Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

23

 

Izeba Ireneren urratsek esnatu egin zuten Martin. Eguerdia ordu erdiz pasea zela salatzen zuen mesanotxeko erlojuak. Hodei batzuen artetik hegazkin igaro berri baten lerro zuriari erreparatu zion leihotik, zerua erdibitzen. Nagiak ateratzen irten zuen pasillora. Sorbaldako minak bere horretan zirauen. Lapikokoaren urrinak hartua zuen sukaldea. Han zegoen izeba, bata askatzen harraska ondoan.

      — Egun on. Zer moduz aldaka hori?

      — Hobeki. Ukendu horrek aski arindu zidak oinazea — nabaria zitzaion herrena hala ere—. Pedrotxo herrira joana duk, ezta?

      — Goiz partean. Ni bihar joanen naiz.

      Irenek katilua eta kafetera utzi zizkion mahaia gainean.

      — Amarenetik pasatuko al haiz?

      — Litekeena da. Ezer eraman behar al diot?

      — Pakete bat daukak pasilloko gelan. Amarendako gortinak dituk.

      — Ados —Martinek azukre apur bat bota zion kafeari.

      — Hemen bazkalduko al duk?

      — Ez dut uste.

      — Hemen bahaiz, hor dituk dilistak.

      — Mila esker.

      — Beheko dendara noak. Ez diat uste luzatuko naizenik.

      Mahaia bildu eta balkoiko logelara abiatu zen Martin. Aulki baten gainetik hartu zituen izebak egindako gortinak. Elkarrekin gutxitan ikusiak zituen bi ahizpak. Ama baino bost bat urte zaharragoa zen izeba, baina puskaz gazteagoa zirudien. Kosta egin zitzaion gogoratzea noiz ikusi zituen elkarrekin hondarreko aldiz, osaba Patricioren hiletan izan zela esanen zukeen. Paketearena ez zen berria, oihalak eta zapiak, inoiz izara joko bat ere eramana zion amari izebaren partetik. Amak, ohi bezain lehor, paketea hartu eta gorde egiten zuen. Bueltarako, otarre bete janari prestatzen zion, izebak herabe hartzen zuena, baina honek ere ez zuen ezer ere esaten. Isiltasunaren trukea deitzen zion Martinek ahizpen arteko hartu-eman hari.

      Bainu bat hartzeko tenorea zuela iritzi zion Martinek. Arras bizkorturik sentitu zen horren ondoren. Gandututa geratu zen ispilua. Behatzetako azkazalak moztu, kalerako jantzi eta sukaldera itzuli zen.

      Dilistak jaten ari zen Irene.

      — Hemen hago orduan. Arraina daukak bigarreneko.

      — Ongi da.

      Irenek ere dilistak atera zituen beretzat. Martinen aurrez aurre eseri zen mahaian.

      — Ezer aipatu al dik Pedrotxok?

      — Zeri buruz? —Martinek ez zuen soa altxatu.

      Irenek ez zion erantzun. Platerekoari ekin zion. Bukatu zuenean harrira joan zen edalontziarekin, txorrota ireki, urez bete eta zutik edan zuen. Berriz mahaian, hasperenak ihes egin zion.

      — Hik ez al dakik ezer?

      — Zer jakin behar dut ba?

      — Ez duk inoiz ezer sumatu?

      — Ez —arrain hezurrari burua besterik ez zitzaion geratzen.

      — Ez al zaik xelebrea egiten amaren eta bion arteko harremana?

      — Zu hemen bizi zara, ama herrian. Ahizpak zarete. Elkarri gauzak bidaltzen dizkiozue nire bitartez.

      — Orduan Pedrotxok ez dik deus ere esan?

      — Ezetz ba.

      Bezperako Pedrotxoren “Noiz kontatu behar diozu?” galderaz akordatu zen Martin. Une hartako nekearengatik ez zion garrantzirik eman. Orain agerian zen Irenerentzat kezka iturria zela ilobarekin abiatu berri zuen solasaldia.

      — Zer da Pedrotxok kontatu beharreko hori?

      — Gogoan al duk aita?

      — Nola izanen dut ba, ez nituen-eta bi urte hil zenean.

      Irenek eskuak elkarlotu zituen magalean, sakon hartu zuen arnasa, mihiaz ezpainak busti zituen oharkabean:

      — Hire ama nauk. Ni nauk hire ama.

      Lapiko txiki baten antzera hustu zen Irene. Martinek harriturik jarraitu zuen kontakizuna. Aitak haurdun utzi zuen Iruρetik herrira itzuli zen batean. Ezkutuan eraman ahal izan zuen haurdunaldia Fulgencio Ortiz prokuradorearen etxean zegoela, eta horretan, ezinbestekoa izan zen Estherren laguntza. Oso aurreratua zelarik herrian egonaldi luze bat pasatzera joan zen, aitzakiatzat hartuta gaixotasun aldrebes bat diagnostikatu ziola sendagileak eta zaintza bereziaren premian zegoela. Lau hilabete igaro zituen han, inoren bistatik aparte. Tarte horretan, Estherrek egiten zizkion prokuradorearen etxeko lanak. Azkenean, Ekalako emagina lagun, herrian erditu zen. Ahizpak, bere izebak, semetzat hartu zuen senarrak Irenerekin izandako haurra: Martin.

      — Horixe duk dena.

      Hitzik egin gabe hustu zuen basoerdia Martinek. Aulkitik jaiki eta eskuak patriketan sartuta joan zen atera.

      — Egitekoak ditut.

      — Ez al didak ezer esan behar?

      — Zeuk esan duzu dena.

      Alderrai ibili zen Navas de Tolosa kalean barna. Irenek inoiz ezer sumatu ote zuen galdetu zioenean, ez zuen usaindu ere egin afera nondik aterako zen. Basotxoaren inguruko banku batean eseri zen, ipurdia goiko oholean. Aita zenak ez zuen berebiziko lekurik etxeko solasaldietan; egiaren aitortzeko, solasa ez zen etxekoen dohaina. Kontu gehienak etxetik kanpo ikasiak zituen. Errepublika eta gerra garaiko aitaren ibilerak, Andres basozainaren ahotik. Ez zuen garbi leizearen aferan nahasirik ibili ote zen, Andresek ez baitzion inoiz argibiderik eman, agian nahi ez zuelako. Afera itsusia izan zen leizekoa. Pedrotxo ezagututa, ez harritu lehengusua inoiz leizera jaitsi izana. Hala bazen, ez zion sekula ezer aitatu. Gainera, gerra piztutakoan desagerrarazi zituztenena arrunt urruti geratzen zen bere pentsamenduetatik, bestelakoa zuen uneko kezka. Ama zuen izeba. Azken urteetan bizikide eta zaintzaile izandako izeba zuen ama.

      Jauzi batez zutitu zen Martin. Lasterka egin zuen etxerako bidea, zango-luze igo zituen eskailerak. Irenek eserita segitzen zuen sukaldean, kokotsean esku bat. Elkarri begiratu zioten. Ez zen malko arrastorik emakumearen bisaian.

      — Zerbait atzendu al zaik?

      — Gero arte esan gabe alde egin dut. Musu bat ematera nator eta banoa. Jarraitu beharra daukat.

      — Jarraitu beharra zaukaagu, bai.

      Arrain kondarrak batu eta zakarrontzira bota zituen Irenek.