Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Udarik laburrena

 

 

84

 

Karmele bere buruari galdetzen ari zitzaion ea zer demontre egiten zuen Txominek giltzapean, bera haurdun egonik zergatik joan behar izan zuen horren muntazkoa ez zen fardel haren bila, gomutan hartu zuen haurdun zegoela Txominek esandakoa, bai, zure ondoan izango naiz beti, eta etorri zitzaizkion Antonyn beraien harremanaz izan zituen zalantza guztiak, iruditu zitzaion ez zuela merezi horrenbeste emateak trukean hain gutxi jasotzeko, gogoratu zituen Txominen berbak belarrira kantatuak, ohartu zen zeinen babesgabe geratzen ziren bere umeak, pentsatu zuen benetan zoriontsuak izan zirela Caracasko paradisu epel eta urrun hartan, beraiek bakarrik, familiarik gabe, lagunik gabe, aberririk gabe, kartei erantzun gabe, balizko garaipenei kasurik egin gabe, bera eta Parisen barrena bizikletaz ibiltzen zen musikari lirain hura, hain goxo hitz egiten ziona, hain leun laztandu, eta otu zitzaion ez zela nahikoa, sentitu zuen lipar batean Txominekin elkartzea ez zela aukera onena izan, hainbeste gizon parez pare eta hura hartu behar, konturatu zen makala zela, makala zela gauza askotan, etxeko gauzak konpontzen makala, diruarekin makala, ohiko bizimodu bat eramaten makala, geltokitik pakete ziztrin bat jasotzen makala, makala baino makalagoa, amorratu egin zen ez zuelako maitemindu behar bera baino hamabost urte zaharragoa zen gizon hartaz, bai, zaharragoa, hori da hitza, zaharragoa, hobeto izango zela erizain lanetan jarraitu izan balu, libre, aske, erabakiak bere kabuz hartzen eta inoren meneko sentitu gabe, eta hala ere, hala eta guztiz ere, bisitan joan zitzaion Ondarretako kartzelara eta negar egin zuen elkar ikusi zutenean, odolezko negarrak egin zituen, bai, Karmelek.

 

 

85

 

Letamendiren atxiloketaren biharamunean, hain justu, Erresistentziaren historiako ekintza berezienetako bat gertatu zen, geopolitika mailan bere garrantzia duena. Noel Baker diputatu laboristaren bisita Euskal Herrira.

      Bigarren Mundu Gerraren bukaeran mugimenduak izan ziren nazioarteko politikan, eragina izan zutenak gurean. Alde batetik, Jose Antonio Agirreren laguntzaile izan zen Henry Wallace presidenteorde estatubatuarraren gainbehera. Rooseveltek bere azken agintaldirako, 1944an, Harry Truman aukeratu zuen presidenteorde gisa eta Wallace Merkataritza Departamenduko buru jarri zuen. Baina Roosevelt hil zenean, poliomielitisak jota, Trumanek kargutik kendu zuen Wallace, ezkertiar samarra iruditzen baitzitzaion. Hori berri txarra izan zen Agirrerentzat. Baina, bestalde, itxaropen leiho bat zabaldu zen Erresuma Batuan, 1945ean Churchillek galdu egin baitzituen hauteskundeak eta Alderdi Laboristak irabazi. Laboristak beti izan ziren gertukoagoak Errepublikaren Gobernuarekiko eta euskaldunekiko —Bilbotik ateratako umeak jasotzen ere lan handia egin zuten Gerra Zibilaren garaian—; beraz, Francoren kontra gogorrago egingo zutela uste zuten.

      Erresistentziaren indarra nolakoa zen erakusteko, Euskal Zerbitzuetako buruek Noel Baker diputatua gonbidatu zuten Euskal Herrira, ikus zezan zenbaterainoko indarra zuen borroka antifrankistak hemen, eta konbentzitzeko Franco oso ahul zegoela eta zirt edo zart egin beharra zegoela hura kargutik kentzeko.

      Baker 1946ko abuztuaren 6tik 14ra egon zen hemen. Donostia, Bilbo, Bartzelona eta Madrilera eraman zuten Juan Ajuriagerrak eta Anton Zugadik auto batean. Bartzelonan, Consell Nacional de Catalunyako kideekin egon zen luzaroan hizketan —haien artekoa zen Josep Benet historialaria ere—.

      Autoa pasatzen zen herri guztietan Erresistentziako kideak agertzen ziren bide bazterrera, tente jartzen ziren eskua kopetara eraman eta agur militarra eginez. Jakina, euskal espioiek komeni zitzaien errepideetatik eraman zuten autoa, gehienetan trafiko gutxi zegoen lekuetatik. Donostiara bidean, Elgetara iritsi zen segizioa eta han herri osoak egin zion ongi etorria. Noel Baker txundituta zegoen.

      Ostera amaitu eta muga zeharkaturik, Baionan zegoela, egin zuen aurreneko gauza Parisko enbaxadore britainiarrari hots egitea izan zen.

      — Egunotan ikusi dudana ikaragarria da. Euskaldunek erakunde paramilitar perfektua dute. Espainia osoan halako antolakuntzarik balego, Francok ez luke egun bakar bat gehiago igaroko boterean.

      Handik gutxira, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin eta Euskal Gobernuko kontseilari sozialistekin bazkaldu zuen —Enrique Dueñas eta Fermin Zarza— eta inpresio ezin hobea agertu zien haiei ere.

      Josep Benet idazle eta politikari katalanaren alargunak esaten zuen, Txomin Letamendik zerikusi handia izan zuela Noel Baker diputatuaren bisitan. Zer antolatu ote zuen ba atxilotua izan aurretik? Ez dut jakin, baina egunen batean argituko da agian.

 

 

86

 

Txomini bi urteko kartzela zigorra ezarri eta 1946ko abuztuaren 21ean Madrilgo Carabanchel kartzelara eraman zutenean, Karmele haurdun zegoen zazpi hilabeteko eta konturatu zen aitak ez zuela semea jaiotzen ikusiko, zergatik eta hark jaso behar ez zuen pakete bat hartu zuelako.

      Baina zer zegoen pakete madarikatu hartan? Batzuek uste izan dute dirua zegoela fardelean. Esan izan da, halaber, eta era okerrean, Txominek diru hori erabili behar zuela Erresistentziako sarea sendotzeko. Baina ez da horrela. Fardelean paperak baino ez zeuden, txostenak, diktaduraren aurka borrokan ari ziren talde desberdinenak, eta propagandarako materiala.

      Sumarioa irakurriz gero ikusten da, Txomin Letamendiz gainera beste hiru lagun izan zirela kondenatuak.

      Lehenik eta behin: Ramon Ariño Fuster, Aragoikoa, Madrilen laketua; 45 urte zituen atxilotutakoan; Izquierda Republicanako burua zen. Informazioa Frantziara ateratzeko gutunak ematen omen zizkion Imanol Pagaldairi Madrilen. Lotura zuzenak zituen erbestean zeuden Errepublikako buruzagiekin eta goi mailako informazioa zerabilen esku artean. Nonbait berak ohartarazi zituen errepublikarrak Franco boterean tinkatzeko britainiarren artean zeuden trikimailuez.

      Bigarrena: Juan Otaiz Arin, irundarra; 29 urte zituen atxilotutakoan; Madrilen lan egiten zuen erredaktore gisa. Honek Madrilen paketea hartu zuen Bernabe Orbegozo Otarbe-ren eskutik eta Donostiara eraman zuen trenez. Donostian Garaialde izeneko bati entregatu behar omen zion, baina hau agertu ez eta Txomin Letamendi joan zen paketea hartzera Norteko estaziora.

      Hirugarrena: Carmen Leclerq Sarasola, donostiarra; 45 urte zituen atxilotutakoan. Donostiako Ponsol sonbreiru dendako alaba zen. Paketea azkenean emakume honen etxean entregatu behar omen zen, eta honek emango zion postariari Frantziara pasatzeko.

      Beraz, Madrildik Frantziara zihoan informazioa zen Norteko estaziora iritsitako fardel hartan zegoena, Ramon Ariño Fuster ezkertiarrak, Euskal Zerbitzuen bitartez, erbestean zeuden buruzagi errepublikarrei igorri ziena.

 

 

87

 

Karmele Urresti arrain garraioko kamioian joaten zen senarra bisitatzera Ondarroatik Carabanchelera. Josuk eramaten zuen, arraina saltzeko kamioia erosi baitzuten Antsosolon aitak eta biek. Ontzirik ezean, erabaki zuten probatzea kamioia erosi —gorri koloreko Dodge bat— eta Madrilen arraina saltzen. Josuk etengabe egiten zituen bidaiak, eta hori profitatzen zuen Karmelek, elkarrekin egiteko hegoalderako bide luzea.

      Josu kontalari fina zen. Behin baino gehiagotan, gerrako ibilerak kontatzen zizkion arrebari, baina ez nekeak eta tristurak. Nahiz eta bizipen latzak izan, Josuk bazekien egoera zailak ere umorez apaintzen.

      — Frontean borrokan ari ginenean, batzuetan ez genuen jakiten lubakiaren alde batean edo bestean geunden, erraza zen lerroa igarotzea. Behin, beste aldera igaro eta bueltan nentorrela, gudari batek pasahitza eskatu zidan. “Pasahitza? Ezta susmorik ere”, nik. Eta hark: “Ongi da, neuk ere ez dakit. Tira, zer bazkaldu genuen atzo?”. Eta nik orduan: “Garbantzuak”. “Bai, hori da, aurrera!”. Horrela bizi ginen.

      — Ez nago umoreko, Josu.

      — Egia da, gazteak eta zeharo inozoak ginen. Beste batean, gauez lubakian guardia egiten ari ginela, halako txistu hotsak entzuten ziren. Albokoak galdetu zidan: “Zer da zarata hori?”. Eta nik: “Haizeak elektrizitate kableak mugitzen dituela”. Baina benetan tiroak ziren, guri botatzen ari zitzaizkigun tiroak!

      — Zuk, izan ere, hori irudimena daukazuna!

      — Baina irribarretxo bat atera dizut, ezta?

      Madrilera joan, Madrildik bueltatu, 1946ko urriaren 14an Patxi jaio zen, hirugarren haurra. Ondarroan erditu zen Karmele, Antsosolon, Ikerne eta Txomin Tia Bittoriren txaletean zeudela, Lekeitioko bidean. Bittori, Frantziskoren arreba, alarguna zen eta bakarrik bizi zen etxe handi batean. Bihotz onekoa zen Bittori, urrestitar guztiak herritik kanporatu zituztenean eta bere leihopetik pasatzen ikustean esan zuen: “Kanporatu egin zaituztetela? Bada, neu ere banoa zuekin!”. Sartu zioten buruan halako batean hobe zuela herrian geratzea.

      Anita ondo-ondoan izan zuen Karmelek debora guztian. Eta Patxi jaioberria ikusi zuenean hasperen egin zuen, “haga larrosa batean etorri da-eta”.

      Zazpi urteko Ikernek ez zekien aita kartzelan preso zeukatenik, pentsatuko zuen lanean zebilela alde batetik bestera bere merkataritza-agente txartelak banatzen. Lantzean behin gutunak idazten zizkion, eta aitari eskutitzez kontatu zion Patxi kulumiñuaren etorrera ere.

      — Ama, atera gu hiruron argazkia! Kartarekin batera aitari bidali nahi diot, ez ahazteko gurekin.

 

 

88

 

“Aita, amaren sabeletik beste neba bat atera da. Patxi deitzen da.

      “Itsusia da negar egiten duelako eta gorri-gorri jartzen delako.

      “Ez daki berbetan eta olgetan ere baina maite dugu.

      “Amak bainatzen eta janzten uzten dit.

      “Ez dakit bera den azkena edo oraindik ume gehiago kabitzen den amaren tripa barruan. Eskerrak ni lehena izan nintzela ateratzen.

      “Hiruron argazki bat bidaltzen dizut. Patxi txikiena da”.

 

 

89

 

Bakerren bisitaldiaren arrakastak adoretu egin zituen Euskal Zerbitzuak, eta diktadurari estualdi bat ematea deliberatu zuten. Denbora igarotzen ari zen, Bigarren Mundu Gerra bukatu zen, Nazio Batuen Erakundeak Franco kondenatu zuen, blokeoa ezarri zioten, baina ez zen ezer mugitzen. 1945 osoa pasatu zen eta 1946a ere bide beretik zihoan. Jose Antonio Agirrek aginduta, azaroan, Joseba Rezolak eta Jose Mari Lasartek hogei egun igaro zituzten Hegoaldean. Misioa, diktaduraren aurkako ekintzak antolatzea izan zen, Francoren ahulezia azalera ekarriko zutenak.

      1946, abenduak 18. Bilbo erdialdean, Arriaga antzokiaren aurrean zegoen Emilio Mola jeneralaren irudiari bonba jarri zioten Agustin Egañak eta bi adiskidek. Ekintzaileak, ihes egin beharrean, jendartean nahastu eta zer gertatu ote zen ikustera geratu ziren, susmagarri ez suertatzeko.

      1947, apirilak 6. Aberri Eguna, manifestazioak egin ziren Hegoaldeko hiriburuetan. Jose Antonio Agirrek eta Joseba Rezolak mezuak irakurri zituzten erbestetik emititzen hasi zen Radio Euzkadiren bitartez. Eta bestalde, Joseba Urrestik gutun bat bidaliko du Londrestik Antsosolora: “Atzerritik laster txokora itzultzeko itxaropenarekin”.

      1947, apirilak 14. Bilbon manifestazioa Errepublikaren egunean.

      1947, maiatzak 1. Greba Orokorra egin zen, diktaduraren aurkako alderdiek eta legez kanpo zeuden sindikatuek deituta. Armada atera zen kaleetara. Maiatzaren 6ra arte izan ziren grebak.

      1947, maiatzak 7. Jose Antonio Agirrek mezua bota zuen irratiz, zorionak emanez greben arrakastarengatik; 4.000 lagun irten ziren kalera. Egun berean, Agustin Unzurrunzaga ELAko kidea hil zuten Donostian, Bergarako greba orokor batean parte hartzeagatik atxilotu ostean; urte batzuk geroago Martin Ugalde idazleak Caracasko erbestean Xabaleren hazia ipuina idatziko zuen, kasu garratz hau gogoan.

      Giro nahasi horretan, maiatzaren 16an, kartzelatik atera dute Txomin Letamendi behin-behineko askatasunez. Madrilen bertan, ezagutzen ez zuen Patxi semea hartu du besoetan. Zazpi hilabete dauzka.

      — Calixto aurpegia daukazu —esan dio txikiari aurpegia ikusi orduko—. Hori da, Calixto deituko dizut, zure anaiari Churchill bezala.

      Emazteari umea bueltan ematean, harriduraz atera zaio:

      — Ume honek arrain usaina dauka!

      — Josurekin etorri gara-eta kamioian.

 

 

90

 

Espetxetik irten berritan, Txominek eta Karmelek uda Ondarroan igarotzea erabaki dute, umeekin batera. Antsosolotik Txominek gutun bat idatzi dio Juan anaiari Madrilera. Bere kezkak azaldu nahi dizkio, umorez beti ere; baina aurreratuko dio hurrengo misioa Bartzelonan duela.

      “Ondarroan, 1947ko ekainaren 3an.

      “Anaia eta iloba maiteak,

      “Dena ongi Ondarroan, neska-mutilak altu eta indartsu hazten ari dira, eta nire Kalixtotxu gizon txiki bat eginda dago. Ederra da eta oso irribarretsua, baina lantzean behin halako txilioren bat botatzen du ezen dudatan egoten bainaiz berriz Carabanchelera ez ote naizen itzuliko.

      “Bulegoko buruek adierazi didate ni Bartzelonara joatea nahi dutela, han aukera handiak izango omen ditut nire negozioetarako. Egun batzuk eskatu ditut pentsatzeko, izan ere, gauza guztien gainetik nire betebeharra da familiarekin denboralditxo bat igarotzea.

      “Argi dago (Poliziak) ez nauela bakean utzi nahi. Hau dena uztea beste erremediorik ez dut, bestela, edozein egunetan, kataplun”.

      Hilaren 8an San Mamesera joan da Txomin semearekin, Kopako final aurrekoa ikustera Real Madriden aurka. Madrilen galduta datoz bilbotarrak, 3 eta 2; baina Zarra, Panizo eta Gainza tartean dituen taldea edozertarako gauza da, Ligan 3 eta 6 irabazita daude-eta Chamartin estadio berrian.

      — Zer egingo dugu, aita? —galdetu dio Txomin txikiak.

      — Irabazi!, inolako zalantza barik.

      Baina partida ez da uste bezala atera. 0-1 galdu du Athleticek, Molownyk sartutako gol bat dela medio. Partida ez da ikusgarria izan, Txomin txikia aspertu egin da, eta pixka bat beldurtu ere bai, zelaia betetzen duten gizonezkoen oihuekin eta zigarroen kearekin.

      — Amarengana joan nahi dut —esan dio aitari, San Mamestik irten bezain laster.

      — Aurrena izozki bat jango dugu, igandea da-eta.

      Letamendik Ondarroan igaro zuen uda laburrean, herriko zaharrenen ahotik jakin dudanez, Francok uztailean egin behar zuen erreferendumaren aurka hitz egin zuen Olearen tabernan, eta ezkutuko mitinen bat ere eman omen zuen horren karietara. Bozketa, Ley de Sucesión de Jefatura de Estado delakoa onartzeko zen. Finean, frankismoaren trikimailu bat zen itxura zabalago bat emateko mendebaldeko potentzien aurrean. Lege berri horren arabera, Espainia monarkia bat izango zen, baina hori bai, Franco hil eta gero.

      Gainerakoan, mendizalea zenez, umeekin bueltak ematea zuen gustukoa. Gorozika auzora igotzen zen —San Juan egunean jendea dantzari jaisten zen bidezidorretik—, batzuetan Mutriku aldera hartzen zuen, Lekeitio aldera besteetan.

      Neure amak kontatu dit, behin batean bera ere gonbidatu zuela mendi buelta egitera, Ikernerekin batera.

      — Egun osoa igaroko dugu etxetik kanpo —gaztigatu zion Txominek, neskatoa zen gure amari—. Ekar ezazu jateko zerbait eta zelairen batean jango dugu.

      Ama pozik zegoen, gizon hura arrotza egiten zitzaion arren. Karmelerekin bazuen tratua, nola ez, baina oso gutxitan ikusia zuen Txomin. Herrian esaten zen ez zuela lan finkorik, edo inork entzuna zuen kontrabandista zela. Gauza argirik ez. Dena den, kontent, garai hartan egiten zen moduan, zapata kaxa batean sartu zuen egun-pasarako jatekoa: aita arrantzaleak prestatu zion patata-tortilla. Ez zen xamurra izan zapata kaxa lortzea, herriko dendetan galdezka ibili eta azkenean eman zioten bat; aitak jakia barruan sartu eta kaxa lastozko lokarri batekin lotu zuen, korapiloarekin helduleku bat eginez, dotore. Baina Antsosolora iritsi zenean Txominek irri egin zion:

      — Zertarako ekarri dituzu zapata horiek?

      — Ez dira zapatak, aitak tortilla bat egin du denontzat.

      — Eskerrik asko, baina nola jantziko dut tortilla bat bi oinetan? —esan zuen Txominek txantxetan.

      Gure amak ez zuen ulertu Txominen ateraldia, eta Ikernek ere ez; garrantzitsuena da egun ederra igaro zutela hirurek elkarrekin, oroitzapen hori gordetzen du behintzat gure amak.

      Francoren erreferenduma 1947ko uztailaren 6an izan zen eta Txominek ezinegon handiz hartu zituen emaitzak. %89,86ak alde bozkatu zuen. Eta nahiz eta emaitzak aurreikusteko modukoak izan —diktadurak dena kontrolatzen zuen garai hartan—Txominek amorru handia sentitu zuen, ematen baitzuen herria garaitua izan zela.

      Alde bozkatu zutenen artean, aitona zegoen, gure amaren aita. Zapata kaxa hain dotore prestatu zuen arrantzale garaitu hark Francoren aldeko botoa eman zuen, lana galtzeko beldurrez.

 

 

91

 

Artean haurrak lo zeudela, Karmelek gosaltzen ziharduen sukaldean. Gauez ez zuen ia lorik egin, pentsatzen gauean senarrarekin izan zuen talkari buruz; “Bihar Bartzelonara noa”, esan baitzion Txominek, “egun batzuk igaro behar ditut han lanean”.

      Goizean, alkandorako botoiak lotzen sartu zen senarra sukaldean.

      — Egun on. Eguzkitsua dator gaur.

      Karmelek ez zion deus esan.

      — Hamarretan irtengo da trena, joan egin behar dut. Eman musu bana umeei.

      Karmelek ez zuen burua bueltatu ere egin.

      Sukaldeko balkoitik ibaia ikusten zen, alde zaharreko etxeak ere bai. Errege-Erregina Katolikoen ezkutua zuten Espainiako banderak jartzen ari ziren etxeetan eta itsasontzietan, Ama Birjinaren jaiak baitziren herrian. Musika bandarekin prozesioan joan ziren Antiguako ermitara herriko agintari zibil eta militarrak, eta atzetik jende oldea.

      Txominek etxeko atea itxi zuenean itzartu zen Ikerne.

      — Aita?

 

 

92

 

Anaiari kartaz adierazi bezala, 1947ko abuztuko bigarren hamabostaldian Bartzelonara joan zen Letamendi, “bulegoan” agindu zioten manatua betetzera. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria izango zen Katalunian, legez kanpoko ordezkaria, esan beharrik ez dago, eta bere aurretik han egondako baten tokia hartuko zuen, Jorge Egia delako batena. Joseba Elosegiren goitizena zen Jorge Egia, Buen Pastorreko kanpandorrean ikurrina jarri zuen ekintzailearena.

      Txomin Letamendi, Bartzelonan, Jose Antonio Primo de Rivera kaleko 320 zenbakiko 2 pisuko pentsioan bizi da, Maria Teresa Fernandezen etxean.

      Abuztuaren 29an eguerdiko 12:00etan etxetik irten da metroa hartzeko asmoz, bisita eta elkarrizketa batzuk egiteko hitzorduak dauzka.

      Baina, Plaza de España izeneko metro geltokiaren barruan sartu denean, gainera etorri zaizkio hiru polizia sekretu eta atxilotu egin dute. Bartzelonako erakustazokari dagokiona da geltoki hori, bertan daude 1929ko Nazioarteko Erakustazokako eraikinak, noucentismo deritzon estilo modernistan eginak.

      Eskuburdinez estekaturik eraman dute Primo de Rivera kaleko 320 zenbakira, 2. pisura, zabaldu dute seguritate kaxa bat, eta han harrapatu dute dokumentazio guztia.

      Agirien artean batzuk ziren Josep Pous i Pages Marquet jaunak (Consell Nacional de la Democracia Catalanako lehendakariak) Txomin Letamendiri eman zizkionak, zeinak bidali behar ziren Londresera, New Yorkera, Frantziara (zehaztu gabe nora) eta EAJri.

      Agintari katalanen izenak eta helbideak ere harrapatu zituen Poliziak —Jorge Egiak, hots, Joseba Elosegik pasatu izan zizkionak—. Letamendik geroago idatzi eta filtratu ahal izan zuen lehendabiziko gutun ezkutuan honelaxe dio: “Kontu honetan ere ahal izan nituenak salbatu nituen, batez ere Esquerrako bi buruzagiak”. Eta hau ere bai: “Gureei buruz, itzela izan zen galdeketa; ahalik eta hobekien defenditu nuen neure burua, nire aurrekoak pertsona bera izaten jarraitzen du: Jorge Egia”.

      Lau eguneko interrogatorio gogorra izan zuen Letamendik, gau eta egun, Via Laietanako komisaldegiko ziegetan.

      Egun batzuk geroago, espetxetik, azalpen xeheak eman zizkien Erresistentziako buruei gutunez.

      “Pasa den hilabeteko [abuztuko] 29an atzitu ninduten, ostiralez. Era honetan gertatu zen: etxetik irten nintzen eguerdiko 12etan metroa hartzeko asmoz, bisita batzuk egiteko geratuta bainengoen. Geltokiaren barruan nengoela, “Eskuak gora!” bota zidaten hiru polizia sekretuk. Miatu egin ninduten eta galdetu zidaten nondik nentorren. Esan nien kanpotarra nintzela eta Erakustazokara nentorrela. “Gezurtia zara gero! —esan zidaten—, ikusi zaitugu Jose Antonio etorbideko 302 zenbakitik ateratzen eta halaxe dela baieztatzeko oraintxe bertan joango gara bertara”. Eskuburdinak jarrita eraman ninduten eta atezainari galdetu zioten ea ezagutzen ninduen. Hark baiezkoa esan zuen. Igo ginen solairura, neure giltzak kendu zizkidaten, atea zabaldu zuten eta garrantzizkoa zen guztia gordetzen nuen segurtasun kutxa ireki. Han zegoen hiru ordu geroago bidali behar nuen posta, igortzeko prest. Halaber, hantxe zeuden nire aurrekoak egindako lan guztiaren kopiak, kontaktuan egon behar nuen pertsonen telefono zenbakiak eta helbideak. Harrapatu zidaten gauzarik muntazkoena izan zen Conselleko presidentea den Marquet jaunak pasatu zidan posta, guk hartzaileei bidaltzeko: bat Londreserako zen, bestea New Yorkerako eta beste bi Frantziarako. Karta horien kopia bana ere helarazi zidan, gure alderdiak gorde dezan.

      “Ohartzen zaretenez, nire egoera benetan deabruzkoa zen; lau egunez izan naute inolako atsedenik hartu gabe hala gauean nola goizean deklaratzen. Ahal nuena salbatu dut, nahiz eta beraiek beldurgarrizko bitartekoak erabili.

      “Buruzagi katalanen izenak eta helbideak hartu zizkidaten —lan hau eginda utzi zidan nire aurrekoak—; kontu honetan ere ahal izan nituenak salbatu nituen, batez ere Esquerrako bi buruzagiak.

      “Gureei buruz, itzela izan zen galdeketa; ahalik eta hobekien defenditu nuen neure burua; nire aurrekoak pertsona bera izaten jarraitzen du: Jorge Egia.

      “Nire aitortzan esan dut, abuztuko lehen hamabostaldian Bartzelonara bidali ninduela EAJk, komunistekin izan ezik gainontzeko alderdi katalanekin ahalik eta harreman onenak izateko.

      “Salatzailea, seguru nago, pentsioko ugazaba andrea izan da, eta baita bere laguna ere, Division Azulean ibilia zen hura. Pertsona hauek, egoera ekonomiko estuan izanik, nire segurtasun kutxa zabaldu zuten ea dirurik zegoen ikusteko, eta ezustekoa hartu eta gero deitu zioten Poliziari. Astebete lehenago atezainak ohartarazi zidan ez zela jende fidagarria, eta erabakita neukan beste toki batera joatea. Esan nien nire emaztearekin hitz egin nuela telefonoz eta hurrengo hilabetearen hasieran iritsiko zela gure hiru umeekin; ez zuten kontua begi onez ikusi. Eta etengabe argia, ura eta gasa kobratzera joaten zitzaizkienez, nire kutxa zabaltzea erabaki zuten, ea dirurik aurkitzen zuten eta larrialditik atera; orduan konturatu ziren dirudik ez neukala, baina bai zerbait are interesgarriagoa. Etxe hartan egotekoa nintzen azken eguna zen”.

 

 

93

 

Irailean Letamendik kartzelatik ezkutuan eta presaka ateratako gutun hura klandestinitateko norbaitengana helarazi zuen, adieraziz lehenbailehen abisua eman behar zitzaiela Txomin Goitiari, Donostiako agente sekretuei, Casassas delako baten neskari...

      “Adiskide maitea, *** [izen ezabatua]-ren bitartez daukat zure berri. Eskertua naukazu benetan kontu desatsegin honetan azaldu duzun interesarengatik.

      “Atxilotua izandakoan hartu zidaten gauzen artean zure txartela zegoen, eta nor zinen galdetutakoan esan nien aspaldiko lagun bat zinela eta azken 12 urteetan elkar ikusi gabe geundela. Konbentzitu nituen eta txartela bueltan eman zidaten baina, badakizu, txikitako lagun bat baino ez zara beraientzat —futbola, pilota, eta abar—. Aldean nituen txartelen artean Txomin Goitiaren bat zegoen eta hark, gainera, etxera hots egin zidan ordurako Poliziak hartuta zegoela. Esan nien Lekeitiotik ezagutzen nuela eta, jakin zuenean Bartzelonatik nenbilela, nirekin jarri zela kontaktuan Ondarroatik San Adrian herrira arraina ekartzeko negozio bat jartzeko, izan ere, bera han hozkailu handi bat eraikitzen ari zen. Badiot, Goitia jakinaren gainean jarri behar dela lehenbailehen eta deklarazioan zer esan dudan hari kontatu.

      “Atxikita doakizun aitortza Donostiara eraman behar litzateke, Alderdia jakinaren gainean egon dadin. Uste baduzu horretarako aukerarik badagoela, esadazu eta emango dizut helbidea.

      “Tira, adiskidea, argi dago zortea ez dudala izan aldeko, eta etsi-etsian ez zaidala besterik geratzen pazientzia izatea baino.

      “Kontua garrantzi handikoa denez eta zarata handirik atera nahi ez dutenez, ez dituzte arrain handiak atxilotuko. Espero dut bazterraldi hau igaroko dela eta aukera izango dudala abokatu on batekin hitz egiteko, eta hark nire askatasunerako bidea agian aurkituko du lege ulertezin horien artean.

      “Garrantzitsua. Casassasen neskari abisatu behar zaio azkar-azkar, ez diezadan telefonoz deitu niretzat jasotako enkargu edo hitzorduren batekin, adostuta zegoen bezala”.

      Txomin Letamendi harrapatu eta egun batzuk geroago atxilotu zuten Josep Benet, Frente Universitario de Resistenciako burua Katalunian. Bere mintzaideak erortzen hasiko ziren gutxika.

 

 

94

 

Irailaren 15ean, astelehena, Karmelek bisita egin dio Bartzelonako Modelo kartzelara. Zahartuta aurkitu du, ahul. Betzuloak ditu eta ubeldurak nabari zaizkio aurpegian eta lepoan. Karmelek ez zekien zer esan hura ikusi zuenean. “Zer moduz?” bat galdetzea inozoa izango zen eta, gainera, ez zuen erantzun hori entzun nahi. Bazekien-eta bere senarra hondatua zegoela barrutik eta kanpotik. Duda-muda eta isilune luze baten ostean, “mundu guztiak bidaltzen dizkizu goraintziak”, esan zion. Baina berehala igarri zuen Txominek ez zuela solasaldia bide horretatik eraman nahi.

      — Zer moduz umeak?

      — Hasi dira eskolan. Patxi, gure puzker-umea, Ondarroan dago aitona-amonekin. Beste biak Indautxun.

      — Norekin utzi dituzu?

      — Koterondarrek asko laguntzen didate, bestela ezingo nuke bisitan etorri.

      — Ondo daude umeak orduan...

      — Aurrekoan Ikerne eta Txomin zinemara joan ziren, eta hara non agertu zen mutikoa itsasontzi txiki batekin etxera. Zinemako eserlekuaren azpian aurkitu omen zuen. Antzo-solo jarri zion izena txalupatxoari eta bertan Caracasera bueltatuko garela esaten du.

      — Eta zelan dago Ikerne? Patxi jaio zenean berak bidali zidan argazkiari begira pasatzen ditut orduak.

      — Bizkor hazten ari da. Faltan botatzen zaitu. Irakurtzea du gustuko, eta txintxirrika ibiltzea kalean.

      — Musu handienak Ikerneri emazkiozu.

      — Ezusteko bisita bat ere izan dugu Antsosolon.

      — Zure neba Joseba?

      — Ez, ez, Joseba ez. François Nothomb etorri zen. Ikusi behar zenuen aita Frantzisko, hari etxeko traste guztiak erakusten, ganbarako irratia-eta. Heriotza esparrutik erdi hilik atera eta gero sasoiko zegoela iruditu zitzaidan; baina, tira, ez dakit burutik oso sano bueltatu den. Lekaidea egin da, Petit Jésus ordenakoa. Jacques Maritainen ideien jarraitzailea da. Erabateko pobrezian bizi nahi du eta ezer ez dutenei lagundu.

      — Bejondeiola.

      — Argazki bat ere atera genuen elkarrekin. Begira, hortxe gaude: Josu, Nothomb, Patxi besoetan duela Karmen, aita, Anita, Gaizka, Begoña, Ikerne, Txomin eta tia Bittori, denok batera.

      — Ene, zeinen handi dauden umeak!

      — Bai, arin pasatzen da denbora.

      — Eta amerikanoek ez dute zirkinik egiten, haien babes osoa agindu zidaten...

      — Tamalez haizeak beste alde batetik jotzen du orain. Pardoko tatarrak gero eta lagun gehiago ditu, denak dira komunisten beldur.

      — Honek ez du itxura onik, Karmele. Hainbeste neke eta promesa, ezertarako ez.

      — Ez pentsatu orain horretan. Zu beti izan zara baikorra. Suspertu zaitez. Zain gaituzu, gure makala.

      Bisitaldian Karmelek ez zuen astirik izan senarrari kontu guztiak esateko. Ahaztu zitzaion kontatzea bere Jai, fox terrier maitea, hil egin zela mukieriz. Nerbioi ibaira salto egin zuen Campo Volantin parean eta geroztik ez zen osatu. Ikernek disgustu handia hartu zuen.

      Eta hurrengo bisita batean ere ez zion kontatuko, ezta ere, 1947ko azaroan AEBetako Gobernuak muzin egin ziola Francoren kontra egindako Nazio Batuen kondena bati. Harry Trumanek mundua bi zatitan banatu zuen, “mundu librea” alde batetik eta “diktadura komunista” bestetik. Bazirudien Francoren diktadura mundu libreko partea zela harentzat.

      Ahulegi zegoen Txomin gauza horiek entzuteko.