Urtebetetze festa
Izadik kirolen bat egin behar lukeela esan zidan irakasleak kurtso amaierako bileran, “barruan duen indarra ezagutu”, “beste jende mota batekin egon”, “harreman berriak egin”, “autonomia”. Horrelakoak eta gehiago esan zituen irakasleak, urtero legez. Harritu plantak egin nituen, baina banekien. Bere gainean egoteko ohitura neukan, onena hori zela uste nuen, edo beharbada ez nekien, ez nengoen seguru. Hainbeste desio izan nuen umeaz ahalik eta gehien gozatzea. Aurretik ez nuen ez ezer ez inor luzaz zaindu, eta ematen zuena baino konplikatuagoa zen, maitatzea baino askoz zailagoa. Asteburuak, oporrak, gure egunak... unitate didaktikoen segida bat balitz bezala antolatzera ohituta nengoen, azken urtean ordea nekatuegi nengoen, eta, agian horregatik, gure arteko harremana okertzen hasi zen.
Uda hartan, piragua ikastaro batean apuntatu nuen bere borondatearen kontra.
Klub atariraino laguntzen nuen eta bukatzean itzultzen nintzen bila. Bi ordu haietan egin nahi behar nituzkeen gauza guztietan pentsatzeak itolarria sortzen zidan. Askatasuna beharrean, tristura eta ezinegona sentitzen nituen. Izadi han utzi, aparkatu eta Santiago auzoko kafetegi batera joaten hasi nintzen. Han, egunkaria irakurriko nuen aspaldiko partez, edo besterik gabe te bat hartuko nuen eguzkipean. Baina ezin izaten nion eutsi, eta ibaira itzultzen nintzen. Banku batean eserita egoten nintzen uretara begira, piraguetan zeuden hamarnaka haurren artetik nirearen bila: beti zegoen taldetik aparte, salbuespenik gabe, nahiz eta ez nekien benetan hala zen edo nire irudipena zen.
Besteetan bidegorrira joan eta, gehiegi urrutiratzeko beldurrez, atzera-aurrera ibiltzen nintzen. Ordura arte ez nuen bazter hura ezagutzen. Ezkerrean etxe txuri-gorri txikiak, parean fabrikak eta eskuinean Irungo etxe orratzak. Baina ingurua bakean utzi eta errekari bakarrik erreparatuz gero, leku basati bat da aurrean daukazuna, behin eta berriz joan eta behin eta berriz gauzak sentitzeko moduko leku bat. Nonbait entzuna nuen, antzina, mugimenduan zegoen urari begira jartzeko gomendatzen zietela triste zeuden emakumeei, mugimendu hark barruko sentipen txarrak askatuko zizkielakoan. Nolanahi den ere, espero gabeko ņabardurak aurkitu nizkion errekari: padura usaina eta lupetzaren misterioa deskubritu nituen.
Azken egunean Izadik gutun-azal bat erakutsi zidan, bila joan nintzaionean.
— Claudiak bere urtebetetze festara gonbidatu nau. Bihar.
Izurde bat ageri zen gonbidapen txartelean; atzealdean eskuz egindako mapa bat, puntu gorri batekin, kalearen izena eta eguna, “ekarri bainujantzia”, espainolez idatzita.
— Nor da Claudia?
— Lagun bat.
Leihoa jaitsi eta deiadar egin zuen:
— Claudia!
Bisera zeraman neskatila batek besoa altxatu zuen urrunean. Izadi baino altuagoa eta gizenagoa zen.
— Utzi dit! —oihu egin zuen Izadik.
Urtebetetzeari esker agian beste bizpahiru ordu marruska nitzakeen.
— Orban bat dauka aurpegian —esan zidan—, horregatik eraman behar du bisera belarridun hori.
— Ez nengoen ohartuta —eta neskatoari begiratu nion ongi erreparatzeko, baina ordurako joana zen.
— Ez zarelako inoiz ni ikustera etorri.
Tirabira txiki bat izan genuen. Kontu handiz azaldu nion niretzako astia behar nuela eta berak ere ni gabe egoten ikasi behar zuela. Ez nion kontatu urrutitik beha egoten nintzela. Izadi isilik gelditu zen. Zegoen tokitik alde egiteko erabiltzen zuen. Isiltasunaren erresuma, esaten nion, noiz itzuli behar duzu isiltasunaren erresumatik?
— Nolakoa da, granatea? —galdetu nion gehiago jakiteko gogoz—. Granatea al da? Hitz egiten ari naiz. Nolakoa da, morexka?
Kasik gure etxe parean egon arte ez zidan erantzun.
— Marroia. Bizkarretik azal puska bat kendu zioten eta aurpegian jarri. Uste dut besteei nazka ematen diela, baina niri ez.
— Ongi —esan nion—. Hori oso ongi dago.
Atzerako ispilutik begiratu nion poza erakusteko, baina aurrera begira zegoen serio. Begi politak ditu. Jende askok esan izan dit. Hazia eman zuen tipoa ere polita ote zen galdetzen diot tarteka nire buruari. Jende ederrak horrelako gauzak egiten ote dituen, jende ederra baino gehiago jende berezia ez ote den horrelako gauzak egiten dituena. Berezia, onerako zein txarrerako. Izan al zaitezke berezia onerako zein txarrerako izan gabe?
Pentsakizun horietan hasten nintzenean urrunegi joaten nintzen, eta gero kosta egiten zitzaidan bueltatzea.
Izadik ez zion etxean egindako zerbait bakarrik oparitu nahi. Nire irizpideen kontra, Soy Luna-ren egunerokoa erosiko genion, elkarrekin bizkotxo bat prestatzearen truke.
— Ongi iruditzen al zaizu?
— Berdin zait —esan zidan Izadik.
Baina nik egin egin nahi nuen. Biok batera sortutako zerbait. Polita iruditzen zitzaidan horrelako aukerak aprobetxatzea. Izadik tratua onartu zuen. Aztoratuta zegoen. Besteen etxeak ikustea maite zuen gehien, eta Claudiarena nolakoa ote zen espekulatzen aritu zen:
— Aberatsak direla uste dut. Piszina dutela esan dit. Eta jolasteko gela bat dauka, jostailuz betea.
— Gela asko izateak esan nahi du, lan asko egin behar dela horiek ordaintzeko. Eta lan asko egin behar izateak esan nahi du, elkarrekin egoteko denbora gutxi dutela.
— Ezin al diogu irin normala bota?
— Integrala da normala.
— Zaharrentzako da.
— Zuri gustatzen zaizu ba.
— Besteei ez.
— Goxoa aterako da, zaude lasai.
— Gu izan al gaitezke aberatsak?
— Bagara —behin eta berriro hitz egiten genuen gai honen inguruan, baina Izadi ez zegoen amore emateko prest—. Bi logelako etxea dugu biontzat. Hozkailua beteta. Gutariko bakoitzak armairu propio bat dauka. Balkoi handi bat daukagu, marrubiz betea. Lau aitona-amona dituzu. Lagunak. Furgoneta bat. Zapata pare piloa. Ez dugu inoiz goserik pasatu. Ez gaude gaixorik. Udan oporretan joaten gara.
— Bai, ja!
Arrautzak irabiatzeari utz ziezaion keinua egin nion.
— Nik amaituko dut. Zoaz. Mesedez.
Ez nion begiratu. Nik ere banekien isiltasuna behar bezala kudeatzen.
Izadik, egongelan zegoen ficusaren hostoak garbitu zituen banan-banan, kotoi eta urarekin, ume-umetatik egiten erakutsi nion bezala, lasaitu beharra zeukanean. Bukatu zuenean besarkatzera hurbildu nintzen, baina alde egin zidan. Gauza eder bat egin nahi eta haserre bukatu. Urrea zabor bilakatzen genuen alkimistak ginen.
— Etorri sukaldera, hau gustatuko zaizu!
Lasaiago zegoen eta egiten utzi nion. Bihotz formako moldean sartu genuen labera. Ateratakoan algarrobo krema ipini genion barnean eta, sari gisa, glas azukrearekin hautsezta zezan utzi nion. Gero apain-apain jarri zen. Pekatxoak zituen sudurrean, eguzkiarengatik.
Berehala iritsi ginen planoari jarraituta. Bi globo gorri zeuden kanpoko hesian.
— Erre egin zen —esan zidan kotxetik irten aurretik—. Horregatik du mantxa hori —ispiluan begira jarri zen eta masaila atximurkatu zuen, keinu itsusi bat eginez—. Bizkarretik azal puska bat kendu zioten eta aurpegian jarri, baina hala ere nabaritu egiten zaio.
Euskal estiloko etxe zahar baina txukun bat zen, huntzak eta bugainbilea batek estaltzen zuten fatxada erdia, landaredia sarrerako hesiaren kontra hazten eta metatzen zen. Izadi aurretik joan zen opariarekin. Kolorezko globoek etxearen atzealdera eraman gintuzten, lorategira. Claudia berehala etorri zen Izadiren bila. Uste baino handiagoa zen, azal eta haragizko arabeskoek masailaren erdia baino gehiago hartzen zioten, eta buruko larruazal pixkatxo bat ere bai. Horregatik ez balitz ume ederra zatekeen, begi beltzak eta ezpain mardulak. Begira gelditu nintzaion irribarrez. Mahai baten bueltan bi emakume zeuden, zigarro bana erretzen. Haietako batek, gu ikusitakoan, loreontzi baten kontra zanpatu zuen eta nigana etorri zen.
— Nieves naiz, Claudiaren ama, eta zu bere laguntxo berriaren ama izango zara, ezta?
— Izadirena, bai.
Rita Hayworthen orrazkera zeraman, ongi pentsatutakoa. Berak ere desitxuratuta zuen aurpegi erdia, eta adats ilun izurkara ur-jauzian erortzen zitzaion sarraskitutako zatiaren gainean, estali asmoz.
Mahaira eserita zegoen beste andrea bankutik altxatu zen, poltsa hartuta.
— Pare bat ordu barru etorriko naiz —piszina puzgarrian zeuden haurrengana joan zen—. Neskak! Jator ibili, gero azalduko naiz zuen bila —eta guregana jiratu zen—. Nieves, ekarri musu bat.
Lotsa eman zidan nik ere alde egin behar nuela esateak.
— Bizkotxo hau egin dugu Izadik eta biok —esan nion beste andrea desagertu zenean.
— Eskerrik asko! Hor ipiniko dut.
Walt Disneyren pertsonaiekin apainduriko zamaua eta platerak zeuden terrazako mahaian, plastikozko ontziak arto-krispetaz gainezka, sandwichak, ozpinkiak, litro eta erdiko freskagarriak.
— Bihotz formakoa, bai polita! —haurrengana zuzendu zuen begirada, profilez ez zitzaion deus nabaritzen—. Claudia, ikusi zer ekarri dizun zure laguntxoak!
Izadiz eta Claudiaz gain beste bi neskatila zeuden han, hamar-hamaika urtekoak denak.
— Kafetxo bat nahi? —eskaini zidan.
Irri egiten zuenean ahoa desitxuratzen zitzaion, goma batek ezpain batetik tiratuko balio bezala.
— Ez dut kaferik hartzen, mila esker.
— Agian mandaturen bat egiteko aprobetxatu nahi duzu, lasai hartu, konponduko naiz. Urteak udan betetzeak hori dauka, kurtsoan zehar baino jende gutxiago etortzen da festara, zer egingo diogu. Claudia ohitu da, nonbait. Baina hasieran, ez dakizu zer izan zen hura! Orain alaba arduratzen da hemen nor egongo den jakiteaz eta gonbidapenak egiteaz. Lautik hiru etorri dira —ahotsa apaldu zuen—. Eta ni pozik, jakina.
— Gelditu egingo naiz, inporta ez bazaizu. Ongi egoten da hemen.
Egurrezko bankuan eseri nintzen, bere aldamenean. Mahatsondo baten azpian zegoen, gerizpean.
— Etorri ginenean landatu genuen hori, duela zortzi urte, eta begira nola dagoen.
Gora begira gelditu ginen biak. Nievesek begiak itxi zituen. Narrasti bat zirudien horrela jarrita. Erredura bat zen. Lepotik behera jarraitzen zuen. Begiak itxi nituen nik ere. Eta hala egon ginen Nievesek hasperen egin zuen arte:
— Senarra tematu zen. Berak egin zuen egitura hori lau hesolarekin. Logroņoko herri txiki batekoa da, umetan Bilbora joandakoa, eta etxeko patioan horrelako bat omen zeukaten. Bilbotik hona etorri ginenean jarri zuen, eta begira urte gutxitan nolakoa egin den —esan zuen, dilinda egiten zuten mahats mulkoei begira—. Arrazoi duzu, ongi egoten da hemen.
— Nik ez daukat eskurik. Landare-dendan gogorrenak erosten ditut beti, itxurari apenas begiratu gabe.
— Nik ere ez pentsa... Arreta eskatzen dute, fedea eta konfiantza. Batzuk bakean utzi behar dira, zenbat eta kasu gutxiago orduan eta ederrago —azkazal luzeen artean tipulin bat hartu eta ahoratu egin zuen.
Gora begira gelditu ginen berriro ere. Mahatsondoaren adarrak gorriak ziren eta odola garraiatzen zutela zirudien. Enbor eskas eta ezpaldu hartatik hainbeste bizitza atera zitekeenik...
— Ederki pasatzen ari dira —esan nion piszinarantz jiraturik.
— Haurrak haurrekin ondoen. Zurea ere alaba bakarra al da?
— Bai.
— Orduan jakingo duzu zertaz ari naizen.
Eta begiak itxi genituen.
Haurrak toalletan bilduta eseri ziren mahaira. Izadi, hezur eta azal, dardarka ari zen, ezpainak ubelduta. Arto-krispetak erakutsi zizkidan eta jateko baimena eman nion, okasio berezi bat zen. Ahalegin handia egin behar izan nuen eskutada bakoitzak gordetzen zuen pozoia ez neurtzeko. Bi ahizpek paperezko poltsa bat atera zuten aulki baten azpitik eta Claudiari eman zioten: tutu arrosazko gona zuen pijama bat. Claudiak berehala jantzi zuen.
— Ooo... Bai polita! —esan zuen Nievesek.
Claudiak gonatxoa atondu zuen, eta besoak altxatu zituen balleteko figura bat itxuratuz eta bere ardatzaren inguruan jiratuz. Groteskoa iruditu zitzaidan. Erantzi zuenean, masail bilakatutako bizkar txatala ikusi uste izan nion.
Izadik ere bere oparia eman zion. Zabaldu zuenean besarkada batean estutu zuen Claudiak:
— Soy Luna!
Izadi gorritu egin zen. Bere besoak Claudiaren bizkarretik gora igotzen ikusi nituen, guztiz pausatu gabe. Claudiak Izadiren ama zirudien, nahiz eta hilabete batzuk zaharragoa soilik izan.
— Krema eman. Ez dirudi, baina eguzki honek erre egiten du —esan zien Nievesek haurrei krema pote bat jaurtiz.
Eta lasterka alde egin aurretik, Claudiari heldu zion. Nievesek txorrotada bat jarri zion eskuetan, eta honek gorputz osoan zabaldu zuen. Amaitu zuenean, Nievesek aurpegian zabaldu zion hatz txikerraz, leunki, erreduraren gainean bi geruza jarriz. Claudiak begiratu egin zidan ni ere begira nengoen jakiteko. Irribarre egin nion... dena ongi dago, mundua perfektua da, zu perfektua zara adierazi nahian. Arnasa bota zuen.
Gortina moduan erabiltzen zuen ile xerloa belarri atzean ipini eta krema ipini zuen Nievesek, geruza lodiago bat jarriz erreta zuen aurpegiaren erdian. Orduan ere ez nuen egiten ari zenetik begirada apartatu, ez nuen nahi gaizki senti zedin. Bukatutakoan, ilea belarri atzetik askatu eta estilo handiarekin bota zuen aurpegi gainera. Irribarre egin zidan. Beheko hortzoia ikusten zitzaion irribarre egitean. Sobera gelditu zitzaion krema belaunburuetan zabaldu eta zigarro bat piztu zuen.
— Kontuz ibili behar dugu ditxosozko azal honekin, demonio —esan zuen.
— Nongoak zarete? —galdetu nion.
— Dagoeneko ez dakit!
— Hendaia ez da toki txarra berriro hasteko —esan nion.
— Hala esaten dute —esan zuen berak, neu halakorik behin ere entzun gabe nengoen arren— Gu ongi gaude, askoz hobeto.
— Jende asko dago berriro hastera etortzen dena —esan nuen, bion arteko espazioa hitzek bete zezaten—. Beste bizimodu bat, beste klima bat, beste ohitura batzuk, beste hizkuntza bat... Batzuetan ongi dago besteek esaten dutena ez ulertzea, ez duzu uste? Eta hori dena salto batera.
— Salto batera, bai. Eta zuek zer egiten duzue hemen? Zuek ere ez zarete eta hemengoak...
— Gu higiezinen erbesteratuak gara, edo hori esaten dut galdetzen didatenean. Baina parte batean, zero kilometroaren bila etorri nintzen, badakizu haur bat izatea zer den...
— Bum! —egin zuen ozen—. Bonba bat zure egunerokotasunaren erdian, baina zuk bakarrik entzun duzu leherketa, ezta?
— Beste inork ez.
— Istripua eta gero aldaketa bat behar genuen.
— Istripu bat izan zenuten?
Erretzen ari zen zigarroa seinalatu zuen.
— Gaizki itzalitako zigarrokin bat... Eta etxeak su hartu zuen lo geundela.
— Aspaldi?
— Uda honetan bederatzi urte. Bilbon bizi ginen orduan. Auzoan ezagunegiak ginen eta ez zen erraza jendearekin... egotea. Lanetik etxera itzultzen ginen ahalik eta jende gutxienarekin gurutzatzeko, eta asteburuetan Logroņora joaten hasi ginen, inork ezagutuko ez gintuen inguru baten bila. Azkenean, aseguru etxea portatu egin zen, udaletxeak ere dirutxo bat eman behar izan zigun. Eta begira. Clementeri bururatu zitzaion hona etortzea. Decathlonen lan egiten du, bulegoetan, eta trasladoa eskatu zuen Irunera, eskatu eta eman. Ez gara gauzei hamaika buelta ematen dizkioten horietakoak. Oso apasionatuak gara. Eta hemen gaude. Dibortziatuta? —galdetu zidan, asmakizunaren erantzuna etorri izan balitzaio bezala.
— Ez, ez... Izadi eta biok bakarrik gara.
— Hori ere ongi dago.
— Bai, dena bezala.
— Zerbait hartu nahi al duzu? Ni egarriak nago, garagardo bat hartuko dut, beste bat nahi? Moscatoa ere badugu. Ardotan hori bakarrik gustatzen zait niri.
— Garagardo bat hartuko dut nik ere, mila esker.
Joan zenean haurrei begira gelditu nintzen. Ez nion esan ez nuela tantarik edaten, gustu txarrekoa iruditu zitzaidan, ez dakit ongi zergatik. Belarretan eserita zeuden. Claudiak hitz egiten zuen, ahizpak adi-adi zituen, baina Izadi bizkarka zegoen, lurrean zegoen zerbaiti begira. Hara joan eta aurrera begira eser zedin eskatzeko gogoari eutsi nion.
— Eta okerrena ba al dakizu zer den? —esan zuen Nievesek etxe barrutik itzuli zenean—. Aurten berriz hasi naizela erretzen! Ez daukat erremediorik. Azkenean nire enpresa propioa martxan jartzen hasi naiz eta estresa, badakizu. Behintzat inork ez dit errietarik egiten, zailagoa izan behar du hogei urterekin hasten direnentzat, ezta? Zuk zertan lan egiten duzu, gehiegi galdetzea ez bada?
— Anbulatorioan, administrazioan. Ez da niri gustatzen zaidana, baina gauza onak baditu, buruan ez dit toki gehiegi hartzen. Udan oporrak batzeko aukera ematen dit, Izadirekin lasai egoteko, geure kasara.
— Denbora! Hori ongi dago. Neska horiei deituko diet, tarta jatera etor daitezen ama bila etorri aurretik.
Tragoa eman ondoren, aho ertzetik ihes egiten zion garagardoa lehortu behar zuela ohartu nintzen.
Nievesek kandelak piztu zituenean Zorionak zuri kantatu genion denon artean Claudiari. Izadik ezpainak mugitzen zituen baina hotsik atera gabe, sabeliztuna falta balitzaio bezala. Claudiak arnasa hartu zuen eta, masailak puztuta, su txiki haien parean jarrita itxaron zuen abestia amaitu arte. Sugarrek egiten zituzten figuren antzekoak zituen azalean estanpaturik, eta zegoen bezala, suaren atzean makurtuta, orbanak mugimendua zuela zirudien.
Txalo jo genuen itzali zituenean. Claudia kabitu ezinda zegoen. Hunkiberegia zela ikusten zen eta hori ere ez zen ona. Eskuak aurpegiaren alde banatan jarrita zituen, begiak beteta.
Donutsekin egindako tarta banatu zuenean zati bat eskaini zidan Nievesek:
— Urtean behin ez du kalterik egiten.
Ezetz esan nion. Gure bizkotxoa ukitu gabe zegoen. Trukean luzokertxo bat hartu nuen esker ona erakutsi nahian, nahiz eta baziren gutxienez hamar urte ez nuela halakorik jaten.
— Hara! —esan zuen Nievesek bozina hotsa entzun zuenean—. Zuen ama heldu da, jantzi egin beharko duzue!
Gominolak eskuetan alde egin zuten neskek, Nieves eta Claudia etxe atariraino joan ziren agurtzera. Izadirengana hurbildu nintzen. Aulki tolesgarri batean eserita zegoen, Claudiak erdizka utzi zion trentza heltzen.
— Ongi pasatzen ari al zara?
— Bai.
— Bai? Ez dirudi. Laster joan egingo gara.
— Oraindik ez —eskatu zidan.
— Oraindik ez, laster.
Claudia eta Nieves gerritik helduta etorri ziren, irribarrez, sekretu bat gordetzen ari balira bezala. Alde berean zuten erredura, baina urrunetik ez zitzaien deus igartzen.
— Claudiak ideia bat izan du —bota zidan, alabari hitza emanez.
— Gelditu zaitezkete afaltzen? Ilusio handia egiten dit. Gelditu, mesedez —esan zuen Claudiak, lurrean belauniko eskuak otoitz egiteko maneran emanda.
— Clemente berehala etorriko da janari txinatarrarekin, beti erosten du gehiegi eta bi egunez jan behar izaten dugu —lagundu zion Nievesek—. Denetarik jaten duzue? Entsalada bat ere egin dezaket bestela, edo tortillatxo bat, edo biak.
Izadiri begiratu nion. Zaila egin zitzaidan desio zuena antzematea.
— Mesedez! —esan zuen Claudiak—. Nire urteak dira!
Masail tarratatuari begiratu nion.
— Zergatik ez —erantzun nuen bion izenean.
Izadi gure bizkotxoaren parean jarri zen, begira-begira.
— Nahi al duzu pusketa bat? —galdetu zion Nievesek—. Ez izan lotsarik, neska —gure bizkotxotik hiruki bat moztu zuen eta eman egin zion.
Izadik gogotik jan zuen. Hunkitu egin nintzen. Nievesek ere zati bat hartu zuen eta koska txikiak egin zizkion, eskua aho parean jarrita papurrei irteten ez uzteko.
— Mundiala dago. Errezeta eman behar didazu —esan zidan—. Txaketa bat nahi? Edo barrura joango gara? Freskatu egin du.
Jasotzen lagundu nion eta etxera sartu ginen. Haurrak goiko pisura joan ziren lasterka. Nievesek sukaldera egin zuen ontziekin, ni egongelan bakarrik utzita. Gauzez beteta zegoen. Altzari klasiko ilunak zumitzezkoekin nahastuta, koloretako kuxinak, landareak. Behin-behinekoa zirudien ordena arraro bat zen, baina txukun eta garbi zegoen. Mahaitxoaren gainean lau mando zeuden tapete baten gainean. Traste elektroniko ugarien argitxo gorriak ikus zitezkeen nonahi. Ele itxurako sofa batek hartzen zuen espazio gehien, hormari itsatsitako telebista erraldoi baten parean jarrita. Beheko suaren zuloan panpinak. Gainean, marmolezko hegian, nonbaiteko souvenirra zen maskorrekin egindako sagu bat eta ondoan oinak kiskalita zituen metalezko kristo gurutziltzatu bat. Egongelara itzuli zenean baztertu egin nuen begirada.
— Nork daki jotzen? —galdetu nion, sofa atzean zegoen Yamaha teklatua seinalatuz.
— Claudiak eta biok pixka bat —esan zuen Nievesek—. Baina benetako artista Clemente da. Lehen —eskuarekin iragan urrun bat irudikatu zuen, sutearen aurretikoa, ulertu uste izan nuenez— talde batean jotzen zuen. Oso ongi kantatzen du, baina orain etxekoentzat bakarrik egiten du, pena da.
Sofan eseri ginen. Sandaliak kendu zituen eta eroso eseri zen. Nik ere gauza bera egin nuen. Goiko pisuan batetik bestera zebiltzan haurren urratsak entzuten ziren. Lasaigarria zen. Dena aldatuko duen unea, pentsatu nuen, zu ez zauden eta zure alaba zuk nahi zenukeen hura bilakatzen den unea. Orduan, kristalezko mahaitxoaren gainean beraien argazki bat zegoela ikusi nuen, hirurena. Zaila zen ez begiratzea. Ezeroso sentitu nintzen, nahiz eta Nievesek ohituta egon behar zuen. Areago, agian plan baten baitakoa zen guztia.
Eskuetan hartu, eta niri erakutsi aurretik, kristal gainean putz egin eta soineko muturrarekin garbitu zuen.
— Hau da gelditzen zaigun argazki bakarrenetakoa.
Estudioko argazkia zen. Lurrean eserita zeuden, oinutsik eta zuriz jantzita. Nievesek soineko udatiarra zeraman, begizta bat eskotean, garaiezina zirudien irribarrea. Mediterraneotar edertasuna zuen, haragitsua, erraza. Gizona ez nuen horrelakoa irudikatzen: eguzkiak beltzarandutako azala zuen, kopeta zabala, gainetik soiltzen hasitako ilea konpentsatzeko bezala melenatxo duin bat, alkandoraren hiruzpalau botoi zabalik, galtza barrenak tolesetan jasoak. Handia zirudien, besoaren gainaldean eskorpioi baten tatuaia zuen, larruzko eskumuturreko batzuk. Claudia zen serio zegoen bakarra, urte eta erdi inguru izango zuen.
Azal eta oihal haiek guztiak sutan irudikatu nituen tabernetako aho-zapien moduan.
— Bai familia ederra —esan nuen.
— Bai, ezta? —beregana jiratu zuen argazkia eta begira gelditu zitzaion—. Horrelakoak ginen. Pelikula bat ikusten ari ginen senarra eta biok, eta loak hartu gintuen sofan. Mirari bat izan zen bizirik irtetea. Eta Claudia... Berea bai miraria, fondoko gelan egiten zuen lo! Nire senarrak atera zuen... —ilezko errezelari eragin zion koket—. Nik ikusi nuen sugarren artean pasatzen eta bueltan etortzen, manta batean bilduta zuela umea, sutan biak... Ņabardurak niretzat gordeko ditut, sinets iezadazu, hobeto horrela.
— Claudia behintzat ez da ezertaz gogoratuko...
— Zorionez ez... Dena galdu genuen. Etxea, arropak, argazkiak, oroitzapenak, Clementek eta biok elkarri idatzitako gutunak... Asko idatzi izan diogu elkarri, soldaduska garaitik hasita, pentsa, soldaduskatik etorri zenean Ingalaterrara joan zen ingelesa ikastera... Orain edozein ume-mokok egiten du hori, baina garai hartan ez. Hamazazpi urtetatik elkarrekin, pentsa. Dena galduta. Ez dakizu zer den hori... Dena galtzea... Dena!
— Eta begira orain —esan nion, zer zen oso ongi ez nekien zerbait adierazi nahian.
— Begira orain —baieztatu zuen berak, konforme—. Oraindik amesgaiztoak izaten ditut egongelan geneuzkan gazazko gortinekin... Haizeak harrotzen ditu eta etxe barrurantz sartzen dira, han daude flotatzen, fantasmak dirudite nire buru gainean ni sofan nagoen bitartean, batzuetan telebistari begira, besteetan haurra aldamenean lo daukadala, eta kolpetik sutan daude... Orduan esnatu egiten naiz... —begiak zabaldu zituen eta tente jarri zen sofan—. Isiltzera noa, niri ez zait eta besteen ametsak entzutea gustatzen, seko aspertzen nau. Zuri?
— Ez dakit, ez dut inoiz horretan pentsatu.
— Gorroto ditut besteen ametsak.
— Niri besteen oporraldiekin gertatzen zait hori.
Barre egin zuen.
— Berriro jaio zineten. Meritu handia daukazue.
— Bai, baina gauza bat esango dizut: ez digu ezertarako balio. Normala denetik aparte bizi gara, arauz kanpo, eta jendeak ezin du disimulatu. Karitatea ez denean higuina da, eta badira beraien ontasuna gurekiko adeitasunarekin frogatzen dutenak ere, miserable asko dago munduan, ezin duzu imajinatu; jende ona ere bai, justuak izateko hori ere esan beharra dago, jende ona egon badago.
Ni talde horietako bakar batean sartuko ez banintz bezala hitz egin zidan, arraroa izan zen.
— Baina niri Claudiak ematen dit beldur gehien, nola moldatuko den aurrerantzean, eta hori zirujauek sorgin hatzak dituztela, ikusi behar zenuen... Begira zein polita zen... Eta da... niretzat behintzat.
Irribarre barkaberari eusten ahalegindu nintzen.
— Oso polita da. Baliabide asko dituen neskatxa dirudi gainera. Izadi txora-txora eginda dago berarekin.
Gustatu egin zitzaion hori entzutea.
— Bai, baditu.
— Eta alaia...
— Bestea ez dakit, baina hor bete-betean asmatu duzu.
Clementek txistu jo zuen etxeko atea ireki bezain pronto, eta Nievesi keinua aldatu zitzaion, sotilki, baina nik nabaritu egin nuen, irri ezdeus batek irten zion, lasaituzkoa edota pozezkoa iruditu zitzaidana. Pentsatu nuen agian ordura arte ez zela ongi egon nirekin, eta bat-batean traban sentitu nintzen.
Poltsaz kargaturik iritsi zen. Aurpegi osoa zuen erreta, eta kurioski, zati bat izateak baino inpresio gutxiago eragin zidan. Begi ertzak urtzeko prozesuan bezala zituen, baina gainontzean, erredura uniformea zen, testuraz eta kolore aldaketa leunez beterikoa. Bostekoa luzatu zidan. Eskua ere erreta zuen. Nievesi muxu luzea eman eta ilea atondu zion.
— Gonbidatuak gainera, hau poza —esan zuen askatu zenean—. Non dago gure aingerutxoa?
— Goian, piraguako lagun berriarekin —erantzun zion Nievesek.
Senarra argazkian baino soilduagoa zegoen, motots batean zeraman bilduta urdindutako ilea. Beste ezer esan gabe, jaka kendu zuen, pertxeroan ipini eta pianora eseri zen. Alkandoraren mahukak jaso, bi botoi askatu eta hatzak mugitu zituen airean. Eskorpioia sutatik libratu zela ikusi nuen.
Zorionak zuri-ren lehenengo notak jo bezain pronto jaitsi zen lasterka Claudia. Atzetik besarkatu zuen fuerte aita. Nieves zutik gelditu zen egongelaren erdian, harrotasunez begira. Izadi ere jaitsi eta nire ondoan eseri zen sofan; besoa pasatu nion sorbalda gainetik eta nigana erakarri nuen. Kantua jotzen amaitu zuenean, Clementek galtzaren patrikatik oihalezko mukizapi bat atera eta aurpegia lehortu zuen. Nievesek garagardo fresko bat ipini zion teklatu gainean, deus galdetu gabe, eta trago luze bat eman ondoren teklatura itzuli zen.
— Is this the real life? Is this just fantasy? Caught in a landslide. No escape from reality... —kantatu zuen a capella eta falsetoa eginez—. Open your eyes. Look up to the skies and see... I’m just a poor boy. I need no sympathy, because I’m easy come, easy go...
Nievesek eta Claudiak elkarri begiratu zioten familia barruko koderen bati segika akaso.
Izadi eta biok ere hurbildu egin ginen.
Clementek Bohemian rhapsody-ren lehen akordeak jo zituen, burua batera eta bestera astinduz.
— Mamaaa... just killed a man... Put a gun against his head. Pulled my trigger, now he’s dead.
Aurreikuspen guztien kontra ahots miresgarria zuen.
— Mamaaa... life had just begun... But now I’ve gone and thrown it all away...
Lehenengo ahapaldiaren ondoren gugana jiratu zuen burua, irribarre nekatu batekin. Ordurako bere inguruan geunden denok, sofaren kontra bermatuta, ama bakoitza bere alabarekin dantza txikian, isilik, hain izaten ari zen hauskorra eta ederra une hura.
Bukatu zuenean bertan egon zen eserita momentu batez, guri bizkarra emanda, geldirik. Gu ere halaxe gelditu ginen, mugitu ezinda.
Jiratu zenean gaztetuta ikusi nuen, denok geunden gaztetuta eta arinduta.
Garagardoa bukatu zuen.
Nieves zigarro bat erretzera irten zen terrazara.
— Etorri, nahi baduzu —esan zidan lehenago.
— Ez, ongi nago hemen —erantzun nion. Gero Clementerengana jiratu nintzen—: Zuk ez al duzu erretzen?
— Vade retro —esan zidan, oinetakoa erortzen utzi eta txankletak jarri bitartean—. Garagardoa nahi beste, whiskiren bat ere tarteka bai, baina tabakoa! Zoaz hiri europarretara, benetako Europara, Parisera, Bruselara edo Bartzelonara, ea zenbat erretzaile ikusten duzun han; herrialde azpigaratuetan ordea bai, saldoka —diskurtso hura behin baino gehiagotan errepikatu izanaren traza hartu nion, berak ere aspertuta zirudien bere hitzekin—. Tripa-zorriak ditut —esan zuen, tonua aldatuz eta sabela ukituz—. Eta zuek, neskak?
Gero zimiko egin zion Izadiri gerrian.
— Ume honek bizikleta batek baino haragi gutxiago dauka-eta! Ez dizute jaten ematen ala?
Izadik eskapo egin zion, edukazioa galdu gabe, eta Claudiaren atzetik igo zen goiko pisura.
— Ahots ederra duzu —esan nion Clementeri—. Harrituta geratu naiz, egia esateko.
— Ez zenuen espero, e! —esan zidan pozik, eta begira-begira geratu zitzaidan nik nahi baino luzeago.
— Ederra eta berezia.
Irri-karkaila egin zuen, ederra eta berezia errepikatuz.
Begiradari eutsi nion, serio, benetan ari nintzela jakin behar zuen, garrantzitsua zen niretzat.
— Lastima ezkonduta zaudela, bestela zure ezkontzan kantatuko nukeen...
— Ez nago ezkonduta.
— Ez zaitez haserretu —esan zidan eskua luzatuz—. Ez dago haserretzeko motiborik. Ez dut nire burua serio hartzen, hobeto doakit horrela.
Esku leuna zuen, hatz lodiarekin esku-gaina laztandu nion ahal izan genuen luzeen. Nieves entzun genuenean askatu egin ginen.
Ordurako txinatar janari usainak egongela gainditua zuen. Nieves loredun hule batekin sartu zen eta egongelako mahaitxoaren gainean zabaldu zuen. Gero, han jarri zituen poltsetatik ateratako ontziak eta sofako kuxinekin inguratu zuen mahaia.
Konturatu nintzen Clementeren etorrerarekin txikitu egin zela, hauspoa galdu izan balu bezala. Hala ere ez zirudien ez triste ez haserre, lasai baizik.
Claudia eta Izadi arduratu ziren estalkiak kentzeaz eta era guztietako jaki likatsuak agerian uzteaz. Clementek Moscatoa ekarri zuen. Lurrean eseri ginen denok, gu sardexkekin, haiek txinatar makilatxoekin. Nievesek begi bat kliskatu zidan topa egin aurretik. Gantxo batekin jaso zuen ilea, erredura agerian utzita. Berpiztuta zirudien berriro ere.
— Urte askoan, polit hori! —esan zion Clementek Claudiari. Begiak beteta zituen, baita Nievesek ere.
Claudiak hatz puntak musukatu zituen eta putz eginez bidali zizkien musuak gurasoei.
— Oso harro gaude zutaz —esan zion Nievesek, eta musu bat bidali zion airez.
Izadi platerera begira zegoen. Kokotsetik heldu nion burua altxa zezan. Masaila laztandu nion.
Jatekoa ez zen espero bezain dramatikoa izan. Postrerako gure bizkotxoa atera zuten eta denek ospatu zuten. Familiako bat gehiago sentitu nintzen. Ongi pasatu genuen. Uste dut beraiek ere ongi pasatu zutela.
Agurtzerakoan besarkatu egin nituen.
— Mila esker, benetan —bihotza ukitu nuen.
— Eskerrak zuei —esan zuen Nievesek.
— Eta segi jotzen, zoragarria izan da —esan nion Clementeri.
Ile adats bat belarri atzean jarri zidan, naturaltasunez. Nievesek begiak itxi zituen, onarpena adieraziz bezala.
Hesiraino etorri ziren. Clementek gerritik heltzen zion Nievesi, eta honek bere sorbalda gainean jarri zuen burua. Ez zen promesik egon, inoren partetik.
Kopilotuaren aulkian esertzeko eskatu nion Izadiri. Eskutik emanda egin genuen bidea. Arratsalde luze hartan oso berezia zen zerbait aurkitu uste izan nuen, hondartzan maskorrak biltzen sentitu izan dudan liluraren pareko zerbait, eta eutsi egin nahi izan nion, eskapo egin ez zezan, betiko nire barruan bizi zedin, aurkikuntza gunetik apartatu ahala, poliki-poliki, lilura desegingo zela jakin arren.