Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

7

 

Ilundu zuen Maisonnave hotelera iritsi zirenerako.

      — Gustua hartu diozue —Lizarbe kopak garbitzen ari zen.

      — Hire koktelen parekorik ez zagok Hiri Buruzagi osoan.

      — Patton bana?

      — Goiz duk, oraingoz ez diagu gasolina premiarik.

      — Baxoerdi bana beraz.

      Luisek aukeratutako mahaian eseri ziren, ondokoan zegoen-eta bart arratseko blonda. Martinek hankak luzatu zituen aulkian esertzean, nekea sumatzen hasia zen: lo handirik ez, egun osoa dantzan eta, hori guztia gutxi balitz, une oro hausnarrean amarruaren hariak lotu nahian.

      Bakarrik heldu zen kafetegira Pete Domezain. Txortak ikusi eta haiengana joateko imintzioa egin zuen, baina diosala egiterako barran zegoen gizon bizkar zabalarengana hurreratu zen. Ingelesez mintzatu ziren biak. Petek prakak seinalatu zizkion, eta bizkar zabalak baiezkoa egin zion buruarekin. Gizonak lokaztuta zituen belaunetik behera. Martinek ez zien begirik kendu elkarrizketak iraun zuen bitartean. Bizkar zabalak barrari eusten zion ezkerreko eskuarekin, whiski edalontzia zuen eskuinekoan, tarteka burua makurtzen zuen Domezaini ameto eman nahian edo. Bizkar zabalak monosilaboak jaurtitzen zituen burua makurtzen zuen aldiro. Petek atzamar erakuslea gorantz mantentzen zuen hizketan ziharduenean, keinu hark aetzarekin aurreko gauean izan zuen solasaldia ekarri zion gogora Martini, hatza aginte makila gisa ibiltzen zuen Petek lanaren inguruko xehetasunak ematerakoan. Petek azkenik eskuineko sorbaldan paratu zion eskua bizkar zabalari, agurrak ezustean harrapatu zuen hau eta ezker eskua baliatu behar izan zuen edalontziari eusteko, oreka galdurik barraz kanpoaldera balantza egin zuen gizonak eta Petek kontu egin behar izan zion eror ez zedin. Bizkar zabalak ezker eskuarekin bilatu zuen barraren babesa berriz ere, eskuinean zuen edalontzia, zurruterako pronto.

      Domezain bi gazteen mahaira hurbildu zen.

      — Hori al da...

      — Bai, Patton jenerala —moztu zion amerikanoak— eta lagunentzat, Scott. Hobe horrela, orain zeharo mozkortuz gero, ez du asko aguantatuko. Eta hartara, laster oheratzen bada, bihar fresko samar izanen dugu batailarako.

      — Noiz dugu erasoa? —Martinek sua eman zion aetzaren zigarretari.

      — Bihar, etzi. Tokia egokia iruditu zaie tankeen eta konboiaren erasorako, baina eguraldiaren menpe gaude. Ilunabarrean nahi dute, ahal bada oskarbi dela.

      — Bihar bertan orduan —Martinek osaba Jeronimorekin hitzartutakoa zuen gogoan—. Etzikoa baino hobea dator biharkoa.

      — Eguraldi kontuez ere badakizu...

      — Fida zaitez Martinekin —aholkatu zion Luisek.

      Pete Domezainek sabelera eraman zuen eskua, handik pistola bat ateratzera balihoa bezala.

      — Afaltzeko tenorea ere izanen da ba honezkero...

      — Baiki.

      — Zurekin fidatuko naiz, Martin, zurea da-eta gonbita.

      — Goazen Josefarenera.

      Luis izan zen altxatzen aurrena, begi-kliskako bat egin zion blondari, eta honek musu bat eman zion Patton koktelari.

      Kontuen Ganbaratik igarotzean eraikinari begira geratu zen Domezain, nonbait ez zitzaion arrotza ingurua. Campana kalean ezkerreko tabernatik atera berri zen gazte batekin gurutzatu ziren, zakuto bat zeraman sorbaldan. Luisek agurtzeko imintzioa egin zion gazteari, honek hiru gizonei erreparatu gabe azkartu zuen ibilera. Tabernako atea ireki eta barneratzean bi eskailera mailak jaitsi zituzten jantokira iristeko. Ezkerreko mahaia hobetsi zuten, bat izan ezik eskuin aldekoak hutsik baziren ere. Tabernako sukaldea agerian zen. Bi emakumezko ari ziren lanean lapiko eta zartagin artean.

      — Gabon, Josefa —esan zuen Luisek—. Jende guti, ezta?

      — Guti edo anitz, beharra igualtsu.

      Ile urdindua zuen Josefak, ondoan zaharxeagoa zen emakumea zopa-ontzi bat betetzen ari zen, eskuineko mahaikoek dastatu behar zutena.

      — Ba al duzue anderrairik? —galdetu zuen Martinek.

      Aspaldiko bezeroa zen La Campana tabernan. Nerabe zenean dastatu zituen estreinakoz Josefaren zuritabeltza, tripakiak, ajoarrieroa; baina inondik ere anderraiak zituen gustukoen. Soldadutzara joan aurretiko azken sanmigeletan ere bertan bazkaldu zuen osabekin, Cristobalekin eta Sabinorekin; hauek Lizarratik autobusez heldu, ferian ikusi beharrekoak ikusi eta bazkari legea Josefarenean egin zuten, bertan batu zitzaien Martin; ondoren etorri bezala desagertu ziren, San Gregorio aldean arreoren bat erosi behar zuten aitzakiarekin. Eta bertan geratu zen Martin, Josefarenean geldi, feria egunetan mahaiak zerbitzatzen zituen neskatoari beha. Azkenik Nabarreria aldera hurbildu zen, Pedrotxok inguru horretan bazkaldu behar zuela aditu baitzien osabei. Aise topatu zuen lehengusua.

      — Bakarrik utzi al haute? —Pedrotxok sorbaldan zeraman jaka.

      — Badakik, tresneria kontuak. Geltokian elkartuko gaituk gero.

      — Ia bi ordu ditiagu libre autobusa ateratzen den artio, nahi al duk probestu?

      — Ez zakiat denbora zertan eman.

      — Nik bai.

      Maρuetatik behera abiatu ziren. Feria eguna izaki zabalik zeuden denda gehienak, bazebilen jendea arratseko lehenbiziko tenorean ere. Frontoitik pilotakaden asotsa heldu zitzaien. Zakatina inguratu eta museo aldera jo zuten. Oinutsik kalean sartzear zirela Pedrotxo ate urdinkara bati begira geratu zen.

      — Nora naramak!

      — Ederki dakik hik ere —Pedrotxok jantzi egin zuen ordura arte sorbaldan eraman zuen jaka—. Sosik ez baduk, lasai, gaurkoa nire kontura.

      Atea barnerantz ireki zen, lehengusua bizkor ibili zen, Martin jarraiki zitzaion, atalasean zeuden bi gizon heldu kanporatzen ari zirenean.

      — Ze ari haiz hi hemen!

      — Ez genekien zuek non aurkitu eta honaino ere heldu behar —Martini ez zitzaion besterik bururatu desenkusa moduan bi osaben aurrean.

      Laurak isilik irten ziren kalera. Eta isilik eman zuten autobus geltokirainokoa. Martinek ez zien ia agur ere egin bi osabei eta Pedrotxo lehengusuari Lizarrako autobusera igo zirenean.

      Lehenbiziko pisura ailegatu ez bazen ere, hura izan zen Martinek Casa Marina zapaldu zuen aurreneko aldia. Harrezkero gehiagotan ere joan izan zen, Luisekin txama egin ondoren sarriago. Unibertsitatean elkar ezagutu zutenetik, La Campanako otordua Oinutsik kalean finitu ohi zen, atea urdinez margotua zeukan etxe hartan.

      Baina istorio horiek ez ziren edonoiz kontatzekoak; izan ere, Josefak salda ontzia utzi zuen mahai gainean, eta Martinek fansaina egin zuen mol zabaldu berriarekin.

      — Halakorik ikusi gabea naiz aspaldi —poztu egin zen Pete.

      — Dastatu nahi? —botila bete mol eskaini zion Martinek.

      — Ezin errefusa! —Petek ardoarekin belztu zuen salda.

      Beste mahaian futbola zuten hizpide, bost gizonezko sesioan. Luisek bazuen ezagunik horien artean, Portillo erlojugilea tartean baitzen. Eztabaida berotzen ari zela oharturik, adarra jo nahi izan zien:

      — Hobe zenukete Oberenarekin bat egitea —denek entzuteko moduan bota zuen eta bostak itzulikatu ziren Luisengana, baina ez zen preseski umore onik haien bisaietan.

      — Hago isilik, Luis —kargu hartu zion Martinek—. Utz itzak bakean, noiznahi daukak Iruρa taldekoei adarra jotzeko aukera.

      — Bale, bale, ez hadi horrela jarri.

      — Gu geurera, biharkoa prestatu behar dugu-eta.

      Pete Domezainek libreta gorria atera zuen txalekotik. Zirriborro trebe haietan zeuden bilduak Urbasako zabalguneak. Martinek adi-adi segitu zituen amerikanoaren azalpenak. Itxura guztien arabera, bigarren zabaldian paratuko zuten konboia. Erasoa filmatu ondoren lehendabizikotik bigarrenera helduko zen Patton, jeneralak batailan kolpatutako soldaduak adoretu behar zituen.

      — Hiru jeep eta kamioi bat sutuko ditugu.

      — Sua behar baduzu, sua izanen duzu —esan zuen Luisek labana eskuan zuela.

      — Bi eszenak errealismo handikoak izatea komeni zaigu.

      Josefak salda katiluak bildu eta hiru plater eta metalezko bi azpil utzi zituen mahai gainean, anderraiak batean, ajoarrieroa bestean. “Hementxe daukazu errealismoa”, pentsatu zuen Martinek, baina ez zuen burutazioa ahora eraman.

      Pete Domezainek orriak zirriborratzen segitzen zuen.

      Harira jo zuen Martinek:

      — Zeu arduratuko al zara ibilgailuez?

      — Ibilgailuez, munizioaz eta gainerako guztiaz. Gerrarako attrezzoa eta efektu espezialak gobernatzea da nire egitekoa.

      — Guk lagunduko dizugu hori guztia hara eramaten —proposatu zuen Luisek.

      Amerikanoak ez zuen kontrakorik esan. Edalontzia hustu eta ajoarrieroari ekin zion.

      — Bigarren zabalgunean ez da lurra berdindu beharrik. Tankeak aise helduko dira, baina kamioia nekez sartuko dugu. Lokatzetan trabatuta geratu da.

      — Lokatza? —Martin harritu egin zen.

      — Eguerdian filmatu dute. Atzo prestatu genuen. A ze iskanbila izan duten gaur kamioia handik ateratzeko! Ez al dituzue Patton jeneralaren prakak ikusi Maisonnaven?

      Scott aktore bizkar zabalarekin izandako solasaldikoak azaldu zizkien Domezainek:

      — Bidegurutze bat nahita lokaztu zuten atzo. Filmatu berria zuten eszenan ibilgailuek enbarazu egiten zioten elkarri. Kontua da Patton jeneralak anabasaren erdian agertu behar zuela ibilgailuen trafikoa zuzentzen, korapiloa askatu arte. Azkenean, kable baten laguntzaz atera behar izan dute kamioia filmazioa amaitu dutenean.

      Martin hari-muturrak lotzen ahalegintzen ari zen.

      Uranga tailerreko gazteak agindu zionez, bazuen ia txatarrerako zegoen jeep zahar bat. Esan zionez prest izanen zuen ibilgailua erasoaren bezperarako.

      Baina kamioia ere... gutiziatsua zen oso.

      Ordezko bat bilatu beharra zegoen.

      Non ordea, hori ere Uranga gaztearekin lotu beharko zuten.

      Nolanahi ere... Petek zuen lehentasuna! Amerikanoaren gogoa beraien aldera makurrarazi beharra zegoen.

      Eta... Oinutsik kaleko Casa Marina... Martini iruditu zitzaion Domezain limurtzeko hurrengo pausalekua ate urdinkara zeharkatuta kausituko zuela.

      — Barkatu, Josefa, berandu da guretzat eta beste nonbaiten hartuko dugu kopa bizkor-bizkor. Ordaindu eginen dizut. Itzuliko gara laster berriz ere.

      Domezainek zinez eskertu zuen Martinen gonbita, baina ez zen isilik geratu:

      — Aizue, zuek biek, zer darabilzue eskuartean?

      — Guri on eginen digunak ez dizu zuri kalterik ekarriko.

      Domezainen galderak ez zuen Martin ezustean harrapatu. Ameskoarraren erantzunak ez zuen aetza konformatu.

      — Harira, Martin, harira!

      — Gerraren ikusgarritasunak on ekarriko digu denoi.

      — Argi mintzatzen ez bazara, hemen bukatuko da gure artekoa.

      — Azaldu beharrekoak Marinaren etxean azalduko dizkizut.

      — Ez, orain eta hemen.

      — Eguerdian esan dizut ezagutzen dudala leku bat sekula ahaztuko ez duzuna, eta oraindik ez gara hara iritsi.