Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Zabaldu gabeko opari bat

 

 

106

 

Juan anaiak lanean ziharduen bitartean, haren emazte Angelesek zaintzen zuen Txomin. Ordura arte Angelesekin harremanik apenas izan zuen arren, Madrilen haien etxean egon zen hiru hilabeteetan adeitasun oso berezia sortu zen.

      — Zergatik ez duzu ba bizarra kentzerik nahi?

      Angelesek garbitzen zuen egunero: galtzarbeak, eskuak, oinak; baina bizarra egiteko labana ateratzen zuen bakoitzean Txominek masailetan jartzen zituen bi eskuak.

      — Ez, ez dut berriz zigortzerik nahi —esaten zuen—, ez dut hilabete osoa ziegan bakartuta egon nahi...

      Txominek nahasmen uneak izaten zituen, batzuetan ez zuen jakiten non zegoen ere, kartzelan edo amesgaizto batean harrapatuta.

      Ostiral eguerdi batean, kanpoan trumoia entzuten dela, Txominek gelatik hots egin dio Angelesi.

      — Zurekin hitz egin behar dut.

      — Harrikoa egiten ari naiz.

      — Baina orain izan behar du.

      — Zer duzu ba?

      — Barkamena eskatu nahi dizut.

      — Niri? Zergatik?

      — Hasiera-hasieratik onartu ez zintudalako.

      — Ez dakit zer adierazi nahi didazun.

      — Juanentzat nahiago nuen bestelako andre bat, Euskal Herrikoa.

      — Avilan jaiotzea egokitu zitzaidan ordea...

      — Ez naiz justua izan zurekin. Barkamena eskatzen dizut. Orain badakit Juanek ez lukeela aurkituko zu bezalakorik.

      Angelesek gomutan hartu zituen bazterturik sentitu zen une haiek, nola borrokatu zen Juanen ondoan egoteko, baldintza makur guztien aurka.

      — Aizu, Txomin; ni euskalduna naiz —esan zion Angelesek irribarre goxo batekin—, Avilako euskalduna! Euskaraz ere badakit-eta zertxobait. Ba al dakizu zer esan nahi duen “makala” hitzak?

      — Noski, horrela deitzen dit Karmelek.

      — Eta ez zaio arrazoirik falta. Makala zara jaten, har ezazu purea!

      Angeles zen Txomini jatekoa emateko nor zen bakarra. Baina hark likidoa besterik ez zuen jaten. Egoera tamalgarrian zegoen. Hortzik ez ahoan, sudur-trenkada hautsita. Zunda bidez elikatu beharko zuten handik gutxira.

      Letamendiren adiskide guztiak kezkatuta zeuden.

      Azaroaren 8an Jose Antonio Agirre lehendakariak Joseba Urrestiri idatzi zion. “Txomini buruzko berriak jaso ditugu azken aldian, esanez bere egoera oso larria dela, eta beldur gara zorigaiztoko bukaera izango ote duen (...) Nik ez nuen sekula pentsatuko horrenbeste denboraz Txomin preso izango zutenik gero horren egoera tamalgarrian libre uzteko. Bere alboan izango gaitu, ezin baitugu ahaztu Txominek aberriari eman dion guztia eta, ezta ere, izan duen suerte txarra”.

      Azaroaren 30ean Manu Sotaren gutuna Lehendakariari. “Karmele Urrestiren eskutitza jaso berri dut azalduz Txomin Letamendiren egoera txarra. Kontatu didate, hilaren 18an atera zutela kartzelatik, zeharo nahastua eta oso-oso gaixo. Dirudienez, medikuek ez daukate inolako itxaropenik. Karmelek eskatzen dit zuri idazteko, nolabaiteko laguntza eman diezaiozun, Juanito Letamendi, Txominen anaiaren zama zertxobait arintzeko, berak zaintzen du-eta etxean. Helbidea da: Zurbano 85, 2. Goraintziak Mari emazteari eta seme-alabei. Besarkada sendo bat. Manu”.

      Txominen beherakadaz larriturik Angelesek telefonoz hots egin zionetik, Kamelek Madrilera bidaia antolatzen ziharduen Gabonak elkarrekin pasatzeko, umeak eta guzti. Azken ahalegina zen, Txominek bizitzea aukera zezan. Amak adoretuta, Ikernek kartatxo bat idatzi zion aitari, esanez Gabonetan joango zirela berarengana, eta Urtezaharrean bere urtebetetze eguna zenez oparitxo bat erosia zutela, baina hori sekretua zela eta sorpresaren zain egon beharko zuela.

      Athletic futbol taldearen ikurra zeukan paparreko bat zen oparia.

 

 

107

 

Osasun egoera okertzen ari zen ezinbestean. Juanek mediku onenak ordaindu zituen, tratamendu desberdinak probatu ea erreakziorik bazegoen, baina ematen zuen Txominek amore eman zuela. Ez zuen bizi nahi.

      Elkarrekin lo egiten zuten Txominek eta Juanek, ohe berean; anaiak ez zuen bakarrik utzi nahi, iruditzen zitzaion-eta bere epeltasunak lagunduko ziola negu hotzari aurre egiten, hain zegoen mehar.

      — Badakizu, Txomin, Argelesen ere horrela lo egiten genuela? Latako bokarten antzera, bata besteari lotuta, lurrean. Preso bakoitzak baldosa bat zeukan, eta batek bira egiten zuenean beste guztiok ere bira egin behar izaten genuen.

      Baina Txominek ez zion aditzen. Eta hala ere hizketan segitzen zuen anaiak:

      — Beti izan zara anaien artean finena, Txomin. Gu denok lanean ginen bitartean zu etxean geratzen zinen, bazkaria prestatzen eta tronpeta entseatzen. Amak nahikoa zuen dendako bezeroei kasu egiten, Calixto zaharra etxetik joana zen-eta harrezkero. Aldarte txarra zuen aitak, baina zuk bazenekien hari buelta ematen. Akordatzen al zara? Aitak jakin zuen etxe ondoko tabernan zeundela billarrean jolasten eta bertara joan zen, kirioak airean, haserre, nagikerian izango zinela pentsatuta. Baina, tabernan sartu eta ohartu zenean tximistaren parekoa zinela billarrean eta jendea adi-adi zegoela zuri begira, bizkarretik heldu eta bozkariotan esan zuen: “Hau nire mutila da!”.

      Txominek ez zion aditzen. Eta hala ere hizketan segitzen zuen anaiak:

      — Futbola gustatu bai, baina ez zinen onenetakoa. Auzoko Club Cantabria taldean jokatzen genuen anaiok, baina zu lokatzik zapaldu gabe, musikari bat bezala beti dotore, erabaki zenuen hobe izango zela zuretzat clubeko presidentea izatea, partidak harmailatik ikusteko. Eta gu, zure anaia biak, basatzan! Akordatzen al zara?

      Baina Txominek ez zion aditzen. Eta hala ere hizketan segitzen zuen anaiak, bera ere lokartzen zen arte.

 

 

108

 

1950, abenduak 20, asteazkena, Txomin Letamendi hil egin da, Madrilen, 49 urte bete gabe, Juan anaiaren etxean. Karmele Madrilera joan da bizkor, autoz osaba batekin, baina bera bakarrik, umerik gabe.

      Hiletak San Ignacio elizan izango dira, hain zuzen ere Begoņako Ama Birjinaren irudi bat baitago han. Elizkizunaren erdian, gizon batek erdiko korridoretik eliza osoa zeharkatuko du lore sorta bat eskuan daramala. Mundu guztia begira-begira geratuko zaio. Gizon txiki bat da, Pinotxo Aburto da. Manu Sotaren partekoak dira loreak, ikurrin kolorez: zuri, gorri eta berde.

      Karmele ez da hiletan geratu. Ondarroara itzuli da berehala, seme-alabengana. Ikernek 11 urte ditu, Txominek 9, Patxik 4.

      Antsosolon aita besarkatu du sendo-sendo eta negarrez hasi da. Ikerne beraiei begira dagoela konturatu denean, neskatoa ere besarkada berean sartu du. Gero, malkoak lehortu eta esan die:

      — Gabonak dira, ezta? Kanta dezagun.

      Ahots-hari mehe batekin hasi da kantari. Hau da gabaren zoragarria...

      Txominek kartzelatik idatzitako azken gutuna poltsikoan zeukan Karmelek.

      Maite zaitut. Badakit kalte handiak eragin dizkizudala eta zure bizitza ikaragarri zaildu dudala. Eskatzen dizut, faborez, niri bisitarik ez egiteko. Ez nuke nahi nire azken oroitzapena gizon etsi eta garaitu batena izatea. Nahi dut oroit nazazun beti izan naizen modukoa, alaia, eta irudi hori seme-alabei helaraztea. Oraindik maite banauzu, behar dut zu gehiago ez etortzea. Azken mesede bat: idatzi egiozu nire anaia Juani eta esan bere esku utziko duzula nire zaintza, eta ni gomuta nazazu beti pozik eta tronpeta bat eskuan”.

 

 

109

 

1951ko uztailaren 3an Txomin Letamendiren izenean karta ofizial bat iritsi zen Antsosolora. Askatasun zertifikatua zen. Sei hilabete eta erdi ziren hil zela.