Bihotz handiegia
Bihotz handiegia
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-06-8
Azaleko argazkia: Lander Garro
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2007, narrazioak
2004, narrazioak
Bihotz handiegia
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-06-8
aurkibidea
 

 

Niregandik espero zena

 

 

1988

 

Urteak dira alde egin nuela, baina han irauten dut. Ile motza eta eguzkiak belztutako azala.

      Ez dakit zer egin ikastolatik kanpo. Ikasi, besterik ez didate eskatzen. Haiek langile jendea dira, eta ez dute ni langile kastakoa izaterik nahi, zintzoa, apala, leiala.

      Buruz behera nago sofan, Olinpiar Jokoak telebistan. Sofa barnetik datorren hezetasuna usain dezaket, hankaz gora dauden objektuak begiratzen ditut ez ulertu arte, nire gorputzak ateratzen dituen karraskak entzuten ditut, buruz behera egoteak sortzen didan itolarria bilatzen dut, zerbait, asperdura ez den edozer.

      Horrela gauzak beste modu batera ikusten dira behintzat: buruz behera dagoen neska bat errauts koloretan arrosarioa eskuetan, ni orduan nintzenaren adin bueltakoa; buruz behera dagoen mutil bat marinelez jantzita, ertz koskadunak dituen argazki batean berrogei urtez bederen mantendu duen begirada tristearekin; eta markoen kantoietan karnet tamainako argazki bana, batean ni, bekozko ilunarekin, bestean ahizpa, txupetearen bi aldeetara irribarre zati bat. Sergei Bubkak jauzi egin du. Bi-hiru zigarrokin dituzten hautsontziz beterik dago etxea. Zentzurik gabe pilaturiko objektuak horma eta apaletan, osaba mutilzaharrek bidaia exotikoetatik ekarritakoak gurasoek ezkontzan jasotako oparien ondoan. Beti egon dira. Etxea pintatu eta gero ere, altzariak eta espazioen antolaketa aldatu eta gero ere toki berera itzultzen dira, kondena bat bezala.

      Aurpegia gorrituta dudan arren, arnasa biriketara kostata iristen zaidan arren, nire burua pixka bat gehiago bortxatzen dut sofaren ehuna osatzen duen hari-egitura konplexua aztertzera, orbanen perimetroa laztantzen dut eta haien jatorriari buruzko asmakeriatan galtzen naiz. Horrelakoa da nire asperdura: denboraren hiperkontzientzia, depresio iragankor bat, hiltzeko gogoa. Mutiko gorputza duen andre nekatu bat naiz. Horrela esnatzen naiz, egunero. Eta luzea da uda egunero horrela esnatzeko. Jolas zaitez zerbaitera esaten didate, zertarako oparitzen dizkizugu jokoak jolasteko ez bada. “Bi jokalari edo gehiagorentzat” ziren opari haiek iseka dira, etxekoen perbertsio bat alaba zaharrena halako atakan jartzeko. Bizilagunak kalera irten eta jolastu egiten dira, beste sofistikaziorik gabe.

      Nire gurasoek ere ez daukate lagunik. Gu jende heldua gara, ez dugu horren beharrik, etxetik lanera eta lanetik etxera, zertarako gehiago, zorte txarra izan dugu guk lagunekin, ez zaitez haiez sekula fio. Amarentzat zigorra eta garaipena da etxetik kanpo lan egitea, ez dakit bakoitzaren neurria. Burdindegi batean lan egiten du, mantal urdin batekin. Ez zaitez hazi, hori ere esaten dit, horrela, tonurik gabe, ikasi egin behar duzu ni bezalakoa ez izateko. Bortxaz esandako hitzak, apaltasunik gabeak.

      Sergei Bubkak munduko errekorra gainditu du, hantxe nire begien aurrean. Gutxienez norbaitek ahaztezina den zerbait egin dezala nire begien aurrean, izan nadin ahaztezina den zerbaiten lekukoa. Domina zintzilikatu diotenean negar egin dut. Tuntuna esaten didate, eta ez dut maite etxekoek negarrez harrapatzea, ez dut nahi etxekoek asperdura ez den beste sentimendurik daukadala jakitea. Zoriona lotsagarria zait eta tristura moldatu gabeen kontutzat daukat, galtzaileen aldartea da. Nik ezin dut galdu.

      Inozoak dira plazan jolasean dabiltzan haurrak. Haien inozotasuna behatzera irten naiz balkoira. Azulejoen gainean eserita nago, bonbonari besarkatuta. Asperdura adieraztea, modu sinesgarrian adieraztea, asperdura den egoera emozionalaren parte da. Bonbonak guraso baten gerriaren tamaina eta metal usaina dauka. Udak metal eta gas usaina dauka. Plazan jolasean dabiltzan haurrak erdaldunak dira, desinhibituak eta alaiak. Ez dira haien dotorezia faltaz jabetzen. Gurasoek etxetik oihu egiten diete askari bila igotzeko. Miguel!, Adonay!, Sonia! Beti ari dira oihuka eta bazterrak nahasten, eta halako batean desagertu egiten dira, Herrira joango dira, al pueblo misteriotsu hartara, eta uda amaieran bueltatuko dira autoa lukainkaz, olioz eta auskalo zerez lepo. Gu ez gara haiek bezalakoak, ez haiek gu bezalakoak: desberdin orrazten eta janzten gara, desberdin jaten eta hitz egiten dugu. Amak esaten dit tonbolako gauzak haiei bakarrik tokatzen zaizkiela eta guri ez, saiatu ere ez egiteko esaten dit, tonbolarako kultura bat behar da, eta hori haiek dute. Amak esaten dit beti besteren kontura lortzen dituztela gauzak, geuk ez bezala. Desberdintasun horren aldarria egiten dugu, gure familiaren estandartea da. Beranduago jakingo nuen nik ere banuela pueblo bat; beranduegi, ezagutu nuenerako apenas existitzen baitzen.

      Miguel!, Adonay!, Sonia! Amak beraiez barre egiten erakusten dit, haien ahoskeraz, haien pentsaeraz, haiez barre egiteko manera guztiak seinalatzen dizkit, eta hain daukat hurbil horrela jartzen denean... Aspaldi bilakatu da iseka gure arteko komunikazioaren muina. Miguelen ama begira daukat eta heldu egiten diot begiradari. Begiratzeak askatasuna ematen dit, nahi dudana nahi bezain luzaz begiratu ahal izateak. Orain zaila da. Desioa libre uzten dudanean soilik gertatzen zait. Baina orduan, zer zen festa hura, nahi nuena nahi bezain luzaz begiratu ahal izatea! Begira daukat baina nik begirago daukat bera, eta ilea lotzeko erabiltzen duen plastikozko pintza gaitzesten dut, permanente kizkur beltzak eta urrezko eraztunez kargaturiko hatzek nire kasta sistema propioan azkeneko mailetara eramaten dute emakume on-puska hura, eta bazkalostean balkoian jaten duen Frigopie-aren ikuskizunak eduki niezaiokeen begirune apurra akabatu du. Gas eta metal usainak okitu egiten naute. Hark lorez beterik dauka balkoia, gurean hamsterrena izandako kaiola bat dago. Bonbona askatu dut eta gainean jarri naiz. Miguelen amak “¡Niña!” oihu egin dit eta ez entzunarena egin diot. Miguelen ama zalapartaka hasi da, hain ozen ez baitut esaten duenaren zentzua ulertzen. Gorputz erdia airean daukat, beste erdia bonbonaren heldulekuei atxikita. Zerbait sentitu nahi dut, besteen beldurra besterik ez bada, edozer, denbora ez den edozer. Bizilagun gehiago irten dira leihoetara, denak ari zaizkit keinuka eta garrasika, baina ni nirera, nire azal beltzaranduari begiratzen diot harro, bilo horixkek sakonune bat uzten dute hazten diren azal zatian, eta arreta galtzen ez badut nire gorputz barneko hotsak entzun ditzaket. Nire mutiko gorputza maite dut baina ezin dut nire andre nekatua jasan. Bakarren batek nire amaren izena oihukatu du, inork bere izenik zekienik ere, leihotik leihora. Miguelen ama ikusi dut txabusina erantzi gabe kalea zeharkatzen, leihoan dauden bizilagunek azkarrago joateko eskatzen diote, baina irten egiten zaizkio txapinak. Gure etxeko txirrina jo du, eta amak erantzun arte ez du hatza askatu. Balkoitik entzuten dut, gramatika galdu izan balu bezala: “¡Tu hija! ¡El balcón! ¡Rápido!”.

      Ziztu bizian etorri da. Irineztaturik dauzka eskuak. Nire izena oihukatu du, ez du beste ezer behar ni handik jaisteko. Ez da nigana hurbildu, ni ere ez harengana. Larridura antzezten ari dela pentsatu dut, bizilagunen mailan egon nahi duela, berak, haurraren amak.

      Jolasten ari nintzela esan diot. Suizidatu hitza aipatu du berak. Ea suizidatzea zen nire asmoa. Behin eta berriz egin dit galdera. Eta ni, jolasten ari nintzela. Amak nire suizidioaren aukeran pentsatu izanak aldatu egingo nau. Haurrak ez dira suizidatzen, horixe pentsatzen dut. Nire buruaz beste egin ahal izatearen ideiak baino gehiago, nire amak nik nire buruaz beste egin dezakedala uste izateak halako botere bat eman dit, dibertimendurako aukera bat. Hamaika urte ditut eta prest nago bi jokalari edo gehiagorekin jokatzeko.

 

 

1990 (negua)

 

Zerbait eraisten ari den galera sentsazioa, baina ez dut asmatzen zer. Kosta egiten zait gauez loak hartzea, nahiz eta entrenatzetik etorri eta leher eginda egon. Gauez iritsi naiz eta ama leihotik begira dago. Atletismotik heltzen naizen bakoitzean dago leihotik begira. Jonkiak jendea erasotzen ari dira xiringekin, argi ibili. Eta leihotik dagoen ikusmen angelu urria gorabehera, babestua sentitzen naiz. Bere kezkak babestu egiten nau. Hiruzpalau ikusi ditut entrenamendutik etxerako bidean, esango diot.

      Oparo afaldu dut, Coca-Cola lata batekin. Ez dut ohera sartu nahi, baina ama sobornaezina da.

      Ukitu egiten naiz, hatzak zimurtuta gelditu arte, baina aldiro pixka bat tristeagoa da. Batzuetan, hala ere, esna segitzen dut hori eta gero ere.

 

 

1990 (uda)

 

Orain bi akuri ditugu etxean, korridorean dagoen kaiolan. Kantatu egiten dute. Ahizpari bat erosi zioten aurrena eta ondoren beste bat, eskolara erakusteko eraman eta andereñoak konpainiarik gabe hil egingo zela esan zionean. Bietako bat kantuan ari da, usoen moduan. Logelatik entzuten dut. Lasterka txikiak eta kurrixkak. Zarata lehor baten ondoren harrapatu duela badakit. Arrak emea estali du. Space invaderseko tiro hotsak ateratzen dituzte. Isildu direnean korridorera irten naiz eta argia piztu dut. Kantoi batean dago emea, ile luzeak nahasita, bere baitara bilduta, otoitz egiten ari dela dirudi. Arra kaiolaren barroteen artean dagoen azenarioetako bat karraskatzen ari da begi nekatuekin. Zoaz ohera, bihar ezingo duzu-eta jaiki. Ebatzi gabeko enigmen saio bat ikusten ari da ama telebistan, aitak gaueko turnoan lan egiten du. Goizean sarreran aurkituko ditut larruzko bere zapata belkrodunak eta txalekoa. Umiliagarria iruditzen zitzaidan hala jantzi behar izatea. Amari hankak bakarrik ikusten dizkiot, besaulkitik zintzilik, luzeak, distiratsuak, leunak, argi pirrinta urdinkaren pean. Goizaldera arte egongo da telebistaren aurrean. Horrelako saioak eta Bigarren Mundu Gerrari buruzko pelikulak maite ditu gehien. Batzuetan berarekin ikusten dut film baten erdia eta gosaritan beste erdia kontatzen dit. Sofan ikustea baino hobea da bere ahotik entzunda ikustea. “Y le dice”, esaten du etengabe. Aktore guztiak biltzen dira bere gorputzean.

      Berriro hasi da usain kontuarekin. Entrenamendutik etorri naizenean. Ez dira inoiz txapelketa batera etorri, ez diet utzi. Lotsa emango lidake haien aurrean ez irabazteak. Bainu paretik pasatzean gisa horretan begiratu nau. Ahizpari ilea lehortzen ari zaio, eta sumatu nauenean lehorgailua itzali eta nire logelara etorri da. Sartu eta logelako atea itxi du, ez da ohikoa berarengan. Ongi pentsatuta ez dut uste beste inoiz egin duenik. Ilea orrazten ari naiz, luzea uzteko erabakia hartu dut, bizitza aldatuko didala sinetsita. Baldarra da nire gorputza, eta ez da nabari egunero entrenatzen dudala. Ez dakit zer ibili zaren, zuk dakizu nik baino hobeto, baina nazkagarria da. Afaldu aurretik konpondu. Lanera joan aurretik leihoak zabalik utzi ditut, orain arte, eta ezta hala ere. Ez dut jakin nahi zer den, desagertzea besterik ez dut nahi, esan dit. Entrenamenduko poltsa zabaldu du gero, esku-oihala atera eta korridorera jaurti du, ondoren elastikoa usnatu du besapeetan egoskortuta bereziki. Arropa zikinarekin bola bat eginez joan da. Bakarrik gelditu naiz gelan. Tom Cruiseren poster bat daukat ohe-buruan, Cocktail neoizko argiz idatzia, Michael J. Fox, Europe eta Samantha Foxenak atean, denak Super Pop-etik hartuak. Ohe azpia arakatu dut eta ez dut ezer aurkitu. Baina jasanezina da, arrazoi du. Kasurik ez egitea erabaki dudan arren, ez dut lortu nire erabakiari eustea. Aipatu arte deus sumatu ez dudan arren, orain kolpeka datorkit. Bizirik egon zen zerbaiten usaina da, dudarik ez dago.

      Lau hankatan jarrita usnatu dut logela. Armairua miatu dut, beroki eta galtzetako patrika guztiak. Koltxoia altxatu dut eta galleta papurrak eta txikle paperen bat baizik ez ditut aurkitu. Liburuak atera ditut, airean zabaldu ditut, Drácula-renetik Espainiako txapelketan Castellonen ezagututako mutil baten gutuna atera da, gustatu ez zitzaidan arren desiragarri izan nintekeenaren froga gisa gordetzen nuena. Erreserbista sentimental bat naiz.

      Apalategia hormatik aldendu dut, tiraderak arakatu ditut, ezer ez. Argiarekin lotzea otu zait, argia piztu eta itzaltzearekin. Bonbillak zeramika berotzen duenean egiten duen erreakzioren bat. Aulkira igota lanpara usaindu dut, ondoren bonbilla, eta iruditu zait badagoela senidetasunen bat botatzen duen usainaren eta gelakoaren artean. Oldeka dator, sarkor, gutxien espero dudanean. Ongi bizia egon zen zerbaitek baino ezin du horrela usaindu, baina ez dakit zer den. Itsasoa, fruitu galdua eta haragia. Lotsatuta eseri naiz afaltzera. Ama mahaitik altxatu da, nire logelara joan da eta Hau nazka esaten entzun dut. Sukaldera itzuli da, serio. Coca-Cola heren bat ahizpari emateko agindu dit. Eta jan zerbait hezurretan gelditzen ari zara-eta, esan dit zerbitzatu dudan tomate entsaladaren aldamenean tortilla erdia jarriz. Konfusio handia eragiten dit nire gorputzak: ispiluak, etxeak eta gizarteak itzultzen dizkidaten irudiak ez datoz bat. Edonola ere, nigandik at dagoen zerbait da oraindik gorputza, ez naiz han barruan bizi.

      Denbora gutxian akuria hiru aldiz ernaldu da aldiko bizpahiru kume ekarriz. Aitak kartoizko kutxa batean sartzen ditu eta etxe ondoko parke batean utzi, “Opari. Zaintzeko dira” errotulagailuz idatzita. Akuri amak ez du jasan hirugarren ernaldia eta azken kumea botatzearekin batera lehertu da. Amak trapu batean bildu eta niri emango dit, ahizpak ikusi ez dezan. Komunean gordeko naiz, gorpu hura eskuetan. Jasanezinena, duen karga. Konketa barruan utzi eta hil-oihala zabalduko dut. Errape puztuak, likido likitsa sabelean, hortz luze parea bistan. Kumeetako bat gordeko dugu arra delakoan, baina jaio eta hilabete gutxira akabatuko du bere aitak.

 

 

1991

 

Badira aste batzuk entrenatzailea nigana etortzen den bakoitzean burua alde batera eta bestera mugituz egiten duela, auto batzuetako atzeko apalean doazen jostailuzko txakurrek nola. Zapatilak aska ez daitezen korapilo bat ikasi berri du eta erakutsi egin nahi dit. Kontrako zentzuan egin behar da laxoa. Oina aurreratu dut eta eskuak aldaketan jarri. Ingurura begiratu dut baina denak ari dira luzaketak egiten, inor ez dago niri begira. Ez dauka zentzurik ingurura begiratzen jarraitzeak. Orain bestea esan dit, eta ezkerreko hanka aurreratu dut. Korapiloaren urrats bakoitzaren ondotik nigana igotzen du begirada eta esker oneko agertzen natzaio. Begi berdeak ditu. Bibote sarri beltza izanagatik ere itxura nahiko onekoa da. Nire adin inguruko alaba duen arren, ez da beste aitak bezalakoa. Gihartsua eta alaia da, eta ez du edaten.

      Nire gorputzak bizitza propioa hartu du, hanketatik eta besoetatik tira egin izan balidate bezala gerriaren jaiotza ekarriz, eta bularretan pilatuz sobrante nuen haragia eta grasa, baina ez dakit zer egin atal berri horiekin. Ileak gantz usaina hartzen du dutxatu eta gutxira, baina ez dut asmatzen xarma pixka batekin jasotzen. Espainiarako minima lortu dut eta Euskadiko txapelketatik domina parea ekarriko dut, baina inori ez zaio inporta, ezta niri ere. Ez zinen drogekin hasiko, galdetu dit amak. Lotsarazi egiten nau. Hain nago nire ustez hortik urrun. Erne gero horrekin, muturra haustea nahi ez baduzu. Gauzak gaizki egiteak ematen duen boterearen kontzientzia hartu dut.

      Espainiarako sailkatu garen bi neskak eta hiru mutilek entrenamendu saio gehigarria egiten dugu larunbat goizetan. Entrenatzailearen furgonetan joan eta etortzen gara. Berezi sentiarazten gaitu, altzari esaten dien gainontzeko taldekideen gainetik. Hondartzan amaitu dugu entrenamendua, hondar gainean egin dugu lasterka eta gero volley partida bat jokatu dugu, entrenatzailea eta neskak mutilen kontra. Izerdia kentzeko uretan sartu gara, bera ere bai. Udaberria da eta txakur-paseatzaileez gain ez dago beste inor hondartzan. Ni izan naiz uretatik irteten lehena eta ondoren bera. Lasterka joan gara gure gauzak ditugun lekura. Fresko dago eta oihalak bizkar gainean jarrita arropa erantzi dugu. Itsas belar gorriztak dauzkat gorputzean, hanketan, aluko biloan. Berak ile mataza beltz-beltza dauka, eta ezerez horretatik zakila adar bat balitz bezala ateratzen zaio. Ilea astindu dut eta toalla buruan lotu. Zakilarekin begiratu dit bularretara. Gero jiratu eta esku-oihalarekin igurtzi du gorputza, bizi, eta niri bizkarra emanda jantzi da.

 

 

1992

 

Sara lehenago etorri da. Pijama jantzita nago, ohe gainean etzanda walkmanarekin. Alde batean Nirvana eta bestean, hutsik gelditutako zinta zatian, Hertzainak. Amak kolpetik zabaldu du logelako atea, orain beti egiten du, baina gero ez da barrura begiratzera ausartzen. Sarak barruko elastiko zuria eta Levi’s moztuak daramatza, patrikak ikusten zaizkio gehiegi moztu dituelako. Gerrian lotuta alkandora koadrodun bat. Ile luze kirruak halako aura bat ematen dio, bere burua munduan gertatzen diren gauzez babestuta balego bezala. Gominolaz beteriko poltsa bat darama. Aspaldi bukatu dugu bazkaltzen eta ez nekien zer egin etxean. Larunbatero egiten dugu hitzordua, larunbatero ordu berean. Sara gure etxe aldamenean bizi da eta berak jartzen du martxan katea: nire bila pasatzen da, gu biok apartexeago bizi den Ainhoarenera joaten gara, eta azken geldialdia Joneren etxean egiten dugu. Bainu bat hartuko dut. Zurekin noa, esan dit. Eta bainera bete bitartean larunbata ezberdin egiteko moduez hitz egin dugu. Nagia ematen digu asfalto gainera irteteak, kalea oraindik ez da gurea, hirugarren mailako hiritarrak gara. Udala disko-festak antolatzen hasi da, baina gizajoentzat dela uste dugu, eta gaur ere ez joatea erabaki dugu. Sarak kontzertua dauka igandean. Biolina jotzen du.

      Aitak amari oparitutako gatz pote usaintsutik eskukada bat bota dut uretara. Berak ez du inoiz erabiliko. Baineran sartu garenean oraindik ez dira harriak desegin. Sarak ume gorputza dauka, baina aktore porno baten bularrak. Bi sumendiren moduan urazaleratzen dira. Nireak ere igerian daude. Baineraren alde banatan jarrita, burua lozaren kontra, hankak bestearen gorputz gainetik pasa behar ditugu biok kabitzeko. Ura hoztu arte egongo gara horrela. Urak bultza nazan uzten dut, alua bistan geratu arte utzi naiz, urak eta xaboiak kizkurrak harrotu arte. Txandaka, ertzak lizunduta dituen esponja urez blaitu eta aurpegi gainean marruskatuko dugu. Gurasoen etxean egonagatik ere beste dimentsio batean nago, denboraren eta grabitatearen zama gainetik kenduta. Begiak itxita ditugu eta asteleheneko azterketaz ari gara hizketan.

      Aitak atea jo du. Merienda prestatu digula. Oso arduratuta daude asko argaldu naizelako, eta komunera joaten naizenetan zelatan egoten dira botaka egingo dudala sinetsita. Luzea eta argala naiz, kolpetik hasi diren beso-zangoekin ez dakit zer egin, ilearekin aurpegia gordez eta besoekin gorputz erdian sortu zaidan karga berria estaliz kapsula bat eraikitzea lortu dut. Ez dakit nire zenbatgarren gorputza den hau. Bainugelako atea zabaldu dugunean Errealaren azpila aurkitu dugu ate ondoan: Nocilla sandwichak eta bi Kas lata.

      Ilea lehortu bitartean Sara egongelara joan da nire gurasoekin. Baten batek telebistaren bolumena jaitsi du. Kontserbatorioaz eta udako planez hitz egiten entzun ditut, Sara nerabe arduratsuaren plantak egiten, ama eta aita bikote arretatsuarena jokatzen. Lotsa emango lidake apaindu naizela ikusteak, eta poltsan gorde ditut rimmela eta begietako arkatza. Bostehun pezeta eman didate. Amak dagoeneko ez nau leihotik begiratzen joaten edo etortzen naizenean. Etxetik irten aurretik kontuz ibiltzeko esan digu, istiluak egongo dira.

      Ainhoak esan digu gelako mutil batzuk Zubiren urteak ospatzekoak direla eta gonbidatuta gaudela. Zirikatzera joatea erabaki dugu. Ez gintuzten espero. Zubiz gain bere lehengusua eta gelako beste bi daude Denverren urtebetetzeetarako erreserbatzen duten gelako leihoan zigarroak erretzen. Lehengusuak berea eskaini digu eta denok erre dugu. Raul du izena, eskola erdaldun batera joaten da eta dena da ezberdina berarengan, beste hirurak batera baino bizkorragoa da askoz. Belarrira hitz egiten dio lehengusuari, eta gero honek mele bat eginez beste biei kontatzen die lehengusuak esandakoa. Asaldatuta daude. Bat-batean argiak itzali dituzte eta atearen kontra jarri dira. Gu gelaren erdian gaude, gertatuko dena asmatu gabe. Mutiletako bat argiak pizten eta itzaltzen hasi da, diskoteka batean bageunde bezala. Aurre egin diegu atea blokeatzen dutenei pasatzen uzteko eskatuz, baina ez dira mugitu. Lehengusuak Dale primo esan duenean, mahai gainera igo da Zubi, zakil txiki bat atera du, eta sua pizten ariko balitz bezala hasi da eragiten. Tamaina bikoiztu duenean, esku bakarrarekin heldu eta gora eta behera astindu du. Gu laurok garrasika ari gara, elkarrengana bilduta kantoi batean hormaren kontra, izua gorabehera izututa jarraitzeko gogoz. Lehengusua eta beste biak aho zabalik daude, barre algaraka ari balira bezala, nahiz eta beste zerbait den beraien begiradek adierazten dutena. Zubi sabaira begira dago, begiak erdi itxita, beheko ezpainari kosk egiten dio itzali eta pizten den argiaren erritmoan. Eiakulatu duenean txalo jo diote. Raulek, piztutako zigarro bat jarri dio ezpain artean. Zubik, ezkur itxura hartu duen zakilaren lerdea garbitu du paperezko esku-zapiekin. Ez da guri begiratzera ausartzen eta gu ez gara begirada berarengandik apartatzeko gai. Galtzak oraindik jaitsita, eta guztiz erori ez dakizkion hankak zabalduta, komunera noa esanez irten da, eta guk ihes egin dugu lasterka. Kea darien edukiontzien ondotik pasatu gara. Plastiko errearen usaina dago. Jende gehiago dabil lasterka, kale bazterretik. Arnasestuka eta sirena hotsen artean iritsi gara Joneren atarira: Ainhoa negarrez ari da, Sara zoro baten moduan barrez, eta besteok lehertu beharrean taupaka ari diren gure aluei helduta.

 

 

1993

 

Haririk gabeko telefono bat jartzea lortu dut etxean. Nire diruarekin erosi dut. Orduak eta orduak ematen ditut nire logelan sartuta, Sararekin eta Jonerekin edozeri buruz hizketan. Etxe barruan beste norbait izateko dudan aukera bakarrenetako bat da, nire gurasoen begiradak itzultzen didanaren bestelako norbait. Ipini eta gutxira linea moztuko dutela mehatxu egiten dit amak. Aita fakturarekin etorri da, azpimarratuta dauka guztizkoa: familia honek uretan gastatu duenaren halako hiru gastatu duzu telefonoan, esan dit, eta alde egin du, lotsatuta. Egia da, haiek ez dute apenas deitzen. Ez nekien hain beharrezkoa nuenik. Lotsatu egin naiz ni ere.

      Kalean, eguna joan eta eguna etorri, poliziek motxilak zabaltzeko eskatzen digute. Oihal bustia eta arropa izerdituak aurkitzen dituzte, aldiro. Kale kantoietan egoten dira, eta herria zeharkatzeko haien aurretik pasa beharra dago entrenamendutik bueltan. Identifikatzeko eskatzen digute, eta beti eraman behar izaten dugu karneta aldean.

      Haien begiradapean itxuratzen goaz, haien miatzeetan aurkitzen dugu gure burua, haien mesfidantzak ematen digu identitatea. Egunetik egunera, suntsituta dagoen geure burua berreraikiko dugu haiekiko dialogo isilean, jakin gabe egiten dizkiguten galderei jakin gabe erantzunez, arriskugarriak izan gaitezkeela sinesteraino.

      Ez zaitez jende kaltegarriarekin nahas, esan dit poliziak, eta ez utzi kirola. Kirola egitea garrantzitsua da. Nik taekwondoa egiten dut. Begiak bakarrik ikusten dizkiot. Hitz egiten duenean kaputxaren zulotik irteten zaizkio ezpainak. Mailatuta dauka pilota jaurtigailuaren ahoa. Hamasei urte, bai adin polita. Ez zenuke erre behar.

 

 

1994

 

Nobio moduko bat daukadan arren, neskekin bakarrik egon nahi dut gaur. Galtzaileak bakarrik ibiltzen dira mutil usainean. Gu ez gaituzte maitasunerako hezi. Gerta daiteke, eta orduan ongi kudeatzen jakin beharko dugu, baina bilatu, sekula ez.

      Sara ingelesa ikastera joango da Londresera, hilabete. Despedida moduan azido bana jan nahi dugu Sarak, Jonek eta hirurok, eta hark lortu digu. Pontxo mexikar bat darama soinean tabernan bero egiten duen arren, eta saltoka ari da Rage Against the Machinerekin. Denok denon kontra ari gara saltoka. Giza mordoilo hartan elkar topo egin dugunean musu eman diot. Ahoa lehorra dauka drogengatik, baina ez zait axola, nesken aurrean bereziki gustatzen zait bera musukatzea. Ni baino lau urte zaharragoa da, ez du asko hitz egiten, eta ume hortzeria dauka. Nik ilea buru arras moztuta daramat, kokozko belarritakoak, Martens beltzak, bakeroak, tiradun kamixeta txuria.

      Kashbad jarri dute. Jendea oraindik eta gorago etorri da Sorkunen ahotsari heldu nahian. Nobioa eta biok komunera sartu gara. Han, bularrak ukitu dizkit ez oso konbentziturik. Komuneko hormak heze daude. Gustatzen zait nire kontra igurztea, gustatzen zait burua kamixeta azpitik sartuta bularrak ahoan sartzea, gustatzen zait beroaldiaren erdian biok planto egitea, ez okitzeko tamainan jan beharreko postrea baikinen bata bestearentzat. Mingain luze-luzea du. Speeda hartu du berak eta azidoak eman dizkit niri. Jane’s Addiction entzuten hasi denean irten eta bereizi gara. Tripiak mingain puntan jarri ditugu hirurok. Jendaurrean egin dugu, nolabaiteko aldarria ere bada, munduak ikus gaitzan nahi dugu, nor garen eta nora goazen jakin dezatela.

      Jonek lehenago botaka egin du, esanez tripa hutsarekin gehiago jotzen duela. Denok dakigu ez duela jaten eta edozein aitzakia ona dela botaka egiteko. Tabernetan baino kalean ibili nahi dugu, eta paper fabrika pareko orubera joan gara tabernetatik eskapatzen den iskanbilatik ihesi. Han, lurrean etzan gara eskua emanda. Hala egon nahi dugu jo bitartean, gau izarratuari begira.

      Inguruan jende pixka bat dabil, baina dagoeneko ez gaude ez han ez orduan, denbora desagertu egin da ordu batzuetan. Jonek, izututa, paper fabrika guregana datorren mamut bat dela esanez lurretik altxarazi gaitu, ibaia zeharkatuko duen mamutarengandik ihes egin behar dugu. Barreak erasan gaitu Sara eta biok, baina bere atzetik egin dugu korrika, Ez dezagun ibaia zeharkatu, mamut zuriak uraren beldur dira. Korri dezente egin dugu, nahikoa akuriaren gurpilaren karranka entzuteari uzteko. Ibai bazterrera jaitsi gara, eta harri artean hartu dugu lur. Kontuz xiringekin, esan diet erdi txantxetan edo serio, ez dakit. Jonek bi eskuekin estali du burua. Zisne bat agertu da gure parean. Jone begiratzera behartu dugu, burua heldu diogu eta begiak zabaldu dizkiogu. Begira zer bilakatu den mamuta, esan diogu, zisne. Pozik jarri da. Hura laztandu nahi du. Laztantzen ahalegindu nahi du. Uretan sartzen hasi da eta Sarari eta bioi kosta egin zaigu geldiaraztea. Busti egin gara eta harrien gainera bota gara bata bestearen gainera. Zisnea alde egiten ikusi dugu bere galdera ikurrarekin. Ez dakit nor naizen, esan du Sarak estasiaturik, eta bere erdi ballet dantzari erdi prostituta gorputzarekin dantzan hasi da, bereak ez diren mugimenduekin hasi ere, eta esaten ari zena ulertzea lortu dudanean (hitzak gomazko bilakatu baitira eta oso erne egon behar baita hots batetik besterako saltoan ez galtzeko) izutu egin naiz, ez bakarrik arratoiek inguratu gaituztelako, neuk ere ez dakidalako nor naizen, eta denbora zulo hartatik ateratzeko karraskan hasi naiz, hankekin eta eskuekin hartxintxarretan, honek ez baitu inolako graziarik, nire burua haztatzen hasi naiz, atximurkatzen, hor barruan dagoena ni ote naizen jakin nahi dut, besterik ez, Eo, norbait ba al dago?, ni al naiz hor dagoena?, nor gehiago bizi da azal honen azpian? Ilaran jarri!

 

 

1995

 

Astean zehar ikasle pisu batean bizi naiz, Gasteizen, beste hiru neskarekin. Sararekin eta Jonerekin bezain ni sentitzen naiz haiekin, edo gehiago, baina Sara eta Jonerengana itzultzen naizenean ez naiz nintzen pertsona bera. Hotzarengatik gandututa daude beti leihoak. Inor ez da eguerdia baino lehen ohetik jaikitzen, gurasoen etxean bizi izan garen urte hauetan guztietan lorik egin izan ez bagenu bezala. Pijama erantzi gabe ibiltzen gara etxean, zonbien modura, kaxetan datorren janaria bakarrik jaten eta iluntzean kalera irteten. Atletismoa utzi nuenetik, gorputzak lasterka egiten jarraitu nahi balu bezala nago, baina nik ezin diot segitu; bertan trabatuta nago, nire gorputzean. Begizulo belaunaldi berri bat jaio zait aurpegian, gaixo itxura daukat eta eduki nahi dut, nire bandera da. Farmazia ikasten ari dela esan didan tipo bat ezagutu dut taberna batean. Etxera eraman dut. Korridorean, nesketako baten txirula aurkitu du eta Bridge over troubled water jo du sudurrarekin. Oheratu egin gara, azala behar dut larrua baino gehiago, gainontzekoak ez du asko inporta. Goizean esnatu egin naute neskek. Bakarrik nago logelan. Mesanotxearen gainean dago txirula. Orduan konturatu naiz joaten sumatu dudala eta aurreneko aldiz begietara begiratu zidanean beldurra sentitu nuela. Ez dut berehala ahaztuko begiratu hura. Etxean sartu dira, esan didate, Zamarrak falta zaizkigu, karterak, compact-disca, haxixa. Ez dut deus aipatu, ez kontatzea izango da nire penitentzia. Lasterka egiteko plaierak dira niri falta zaizkidanak, eta lentillen likidoa. Salaketa jarri behar genukeela adostu bezain pronto damutu zaigu, alferkeriak jota, eta regalizak jaten bukatu dugu eguna, laurok nire ohe barruan.

      Etxera itzultzen naiz asteburuetan. Denak beldurgarriki berdin jarraitzen du. Zigarro bat eskaini dit amak lehenengo aldiz. Hartu eta balkoian erre dezagun eskatu diot, ez nuke nahi aitak ikusterik, ez erretzen, baizik eta amarekin erretzen. Ez dirudi axola zaionik, areago, alaba erretzailea izatea gustatzen zaiola dirudi. Kea botatzen ari gara, pareko eraikinak ezkutatzen ez duen zeru puska bakarrari begira. Zokoan, zentinela bat dirudi butano bonbonak.