat margolaria izan zela. Ez zen etxean arbaso pintorearen oroitzapen askorik gordetzen; haren lanetatik, berriz, lapitzez egindako marrazki eta zirriborro batzuk besterik ez. Batzuetan forma geometrikoekin egindako figurak zeuden, ariketa huts ziruditenak, baina benetako marrazki figuratiboak ere ba omen ziren.
Marrazki haietako bat autorretratua zela esan zidan, edo hori esaten zuela behintzat aitonak, Sandra haurra zela Angelo Ciani margolaria ezagutu zutenetatik geratzen zen bakarrak. Baina Sandra Cianiri beste marrazki bat egiten omen zitzaion deigarria txiki-txikitatik: neska gazte baten erretratua zen, Sandra haurraren irudimenean margolariaren maiteetako bat izan zitekeena.
Horrela jarraitu zuen azalpenak ematen eta, nire harridurarako, margolari ezezagun bati buruzko ikerketa bestelako kontu pertsonalekin zipriztintzen. Aitonaren osabaren kontuekin hasi, eta bere bizitzako zertzelada batzuk ematen jarraitu zuen Sandra Cianik. Kazetaritza ikasketak amaitutakoan, egunkari batean hasi omen zen lanean, hasieran denetik eginez, baina pixkanaka kultura kazetaritzako bidea egin omen zuen, batez ere arte gaietan zentratuta. Aspalditik zetorkion zaletasun hori, beharbada arbaso margolariaren eraginez. Noizean behin iritzi artikuluren bat ere enkargatzen omen zioten, batez ere gero eta ugariago hedatzen ari ziren mostra, arte azoka, jaialdi eta gainerakoez.
— Bigarren erreportaje baterako material berria daukat, eta horrekin ari naiz orain —aitortu zidan, nola ez dakidala nirekin hartzen ari zen konfiantza harekin.
Pintore eskolako maisuaren alaba izan zitekeen neska baten gutunak aurkitu zituela esan zidan, eskolako ikasle batekin izandako harremanari buruzko pista ugari ematen zituztenak. Hala aitortu zidan, ezin disimulatuzko emozio batekin. Berriz ere nik bidalitako informazioa eskertu, eta La Repubblican laster argitaratzekoa zen bigarren artikulua bidaliko zidala hitzeman zidan.
Handik astebetera jaso nuen, e-mail bati erantsita, Sandra Cianik agindutako bigarren artikulu hura. Aurkikuntzari buruz lehen artikuluan emandako informazioa laburbildu eta zabaldu egiten zuen bigarren erreportaje horretan, baina egile ezagunen obren bidebatezko aipamen hutsa besterik ez zuen egiten, eta Vicenzo Vicenziren lanei buruzko xehetasunei heltzen zien bete-betean.
Kritikari gehienekin bat egiten zuen Sandra Cianik margolanen balioari buruzko zenbait puntutan, eta ez zuen inolako eragozpenik aitortzeko koadroak teknikaren aldetik oso onak ez zirela; Cianirentzat ere Vicenziren marrazkiak hobeak ziren margolanak baino. Baina, teknikan baino gehiago, koadro haietako motiboetan zegoen Vicenziren lanen xarma, Erdi Aroko kutsua zuten jauregi eta dorreetan, animalia batzuen presentzia ezohikoan (basurdeak, zapelatzak…), gutxiena espero zen tokian agertzen zen neska beltzaran hartan, beti muino baten inguruan bihurrikatzen zen ibaian, eta batez ere elementu haien guztien konbinaketa itxuraz ausazkoan, egileak gogoak eman ahala edozein tokitan ezarri nahi izan balitu bezala.
Berriz ere nabarmentzen zuen harridurarik handiena igelen ugaritasunak sortzen zuela; batzuetan erdi fantasiazko paraje haietan sakabanatuta azaltzen ziren, besteetan elkarren ondoan bilduta, kasuren batean elkarren gainean pilatuta. Pintorearen sinaduraren gainean agertzen zen hura zen beti toki finkoa zuena, besteak baino xehetasun handiagoz margotua. Lehen begiratuan beste espezie batekoa ematen zuen, agian kolore berde horiztagatik, baina batez ere bizkarrean zuen orban nabar handiagatik.
Ez zen Ciani harridura horretan bakarra. Zenbait aditu saiatzen zen igelen ugaritasun hari esplikazioren bat edo interpretazioren bat bilatzen, eta, horrelakoetan ohi denez, nork bere azalpena ematen zuen. Batzuek Vicenzik igelekin zuen obsesio bitxia aipatu besterik ez zuten egiten eta horrekin alboratzen zuten gaia; beste batzuek, ordea, igelaren balio sinbolikoaren hariari heltzen zioten: gauza zikin eta higuingarrien ikur ziren igelak, eta uraren eta lurraren arteko trantsizio modukoa den lohiarekin lotzen zituzten, ugalkortasunaren sinbolo ere bazirela ahaztu gabe, baina batez ere itxuraldaketa eta metamorfosiaren ikur zirela azpimarratzen zuten, Vicenziren estiloarekin lotura egin nahian.
Ciani ez zen gehiegi luzatzen, ordea, margolanen teknikaz eta haietan ageri ziren elementuen interpretazioaz, Vicenziren bizitzako zertzeladei lehenbailehen heldu nahi izan balie bezala. Lehen artikulua argitaratu ondorenean izkribu gehiago aurkitu zituztela zioen, bestelako zenbait agiriren artean. Vicenziren paperak beste askorenekin nahastuta egoteak zaildu egiten omen zuen ikerketa, baina zorionez gutun batzuk aurkitu zituela zioen Cianik, oso argigarriak izan zitezkeenak.
Listari gorri batekin bildutako gutun multzo batean zeuden jasota Natalia izeneko neska batek Vicenziri bidalitakoak, Vicenzik bereak igorri aurretik egiten zituen zirriborro batzuekin batera. Maitasunezko gutun haietan, Nataliaren ezpain haragitsuek eta begi beltz handiek eragiten zioten estasi modukoaz hitz egiten zuen maiz Vicenzik, baina baita Nataliaren aitak, itxura guztien arabera margolari eskola hartako maisuak, eragiten zion errespetuaz eta beldurraz ere. Nataliaren gutunak ere gozoak zirela zioen Cianik, Vicenziren maitasun hitzei abegikor erantzuten zietenak.
Cianik artikuluan zioenez, garbi zegoen Vicenzi maisuaren alabarekin maiteminduta zegoela eta nolabaiteko harremana hasia zutela. Ez zen garbi geratzen zenbaterainokoa zen harremana, baina, aitaren erdi ezkutuan zebiltzala kontuan hartuta, ez zirudien ezkontza konpromisorik egon zenik. Modu batera edo bestera, gutunen edukiak aztertuta, ez omen zegoen zalantza izpirik ere Vicenziren maiteminaz eta Nataliaren nolabaiteko maite-ordainaz.
Oso argigarria zen, Cianiren iritzian, Vicenziren lanetatik geratu zirenen artean neska baten marrazki bikain bat egotea, Vicenzik gutunetan aipatzen zuen neskaren ezaugarriekin bat zetorrena. Marrazki hark estudio tankera guztia zuela iruditzen zitzaion, gero koadroetan hainbestetan agertuko zen aurpegiaren irudi osoa egin nahi izan balu bezala aurrez. Neska beltzarana zela zioen Cianik, hegoaldeko tipo nabarmenekoa, ezpain lodi eta begi beltz handikoa.
Artikuluarekin batera bidali zidan e-mailean bestelako xehetasun batzuk ere ematen zizkidan Sandra Cianik. Vicenziren paperetan ba omen ziren, Nataliarekiko gutun-trukeaz gain, bestelako paper eta agiriak ere, Cianik bigarren artikulua idatzi zuen garaian artean ordenatu eta irakurri gabe zeuzkanak. Dietario moduko batek eman ziola atentzioa esan zidan, han aurkitu baitzituen eguneroko bat balitz bezala Vicenzik bere buruarentzat idatzi zituen ohar eta apunte labur batzuk.
Ohar haiek irakurrita jakin omen zuen Cianik ikasle berri bat agertu zela eskolan, Vicenzi maisuaren alabarekin harremanetan hasi eta gutxira, Mefisto ezizenez aipatzen zuen planta oneko gizon gazte bat, Vicenziren zoritxarrerako neskaren arreta piztu zuena. Ikasle berria iritsi orduko lehia sortu zen, nonbait, Vicenziren eta iritsi berriaren artean, Nataliaren bihotza nork irabaziko, denborarekin eta tentsioaren metaketarekin gordintzen joan zena, hasierako lehia hura bien arteko ezinikusi eta gorroto bihurtzeraino.
3
Jose Etxenagusiaz, ondoen ezagutzen nuen pintoreaz, eskueran nuen material guztia arakatzen ari nintzela egin nuen topo ordura arte zeharo ezezaguna zitzaidan Gregorio Muruamendiaraz margolariaren izenarekin. Etxenagusiari buruzko monografia eta artikuluek behin baino gehiagotan azpimarratzen zuten beste euskal margolari askorentzat izan zuen garrantzia, zenbat izan ziren haren laguntzari esker Erroman ikasteko aukera izan zutenak, horietako asko Chigi Akademian bertan, hondarribiarra irakasle zutela, baina ez nuen ordura arte Muruamendiaraz horrekin topo egin. Zeharkako aipamen bat izango zela pentsatu nuen, baina, zorionez, uste baino gehiago aurkitu nuen. Muruamendiaraz Bergaran jaiotakoa zela esaten zuen, 1864. urtean, eta jaioterrian bertan egin zituela lehen ikasketak, orduko margolari asko erakartzen zituen Errege Mintegian, eta gero Gasteizen jarraitu zuela ikasten Madrilerako bidea hartu aurretik. Ez zuen zehaztasun gehiago ematen, baina uste izatekoa zen beste asko bezala hura ere Arte Ederren San Fernando Errege Akademian ibili izango zela ikasle.
Muruamendiarazek ere Etxenagusiaren laguntzarekin Erromarako bidea hartu zuela zioen monografiako oharrak, baina ez zuen datarik zehazten, ez haren lanen berririk ematen. Ez zuen, nonbait, Diaz Olanoren edo Iruretaren edo, zer esanik ez, Zuloagaren osperik lortu, eta bazirudien haren izena ere betiko itzali zela, artista ezagunagoei buruzko ikerlanetan zeharkako aipamen hutsean geratzeraino. Ez zirudien Muruamendiarazek, garaiko artista askok bezala, aldundiaren edo beste erakunderen baten pentsiorik jaso zuenik, eta, ikerlanak Etxenagusiaren babesaz hitz egiten zuenez, izebaren herentziarekin aberastu berria zen haren laguntza izango zuen beharbada, ez agian prestigiozko akademia batean ikasteko adinakoa, baina bai margolariren baten estudio-tailerrean bere formazioarekin jarraitzeko modukoa.
Egindako aurrerapen xumearen emaitza Sandra Cianiri bidaltzekotan nengoela, datu jakingarri batekin egin nuen topo beste testu bateko oin-ohar batean. XIX. mendeko euskal margolari batzuen aipamen hutsa egiten zuen zerrenda besterik ez zen, izen-abizenen ondoan jaiotza eta heriotza urteak ematen zituena. Han aurkitu nituen Gregorio Muruamendiarazenak: 1864-1897. Banekien orain noiz hil zen, baina ez non; ez nekien Etxenagusia bera bezala hura ere Erroman hil ote zen, edo berriz ere Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartu ote zuen, Irureta eta gainerako gehienek bezala.
Bidali nion informazio berria jaso orduko berriz deitu zidan Sandra Cianik, egindako lanagatik eskerrak emateko.
— Oso gustura nago. Espero baino informazio gehiago ari naiz jasotzen; Europako bazter guztietatik, gainera.
Ahotsa aurreko deian baino sendoagoa iruditu zitzaidan, edo ozenago hitz egiten zidala, eta, italiarrei buruzko estereotipoari men eginda, imintzio eta eskuen mugimendu biziekin ari zitzaidala imajinatu nuen. Ukaezina zen transmititzen zuen poza, ikerketan aurrera egiten ari zelako zuen entusiasmoa.
— Zure informazioa bezain zehatzak gutxi, ordea —esan zidan, laudorioa algara batekin azpimarratuz.
Eskerrak eman nizkion hitz adeitsu haiengatik, konbentziturik hainbat tokitan zituen berriemaileei ere konplimendu bera egingo ziela. Ez zuen ematen behintzat nik bidalitakoari hainbesterainoko interesik ikusten zionik, ez baitzidan hitz erdirik ere egin Muruamendiaraz pintoreaz edo hari buruz igorri nionaz. Vicenzo Vicenzi margolariaren ingurua hobeto ezagutzeko ikerketan, bazirudien beste toki batzuetatik informazio baliagarriagoak jaso zituela.
— Oso deigarria egin zait Portugalgo pintore bati buruz bidali didatena. Abrantesko margolari bat da, hiriko jauntxo baten laguntzari esker Erromara ikastera etorria. Vicenziren margolanetako motibo batzuek antz handia daukate Tajo aldeko zenbait parajerekin.
Vicenziren margolanez nekien bakarra berak artikuluetan aipatzen zuena zela esan nion, ez nuela irudi bakar bat ere ikusteko aukerarik izan. Argazki batzuk bidaliko zizkidala agindu zidan, eta Portugalgo berriemaileak bidali zizkionekin jarraitu zuen.
— Bitxia da Ribatejoko toki batzuek koadroetakoekin duten antza: ibaiaren bihurguneak, urertzetan ikusten diren jauregi eta dorreak.
Telefonozko solasa amaitu eta berehala bidali zizkidan e-mailez Vicenziren margolan batzuen argazkiak, berak mugikorraren kamerarekin ateratakoak ziruditenak, ez kalitate handikoak, baina margolanen gaiei eta estiloari buruzko ideia bat egiteko balio izan zidaten.
Lehen koadroak jo eta ma utzi ninduen, han ikusten ari nintzenak ez baitzuen zerikusirik XIX. mendearen hondarreko pintoreek egiten zutenarekin. Lehen begiratuan nekazari giroko estanpa bat zirudien, baina han toki dekadenteak ziren nagusi: abandonatutako lekuak, erdi erorian zegoen errota bat, huntzak eta belarrek hartutako dorreak. Margolanean ageri ziren giza irudiak —errotaria zirudien gizona, noble itxurako zaldizko bat— erabat desitxuratuta zeuden; aurpegi bihurrituak zituzten, begi arranpaloak, aho zabaldu okertuak; ibai ondoko errotaren aurrean zegoen neska baten irudia zen salbuespen bakarra.
Bigarren margolanean jauregi edo dorretxe batek hartzen zuen toki nagusia, ibaiaren bihurgune baten ondoko muino baten gainean. Lau isurialdeko teilatua zuen gotorleku baten sendotasuna erakusten zuen jauretxeak. Teilatuaren ertz batean belatza edo zapelatza ageri zen urrutira begira bezala; beste toki batean zapelatza atzaparrak zabal-zabal eginda azaltzen zen oilo bat harrapatzeko zorian, eta koadroaren beste toki batean hegan zihoan zapelatza oiloa atzaparretan zuela. Basurde bat ere ageri zen, aurreko hankak arbola baten enborrean bermatuta, baina margolan hartan ugarienak igelak ziren: ia zuhaitz bakoitzean igel bat zegoen, batean enborraren ondoan, bestean enborrean gora balihoa bezala, hurrengoan adar baten gainean, eta azkenean arbolaren adaburuan, egileak igelaren igoeraren sekuentzia osoa irudikatu nahi izan balu bezala.
Hirugarren koadroan berriz ere neskaren irudia ageri zen, oraingoan ibaian bainatzera sartzen ari balitz bezala, ertzetik baino ibaiaren erditik gertuago, ura gerriraino zuela. Ibaiaren beste aldeko ertzean igel multzo handi bat zegoen, denak neskari begira. Etxea ez zen aurreko margolaneko bera, ez zuen hark zeukan gotortasun itxurarik; txikiagoa zen, batez ere apalagoa, eta ondoan zuen zubiaren jarraipen harmonikoaren inpresioa egiten zuen, koadro haietan zerbait harmonikoa aurkitzea bera ere harrigarria egiten bazen ere.
E-mailean jasotako argazkietako azkena ez zen Vicenziren koadro batena, baizik eta Sandra Cianiren beraren argazki bat, ez edozer moduz ateratako selfie bat, norbaitek bere trebezia eta kontu guztiarekin egindakoa baizik. Beste argazkiekin batera nahi gabe erantsi izango zuela pentsatu nuen, horregatik iritsi zitzaidala harena, ez beste ezergatik. Agian kasuan gero eta interesatuago nengoelako eta protagonistei aurpegiak jartzen hasi nintzelako, Ciani ere emakume beltzarana zela imajinatzen nuen, berak esandakotik irudimenean sortu nuen Natalia hura bezalakoa edo Vicenziren margolanetan ikusi berria nuen haren antzekoa: ile luze leuna, begi beltz handiak, ezpain lodiak… Argazkian ageri zen hura, ordea, beltzarana bai baina oso argala zen, aurpegi luzexka zuena, oso azal zurikoa eta hazpegi zorrotz samarrekoa; kizkur antzeko ile beltz ugaria zuen, bi ur-jauzi handiren moduan aurpegiaren bi alboetara isuriko balitz bezala; soineko urdin estanpatua zeraman eta betaurrekoen armazoi urdina aurpegi zurbilean.
Ordutik aurrera ugaldu egin ziren gure arteko e-mailak eta telefonozko solasak. Neure argazki bat bidaltzekotan egon nintzen, baina zer dela eta igorri behar nion nik nirea? Hori egitera, agian harreman profesional hutsetik aurrerago joateko asmoa nuela ulertuko zuen, eta nik ez nuen inolako gaizki-ulertzerik nahi.
Gero eta maizagoko mezu eta telefono deietan, bere bizitzako kontu pertsonaletara lerratzen hasi zen, nik horretan behar besteko ordainik ematen ez banion ere. Lehen ere esana zidan txikitatik zekiela aitonaren osaba bat margolaria izan zela, eta gazterik hil zela, baina berandura arte ez omen zuen jakin hilda agertu zela. Aitonari bazkalorduko solas batean itzuri zitzaion, nonbait, bere osaba margolariaren heriotzaren kontua, ordura arte isilean gorde izan zuena —ingelesez hitz egiten zidan, baina nonno esaten zuen aitonaz ari zenean—. Familiako bazkari hartan aitonaren osabaren heriotzarena atera zenetik, interes handia izan zuen Cianik Zio Angelo haren bizitzaz eta heriotzaz gehiago jakiteko. Aitona zen, noski, horretaz gehien zekiena, eta hari hasi zitzaion galdezka; alfer-alferrik, ordea, ordurako burutik arintzen hasita baitzegoen eta gauza gehienak ahaztuta baitzeuzkan. Batzuetan, hala ere, aitonak ahaztu plantak egiten zituela iruditzen omen zitzaion, bere baitan ondo lurperatu nahi izan balu bezala osabaren atarramentu tristearen kontu guztia, gai hartaz hitzik ere egin nahi ez balu bezala.
“Hogei bat urterekin hasi nintzen galdezka berriz, artean kazetaritza ikaslea nintzela”, esan zidan solasetako batean, “baina etxean ez zidaten ezer askorik esaten, umetatik nekizkien bi edo hiru kontu haiek bakarrik”. Berak, ordea, beti izan zuen susmoa beste zerbait ere egon zitekeela arbaso haren heriotzaren atzean, beharbada ezkutuan gorde beharreko zerbait. Aitona hila zen ordurako, eta ezin hari ezer galdetu; aitak ere ez zuen askorik kontatzeko, beharbada aitonak berak ere transmititu ez ziolako.
Muruamendiarazen heriotzaren urtea ondo gogoan geratu zitzaiola zirudien. Zio Angeloren heriotza ilunaz ez zekien ezer asko; ez zekien data zehatzik, baina familiako belaunaldien kontuak aterata, etxean entzun zituenak entzunda eta aitonak umetan ezagutu zuela kontuan hartuta, Angelo Ciani ere XIX. mendearen azkeneko urteetakoren batean hila izango zela ateratzen zuen ondorioa. Agian horregatik irudituko zitzaion interesgarria nik emandako informazioa, batzuetan neure inozoan niganako interesa zela susmatzera eraman ninduena, eta horregatik hartuko zuen nirekin hitz egiteko ohitura. Beharbada Europan barrena barreiatuta zeuden gainerako berriemaileekin ere antzeko tratua izango zuen, baina Abrantesko pintorearen informazioa bidaltzen zion Portugalgo ikertzailea ez zidan orain hainbestetan aipatzen.
Egun batean, telefonoz solasean ari ginela, garbi azaldu zidan bere hipotesia. Vicenziren kasua ikertzera zerk eraman zuen azaltzen hasi zitzaidan berriz ere, eta aitortu zidan Angelo Cianiren garaitsukoa izateak piztu ziola Vicenziren biziari eta obrari buruzko jakin-mina.
— Egia esanda, ez zen garai jakin bateko arte giroari eta margolarien bizimoduari buruzko interes soila, Zio Angeloren sasoikoa izatea baizik.
Margolari ia erabat ahaztu baten materiala izatea oraindik ere kitzikagarriagoa zitzaion Cianiri, kontu ezezagun batzuk argitara ekartzeko aukera ikusten zuelako eta bera bezalako kazetari batentzat benetako pagotxa izan zitekeela susmatzen zuelako, gerora bete-betean egiaztatuko zen intuizio garbi batekin. Gainera, estiloan Angeloren lanetatik geratu zirenen antza hartzen zien Vicenziren ezaugarri batzuei —koadroen atzean zegoen marrazki lanari bereziki—, eta batzuetan antza baino zerbait gehiago egon zitekeela barrundatzen zuen.
— Vicenzi eta Ciani bi baldin baziren, biek ere maisu beraren eragina jaso zutela esango nuke —esan zidan bere hipotesiaren aitorpenerako azken urratsa eginez—. Bien arteko antza ez zait iruditzen garaiko estilo nagusiei zor zaienik.
Isilune baten ondoren zuzen bota zidan ikerketa hartan murgiltzeko izan zuen benetako motiboa:
— Vicenziren margolanak Angelo Cianik ezizenez sinatuak izan litezke.
Zaila egiten zitzaidan sinestea berriemaile guztiei halako azalpenak ematen zizkienik. Agian susmoa izango zuen Vicenziren dietarioan agertzen zen Mefisto hura Muruamendiaraz izan zitekeela, nik ikergai nuen euskal pintore hura izan zela beharbada Vicenzi ezizenarekin izenpetzen zuen margolariaren lehiakidea. Baina zer arrazoi zituen horretarako? Agian antzeko deiak egingo zizkion Abrantesko margolariaren informazioa ematen zion portugaldarrari ere, zoritxarreko artista izan zen arbaso baten bizimodu erromantikoak hunkituta, edo harrotuta, auskalo.
Cianiren ustez, zerbait gertatu zitzaion Vicenziri, edo ezizen horren atzean gordetzen zen Angelo Cianiri, holako estilo aldaketa egiteko, ordura arte eskolan ikasitako eta landutako pintatzeko era horrela iraultzeko. Bazuen, gainera, uste horri heltzeko beste arrazoi sendoago bat: Angelo Cianiren lanetatik familiak gordetakoen artean neska baten erretratua zegoen, Vicenziren marrazkiko berbera, Sandra Cianik konbentzimendu osoz esaten zuenez, Vicenzik estilo naturalista-errealistan egindako bakarra.
— Angeloren obrarik gehiena galdu egin zela entzun nuen beti etxean. Orain badakit estiloa zeharo aldatu zuela, eta ez estiloa bakarrik, izena ere aldatu egin zuela.
Pare bat asteko etenaren ondoren, Sandra Cianiren e-mail bat jaso nuen, eta hari erantsita erreportaje saileko hirugarren artikulua. Aurrekoetan bezala, arte kritikarien iritziak jasotzen zituen hasieran, oraingoan haietako batzuen artean sumatzen zuen iritzi aldaketaren berri emateko. Vicenziren margolanak aurkitu berritan haien balio eskasaz ia erabateko kontsentsua egon zen arren, orain kritikari batzuk hasiak ziren Vicenziren lanak gehiago baloratzen: iruditerian zeuden berritasunak azpimarratzen hasi ziren, aurreko joerekiko hausturari garrantzia ematen eta garaiko estiloen artean Vicenzirenak zekarren aldaketa estimatzen.
Kritikari batzuek erudizio erakustaldi bat egiteko aprobetxatzen zuten Vicenziren obra harrigarria, horretarako historiako anekdotak eta elezaharrak erabili behar bazituzten ere. Haietako batek igelen korrokaren eragin aztoragarria aipatzen zuen, eta historiaren zurrunbiloan galdutako garai bateko anekdota jasotzen zuen: Frantziako herri batean igel izurri moduko bat izan omen zen, eta igelen korroka jasanezinak herria jendez hustu omen zuen. Beste batek San Gangulfori igelekin gertatutakoa kontatzen zuen; igelen kantu ozenak meza ematea galarazten omen zion egun batean, elizatik irten eta banan-banan mingainak lotu omen zizkien igelei; horrela mututu omen zituen, eta harrezkero ez omen zioten meza galarazi.
Vicenziren margolanetako igelak gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari ziren, nonbait, eta ez kritikarien iruzkinetan bakarrik, baita Sandra Cianiren berarenetan ere. Ordura arte aipatu gabeko datu berri bat ematen zuen artikuluan: Vicenzo Vicenziren sinaduraren gaineko igelen bizkarretan agertzen zen orban hura ez zen orban hutsa; arreta handiagoz eta lupa baten laguntzarekin begiratuz gero, garbi zegoen igelen bizkarretako irudi hura giza aurpegi bat zela, gizonezko baten aurpegiaren marrazki bat, agian Vicenziren beraren autorretratu modukoa izan zitekeena, margolanetan zegoen tokiagatik egilearen sinadura indartzeko-edo pentsatua zirudiena.
Estiloari eta igelei buruzko xehetasunez gain, bestelako datu batzuk ere ematen zituen artikuluak. Margolaritza eskolako kontuen liburuak ere agertu zirela zioen, ikasle bakoitzaren ordainketekin, baina espero zitekeen bezala Vicenzirenik ez, garbi baitzegoen hango ikasle batek hartu zuen ezizena zela. Artikuluarekin batera bidali zidan e-mailean esan zidan kontu liburuetan Muruamendiarazen izena ere ageri zela, beste askoren artean, baina artikuluan izen bakarra aipatzen zuen: Angelo Cianirena.
Aurkitutako material berriaren artean bazen bat aparteko garrantzia zuena: Vicenzik berak sinatutako testu bat, Erdi Aroan kokatutako ipuin bat. Sandra Cianiren hirugarren erreportaje hura horregatik zen aurreko biak baino laburragoa, artikuluaren ondoan ipuinaren laburpena ere ematen zuelako, eta neurri batean artikuluaren egitekoa ipuin hura kontestualizatzea zelako. Arraroa egin zitzaidan, ordea, artikuluarekin batera ipuina ere bidali ez izana; hirugarren artikulu eskaneatuan egunkariko eskuineko orrialdearen ertza ikusten zen, zalantzarik gabe ipuina jasotzen zuen orrialdearena, baina ahaztu egin zitzaion, nonbait, hura ere bidaltzea. Beharbada egunkariaren web orrian aurkituko nuela pentsatu nuen, baina Sandra Cianiren erreportaje haiek ordainpeko edukiak ziren tamalez.
Ordurako datu berri batzuk lortuak nituen Muruamendiarazi buruzko ikerketan. Madrilen hasi nahi izan zuen karreran arrakastarik izan ez, eta miseria gorrian erortzeko arriskuan ibili zen bolada batean, harik eta Jose Etxenagusia adiskideak Erromara joateko bidea zabaldu zion arte. Horrela bete izango zuen garaiko margolari gehienen ametsa: orduan gehien estimatzen ziren ereduak ezagutzeko aukera izango zuen, eta maisu on batekin ikasi eta aurrera egitekoa, orduan puntakoak ziren akademietako batean ez izan arren.
Badirudi Gregorio Muruamendiarazek enkargu txiki batzuk lortu zituela, baina munta txikikoak, bizimodua ateratzeko lain ematen ez ziotenak. Saiatu zen, nonbait, bere adiskide Jose Etxenagusia bezala Lore Jokoetako lehiaketetan parte hartzen ere: hirutan bidali zituen obrak, baina arrakastarik gabe. Madrileko Exposición Nacionalerako ere bidali omen zuen lanen bat, baina nola lortuko zuen ezer, bere adiskide miretsiak berak ere bigarren saria besterik irabazi ez bazuen!
Xehetasun horiek Sandra Cianiri bidaltzekotan nenbilela, Muruamendiarazen heriotzaren datuarekin egin nuen topo berriz. 1897an hil zela jakiteak eraman ninduen ikerketa urte hartan zentratzera, eta kazeta zaharrak arakatzen hasi nintzen. Horrela aurkitu nuen Euskal-Erria aldizkariaren orduko ale batean ohar labur bat, Gregorio Muruamendiarazen heriotzaren berri ematen zuena. Urteko azken alea zen, eta, besteak beste, 1897ko gertakari nagusien laburpen moduko bat egiten zuen. Ez zion pintorearen heriotzari toki askorik eskaintzen: Erroman ezbeharrez hil zela esaten zuen, bestelako zehaztasunik eman gabe.
Datu berri hori jakin orduko e-mail bat bidali nion Sandra Cianiri, eta, informazio berria emateaz gain, gogorarazi nion egunkarian argitaratutako ipuina bidaltzea ahaztu egin zitzaiola. Segituan erantzun zidan oraingoan, hutsegiteagatik barkamena eskatuz eta Muruamendiarazen heriotzari buruzko informazioagatik eskerrak emanez. Egunkariko beste orrialdea bidali zidan eskaneatuta, eta Vicenziren ipuina bere hartan argitaratu ez izana justifikatzeko testuaren kalitate literario txarra aipatu zidan, horregatik ez zela ausartu testua bere hartan transkribatzen, eta nahiago izan zuela berak egokituta argitaratzea. Hori da egin zuena, eta hori da bidali zidana, testuaren transkripzioaren ordez berak egindako moldaketa, jatorrizko testuaren hitzez hitzezko zatirik txertatu gabe argitaratua.
4
Vicenzo Vicenziren kontakizuna, Erdi Aro lauso batean kokatua, Pietro di Capria jaunaren aurkezpenarekin hasten zen. Dorretxe edo jauregi handi batean bizi zen jaun hori, inguruko lur guztien jabe, eta, lurrak ematen zuenaz gain, bere jabetzako eremuan zeuden errota eta burdinolen etekin ugariek eskualdeko jaun aberatsenetakoa egiten zuten, ia Ozzetako jaunaren pareko.
Capriakoak eta Ozzetakoak ziren eskualdeko jaun ahaltsuenak, beti beren artean liskarrean ibilitakoak. Belaunaldiz belaunaldi ondorengoengana pasatzen zen bi familien arteko gatazka, noizean behingo barealdiari beti gordinaldi batek jarraitzen ziola. Liskarraldi bortitz horietako batean gertatzen dira Vicenzik kontatzen dituenak, lursail baten eta hango errotaren jabetza zela-eta aspalditik zetorren konpondu ezina gogortu zen bolada batean. Ozzetatarrek zioten errota eta inguruko lurrak beti haienak izan zirela, baina aspaldi batean, oso garbi ez zeuden arrazoiengatik, capriatarren eskuetara pasatu omen zirela. Usurpazioa irentsi ezinik, lur haiek erreibindikatzen tematzen ziren Ozzetan izandako azken jaun guztiak.
Ozzetakoen jabetzako lurren mugan zegoenez, errotakoek ohitu egin behar izan zuten haien laidoak, irainak eta mehatxuak ahal zen bezala eramaten. Egun batean, ordea, hango errotaria hilda agertu zen, itxura batean inolako indarkeria zantzurik gabe, inork argitzerik izan ez zuen moduan hila. Harrezkero alarguna eta alaba biak bakarrik bizi izan ziren errotan, eta errotaria hil zenetik areagotu egin zen ozzetatarren jazarpena.
Babesgabetasun egoera hartan, Capriak lehen baino indar handiagoz hartu zuen errotakoen babeslearen figura. Ama-alabei gero eta sarriago egiten zizkien bisitetan estutzen joan zen haien arteko tratua, eta tratabide horretan alabarekin maitemindu zen azkenean. Capria hiru urte lehenago ezkondua zen, beste jaun baten alabarekin egindako komenentziazko ezkontza batean. Ez zuen emaztea maite, eta, errotako alabak bihotza harrapatu zionez, haren ezkutuko maitale bihurtu zen.
Egun batean Ozzetako jaunak auzitara jo zuen, errota bere lurretan eraikia zegoela frogatzeko agiriak zituela arrazoituta. Belaunaldiz belaunaldi ezkutuan egondako agiriak ziren, capriatarrek gordeta zeuzkatenak. Capriak bazekien agiri horiek Ozzetaren eskuetara iritsi zirenetik galduta zeukala lursailaren eta errotaren auzia, eta etsi egin zuen azkenean. Baina errotaren galerak adina atsekabe ekarri zion bere gertukoen artean traidore bat zegoela jakiteak, zalantzarik ez baitzuen etxeko edo hurbileko norbait izan zela jabetza agiriak ebatsi eta Ozzetaren esku utzi zituena. Ez ziren asko paper haien berri zutenak, baina egunak eman zituen Capriak susmo eta aieru artean; azkenean figura bat nagusitu zitzaion susmagarri guztien artean: capriatarren kontramaisua, berak konfiantzazkotzat zuen gizon bat. Agiriak ostu zituena hura baldin bazen, are mingarriagoa egiten zitzaion gertaera, ustezko traidorea txikitako laguna zuelako, elkarrekin hazitakoak zirelako, anaia bat bezala maite zuelako. Arreba asko izan zituen Capriako jaunak, baina anaiarik ez; horregatik zion halako atxikimendua, horregatik zuten halako senide-harreman estua.
Baina ez zen hor geratu Capriarentzat zoritxarraren gurpila. Errotaren galera seguruari eta tamaina horretako traizioak emandako bihotzondokoari beste bat gehitu zitzaion: kontramaisua errotako alabarekin harremanetan hasi zen, eta haren maitale bihurtu. Bazirudien, errotako alabaren bihotza bereganatzeaz gain, errotako nagusi egiteko bidean zegoela.
Puntu honetara iritsirik, eten bat egiten zuen Angela Cianik kontakizunaren laburpenean, Vicenziren ipuinean hurrengo pasartetik aurrera tonu aldaketa bat sumatu zuela esateko. Ordura artekoak giro lanbrotsu batean bilduta baleude bezala kontatzen zituela zioen Cianik, baina puntu horretatik aurrerakoak zehaztasun handiagoz ematen zituela, ondo kokatu gabeko garaia eta giroa bat-batean gardenago eta errealistago bihurtu balira bezala.
Egun batean, Capriak kontramaisua gonbidatu zuen lurrak ikuskatzera. Lehorteak zenbaterainoko eragina izan ote zuen jakin nahi zuela esan zion, bere jabetzako lurren egoeraren berri zehatzagoa izateko. Ordurako bien arteko harremana hoztuta zegoen, eta elkarrengandik urruntzen hasita zeuden, baina kontramaisuak, goganbeharturik bada ere, nagusiarekin lurrak ikuskatzera joan beste erremediorik ez zuen izan.
Baso baten soilgunera iritsi zirenean, han erdian zegoen aintzirako urak zenbat murriztu ziren jakin nahi zuela esan zion Capriak kontramaisuari. Zaldi gainetik jaitsi zirenean, kontramaisuari aurrea hartzen utzi zion Capriak, eta, hura urertzera hurbildu zenean, atzetik heldu eta eraitsi egin zuen. Ahuspez etzanda geratu zen, gorputzaren erdia uretan zuela, eta Capria izterren gainean jarri zitzaion, esku batekin garondotik heltzen ziola. Galdeketa zorrotza egin zion, kontramaisuak egia aitortuko ziolakoan. “Zenbat eman dik Ozzetak paperen truke?”, galdetu zion amorru bizian, “Zer agindu dik?”, baina kontramaisuak ukatu egiten zuen akusazioa. Orduan Capriak burua uretan murgilarazi zion. Aintzirako ur geldien ertzean, uretako belar luzexka batzuk zeuden, eta, belar horien artean, igel arrautza mordoak ikusten ziren. Txikitatik liluratu izan zuten Capria arrautza mordo haiek, eta haietatik sortu eta aintzira guztian zabaltzen ziren txalburu saldoek. Txalburuak ez ziren denborarekin gutxitu; aitzitik, ez zen beste inon horrenbeste ikusten, inguru hartako igel guztiek putzu zahar hura aukeratu balute bezala ugalketarako. Lehortearekin, gainera, gehiago zeudela ematen zuen.
Capriak, tximetatik helduta, burua atera zion uretatik. Aurpegian eta ezpainen artean belar arrastoak zituela, kontramaisuak korroskada bat egin zuen, eta ur pixka bat atera zitzaion ahotik. Capriak galdezka jarraitu zuen: “Guk eman diagun guztia emanda, hori egiten diguk? Gure aitak ere ia semetzat hinduen, eta horrela ordaindu diguk! Zer agindu dik putakume horrek?”. Besteak, ordea, ukoan segitzen zuen, eta Capriak berriz ere burua murgilarazi zion uretan; itolarriarekin batera senti zezala aurpegian txalburuen ukitu likitsaren nazka.
Berriz burua atera, eta galdezka segitu zuen: “Esazak, alu horrek, zer agindu dik Ozzetak? Errotako alaba eta bertako nagusi berria izatea?”. Kontramaisuaren hirugarren ukoaren aurrean, amorrazioak hartuta, lehen baino indar handiagoz murgilarazi zion burua, ordura arte ez bezalako suminez, aurpegia belarren kontra igurzten ziola, muturra urratu nahi balio bezala, ahoa eta arnasbideak urez bete eta itolarriaren ondoren egia aitortuko ziolakoan.
Oraingoan, ordea, burua uretatik atera zionean, kontramaisuak ez zuen arnasarik hartzen. Ahoa irekita zeukan, igel arrautzak ezpain ertzetik ateratzen zitzaizkiola, eta begiak ere zabal-zabalik zituen, ikuskizun erdiragarri bat ikusi berri duenak bezala. Susto handia hartu zuen Capriak, ez baitzuen espero horren gutxi aguantatuko zuenik. Berriz uretara bota, eta han utzi zuen ahuspez etzanda, txalburuen artean itota.
Kontramaisuaren heriotzaren ondorengo egunak kezkatan pasatu zituen Capriako jaunak, baina benetako arazoak handik aste batzuetara hasi zitzaizkion, gauerdi-ondo batean amesgaizto batetik izerditan esnatu zenean. Ametsean igel saldo ikaragarri batek inguratuta ikusi zuen bere burua, eta, ikuskizunak izuturik, ihes egiten hasi zen, baina ezin zen mugitu, ezin zuen pauso bat eman. Estatua bat bezala lurrean iltzatuta geratu zen, eta gero eta igel gehiago inguratzen zitzaion beren korroka ozenarekin. Igelek jauzi handiak egiten zituzten, eta gorputzean itsatsita geratzen hasi zitzaizkion, hasieran hanketan, gero gerrian eta sabelean, eta azkenean baita aurpegian ere. Begiak itxi behar izan zituen, eta, arnasa hartu ezinik geratzen hasi zenean, esnatu egin zen. Lasaitu ederra hartu zuen dena amets bat izan zela konturatu zenean, eta, patxada berreskuratuta, izara ertzarekin xukatu zuen aurpegi izerditua.
Gutxi iraun zion lasaituak, ordea, esnatu eta segituan igelen benetako korroka aditzen hasi baitzen. Ez zen normala goizaldeko ordu horretan igel hotsa aditzea; berari behintzat ez zitzaion egundo gertatu. Nola edo hala, azkenean lo hartu zuen, baina hurrengo gauean igelen hotsak esnatu zuen berriz. Bezperakoa baino ozenagoa iruditu zitzaion igelen kantua, aurrekoan baino igel gehiago bildu balitz bezala. Gauetik gauera ozenagotzen joan zen korroka, igelen abesbatza arraro hark gero eta kide gehiago balitu bezala. Gau batean, hainbeste ozendu zen zalaparta hura, non igel saldoa buru barruraino sartu zitzaiola iruditu baitzitzaion. Bere onetik irtenda, inoiz ez bezalako ikara batek hartuta, izerditan, ondoan lo gozoan zegoen emaztea esnatu zuen, igelen gaueroko kontzertu hartaz jabearazteko. Harrituta geratu zen emaztea: ez zuen senarra inoiz horrela ikusi; normalean lasaia eta patxadatsua zen, bere buruagan konfiantza handia zuena; orain, ordea, asaldatutako gizon bat zuen ondoan. Emaztearen harridurak gora egin zuen Capria igelen kontuarekin hasi zitzaionean, berak ez baitzuen ezer aditzen.
Gau batean, igelen korroka ozenak asaldatuta, etxetik irten zen Capria. Ilargiak argi egiten zuen inguru guztian. Igel hotsa zetorren aldera jo zuen; han zegoen berak ametsetan ikusitako igel saldo hura. Capriako jauna noiz iritsiko zain baleude bezala, segituan hasi zitzaizkion hurbiltzen, jauzi egin eta sorbaldan, bizkarrean, aurpegian, gorputz guztian itsasten. Capria aurrena eskuekin zartaka eta gero ostikoka hasi zen igelak uxatu nahian, amorrazioak gora egin ahala gero eta mugimendu bortitzagoekin. Lurretik jasotako makila batekin segitu zuen kolpeka, igelak akabatu nahian makilazoka eta ostikoka.
Akabatu zuenetako bat lurretik jaso eta igelaren bizkarrari erreparatu zionean, dardara batek hartu zion gorputz guztia: igelak bere bizkar leunean betiko ildaskak izan beharrean, irudi bat zuen. Ia arnasa eten zitzaion irudi hartan berak aintziran itotako kontramaisuaren aurpegia ikusi zuenean. Bere onetik aterata, igelak makilaz jotzen segitu zuen, eta bere botatzarrekin zapaltzen. Eta akabatzen zuen igel bakoitzari begiratu, eta beti hildako kontramaisuaren irudia ikusten zion bizkarrean. Burua galdu beharrean segitu zuen makilazoka eta ostikoka, gehienak uxatu zituen arte.
Une horretako sumina apaldu eta etxera itzuli zenean, burutazio goibelek hartu zioten gogoa. Ez zuen kontramaisua hil nahi izan; berak egia aitorraraztea besterik ez zuen nahi, gehienez ere eskarmentua ematea, baina tamalez hil egin zuen. Damua nagusitu zitzaion: egia zen traizio egin ziola, baina errota baten jabetzak horrenbesteko garrantzia al zuen? Min handiagoa eman zion errotariaren alabarenak, baina galera hark betiko adiskide izandako baten biziak baino gehiago balio al zuen? Gainera, zalantzak areagotu egiten zion damuaren ondoeza: eta dena gaizki-ulertu bat izan baldin bazen eta kontramaisua benetan errugabea baldin bazen? Eta Ozzetako jaunaren ezkutuko plana izan baldin bazen traidorea kontramaisua izan zela sinetsaraztea?
Zalantzaren eta damuaren sufrikarioarekin, igelen gaueroko korroka ozenarekin eta haien bizkarreko irudiekin, azkenean burua galdu zuen Capriako jaunak. Emazteak garbi ikusi zuen fantasia zentzugabeekin bete zitzaiola burua, eta, gero eta okerrago zegoela ikusirik, azkenerako etsi egin zuen. Erabat asaldatuta bizi zen Capria, burua gero eta nahasiago: egunez lo egiten zuen, eta gauak eldarnio batean pasatzen zituen, lorik egin gabe, bere lurretan igelak akabatzen.
Egun batean, goizean etxean falta zela ikusita, Capriaren bila hasteko agindua eman zien emazteak morroiei. Hilda aurkitu zuten Capriako jauna, kontramaisua hilda agertu zen aintziran bertan itota, hura ere urertzeko belarren artean katigatuta, ahuspez etzanda, burua belarren artean zuela. Kontramaisua azaldu zen bezalaxe, baina indarkeria arrastorik gabe.
5
Ipuina irakurritakoan hobeto ulertu nuen zergatik kostatu zitzaion hainbeste Cianiri ipuina bidaltzea. Han zeuden koadroetako igelak, han zegoen errota, han zeuden neska baten maitasunagatik etsaitu ziren bi gizonak, Vicenzo Vicenzik berak bizi izandakoen ispilu izan zitezkeenak batzuk, alegoriaren galbahetik pasatutakoak gainontzekoak. Ipuineko Pietro di Capria Vicenziren beraren proiekzioa baldin bazen, nolabaiteko aitorpen erdi disimulatua egiten zuen Vicenzi ezizenaren atzean ezkutatzen zen margolariak, Sandra Cianiren ustea aintzakotzat hartuz gero bere aitonaren osaba Angelo Ciani izan behar zuenak. Vicenzik hura idaztean bere burua saldu zuela pentsatu nuen, eta ez nuen dudarik ere egiten Sandra Cianik ere gauza bera pentsatu izango zuela hasieratik bertatik. Ipuina benetako gertakarien proiekzioa baldin bazen, Vicenziren hilketa aitorpen bat zen zalantzarik gabe.
Ez zuen askorik kezkatzen, nonbait, La Repubblica egunkariaren irakurleen aurrean hiltzaile baten ondorengo gisa azaldu behar izateak. Izan ere, hilketa bat anekdota bihurtzen da mende luze bat igaro denean; denborarekin desegin egiten da hiltzailearen figurak berez sortzen duen errespetu edo higuina, eta ez da hain zaila arbasoetako bat hiltzailea izan zela onartzea, azkenean denborak ekintza doilor baten ezaugarriak leundu egiten ditu-eta. Urrutiko gertaera lazgarriak hurbileko huskeriak baino munta gutxiagokoak iruditzen zaizkigun bezala, gertaera horiek aspaldikoak direnean hutsalak begitantzen zaizkigu oraingoen aldean, bortitzak izan arren afalondo umoretsu batean adiskideei kontatzeko moduko pasadizo bitxiak. Gainera, aitonaren osabaren azioa lotsagarritzat jotzeko modukoa zela pentsatuta ere, Vicenziren margolanak pixkanaka lortzen ari ziren estimazioak konpentsatu egingo zuen pertsonaiaren orban hura, denboraren talaiatik begiratuta egun huskeria barkagarria baitzen, margolariaren balorazio berriaren ondoan ia ahazteko moduko xehetasun bat.
Baina irakurle italiarren aurrean garbi azaltzeko eragozpenik ez zuena, zergatik ezkutatu nahi izan zidan niri? Burura etorri zitzaidan lehen erantzuna izan zen Sandra Cianik segurutzat jotzen zuela Vicenziren biktima Muruamendiaraz izan zela, eta beharbada beldur izango zela hori jakiteak nigan agian erreakzio txarren bat sortuko ote zuen. Hala baldin bazen, batere funtsik gabeko beldurra zen, niri ez baitzidaten aparteko interesik pizten ez delako Muruamendiaraz hark, ez garai hartako pintura eskolek. Agian pentsatuko zuen hemengo aditu eta kritikarien artean oihartzun gaiztoa izan zezakeela, baina hori nire aldetik urrutiegi joatea zen.
Cianiren jokaera arraroa gorabehera, garbi zegoen zein ziren Erdi Aro lauso hartan kokatutako istorioan ageri ziren hirurak, eta drama hartan zer paper izan zuen haietako bakoitzak: Vicenzik hil egin zuen neskaren maitasunean lehiakide izan zuen Mefisto hura. Vicenziren atzean Angelo Ciani baldin bazegoen, Mefistoren atzean margolaritza eskolako ikaskide bat zegoen, seguru asko Muruamendiaraz bera, Erroman 1897an ezbeharrez hildako euskal margolari ahaztu hura. Gerta zitekeen ipuina fantasia hutsa izatea ere, mendeku egarriari arindu bat emateko modua besterik ez izatea baina, ordurako bilduak genituen datuak kontuan izanda, ez zegoen nire ustez zalantzarik: igelen koadro aurkitu berrien egilea izan zen neska baten maitasunean etsai bihurtutako ikaskidea hil zuena, eta ipuinaren bukaera gero gertatuko zen buru-hilketaren premonizioa zen, edo agian aurrerapena edo abisua.
Ipuinean garbi azaltzen zen Mefistoren heriotzak zenbateraino asaldatu zuen Vicenzi, heriotza horren damuak eragin zion eldarnioak margotzeko zuen estiloa bihurritzeraino eta beharbada burua galtzeraino. Hori zen hipotesi nagusia orain: maitasun kontu batengatik arerioa hil izanak erabat asaldatu eta burutik nahastu zuela Vicenzi, eta hori izan zela estilo berri haren abiapuntua, margolanetako mundu desitxuratu hura barneko mundu inarrosiaren proiekzioa zela.
Han zegoen, gainera, Vicenziren koadroetan nonahi agertzen ziren igelen esplikazioa. Ipuina irakurri ondoren garbi ikusten zen zenbait kritikarik egindako interpretazioak zentzugabeak zirela, eta sinboloekin eta elezaharrekin egindako lotura haiek denak, berriz, erudizio erakustaldi barregarriak baino ez zirela. Are gehiago, ipuinak garrantzi handiagoa ematen zien orain igelen bizkarretako itzal moduko haiei, beste inon baino garbiago Vicenziren sinaduraren gaineko igeletan agertzen ziren orbanei. Sandra Cianik bidali zizkidan argazkietan ez ziren hain garbi azaltzen, eta ikusteko zegoen orban haiek Cianik esan bezala gizonezko baten aurpegiaren marrazkiak edo zer ote ziren, baina agian han egon zitekeen kasua argitzeko beste aztarnetako bat. Ipuina aitorpen moduan hartzera, Vicenzik hil zuen haren aurpegia izan zitekeen igelen bizkarrean marraztutakoa, edo toki murritzak ahalbidetzen zuen neurriko zirriborro bat behintzat.
Ipuina irakurritakoan, e-mail luzea bidali nion Sandra Cianiri nire inpresioen berri emateko. Banekien nire iritzia ez zela sorpresa handia izango harentzat, nire ikerketan aurkitu nituen datu xumeak kenduta, beste guztiez nik baino askoz ere informazio hobea baitzeukan. Nik baino hobeto eta nik baino lehenagotik zekien Angelo Cianik eta beste ikasle batek neska bera maite izan zutela, eta Vicenzi ezizenaren atzean ezkutatzen zenak ezin izan zuela jasan ordura arte berea izandakoaren bihotza besteak irabazi izana; gutunek eta dietarioak esaten zutena osatu egiten zuen ipuinak.
Egunak pasatu nituen Cianiren erantzunaren zain, nire e-maila hartu izanaren mezurik ere jaso gabe. Luze iritzita nengoen, nire inpresioen gainean zer iruzkin egingo ote zuen jakin nahi hartan Cianiren isiltasunarekin intrigatuta. Ez nintzen ausartzen beste e-mail bat bidaltzen, baina gero eta gehiago ziztatzen ninduen jakin-minak; pixkanaka hurbilagoko zerbait bezala sentitzen hasi nintzen hasieran interes berezirik gabeko kontsulta izan zena, eta irakurri berri nuen ipuin hark areagotu egin zidan interesa. Azkenean, mezurik eta deirik gabeko ezinegon hura arintzeko neuk hots egin nion telefonoz.
Besteetan baino lehorrago sumatu nuen telefonoaz bestaldean, aurreko solasetan erakusten zidan hurbiltasun edo berotasun haren arrastorik gabe. Konbentzituta zegoen koadro haien egilea Angelo Ciani izan zela, eta bere tesiari eusteko argudio sendoak zituelakoan zegoen.
— Koadroetan hainbestetan azaltzen den neskak antz ikaragarria dauka aitonaren etxean gordetzen zen marrazkikoarekin. Neska bera da Zio Angelok marraztu zuena eta Vicenziren margolanetan agertzen dena. Natalia da, hori seguru.
Tonu irmoan hitz egiten zidan, esaten ari zen guztian zalantza izpirik ez balu bezala. Igelen bizkarretan ageri ziren orbanen kontua atera nahi izan nuen, ipuina irakurri ondoren aparteko garrantzia hartzen zutela iruditzen zitzaidan-eta. Kontakizuna bere xehetasun guztietan serio hartuz gero, orban haietan egon zitekeen gakoetako bat.
— Bai. Hasieran igel espezie jakin baten ezaugarritzat hartu genituen denok; orain, ordea… Baina igelek koadroetan duten kokapenagatik eta jarreragatik oso lausoak dira.
Ohitzen hasita nengoen Sandra Cianiren aldartearen eta iritzien gorabeheretara, eta oraingoan ez nintzen harritu jarrera aldaketa harekin. Bera izan zen igelen bizkarretako itzal haiek marrazkiak izan zitezkeela esaten lehena eta, are gehiago, gizonezko baten aurpegia irudikatzen zutela proposatu zuena.
— Sinaduren gaineko igeletan garbiago ikusiko dira, ez? —galdetu nion, berak bidali zizkidan argazkietan garbi ikusten ez baziren ere, bertatik bertara zehaztasun handiagoz ikusiko zirela susmatzen bainuen.
— Bai, horietakoak aurpegiak direla esango nuke. Bai, hala izango dira seguru asko.
Hortik jarraitu nahi izan nuen, baina ez zirudien xehetasun horri orain aparteko garrantzirik ematen zionik, edo eman nahi zionik, eta berehala amaitu genuen solasa.
Handik egun batzuetara Cianik berak deitu zidan berriz. Ikerketarekin jarraitu zuela esan zidan, eta, nik Muruaren heriotzaren berri jakiteko egin nuena kontuan izanda, hemeroteketan-eta arakatzen hasi zela Angelo Cianiren heriotzaren berri emango zion zerbaiten bila. Etxean entzundakoetatik kontuak aterata, bazekien XIX. mendearen azkeneko urteetakoren batean hila izan behar zuela, eta, Murua 1897an hil zela esana niolako-edo, nonbaitetik hasi behar eta urte hartako egunkariak miatzen hasi omen zen. Harrigarria egin zitzaidan Cianik ordura arte ikerbide hura probatu ez izana, are gehiago gaztetatik bere arbasoarekiko horrenbesterainoko jakin-mina izanda, baina ez nintzen, jakina, holako iruzkinik egiten ausartu.
— 1897ko martxoaren 18ko Il Messaggeron aurkitu dut berria —esan zidan—. Egunkariko albisteak dio Angelo Ciani margolari gaztea Erromatik gertu zegoen aintzira batean hilda agertu zela.
Misteriozkotzat jotzen zuten heriotza horretaz xehetasun gutxi ematen zituztela esan zidan, baina bere laburrean oso jakingarriak: aintzira batean agertu omen zen gorpua, ertzetik metro batzuetara ahuspez, aurpegia hondoko belarren artean zuela.
— Interesgarria, ezta? —esan zidan, berri mamitsuaren zertzelada nagusiak emandakoan.
Heriotza argitzeko, Poliziak ikerketa hasi zuela esaten omen zuen egunkariak; martxoaren 19ko aleak ez omen zuen datu berririk ematen, eta hipotesi guztiak zabalik zeudela azpimarratzen omen zuen kazetariak.
— Buru-hilketarena baztertu gabe —esan zidan segituan, baina gero ñabardura gehiagorekin jarraitu zuen—: Gorpua nola agertu zen ikusita, hilketarena izan omen zen Poliziaren hipotesi nagusia, baina bestelakoak alde batera utzi gabe.
Hurrengo egunetako berrietan aurreko egunetakoak errepikatzen omen ziren, baina ordutik aurrera ez omen zen berri gehiago agertu, ikerketek emaitzarik eman ez zuten seinale, Sandra Cianiren ustez.
Solas laburra izan zen, gaiari buruzko xehetasun esanguratsuek merezi zutena baino motzagoa, nire iritzirako. Harrigarria iruditzen zitzaidan Sandra Cianiren jarrera hura, gauzak zehazten zihoazen neurrian, gaiarekiko interesa galduz joan balitz bezala. Nik, nire aldetik, garbi ikusten nuen Vicenziren ipuinaren interpretazio errealista indartuta ateratzen zela, ipuineko bi protagonisten gorpuak bezala agertu baitzen Angelo Cianirena ere. Kontakizuneko gertaera garrantzitsu hori benetakoa baldin bazen, ipuinak beste garai eta giro batean egiten zuen proiekzioa gorabehera, gainerako guztiak ere errealitatearen isla behar zuen.
Ez nuen Sandra Cianiren berririk izan puska batean; ez nuen deirik ez e-mailik jaso laugarren artikuluaren berri emateko igorri zidan hura jaso arte. E-mailean esaten zidan Il Messaggeron arakatzen jarraitu zuela eta horrela aurkitu zuela ordura arteko hipotesiak hankaz gora jartzen zituen datua: Muruamendiarazen heriotzaren berri ematen zuen albistea. Nik emandako laguntza eta bidalitako informazio guztia kontuan izanda, ez nuen ulertzen zergatik ez zidan aurrez jakinarazi, zergatik itxaron zuen erreportaje saileko laugarrena argitaratu arte niri aurkikuntzaren berri emateko.
Artikuluarekin batera bidali zidan e-maila besteetan baino laburragoa eta lehorragoa zen, artikuluan bertan jasota zegoen informazio berria errepikatzeak zentzurik ez zuela iritzi izan balio bezala. Historia guztia kontatzen zuen artikuluak, ikerketan aurkitutako datuek eta ipuinaren irakurketa zuzenak argitutako guztia, eta baita Ciani familiaren historia ere. Artikulu berrian Angelo Cianiren ikuspuntutik zegoen kontatuta dena, eta etsai bihurtu zitzaion ikaskidearen figura ez zen pertsonaia nagusiaren inguruabar bat besterik.
Nire izena aipatu gabe, nik aurkitu nuen datua pista erabakigarria izan zela aitortu gabe, berak aurkitutako datuetan oinarritzen zituen ondorio guztiak, nahiz eta nik zabaldutako bideari jarraituz aurkitu Muruamendiarazen heriotzaren berri ematen zuen albistea. 1897ko urriaren 21eko Il Messaggeron aurkitu zuen Sandra Cianik bere hipotesi guztiak hankaz gora jartzen zituen berria: hildako bat agertu zen Tiberren, G.M. inizialak zituen hogeita hamahiru urteko gizonezko baten gorpua. Egunkariak zehazten ez zituen zenbait iturriren arabera pintore lanetan aritzen zen atzerritar bat zela zioen, bestelako xehetasunik eman gabe. Hurrengo egunetako egunkarietan ez omen zen beste berririk agertu.
Vicenziren benetako nortasunaren auzia argituta, ordura arte sumatu gabeko zantzuak ikusten hasi nintzen ipuinaren testuan. Sandra Cianiren jarrera ikusita, neuk ere ez nuen telefonoz hitz egiteko gogo handirik, eta e-mailez azaldu nizkion nire ondorioetako batzuk. Capria eta Ozzeta izenen atzean Bergarako bi leinu zeudela azaldu nion, Gabiriakoak eta Ozaetakoak, eta ahaide nagusien arteko gerren zertzelada batzuk eman nizkion. Biak ere oinaztarren bandokoak izan arren, Gabiriakoek eta Ozaetakoek liskar ugari izan zituztela esaten nion. Bandoen gerrei buruzko testuetan aurkitu nituen bi etxe horien arteko gatazkaren aipamen laburrak, baina ez neukan dokumentu zaharretan arakatzen hasteko gogorik.
Beharbada Muruamendiarazek berak ere ez zuen historiako ezagutza handirik izango, eta herrian entzundako kontu zahar batzuk hartu izango zituen oinarri ipuin hartarako, ukaezina baitzen ipuin hartan herri kontakizunen lurrina. Gainera, XIX. mendeko literatura erromantikoan indarrean zeuden Erdi Aroko pertsonaiak eta giroak, eta haiek erabili nahi izango zituen berari gertatutakoen isla zen ipuin hura idazteko, eta bide batez bere buruaz beste egiteko bere asmoa ere kontakizuneko giroan txertatzeko.
Hurrengo egunean bertan erantzun zidan Sandra Cianik. Bere bizitzako misteriorik handienetakoa argituta ikustean emozio handia sentitu zuela esan zidan, baina ez zuen gehiago zehazten nolako emozioa izan zen. Seguru nengoen pozezkoa ez zela izan, ez zuela atsegin handirik sentituko bere hipotesia —edo nahia, edo desira— iraultzen zuen albistea irakurri zuenean. Baina, Vicenziren misterioa argitutakoan, zalantza berri bat sortu omen zitzaion: zenbateraino ote zekien aitonak? Berak ikerketa luze baten ondoren jakin zituenak, ez ote zekizkien aitonak beste inork baino hobeto?
6
Sandra Cianiren azken artikuluaren ondoren, dena bukatu zela ematen zuen. Ikertu beharrekoak ikertuta eta argitu beharrekoak argituta, ez zirudien motibo handirik zegoenik kontaktuan segitzeko. Vicenzo Vicenziren nortasuna estaltzen zuten laino guztiak aienatuak ziren, eta garbi zegoen istorio hartan nork jokatu zuen maitale baztertu eta amorratuaren papera, nor izan zen jelosiak eta mendeku egarriak asaldatuta ikaskidea aintzira batean ito zuena, nor hiltzaile damutuaren eldarnioan margolan harrigarri haiek egin zituena eta azkenean, bihotza eta zentzua zeharo bihurriturik, bere burua ibaira bota zuena. Ez nekien handik aurrera harremanetan jarraituko genuen edo ez, baina, Sandra Cianiren dezepzioa eta amorru gaizki disimulatua ikusita, susmoa nuen hor izango zutela azkena hilabete haietako gure arteko solasek eta mezuek.
Baina oker nengoen, handik pare bat hilabetera Sandra Cianiren deia jaso bainuen. Urteko erreportajerik onenaren saria irabazi berria zen, eta niri jakinarazi nahi zidan.
— Zuk emandako informazioagatik izan ez balitz, ez nintzen dena argitzera iritsiko. Ez nuen erreportaje saila biribiltzerik izango.
Harritu egin ninduen nire lankidetzari orain halako garrantzia emateak, artikulu sarituetan aipamen txikiena ere egin ez, eta orain nire ikerlanaren garrantzia aitortzeak. Aldatuta sumatu nuen, eta, Angelo Cianiren misterioak sortzen zion ezinegonetik libratua zelako-edo, aurreko deietan baino askoz lasaiago; baita alaiago ere, sariak eman zion pozagatik eta, berak aitortu zidanez, bere kazetari karrerarako horrek izango zuen garrantziagatik.
— Orain, gainera, zuen Muruamendiaraz horren lanak interesgarri bihurtu direla dirudi —jarraitu zuen, nik neuk ere kontu harekin zerbait irabazi banu bezala—. Unibertsitatean ere oihartzun apur bat izaten hasi dela ematen du.
Ezin ukatuzkoa iruditu zitzaidan saria irabazi izanagatik Sandra Cianik erakusten zuen poza, baina horrek ez zidan ahantzarazten Vicenziren misterioa argitu zenean sentitu bide zuen dezepzioa, zenbait momentutan niganako amorrua ere izatera iritsi zela iruditu zitzaidana.
— Sari honen parte bat zurea da —esan zidan, konplimendu hutsezkoa baino gehiago benetako aitorpena iruditu zitzaidan tonu batean—. Egunen batean Erromara etortzen bazara, jakin ezazu hemen lagun bat daukazula nahi duzunerako.
Agian artean sentimendu nahasgarri horiek sumatzen nituelako-edo, ez nuen behar bezalako erreflexurik izan laster Napoliko Unibertsitateak antolatutako jardunaldi batzuetara joatekoa nintzela esateko. Gero pentsatu nuen aukera ona izan zitekeela egun batez Erroman geldialdi bat egin eta Muruamendiaraz-Vicenziren obra ikusteko. Hasieran obrak berak sortu ez zidan interesa piztu zidan niri ere bi pintore haien tragediak, eta margolanek berez zuten interesa baino askoz handiagoa zuten orain niretzat Gregorio Muruamendiaraz margolariaren bizitzak eta heriotzak. Egilearen bizitza dohakabeak ematen zion obrari halako indar berezia, gorabehera handirik gabeko bizimodu grisa izandako egile batena izan balitz izango ez zukeena. Horretan istorio erromantiko baten lilurak iritzia aldarazi zien kritikari batzuk bezala ari nintzen jokatzen neu ere.
Zalantza egin nuen Sandra Cianiren gonbidapen harekin; ez nekien nola hartuko ninduen eta nolakoa izango zen gu bion arteko topaketa. Ikerketak iraun zuen bitartean utzi zizkidan inpresioek atzera eragiten zidaten; itzal asko ikusten nituen haren jokaeran: une batzuetan informazioa ezkutatzea, haren isilaldi luzeak hausteko neuk deitu behar izatea, azken emaitzarekin sentitu zuen dezepzioa... Seinale txarrak iruditzen zitzaizkidan denak, baina, beste alde batetik, azken deian transmititu zidan pozak adoretu egin ninduen, eta azkenean onartu egin nion gonbita. Napolin pasatu behar nuen astea, baina itzulera egun bat atzeratzea nahikoa nuen Erromara joan eta koadroak ikusteko.
Jardunaldiak aspergarriak izan ziren, dena aitortu behar baldin bada, dokumentuen kudeaketa ere ez baita berez gairik kitzikagarriena, baina banuen horrelakoen premia nire curriculum eskasa gizentzeko, eta ziurtagiriak atzerriko unibertsitate batekoak baldin baziren askoz hobeto. Lehen ere izana nintzen Napolin, bazterrak ezagutzeko irrikaz gazte-denboran egindako bidaia batean; oraingoan, ordea, harrezkero izandako aldaketak konstatatzeko bakarrik ibili nintzen tokirik ezagunenetan, aparteko interesik gabe. Gaztetan bidaiatu duenak, mundua lehen aldiz begi harrituz ikusten duenak, ederki egiaztatzen du adin batetik aurrera munduan dena errepikapena dela, eta azkenean jarrera horrekin egiten ditu suertatzen zaizkion bidaia eta txangoak.
Tren azkarrean egin nuen Napolitik Erromara bitartekoa, eta, bidaiak iraun zuen ordu eta erdian, Sandra Cianirekin elkartzeak ekar zezakeenaren kezka ernatu zitzaidan. Bitxia egiten zitzaidan Zio Angelorekin izan zuen tema, aitonaren osaba zaharra Vicenzi ezizenarekin bazen ere pintore famatuen artean ikusteko seta hura, ahanzturaren soto ilunetik argitara ekarritako figura baten ondorengo izan nahi hura, bitxia baita arbasoetako batek egin zuenagatik harro sentitzeko joera zabaldua. Norberak bere ahaleginez lortu duenagatik harrotzea ulergarria da, eta bidezkoa iruditzen zaigu, ondo merezitako lorpena denean, satisfazio hutsetik haragoko harrotasun hori ere, ospakizunetan horditasun puntu bat barkagarria den bezala. Berezko dohainengatik burua tente ibiltzea ere aski arrunta da, nahiko zentzugabea bada ere meriturik gabeko edertasunaz, indarraz edo buru-argitasunaz ilarraintzea, baina gure odoleko bat izan denagatik edo arbaso batek egindakoagatik harrotzea, hori bai dela gogoaren ahuleziaren seinalea. Izango du, ordea, bere esplikazioa, hain dago zabalduta gure aurreko norbaitek erakutsi zuen talentua geuk ere nola edo hala oinordetzan jaso dugula sinetsi eta sinetsarazi nahi hori.
Erromako geltokitik gertuko kafetegi batean ginen elkartzekoak, baina hara iritsi nintzenean ez nuen argazkitik ezagutzen nuen haren antzekorik ikusi. Oraingoan nik ere neure bat bidalia nion, kafetegira iristen ginenean elkar ezagutzeko. Barra ondoan bertan geratu nintzen zain, garagardo bati zurrutadak eginez, noizean behin atera begiratuz. Garagardoa hustu eta berantetsita nengoen, baina halako batean kafetegian sartzen ikusi nuen, atea zeharkatzean eguzkitako betaurrekoak buru gainera jasotzen zituela. Segituan ezagutu nuen, eta keinu egin nion barratik.
— Ander Beitia, ezta? —galdetu zidan telefonozko solasetatik ezagutzen nion ahots sendo harekin.
Elkarri eskua eman genion, eta, arauzko bi muxuen ondoren, aitzakiaren bat emango zidala pentsatu nuen berandu iritsi izana justifikatzeko, baina ez zuen orduaren aipamenik ere egin.
— Igelen misterioarekin liluratuta zu ere? —hasi zitzaidan berehala, kortesiazko lehen hitzen tramitea baztertuta.
— Bai, azkenean neuri ere jakin-mina piztu zait. Ordu batzuk sartu ditut Muruamendiaraz horren atzetik, baina, bestela ere, holako historia batek badu bere erakargarritasuna.
Ahoa okertu zuen pixka bat, behartutako irribarrearen parodia zirudien keinu batean. E-mailez bidali zidan argazki hura zeukan onenetakoa izango zela pentsatu nuen, aurrean neukana baino ederragoa baitzen gogoan geratu zitzaidan irudia. Soineko urdin bera edo antzekoa zeraman, eta buruaren bi aldeetara banatutako ile kizkur ugaria ere argazkikoa zen, baina gainontzean zaharragoa eta maskalduagoa iruditu zitzaidan. Espero nuen bezala, hizketan eta imintzioetan kementsua zen oso, baina, hala ere, urruna, tratuan hotz samarra.
— Vicenzo Vicenzi eta bere igelak! —bota zuen erdeinuzkoa iruditu zitzaidan tonu batean—. Zio Angelo hil izana barkatu egin beharko diot, azkenean sari bat irabazteko balio izan dit-eta.
Hotelera lagundu zidan nire gauzak uztera, eta Erroman zerbait ikusi nahi nuen galdetu zidan, gidari lanak egiteko prest. Baina, Napolin bezala, Erroman ere ez neukan lehen ikusitako tokiak berriz bisitatzeko gogo handirik. Lehen aldiz izan nintzenean emozio handirik sentitu ez banuen orain askoz gutxiago; izan ere, zer zentzu du gaur egun aurrez xehetasun guztiekin ezagutzen ditugun tokiak bertatik bertara ikustera joateak? Ez dago sorpresarako aukerarik, ez ezusteko aurkikuntza batekin poztekorik. Holako tokietara joateak leku seinalatu batean egotearen ordain sinbolikoa besterik ez du izaten gehienetan: hemen nago, eta hemen izan nintzela gogoratuko dut bizi guztian. Arbasoengatik sentitzen den harrotasunaren antzeko satisfazioa da turistak irabazten duena; “nire aurreko hark hau-eta-hau egin zuen, eta ni haren ondorengoa naiz” harro pentsatzen duenak bezala jokatzen du turistak: “Toki honetan hau-eta-hau gertatu zen edo holako-eta-holako gauza miresgarriak egin zituzten, eta ni orain hemen nago”. Aspaldi aspertu nintzen holako kontuekin.
Onena bazkaltzera joatea izango zela pentsatu genuen, eta bazkalondoan joango ginela Vicenziren margolanak gordeta zeuden tokira. Jatetxe batera eramango ninduela uste nuen, ez dakit zergatik, agian nire laguntza horrela eskertu nahi izango zidala uste nuelako, baina plater bakarreko otordua egin genuen toki arrunt batean, hirian batera eta bestera lasai bazkaltzeko astirik gabe ibiltzen diren askok egiten duten antzera.
— Egia esan behar baldin badizut, segituan izan nuen susmoa Vicenziren sinaduraren gaineko igelen bizkarretako hura Zio Angelo zela. Luparekin ondo begiratuta, etxean betidanik ezagutu dudan marrazkikoaren tankera hartzen nion.
— Horregatik zeunden hain konbentzituta margolanen egilea zure osaba zahar hura zela —esan nion, azken unera arte izan zuen tema hura ulertuko banu bezalako itxurak eginez.
— Bai, baina bazeuden kontrako zantzuak ere —esan zidan, bitxi samarra iruditu zitzaidan doinu batean.
— Ipuinagatik diozu? Horrek dena aldatzen zuen? Izan zitekeen Angelo Cianik idatzitakoa, ez?
Zalantza egin zuen hitz egiten jarraitu aurretik, eta une batez deseroso zegoela iruditu zitzaidan.
— Zio Angeloren eta Muruamendiaraz horren heriotza-datak aurkitzea erabakigarria izan zen. Harrezkero ez zegoen zalantzarik —esan zuen, eta horrela utzi nahi izan zuen gaia.
Hitz beste egin zuen, eta lehen aldiz niganako interes apur bat azaldu zuen. Napoliko jardunaldiei buruz galdetu zidan, eta horrekin hasita nire lanari buruzko azalpen batzuk ere eman nizkion. Bera ere bere kazetari lanaz aritu zitzaidan, baina oraingoan ez nion sari handi bat irabazi berriaren ilusiorik sumatu.
Bazkaldutakoan Vicenziren koadroak gordeta zeuden biltegira joango ginela agindu zidan, eta halaxe egin genuen. Autoa hartu eta kilometro batzuk egingo genituela uste nuen, errezeloa bainuen mezuren batean esan zidala koadroak aurkikuntza egin zuten palazzotik atera eta kanpoaldeko industrialde bateko biltegi moderno batean gordeko zituztela. Horregatik harritu nintzen hainbeste Trastevereko eraikin zahar batera eraman ninduenean; nire harridura adierazi nionean, industrialdeko biltegia beteta zegoela esan zidan eta ondarearen ardura zuen zerbitzuak Erroman halako toki asko zituela artelanak behar bezala gordetzeko. Giltza-sorta ederra atera zuen poltsatik, eta baimen berezia zuela esan zidan noiznahi koadroak ikustera eta materiala kontsultatzera joateko, eta baita kanpotik etorritako ikertzaileei erakusteko ere.
Eskailera batzuk jaitsi, eta soto batera eraman ninduen Sandra Cianik. “Patu tristea Muruamendiarazena”, pentsatu nuen, “beti sototik sotora, betiko ilunpean eta betiko ezezagun geratzeko kondena balu bezala”. Bonbilla batzuen argi horitan erakutsi zizkidan margolanak; han zeuden berak bidalitako argazkietatik ezagutzen nituen koadroak, ezezagunak zitzaizkidan beste batzuen artean. Egia esanda, neure ezjakintasunean baldar samarrak iruditu zitzaizkidan gehienak, baina, Muruamendiarazen ipuina eta haren bizitzak izan zuen akabera ezagututa, batzuetan hunkigarriak ere gertatu zitzaizkidan koadroetako jauretxeak, errota, igelen eta gainerako animalien ugaritasuna eta, zer esanik ez, han eta hemen agertzen zen neskaren irudia.
Koadroei begiratu bat eman, eta alboko gela txiki batera eraman ninduen, eta han apaletan banatuta zeuzkaten paperak eta agiriak erakutsi zizkidan.
— Margolaritza eskolako agirietako asko hemen daude; ez denak, baina asko bai. Badakizu, ikasleen zerrendak, kontuen liburuak eta holakoak.
Apaletatik paperak hartzen hasi zen, eta ondoko mahai txiki batean uzten, nik hobeto ikus nitzan. Segituan erreparatu nion azal gogorreko koaderno moduko bati, azalean bertan zioenagatik Vicenziren dietarioa izan behar zuenari. Eskuetan hartu nuen, baina orri-pasa hasi orduko eskuetatik kendu zidan, eta, protokoloren batean horrela ezarrita balego bezala, berak zabaldu zuen mahai gainean eta bera hasi zen orriak pasatzen. Italieraz idatzita zegoen, baina Cianik bizkor pasatzen zituen orriak, eta ez zidan pasarte bat osorik irakurtzeko betarik ematen.
Zergatik idatzi ote zituen italieraz bere buruarentzat beste inorentzat ez zen dietario hartakoak? Sortzez euskalduna izan arren, normalena gaztelaniaz idaztea izango zen, gaztelaniazko kulturan hezitako belaunaldi hartako beste guztiek bezala. Zergatik aukeratu ote zuen, orduan, idaztea nekezago egingo zion hizkuntza? Beharbada Erroman nik uste baino integratuago egongo zela pentsatu nuen, ingurukoekin mintzatzeko egunero erabiltzen zuen hizkuntzan nahiko trebatuta. Orduan Nataliaz gogoratu nintzen, eta pentsatu nuen harekin izaten zituen solasetako hizkuntza beharbada Muruamendiarazentzat hizkuntza intimoa izatera iritsi izango zela, maitearekin erabiltzen zuen mintzaira bera ere denborarekin kuttunago bihurtuko zitzaiola.
Nataliari bidaltzen zizkion gutunez gogoratu nintzen, Sandra Cianik berak esan zidanez listari gorri batean bilduta aurkitu zituzten eskutitz haietaz, Nataliaren mezuak eta Muruamendiarazen zirriborroak nahasian gordetzen zituen bilgo hartaz, eta haien berri jakin nahi izan nuen.
— Gutunak ez daude hemen —esan zidan—. Unibertsitateko irakasle batek hartu zituen aztertzeko.
Arraroa egin zitzaidan ikergaiak edozer moduz banatzeko jokaera hura, baina, berak naturaltasun osoz esan zidanez, hain ezohikoa ez zela izango pentsatu nuen, niri zabar samarra iruditu arren. Dietarioko orrietara itzuliko ginela uste nuen, baina Sandra Cianik beste koaderno bat hartu zuen apaletako batetik, eta mahai gainean utzi gabe esku artean erabili zuen.
— Hemen daude eskolako kontuak.
Orri batzuk pasatu, eta behatz luze batekin seinalatu zidan Gregorio Muruamendiarazen izena. Orrian behera eta alde batetik bestera ibili zuen urdinez margotutako azazkal luzea Bergarako margolariaren diru ordainketak eta datak erakutsiz. Datu horiek baino gauza interesgarriagoak ikusiko nituelakoan joan nintzen hara, eta muntarik gabeko informazioetan galtzen hasi baino lehen zuzenean egin nion galdera.
— Eta ipuinaren jatorrizkoa? Hura ere beste toki batean dago gordeta?
Galdera espero zuela adierazten zuen irribarre murritz batekin goiko apaletik karpeta bat hartu, eta mahai gainean zabaldu zuen. Beste agiriak ez bezala, ipuinaren testua orri solteetan zegoen, eta zirriborroa zirudien bertsio landua baino gehiago. Horitutako paper haiek letra zainduz zeuden idatzita, baina zuzenketak nonahi ageri ziren; asko ziren tatxatutako lerroen gainean berridatzitako esaldiak, eta baita orri bazterrean letra txikiagoz erantsitakoak ere.
Italierari buruz daukadan ezagutza oso apala da, erraz ulertzen den aitzakiarekin ez baitut egundo ahaleginik egin ezer ikasteko, baina, idazkera baldarrari erraz antzemango niolakoan-edo, Sandra Ciani bera aurreratu zitzaidan.
— Oso trakets idatzita dago, oso italiera kaxkarrean. Esaldi baldar asko daude eta gaztelaniazko kalko garbiak, batzuetan hitz eta esaldi osoak ere bai.
Inoiz baino garbiago ikusi nuen Sandra Ciani ia hasieratik bertatik jabetu izango zela ipuinaren egilea ez zela bere Zio Angelo hura izango, eta hala ere bere tesiari irmo eusten saiatu izan zela. Engainatuaren amorrazioa sentitu nuen neure baitan hazten, eta sumin horrekin batera baita Cianiren kontrako erdeinua ere, desira burugabe batengatik hola jokatu izanagatik. Nirekin —eta zer esanik ez bere egunkariko irakurleekin— izandako jokaeragatik kargu hartzekotan egon nintzen, baina segituan erabaki nuen ez zuela merezi. Inoiz misterio bat izan zena erabat argituta zegoen, eta Muruamendiarazen bizitzako eta heriotzako pasadizo asaldagarrien frogen aurrean nengoen. Hori zen inporta zitzaidana, ez arbaso baten izena ezagutarazteko eta kritikarien estimazioa irabazteko Sandra Cianik izan zuen jokaera barregarria.
Berriz ere dietarioari heldu nion, baina oraingoan Ciani ez zen inolako eragozpenik jartzen ausartu. Isilik begiratzen zidan, betaurrekoen armazoi urdinetik begiak nigan tinko, baina hitzik egin gabe. Ez zegoen dietarioan paragrafo luzerik, eta, pasarte batzuk kenduta, gehienak ohar eta esaldi laburrak ziren, eguneroko hura idatzi zuenean artean erraztasunik ez balu bezala italieraz idazteko. Orri-pasa ari nintzela, atentzioa eman zidan letra larriz idatzitako hitz batek, Nataliarekikoan lehiakide izan zuen hura izendatzeko aukeratu zuen harexek. Testuan Mefisto agertzen zen bakoitzean, stronzo, cretino, figlio de una mignotta eta holako apaingarriz inguratuta azaltzen zen. Erraza zen koadernoan letra larriz idatzitako Mefistoren arrastoa jarraitzea, eta horrela egin nuen topo, orri baten barrenean, euskarazko esaldi batekin: “Badator, dauzcanac soiñian eta dazquienac miñian”.
Bihotzak jauzi egin zidan Muruamendiarazek Angelo Ciani laidotzeko euskal esaera baten kutsua zuen esaldi hura idatzi zuela ikustean, baina ez nuen hitzik ere egin. Hilabete batzuk iraun zuen gure harremanean, hainbeste e-mail eta telefonozko solasetan ez zidan Sandra Cianik inoiz aipatu berarentzat ezezaguna zen hizkuntza batean idatzitakorik aurkitu zuenik. Nigandik inolako iruzkin argigarririk ez zuela merezi erabaki nuen, eta isilik geratu nintzen.
Dietarioa berriz mahai gainean utzi nuenean, Sandra Ciani gelako atean zegoela konturatu nintzen. Nik nire paper-araketa noiz bukatuko zain zegoela zirudien, bizkarra atezangoan bermatuta, esku batean lupa handi bat zuela. Begiratu nionean, lupa zuen eskua jaso, eta irteteko keinua egin zidan. Mutu egin genuen koadroen arteko bigarren itzulia, Sandra Ciani bera ere nire ondoezaz jabetu balitz bezala, edozein kontu hizpidera ekarriz gero sestrarako gai izan zitekeela baleki bezala.
Koadroei banan-banan begiratua eman ondoren, igelei buruz hitz egiten hasi zitzaidan, eta denetan handienak seinalatzen zizkidan, margolanean zuten jarreragatik bizkar osoa garbiago ageri zutenak. Koadroaren erdian dorretxe handi bat erakusten zuen margolanaren aurrean geratu ginen, zapelatzak eta basurdeak nonahi ageri zituen koadroaren aurrean, huraxe baitzen zalantzarik gabe Vicenziren sinaduraren gainean igelik handiena zuena, bizkarraldeko marrazkia ondoen erakusten zuena.
Telefono mugikorra atera zuen, eta gordeta zeuzkan argazkiak pasatzen hasi zen. Bila zebilena aurkitu zuenean, bi behatzekin irudia zabaldu eta ondo begiratzeko eskatu zidan. Marrazkiko gizon gazteari erreparatu nion, haren aurpegiera luzexkari, burua alde batera okertzeko moduari, begiak zabal-zabalik zituela begiratzeko erari. Gero berriz lupa hartu, eta sinaduraren gaineko igelaren gainean jarri zuen. Bizkarreko irudia lausoagoa izan arren, ez zegoen batere zalantzarik: begirada bera zen, aurpegi luzexka bera, burua pixka bat okertuta posatzeko jarrera bera.
Luzaz egon zen horrela, lupa igelaren bizkarraren gainean jarrita. Nik hobeto ikus nezan egin zuela pentsatu nuen, baina gero konturatu nintzen sorgorturik bezala zegoela. Han neukan Sandra Ciani neure ondoan, bere arbasoaren aztarrenaren atzetik ibili ondoren aurrez aurre zuen osaba zaharraren irudiari begira. Batzuetan haren aurpegian esker oneko keinua ikustea iruditzen zitzaiola esan zidan, misterioa argitu izanagatik eskerrak eman nahi balizkio bezala. Berriz isildu, eta luparen atzean barrundatzen zen irudiari begira geratu zen.
— Neuri begiratzen didala iruditzen zait.
Soto hartako bisita bukatutakoan, Sandra Cianiri agur esan, eta zuzenean hotelera joatea erabaki nuen, eta haren berririk gehiago izango ez nuela konbentzituta itzuli nintzen Gasteizera. Lanera itzuli eta egun batzuetara, ordea, beste e-mail bat jaso nuen. Ez zen arrastorik ere geratzen gure telefonozko solasetan pixkanaka lortu genuen adiskide giro hartatik, Erromako bisitaren ondoren gure arteko hartu-emana erabat agortuta baitzegoen; horregatik aukeratu izango zuen zuzeneko elkarrizketa baino bitarteko hotzagoa, nahiz eta jakinarazi nahi zidan berria munta handikoa izan: matxura larri bat gertatu zen koadroak gordeta zeuden eraikineko hoditerian, hodi nagusiren baten leherketa-edo, artean ez baitzegoen garbi sotoko biltegia urez bete zuen istripuaren arrazoi zehatza, eta sotoan gordeta zeuden margolanak eta gela txikiko agiri guztiak urpean geratu ziren, seguru asko betiko hondatuta.
Vicenziren misterioa argitzean izan zuen jarrera ikusita eta Erroman hartu nion erremindu tankera kontuan hartuta, esan beharrik ez dago ez zitzaidala sinesgarria iruditu hoditerian izandako matxuraren azalpena. Margolan harrigarri haiek Zio Angelorenak izan zitezkeela-eta elikatutako ilusioa zapuztu izana gutxi balitz bezala, ezin eramana egingo zitzaion koadro bitxi haiek izan zuten oihartzuna Zio Angeloren hiltzailearen izena handitzeko izatea, nahiz Muruamendiaraz ilun harena betiko galdu Vicenzo Vicenziren badaezpadako ospearen atzean. Vicenziren lanen hondamena agian beste artikulu edo erreportaje bat idazteko erabiliko zuela bururatu zitzaidan, eta horrela La Repubblicako erreportaje sail sarituari urrezko epilogo bat jarriko ziola. Mendekua biribiltzeko erremate dotorea, pentsatu nuen.
Ez nuen batere gogorik izan Sandra Cianiren e-mail labur eta lehorrari erantzuteko, eta horretan geratu zen hilabeteetan izan genuen hartu-emana, beste azalpenik gabe, bestelako xehetasunik gabe, argazkirik gabe. Baina ordu asko eskaini nizkion Gregorio Muruamendiarazen arrastoa bilatzeari dena bat-batean betiko ahazteko, eta handik egun batzuetara zerbait gehiago jakin nahiak interneten arakatzera eraman ninduen. Ez nuen erakunde ofizialen web orrietan ezer aurkitu, eta egunkarietan ere espero baino albiste laburragoak argitaratu zituztela ikusi nuen. Harrigarria iruditu zitzaidan kazetaritza-sari garrantzitsu bat irabazteko adinako interesa piztu zuen gai batek gero horren oihartzun apala izatea, baina, Italiako agenda mediatikoaren gorabeherak arrotz zaizkidanez, ezin behar bezalako juzgurik egin. Artikulu gutxi eta oso azalekoak aurkitu nituen, Sandra Cianik idatzitakorik bat ere ez.
Han eta hemen suman nenbilela, ordea, arte ikasle baten blogean egin nuen topo gaiari buruzko informazioarekin. Tonu gogorrean idatzitako post batean, Vicenziren margolanak gordetzeko arduradunek erakutsi zuten zabarkeria salatzen zuen, eta erantzukizunak banatzeko orduan ez zuen ia inor salbatzen, ez kritikariak, ez unibertsitatea, ezta ondare artistikoa babesteko ardura zuten erakundeak ere. Koadroen bitxitasunak areagotu egiten zuen, blogariaren ustez, arduradunen utzikeriak eragindako galera.
Ulergarria iruditu zitzaidan ikasle haren protesta, baina ez nuen blogean koadroei buruzko iruzkin interesgarririk aurkitu, estiloaren berezitasunaz haragokorik. Bazegoen, ordea, niretzat edozein ideia baino preziatuagoa zen zerbait: blogeko testua ilustratzeko bi argazki. Koadroak gordeta zeuden biltegira jaisteko eskaileretatik atereak ziruditen, urak hartutako sotora gehien hurbil zitekeen puntutik eginak itxura batean. Lehen argazkiak margolanak zeuden gela zabaleko panorama orokorra eskaintzen zuen, hondamendiak utzitako egoera penagarria. Bigarrena, berriz, hurbilagoko irudia zen, eta ur azalean igeri zebilela zirudien koadro bat agertzen zen. Segituan konturatu nintzen dorretxea erdian zuen koadro huraxe zela; lausotuta bada ere, ezagutzeko moduan ageri zitzaizkidan margolaneko zapelatzak, basurdeak eta dorretxea bera. Vicenziren izenpeari begiratu nionean, bat-batean sinaduraren gaineko igelarekin egin nuen topo: han zegoen Vicenzi pintorearen eta Capriako nagusiaren eldarnioetako igela, berezko ingurune naturalera itzuli balitz bezala ur azaletik zentimetro batzuetara murgilduta. Argazkia kopiatu eta zabaltzen saiatu nintzen igela hobeto ikusteko; argazkia hedatu ahala, igela hazi egin zen eta bizkarreko orban nabarra ere handitzen hasi zen. Irudia zabaltzen jarraitu nuen, igelaren bizkarreko marrazkia xehetasun handiagoz ikusi nahian, baina Mefistoren aurpegia desitxuratu egiten zen; irudia zabaldu ahala lausotu egiten zen, bizkarreko aurpegi hura igelari itsatsitako lokatz zipriztin bat balitz bezala.