Hotz industriala
La force de la vie et le malheur du froid
la dure bêtise de l'homme
sachant la loi de son couteau
Georges Bataille
Egurrezko banku batean eserita dago Lezeta, auzoko plaza bakarretako batean, inguruan dituen platano erdi biluzietatik eroritako hosto ihartuen zirimolei begira. Goiz-goizetik atera du gaur haizea, eta plazaren alde batetik dator indarrez, lurrean bildutako orbelak eta paper puskak astinduz eta orain alde batera eta gero bestera eramanez. Begirada altxatu du, eta argia piztu berria den leihora joan zaio; zerua argitzen hasi badu ere, oraindik ez du eguna zeharo zabaldu, eta gero eta gehiago dira bistako adreilu gorriko fatxadetan ikusten diren argi zuri eta horixkak.
Ondoko kaleko tabernan gosaldu du, eta, oraindik lanerako goiz denez, plazako eserleku batean jarri da denbora pasa. Orain dela hilabete batzuk hasi zen tabernan gosaltzen, inolako erabaki garbirik hartu gabe, egun batean gogoak emanda hasi, hurrengoan errepikatu, eta horrela konturatu ere egin gabe etxeko jogurtak eta muesliak baztertu eta tabernako kafesne-croissantetara pasatu zen. Horrela hasi zen, baina orain croissantak ere utzi, eta tortilla pintxo bat edo urdaiazpiko mokadu bat jaten du garagardo batekin. Gozotik gazira aldatzea ez da izan azkenaldian izan duen aldaketa bakarra; sakonagoko aldaketa baten sintoma dela pentsatu du orain, plazako orbel zirimolei begira dagoela.
Gaur ere goizegi esnatu da; seietarako zabaldu ditu begiak, eta horrela egon da ohean irratiko emisora lasaieneko musika lagun duela. Azkenaldian lo gutxiago egin izanari egotzi izan dizkio noizean behin sentitzen dituen zorabio modukoak; tentsioaren jaitsierak izan litezkeela esan izan diote, baina berak beti alturako joera izan du, eta ez daki garbi zer pentsatu. Konponketak egitera joaten den lantegietako batean behin ezagun batek kontatu zion bere lankidea ere horrela hasi zela, eta medikuak bertigoa zela esan ziola. Lezeta bera ere susmo hori hartzen hasita dago, lehengo batean zorabioaren erasoa sentitu baitzuen furgonetatik jaitsitakoan gora begiratzeko burua pixka bat atzeratu zuenean. Furgonetako ateari helduta aurkitu zuen Gari lankideak, aurreraka makurtuta, lurrera begira. “Zahartuta hago”, esan zion, gaztetasunak eta osasunak berez duten prepotentzia ia natural horrekin. Ez zion batere graziarik egin Lezetari bestela ere nahiko antojagarria iruditzen zaion lankidearen ahotik hori entzuteak, eta gogoz kontra azaldu zion azken boladako zorabio haien kontua. “Ez duk adin kontua” esanez amaitu zuen azalpen laburra, baina ez zuen lankidea konbentzitu izango, hura berriz ere edadearekin tematu zen-eta: “Hirurogeita bost urtetik gertuago hago hi berrogeitik baino”.
Gaur goizean ere, gosaldu eta tabernatik irten denean, desoreka zantzu bat sumatu du bere baitan, eta ondoko plazara joan eta banku horretan esertzea pentsatu du, patxadak eta egonak beti mesede egiten diote-eta. Goizago esnatzen hasi denetik, gainera, nahiko denbora izaten du lanera joan aurretik lasai ibiltzeko, eta horrela entretenitu da plazan haizeak dantzan jarritako orbel eta paper puskei begira. Mika baten kantu zakarrak burua jirarazi dio, eta hor ikusi du platano baten adarretik hegaldatu eta teilatu ertzean pausatzen. Hegalik gabeko teilatu ilun xumeak dira, adreilu gorriarekin batera auzoari halako monotonia goibel bat ematen diotenak, industrialdetik gertu samar langileentzat propio eraikitako beste auzo askotan bezala.
Teilatu ertzeko mikari begira dagoela, haren azpiko leihoan ere argia piztu da, sukalde batekoa dirudien fluoreszente-argi zuria. Inguruko etxeetan ere gero eta argi gehiago daudela piztuta konturatu da Lezeta, eta azkenean bankutik jaiki da. Haizeak plazan sartzeko aurkitu duen izkina aldera jo du, eta handik irten da alboko kalera; beste kale bat zeharkatu du, etorbide zabalago bat gero, eta autoa aparkatuta uzten duen tokira iritsi da.
Ez du asko gidatu behar izan lantegia dagoen tokira iristeko, kilometro eta erdi besterik ez; garai batean oinez egiten zuen lantegirakoa, goizeko freskura azalean sentitzeak ematen zion bizituarekin, baina orain alfertuta dago horretarako ere. Industrialdean goizeroko hotsak hasiak dira inguruan hedatzen; gaueko txandan ere jarduten duen fabrika bakarretik irteten diren trakateko eta soinu metalikoei gero eta trinkoagoa den trafikoaren zarata gehitzen zaie, eta pixkanaka esnatzen ari diren pabiloietako makinen hotsak.
Industrialdeko lehen biribilgunean bozina jo dio Lezetari goizeko ordu horretan lanera erretxinduta doala dirudien gidari batek. Kale zabala da Lezetaren lantegira eramaten duena, bi noranzkoetan bina errei dituena tartean erdibitzaile eta guzti. Bi aldeetako espaloi zuloz beteetan eta erdibitzaileko lur zirrindara estuan, errakitismoak jotako zuhaixka batzuk ikusten dira, inguru guztiari halako utzikeria hits baten ukitua ematen diotenak. Bigarren biribilgunera iritsi baino lehen sartu da Lezeta burdin sare baten erdian dagoen tarte zabaletik, eta bloke zurixka batzuekin eraikitako fabrikaren aurrean aparkatu du, justu errotulu nagusiaren parean: hotzaren eta neguaren sinbolo bihurtutako elur-malutaren ikurrek zirkulu handi bat osatzen dute HozTek errotulu urdinaren inguruan.
Bulegoan eguneko lan-planaren paperak hartzen ari zela iritsi da Gari, azken hilabeteetan laguntzaile izan duen gaztea, eta gaur bisitatu behar dituzten pabiloietan konponketak egiteko trepetak eta lanabesak hartzen hasi dira. Enpresan lanean egin dituen urteetan laguntzaile asko izan ditu, batzuk biziak eta beste batzuk geldoagoak, batzuk trebeak eta beste batzuk baldarragoak, baina oraingo azkar usteko hau jasangaitza egiten zaio askotan. Unibertsitatean ibilia delako-edo, batzuetan gehiagotasunezko irribarreak izaten ditu eskola askorik gabeko Lezetarentzat, edo hori iruditzen zaio behintzat berari, baina holakoetan aparteko talenturik ere ez zuela izango pentsatzen du Lezetak, goi mailako ikasketak alde batera utzi eta hotz eta bero industrialari buruzko moduluak eta ikastaroak egin behar izan baitzituen itxurazko lan bat aurkitzeko. Hogeita hamar urteko gazte birziklatua, garai berriko fenomeno bitxia Lezeta bezala ia bizi guztia lan berean eman duen edozeinentzat.
Eguneko lan-planari jarraituz, fruta eta loreak gordetzeko biltegi batera egin beharko dute lehen bisita, nabe frigorifiko ikusgarri bat hartzen duen mila metro koadro inguruko pabiloi batera. Garirentzat lehen aldia da biltegi horretan sartzen dena, baina Lezetarentzat toki ezaguna da. Ondo gogoan du oraindik hozte-sistema instalatu zuten garaia, aspaldi samarrekoa, eta baita harrezkero egin behar izan dituen bisitak ere; gero eta maizago joan behar izaten dute tamalez, biltegi horretako sistema oso zaharkituta geratu arren, nagusiek, enpresak dituen beste biltegi batzuei lehentasuna emanda, ez baitute berritzeko asmorik.
Sartu orduko sabaiko hodi zabalei erreparatu die Lezetak, eta hodietan tarte erregularretan haize hotza botatzen duten zulo biribilei. Segituan sumatu du ez dutela behar bezala hozten, eta hozte sistemak behar bezala funtzionatzen ez duen guztietan bezala, jenero gehiena handik erretiratua dute biltegiko langileek, beste nabe batera edo beste kamara frigorifikoetara eramana; horrela daude pabiloiaren hasieran dauden fruta biltegiratzeko tokiak, denak jeneroz erdi hustuta.
Aurrera egin dute pabiloi barreneraino, loreak biltegiratzen dituzten tokiraino. Kolore guztietako lorez beteta ageri dira bi aldeetako hormetan dauden apalak, eta baita nabean bertan paratutako apalategi ilarak ere. Apalen arteko korridore batetik pasatu dira, eta harrituta geratu da Lezeta frutak ez bezala loreak ez dituztelako beste toki batera eraman, beharbada laster banatzekoak direlako, edo auskalo zergatik. Neurri, mota eta kolore guztietako loreak daude apaletan txukun-txukun ordenatuta, gehienak Lezetarentzat ezezagunak; berak betikoak ezagutzen ditu, krabelinak, arrosak, krisantemoak, gerberak gehienez ere, baina beste guztiak exotikoak iruditzen zaizkio, munduko auskalo nongo bazterretatik ekarriak, denak hotzak zurrunduak.
Deigarria egin izan zaio beti biziaren ikur diren loreak apal haietan ebakita ikustea, udaberriko bizi berrituaren sinbolo diren haiexek bizia ematen dien izerditik etenda ikustea, pabiloiko hotzetan negura kondenatuta. Plantazioetako langileak irudikatu ditu guraizeak edo inaustekoak eskuetan hartu eta zurtoinetatik pipil zabaldu berriak erauzten, apaingarritarako edo oparitarako biziaren sinbolo gisa erabiliko direnei bizia kentzen. Bizi-izerdirik gabe utzitakoak zimeldu egiten dira, marguldu, ilundu, baina horretarako zegoen frigorifiko eta kamaretako hotza, loreak ere behar bezala kontserbatzeko. Hotzak dena geldotzen du, dena gelditzen du, dena gerarazten du, usteltzea eta zimeltzea galarazten ditu. Denboraren eragin suntsitzailea berandutzen du, denbora bera izozten du.
Biziaren zilbor-hestea etenda daukaten lore haiei begiratzean, margolarien natura hilekin gogoratu da, bodegoietako lore, barazki eta eper edo untxi hilekin. Urte batzuk lehenago laguntzaile izan zuen gazte batek kontatu ziona etorri zaio akordura, behin museo batera joan eta holako koadroak nagusi ziren areto batean sartu zenean izan omen zuen inpresioa. Koadroei begira zegoela, ondoko etiketatxoetan “natura hila”ren ondoan “still life” irakurri omen zuen, eta deigarria egin omen zitzaion hizkuntza batzuek heriotza ikusten duten tokian beste batzuek bizia ikustea, bizi gelditua edo bizi isildua izan arren, bizi izoztua esango luke Lezetak, hezetasun eta berotasun biziarazletik betiko aldendu eta mugimendurik gabe betiko jelatua.
Nabe barrenean dagoen atea zabaldu, eta makina-gelan sartu dira. Garik aurrea hartu nahi izan dio, eta, bere konpetentzia profesionala erakutsi nahi izan balio bezala, zuzenean kondentsadorera jo du eta haizagailua aipatu du. Lezetak, ordea, badaki lantegi hartan gehienetan konpresorea izaten dela huts egiten duena. Eta gaur ere hala izan da, arazoa konpresorearen motor elektrikoan baitzegoen, berak espero zuen bezala. Aurreikuspen horrekin hartu ditu lantegian arazoa konpontzeko behar izango zituela uste zuen piezak, eta bete-betean asmatu izanaren satisfazioarekin hasi da lanean.
Matxura konpontzen egin duten ordubete eskasean deseroso sumatu du Lezetak Gari. Hasierako diagnostikoan huts egiteaz gain, laguntzaile eta ikasle huts sentiarazi du, lanabesak eskatu ahala eskura emateko besterik ez baitu erabili. Lezetak bihurkin bat eskatu eta Garik aukeratu duena ikusitakoan “hau ez, bestea, zabalagoa” esan dionean, min eman diola konturatu da, baita estalki bat altxatzeko agindu eta nondik tira ez dakiela geratu denean ere. Hanka-sartze bat zuzentzen zion bakoitzean garbi ikusten zuen beste urratu bat egiten ari zela Gariren harrotasunean. Erremintak eta piezak eskatu ahala eman, eta gainontzean lepoa luzatuta egon Lezeta egiten ari zenari begira, hori da Garik han egin duen guztia, oraindik ikasteko asko daukanak bezala.
Konponketa bukatu eta berriz loreen apalen artetik pasatzean, behin enpresa beraren beste biltegi batean hilda aurkitu zuen txoriaz gogoratu da Lezeta. Kamaretako bat konpontzera sartu zen, bera bakarrik, laguntzailerik gabe ibili zen bolada batean, eta hildako kardantxilo bat aurkitu zuen. Nondik eta nola sartu ote zen pentsatzen ibili zen, beti itxita egoten zen leihorik gabeko eta ate bakarreko toki hartan nola demontre sartu ote zen asmatu nahian, baina ez zion enigma hari tankerarik hartzen. Eskuetan hartu zuen kardantxilo izoztua: txori gorputz gogortu bat, lumen koloreak apalduak zituena, buruko gorria eta hegoetako horia gainerako lumen gris arrearekin berdintzera eginak, mokoa estututa, hanka bat bilduta eta bestea luzatuta, atzapar zorrotzak zabal-zabal eginda. Deigarriena zabalik zuen begiarena egin zitzaion, begi bat itxita eta bestea irekita edukitzea. Zabalik geratu zen begi hartan jarri zuen arreta, eta txoriak berari begiratzen ziola iruditu zitzaion, heriotzaz bestaldetik irmo.
Goizeko lehen konponketa amaitutakoan, berriz furgonetan sartu dira. Hurrengo bisita egitera joateko arrankatu duenean, Gariren mututasuna ikusita, izoztutako txoriaren oroitzapena kontatu nahi izan dio Lezetak. Kardantxiloaren deskribapenean luzatu da, orduan egin zion inpresioagatik gogoan iltzatuta geratu baitzitzaion txoriaren irudia, laneko oroitzapenen albumean zehaztasun handiz gordetako argazkia balitz bezala.
— Beste txori baten kontuak aditu ditiat nik —erantzun dio lehor Garik. Puska batean gorderik eta jaurtitzeko pronto izan duen azkona bezala bota dio—. Beste txori batenak, txori bizi batenak.
Bazekien Lezetak une hori iritsiko zela. Bazekien lankideen artean zurrumurrua bazebilela, eta denbora asko ez dela, konponketa batetik itzulitakoan, lankide batzuk berriketan barrez ari zirela sumatu zituen, baina isildu egin ziren denak Lezeta sartu zenean.
— Zer ba? —galdetu dio Lezetak, zurrumurruetan zabaldu den bertsioa jakiteko prest.
— Zer ba?! Ni enteratu naizenerako… Lehengoan hamaiketakoan beste konturik ez zegoan, motell.
Isilik geratu da Lezeta, eta Gariri begiratu dio, esateko daukana behingoz esan dezala eskatuz bezala. Eta horrela egin du Garik:
— Edade bateko gizonezkoak neska gazteen atzetik hasten direnean... Nola esaten zaio horri? Horrek izen bat zeukak, ezta? —bota dio, barruan gordetako pozoia husten hasita.
— Hogeita hamabi urte zeuzkak. Ez duk nexka gaxte bat.
— Hik baino hogei gutxiago. Edo hogeitaka gutxiago!
Isilik geratu da une batez Lezeta, orain lankideen artean daukan irudi berriaren jakitun, eta Daniela ezagutu zuen garaiaz gogoratu da, industrialdean bertan bazkaltzera joaten zen jatetxean ikusi zuen lehen aldiaz, barrara bazkaria ordaintzera joandakoan. Baldar eta herabe sumatu zuen barraren atzean, hasiberriaren urduritasun eta ezinegonarekin, eta agian ezinegon irudi horrexek areagotu zion neskak egindako inpresio atsegina. Horail txiki samarra zen, argal antzekoa, aurpegi ederrekoa, eta begi argiek eta masailen zabalak hasieran errusiarra-edo izango zela pentsarazi zioten arren, segituan jakin zuen errumaniarra zela. Bazkalondoko ordu horretan egunero ikusten hasi zen, zerbitzari berri harekin hitz batzuk egiten eta garrantzirik gabeko kontuekin solasak pixkanaka luzatzen. Oraindik ere gogoratzen da hirugarren egunerako izena galdetzeko ausardia izan zuela, eta “Daniela” erantzun zionean bitxia eta ederra iruditu zitzaiola, orain, hilabete batzuk geroago, izen arrunta eta ia betikoa iruditzen bazaio ere.
— Gaztea niretzat, baina hi baino zaharragoa duk —bota dio Lezetak, adinaren gai labainkorra utzi nahi ez eta.
— Alde handirik ez. Niretzako modukoa gehiago duk hiretzakoa baino. Baina hi lasai, e! Ez zegok gaizki. Jende askok inbidia izango dik seguru; hire adinekoek zer esanik ez. Ulertzekoa duk haragi gaztearen tiradizoa.
Barre egin du Garik; konpresorearen aurrean zuen bekozkoa argitu zaiola dirudi, Lezetari adarra jotzeak amorru zantzu guztiak ezabatu dizkiola aurpegitik. Isilik geratu da Lezeta, eta Daniela ezagutu zuen garaiko egunetara joan zaio gogoa, nola hasi zen bazkalondoko kafearen ordua nahita luzatzen harekin hizketan segitzeagatik. Jatetxera bakarrik joaten zenean, gainera, beste jarrera bat ikusten zion Danielari: irribarrez hartzen zuen beti, eta barraren beste muturrean zegoela ere begiradak luzatzen zizkion, batzuetan koketeria garbiko keinuekin, behatz puntekin blusaren lepoa egokitzen zuenean bezala. Horrelako abegia egiten zionean han geratzen zen Lezeta jenderik gehienak alde egiten zuen arte, barraren izkinan eserita, jatetxea jendez hustuago eta gusturago, eta horrela hasi ziren kontuak esaten eta pixkanaka elkarri konfidentziak egiten. Errumaniatik Madrilera joana zen Daniela hasieran, ahizpa zaharragoaren bidea jarraituta, eta, orain honetan eta gero hartan lanean zebilela, han ezagutu zuen gero bere semetxoaren aita izango zena, lan segururik gabe noraezean zebilen beste errumaniar bat, “burugabe bat”, orain esaten duenez. Ez ziren ezkondu, baina elkarrekin bizi izan ziren urte batzuk; banaketa gogorra izan zen, eta handik urrundu nahi izan zuen. Ahizparen kontaktu baten bidez lortu zuen harreman itogarri hartatik libratzea eta industrialde bateko jatetxean lana aurkitzea, Madrildik urruti egoteak ematen zion lasaituarekin.
Bere baitan bilduta bezala geratu da Lezeta, eta Gari, erreakzio hori ikusita, konturatu da mami handiko gaia atera duela:
— Ez hadi horren serio jarri! Um... nik uste baino zerbait gehiago zegok hemen. Ez hintzen ba neska horrekin txoratuko?
Isilik jarraitu du Lezetak, lankideen arteko esamesak noraino iritsi ote diren kalibratu nahian bezala. Gari, ordea, eztena zorroztuta irten dela dirudi lore biltegitik.
— Hori bai, kanpotarrei babesa ematea gauza ederra duk: abegia, eskuzabaltasuna... Hori edozeinek aitortuko dik —bota dio irribarre maltzurrez, Lezetaren pazientzia norainokoa den probatu nahi balu bezala.
Mutu segitu du Lezetak, barruan hazten ari zaion amorrua mendean hartzeko ahaleginean.
— Aitarik gabeko haur batekin guraso lanak egitea ere bai. Beste baten umea hazten ibiltzea... hori baino eskuzabaltasun handiagorik! Hori bai, deskuidatzen bahaiz aitona haizela pentsatuko ditek.
— Oraindik hi baino gehiago nauk gauza askotan, ikusi besterik ez zegok —lehertu da oraingoan Lezeta, solasa laneko kontuetan duen nagusitasunera eramanda, baina Garik Danielaren umearena aipatu duenean gogoratu da gaur beteko dituela zortzi urte Niko txikiak, eta agian zerbait erosi beharko liokeela.
Barre egin du Garik Lezetaren erreakzioa ikusita.
— Zahardadeak duen abantaila bakarra hori omen duk, baina ez beti. Munduan gauzak gero eta azkarrago aldatzen dituk. Oraingo munduan esan nahi diat, ez zuen garaikoan.
Eztabaidan katramilatzeko batere gogorik ez, eta hitz beste egin nahi izan du Lezetak. Laneko kontuetara ekarri nahi izan du gaia, hor seguruago sentitzen baita, Gari hasiberriaren oso gainetik. Hurrengo konponketa egin behar duten tokiari buruzko xehetasunak ematen hasi zaio laguntzaileari; haragia zatitzeko lantegian lehen instalazioak jarri zituzten garaiko kontuak esaten hasi zaio, eta han ikusiko dituen kamara frigorifikoak beharbada Garik orain arte ikusi dituen handienak izango direla.
Hozte-sistemetan hainbeste urte lanean eman ondoren, Lezetak ezagunak ditu inguruko instalazio gehienak, behin baino gehiagotan bisitatu behar izan dituelako, kamara berri bat instalatzeko ez bada konponketaren bat egiteko, baina haragia zatitzeko lantegian sartzeak oraindik ere inpresio berezia egiten dio. Kako batetik zintzilik dauden txekor edo behi larrutuak, buruak eta hankak moztu eta barruak hustutakoak, odolustutako haragiaren biluztasuna, langileen zerra eta aihotzen hotsak, denek ere halako ezinegon bat eragiten diote, segundo batzuetan gorputz guztia hartzen dion hotzikara moduko bat.
Arduradunetako bat zeukaten zain iritsi direnean, eta zuzenean eraman ditu matxura zegoen tokira, lantegiaren barrenean dagoen kamara frigorifiko handienetako batera, haragia zatitu eta bildu ondoren bezeroei banatu aurretik gordeta edukitzen duten kamarara. Oraingoan Garik ez du aurrea hartu nahi izan, eta Lezetari utzi dio matxura detektatzeko lana. Zuzenean konpresoreari begira hasi da, gaur arazo guztiak konpresorean aurkitzea espero balu bezala; inolako anomaliarik ikusi ez duenez, lurrungailuarekin jarraitu du, eta han ere ezer topatzen ez zuenez, Gari ere begira hasi da, Lezetak oraindik ikuskatu ez duen toki batean.
— Balbulan zegok arazoa —bota dio Garik, satisfazioa ezkutatu ezinik—. Espantsio balbulan —errepikatu du, izen teknikoa azpimarratu eta doinu berezi bat emanez.
Lotsatu egin da Lezeta balbularena aurreikusi ez duelako, eta aldatzeko piezarik gabe etorri direlako. Garik Lezetari antzeman egin dio, nonbait, deseroso sentitzen hasi dela, eta lore biltegian egin behar izan duen ikasle paperaren ordainetan eztena zorroztu du:
— Presioak behar bezala erregulatzen ez badira, aire hotzaren eta beroaren jokoa hankaz gora jartzen bada... —bota dio bere jakintza teknikoaz harro dagoenak eskola zaharreko lankideari.
— Lantegira itzuli beharko duk orduan, balbula berriaren bila —esan dio Lezetak, bere nagusitasunari eusteko ahalegina eginez.
Barrea disimulatu gabe irten da Gari kamara frigorifikotik, aginduak agindu garaipena berea izan dela seguru dagoenaren konfiantzarekin, eta bakarrik geratu da Lezeta behar bezala hozten ez duen kamararen erdian. Han dauzka inguruan, apaletan txukun gordeta, orain galtzeko zorian dauden haragiak, plastikozko poltsetan hutsean bilduta dauden zatiak, bezeroei banatzeko prest utziak, eta erretiluetan jarritako xerrak, entrekotak edo haragi txikitua, supermerkaturen bateko apaletara eramateko zain.
Gari balbula berriarekin itzuli zain dagoela, lantegian buelta bat ematea pentsatu du, denbora pasa, eta hiltegitik kamioi frigorifikoetan iristen den ganadu hil berria deskargatzen duten tokira joan da. Orain gehienetan laurdenkatuta iristen dira lantegira, baina batzuetan oraindik ere garai batean bezala kanalak osorik ailegatzen dira. Ederki gogoratzen da zer inpresio egin zion zerra-makina handiak, lehen aldiz lanean ikusi zuenean, behi baten hilotz larrutua goitik behera erdibitzen, plataforma txiki batean nola jaisten zen langilea, bata zuria soinean eta plastikozko txanoa buruan, eta, zerra erraldoia eskuan zuela, behiaren hankartetik behera hasi eta nola ebakitzen zuen bizkarrezur guztia. Hango usaina baino aztoragarriagoa egiten zitzaion zerraren hortzek hezurren kontra ateratzen zuten karraska hura, eta gero ganadu gorputz larrutu eta erdibituak kakoetatik zintzilik ikustea: burua kenduta eta barrunbe guztiak erauzita, gorputzak erdibituta eta hankak ere erditik ebakita, presiozko urarekin garbi-garbi utzi arte xeheki errepasatuta, higiene protokolo estuak agintzen duen bezala.
Lantegi hartan sartzen den bakoitzean, haragiaren gorritasuna ikustean, beti odolaz gogoratzen da Lezeta, holako tokietan inon ikusten ez den odolaz, hiltegian odolustutako ganaduari geratzen ez zaionaz. Odol tantarik ere ez da isurtzen zerrak gorputzak laurdenkatzen dituenean, aihotzek zatikatzen dituztenean edo aizto ikaragarri haiek haragian ebakidura garbiak egiten dituztenean. Gorputzari bizia eta berotasuna ematen diona falta da, haragiari gorritasuna ematen diona. Hiltegiko pairamena etortzen zaio orduan burura, kolpe bortitz batekin edo deskarga batekin konortea kendutako txekorraren irudia eta gorputza irekitzean isurtzen duen odol bero lurruntsua, azken marru eta astinduen ondoren animaliaren gorputz sorgortuari dariona. Hilotz iristen dira behiak eta txekorrak zatitze-lantegira, gordin eta hotz, Lezetak jartzen eta konpontzen dituen instalazioetan ordu batzuk egindakoan hotzago eta hilago.
Kanalen laurdenak atalkatzen ari diren langileen ondotik pasatu da, inori ezer esan gabe eta inoren jakin-mina piztu gabe, gehienentzat aurpegi ezaguna baita. Aihotzen hotsa da nagusi han, eta pixka bat aurrerago, hots haiekin kontrastean, aizto zorrotzek haragian leun barneratzean izaten duten mututasuna. Gero haragi-atalak uhal garraiatzailean iristen dira azken zatiak egiten diren tokietara, azken erabilerari begira egindako xerraketak eta gainerakoak egiten diren lekuetara, bakoitzari dagokion bilgo, ontzi edo erretiluetan gordetzen diren arte. Hortik aurrerakoa da Lezetaren ardura, kamara frigorifikoetan kontserbatzen den haragi hoztua.
Uste baino azkarrago itzuli da Gari balbula berriarekin, eta uste baino errazagoa izan da konponketa, balbula aldatzea besterik ez. Oraingoan, arazoaren diagnostikoan asmatu eta pieza berak ekarri duenez, Gari tematuta dago konponketa berak egin behar duela, eta Lezetak utzi egin dio; bera izan da orain lankidearen maniobrei begira geratu dena, bat-batean bakoitzaren rolak aldatu balira bezala, Gari esperientzia handiko teknikari eta bera laguntzaile hasiberri. Ondo egin du lana Garik, eta antzeman egiten zaio sentitzen duen harrotasuna.
Lantegitik irten eta furgonetara hurbildu direnean, atezain beteranoari gol bat sartu dion futbolari gaztearen poza eta irribarrea du Garik, baina ez dirudi horrek Lezetari atsekabe izpirik ere eragiten dionik; are gehiago, ezaxola eta indiferentzia indartu balizkio bezala doa Lezeta ikasle aurreratuaren ondoan. Furgonetara hurbildu direnean, aurreratu egin da pixka bat Gari:
— Furgoneta neuk eramango diat oraingoan, konforme?
Lezetaren begirada zorrotza nahikoa izan du, ordea, atzera egiteko eta kopilotuaren ate aldera hartzeko, irribarrea barre bihurtuta, Lezetaren erreakzioekin gozatu egingo balu bezala.
Isilik egin dituzte hiritik hogei bat minutura dagoen hurrengo industrialderako lehen kilometroak. Lezetaren mututasunak, ordea, ez dirudi Gari kikildu duenik.
— Eta ohean zer moduz moldatzen haiz neska horrekin? —bota dio Garik lotsa arrastorik gabe—. Txiki samarra dela esan nahi nikek. Hire ehun kiloen erdiak ez ditik izango eta!
Lezetak ez dio erantzun; burua jiratu, eta larderiazko begirada bat bota dio, baina Garik sexu kontuak atera izana ez zaio hain arraroa iruditu, badaki-eta mihi gaiztoren batzuk ibili direla neska errepide ondoko klub batean ezagutu zuela zabaltzen. Berak, ordea, industrialdeko jatetxean ezagutu zuen, eta tabernako barran bertan hasi zen harekin tratuan. Gero, Danielari kontratua bukatu zitzaionean eta lanik gabe geratu zenean, orduan hasi ziren harremana estutzen, orduan hasi ziren jatetxetik kanpo geratzen eta parkean paseatzen, hasieran biak bakarrik eta gero Danielaren semearekin, Niko txikiarekin, hirurak elkarrekin, edozein ezezagunentzat familia baten irudi arrunta osatzen zutela. Azkenean Lezetak jatetxekoekin zuen urte luzeetako harremana erabilita, lortu zuen Danielari beste kontratu bat egitea, hori ere hilabete batzuetarako bakarrik, tamalez. Orduan hasi ziren batzuk zurrumurrua zabaltzen Lezetak neska hura putetxe batean ezagutu ote zuen, eta harekin txoratuta amaitu zuelako saiatzen zela harentzako lana bilatzen, beste gizonengandik urruntzeko moduko lan bat aurkitu nahi ziolako. Baina Danielaren bihotza irabazi zuela sentitu zuen orduan, eta harrezkero horren froga bat baino gehiago izan duela gogoratu du Lezetak.
Gariri, ordea, ez diote atzera eragin Lezetaren mututasunak eta begirada zorrotzak:
— Ez hadi horrela jarri, motell. Nire auzoko bat neska txinatar batekin zabilek azken bolada honetan. Bueno, ibili baino gehiago egon egiten duk hori, txinatarren tabernako terrazako mahai batean beti, atetik gertuen dagoen tokian eserita, atariko txakurra balitz bezala. Zeharo katigatuta zegok txinatarrarekin. Egia esanda, ez zakiat zergatik; nik ez zioat apartekorik ikusten.
Lezetari begiratu dio Garik, baina mutu segitzen du hark, begiak errepidetik mugitu gabe. Garik berearekin segitu du:
— Orain Turkiara joatekoa duk ile-transplante bat egitera. Benetan. Eta dena zergatik, eta txinatarrari burusoilak gustatzen ez zaizkiolako. Hortik atera kontuak zenbateraino dabilen neska horrekin txoratuta.
Oraingoan bai, begiak errepidetik mugitu, eta Gariri begira jarri da Lezeta.
— Ez idak hola begiratu! Benetan ari nauk. Baina bere konpentsazioa ere ba omen zeukak horrek. Txinatarrek motxin estua izaten omen ditek, eta horrek gustu handiagoa ematen omen dik txortan. Ez al huen sekula aditu? Neska herrenekin ere holako zerbait gertatzen dela zeukaat entzuna; haiek ere estuagoa izaten ditek, nonbait. Horrenbeste urtean herrenik ez duk probatu oraindik?
Garik burua jiratu eta Lezetari begiratu dio, haren ahotik hitzen bat atera nahian, baina alferrik izan da.
— Ez diat esan nahi hire neska txiki horrek ere estua daukanik. Edo bai?
Azkenean etsi egin duela dirudi Garik, edo nahiko pozoi isuri eta barrena nahikoa hustu duela, eta mutu egin dute goizeko hirugarren konponketa egin behar duten tokirako bidea. Hiritik aparte samar kokatutako industrialde batean dagoen biltegi bat da, baina, aurrekoetan ez bezala, oraingoan ez dirudi Lezetak toki horren eta han egin beharreko lanaren berri emateko gogo handirik duenik. Industrialdera hurbiltzen ari direla, sirenak entzun dituzte, eta gerturatu ahala suhiltzaileen kamioi bat ikusi dute industrialdera doala, argiak piztuta abiadura bizian. Udaltzainak ere jarrita daude errepide ondoan trafikoa zuzentzen, ibilgailu batzuei industrialdean sartzea galarazten eta beste batzuk desbideratzen. Megafoniatik mezuak zabaltzen ari direla ere iruditu zaio Lezetari, baina ez du gauza garbirik ulertu.
Industrialdearen sarreraren ondoan dagoen zerbitzubide batera desbideratu dituzte, eta han gelditu dira zain. Inork ez die inolako azalpenik eman. Orain dauden tokitik jendea pilatzen ari dela ikusi dute; langileak pabiloietatik irteten ari dira, denak nahiko modu ordenatuan, txaleko islatzaile horia dutenei segika. Toki jakin batzuetan biltzen ari dira, eta polizia auto bat ere sartu da industrialdean argi urdinak jiraka dituela.
Leihoa jaitsi, eta gertu samar dabilen langile itxurako bati egin dio galde Lezetak.
— Simulakroa. Gero eta maizago egiten ditek.
Lezeta furgonetatik jaitsi da, eta industrialdera begira jarri da. Megafonia orain ozenago entzuten du, baina ez du ezer garbirik ulertzen. Ahots lodi baten oihartzun lausoa besterik ez zaio iristen, megafonia sistema akastunak kraskatua. Jende gehiago ikusi du lantegietatik irteten, eta biltzeko puntuak diruditen tokietan elkartzen. Batzuek maskarak dituzte eskuetan, baina inork ez ditu jantzi.
Lezetaren ezulertu aurpegia ikusita, langileak zehaztasun gehiago eman dizkio:
— Enpresa kimikoa jarri zutenetik gero eta gehiago egiten ditiztek. Orain dela urte batzuk laino toxiko bat izan zitean Zaragoza alde horretan, eta hemengo lantegi berria zabaldu zutenean, horrelakoak egiten hasi zituan. Hasieran hor alboko auzoko jendea ere sartu zitean simulakroetan, baina segituan aspertu zituan.
Berriz furgonetan sartu da Lezeta.
— Hemen geratu beharko diagu ditxosozko simulakroa bukatu arte.
Mutu jarraitu dute biek, azkenean Lezetaren begirada zorrotzak Gariren hitz jarioa etetea lortu balu bezala. Tarteka Lezetak industrialdera begiratzen du, hango mugimendua nola dabilen ikusteko, baina ez dio arreta handirik jartzen.
Danielaz gogoratu da berriz, hura lanik gabe geratu eta jatetxean berriz lanean hasteko modua bilatu zion garaiaz. Ordura arte pixkanaka koskortzen joandako harremana umotzen ari zela sentitu zuen, orduan hasi zela benetan ontzen hasieran jatetxeko tabernako solasetan ernatu zena eta Danielaren langabezia boladan egiten zituzten pasieretan heltzen joan zena, baina horrekin batera orduko kezkak eta zalantzak ere gogoratu ditu, oraindik ere batzuetan erasotzen diotenak. Zer zen Danielak benetan sentitzen zuena? Maite ote zuen benetan Lezeta edo esker ona zen bere konpainia eta gorputz gaztea eskaintzen zizkionean azaldu nahi ziona? Lezeta bera ote zen Danielak estimatzen zuena edo bizimodu asentatua zeraman gizon heldu batek eskaintzen zion segurtasuna?
Behin baino gehiagotan pentsatu izan zuen orduan Danielak beharbada bere haurrarentzako aita bat nahi izango zuela, bide batez sostengu ekonomikoa ere emango ziona. Lezeta ez da behin ere ume-maitea izan, baina Danielarenganako sentimendua pixkanaka zabaldu egin zitzaion gaur zortzi urte betetzen zituen Niko txikiarengana ere. Batzuetan lagundu egiten zion Nikori eskolako lanetan, eta arratsalde haietan iruditzen zitzaion berak inoiz izan ez zuen semearekin jokatuko zukeen bezala ari zela jokatzen. Gainera, gero eta maizago irteten ziren hirurak elkarrekin; lanaldia amaitutzat emandakoan pasieran ibiltzen ziren hirurak Lezetaren auzotik gertu dagoen parkean. Hasieran lotsa ematen zion jendeak zer pentsatuko ote zuen, batez ere mihi gaiztoen zurrumurruak hasi zirenean, baina orain une horiek ahaztuak ditu, eta gero eta erosoago sentitzen da.
Gariri begiratu dio Lezetak, baina badirudi hura ere industrialdeko jendearen joan-etorrietan dagoela murgilduta, hitzik ere egin gabe, ordura arteko adarjotzeei nahikoa iritzi balie bezala. Furgoneta geratu duten tokian, alde batean dagoen abandonatu itxurako lantegi zaharrari erreparatu dio Lezetak; beste hainbat lekutan ikusten ohituta dagoen koadroa du begien aurrean, urteek ilundutako fatxada zahar grisa, goiko aldean ia kristal bat bera ere osorik ez duten leihoxka txikiak dituena, eta gainean alde batean konkortuta eta bestean hondoratuta dagoen teilatua. Fatxadako horma gris hartan aspaldi batean jarritako kartel zaharretatik bat egin zaio deigarria, eguzkiak horitu arren eta ertzak urratuak dituen arren irudia nahiko garbi ikusteko moduan duena, zirku batek urte batzuk lehenago eskaini izango zuen emanaldia iragartzeko kartela dirudiena. Albo batean elefante bat ikusten da, eta azpian pailazo baten aurpegi margotua, ezpainen bueltan duen kolore gorriak barrea ia belarrietaraino zabaltzen diola. Zirku hartako figura nagusiak, ordea, letra hori handi batzuek diotenez, Noelia eta Natalia trapezista bikiak izan ziren; bi ahizpak ikusten dira kartelaren erdian, biak zutabe metaliko baten goialdean dagoen plataforman zutik, bata alde batean eta bestea bestean, saioa bukatu ondoren publikoak eskaintzen dien txalo zaparrada eskertzen ari balira bezala.
Lezeta kartelari begira jarri da, bi ahizpen bikoiztasunak txundituta bezala: biek zilar koloreko soineko elastiko berbera dute, eskote xumeduna, nesken hanka luzeak agerian uzten dituena. Bata, Natalia edo Noelia, auskalo, hanka baten gainean dago zutik, eta beste hanka tolestuta dauka, orpoa beste belaunaren parean duela; esku batekin trapezioaren soketako bati eusten dio, eta beste eskua zabal-zabalik jasota dauka, publikoa agurtzen ari balitz bezala, edo egin berri duten numero zailean lortutakoa ospatu nahi balu bezala. Beste ahizpa ere hanka baten gainean ageri da, baina beste hanka atzera botata eta jasota dauka, gorputza pixka bat makurtu eta aurreraka luzatuta, bi besoak zabal-zabalik, publikoari den-dena eskaini nahi dionaren keinua egiten duela.
Lezetak Noelia eta Natalia bikien aurpegiei erreparatu die, eta bien ile argiak hartaratuta, segituan jarri die biei Danielaren ile horail lasto kolorekoa, eta gero Danielaren begi argiak eta masail zabalak, Danielaren aurpegia Noeliari eta Danielaren hazpegi berberak Natalia biki bereizezinari. Daniela bera dira orain, Daniela bera bikoiztua.
Irudimenean zirkuko pistako plataforman mugitzen hasi zaizkio, biak ere hankak flexionatzen eta besoak altxatzen eta jaisten, publikoari eskaini nahi dioten numeroa egiteko prestatzen ariko balira bezala. Azkenean bi Danielatako batek jauzi egin du plataformatik, eta hor ikusi du Lezetak bi eskuekin trapezioaren barrari helduta alde batera eta bestera kulunkatzen, orain gorputza tolestuta, orain hankak aurrera luzatu eta trapezioari bultzada ematen, gero eta arku zabalagoan egiten duen balantza areagotzeko. Orduan bueltaka hasi da trapezioaren barra ardatz hartuta, itzuliak banaka eginez hasieran eta gero abiadura areagotuta gurpil baten moduan. Segundo batzuk jiraka ibili ondoren, gelditu eta buruz behera geratu da, oinak barraren ertzetan bermatuta, eta horrela egin ditu kulunka batzuk alde batera eta bestera, berriz buruz gora jarri, barrari eskuekin heldu eta plataformara itzuli den arte.
Beste trapezistak egin du jauzi orain plataformatik, bigarren Danielak, eta aurrekoak bezala, abiadura hartzeko hasierako kulunken ondoren, hura ere jira eta buelta hasi da barraren inguruan eta buruz behera bukatu du hark ere, barra ertzetan orkatilak sokekin ondo bilduta eta finkatuta; halako batean, ordea, berriz beste itzuli batzuk eman eta ahuspez geratu da, sabela barraren gainean duela gorputza luze-luze eginda, eta horrela kulunkatu da, postura arriskutsu horretan trapezioaren zealdoarekin arku zabala eginez. Gorputza irristatzen hasi da Daniela, burua gero eta aurrerago eta beherago, eta, eroriko zela zirudienean, berriz ere buruz behera geratu da barratik zintzilik, oraingoan orkatilak soketan katigatu gabe, oinbularrak barraren gainean dituela.
Gariren ahotsak eten du une batez Lezetaren ikuskaria.
— Oraingoan beste zurrumurru bat zeukaat kontatzeko.
— Beste zurrumurru bat? —galdetu dio Lezetak, Gariri begiratu ere egin gabe, Danielari buruzko kontuen moduko zerbaitekin jarraituko duelakoan aspertu aurpegia jarrita—. Hau duk eguna hau, esamesak handik eta esamesak hemendik. Behin honezkero ez nauk ikaratuko.
— Oraingoa serioagoa duk. Edo nahi baduk zurrumurru bat baino gehiago duk. Ia seguru gertatuko den zerbaiten tankera guztia hartzen zioat nik behintzat.
Begira geratu zaio Lezeta, barrua husten hasi aurretik hitzak ondo neurtu behar lituzkeela esan nahi balio bezala. Ez dio ezer esan, ordea, eta begiak berriz trapezisten kartelera eraman ditu.
— Lehengo batean komiteko batekin hitz egin nian —jarraitu du Garik—, eta zuzendaritza plantillan aldaketak egiteko asmotan ote dabilen esan zidaan. Fakturazioa gutxitu egin dela, ez dela lehen adina ekipo saltzen, eta horrekin batera mantentze-zerbitzuak ere behera egin duela. Enpresak langile kopurua murrizteko asmoa ote duen susmoa zutela.
Lezetak karteleko irudiari begira jarraitu du, Gari esaten ari zaionak berarekin zerikusirik ez balu bezala, izatekotan ere hasiberrien arazoa izango delakoan, ez bera bezalako beteranoentzako mehatxua. Orain Danielak berriz ere jauzi egin du plataformatik, eta segituan jarraitu dio atzetik bigarren Danielak, aurrekoaren mugimendu berak errepikatuz, biak erritmo berean kulunkatuz, batak alde batean egiten dituen mugimendu berak besteak bestean eginez, simetria eder bat lortuz. Buruz behera jarri dira lehen bezala oinetatik zintzilik, baina oraingoan, bakoitza bere kulunkan elkarren parera iritsi direnean, bietako batek jauzi egin du bestearen aldera eta eskuetatik heldu dio, eta horrela geratu da bestearen eskuetatik zintzilik, gorputz bikoiztu bat barratik esekita alde batetik bestera kulunkatzen.
— Benetan ari nauk —jarraitu du Garik, Lezetak eman nahi ez dion garrantzia azpimarratu nahian bezala.
— Eta jendea kezkatzen hasita dagoela zein kaleratuko ote duten, ezta? —esan dio Lezetak begirada karteletik mugitu ere egin gabe—. Protestarik ez egoteko modurik onena, aurrena jendea beldurtzea. Hi ere beldurtu al haute?
— Ni neu ez hainbeste.
Harritu egin da Lezeta Garik erakusten duen ziurtasunarekin, baina ez dio ezer esan, gogoa trapezisten ikuskizunetik atera ezin balu bezala.
— Herenegun zuzendaritzako batek deitu ziguan enpresan dagoeneko denbora pixka bat egin dugun batzuei. Ez dik ematen arriskurik handiena guk dugunik.
Lezetaren arreta, ordea, orain bi Daniela haiek osatzen duten figura bakarrean dago, alde batetik besterako kulunkak sorgortuta edo erdi hipnotizatuta baleuka bezala. Balantza batzuk egin ditu trapezioak alde batera eta bestera biki horailak zintzilik dituela, eta halako batean eskuetatik zintzilik dagoena askatu, airean gorputza jiratu, eta bere trapeziora itzuli da, eta gero buruz behera jarri da hura ere soka ertzetatik zintzilik. Bestea hasi da orain jira eta buelta, aurrena itzuli bat, gero beste bat, eta azkenean jauzi egin, airean bi itzuli egin, eta bueltan eskuak zabalduta zetorkion bikiari heldu dio, biek berriz ere gorputz bikoiztua osatuz trapezio bakarretik. Hurrengo kulunkan atzera bere trapeziora itzuli da, eta orduan beste Daniela hasi da barraren inguruan jiraka, hark ere airean jauzi bikoitza egin eta bestearen eskuei heldu dien arte.
— Plantilla murriztea bakarrik ez duk, nonbait. Baita gaztetzea ere —entzun du Lezetak, lankidea ondoan izan arren urrutitik zetorren ahotsa balitz bezala—. Hasita omen zeudek jubilazio aurreratuak aztertzen, lana uzteko pizgarriak eta holakoak, badakik.
Bihotzak jauzi egin dio Lezetari Gariren hitzak entzun dituenean, baina burua trapezioetan dauka. Hasita daude berriz ere bi trapezistak bakoitza bere barrari helduta bueltaka, eta jarri dira berriz ere buruz behera zintzilik biak; alde batekoari begiratu dio, eta Danielaren gorputz liraina ikusi du, jauzi bikoitza egin aurreko tentsioa nabari zaiola, baina beste aldekoari begiratu, eta orain bere burua ikusi du trapezioko barratik zintzilik, bere gorputz baldarra oreka zailean buruz behera, urteetako lanak handitu eta zaildutako esku takarrak zabal-zabalik Danielaren eskuei abegi egiteko prest. Zorabio moduko bat sentitu du bere burua alde batera eta bestera kulunkatzen ikustean, eta bihotza kuzkurtu zaio Danielak trapeziotik jauzi egin duenean. Airean ikusi du jauzi bikoitzeko bueltak egiten, kamera geldoan bezala, aurrena buelta bat eta gero bigarrenean haren begirada konfiantzaz betea ikusi du, airean helduko dioten eskuetan fede osoa balu bezala. Orduan Danielaren eskuak ikusi ditu bereei heldu nahian, baina esku batekin huts egin du, eta bestearekin juxtu-juxtu heldu dio. Esku bakarretik zintzilik geratu da Daniela behera begira, eta esku hura ere irristatzen ari zaiola sentitu du Lezetak.
Astindu batek hartu dio gorputz guztia, eta asaldatuta irten da kartelak abiarazi dion ikuskaritik. Gari ere konturatu da Lezetaren erreakzioaz, eta eman berri dion albistea leundu nahi izan du:
— Aukera ona izan litekek agian kalte-ordainetan kobratutakoarekin bizimodu berri bati ekiteko.
— Betikoa —bota dio zakar Lezetak—: zaharrak etxera bidali, eta gazteak merke kontratatu. Goazen hemendik. Bihar itzuliko gaituk hona.
Furgoneta arrankatu, kaminoaren erdian jartzeko pixka bat atzeratu, eta bolanteari kolpe bortitz batzuk emanez atera du Lezetak industrialde ondoko zerbitzubidetik. Biribilgunetik ziztu batean irten da, Gariren protestei entzungor eginda, eta HozTeken egoitza dagoen poligonorako bidea hartu du.
Ez dute hitzik ere egin bidean. Lezetak begirada errepidetik mugitu gabe gidatu du, eta Gari, ziplak eta adarjotzeak hurrengo baterako utzita, ez da ausartu ezer esaten, ezta eguerdirako programatuta zeukaten bisitarekin zer gertatuko den galdetzen ere.
— Gaurko konponketekin bukatu diagu. Bihar segituko diagu —esan dio Lezetak, Gariren kezkaz ohartu balitz bezala.
HozTeken errotuluaren azpian utzi du furgoneta Lezetak, ezer esan gabe, behar bezala aparkatu eta motorra itzali gabe, eta, Gari jaitsi denean, berriz ere furgoneta abian jarri eta alde egin du.
Aho bete hortz utzi du Gari, agurrik eta bihar artekorik gabe alde egin duenean. Zakar atera du Lezetak furgoneta, ia lantegi aurreko burdin sareko ertza ukituz, eta industrialdeko etorbide zabala hartu du saihesbide aldera.
Bidean gehiegizko abiadura mantsotuz joan da, lankidea gainetik kendu izanak pixkanaka lasaitu egin balu bezala. Biharko utzitako konponketak ahaztu nahi izan ditu, laneko gainerako kontuak ere burutik uxatu, eta ezikusia egin nahi izan dio Garik marraztu dion panorama ilunari, arratsaldean Danielarekin eta Nikorekin egingo duen pasierak ekartzen dion pozaren indarrez.
Konturatzerako iritsi da saltoki-gunera, eta sotoko aparkalekura jo du zuzenean. Furgonetatik jaitsi eta ilunpean lehen urratsak egin dituenean, zorabio moduko bat sentitu du berriz, halako desoreka sentipen bat ibilian, oina lurrean jartzean segurtasun falta bat, eta egonkortasuna arriskuan jartzen dion ondoez ezagun bat garondoan. Aparkalekuko zutabeetako batean eskua bermatu, eta segundo batzuk egin ditu horrela, bere burua zutabe grisaren sendotasunari fidatuta, batera eta bestera dabiltzan autoen argiek zorabioa areagotzen diotela.
Ohitzen hasita dago bertigoaren noizbehinkako erasoetara, eta, bere onera etorri denean, aparkalekutik irten eta merkataritza-zentroko korridore zabal eta argitsu batean sartu da. Asteguna izanda, ez da jende askorik ikusten, ez erakusleihoen aurrean geratuta, ez dendetan sartu-irtenean. Jostailu denda batera jo du zuzenean, eta ohitura faltagatik arraro samar sentiarazten duen giro batean murgildu da. Ikusmiran ibili da apaletan, baina arrotzak zaizkio inguruan ikusten dituen jostailu gehienak, inoiz ere ikusi gabekoak, zertarako diren edo nola erabil daitezkeen asmatzen zailak. Gaurko haurrek zer nahi izaten duten ere ez daki, eta, dendan buelta bat eman ondoren, azkenean erabaki du laguntza emateko prest hurbildu zaion neskaren azalpenak arretaz entzutea.
Zer galdetu behar zuen ere ez daki Lezetak, eta “zortzi urteko ume batentzako zerbait” atera zaio azkenean. Hor ibili da neskaren atzetik hark erakusten zizkionak ikusten eta neskak ematen zizkion azalpenak entzuten. Denetik zegoen han, betiko joko hezigarriak, auto telegidatuak, gizonkila artikulatuak, baina baita berari ezezagunak egiten zitzaizkion jostailu elektronikoak ere, edo pasaeran identifikatzea lortu ez duenik ere. Neskak buruz ikasitakoaren errutina doinu batekin ematen zizkion azalpenak, eta informazio zaparrada haren erdian durduzaturik sentitu da, bazter batean ikusi dituen patineteei erreparatu dien arte. Parkean haur bat baino gehiago sumatu du patinetean azkenaldian, eta neskak aurkeztu dizkion beste entretenimendu batzuk baino sanoagoa iruditu zaio berari. Lezetaren interesa ikusita, neskak patinete modelo batzuk erakutsi dizkio, eta bi gurpileko bat aukeratu du azkenean.
Opari-paperez bildutako pakete handia besapean duela irten da dendatik. Furgoneta hartu eta sotoko aparkalekutik berriz kaleko argitasunera atera denean, arratsaldean Danielarekin eta Nikorekin parkean egingo duen pasierara joan zaio gogoa, eta pentsatu du edozein ezezagunen begietara familia zoriontsu baten figura betea izango direla. Nikori patinetea emango dion unea irudikatu du, haurraren poza eta esker ona, eta patinetearen gainean ahalik eta abiadurarik handienera iristeko egingo dituen ahaleginak, gero bere lorpenak honezkero ia aitatzat hartua izango duen Lezetari harro erakusteko.
Une batez trapezisten irudiak etorri zaizkio gogora, eta Daniela ikusi du berriz erdi zintzilik pixkanaka eskuetatik irristatzen ari zaiola, heldulekua galdu eta sarerik gabeko erorketa librean amiltzen ari dela. Orduan arratsalderako espero duena kolore ilunez tindatzen hasi zaio: parkean ikusi du bere burua, Daniela eta Niko noiz azalduko zain, banku batean lasai eserita ondo bildutako oparia bankuaren atzean erdi ezkutaturik haurrari sorpresa handiagoa emateko, baina luze iritzita ikusi du bere burua, inor azaltzen ez dela ikusita noiznahi erlojuari begira. Urduri jartzen hasiko da; Danielari deituko dio, baina ez dio telefonoa hartuko. Zerbait larria gertatu dela pentsatuko du, eta berriz ere txarrena pentsatzen hasiko da. Beharbada nagusiak lanetik bota duela, kontratua bukatu egin zaiola, eta Daniela etxera itzuli dela negar batean, eta han dagoela telefono deiak hartzeko ere gogorik gabe.
Errepidera begiratu du, eta autoen joan-etorrietan arreta jarrita uxatu nahi izan ditu pentsamendu ilunak. Kopilotuaren eserlekuaren gainean utzi duen pakete koloretsuari begiratu dio, horrek ere irudimeneko laino beltzak aienatzen lagunduko diolakoan. Ez, ez da parkean zain egongo; zuzenean joango da Danielak lan egiten duen jatetxera, arratsaldean irteteko orduan, eta gero biak elkarrekin aterako dira. Parke aldera jo aurretik emango dio sorpresa Nikori, eta gero hirurak elkarrekin joango dira haurrak patinetearekin nola gozatzen duen ikusiz disfrutatzera. Arratsaldeko bostetarako iritsiko da; hutsik ikusiko ditu taberna atariko mahaiak eta ate ondoan erretzaileentzat zutik jarritako barrikak, ordurako langile gehienek lanaldia amaitu eta etxerako bidea hartua izango dutelako, eta jatetxean sartutakoan Danielak berak zerbitzatutako kafe bat hartuko du; han egongo da taberna barrenean barrako izkinan Danielaren mugimenduei begira, elkar ezagutu berritan egoten zen bezala.
Eta bere burua ikusi du Danielak lana bukatu baino lehen iristen, oso garaiz, goizegi agian, ordua iritsi artekoa jasan ezinda, egonezin batean. Furgoneta jatetxearen aurrean aparkatu, eta barrura sartuko da, baina ez du Daniela ikusiko; beste zerbitzariak han daude, baina Daniela falta da. Ez dela egun guztian lanera azaldu esango diote, eta zergatik galdetzen duenean ez dakitela erantzungo diote, eta bera harrituta geratuko da besteek zer gertatu zaion jakiteko ahalegin txikiena ere egin ez dutelako, harrituta eta minduta lankideen ezaxolagatik. Orduan Danielak Madrilen atzean utzitako bikotekide ohia irudikatu du, azkenean Danielaren arrastoa atera eta haren bila etorria, bezperan gau ilunduan edo goizaldera iritsi, eta zuzenean Danielaren etxera joana, ustez traizio egin zion emakumeari ordaina ematera.
Konturatu gabe berriz ere abiadura handia hartzen hasi dela ohartu da autoetako batek klaxona jo dionean. Ez, ez da arratsaldeko bostak arte zain egongo; oraintxe bertan joango da jatetxera Danielarekin hitz egitera, eta arratsalderako plana zehaztuko dute. Furgoneta mantsotzeko ahalegina egin du, eta pentsamendu ilunak uxatzeko goizean egindako lanak errepasatzen hasi da; gogora etorri zaio Garik nola aprobetxatu duen haragia zatitzeko plantan berak egindako hanka-sartzea, eta gero harekin izandako solasak erabili ditu buruan; lore biltegitik irten direnean kontatu dionaz ere akordatu da, behin antzeko biltegi batean izoztuta aurkitu zuen kardantxiloaz. Txoriaren gorputz izoztua ikusi du berriz, lumen koloreak denak gris arre bihurtuak, hanka bat bilduta eta bestea luzatuta, biak gogorturik, bat-bateko hotz eraso batek trapezioko artista bat zurrunduta utzi balu bezala, eta begi bat zabal-zabalik geratu zitzaion kardantxilo hark bezala begiratzen zion orain izoztutako trapezistak, esku ahurretik Lezetari begiratzen zion txoriak bezala trapezistak ere jauzi bat egin, muga bat igaro eta atzera bueltarik gabeko lurralde ezezagun batetik begiratuko balio bezala.
Ziztu batean iritsi da industrialdeko jatetxera, eta edozer moduz aparkatu du. Ez zaio burutik pasatu ere egin bazkariak ematen hasteko ordua dela, eta jatetxeko tabernan sartu denean konturatu da barra aurrean jenderik gehiena biltzen den ordua hura izaten dela. Langile eta kamioilari jendearen jardun ozena da nagusi, goizeko lana amaitutakoan bazkalaurreko pozak berez dakarren buila eta zalaparta.
Hainbeste gorputz eta bururen artetik kosta egin zaio barraren atzean nor dabilen ikustea. Bihotza taupada betean duela egin du barrura, taberna betetzen duten langile taldeen artean erdi bultzaka, barreneraino iritsi eta barraren bazter batean tokia aurkituko duelakoan. Berriz ere barra aldera begiratu du, eta buru-baso sarri hartako tarte batetik zerbitzari baten uniformea pasatzen ikusi du, baina ez nor den ezagutzeko moduan.
Taberna barrenera iristeko lehia horretan, eztabaida bizian ari diren batzuen korroaren erditik ausartu da, pasaeran ukondoarekin nahi gabe haietako batena jo eta haren edalontzia dantzan jarriz. Protesta egin du besteak, eta kargu hartu dio; ahots-burrundararen erdian amorraziozko esaldi ozen bat iritsi zaio belarrira Lezetari, baina ez du hitz bakar bat ere jaso.
Barrenera iritsi denean, langile kuadrilla handi bat zegoen barraren alde hartan, eta orduan han ikusi du Daniela, ardo botila eskuan duela aurrean dituenen kopak betetzen. Danielak orduan burua jiratu du, eta Lezeta ikusi duenean irribarre egin dio, eta eskuan duen ardo botila jaso du diosal egiteko. Eskuarekin jasota daukan botila mugitu du barra izkina seinalatuz, eta hara joan da Lezeta jendearen artean pasatzean inori bultza egiten dion erreparatu gabe.
Jende mordorik handiena pasatu duenean eta barra izkinara iritsi denean, han zeukan Danielak kopa mostradore gainean prest, eta ardo botilatik betetzen ari zen, Lezetari begiratzen ziola. Bere betiko izkina hartan eseri denean, lasaitasun berreskuratu berriaren bedeinkazioa sentitu du, eta eguneko kezka guztiak urtzen ari zaizkiola sumatu du, taberna barreneko berotasunak pixkanaka eguna goibeldu dioten laino guztiak desegingo dizkiola.