Aurkibidea
Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio
Aurkibidea
Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio
LAUGARREN ATALA
I. Bulegoa. Deia. Euritakoa
Bestela egun normala izan zen Irene Arriasentzat, abendukoa, betiko deiak, betiko txostenak, mezuak, irakurri beharra, erantzun beharra... Bulegotik inoizko goizen aterako zela pentsatzera ere heldu zen momenturen batean. Lankide gehienek egingo zuten ahalegina apur bat lehenago irteteko. Izan ere, zuzendaria ere kanpoan zen, Frankfurten, lan gutxiko eguna... Ez zegoen arrazoi handirik hamar minutu lehenago ez irteteko, ordu laurden lehenago.
Irene Arriasek ordenagailuan bideo batzuk ikusteko aukera ere izan zuen egun hartan, lanarekin zerikusirik ez zutenak. Ipar Irlandan grabatutako bat, esate baterako, Derryn, 1972ko urtarrilaren 30ean, irlandarrek oso ondo gogoratzen dutena, ondorio asko ekarri zituena: hamalau lagun hil zituzten, umeak asko, 17 urtekoak.
Abade katoliko batek ere hitz egiten du grabazioan, ume bat hiltzen ikusi zuelako egun horretan, bere ondoan. Umeak hamabost urte izango zituela, hori pentsatu zuen abadeak, hala esan zuen... Ez zuen umea hiltzen ondo ikusi, abadea bera ere korrika zihoan, I was running too, baina tiroak jo zuela ikusi zuen, hori bai. David Cameronek berak onartu zuen 2010ean iheska ari zirela tirokatu zituztela soldaduek irlandar katolikoak. Britainiar gobernuak bere gain hartu zuen errua, badirudi hitz hori bera erabili zuela, errua. Ematen du erlijioari asko begiratzen diotela Europako zati horretan: errua, barkamena, gupida... Afrikan bezala baina beste modu batera.
Dokumentalak egin dituzte egun horren inguruan, pelikulak, sarien irabazleak, Sundance, Berlin, kantuak bat baino gehiago ere bai. Irenek ordenagailuko ahotsa apaldu eta kantu zatiak entzutea erabaki zuen, U2, beste talde batzuk. Kontzertuak agertzen ziren batzuetan, pelikularen sekuentziak ere bai. Bideo batean kalashnikov bat agertzen da kantuak irauten duen denbora guztian, besterik ez, Mozambikeko banderan bezala. Irene Arriasi bertigo moduko bat eragiten zion batzuetan pertsonen konplexutasunak, pertsonen sinplekeriak ere bai: kalashnikova bideoan, denbora osoan, besterik ez, kantuaren gainean.
Bulegotik irteteko hogei minutu baino apur bat gutxiago falta zela hasi ziren gauzak konplikatzen, ordea. Ezohiko mezua jaso zuen Irenek ordenagailuan, Lisboatik, ezohiko gauzak eskatzen zizkiona: dokumentu batzuk, zenbaki batzuk, sinadura batzuk. Dokumentuetako bat hutsetik sortu behar zuen, eta horrek bakarrik ordubete baino gehiago kenduko zion. Bulegotik lehenago barik, askozaz beranduago irten beharko zuen.
Une batez ernegatu ere egin zen, azken orduko konplikazio horregatik, otu zitzaiolako ez zuela alaba ikusiko, etxera orduko ohean egongo zela, edo ohera joateko, ezertarako ez... Azken ordu erdia egingo zuten elkarrekin beharbada, loak erreta, ganorazko ezer hitz egiteko moduan ere ez. Hori kenduko zion azken orduko konplikazio horrek, aurretik erabat egun normala izan bazuen ere, lasaia ere bai.
Eskuko telefonoa kargatzen jarri zuen, bulegoaren beste aldean. Kalkulatu zuen azken orduko lan horiekin etxera heldu baino arinago agortuko zitzaiola bateria bestela. Oso motel egiten zituelako enpresako lanak Irenek, bere izateko modua zen, unibertsitatean bezala, azterketetako azken galderak egin barik uzten zituen bezala askotan. Aurreko enpresetan ere gauza bera, estandarra baino denbora gehiago behar zuen beti lanak amaitzeko... Segurua zen hala ere, akats gutxi, askotan akats bat bera ere ez. Hori zuen alde, inork ezin zion ezer esan, inork ezin zion kargu hartu, ez nabarmen behintzat. Zuzendariak estimatu ere egiten zuen, segurua zelako, langile gutxi zegoelako Irene Arrias baino seguruagoak. Baten bat bai, beti dago baten bat.
Irenek pentsatu zuen halako batean, gogora etorri zitzaion, ordenagailuan idazteari utzi barik betiere, Derryko tiroketa egun horretan, urtarrilaren 30ean, 1972an, lehen urtea bete berri zuela berak, bost egun lehenago. Hori pentsatzen ari zela jo zuen telefonoak. Une horretan bertan izan zen deia, dei arraro hura, azken orduko lan haiek amaitzeko gutxi falta zitzaionean, etxera joateko momentua heltzen ari zenean azkenez.
Telefonoa hartu baino lehenago beste zerbait pentsatzeko astia ere izan zuen. Harrezkero askotan pentsatu izan zuen gauza bera, indarkeriari begira hasi zenetik burutik kendu ezinda ibili zuena. Izan ere, jaio zen urtearen inguruan, 1971n, urte batzuk lehenago, urte batzuk geroago, sinesteko zaila zen sortu ziren talde armatuen kopurua, bazter gehienetan: Baader-Meinhof, Irail Beltza, Tupamaroak, Angry Brigade, FARC, Sendero Luminoso apur bat geroago. Izen horiek guztiak etorri zitzaizkion gogora telefonoa hartzeko mugimendu labur horretan. Gehiago ere bai, jakina, nola ez, Irlandakoak, euskal herrietakoak bertakoak, ez zituen guztiak gogoan, ez zituen guztiak ezagutzen.
Baina sumatu ere ez zuen egin zer zen azken orduko telefono-dei hori, dei arraro hori. Ez zuen pentsatuko, bestetik, hainbeste informazio eman zitekeenik hain dei laburrean, 40 segundo, 50, minutu bat baino gutxiago betiere. Argi zuen mundu guztiak mota horretako deiak ezin zirela minututik pasatu, hor zegoela muga.
Telefonoa hartu aurretik pentsatu zuen zortzi eta erdietarako egon zitekeela etxean, lehenago ere bai. Uste baino arinago amaitu zituen azken orduko lanak, Lisboatik agindutakoak, gustura geratu zen gainera, hiru-lau zuzenketa eta etxera... Telefonoak jo zuen ordea, arraroa ordu horretan. Zuzendaria bera ere, telefonoaren beste aldean, Frankfurten, harritu egin zen Irene bulegoan topatuta, horren berandu. Badaezpada deitu zuen hara, eskukora deituko zion bestela, pertsonalera. Baina ez zituen azalpenak asko luzatu, ezin zuen, minutu bat baino gutxiago zuen, eta gauza asko esan behar zion. Argi eta arin esan zion Ireneri ez joateko etxera, ezin zela etxera joan, itxaroten zituela han.
Deiaren ostean, aurreko hormari begira geratu zen Irene Arrias tarte batez. Pentsatu behar zuela iruditu zitzaion, buruari atseden apur bat eman ere bai. Urduritzen hasi zen, mahaitik altxatu, bulegotik ere irten. Beste hiru edo lau langile baino ez zegoen erdiko gelan, askotan geratzen zirenak berandura arte... Atzera sartu zen Irene bulegora.
Etxera ez joateko esan zion telefonoak, ezin zela etxera joan bulegotik irteten zenean, itxaroten zituela pertsona batzuk, han, etxean bertan. Izenak ere eman zizkion: Luis Alzaola, Sarria abizena zuen beste bat. Esan zion zuzendariak Luis Alzaola ez zuela etxean itxaroten izango ziurrenik, inoiz ez zela egoten, bulegoko lana egiten zuela Alzaolak batez ere, paperak. Sarria abizeneko hori joaten zela etxeetara, beste gizon batzuekin, han egongo zirela harrezkero beharbada, Alangobarriko ate aurrean, edo etxe barruan, inoiz ez dela jakiten. Irene Arrias zerrendetan zegoela esan zion zuzendariak.
Bere autoan ez joateko ere esan zion, bazekitela zein zen, marka, modeloa, matrikula, errazago topatuko zutela. Esan zion uzteko autoa aparkalekuan, lankideren batek eramango ziola gero, beste egunen batean, hori zela onena. Autoarena esan zionean, hobeto ulertzen hasi zen Irene... Beldurrarekin batera hasi zen gauza guztiak hobeto ulertzen, ez zekien arren, nola jakingo zuen, zergatik zegoen zerrendetan, zer ziren zerrendak.
Bere buruari zerrendei buruzko galderak egiten hasi zenean erreakzionatu zuen Irenek apur bat. Ezin zen etxera joan, Luis Alzaola, Sarria, beste gizon batzuk bere zain, autoa kontrolatuta. Zuzendariari galdetu zion orduan non zeuden senarra eta alaba, etxean, kanpoan, lagunen baten etxean, gurasoenean. Erantzun zion ez zekiela, ez ziotela esan, ez zela bere ardurakoa, horrelako zerbait erantzun zion zuzendariak deia ebaki aurretik.
Hormari begira geratu zen Irene telefonoa utzi zuenean. Zerrendak, ez zekien zer ziren, imajina zezakeen, askotan irakurri zuen halako zerrendei buruz, beharbada ez zegoen salbuespenik, beti egoten ziren.
Ezer pentsatu gabe eutsi zion une batez gero, iruditzen zitzaion buruari atseden hartzen utzi behar ziola. Mahaitik altxatu zen, bulegotik irten. Pabilioiko erdiko gela hutsik zegoen ia, lau langile, beranduen joaten zirenak, ordenagailuetan batzuk, paperekin bat. Bulegora sartu zen berriro. Pentsatu zuen Lisboakoen lana amaitu behar zuela beste ezer pentsatzen hasi baino lehen, hiru zuzenketa, hiru txikikeria... Obligazioa sinesten zuen oraindik, obedientzia beharbada, Befehl eines Vorgesetzten ist Befehl. Zazpi minututan amaitu zuen.
Etxera nork eramango zuen pentsatu behar zuen orain. Autoa aparkalekuan utziko zuen, hori iradoki zion zuzendariak, ondo iruditu zitzaion. Pabilioian geratzen ziren langileak berrikusi zituen buruan, bulegotik irten barik: Bilbo, Galdakao, Arrigorriaga, Plentzia. Arrigorriagakoa Leioan bizi zela uste zuen, baina ez zekien ziur, ez zuen gehiegi ere ezagutzen... Plentziakoari eskatuko zion.
Ordenagailua amatatu zuen, bulegotik irten zen. Langileetako bat zutunik zegoen orain, jaka hartzen ari zen esekilekutik. Plentzian bizi zenaren mahaira hurbildu zen Irene.
— Autoa ekarri duzu?
Gaztelaniaz galdetu zion, ez zekien euskaraz zekien ala ez, Has venido en coche. Esnatzen ariko balitz bezala kendu zituen begiak ordenagailutik lankideak, baietz erantzun zion, segundo batzuen ostean, bazuela autoa, eramango zuela, Algortaraino ezta? Guztiz modu ezaxolan erantzun zion, inork problemarik ez balu bezala, ordu horretan problemak egotea ezinezkoa balitz bezala, munduan ere inongo zatitan. Bi minututan abiatuko zirela esan zion, autoa hurbil zuela.
Bulegora itzuli zen Irene, arin egin zituen gauzak; mesedea egingo ziola lankideak, ez zuela itxaroten eduki nahi. Jaka hartu zuen, lodia, lepoko zapia ere bai, poltsa, euritakoa. Ez zuen egun osoan euririk bota, goizean lainotuta egon arren. Armairu bateko apalean kateatu zitzaion euritakoa, segundo batzuk galarazi zion horrek.
Aparkalekuko lehen autoetakoa zen lankidearena: oso goiz etorri behar zuen, edo zorte handia izan. Ireneren autoa askozaz urrunago zegoen. Irenek begiratu ere ez zion egin nahi, pentsatzen zuelako baten bat egon zitekeela autoa zaintzen. Fikzioa iruditzen zitzaion, baina zerrendarena ere fikzioa iruditzen zitzaion bezala, Luis Alzaola, Sarria... Guztia zen sinesteko zaila, guztiak ematen zuen irreala. Zuzendariaren deia ez zen irreala izan ordea, zuzendaria bera, Frankfurt...
Sekula ez zion zuzendariak lanetik kanpoko ezeri buruz hitz egin, konfiantza ere txikia, adin aldea nabarmena. Gutxitan elkartzen ziren, beti lanaren inguruko zerbait, serioa gizona ia beti, trajea, iluna ia beti. Dei arraro hori orain, zerrendak, autoa, minutu bat baino gutxiagokoa.
Aparkalekura jaitsi zirenean beraz, Ireneri iruditu zitzaion bere autoari begiratzen bazion, lokalizatu egingo zutela, autoa zaintzen zegoena konturatu egingo zela. Ia ezinezkoa zen, pentsamendua ere barregarria, inozoa.
Lankidearen autora sartu ziren. Apenas hitz egin zuten bulegoetatik aparkalekuraino, hotza aipatu zuten, aurreko egunak baino epelago, baina hotza guztiarekin ere. Aparkalekutik atera zirenean hasi ziren esaldi luzeagoak egiten, auto barruan, baina isiluneak ere luzeak. Errepide nagusira sartu eta halako isilune batean konturatu zen Irene: poltsan begiratu zuen, astiro hasieran, txokorik txikienetan gero... Bulegoan utzi zuen eskuko telefonoa, pertsonala, kargatzen geratu zen. Arinegi hartu zituen gauzak, jaka, zapia, euritakoa. Ezin zion lankideari lantokira itzultzeko eskatu, berdin zion telefonoak momentu hartan, ez zion berdin. Ohartu zen, une berean, ez ziola Iboni deitu, mezurik bidali. Arinegia izan zen guztia, gauza gehiegi pentsatu behar izan zuen, oso denbora gutxian. Telefonoa aldean eramango zuen Ibonek, kaleetatik ibiliko ziren hura eta alaba beharbada, nora joan topatu zuten agian harrezkero. Hegazkin handi bat ari zen lur hartzen Loiuko aireportuan, oso hurbiletik ikusi zuen Irenek.
Bidea betiko moduan egin zuten, eguneroko moduan, normal, erraz, ez zen kontrolik egon errepidean. Halako zerbait espero zuen Irenek, autoa gelditzea, miaketa, identifikazioa. Tentsio horrekin egin zuen bidaia, azken partea batez ere, Erandio, Leioa, baina ezer ere ez. Algortako sarreran birritan gelditu izan zuten kontroletan urte batzuk lehenago, baina garbi zegoen errepidea orain, auto gehiegi ere ez.
Algortara goiko sarreratik sartzeko eskatu zion lankideari, nora zihoan oso ondo ez zekien arren, ohitura seguruenik. Etxera ezin zuen, amarenera beharbada... Algortako beheko aldetik sartzeko eskatu behar zion agian, etxetik ahalik eta urrunen, baina ez zuen pentsatu, ohiturari jarraitu zion, oraindik sinesten zuen etxea normal topatuko zuela, okerren bat zela, nahastu egin zela baten bat.
Alangobarri kalera sartu baino hogei bat metro lehenago uzteko eskatu zion Irenek lankideari. Izan ere, Alangobarrin bertan jaisten bazen autotik, bere kalean bertan, ikusi ahal izango zuten, zain zeudenek, identifikatu. Ez zekien lankidearen autoa kontrolatuta ote zegoen, ez zuen uste. Fikzioa iruditu zitzaion guztia berriz ere ordea, irreala, onirikoa ere bai beharbada.
Hogei metro lehenago atera zen autotik beraz badaezpada ere, eskerrak eman zizkion lankideari, hiru-lau aldiz. Autoak nola alde egiten zuen ikusi zuen, maniobra osoa. Ematen zuen ez zekiela oso ondo zer egin behar zuen, oinez hasi zen.
II. Algorta. Jendea. Sua
Alangobarriko etxean, hallean, kaleko atetik sartu eta segundo bira, idazmahai estu bat. Bost tiradera, lau txiki eta luze bat. Tiradera txikietan giltzak, garajekoa adibidez, Ibonen gurasoen etxekoak, Begoña Sasietaren etxekoak, bulegokoak, erabili ezin diren beste batzuk, inongo sarrailatakoak ez direnak orain, bota ez zirenak bota behar zirenean, forma ederrekoak bi Ireneren iruditerian, guztiak alabarenean. Erreminta bat tiradera luzean, erdi ugertua, amaren etxetik ekarri zuena Irenek, aitarena beharbada. Arropa-eskuila, telebistaren jarraibide-orria, fakturak, umea jaio baino lehenagokoak, papera ere horituta, figura apurtu bat. Absurdoa idazmahaia hallean, inoiz ez dute hallean idatzi, inoiz ez dute aulki bat ere jarri idazmahaiaren aurrean, estimatzen dute hala ere. Kandela bi goiko partean, alde banatan, forma irregularreko ispilu bat idazmahaiaren gainean.
Oinez hasi zen Irene Arrias. Berehala helduko zen bidegurutzera, Alangobarrira, berehala ikusi ahal izango zuen etxeko ataria. Aldats gogorra Alangobarri, autoa erdian geldituz gero eskuko frenoa behar duena: goiko partean Ireneren ataria, ia Alangon. Aldatsaren beheko partetik ikusiko zuen ataria beraz, ia egunero ikusten zuen bezala, gogoa zuen, beldurra. Ez zen ezer igarriko beharbada, atari barruan egon zitezkeen zain beharbada, edo etxean bertan, bigarren solairuan, alferrekoa tentsioa beraz. Hogei metro izan zituen hori pentsatzeko, irreala iruditzen zitzaion guztia oraindik hala ere.
Heldu zen kale hasierako biribilgunera orduan, baina aurreko espaloira pasatzea erabaki zuen, etxe ataria hobeto ikusi ahal izateko. Errepidea pasatu zuenean, lurrean marraztutako zebra-bideari begiratu zion, lurrera beti, beste interesik ez balu bezala. Hiru eskola-ume ari ziren kontrako noranzkoan.
Beste espaloira heldu zenean, gora begiratu zuen. Zeharka egin zuen ordea, ez buelta osoa emanda. Etxe ataria hutsik zegoela iruditu zitzaion, atean ez zegoela inor, normala zela guztia, egunero bezala. Zalantzan jartzen hasi zen aurreneko aldiz zuzendariaren informazioa: izenekin nahastu zen baten bat beharbada... Zergatik egon behar zuen Irenek zerrendetan... Informazio okerra beharbada zuzendariari eman ziotena, zuzendariak ulertu zuena.
Atarian ez zuen inor ikusi beraz, baina luzaroago begiratu behar zuela iruditu zitzaion. Poltsan zerbait bilatzen ariko balitz bezala hasi zen. Gelditu egin zen espaloiko bazter batean, poltsan zerbait bilatzeko geldituko behar balu bezala, oinez jarraitu ezin izango balu bezala. Begirada txikiak egin zituen poltsatik atarira, bat, bi, lau. Gizon bi ikusi zituen orduan harago, informatika-denda baino apur bat lehenago, ataritik 4-5 metrora. Hormaren kontra sorbaldak eta gerria zegoen bat, zigarroa. Trajez iruditu zitzaion bestea. Ematen zuen ez zutela etxe atariarekin zerikusirik.
Gizon bat irten zen ataritik orduan, euren etxeko ataritik, ez trajez, baina ondo jantzita. Altua, sorbalda zabalekoa, ez zen etxekoa, seguru zekien Irenek. Beste biengana hurbildu zen berehala, hizketan hasi ziren, tabakoa atera zuen.
Behera begiratu zuen Irenek, itolarri apur bat, ulertu egin zuen, nola ez zuen ulertuko, hiru gizon, zain, atarian, etxe barruan ere bai, gehiago egon zitekeela pentsatu zuen. Aurrera jarraitu zuen poltsa erabat itxi barik, arnasa nahiko desorekatuta, Luis Alzaola, Sarria abizeneko bat, izen guztiak etorri zitzaizkion kolpera. Bankuko kutxazainera heldu zen, abiadura moteldu zuen, han ezin zuten ikusi.
Itxi egin zuen poltsa, euritakoa lurrera jausi zitzaion, oso astiro makurtu zen hartzera. Mugimendu guztiak egin behar zituen astiro orain, ez bazuen arnasa etetea nahi, unerik txarrenean, takikardia. Urte batzuk lehenagotik zekien tentsioarekin lotuta zegoela takikardia, mugimendu jakin batzuekin ere bai... Kontu handiz makurtu behar izaten zen esate baterako tentsioan zegoenetan: orain adibidez, unerik txarrenean, gelditu ezin zenean, etxetik urrundu behar zuenean...
Astiro makurtu eta astiro zutundu zen, euritakoa eskuan orain, kutxazainaren aurrean. Etxetik ahal zuena urrundu behar zuela erabaki zuen... Ibiltzen hasi zen, baina pauso batzuk aurrerago gelditu: gehiago jakin behar zuela iruditu zitzaion halako batean, ezin zuela etxea hain erraz abandonatu, berriro ikusi behar zuela, faltsua zen guztia beharbada: zerrendak, Luis Alzaola, atariko gizonak ere bai. Pentsatu zuen inguratu egingo zuela eraikin taldea eta goiko partetik begiratuko ziola euren etxeari, etxe atariari, Alangotik, aldatsaren goiko partetik, kalearen beste muturretik. Gizonak ere asmatu egin zituela iruditu zitzaion orain, edo gizonen esanahia, informatika-dendaren ondoan.
Mariandresena kaletik sartu zen, haize-kalea beti, ibiltzeko deserosoa, autoak beti pertsonak baino gehiago. Ez zuen kale osoan inor ikusi. Garajeari begiratu zion ezkerreko aldean, han hil zuten José María Lidón epailea 2001ean. Irudi hori etortzen zitzaion Ireneri handik pasatzen zenean: irudi laburra batzuetan, ia ezer ez. Jatetxe italiarrari begiratu zion segituan, askotan bazkaldu izan zuen han, Ibonekin batez ere, Ibonen gurasoekin behin, garajearen gainean, pasta, lau gazta mota, edateko ura.
Mariandresenatik irten eta Alangora hartu zuen, Alangobarri kalea beste muturretik ikusteko haraino behar zuen. Buruari ezin zion deskantsatzen utzi: zerrendak, kontrolak, zain zituenak. Bere izena zerrendetan egoteko arrazoi batzuk bururatzen hasi zitzaizkion... Beharbada hasieratik pentsatu zituen, baina orain ari zen pentsamendua egituratzen, motiboak, azalpen posible batzuk, baina irreala iruditzen zitzaion oraindik ere. Bururatzen zitzaizkion arrazoi guztiak ez ziren nahiko mota horretako zerrendetan egoteko, kontrolerako, etxean pertsona batzuk zain izateko, hainbeste baliabide, dirua, langileak, hain gutxi balio zuen bat kontrolatzeko. Horrela pentsatzen zuen, Irene Arriasek ez zuela hainbeste balio, apaltasuna ez zen faltsua, ez zuen zertan. Astiroago ibiltzen hasi zen Alangobarriko beste muturrera heltzeko metro gutxi falta zenean.
Espaloi horretan bertan hil zuten José Ramón Morán polizia urte batzuk lehenago; metro batzuk aurrerago, ABC egunkariaren arabera. Irenek zapaldu egin zuen, seguruenik, odol putzua egon zen espaloi zatia momenturen batean, gau hartan... Oso astiro ari zen ibiltzen orain: metro batzuk aurrerago ikusiko zuen euren etxeko ataria, lehen baino hurbilago, gizonak, trajeduna, zigarroak, aurpegiak ere bereizi ahal izango zituen beharbada, Sarria abizeneko bat.
José Ramón Moránek jo zion azken tiroa Eustakio Mendizabal Txikiari, horregatik hil zuten urte bi geroago, Algortan bertan, apirilean biak, eguna ere antzekoa. Hilabete batzuk geroago, metro batzuk beherago harrapatu zuen auto batek Ireneren amama, Marina Zabala. Irudi hori ere beti etortzen zitzaion burura Ireneri errepide hartatik pasatzen zenean, espaloi batetik bestera. José Ramón Moránena gutxiago gogoratzen zuen, inoiz. Odol putzuak askotan ikusten ziren orduan harlauzen marretan, erretenetan... Idatzi izan da oso ohituta zegoela jendea, harategien aurreko espaloietan bezala.
Kristalezko apal batzuk hallaren amaieran, halla eta jangela banatzeko. Apalen gainean figurak: opariak gehienak, Kubatik, India, Australia beharbada. Ez dira gustura begiratzeko modukoak, berdin dio Ireneri, ez dio berdin, han daude, hautsa kentzen die, ez beti. Argazkiak ere bai: Ibon, Irene, umea, marko desberdinak, adin desberdinak. Liburuak beheko apalean, etxeko beste apaletan sartzen ez direnak, handiegiak, nobela grafikoak batzuk, atlasa. Telefonotik saldu zizkioten batzuk Iboni, engainatuta. Telefonoa beti hartzen dute Irenek eta Ibonek, atea beti irekitzen dute. Sarraila berria jarri zuten urrian.
Pauso batzuk eman zituen Irenek espaloitik. Uste baino lehenago ikusi ahal izan zuen euren etxeko ataria, 4 zenbakia, Alangobarri. Ez zegoen gizonik orain, ez atarian, ez informatika-dendan, kaletik ere ez zebilen jenderik. Faltsutasun sentsazioa areagotu zion horrek: dena asmatu zuen, ez zegoen zerrendarik, Luis Alzaola, Sarria, fikzioa guztia.
Zalantza egin zuen orduan, atarira gehiago hurreratu ala ez... Berehala ulertu zuen inozoa zela, gizonak etxe barruan egongo zirela inon egotekotan, zergatik egon behar zuten kalean. Ez zekien zergatik ari zen etxeari begira, geldirik, espaloian: etxetik urrundu behar zuen. Baina etxeari apur bat gehiago begiratu nahi ziola erabaki zuen halako batean, ez zuen ulertzen zertarako.
Alde egitea pentsatzen hasi zenean, etxeko atea zabaldu zen indarrez. Lehengo gizon bera atera zen, jaka, sorbaldak, bufanda granatea, zapia ere izan zitekeen. Aurpegia nahiko ondo ikusi ahal izan zion Irenek, Sarria zela sinistu zuen.
Ireneren tentsioari beste tentsio kolpe bat gehitu zitzaion. Ez zuen mugimendu arinik egin nahi, nabarmenegia izango zen, jende gabe zegoelako kalea... Ikusi ahal izango zuen Sarriak, gizon hark, erraz, identifikatu egingo zuen. Astiro mugitu zen, zeharka begiratu zion gizonari.
Auto batera sartu zen Sarria orduan, atari aurrean. Ez zuen motorra piztu, ez zuen autoa abiatu. Irenek ez zuen ondo ikusten, baina iruditu zitzaion paperak hartzen ari zela, bolantearen aurreko partean zeudenak, hartu eta utzi. Arinago hasi zen Irene ibiltzen, gizonaren begiradatik kanpo nahi zuen. Iruditu zitzaion autotik atera zela Sarria eta etxean sartu. Ez zegoen seguru, ez zuen atzera gehiegi begiratu nahi. Gasolindegi parera heldu zen Irene, Basagoitira pasatu zen, semaforoa, zebra-bidea, autobus-geltokia.
Basagoitin behera birritan edo hirutan begiratu zuen atzera oraindik, baina iruditu zitzaion ez zuela inor atzetik. Ez zekien zer egin orain, nora joan, arin erabaki behar zuen. Leku itxi bat behar zuen, hormak, amaren etxea, ez zeukan besterik. Ez zuen lagunen etxeetara joan nahi, seme-alabak gehienek, ez zituen nahastu nahi. Ama nahastuta zegoen lehendik ere, ama zelako, Begoña Sasieta zelako. Amarekin egongo zen gaur, Iboni deitu, elkartu, gauzak egituratu. Begiratu beharko zuten nola zeuden telefonoak.
Basagoitin lau lagun ikusi zituen kontrako noranzkoan, baina ez zuen inor ezagutu. Bera baino gazteagoa zen mutil bat begira geratu zitzaion ordea. Arin ari zen mutila Basagoitin gora, baina ez ahal zuen bezain arin. Ikusten zen arinago joan zitekeela eta ez zuela nahi, ez zuela nabarmendu nahi. Ulertu zuela iruditu zitzaion Ireneri: mutilak ere ezin zuen etxera joan, ez zekien oso ondo zer egin behar zuen... Ez zioten elkarri ezer esan, ezin zioten elkarri ezer esan... Baina gogoeta horiek faltsuak iruditu zitzaizkion Ireneri segituan berriro ere, fikzioa, absurdoak: mutil hori ez zen inor, Irene Arrias inor ez zen bezala.
Amaren etxera joango zen badaezpada hala ere. Gaua amarekin, biharamunean etxera, Alangobarrira, lanera gero. Ahalegina egingo zuen biharamunean umearen bila joateko eskolen ostean, lan normalaren ostean. Ulertu zuen natural pentsa zezakeela oraindik, buruaren parte bat garbi zuela beharbada.
Tellagorri plazara heldu baino lehen sartu zen eskumatara. Errepidea pasatu zuen gero, aurrera egin Torrenen, amaren kalean. Merkatura heldu baino lehen begiratu zuen amaren etxeko atarira aurrenekoz, 60 metrora, 70era. Konturatu zen mugimendu handia zegoela amaren atarian, inoiz ez zuela hainbeste jende ikusi etxaurre hartan, are gutxiago ordu horretan, gau betea, abenduan.
Iruditu zitzaion, halako batean, baten bat ari zirela indarrez ateratzen etxe ataritik. Ezin izan zuen zehaztu emakumezkoa ala gizonezkoa, nor, auzoko bat, gaztea... Baina distantzia horretara, 60 metro, 70, ez zuen behar bezala ikusi agian... Edo txarto interpretatu zuen, beharbada, ikusten ari zena: ez ziren inor ateratzen ari, are gutxiago indarrez.
Geldirik egon zen Irene une batez, begira, ez aurrera ez atzera. Amaren etxe atarian zeudenen arteko hiru gizon bera zegoen lekurantz hasi ziren ibiltzen orduan, nahiko arin, seguru. Ondo jantzita zeudela iruditu zitzaion, bat izan ezik. Lehengo tentsioaren gainean beste tentsio kolpe bat sentitu zuen Irene Arriasek berriro ere.
Ez zekien bere bila zetozen, izan zitekeen. Iruditu zitzaion, ordea, zaila zela distantzia horretan inor identifikatzea. Apur bat aurrera egin eta Juan Bautista Zabala kalera zihoan tunelean sartu zen badaezpada. Sumatu zuen gizonak ez zirela tunelean bere atzetik sartu, baina ezin zuen ziur esan. Argi geratu zitzaion, guztiarekin ere, ezin zela amaren etxera joan.
Juan Bautista Zabala kalean bikote edadeko bat ikusi zuen, trajez gizona. Maleta txiki bat zeramaten, bakarra, txikiegia bientzat, gurpilen gainean arrastaka gizonak. Arinegi zihoazela iruditu zitzaion Ireneri, aurpegiak ere larrituta. Emakumea aurrera begira, oso zurrun lepoa. Neba-arrebak izan zitezkeela pentsatu zuen Irenek, espresioa bera.
Une batean gizonak maleta zorutik altxatu zuen eta airean hartu, gurpilak erabili gabe, zarata gehiegizkoa irudituko balitzaio bezala, hori pentsatu zuen Irenek. Martxa moteldu zien horrek, gizonak hirurogei urte ere izango zituelako, emakumeak apur bat gutxiago, lumak jakan, lepo inguruan, gutxi, ez nabarmenegi ere. Haiei arreta gehiegi eman gabe jarraitu zuen Irenek aurrerantz, ardoen biltegia egon zen espaloitik. Atzera begiratu zuen beste behin, badaezpada ere, neska gazte bat, liburuak eskuan.
Batzokia inguratu zuen Irenek, taberna itxita. Hori ere arraro egin zitzaion... Izan zitekeen atseden eguna, baina izan zitekeen Batzokikoek ere zerbait jakitea, dena jakitea, telefono dei bat hartu izana ordubete lehenago, Irenek bezala. Beste aukera asko ere bazegoen, bazitekeen hasieratik jakitea dena... Esaten izan da inportantea dela informazioa mugitzea, mugitu ahal izatea, edonork ezin duela normalean.
Taberna aurrealdean ez zegoen inor, bulego etxearen aurrean ez zegoen inor, baina bulegoen leihoetako batean argia ikusi zuen. Argiak aldaketak egiten zituen, baten bat ariko balitz bezala lanpara baten aurretik pasatzen, jende asko balego bezala lanpara aurrean, batzar bat esaterako.
Batzoki atzeko patio ondora heldu zen berehala, futbolerako erabiltzen zenera, saskibaloia, esku pilota, bankuak ere bazeuden, izkinetan. Irene Arriasek ordu asko egin zituen han txikitan, gaztetan, asteburuak. Dantza taldean ere egon zen, bi aste, hiru, ez zitzaion gustatu. Kanpalekuetara joan zen, udetan, Aste Santuan, Gabonetan. Aspaldi ez zen Batzokira sartu, ez tabernara, ez patiora, bulegoetan sekula ez zen egon... Oso urrun ikusten zuen orain, ia egunero pasatzen zen aurretik, 20 urte baino gehiago ziren sartu barik.
Gurasoak biak EAJkoak, hango mendi-taldera sartu zuten Irene, izekoak ere EAJkoak, osabak, lehengusu batzuk, ez guztiak, ez osaba guztiak ere. Umetan berdin zion Ireneri norekin joan kanpalekuetara, ez zion berdin. Hitz egin ere, politikaz hitz egiten zuen natural 10 urterekin Irenek, ume guztiek, lagunekin, familiakoekin... Ez da munduan leku asko izango, 10 urteko umeak politikaz hitz egiten, kalean, eskolan, etxean, baina uste baino gehiago beharbada, Palestina, Afganistan, Irlanda. Politikaz hitz egiten dute umeek hor, leku gehiagotan ere bai, leku askotan, hildakoez, presoez. Estatu Batuetan ez da gerrarik egon XIX. mendetik, jendea modu partikularrean hiltzen dute, baina Walt Disneyk berak ere 16 urterekin joan nahi izan zuen gerrara.
Francoren administrazioak eraikina lapurtu zion EAJri, urte batzuk geroago, gerra ostean. Eskola jarri zuten, Escuela Nacional. Baloreak ere mutur batetik bestera irakasten ziren urte batzuetan eta hurrengoetan: historia, hizkuntza, geografia. Atlasak ugertu egiten ziren hala ere, horitu, ez ziren horren erraz aldatzen. Irenek Batzokiko patioa inguratu zuen, saskibaloian egiteko saskien atzeko burdinak ikusi zituen.
Aurrera jarraitu zuen, baina atzera ere begiratu zuen lantzean behin. Kaleak bihurgunean zeraman ordea, eta ezin zuen garbi ikusi atzetik baten bat zetorkion. Arin ari zen, baina gehiegi nabarmendu gabe. Mojen ikastetxe parera heldu zenean, 20 bat urteko mutil bat ikusi zuen beste espaloitik korrika, supermerkatu berriaren ondotik. Hori ere ez zen normala, astegun arrunt batean, edan gabe, atzetik inor izan gabe. Saltoka ariko balitz bezala egiten zuen korrika gainera, moteldu ere egiten zuen abiadura noizik behin atzera begiratzeko, askozaz arinago joan zitekeen. Manifestazioetako korrika egiteko modua gogorarazi zion Ireneri. Aurpegian larritasun handirik ere ez, ardura bai. Aurrera jarraitu zuen Irenek, astiroago, ordurako bazekien atzetik ez zuela inor.
Pintura-dendara heldu zenean, baina, beste gizon bat ikusi zuen korrika aurreko kaletik, metro-geltokitik Kirikiño aldera. Metro batzuk atzerago emakume bat, korrika txikian... Bikotea izan zitekeen, elkarrekin joan zitezkeen. Normalean korrika ikusten ez diren pertsonak iruditu zitzaizkion, gizonak kilo batzuk sobera ere bai, baina emakumea baino arinago korrika hala ere. Ez zirudien atzetik inor zutenik. Iruditu zitzaion Ireneri guztia ari zela arrarotzen Algortan, Algortako zati hartan.
Bikotea ikusteak geldiarazi egin zuen Irene. Telletxe zen beharbada joateko lekurik txarrena, 70eko hamarkadan bezala, 80koan: han grisak, polizia nazionalak... Orain ere baten bat zegoen han, efektu bera eragiten zuena, Luis Alzaola, Sarria, Alzaolak bidalitakoak. Baina nor zen Luis Alzaola, noren aldekoa, orain indarrak lausoagoak zirela iruditzen zitzaion. Telletxerantz zihoan Irene eta joateko lekurik txarrena izan zitekeen...
Segundo gutxira, ordea, jende gehiago agertu zen Telletxetik, normal, aurpegi larriturik gabe: eskola-umeak, gazte bat, kirol-poltsa. Bikote bat ere bai, paseoan zirudiena, solasaldi naturala. Telletxetik zetozen guztiak, lasai asko. Horrezaz gainera, hiru-lau pertsona ikusi zituen Irenek Telletxera sartzen, metro-geltokira bidean, Sarrikobasotik, lasai horiek ere. Ez zuen ulertzen batzuen lasaitasuna eta besteen larritasuna, nahasian, zerbait ez zetorren bat.
Irenek erabaki zuen ikusi behar zuela zer zen Telletxen, zergatik ikusi zituen hiru lagun korrika, zergatik zetozen beste batzuk normal, lasai ere bai. Kantoira heldu zenean, astiroagotu egin zuen pausoa. Argi ikusi zuen bazter hartatik mugimendu handia zela metro-geltoki inguruan, 50 metro baino gehiagora. Ez zen normala, ordu horretan, asteguna. Izan zitekeen metro helduberri bat, baina ezetz iruditu zitzaion Ireneri. Metroak heltzen zirenean, berehala libratzen zen geltokia, norabide guztietara jendea, Torrene, Amezti, Villamonte, Sarrikobaso, Salsidu. Metro inguruan pertsona asko zegoen pilatuta orain ordea, ez zen normala, asteguna, iluna abenduan. Pertsona batzuk noizean behin aldentzen ziren jende multzotik, baina berehala itzultzen ziren, mugimendu urduriak denak. Irenek argi zuen ez zuela hurbildu behar.
Irene Arriasek ulertu zuen erdiko kaleetatik urrundu behar zuela, neguan eta astegunetan jende gutxi zebilen kaleetara joan behar zuela orain. Algortako beheko alderantz hasi zen.
Orduan ikusi zuen bere burua galduen. Ordura arte etxe inguruan ibili zen, amaren etxe inguruan... Beheko kaleetara sartzen bazen, urrundu egingo zen, imajinatu ere ezin zuen egin nora joan behar zuen, baina ez zen beste modurik, ez zuen Irenek beste modurik irudikatzen. Salsidutik jaitsiko zen, Fadura pentsatu zuen, ez zekien zergatik, ez zekien nola, baina jende gutxi ibiliko zen Faduratik ordu horretan, ia inor ez, horregatik hasi zen harantz.
Salsidun behera arinago mugitu zen, aldats beherak ere laguntzen zion, ez zen nabarmen geldituko normala baino abiadura handiagoa hartzen bazuen. Batzuek esaten zuten handik jaitsi zela Eustakio Mendizabal Txikia ere hil baino une batzuk lehenago. Beste bertsio bat ere bazegoen, beste leku batetik jaitsi zela... Irenek bertsio biak zituen buruan, baina Salsidukoa iruditzen zitzaion sinesgarriagoa, bidea luzeagoa izan arren, ilogikoagoa izan arren, Itsasondokoa zelako Eustakio Mendizabal, ETAko fronte militarreko arduraduna, ez zelako beharbada Algortan lehenago egon.
Villaondoeta kaletik hasi zen jaisten Irene, Salsidu bera baino aldats pikoagoa beharbada. Kale tristea Villaondoeta, ordu hartan, ordu guztietan, zabala izan arren, zuhaitzak eduki arren alde batean. Guztia zeukan kale egokia izateko, baina ez zen. Jendez ere kamutsa beti, hori interesatzen zitzaion orain Ireneri... Arinagotu egin zituen pausoak, luzatu, iruditu zitzaion ezin zuela inork ikusi, inor ez zela konturatuko, ia korrika bazihoan ere. Hiru aldiz begiratu zuen atzera, aldatsaren hasierara: ez zuen inor atzetik, hori pentsatu nahi zuen, baina begiradak ez ziren zehatzegiak ere. Komunera joateko beharraz ere ez zen ordura arte ohartu, erraz eutsi zion. Korrika hasteko gutxi falta zuen.
Aldatsaren erdia pasatu zuenean entzun zuen lehenengo eztanda. Geltokia baino apur bat gorago izan zela iruditu zitzaion, Alangon beharbada. Beste sasoi bateko eztandak gogoratu zituen, baziren urte batzuk bonbarik gabe. Berehala pentsatu zuen ez zela lehergailu bat izan, ezin zela, istripua beharbada, gasolindegia, kamioiren bat, gasa. Carrero Blancorena izan zenean ere, poliziak gauza bera pentsatu zuen, errepidea bera lehertu zelako, barruko hodiak, gasa pentsatu zuten lehenengo momentuetan, Irenek bezala orain. Atzera begiratu zuen, ez zuen ezer ere ikusi, ez zeukan inor jarraitzen. Eztandako lekuan ez zen ezer ere ikusten, kerik, argitasunik, aurrera jarraitu zuen.
Beste eztanda bi entzun ziren segundo batzuk geroago ordea. Nahiko handia bat, txikiagoa bestea, hurbilago, Sarrikobason izan zitekeen, beherago ere bai. Orain zalantzarik ez Irenek, apropos lehertu zituzten, ez zen gasa, gasolindegi bat, hori ematen zuen, gogorra lehenengoa, txikiagoa bestea, edo urrunagoa beharbada. Hiru lehergailu minutu batean, Algortan bertan. Ez zuen gogoratzen hiru eztanda hain denbora laburrean inoiz, bata bestearen atzetik. Egon ziren beharbada, Irenek entzun ez arren, ez zuen gogoratzen...
Argi zegoen, beraz, eztanda gehiago egon zitekeela, egongo zela, Irenerengandik hurbilago beharbada. Beste tentsio puntu bat gehitu zion horrek, aurretik zituen tentsioen gainean. Algorta lehertzen ari ziren orain, zaila zen jakitea nork, arrazoia. Zati batean ez zen eztanda gehiago entzun, korrika ari zela ohartu zen Irene.
Berehala heldu zen ikastola ondoko parkera. Irene umea zenean putzua eta sasia han, askozaz gehiago ez, intsektuak, sorangilak, zapaburuak uretatik atera eta hil egiten zituzten. Begiratu ere ez zion egin parkeari, aurrera jarraitu zuen, segundotan heldu zen Fadurarako tunelera. Handik hurbil, metro batzuetara, hil zuten Eustakio Mendizabal 42 urte lehenago, horregatik aldatu zioten izena lekuari 1980an, Txikia plaza. Berriro izen bera, berriro gertakari bera, 1973koa, Txikia hil zutenekoa. Minutu gutxi batzuk baino ez zituen egin Algortan Eustakio Mendizabalek, tren-geltokitik Fadurako errepideraino, tiroa, Basurtuko ospitalea, arrasto asko utzi zituen hala ere. Izen berria debekatzen ahalegindu zen Gobernu Zibila orduan, ordea, 1980an bertan. Espero zitekeen, terrorismoaren apologia, 1975a baino lehenago terrorismoa existitu izan balitz bezala, edo terrorismo bakarra egon izan balitz bezala, edo bi, hiru, lau terrorismoren artean bakarra debekatu behar balitz bezala. Ezin izan zuten aldatu, ez dago argi zergatik.
Fadurarantz jarraitu zuen Irene Arriasek handik. Ez zuen eztanda gehiago entzun, zarata berezirik ere ez. Gizon bat atera zen taberna batetik, zerbait galdetu nahi balu bezala. Irenek ez zion kasurik egin, aurrera jarraitu zuen.
Ez zebilen auto gehiegi ere errepide nagusitik, Fadurakotik, baina tunela erabiltzea erabaki zuen, errepide azpikoa. Beste tunel bat, bigarrena gaur, laburra, segundo gutxitan zegoen kanpoan. Futbol-zelaiko atera arteko espaloian ere ez zegoen inor, isiltasuna goiko kaleetan baino askozaz itxiagoa. Fadurako aparkalekura joatea erabaki zuen, auto gutxi egongo zen, pertsona gutxiago. Kiroldegiak ez dira gauez erabiltzen, hori pentsatu zuen. Atzera begiratzen jarraitu zuen hala ere.
Atzean ez zuen inor ikusi, baina burua jiratu zuenean, eztanda handi bat entzun zen gorago, Sarrin beharbada. Segituan beste bi edo hiru eztanda, Algorta erdian seguruena. Ordura arte Irenek ezagututakoa baino askozaz gehiago zen hori... Egundo ez zen jarraian hainbeste eztanda izan, seguru zegoen orain. Beste zerbait zen hori, handiagoa, ematen zuen Algorta lehertzen ari zirela. Ideia txiki hori pentsatzeko astia izan zuen ozta-ozta, beste leherketa batzuk entzun zituelako, lau baino gehiago. Zuhaitz baten ondoan gelditu zen, enborraren kontra eskumako sorbalda, alferrekoa zela ulertu zuen arte.
Posizio horretatik Algortako goiko partea behar zuen lekura begiratu zuen. Orain bai: kea, ke-zerrendak, leku bitan. Hirugarren batean ere ikusi uste izan zuen, baina ilunago, beltzago. Lau eztanda gehiago izan ziren gero, Irene zuhaitzaren ondoan zegoela. Bitan argitasuna ikusi zuen leherketaren une berean, kea gero. Kiroldegiko aparkalekurantz jarraitu zuen.
Igerilekutik atera berri zen andre bat ikusi zuen urrunetik. Arin zihoan, autora sartzera. Irene ikusi zuen.
¿Qué pasa? oihukatu zion Ireneri. Ez zen erantzunaren zain geratu. Irenek ere ez zuen erantzuteko asmorik, ez zekien, ez zuen hitz egin nahi. Autora sartu zuen andreak kirol-poltsa, Areeta bidera abiatu zen.
Aparkalekuan ez zegoen beste inor, baina autoak asko. Horrek esan nahi zuen edozein momentutan ager zitekeela baten bat. Irene Arriasek gutxien behar zuena zen hori, ez zuen inork ikustea nahi. Ez zekien nor ezagutzen zuen Luis Alzaolak, nor Sarriak... Erraza zen, dei bat: Faduran dago. Autoan hiru minututan hel zitekeen edonor Alangobarritik, bi minututan ere bai.
Fadurako atzeko partera joan behar zuela pentsatu zuen, autorik ez zen leku batera. Ibiltzen hasi zen, baina buelta hartu zuen une batean, Algortako goiko parteari begiratu nahi zion berriro. Ez zen eztandarik, baina sua ikusten zen orain garbi puntu batean. Casino ingurua zela kalkulatu zuen, beste tentsio puntu bat. Ez zuen imajinatzen zer ari ziren lehertzen, leku publikoak, etxe partikularrak, ama, Ibon, umea, nerbio-hariak erretzen zituela pentsatu zuen.
Aurrera jarraitu zuen aparkalekuaren paretik. Gobela gaineko zubira heltzeko zegoenean, aparkalekuaren amaieran, auto baten galga entzun zuen, aparkalekuaren beste puntan: soinu zorrotza, baten batek autoa biolentzia handiz gelditu izan balu bezala. Buelta hartu zuen, gehiegi pentsatu gabe, zaratei begiratzeko ohitura Irenek. Ez zen autoa, furgoneta luze bat; motorra eteten ari zen momentu hartan. Irene ez zen ohartu segundo batzuk lehenago ondotik pasatu zenean, baina haren antzeko beste hiru furgoneta zeuden aparkalekuan. Berdinak ere izan zitezkeen, horren urrunetik ez zituen ondo ikusten. Aparkalekuko txoko berean zeuden hirurak, laugarrena orain.
Hiru ate zabaldu zituzten, gidaria atera zen, gidariaren ondokoa. Atzeko partetik ere lau-bost lagun irten ziren. Gidariak ez baina beste guztiek zerbait zeramaten eskuan. Errepidea korrika pasatu zuten guztiek gero eta etxe artera sartu, Algortako goiko parterantz. Erritmo horretan, pentsatu zuen Irenek, lau minututan ziren Telletxen. Furgonetakoek ez zuten atzera begiratu, hori eskertu zien. Fadurako atzeko partean ez zen inor bizi, ordu horretan ezin zen inor ibili.
Zubiaren beste aldean zegoela, beste furgoneta bat ikusi zuen aparkalekura sartzen. Iruditu zitzaion aurrekoa baino astiroago zetorrela, baina furgoneta guztiak zeuden izkina berean aparkatu zuen. Ez zuen Irenek gehiago ikusi, Fadurako frontoien atzeko partetik sartu zen. Atsedena behar zuela iruditu zitzaion, ahalegin fisikoagatik baino gehiago tentsioagatik, tentsio geruzengatik. Petril txiki batean eseri zen, lurrean ia. Euritakoa askatu zuen: oihala bustita zegoen eskua eduki zuen lekuan. Ez zen euririk, zerua ere garbi.
Berriro ibiltzen hasi zenean, Berangora joan zitekeela pentsatu zuen, baina kontua zen ez zituela bideak zehatzegi ere ezagutzen. Ez zekien zer topatuko zuen Berangon gainera, beti izan da herri delikatua. Errugbi-zelaiaren parean zegoenean konturatu zen frontoien atzealdea zela lekurik onena beharbada, ilunena ere bai: jende gutxi, auto gutxi, argi gutxi. Gauerako behintzat, ikusiko zuen biharamunean, argia hasi baino lehenago betiere.
Frontoien atzeko partera heldu eta burdin hesia saltatu zuen, kiroldegi barrura sartu zen. Kanpoan jende gutxi bazebilen, barruan inor ez, ateak itxita harrezkero. Frontoietako hormatzarraren kontra jarri zen, zutabe baten ostean. Argi gutxi han, iruditu zitzaion landareekin nahasten zela bere arropa, ilunean, errepidetik pasatzen zirenek ere ezin zutela ikusi. Errepide txikia zen guztiarekin ere, estua, auto gutxi... Zalantza zuen aurpegiarekin, ordea: azalaren kolorea oso zuria, igarri ahal zion baten batek. Ilea zabaldu zuen masailetatik orduan, azkura egin zion, ile urdindu batzuk ikusi zituen. Hezetasuna sentitu zuen hanketan, poltsa gainean eseri zen.
Eztanda gehiago entzun zuen, sakabanatuagoak orain. Izan zitezkeen 20 minutu eztanda barik, isiltasuna arraroa, eztandak ere motelagoak. Ireneren tentsioak bueltak eman zizkion buruari, Ibon ekarri zuen burura, umea, ama. Hamarrak eta bost, eztanda gutxi, ia ezer ez. Tentsio-geruzak urtzen zituen, begiak itxi egin zitzaizkion, loaldi laburra, arin ireki zituen begiak.
Bizikleta bat pasatu zen errepidetik hamaikak laurden gutxiagotan. Atezuan jarri zen Irene mugitu barik... Handik ordu erdira zalantzan jarri zuen bizikleta ikusi izana ere, ezer ez zelako bestela mugitzen, eztandarik ere ez zen. Hankak besoekin babesten zituen, gonatik behera batez ere, hor hotza zorrotzen. Hankak apur bat epeltzen zituenean, loak hartzen zuen, loaldi laburrak betiere. Hotzak esnatzen zuen, zarata txikiek. Iruditzen zitzaion, bestetik, geruzetan pilatutako tentsioak kolpeak ematen zizkiola lantzean behin, eta horrek ere esnatzen zuela, dardara txiki batez, ilea masailetan zabalduta, ile urdindu batzuk, azkura.
III. Estartak. Sukarra. Odola
Ormazatik igo zen Irene Arrias. Ilun eguna oraindik, ez erabat, baina ez zuen behar bezala argitu. Tosu estartatik sartu zen berehala gero. Hara heldu nahi zuen, Tosura, inguruko estartetara, iruditu zitzaion inon baino jende gutxiago egongo zela estartetan. Fadurara agertuko zirela langileak, hori pentsatu zuen Irenek frontoiko atzeko partean zegoenean, kiroldegia egunero erabiltzen zutenak joango zirela, zortzietan, bederatzietan, ezin zuela han jarraitu. Ormazatik estartetara igo baino ordu erdi lehenago irten zen Faduratik beraz, salto egin zuen hesi gainetik, oso ilun oraindik, gona apur bat trabatu zitzaion metaletan.
Tosun ez zebilen inor noski, han egongo zen zain, ezkutatuta ahal bazen, sastraketan, hesien ostean beharbada, hori zen pentsatu zuena Faduran eserita, frontoien ondoan, esnatzen zenetan, tentsioak esnatzen zuenetan. Handik, estartetatik, entzun ahal izango zuen eztanda gehiago ote zen Algortan, ikusi ere ikusiko zuen zerbait. Estartetako etxeetan galdetzera ere ausartuko zen beharbada... Ez hasieran, ez lehenengo orduetan, baina arratsaldean beharbada, iluntzean, baserriren batean galdetuko zuen, txaletetan ez zen ausartzen. Algortatik urrunago zegoen estartetan Faduran baino, baina ez urrunegi ere: bezperako eztandak bazeuden, entzun egingo zituen.
Asun batzuen ondoan igo zuen gona, pantiak jaitsi, barruko arropak, makurtu egin zen, bigarren aldia zen bulegotik irten zenetik. Beste egoera batean sinetsi ere ez zuen egingo, hainbeste ordu, birritan bakarrik. Jan eta edan ere ez zuen ezer egin, horrek lagunduko zuen. Bestela ere ez zen Irene asko jan eta edatekoa... Sabelak abisuak eman zizkion gauean hala ere, goizean ere bai, Faduratik estartetara. Gainerakoan igarri ere ez zion egiten goseari, tentsioak gehiago ahal zuen oraindik beharbada.
Egoteko leku bat topatu behar zuela ulertzen zuen, horma baten ostean, hesi bat, zuhaitzak, inork ez ikusteko moduan, edo oso pertsona gutxik ikusteko moduan. Etxe erre bat ikusi zuen berehala Tosun bertan: teilatua jausita zati batean, baina zuela gutxi abandonatua seguruenik, pertsiana batzuk nahiko berriak. Ateak itxita zituela ikusi zuen, leiho batzuk apurtuta, baina oso txikiak pertsona bat sartzeko. Txoko bat zeukan ordea bazter batean, laneko gauzak gordetzeko seguruena: egurra, sokak, motorren bat, auto baterako lekurik ez, zutabe bat erdian. Zikin zegoen, galleta paketeak, patata frijituak. Ematen zuen umeak egoten zirela han, gazteak beharbada, etxea abandonatu eta gero, baina aspaldikoak plastikoak, lokaztuta, basatan. Apur bat barrurago koltxoi bat, txikia, oso pertsona txiki batentzat, oso zikina. Hurbiltzera ere ez zen ausartuko Irene beste egoera batean... Zapatarekin kolpe bat eman zion orain: bigunegia.
Zain egoteko leku ona iruditu zitzaion, baina arinegi topatu zuela pentsatu zuen Irenek, egongo zela leku hoberik beharbada, garbiagorik, altuagorik, Algorta zati bat ikusteko modukoa, eztandak berriro hasten baziren. Eztanda berriak non eta zelakoak ziren jakin nahi zuen, kea ote zegoen, sua, zein partetan... Etxe horretako txokoan ez zuen ezer ere ikusten, entzungo zuen arren, usaina ere gogorra.
Estartetatik jarraitu zuen, Martiturritik igo zen. Perunera heldu zenean, sorpresa ere hartu zuen: hango etxe gehienak berriak, edo berri itxurakoak, txaletak asko, zainduegiak. Iruditu zitzaion ez zitzaiola komeni inguru hori, ez zekien seguru zergatik. Bide osoan ez zuen gordeta egoteko lekurik topatu gainera, ez etxe errea baino hoberik.
Epelago zegoen eguna, guztiz argituta orain. Estartaren beste muturrean ate bat zabaldu zen orduan, garajekoa, apurka, bakarrik, autoa atera zen. Irenek buelta hartu zuen, aurpegia ez ikusteko moduan makurtu zuen burua, ileari masailetatik jausten utzi zion, jakako lepoa ahal bezain beste igo, behera egin zuen hurrengo estartatik.
Autoa oso hurbiletik pasatu zitzaion, ukitzeko moduan ere bai, baina Irenek kalkulatu zuen gidariak ezin izan zuela ikusi. Gidariaren ondokoak aurpegiaren zati bat ikusi ahal izan zion agian, gidariaren ondoan baten bat bazihoan, Irenek ez zekien. Ulertu zuen, ordea, ezin zela balantzaka ibili, baterik bestera, itzuli behar zuela etxe errera, hango txokora, hango usainera.
Garbiagoa iruditu zitzaion txokoa bigarrenez ikusi zuenean, usaina ez horren gogorra ere. Oinak non jartzen zituen oso kontuan hartuz sartu zen barrura. Horma baten kontra jarri zuen sorbalda eta besoaren parte bat gero, alboz. Atseden minimoa hartzeko modu bat, ez zuen gauza gehiegi ukitu nahi.
Minutuak, ia ordu osoa pasatu zenean, hankak tolestu eta makurtuta jarri zen, horma ez zen beste ezer ukitu barik. Inguruari begiratu zion baina batez ere lurrari, oin azpian zuenari. Harri zapal bat hartu eta inguruko zorua garbitzeko ahalegina egin zuen. Ordu bi baino apur bat gutxiago egin zuen behera begira, zoruari. Ia etxeko egin zitzaion azkenean, urteak balira bezala ezagutu zuenetik, konfiantza hartu zion. Eguerdi partean jesarri ere egin zen, hotz zegoenik ere ez zitzaion iruditu. Ez zen eztanda gehiago entzun.
Alangobarriko etxean halla pasatu eta egongela, hormarik gabea, aterik gabea, zabala. Bitan banatuta, jangela alde batean, erabiltzen ez dena, egon behar ez zuena beharbada. Mahaia erdian jangelak, traba egiten duena alde batetik bestera pasatzeko, balkoira joateko. Mahai gainean aldizkariak, gutunak, gutun-azalak, publizitatea, usb bat, giltzak, irakurri gabeko liburuak, irakurriko ez direnak beharbada, Moroak gara behelainopean?, Varujan Vosganian, El tío Anghel, zapiak, medikuen informeak, erradiografiak.
Iluntzera arte egon zen Irene Arrias etxe errean, antzeko jarreran, hormaren kontra, jesarrita, alde batera begira, bestera, ordu asko, ez zuen eztandarik entzun. Sabeleko likidoek kolpeak eman zizkioten, goizeko erdiko partean, eguerdian, arratsaldeko minutu jakin batzuetan. Eztanda bat izan zitekeen zarata entzun uste izan zuen bazkalondoko orduetan, baina beste zerbait izan zela erabaki zuen azkenean, itsaso aldetik beharbada. Lotan ere gelditu zen birritan, hirutan, hotza gorabehera. Haizetik gordetzen zuten hormek, atzeko partean zuloa egon arren. Haize ukitu txikiak sentitzen zituen, kanpoan gogor.
Iluntzean jarri zen zutunik, belaunak gogortuta, gerria, hotza. Salto batzuk egin zituen, kolpeak eman zizkion bere buruari, izterretan, besoetan, sorbaldetan, mugimendu arin batzuk egin zituen lurreko zikinkeriak zapalduz. Irten behar zuela erabaki zuen, baten bati galdetu, zer izan zen aurreko egunekoa, zer zen orain, nortzuk, zergatik. Ondo pentsatu behar zuen nori galdetu, ezagutu zezakeen baten batek. Iruditzen zitzaion etxe zaharretara joan behar zuela, ez zekien ondoegi zergatik. Haizetara irten zen.
Estartetatik gora hasi zen, behera ezin zuen, trenbideak mozten zituen bideak. Ez zebilen inor, argia ere uste baino gutxiago. Bazter batera hurbildu zen hustera berriro. Harrigarri egiten zitzaion, ezer jan eta edan gabe... Makurtu egin zen, ez zuen gehiegi ezkutatu behar, iluna, sasi txiki batzuk. Gona behar den moduan jartzen ari zela, gerrian apur bat bilduta zuenean oraindik, emakume batek hitz egin zion, atzean:
— Zer behar duzu?
Ilunetik atera zen andrea. Orain aurpegiaren zati bat bereizi ahal zion Irenek, bular aurrean gurutzatuta besoak, begiak ere ilun, ahoa oso itxita. Gaztelaniaz esan zion, Qué necesitas, baina hitzak ebakitzeko moduagatik euskaraz jakin zezakeela iruditu zitzaion Ireneri, edo oso urrunekoa zela bestela. Ideia hori jende askorekin izan zuen askotan, adineko andreekin batez ere.
Hainbat ordutan beratutako tentsioak bueltatu zitzaizkion Ireneri orduan, segundo batean, lotsa ere bai, makurtuta egon zelako une batzuk lehenago, biluzik gerritik behera. Andreak mugimendu guztiak ikusi zizkion, ez zuen zalantzarik, beste norbaitek ere bai beharbada. Ez zekien zer erantzun behar zion, nola, baina gaztelaniaz jarraitu zuen badaezpada ere.
— No, gracias. Perdón.
Etenik gabe esan zituen hitz guztiak. Andreak ez zion konfiantzarik ematen, ez zion eman nahi ere. Haren etxeko atetik hurbilago zegoen Irenerengandik baino, besoak bularren aurrean gurutzatuta, oso estu, ahoa ere estu, begiak erdi itxita, iluna arren. Hala ere, Irenek galdetzea erabaki zuen... Ikusi egin zuen andreak harrezkero, identifikatu egin zuen identifikatu behar bazuen, galtzeko gutxi beraz. Una cosa, esan zion Irenek. ¿Qué fue lo de ayer?
Andreak begiak apur bat zabaldu zituen, ez gehiegi ere, galderak eskandalizatu izan balu bezala. Atzerantz begiratu zuen, etxeko aterantz, hitz egiteko besteren baten baimena behar zuela iruditu zitzaion Ireneri. Ezer ere ez zekiela esan zuen halako batean, horretaz ez zekiela ezer ere, No sé nada, yo, de eso no sé nada. Esku bat askatu eta lepoko gurutzea erabili zuen atzamar artean. Erdizka eman zuen buelta gero, etxera sartzeko keinua, ematen zuen hizketa amaitu nahi zuela baina ez zegoela guztiz ziur. Irenek ulertu zuen zalantza hori aprobetxatu behar zuela.
— ¿Algo de comer tiene?
Andreak berriro egin zuen zalantza... Ondo jantzita Irene, garesti ere bai, poltsa, euritakoa, guztiari begiratu zion. Igartzen zen ez zela hura guztia andrearen parametroetan sartzen, ahoa ere apur bat zabalik zuen orain.
Etxeko atea ireki zen orduan, argi apur bat, goibela. Gizon bat irten zen handik, andrearen adinekoa, zaharragoa beharbada, bizarra txarto eginda, zatika, alkondara kanpotik. Ogi zati luze bat zekarren, zabala ere bai, botila bat ur eskumako eskuan, erdia baino gehiago beteta, etiketarik gabe, zaharra, mailatua. Andreari eman zizkion gauza biak gizonak, Ireneri emateko. Atzera sartu zen etxera, ez zuen atea itxi.
Irenek ura edan zuen andrearen aurrean, ez gehiegi ere, hotz zegoen, botila bueltatu nahi izan zion gero. Andreak ezetz esan zion buruaz, Zuretzako, Para ti. Euskaraz lehenengo, gaztelaniaz gero, Irenek ulertu izan ez balio bezala. Arraro egin zitzaion Ireneri aldaketa hori, ez zuen susmatzen zein azalpen izan zezakeen. Andreak buelta hartu, etxean sartu eta atea itxi zuen. Barruko kisketari eragin zion gero, Irenek argi entzun zuen.
Gaua hobeto pasatu zuen, lo ere gehiago. Askotan esnatu zen, hori bai, askotan jarri zen atezuan. Sabela egokiago zuen, ogiarekin gutxika ari zelako. Bestelako zaratak sentitu zituen tripetan, baina aurreko egunekoak baino erosoagoak... Guztiarekin ere, nekatuago jaiki zen biharamunean. Tentsioa, pentsatu zuen, bigunago gorputza ere. Kolpeak eman zizkion bere buruari berriro.
Erabaki zuen ez zela egun osoan aterako. Iluntzera arte, pentsatu zuen, jende gutxiago zebilen arte. Jakin behar zuen zer zen aurreko eguneko guztia, naturalago galdetu behar zuen. Oso luze egin zitzaion eguna, ordea, makurtu, zutundu, apur bat ibili, lau metro.
Iluntzearen lehenengo minutuak sumatu zituenean, irteteko prestatzen hasi zen, zutunik, atetik hurbil. Luze iritzita ordurako, bigarren eguna estartetan. Uste baino argi handiagoa zegoen kanpoan ordea, ordu erdi gehiago itxaron behar izan zuen beraz, guztiz ilundu arte. Besoak atzera mugitu zituen, errotazioak sorbaldetan, kirola egiten zuenean agintzen zieten bezala.
Aurreko hormak eta estartako bidea ilunarekin lausotzen hasi zirenean, arnasa hartu zuen Irenek, laster irtengo zen. Ondo pentsatuta zeukan ordurako nola galdetu, nondik bilatuko zuen jendea, etxeren baten atean ere joko zuen beharbada. Baina eztanda handi bat entzun orduan, gutxien espero zuenean, handik minutu batera beste bi, Algorta partetik. Guztia aldatu zuen horrek... Ez zen irtengo, makurtu egin zen, zutabearen atzean, zikinkeria lurrean, inon baino gehiago, berdin zion. Hogei minutu baino luzeago eztandak. Ogia gau horretan bertan amaitu zuen.
Hirugarren egunean aurrekoetan baino hotz handiagorekin esnatu zen Irene. Ariketa fisiko batzuk egin zituen, korrikaldi baten simulakroa ere egitea lortu zuen. Segituan hartu zuen tenperatura gutxienekoa.
Goizean ez zen eztandarik egon, eguerdian ere ez... Iluntzean ere ez bazegoen, irten egingo zen. Sabela berriro ere halamoduz, apur bat nahastuta, amaitu egin zuen geratzen zitzaion ura. Iruditzen zitzaion landareetarako erabiltzen zutela botila hura, ez edateko, plastiko zapore apur bat ere bai.
Hotza eta haizea gorabehera, estartetan zegoenetik ez zuen euririk egin, eskertu behar zuen hori, ez zekien teilatuak eutsiko zion. Ez zeukan urik orain ordea; euria eginez gero, hartu ahal izango zuen... Gorde egin zuen botila.
Iluntzean ez zen eztandarik egon. Bederatziak arte itxaron zuen Irenek, irten egin zen, gorantz egin zuen. Martiturritik hasi zen, Uri estartan egin zuen apur bat aurrera, baina buelta eman zuen Perunetik sartzeko. Iturrikane ikusi zuen, ez zen sartu, aurrera jarraitu zuen. Momenturen batean ez zekien ondo zein estartatan zegoen...
Etxe bateko atzeko mandan txakurren batentzako lekua ikusi zuen orduan, bueltan txakurrik ez ordea. Platerean jatekoa zegoen, ore zuri bat, arroza beharbada, purea, ez zuen uste, okela zatiak tartean agian.
Bazter batean makurtu zen Irene. Ikusi nahi zuen pertsonarik agertzen zen, txakurra atzetik aurrera zebilen... Leihoetan ez zegoen argirik, baina ordu laurden baino gehiago egon zen begira badaezpada ere, makurtuta, ostenduta. Ez zuen ezer ere ikusi.
Berarengandik bost metrora zegoen hosto handi bat hartu zuen. Hesia ere ez zen altuegia, gona ia gerriraino altxatuta saltatu zuen, txakurraren platereraino joan zen. Eskuaz hartu zuen arroza, okela zatiren bat, oso txikiak, ilarrak. Hostoan bildu zuen guztia, hotz, likatuta ere bai. Etxetik uste baino arinago irten zen.
Estartatik ibiltzen hasi zenean, bi pertsona ikusi zituen, urrunetik, gizonezkoak biak, trajez iruditu zitzaion. Pentsatu zuen ez zela komeni haiei galdetzea, ez zekien zergatik. Trajea, jaka luzea, keinuak egiteko modua, ez zien oihukatu nahi, orrazkera, ibiltzeko modua bera ere. Tosuko etxera itzuli zen Irene beste bide batetik.
Txakurrari hartutakoa jan zuen belauniko. Hasieran gogorra egin zitzaion, hotza, zaporea. Bost zati ahoratu zituenerako natural jaten jarraitu zuen. Apur bat gorde zuen biharamunerako, goizerako, eguerdirako, harri baten ostean.
Lehenengo loak oso arin harrapatu zuen, hamaikak ere ez ziren izango. Askotan esnatu zen, askotan lokartu, lehen ametsak ez zituen gogoratu. Esango luke txakurrak ikusi zituela ametsetan, ez zegoen ziur. Ez zitzaizkion txakurrak bereziki gustatzen.
Laugarren egunean apur bat alditxartuta jaiki zen lurretik, sabela nahastuta. Txakurrarena, pentsatu zuen. Iruditu zitzaion ez zuela txakurraren jatekoa hartu behar izan, irentsi behar izan. Giharrak ere bigunduta zituen, hori ere sabelarena izan zitekeela pentsatu zuen, mina gerrian, beste juntura batzuetan. Laugarren eguna etxera joan barik, laugarren gaua, hotza, atsedena ere behar modukoa ere ez, jatekoa. Zutundu zenean, apur bat zorabiatu zen, berriro jarri zen belauniko. Mugimendu jakin batzuk egiten zituenean, areagotu egiten zitzaion botagura... Asko makurtu behar izan zuen eusteko, bularra belaunak ukitzen ia. Ordubete baino gehiago egin zuen horrela.
Berriro zutundu zenean, zorabioa txikiagoa izan zen lehenengo segundoetan, baina begi aurrean zuritasun bat nabaritu zuen ibiltzen hasi zenean. Atzera makurtu behar izan zuen bazter batean. Hirugarren aldiz zutuntzeko asko pentsatu zuen, beldurra ematen zion, beldurra hartu zion zorabioari, han, bakarrik, Tosuko etxean. Ahoan zapore arraroa, txakurraren jatekoarekin zerikusirik ez zuena.
Eguerdia baino minutu batzuk lehenago hasi zen apur bat hobeto sentitzen. Gorputza arteztu eta goragalea ez zen horren argia. Mugimendu absurdo batzuk egin zituen gero gorputzaldia neurtzeko... Nahasita zuen sabela, baina ez gehiegi ere, ez botatzeko moduan. Zutunik jarri behar zuela iruditu zitzaion. Zutunik arraro zegoen, baina ez zen zorabiorik behintzat. Hango barruko giroa izan zitekeela ulertu zuen, horregatik sentitzen zuela burua arraro, egurastu behar zuela, haizetara irten, etxe ondoan beharbada, urrunegi joan gabe. Kanpora egin zuen.
Kanpoan pauso batzuk egin zituen gora eta behera. Alditxartuta zegoen baina barruan baino normalago, argiagatik beharbada. Bihotza azkarrago sentitu zuen une batean hala ere... Urduri jarri zuen horrek, zorabioa hasi zitzaion berriro... Etxearen kanpoko horman jarri zuen besoa, burua besoaren kontra, begiak itxita, makurtu egin zen, minutu batzuk egin zituen horrela. Ahots bat entzun zuen atzean orduan, estartatik.
— ¿Estás bien, señe?
Tentsio arraro bat eragin zion horrek, arin altxatu zuen burua, begiak ireki, atzera begiratu. Adineko andre bat, atzerago beste emakume edadetuago bat. Bertako etxeetan bizi zitezkeen, paseoan ibiliko ziren bestela, seguruena, arropa ere horretarako... Aurpegi txarra zuela esan zioten Ireneri, zerbait behar ote zuen.
Aurrerago zegoena Irenerengana hurbildu zen gehiago, baina ez zen ukitzera heldu. Bestea mugitu ere ez zen egin. Irenek ezetz esaten zuen buruarekin behin eta berriro, ez zuela ezer behar. «Ez» esatea ere lortu zuen, oso ahots finez. Ez zuen gehiagorako indarrik, ezin zien ezer esan, ezer azaldu. Beldur guztiak joan zitzaizkion ordea, emakumeen itxura ere, aurpegiak, betaurrekoak, baina handik aldentzea nahi zuen orain, botagura.
Betaurrekoak mugitu zituen begien aurrean andreak, hobeto begiratu behar izan balu bezala, Irenerengan gauza berriren bat ikusi izan balu bezala. Atzera begiratu zuen gero. Gaztelaniaz jarraitu zuen Irenerekin:
— Sasieta zara zu... Ez zara? Ez da Sasieta hau, ala? —beste andreari esan zion—. Ama Sasieta... Noren alaba zara zu? Miren, Iciar, Begoñarena? Begoñarena behar duzu zuk... Edadeagatik. Begoñarena, ezta, Carmen? —atzera begiratu zuen—. Zer daukazu, señe? Nahi duzu baten bati deitzea?
Irenek ezetz esan zien ahal izan zuen moduan. Ezin zuen gehiegi ere hitz egin, ez zuen hitz egin nahi. Aitzakiak jarri zituen, hobeto zegoela, ia ondo, ia guztiz ondo. Pauso batzuk eman zituen kontrako noranzkoan, joan behar zuela, berandu helduko zela, norabaitera joan behar balu bezala. Emakumeek aurpegi arraroekin agurtu zuten, ematen zuen ez zutela sinistu, berdin zion Ireneri, ez zion berdin. Emakumeen begiradatik kanpo zegoen lehenengo lekuan makurtu zen, botagura inoizko modu gogorrenean berritu zitzaiolako. Korrokada txiki batean arroz zati batzuk ahoratu zitzaizkion. Ondo eutsi zion.
Minutu batzuk egin zituen horrela. Emakumeak urrun zeudela kalkulatu zuenean, etxera itzuli zen Irene, txokora, makurtzera. Tanta txiki batzuk sentitu zituen, zerutik, iruditu zitzaion ez zuela asko botako. Azala berotuta zuela ulertu zuen.
Etxe barruan jesarrita hobeto sentitzen hasi zen, ordu txarrak pasatu arren. Sabelak bakea eman zion azkenean. Birritan zutundu zen, zorabio minimorik ere ez. Ezinegon beroa zuen hala ere, masailak, lokiak, iruditzen zitzaion sukarra izan zitekeela.
Ordu asko izan zituen pentsatzeko: goragalea, zorabioak, andreak. Ama ezagutzen zuten, ez gehiegi ere... Zalantza egin zuten noren alaba zen Irene, baina ematen zuen familia ezagutzen zutela. Poztu zuen horrek Irene alde batera, ia bost egun eta gero, lasaitu egin zuen, pertsona ezagunak... Une batean, baina, beste muturrera aldatu ziren Ireneren pentsatzeko moduak. Ulertu zuen emakume haiek ezagutu egin zutela, identifikatu, bazekitela non zegoen, zer behar duzu, señe. Jende gehiagok jakingo zuen non zegoen Irene Arrias, arratsalde hartan bertan, biharamunean. Iruditu zitzaion, beraz, ezin izango zuela askozaz denbora gehiago egin han, beste leku bat bilatu beharko zuela, estartetan bertan beharbada, baina urrun.
Estartetatik kanpora ez zekien oso ondo nora joan zitekeen, nola egongo ziren ondoko herriak, Berango, Urduliz. Ez zuen urrunegi ere joan nahi hala ere, Ibon, umea, ama ere bai, askotan erabiltzen zituen buruan. Etxetik joateko prestatzen hasi zen halako batean.
Iluntzerako zerbait falta zen oraindik, baina ilun eguna ordurako. Izan ere, zaparrada itxia bota zuen ordubete lehenago... Teilatuak itogin lauso batzuk zituela ikusi zuen Irenek, erabiltzen ez zituen lekuetan ordea, zorte hori izan zuen. Hasieran ez, baina zaparradaren zarata handitu zenean ohartu zen: botila, ura behar zuen. Kanpora atera zuen botila, horma baten kontra jarri, eusteko harri bat hurbildu zion. Nahiko bete zen, apurka edaten hasi zen Irene.
Gora egin zuen iluntzean estartetatik beste behin, baina aurrekoetan baino urrunago joan nahi zuen, joan behar zuen. Martiturri, Perune, Zientoetxera heldu zen. Hondartzarako errepidea han, auto asko, gehiegi, ez zitzaion komeni. Halako batean futbol-zelaia gogoratu zuen Irenek, errepide hartan bertan, apur bat aurrerago sartuz gero, estarta batetik, Murutik uste zuen. Inoiz egon zen, aspaldi, urteak, lehengusuen partiduetan... Zelaiak txoko asko zituela gogoratzen zuen, aldagelak, entrenamendurako beste zelai bat, zuhaitzak ere bai beharbada, hori ez zuen hain argi gogoratzen. Faduran pasatu zuen gaua ere gogoratu zuen, kiroldegian. Futbol-zelaira erabaki zuen beraz... Euria hasi zuen berriro apurka orduan. Euritakoa zabaldu zuen Irenek, baina eskuetara jausten zitzaizkion tantek azala mintzen ziotela ohartu zen.
Berehala heldu zen futbol-zelaira, uste zuena baino hobeto gogoratzen zuen. Atea itxita zegoen, baina zailegia ere ez barrura sartzea, nahiko ilunduta ordurako. Urratu bat egin zuen pantietan, harritu zen nola ez zuen ordura arte egin. Sumatu zuen azalean ere zauria egin zuela, izterrean, ez zirudien odolik zuenik. Joko-zelairaino joatea ala ez zalantza egin zuen.
Bidetik ondo eutsi zion, baina zelaira heldu zenean hasi zen sukarra argiago sentitzen... Ez zitzaion iruditzen altuegia ere zenik, 37 gradu, 37 eta erdi, baina argi zuen sukarra zela. Gorputza bigunago sentitzen hasi zen orduan.
Etxe zahar bat erabiltzen zen aldageletarako, txarto zaindua, pintura, teilak. Ateak itxita zeuden noski, baina atarian ezkaratza zeukan, ez zen euria sartzen, sabai txiki bat, nahikoa Irenerentzat. Petril baten ostean eseri zen, uste baino babestuago: haizeak ukitu ere ez zuen egiten.
Sabeleko nahasiak eta sukarrak gosea kendu zioten. Ur apur bat edaten zuen lantzean behin, aho-zapore ugerra zeukan. Iruditu zitzaion ezin izango zuela han denbora larregi egin, entrenamenduak egongo zirela, jendea sartuko zela, baina pentsatu behar zuen nora joan zitekeen estartetatik irten behar bazuen... Sukarra aho-sabaian igartzen zuen beste inon baino gehiago.
Estartetatik kanpora joateko leku asko pentsatu zituen, Urduliz ez zuen txarto ikusten, Unbe ere bai, Butroe. Hara heldu behar zuen ordea, eta ez zituen ondo ezagutzen lekuak, bideak, erdizka dena... Ez zituen ezagutzen, noski, estartak bezala, Algorta bezala... Dena dela, hobeto egon behar zuen edonora joateko, sukarrik gabe behintzat. Junturetan min sikuak sentitzen zituen batzuetan, ez beti; jasanezinak oso gutxitan, segundo gutxikoak.
Beste leku batzuk ere pentsatu zituen, Getxo barrukoak ere bai, Azkorri, Arrigunaga. Malakateak ere gogoratu zituen Irenek, tunelak, Ollarretxen hasten zirenak, Bilboko ur zikinak eramateko erabili zirenak, urak itsasora eramateko erabili zirenak aurreko mendean, zati batean. Bilbotik Algortarako hodiak beraz, itsasorainokoak, pertsonak zutunik sartzeko modukoak. Ate handi batzuk zituzten, behar baino askozaz handiagoak, malakateak, tunelak konpontzera sartu behar zenerako... Baina itxita zeuden noski, urteak, urak ez ziren handik eramaten itsasora orain, ez ziren ezertarako erabiltzen, inor ez zen sartzen. Irenek ez zekien hara sartzeko modurik izango zuen, sarraila apurtzeko erraza izango zen, atea, inoiz ez zion begiratu, baina estartetatik hurbil zegoen malakateetako bat... Horrezaz aparte, Algorta erdian ere gordetzeko lekuren bat ez ote zen egongo pentsatzen hasi zen Irene... Lotan geratu zen.
Horrela pasatu zuen egun osoa, erdi lo, erdi itzarrik, ur apur bat, sukarra, aho-sabaia, berriro lo. Ohitura zeukan ordurako hankak jaka azpian sartzeko, zabala jaka, beroa, eskertu egin zion bere buruari. Alkandorari kendutako oihal zati batez kentzen zituen mukiak, begietako likidoak ere bai.
Zarata batzuek esnatu zuten iluntzean, gau betea ere izan zitekeen. Ez zion erlojuari begiratu, ez zuen eskuen posizioa aldatu nahi, ez zuen mugitzeko gogorik. Estartak oso isilak izaten ziren gauez, egunez ere bai... Ematen zuen korrika ari zirela batzuk, oso urrun ere ez, pertsona bat baino gehiago, oihuak, zarata gogorrago bat, ez eztanda ere, baina larria, arina. Hitz batzuk ulertzeko ahalegina egin zuen Irenek, ezin izan zuen, ahots desberdinak, larrituagoak, haserreago, apalagoak, estuak guztiak. Tentsio lauso bat eragin zion horrek guztiak. Une batez barrundatu zuten estartetaraino heldu zirela, laster sartuko zirela futbol-zelaira. Erraz aurkituko zuten Irene, baina sukarrak ez zion tentsioari indartzen uzten, giharrak ere bigun. Lokartu egin zen berriro.
Egunak egin zituen Irenek futbol-zelaian, ezer jan gabe, ura, zarata gehiago entzun zituen estartetan, oihuak, egunez ere bai. Hitz batzuk identifikatu zituen, orain ez zuen zalantzarik. Estartetara heldu ziren, baina Irenek ez zeukan indarrik handik irteteko, han itxarongo zien, zelaiari begira, aldageletan, petrilaren ondoan, sukarra, giharrak, lo eta edan, leherketak lantzean behin, Alangobarriko korridorean koadroak, Holandan erositakoak, kopiak, markoak ere merkeak, Ibon eta umea korrika korridoretik, oihuka umea. Ibonen zazpi pauso korridoreak, umearen hamaika, barreka umea. Ezkerretara gurasoen logela, gutxien erabiltzen zena etxean, lo egiteko, garbiena. Umeak ez zuen gurasoen ohean lo egin nahi, ez zuen goizetan hara sartu nahi, arraroa hori ere, kontrakoa entzun izan da beti, ume guztiek nahi izaten dutela. Gaixorik zegoenean soilik, orduan bai, eskuak hotz, eskuak beroegi, sukar desberdinak, aurpegia amaren ahoari itsatsita, aitarenari, usain desberdinak, desatseginak guztiak, musker ohea.
Ez zekien Irenek zenbat ordu egin zituen futbol-zelaian, zenbat egun, baina begiak zabaldu eta apur bat hobeto zegoela iruditu zitzaion. Ez zuen min zikin hori sentitu betazaletan, edo askozaz txikiagoa. Alde batera mugitu zen, belauniko jarri, zutunik zegoen gutxira. Etxetik bereiztu zen, uste baino arinago gorputza, junturak, ez betiko moduan baina solbentzia halako batez. Pauso batzuk eman zituen, zorabiorik ez, burua apur bat lausotuta hala ere.
Joko-zelaitik zazpi bat metrora zegoenean, gizon bat ikusi zuen belarretan, zelai erdian gutxi gorabehera. Ez zen klubeko langilea, hasieratik ulertu zuen Irenek: janzkera ere arraroa, futbol-zelai batean. Behera begira zegoen, zerbaiten bila, eta ez zuen Irene ikusi. Beste gizon bat ere bazegoen, geroago ohartu zen, zelaiaren beste aldean, kontrako kornerraren inguruan. Ondo jantzita, bufanda, zapia balitz bezala jarrita, behera begira hura ere.
Gehiegi nabarmendu nahi gabe, aterantz egin zuen Irenek, etxeko hormen ondotik, hormak ukitzen ia, mugimendu arinik egin gabe, gizonei begira betiere. Argi zuen orain alde egin behar zuela, topatu zutela lekua, gehiago etorriko zirela.
Atea zabalik zegoen, indarrean irekita itxura batean. Estartetara irten zenean igarri zuen hankak bigun zituela, ahalegin itzelik ere ezin zuela egin. Ahotsak entzun zituen, korrikaldiak, kolpeak... Iruditu zitzaion gero eta hurbilago zituela... Malakateena probatu behar zuela ulertu zuen orduan, tuneletan sartu, han pentsatuko zuen zer gero, nora.
Uriko estartatik sartu zenean, atzera apur bat begiratu eta Perunetik baten bat korrika zetorrela iruditu zitzaion, zarataka, baina ez zegoen seguru ere. Ahal izan zuen bezain arin egin zuen, uste baino lehenago heldu zen malakatera. Bultzada eman zion ateari, kolpe bat, ez oso gogorra, atearen zati bat jausi zen barrurantz: 30 zentimetro koadroko lauki bat, ate osoa laukiz eginda egongo balitz bezala... Handik bultzatu eta erraz zabaldu zen atea. Harrigarri egin zitzaion lehenago inork ireki ez izana, horren erraz, umeek, gazteek. Barrura sartu zen.
Ilun zegoen barruan, irregularra zorua, gauza zurrunak zapaldu zituen, bigunak ere bai. Atetik urrundu behar zuela iruditu zitzaion, barrurago sartu behar zuela. Zenbat eta barrurago sartu, ordea, hobeto ikusten zuela konturatu zen, kontrakoa behar zuela ematen zuen arren. Bidea erraz ibil zezakeen, ez zuen ulertzen nondik sartzen zen argia...
Kolpe bat hartu zuen Irenek aldakan orduan, bere ondotik zerbait pasatu izan balitz bezala. Gehiegi ibiltzen ari zela iruditu zitzaion halako batean eta gelditzea erabaki zuen, argi gutxien zegoen bazter batean. Gurutzatu egin zituen besoak bular aurrean.
Minutu batzuk egin zituen horrela, baina zaratak entzun zituen etorritako bidetik berriro, urratsak, ahotsen bat ere entzun uste izan zuen. Atzetik iruditu zitzaizkion mugimendu guztiak, eta argi ulertu zuen aurrera egin behar zuela, lehen baino arinago beharbada. Konfiantza hartu zuen, gehiegi agian, estropezu egin, aurreraka jausi zen, eskuak jarri behar izan zituen zoruan. Ezkerreko eskuan min arraroa hartu zuen, kezkatu ere egin zen, hango ugerra... Ez zekien odola egin zuen, ez zuen ikusten, zerekin hartu zuen min hori ere ez. Eskua bustita zuen, hango zoruko urak izan zitezkeen, odola ere bai. Aurrera jarraitu zuen, larrituta, eskuagatik gehiago atzekoengatik baino. Ez zuen berriro estropezurik egin, argi zabalago bat ikusi zuen hogei bat metrora.
Argira hurbildu zen Irene. Ikusi zuen zuloa zegoela tunel zati batean, sastrakek nahikoa estalita, pertsona bat sartzeko modukoa hala ere. Asun batzuk, hosto zabalak, zurtoin finekoak guztiak ere, erraz apurtzeko modukoak, erraz atera zitekeen handik.
Imajinatu ere ezin zuen egin Irenek non zegoen, ordea. Luzaro ibili zen tuneletik, hori iruditzen zitzaion, Andra Mari eta itsaso artean edonon. Zalantza egin zuen handik irten ala ez... Gehiago hurbildu zen zulora orduan, hosto batzuk baztertu zituen, baina ez zen gehiegi ere ikusten, sasi gehiago baino ez, belarra. Kolpe batzuk entzun zituen kanpoan orduan, metalikoak. Tentsioa eragin zion horrek, pentsa zitekeen baten bat egon zitekeela han.
Ez zen beharbada aukerarik onena irtetea, pauso bat egin zuen atzera, tunel barrurantz, baina berritu egin ziren tunel barruko zaratak orduan, lehen baino askozaz argiago, ahotsak, pausoak, linterna argiak ere ikusi uste izan zuen.
Ulertu zuen ez zuela beste erremediorik, sasiak apartatu zituen, hostoak apurtu, baztertu ahal izan zuen guztia, kanpora irten zen. Sastraketatik erdi zorabiatuta atera zen, asunen errea sentitzen zuen, aurpegian, besoetan... Gona trabatu zitzaion, pantiak, jaka... Guztietatik libratu zenean, arropa orekatzeko ahalegina egin zuen.
— Hamen kontuz ibil ber da...
Esan zion beragandik lau bat metrora zegoen gizon batek. Hitz egiteko moduari erreparatu zion Irenek, lagundu nahi ziola iruditu zitzaion, oso modu egokian esan zion esaldia, kontuz ibiltzeko, ahotsa ere familiakoa egin zitzaion, lehengusu batena, osaba batena. Makurtzeko esan zion, makurtuta ibili behar zela han. Ezkerrean beste gizon bat zuela ohartu zen Irene, eta biak zeudela makurtuta, biak antzera jantzita. Berdin makurtu zen Irene bera ere.
Gizonetako batek keinua egin zuen orduan eskuaz, aurrera joateko aginduko balie bezala. Beste gizonak kasu egin zion, eta Irenek ere ulertu zuen ezin zuela besterik egin. Makurtuta ibili ziren hirurak, aldats txiki bat igo zuten. Galean zeudela ikusi zuen Irenek, dorrearen ondoan, itsasoari begira, labarrean. Ez zen haizerik, hotza aurreko egunetan baino apalagoa.
Dorre ondoko bateriara hurbildu ziren gero. Beste hiru gizon zeuden han, antzeko arropekin, aurpegiak ere antzekoak: bat etzanda, beste biak jesarrita, paper bat irakurtzen bietako bat. Irene ikusi zuenean, berehala altxatu zen paperekin ari zena, salto batean. Ez zen guztiz zutundu, ordea, makurtuta hurbildu zen Irenerengana.
— Eskerrak heldu den...
Ireneri begira esan zuen hori gaztelaniaz, baina besteentzat hitz egin zuen. Sorbaldatik hartu zuen gizonak orduan Irene, suabe, eroso, eta aurrerantz eraman, kanoia zegoen lekurantz, kanoi ugerra, luzea, itsasoari begira. Irenek inoiz ez zuen kanoi modu hori ikusi, jesarlekua zeukana tiratzailearentzat atzeko aldean, metal berberaz egina, kanoiari lotuta, pieza bera balitz bezala, kanoia, jesarlekua, tiratzailea. Tiratzailearen lekuan jesartzera gonbidatu zuen gizonak Irene, keinu natural baten bitartez, emakumea heldu arte tiro egiteko inor egon izan ez balitz bezala, Irene balitz bezala mekanismoa ulertzen zuen bakarra. Errespetu falta iruditu zitzaion Ireneri orduan uko egitea, tiroa nola jotzen zen ez zekiela azaltzen saiatzea, alferrik egon zirela itxaroten. Begira zituen beste gizon bi ere, oso gazteak biak, aurpegiak oso antzekoak.
Kanoian eseri zen Irene beraz, erosoa jesarlekua, kontrakoa zirudien arren, metalezkoa zen arren, oinak pausatzeko lekua ere bazuen. Eskuen parean botoi batzuk ikusi zituen, palanka txiki batzuk, ugertuta guztiak, lokatzez. Iruditu zitzaion Ireneri haiei eraginda ere kanoiak ez zuela ezer ere egingo, ez tirorik, zirkinik, urteak abandonatuta egon izan balitz bezala. Heldulekuei oratu zien ordea, seguru: gizonari adierazi nahi zion bazekiela zer egin behar zuen, nola.
Gizonak esan zion itsasoari bota behar ziola, itsasoari tiro, ezer ikusi ez arren, ekialdera beti, eskumara, handik sartu nahi zutela, Algortara, Bilbora. Esan zion hogei minuturik behin jotzeko tiroa, hogeita bost minuturik behin, pongamos veinte minutos, veinticinco. Gaztelaniaz egin zion.
— Italiarrak, esaten dute, greziarrak, barku greziarrak, errumaniarrak. Nik ez dut sinesten errumaniarrena, itsasotik errumaniarrak... Italiarrak seguru... Oraindik ez dira honaino sartu... Ez dute hil nahi... Ez die merezi... Zuk tiro itsasoari, hogei minutu, hogeita bost...
Guztiari baietz esan zion Irenek, gizonak sosegua hartzea nahi zuen, urduri gizona. Tiro egiteko mekanismoa prestatzen ariko balitz bezala egin zuen Irenek. Alde egin zuen gizonak, besteekin bildu zen.
Bakarrik gelditu zenean, botoiei begiratu zien Irenek, palankei. Erdi ezabatuta zeuden botoien gaineko letrak, ezin zuen bakar bat ere irakurri. Lokatza garbitzen ahalegindu zen, baina lokatzarekin batera letrak ere nahasten zituela iruditu zitzaion.
Itsasoari begiratu zion gero, nahiko harrotuta, barkurik ez, urrun ere ez. Ireneren begiak ere ez ziren perfektuak ordea, miopia arrastoak, baina erraz igarri ahal zuen ez zela barkurik. Atzera begiratu zuenean ohartu zen besteak ez zeudela berari adi, inor ez zela konturatu oraindik ez zuela tirorik jo. Lasaitua hartu zuen, berriro jarri zen aurrera begira.
Bere eskuman beste kanoi bat zegoela ikusi zuen orduan, berearen antzekoa. Jesarlekuan gizon bat, gaztea, Ireneri begira, baina begiak oso itxita, betazalak erditik behera ere bai, aurpegi lokartua, lausoa. Irene begira zuela konturatu zenean, aurrera begira jarri zen gizona, kanoiari heldu eta tiro egin zuen itsasora. Irenek argi bizi bat ikusi zuen beste kanoian, aurreko muturrean, baina tiroaren hotsa motela izan zen, arropak igurztean entzuten dena baino askoz gehiago ez, praken hankek elkar ukitzen dutenean esaterako. Arraroa egin zitzaion Ireneri, leherketa bat espero zuen beharbada, baina aldi berean horrek azaltzen zuen zergatik ez zuen ordura arte tiro-hotsik entzun. Gazteak esan zion:
— Italiarrak...
Irenek ez zuen jakin zer erantzun, atzera begiratu zuen berriro. Jakin nahi zuen besteek zerbait ikusi ote zuten, konturatu ote ziren ordurako Irenek ez zekiela kanoia erabiltzen. Hiru gizon baino ez zegoen orain atzean, mahai baten bueltan eserita, egurrezko mahaia, egurrezko aulkiak, ez zuen ulertzen nondik atera zituzten. Kartetan ari ziren, Ireneri begiratu ere egin gabe. Kexatzen ari ziren, laugarrena falta zitzaiela, kartetan behar den moduan egiteko. Ari ziren hala ere, oso sartuta partidan.
Ezkerreko hankan zerbaitek ukitu ziola sentitu zuen orduan Irenek. Behera begiratu zuen: txakur txiki bat, ile sarrikoa, ez zuen ulertzen zelan ukitu zion belaunetik gora. Katez lotuta zegoen, emakume bat ondoan, katea eskuan, paseoan. Berrogeita hamar urte baino gehiagokoa andrea, ondo jantzita baina mendiko botak. Barkamena eskatu zion Ireneri eta aurrera jarraitu zuen.
Kartetan ari zirenen ondotik pasatu zen segundo batzuk geroago. Gizonek aulki librea seinalatu zioten, eurekin jokatzera gonbidatu zuten, laugarrena falta, eseri behar zuela, batek besotik ere heldu zion. Emakumeak oso mugimendu finez askatu zuen besoa, behartu gabe, ernegatu gabe, esan zien ezin zela gelditu, txakurrak libratu egin behar zuela oraindik, etxerako asko falta zuela. Gizonek aholkatu zioten orduan ez joateko bide hartatik, italiarrak lurretik ere hurbiltzen ari zirela, handik, bide hartatik hain zuzen, errumaniarrak, magyarrak, serbiarrak. Emakumea sasi batzuen ostetik desagertu zen.
Irenek kanoiari begiratu zion berriro, botoiei, palankei, ez zion antzik ematen, edozein saka zezakeen, asmatu egingo zuen halako batean. Baina ulertu zuen txarrerako ere izan zitekeela, leherketa bat, sua, kea, gas toxikoak. Ez zuen ezer ukitu eta beste kanoikoari begiratu zion, harena kopiatu ahal zuen beharbada... Iruditu zitzaion, ordea, lehen baino urrunago zegoela beste kanoia, hazpegiak ez zizkion horren argi ikusten orain gizonari. Ez zuen ulertzen zelan mugitu zuen kanoia bakarrik, laguntza barik. Gehiegi ere ez zuen pentsatu.
Ez zekien hogei minutu pasatu ote ziren agindua eman ziotenetik, hogeita bost minutuak. Tiro bat eginda izan behar zuen ordurako beharbada, bi ere bai, 20 minutu, 25, denbora ezin zuen modu naturalean kalkulatu.
Pertsona baten oihuak entzun zituen atzean orduan. Buelta eman zuen, kanoiaren eserlekuan bertan. Atzean gertatzen ari zena inork baino hobeto ikusi behar zuela iruditu zitzaion... Lehengo hiru gizonak zeuden atzean, mahai berean eserita, baina ez zeuden kartei adi, burua altxatuta zeukaten, ekialdera begira. Handik oihuka zetorren gizon bati begira ari ziren hirurak, oso adi. Beste guztiak bezala zegoen jantzita ekialdetik zetorrena, antzera behintzat, baina untxi baten burua zekarren eskuan. Untxi normal batena baino askozaz handiagoa burua, ia pertsona batena bezalakoa, ez hainbeste ere. Besoaren eta saihetsen artean zekarren bilduta, pilota bat balitz bezala, futbolekoa, errugbikoa, eskubaloikoa, pentsatu zuen Irenek.
Halako batean, untxiaren burua eskumako eskuaz hartu eta mendebaldetik trostan zetorren beste gizon bati bota zion, indarrez. Mendebaldeko gizonak oso modu egokian harrapatu zuen. Bularraren kontra jarri zuenean, ordea, untxiarena baino, pertsona baten buruaren itxura gehiago zuen, ume batena. Beste kanoiko gaztearen aurpegiaren antza zuela iruditu zitzaion Ireneri une batean. Kanoikideari begiratzeko burua jiratu zuen orduan: ez zegoen.
Mendebaldeko gizonak ekialdekoari itzuli zion burua berriz, oso pase egokia. Baina ekialdekoak hartu zuenean, garbi ikusi zen ostera ez zela pertsona baten burua, ume batena... Untxia zen berriro, edo untxi eta txakur baten arteko nahasketa beharbada, belarriak ere laburragoak.
Nabaritzen zen, bestetik, denbora gutxi zela burua gorputzetik banandu zutenetik: odola zuen lepoan, freskoa, samatik. Ekialdeko gizonaren alkandoran orbanak uzten ari zen, oso biribilak, zigilua balitz bezala, alkandora zurian.
Mahaikoek jesartzeko eskatu zioten ekialdeko gizonari, eurekin jokatzeko, bat falta zutela. Ezetz esan behar izan zien gizonak, egiteko bat zuela... Mendebaldeko gizona seinalatu zuen orduan, harekin joan behar zuela, itxaroten zegoela.
— Eutsi hau.
Untxiaren burua jarri zuen mahai gainean, laugarren jokalariak beharko zukeen lekuan. Alde egin zuen gero mendebaldeko gizonarekin. Mahaikoek kartak banatu zituzten eta untxiaren buru aurrean ere jarri zituzten lau.
Partida hasi orduko, ostera, zaratak hasi ziren mendebaldetik, leherketak, oihuak, kolpeak. Kartak eta aulkiak harrika bota zituzten mahaikoek orduan... Hiruretako batek oihu egin zion Ireneri, uzteko kanoia, etortzeko. Irenek ez zekienez zer egin, nora joan behar zuen, gizona harengana hurbildu eta besotik heldu zion. Kanoitik apartatu zuen.
Korrika hasi ziren makurtuta gero. Irenek mendebaldera begiratu zuen, pertsona asko zetorren handik, aldrak, urrun oraindik baina arin, ezin zuen argi ikusi, korrika ari zen, makurtuta. Italiarrak, pentsatu zuen Irenek, serbiarrak. Novak Djokovicen aurpegia etorri zitzaion burura, pentsamendu absurdoa.
Tuneleko zulora heldu ziren, Irenek tuneletik irteteko erabili zuenera. Asunak apartatu zizkion gizonak, handik sartzeko esan, etorritako bidetik joateko, tunelean ez zegoela inor ere. Irenek ezin zuen ulertu nola jakin zezakeen gizonak tunelean ez zegoela inor ere, ezin zen jakin. Gizonak esan zion estali egingo zuela zuloa handik sartu eta gero.
— Italianok tunelera sartu zedittezan.
Irenek ez zion azken hori ulertu, berdin zion, ez zion berdin. Zulotik sartu zen, atzera egin zuen tunelean. Egia zen barruan ez zela ezer ere entzuten.
Luze ibili zen, ilun, etorritakoan baino bide laburragoa egin zuela iruditu zitzaion hala ere. Beste zulo bat ikusi zuen halako batean, handiagoa, pertsona bat ateratzeko bestea baino askozaz errazagoa, sasi gutxiago, asun gutxiago, eskuaz apartatu gabe ere atera ahal izan zen. Buruan kolpea hartu zuen goiko adar lodiago batez.
Estartetara irten zen, lainotuta eguna. Begiak ohitu zituenean, ohartu zen futbol-zelaiaren ondoan zegoela berriro. Arraro egin zitzaion, ez zen logikoa, ez zuen gehiegi pentsatu. Neke guztia etorri zitzaion orduan kolpera, sukarrarena, tentsioarena, korrikaldia, kanoia. Belauniko jarri zen, estarta bazterreko belarretan, behera begira. Tripa nahasita berriz, zorabioa sentitu zuen belauniko ere. Belarretan etzan zen, ez zuen zalantzarik egin, belarra heze zegoen arren. Gonan sentitu zuen bustia batez ere, barruko arropetaraino busti sentsazioa, jakan ez hainbeste.
Irenek ez zekien zenbat denbora egin zuen jarrera horretan. Nekatuta zegoen, gaixorik ere bai, uste baino gehiago. Esku batek besotik heldu zion halako batean... Eskuaren zabaleragatik eta egin zion presioagatik gizon batena zela ulertu zuen, gizon handi batena. Lurretik altxatzen lagundu zion.
— Irene Arrias?
Irenek baietz esan behar izan zion, ez zeukan besterako indarrik. Ulertu zuen nor zen, zertara zetorren, ez zuen kontra egiteko modurik, erabaki zuen ez ziola kontra egingo.
Gizonari begiratu zion orduan, ondo jantzita; beste gizon bat ere ikusi zuen atzerago, altuagoa, zabalagoa. Esan zioten eraman egin behar zutela, etxe batera, ez urrun, Alzaolak tema handia izan zuela. Azken hori esan zuten moduagatik ematen zuen inork ez zuela ondoegi ulertzen Alzaolaren tema.
Eramaten utzi zien Irenek, ez zien kontra egin, ulertu zuen ezin zuela. Auto batean sartu zuten, Zientoetxen.
IV. Gelak. Minak. Pantailak
Autora sartu zutenean ohartu zen Irene begiak erdi lausotuta zituela, buruari ere ezin zion eutsi, bueltak, beste mota bateko zorabioa. Aurrera begira jarri zen, puntu zehatz batera. Hiru gizon zeuden autoan, gidaria eta beste bi, Ireneren alde banatan. Irenek ez zien begiratu ere egin, aurrekoaren garondoari baino ez, ezin zuen burua jiratu, hori uste zuen.
Iruditu zitzaion ez ziola bidaian eutsiko, konortea galduko zuela, botaka egin, zerbait, ez zekien seguru zer, bihotza ere arraro, arnasa. Nahiko ondo tratatu zuten autora sartu arte.
Bidea ez zen luzea izan, oso laburra beharbada, besterik iruditu zitzaion Ireneri. Eskertu egin zuen autotik irten zirenean, haizeak on egin zion, ez gehiegi ere. Bide estu batetik eraman zuten, behera begira Irene... Harri xehez eginda bidea, landua, harri zuriak, zainduta. Gehiegi zainduta zegoela pentsatzera heldu zen Irene. Eskailera batzuk etxeko atearen aurrean, ate handia.
Iluna etxea barrutik, egur asko, korridoreak, alfonbrak ere ia beltzak. Gela handi batera sartu zuten gero, etxeko korridoreak baino argiagoa, oso argia ere bai, min eman zion begietan. Gela oso ondo jantzita zegoela iruditu zitzaion Ireneri lehenengo momentuan: ohea, besaulki bat, mahaia, aulkia, ispilua, koadroak, leiho handi bi, leihateak ere izan zitezkeen, alfonbrak lurrean, izarak eta tapakiak ohean, ohe-estalkia ere bai, berde desberdinetakoa, ohe-burua ere egurrez, egur ona ematen zuen, landua. Irene apur bat harritu zen, erosoegia guztia, oso pentsatuta, diru asko.
Zapatak kentzeko esan zioten. Ohean eseri zen, lan handia zapatak kentzea, asko kostatu zitzaion. Gizonek pausoak egin zituzten atzera eta aurrera... Irenek ezin zien belaunetatik gora begiratu, bueltaka hasten zitzaion burua altxatzen zuenetan. Gizonen arnasaldi kolpeak entzuten zituen, itxaroten nekatuta zeudela iruditu zitzaion, baina ezin zuen beste ezer egin, sorbaldak min ematen zion zapatetatik tiratzen zuenean.
Jaka ere seinalatu zioten kentzeko. Hasi zen Irene, laguntzea erabaki zuten gizonek. Oso modu egokian lagundu zioten jaka kentzen, oso modu delikatuan. Irene ohartu zen orduan egunak egin zituela jaka kendu gabe, egun asko, bulegotik irten zenetik. Arin sentitu zuen gorputza pisu hori barik, azal modu bat kendu izan baliote bezala, deseroso ere bai. Iruditzen zitzaion organoren bat babesten ziola arropa horrek, giltzurrunak, gibela, birikak. Pentsatu zuen berriro jartzeko eskatuko ziela, ez zien azkenean eskatu, ez zuen gehiegi pentsatu.
Ohea zabaldu zion bietako batek. Orduan ikusi zituen Irenek izarak, zuriak eta berdeak, tapakiak, asko, berde ilunagoak. Ondo pentsatuta zeuden kolore guztiak, negu-negurako jantzita ohea. Keinu bat egin zion gizonak Ireneri, delikatua nahi zuena, uste baino zakarragoa. Irenek kasu egin zion, ezin zuen besterik egin, ohera sartu zen. Ez zuten tapatu, Irenek berak egin zuen, min hartu zuen atzamarretan, hotz zituen. Atetik irten ziren gizon biak.
Iruditu zitzaion zorabioa asko apaltzen zitzaiola etzanda, baina begiak itxi zituen badaezpada ere. Soin-adarrak epeltzen sentitu zituen, tapaki asko, jakaren falta ahaztu zuen. Loak hartu zuen, nola ez zuen hartuko, ametsak, sukar apur bat.
Ordu asko egin zituen lo, hori iruditu zitzaion. Esnatu egiten zen lantzean behin, ez zituen begiak zabaltzen, berriro lo, askotan egin zuen. Batzuetan argitasuna ere sumatzen zuen betazaletatik eta begiak zabaltzera ausartu zen halako batean: min hartu zuen, buru barruan ere min. Berriro itxi zituen, berriro lo, ametsak, batzuk oso ondo gogoratu zituen.
Iruditu zitzaion egunak ere egin zituela lotan, argia, iluna, gaua, beharrizana ere izango zuen, estartak, tunela, Tosu, kanoia, futbol-zelaia. Ematen zuen sukarra ez zela guztiz joaten, beti sentitzen zuen hondar bat, arnasan batez ere. Begiak gehiagotan irekitzen hasi zen, gelako argia oso gogorra iruditu zitzaion, apurka ohitu zen.
Beso bat atera zuen tapaki azpitik, apur bat agondu, gelari begiratu zion. Erretilu bat ikusi zuen alfonbran, ohearen ondoan, ogi zatiak, ura, pernil apur bat, fruitu lehorrak, gazta. Irenek ez zion sabelari erreparatu aspaldi, gose hondakin bat erne zitzaion orain. Edan egin zuen, ogia, pernil zati bat. Erantzun arraroa egin zion sabelak, atzera etzan zen.
Sabela baretu zitzaionean, loak hartu zuen berriro, luze orain ere, tapakietatik kanpora besoak ordea. Esnatu zenean, askozaz hobeto sentitu zuen bere burua, nabarmen, sukar apur bat oraindik beharbada, erraz kontrolatzekoa. Ohean jesarrita ez zuen zorabiorik izan, ezta zantzurik ere.
Erretiluko gehiena jan zuen orduan, astiro hala ere: ulertzen zuen ezin zuela oraindik gehiegikeriarik egin. Fruitu lehorrak irenstea kostatu zitzaion batez ere, ura arinegi amaitu zen. Zutunik jarri zen Irene.
Hormak, besaulkia, mahaia ukitu zituen. Kalitatea ona, hori iruditu zitzaion... Koadroak ez ziren kopiak, ez zekien onak ziren ala ez, hainbesteraino ezin zen heldu.
Ateraino joan zen gero. Ez zekien norbait egongo ote zen beste aldean, zaintzen beharbada, logikoena izango zen, baina probatu behar zuen. Indar gutxi egin zuen eskuaz, gutxi baino gutxiago, baina berehala nabaritu zuen itxita zegoela, milimetro bat ere ez zuelako behera egin. Segituan apartatu zen handik.
Leihoetara egin zuen orduan: handiak leihoak, pertsiana bakoak. Ez zitzaion Ireneri logikoa iruditu atea itxi eta leiho haiek libre uztea. Izan ere, ohetik ikusita, leihoek ez zeukaten burdin hesirik, argi gehiegi sartzen zen.
Errezelak erretiratu zituen: lehen solairua, ez oso altua, belarra behean, zuhaitzen bat, harrizko mahai bat, aulkirik gabe, zeru asko ikusten zen. Erratuta zegoen, ordea: sare bana zeukaten leihoek, zulo askoz, zulo txikiz, baina material berezi batekoa... Metala ematen zuen, baina gardena zen, argiari atzera eta aurrera pasatzen uzten ziona, trabarik gabe, distira desatsegin batzuk ere egiten zituena lantzean behin.
Leihoa zabaldu zuen Irenek, erraz, pvc normala. Sarea nolakoa zen ikusi nahi zuen, ukitu nahi zuen, izango zuen zuloren bat behartzeko modukoa beharbada. Eskua luzatu zuen, baina konturatu zen sarea burdinaren antzekoa zela, zurruna, ez zela modurik. Bero zegoen gainera, bero baino gehiago ere bai: mina hartu zuen atzamarrean Irenek, ke apur bat atera zela iruditu zitzaion. Orban marroi bat ere utzi zion atzamar luzean... Izan zitekeen eguzkiak berotu zuela sarea, egun osoan... Ez zuen uste, zerbait gehiago zen hori, ematen zuen horretarako zegoela prestatuta, erretzeko, ez ukitzeko. Ez zen berriro ausartu.
Hotza sentitu zuen Irenek halako batean, leihoa zabalik, jakarik gabe, tapakirik gabe. Gustura zegoen leihotik begira: zerua, hodeirik ez, hodei gutxi behintzat, belarrak, hostoak, tentsiorik gabe orain, baina hotza sentitu zuen, eta ez zuen beste makalaldirik nahi, berriro. Epela berreskuratzea erabaki zuen, ohera itzuli behar zuela iruditu zitzaion, tapakietara. Lokartu egingo zen berriro seguruena, lo-ordu gehiago behar zuela iruditu zitzaion.
Ohera sartu zen beraz. Uste baino gehiago kostatu zitzaion epela, oso apurka hartu zuen tenperatura, ez nahi beste gainera. Loak hartu zuen guztiarekin ere... Argi batek esnatu zuen segundo gutxira ordea, flash moduko batek, foku batek. Berehala ohartu zen gela osoan zegoela argi intentsitate handi hori, betazalen ostean laranja sentitu zuena, baina oso zuria berez.
Ez zuen hura ulertu, nondik zetorren, zer zen, ez zuen jakin nahi ere, ez zuen gehiegi pentsatu. Tapakiak igo zituen, berriro lo lauso bat... Musika ozen bat entzun zuen orduan, desatsegina, zaratak batez ere, kolpeak, metalak, kirrinkak. Loa galarazi zion, burua ere altxatu behar izan zuen, gelan ez zen inor. Argia gero eta gogorragoa zen, ezin izan zion eutsi, begiak itxi zituen.
Zarata harekin ezinezkoa iruditu zitzaion arren, pentsatu baino arinago ohitu zen eta lokartu, lo sakonegia ere ez. Apur bat bildu zen gero beroari hobeto eusteko.
Minutu bat bera ere ez zen pasatu Irenek min handi bat sentitu zuenean gorputzaren zati askotan, ziztada bat, begiak irekiarazi zizkiona eta arin mugitzera behartu. Ez zekien zer zen, ez zuen ulertzen berriro ere. Tapakiak baztertu zituen, ohean zerbait zegoen begiratu, koltxoian. Ez zuen ezer ere ikusi, ez zuen ulertzen.
Berriro etzan zen, hobeto pentsatzeko. Tapakiak apur bat igo zituen, ez goraino, besoak kanpoan. Beste ziztada bat orduan, aurrekoa baino gogorragoa... Salto batean altxatu zen, ohearen izkina batean jesarri, oinak alfonbran, erretiluaren ondoan. Bigarren horretan ulertu zuen: deskarga, elektrikoa, oheari, berari.
Ulertzen hasi zen Irene, halako batean, apurka, zertan ari ziren, baina beste gauza batek ere larritu zuen. Irene ohean sartu, begiak itxi eta segundo gutxira hasten ziren, argia, zarata, deskargak... Ikusi egiten zuten, ikusten zuten nola ixten zituen begiak, nola mugitzen zen, zer nahi zuen, berdin zion, ez zion berdin. Agobiatu ere egin zuten kamerek une batean.
Zutundu egin zen, hara eta hona hasi zen gelan, ondoegi jakin barik zer egin nahi zuen, kontzienteegi oraindik begira zituela. Ohitu behar zuen, bazekien ohituko zela. Leihora hurbildu zen, errezelak baztertu zituen baina ez lehen bezain nabarmen, apur bat, adar batzuk ikusteko beste, zeru zati bat. Kanpoko argiak lasaitu egin zizkion begiak, barruko argiarekin alderatuta askozaz apalagoa, on egin zion, estartak gogoratu zituen. Leihoak hotza gogorarazi zion, jaka hartu zuen, jantzi. Eroso sentitu zen jakarekin, etxe baten barruan, inoiz ez zuen ordura arte egin.
Komunak ez zeukan aterik, hori gela normal batetik bereizten zuen bakarra. Bainuontzia normalak baino dotoreagoa: botoiak tenperatura egokitzeko, metal horiak eta zuriak dutxak, gurpil bat intentsitateak aukeratzeko. Bainuontziko zoruak errail moduko batzuk ere bazituen, erdian irekiera bat uzten zutenak, sakonegia beharbada. Irenek adineko pertsona bat pentsatu zuen, baten batek lagunduta, gurpil-aulkia, indar bako hankak, zaintzaileak. Imajinatu zuen seme-alabarik gabeko andre bat, ilobarik gabekoa, katolikoa seguruena, koadroren batek motibo erlijiosoak zituen. Emakumea zela imajinatzen zuen Irenek nahitaez, koadroak, hormen kolorea, errezelak.
Ohe ondora itzuli zen, berriro probatu nahi zuen. Izan ere, konturatu zen ez zela deskargarik egon jesarrita egon zen aldietan, etzanda baino ez. Jesarri egin zen, aurrera begira jarri, begirada galduta, baina hamar segundo baino lehenago jo zion deskargak, jesarrita orain beraz, izkina batean, izterrak erre zizkion, salto batean zutundu zen. Adarjotzea ere iruditu zitzaion, orain ez ziotelako loa galarazi behar, jesarrita zegoela jo zioten, bazekiten jarrera horretan ez zuela lo egingo.
Berria zen hori beraz, beste maila bat. Pentsatu zuen orduan benetan hasi zirela orain, handik aurrera hasiko zirela benetan, Ireneren gauzarik oinarrizkoenak trabatzen hasiko zirela, mina, biguntzen, deusezten. Ikusi zuten ondo zegoela, makala joan zitzaiola... Berriro makaltzen hasiko ziren beraz, husten, beste makalaldi mota bat.
Urduri hasi zen gelatik ibiltzen, eguna iluntzen errezeletatik kanpora, argia berdin gela barruan. Zaratek etenaldi batzuk egin zituzten, berriro orain, ozen. Bekokiaren ezkerraldean buruko mina hasten sentitu zuen Irenek, alde horretako begia bustita.
Irenek ez zekien zenbat denbora egin behar izan zuen horrela, sosegurik gabe, atzera eta aurrera, zutunik, orduak, ordu asko. Pentsatu zuen besaulkian egin beharko zuela lo. Ohituko zen argira, zaratara, oheko tapakietako bat hartu zuen. Besaulkian eseri zen, baina berehala ohartu zen uste baino inozoago ari zela: deskarga batek altxatu zuen besaulkitik ere, nola ez zuen altxatuko, nola ez zuen lehenago pentsatu, min arraro bat utzi zion izterraren goiko partean.
Buruko mina zuen oraindik, ezin zuen argiegi pentsatu, atzera eta aurrera ibili zen gelatik berriro, tapakia eskuetan. Alaba sartu zitzaion buruko minen artetik, oso bizi gogoratu zuen, tapakia eskuan ibiltzen zelako umea ere askotan, etxean, korridoreetan, egongelan. Nekea buelta hartzen ari zitzaion Ireneri.
Korridorearen amaieran, eskuman, Alangobarrin, umearen gela. Idazmahaia izkina batean, liburuak, arropa gehiegi, armairuetan, kanpoan. Zorua argiunerik gabe, pilotak, puzzleak, ez jatez gustaten, ama, antzar-jokoa, andrakilak, domino piezak, oin inbenta dozu ipuin hori? Guste jatzu? Oinetako desberdinak ere lurretik, eztulak, ez, antibiotikorik ez, orain egin behar duzuena da logela ondo egurastu, orear bien la habitación. Eztulak, barreak, nahasita, botaka ere bai ohean bertan, koltxoia ere zikin, jaki gutxi botatakoen artean, mukiak batez ere.
Ordu batzuk geroago ulertu zuen Irenek gelako zoru osoa ezin zela elektrifikatuta egon, alfonbra gainean egin zezakeela lo. Beste tapaki bat hartu zuen ohetik, ez zuen jaka kendu, zoruan etzan zen. Lehen minutuetan ez zen deskargarik egon, ematen zuen asmatu egin zuela, poztu egin zen, buruko mina ere bareago, begiak itxi zituen.
Sudurrean normalean baino hotz handiagoa sentitu zuen hala ere momentu batean, masailetan ere bai. Haize-korronte batek jotzen zion atzetik eta aurretik, garondotik, belarrietatik, gero eta indartsuago, gero eta hotzago. Tapakietan barrena ere pasatzen ari zela sentitu zuen apurka, gorputz osoa hoztu zitzaion minutu gutxian. Hozkailu handietako inpresioa zuen, haize-korrontea, ezinegona. Zutuntzea eta ibiltzea erabaki zuen.
Zutunik ohartu zen haize-korrontea ez zebilela gela osotik: orkatiletan sentitzen zuen orain, belaunetara ere ez zitzaion heltzen. Zutundu eta segundo gutxira gelditu zen haizea gainera. Oinak hotz geratu zitzaizkion hala ere, ariketa batzuk egin zituen epeltzeko. Horma baten kontra jarri zuen sorbalda bat gero, ukondoa, pentsamenduak hondakinak.
Irene komun-ontzian jesarrita zegoela sartu ziren gizonak gelara, betaurrekoak gelako argirako, beste arropa bat. Komuneraino sartu eta eurekin joan behar zuela esan zioten Ireneri. Berehala altxatu zen komun-ontzitik, ahal bezain arin igo zituen arropak, trabatu egin zitzaizkion.
Gizonak aurrean eta atzean zituela irten zen gelatik Irene. Korridoreetan eta eskaileretan argia apalagoa izatea eskertu zuen. Solairu bi jaitsi zituzten, soto batera ulertu zuen Irenek. Ireneren gela lehen solairuan zegoen, seguru zekien, sotoak behar zuen, beraz, bi solairu beherago, eskailerak ere meharragoak. Okerrena imajinatzen hasi zen orduan, kolpeak, ukituak, itoak, bazekien zer ziren sotoak beti. Benetakoa orduan hasiko zela pentsatu zuen halako batean, nola ez zuen pentsatuko. Arnasa natural hartu gabe jaitsi zituen eskailerak, azken laurak, azken biak.
Ate baten aurrean gelditu ziren, eskua behartu gabe jo zuten gizonek egurrean, sartzeko esan zuen ahots batek. Barrura egin zuten, baina ez zen Irenek imajinatu zuena, ezta antzik ere: zine partikular bat, hogei besaulki, hogeita bost, pantaila handia aurrean, zortzi metro koadro, hamar. Pelikula bat ari ziren proiektatzen, hasita, jatorrizko hizkuntzan, azpitituluak.
Gizon bat zegoen azken-aurreko ilaran jesarrita. Pantailaren argitan ikusi ahal izan zuen Irenek, nahiko ondo bereizi ere bai, argia motela izan arren: ondo jantzia, ondo orraztua, begiak ere nobleak, karratuak, egokiak sudurra eta ahoa ere, eskuak kokots azpian gurutzatuta zituela iruditu zitzaion, bietako bat behintzat.
Aurreko ilaretara eraman zuten Irene, bigarren lerroko bigarren besaulkian eserarazi zuten, pantailari begira. Ez zuen, beraz, gizona aurrez aurre berriro ikusi.
«Sendatu egin gara...»
Oso ahots egokia zeukan. Gaztelaniaz egin zion, baina Ireneri iruditu zitzaion Algortakoa izan zitekeela, ingurukoa, ez oso urrunekoa.
«Ez dakit. Oraindik ez. Ez dakit.»
Pantailan errepideko taberna bat ikusi zuen, ostatu bat beharbada, Estatu Batuetan seguruena, pelikularen koloreak oso apalak.
«Bakarrik sendatu zara. Sukar handia ekarri zenuen. Baten batek zerbait eman nahi zizun, zainetatik sartu... Badakizu... Ezetz esan nien. Lotan sendatu zara. Gorputzak sendatu behar du pertsona, gure aitak esaten zuen. Gorputz inteligenteak... Osaba medikua gure etxean, aitaren anaia, lehengusu bat ere bai...»
«Eskerrik asko.»
«Gorputz inteligentea zurea, argi genuen, mundu guztiak ez dauka... Kaletik ikusten dira, gorputz okertuak, puztuak. Adina ere badaukazu, okertzeko, koipe zatiak hartzeko, inoiz ez dituzu hartu. Zure historia klinikoa ere ona, ia perfektua... Ez da erraza...»
«Ez dakit. Bai...», Irenek ez zekien zer erantzun behar zion.
«Zure kardiologia kontu hori. Hori baino ez. Horri tiratu ahal diogu.»
«Ez da gaixotasun bat.»
«Klaro, klaro... Gorputz inteligenteak... Buru inteligenteak dauden moduan... Hori mundu guztiak ulertzen du, buru argiak daudela, inteligenteak, edo buru normalak, edo ezertarako ez direnak ere bai... Hori argiago ikusten da, pertsonak lehen hitza esaten duenetik, ikasketetan... Bizitzaren laurdena baino gehiago ikasten, ikasketa akademikoa esan nahi dut. Hor zalantza gutxi uzten da, ondo definitzen dira buruak, zein den baliokoa, zein ez... Bada salbuespenen bat, alde batera, bestera... Gutxi...»
«Gutxi baino gehiago». Irenek ez zuen esan zuena sinisten.
«Ez duzu zugatik esango...»
«Ez. Ez dakit...»
«Zure espedientea, unibertsitatekoa, 90eko hamarkadako 50 onenen artean, Deustun. Zeuk ere ez duzu jakin hori beharbada, datu hori...»
«Ez.»
«Burua ere ona beraz, ona baino hobea ere bai, beste maila batean Irene Arrias. Hori esaten dute, mundu guztiak esaten du, txostenetan, enpresan ere bai, askotan irakurri izan dut... Hala da, Irene?
«Ez dakit. Nola esango dut nik...»
Gizonak eten bat egin zuen, luzea iruditu zitzaion Ireneri. Pantailari arreta handiagoz begiratu zion: azpitituluak ez ziren elkarrizketa guztietan agertzen, batzuetan bai, beste batzuetan ez... Modu arbitrarioan, iruditu zitzaion.
Aktorea ostatu batean orain, besoak hutsik, goiko arroparik gabe. Bere burua tatuatzen ari zen, orratz arraro batez, argazki batzuei begiratzen zien. Ondo ezagutzen zuen pelikula Irenek, kasualitate handia iruditu zitzaion... Zenbat pelikula, zenbat zine-urte, hura jarri zioten. Desatsegina egiten zitzaion bisualki, tatuaiak, lekuak. Birritan ikusita zeukan.
«Ez harritu pelikulagatik. Ikusi duzu... Ez da hain arraroa... Hemen proiektatuko ditugun pelikula guztiak ikusi dituzu. Erratu egingo gara baten batekin beharbada... Ez dut uste. Ez dut uste gehiegi erratuko garenik...»
Pelikula aldatu zuten pantailan orduan. Alemana entzuten hasi zen, azpititulu batzuk, aktoreak oihu moduko bat egin zuen. Filmak jauziak egiten zituen aurrera, aingirak, Danzig, elizak.
«Zergatik Ruanda, Irene?»
«...»
Irenek ez zekien zer erantzun, harritu egin zuen galderak, nola ez zuen harrituko. Ez zekien zer zekien gizon hark, zer zekiten, baina iruditzen zitzaion ez zutela jakin behar, ezin zutela jakin. Ruanda ez zuen ia inorekin komentatu, ingurukoekin beharbada, ez askorekin.
«Zer da Ruanda, Irene?»
Eten bat egin zuen. Ikusi zuen Irenek ez zuela erantzungo, ez zekiela zer erantzun. Beste tonu batekin hasi zen.
«Errazago: hiriburua, Irene, Ruandakoa?»
«Kigali.»
«Eta unibertsitatea, handiena?»
«Butare...»
«Zenbat hil zituzten 1994an, Irene?»
«Milioi bat. Tutsiak. Hutuak ere gero... Errefuxiatuak...»
«Ikusi duzu, Irene? Asko dakizu... Ruandaz... Gehiegi ere bai. Hori pentsa dezake baten batek... Eta seguruena gogorra irudituko zaizu, hangoa, han egin zirenak, hiltzeko moduak ere bai...»
«Bai...»
«Normala da, erraza da hemendik, zure Algortatik... Egon zara Ruandan, Irene? Badakit ezetz, badakigu. Unibertsitatean zeunden 1994an, zelako buruko minak, Irene, 1994an, azterketak, amaren bazkariak...»
Irenek keinua egin zuen burua jiratzeko, iruditzen zitzaion gizonaren aurpegia ikusi behar zuela une hartan. Hobeto pentsatu zuen, ordea, ez zuen lepoa mugitu ere egin. Jarraitu egin zuen gizonak.
«Baina konplikatuagoa da zurea, Irene, ez da Ruanda bakarrik: Baader-Meinhof, Sendero Luminoso, Angry Brigade, Irail Beltza... Guztiari begiratu diozu zuk... Hainbat lekutan irakurri duzu nola bahitu zituzten Irail Beltzekoek Municheko olinpiadetan Israelgo kirolariak. Enpatia moduko bat ere bai, esango nuke... Irene? Enpatia apur bat, Irene?
Ez zuen erantzun.
«Baina ez zenuen enpatia bera izan, seguru nago, seguru gaude, horren ondoren Mossadekoek erantzun zutenean, Irail Beltzekoak bilatu eta hil zituztenean... Hori uste dugu...»
Eten bat egin zuen. Paperak.
«Armeniako Nemesisekoak ezagutzen dituzu, Irene? Seguru... Gauza bera egin zuten, Mossadekoek egin zuten gauza bera, baina turkiarrekin, armeniarren genozidioa lagundu zuten turkiarrekin: Europa osotik bilatu eta hil. Armeniarrekin enpatia gehiago beharbada, ezta, Irene? Hori esango nuke... Mossadekoen gauza bera egin arren, berbera, asmoa, ideia.»
«Ez dut hori ezagutzen... Armeniarrena...»
«Berdin dio... Milgram ezagutzen duzu, hori badakit, Milgramen ikerketak ere bai. Adolf Eichmann eta Milgram, ezta? Lotuta doaz... Obeditu baino ez zuela egin, hori esan zuen Eichmannek Israelgo epaiketan, horregatik hil zuela, horregatik erraztu zituela hilketak, esparruetan, gas-ganberetan...»
Isildu egin zen. Irenek Eichmann gogoratu zuen.
«Baina berriro sartu zen Mossad. Berriro Mossad, Irene. Bilatu zuten Eichmann, Argentinan aurkitu, bahitu, Israelera eraman. Hor Mossadekoa ez zaizu hain txarto irudituko beharbada... Dena oso erlatiboa, ezta, Irene? Mossad bai batzuetan, beste batzuetan ez, baina agenteak berberak, asmoak, egiteko moduak... Konplikazioa, ezta, Irene?»
Isildu egin zen tarte batez gizona, ematen zuen Irenek horri erantzutea nahi zuela. Pelikulan berriro agertu ziren azpitituluak.
Aztoratuta Irene, apur bat zorabiatuta ere bai, datuak, Milgram, Eichmann, Ruanda, lo falta, ez zekien nola erantzun, ez zekien zer entzun nahi zuen gizonak.
«Ez dakit...»
«Hara. Horra. Irene Arrias... Ematen du gauza asko jakinda ia ezer ez dakizula. Hori da... Zure Algortatik...»
Haserre puntu bat igartzen zitzaion gizonari orain, ez gehiegi ere. Ematen zuen oso ondo zekiela tonuari eusten, Ireneri haserre apur hori erakutsi nahi izan zion, besterik ez. Jarraitu egin zuen.
«Zenbat aldiz hitz egin duzu Afrikaz, Hego Amerikaz? Estatu Batuetan egon zara, Mexikon, hortik behera inon ez. Zure Algortatik... Gogoratzen duzu nola jan zituzten japoniar batzuek pertsonak gerran? Horretaz ere hitz egin duzu...»
«Bai.»
«Ba berdin dio: hori ez da pertinentea... Ikusi duzu inoiz kalashnikov bat? Badakit ezetz, badakigu. Iaz hil zen asmatu zuena, duela bi urte beharbada, hiru, Mikhail Kalashnikov... Jakin duzu hori? Iazko asto hilak aurten lurruna. Askotan esaten duzu esaera hori, ezta? AK-47, jakin duzu duela gutxi hil dela...?
«Ez.»
«Zergatik ez Sierra Leona, Irene? Edo Hegoafrika, Somalia?
«...»
«Zergatik Ruanda?»
Irenek ez zuen erantzun, ez zekien zelan. Luzeago aritu ziren, gizona batez ere: datu gehiago eman zituen, guztiak ere inoiz Irenek ibilitakoak, berri batzuk ere bai. Oso zehatz hitz egiten zuen.
Une batean, ordea, gizonak ulertu zuen Irenek ez zuela asko hitz egingo, ezin zuela beharbada, aztoratuegi zegoela, gauzak ulertu behar zituela hitz egiten hasi baino lehenago. Gelara itzultzeko baimena eman zion orduan, baina Zergatik Ruanda, galdetu zion berriz aretotik irten aurretik. Gelan horri buruz pentsatzeko aholkatu zion. Bueltako bidea askozaz laburragoa iruditu zitzaion Ireneri.
Gelan argiak jarraitzen zuen, intentsitate bera, baina musikarik ez, zaratarik. Bakarrik utzi zutenean, ate ondoan geratu zen Irene. Ez zekien zer egin behar zuen, non jarri, burua nahasita oraindik, gizonaren ahotsa, galderak, komentarioak.
Leihoetarantz joan zen, han sosegatzen zen ondoen, belarra, zuhaitzak, zeru zati bat. Eguna ote zen ikusiko zuen, gaua, ez zekien... Errezelak apurka erretiratu zituen, baina ezin izan zuen kanpokoa ikusi: pertsianak jaitsi zituzten, metal itxurakoak, beheraino, zulorik txikiena ere ez. Modu instintiboan begiratu zuen leihoaren alboetan, pertsianak altxatzekoa bilatu zuen, ondo zekien arren ez zela pertsianak altxatzera ausartuko. Gelaren erdian jarri zen gero guztiari begira.
Pentsatu zuen galdeketaren ostean gauzak aldatuta egon zitezkeela, beste jarrera bat hartuko zutela beharbada, utziko ziotela lo apur bat egiten, lasaitzen, behar zuen. Irenek galderaren bati erantzutea nahi bazuten, utzi beharko zioten lasaitzen, atsedena, lo apur bat behintzat. Horrela pentsatu zuen, iruditu zitzaion logikoa zela, ez zuen zalantzarik egin, ohean jesarri zen. On egin zion koltxoiaren bigunak. Ez zen deskargarik, ez zuen ezer sentitu, etzatea erabaki zuen. Burkoa hotz zegoen, berehala epeldu zen. Ikusi zuenean posizio horretan ere ez zegoela deskargarik, asmatu egin zuela pentsatu zuen, aldaketa zegoela, galdeketa aurretik eta galdeketa ostean. Tapakiak belaunetatik gora altxatzen hasi zenean, ordea, kolpea jo zion, deskarga, aurrekoen modukoa. Berehala altxatu zen, ez zuen ulertzen, ez zion buruak ematen.
Gelatik pausoak egiten hasi zen, pauso absurdoak. Bular artean antsia moduko bat zuen, itoa, ez zekien deskargak eraginda, nerbioek, lo ezak, egoerak. Hankek behar bezala eusten zioten, baina bigun. Apur bat lasaitu zenean, horma baten kontra jarri zuen sorbaldetako bat, koadro biren artean, Tosuko etxean egon zen moduan, beste ezer ukitu gabe.
Begiak ixten ari zitzaizkiola sentitu zuen orduan. Haize korronte bat nabaritu zuen orkatiletan orduan, leuna guztiarekin ere, doi-doi igurzten ziona hanketako azala, baina ez zena nahikoa loa galarazteko. Iruditu zitzaion topatu zuela leku bat, han ezin ziotela ezer egin. Besoak bularren aurrean gurutzatu zituen.
Argia amatatu zen orduan, erabat, pertsianen artetik ere ezin zelako argirik sartu. Begiak irekiarazi zizkion horrek Ireneri, logikaren kontra. Aldaketa handiegia iruditu zitzaion, begiak zabalik behar zituela pentsatu zuen.
Lehen minutuetan ez zen ezer ere gertatu, atezuan egon zen, begiak zabalik. Baina masailean zerbaitek ukitu ziola sentitu zuen halako batean, esku bat, atzamar batzuk, likatsuak, izerdituak, ez zekien, ez zuen ezer ere ikusten. Eskuak mugitu zituen aurpegiaren aurrean, uxatu egin nahi zuen masaila ukitu ziona, edozer zela ere. Arin mugitu zituen eskuak, ez zuen ezer ukitu.
Eskuak mugitzeari utzi zionean, segundo gutxira, lokia ukitu zion beste zerbaitek, ilea, ezpainak ere bai. Bustia sentitu zuen ezpain ertzetan, samatik jaisten ere hasi ziren. Irene bere gorputza kolpatzen hasi zen orduan... Ukitu haiek baztertu nahi zituen, baina zail egiten zitzaion: parte bat kolpatzen zuenerako, mugitu egiten zen ukitua, gero eta nabarmenagoa, arropa gainetik orain.
Intziri txiki bat egin zuen Irenek, kuzkurtu egin zen, bere baitan bildu, bularrak belaunen kontra, hankak oso itxita. Argiak piztu ziren une batean, piztu eta itzali, ez betiko intentsitatean, baina gauzak ondo ikusteko moduan. Irenek zalantzarik gabe ikusi ahal izan zuen orduan ez zela inor bere inguruan. Urduriago jarri zuen horrek, logikaren kontra. Berriro amatatu zituzten argiak gero, berriro erabat ilun. Zango-bizkarrei heldu zien lehen baino gogorrago.
Berehala hasi ziren ukituak berriro. Orain ez zien kontra egiten Irenek, burua belaunetan, aurpegia. Nabarmenagoak ukituak, arropetatik tiratzen zioten, beso bat ateratzea lortu zuten, jakatik kanpo, gona apur bat igo zioten behetik, apur bat jaitsi goitik, leku guztietara heltzen ziren, Irenek ez zuen ulertzen nola. Estututa sentitu zituen birikak, tripa, nahasita, arnasa ere desorekatuta.
Gelditu egin ziren ukituak halako batean, askozaz gehiago ezin zutenean egin. Denbora asko egin zuen Irenek jarrera berberean, ito berberarekin, tripak. Ohartu gabe lokartu zen gero, posizio horretan, baina oihu moduko batek esnatu zuen. Iruditu zitzaion oso denbora gutxi egin zuela lo, minutua, segundoak. Gizon biak zituen aurrean, jarraitzeko eskatu zioten. Gelatik irten ziren.
Zine-gela berera eraman zuten Irene, besaulki berean eserarazi. Aretora sartu zirenean, hutsik topatu zuten, ez zegoen aurreko eguneko gizona. Pelikula bat pantailan, zuri-beltza, soldadu batzuk etzanda, armak, ahotsik gabe, hauts harrotuan ikusten ziren eztandak. Bigarren Mundu Gerra ematen zuen, ez zitzaion Vietnam iruditzen, Korea. Estatubatuarrak aktoreak seguruena, aurpegiak zikin, hori ematen zuen zuri-beltzean.
«Pentsatu egin duzu?»
Asaldatu egin zuen ahotsak. Gelan bakarrik zegoela uste zuen, seguru zekien bakarrik zegoena. Ahotsa aurrekoan baino hurbilago sentitu zuen ordea. Atzera begiratzeko keinua egiten hasi zen, baina ez zuen begiratu azkenean, berriro pentsatu zuen ezin zuela, ez zeukala horretarako baimenik. Tanke baten zati bat ikusi zuen pantailan.
«Ez... Ez dut... Ez dakit. Ez.»
Irenek tatarrez hitz egin zuen, pentsamenduak, ideiak, ezin zuen gehiago egin, buruak ez zion ematen. Pantailan eztanda handi bat, aurrekoak baino handiagoa.
«Ulertzen dut... Zer? Txarra tratua? Goian? Esan diet ez...»
«Ez, tratua ez. Ez dakit. Zorabiatuta nago.»
Eten bat egin zuen gizonak, Ireneri denbora eman nahi izan balio bezala, lasaitzeko, artezteko, burua ekartzeko zine-gelara, hogei, hogeita bost besaulkikora. Minutu bat, ia bi isilik.
Irenek ez zuen pelikula ezagutzen, hori uste zuen. Gizonak aurrekoan esan zion pelikula guztiak ikusi zituela... Umetan beharbada, gaztetan, ez zekien. Jarraitu egin zuen gizonak.
«Gogoratzen duzu A.J. Bellamy?»
«Ez». Zalantza egin zuen Irenek. «Ez dakit. Ezagun egiten zait. Ez dakit nondik.»
«Unibertsitate irakaslea. Queensland. Australia. Ez?»
«...»
«Haren liburu bat irakurri zenuen, ingelesez, zati bat beharbada, ez osorik beharbada. Dakidanagatik, dakigunagatik, nazka apur bat ere eman zizun. Just Wars liburua, bidezko gerrak, noiz den gerra bidezkoa, noiz ez, sailkapenak, definizioak. Orain bai?»
Baiezkoa egin zuen Irenek buruarekin, gizonak ikusi egin zuen.
«Combatant eta non-combatant... Gogoratzen duzu? Noiz hil daitekeen pertsona bat gerran zigorrik gabe eta noiz ez: emakumeak eta umeak inoiz ez... Soldaduak, agintariak... Nola sailkatuko zenituzke zuk, Irene?»
«Ez nituzke... Uste dut ezin dela. Ez zait iruditzen...»
«Klaro, klaro... Hortik kanpora zaude zu... Kanpora baino gehiago ere bai: hortik gora zaude zu... Ez da gerra arautu behar, egon ere ez du egon behar, zertarako gerra, ederra ideia, noblea. Zure mundutik esan daiteke, erraz, Algortatik, Alangobarritik, ideien mundua, soseguarena, oso biribildua dena.»
Eten bat egin zuen, ahotsa aldatu.
«Guztiari begiratzen diozu zuk, Irene, ondo dakit nik hori, ondo dakigu... Horretan nire antza daukazu, oso antzekoak gara horretan... Seguru ikusi duzula, konturatu zarela... Baina horretarako ez da oso argia izan behar, zure buruaren erdiarekin nahikoa, laurdenarekin... Seguru ikusi duzula beti egon izan dela, gerra esan nahi dut, leku guztietan, historian, idatzitakoan, historiaurrean. Esaten da jaio diren guztiek ikusi dutela gerraren bat, gerra asko, hurbilago, urrunago... Hori ulertuko duzu, ezta, Irene, arrazoizkoa da, beti egon izan dela eta beti egongo dela...»
«Hori da lehenengo gezurra...»
«Gezurra, klaro... Ariketa bat egin ahal dugu, Irene, jolas bat... Erraza da, ez arduratu, berriro egongo garelako ideien munduan, zure munduan...»
Eten txiki bat egin zuen.
«Erraza da jolasa, Irene, ez arduratu: pentsa dezagun, momentu batez pentsa dezagun, ardura hori daukazula zuk, agintariarena, gobernuan zaudela, herrialde batean, nazio batean, handiagoa, txikiagoa, berdin dio... Zer egingo zenuke horrekin? Esan nahi dut: soldadu guztiak kendu? Hori egingo zenuke? Armada osoa? Armak eurak?»
«Baina... Ez dut nik... Pentsatu behar da... nola...»
«Nola... Hori da... Armak, adibidez. Zer egingo zenuke armekin? Apurtu? Erre? Lurperatu, Dro jeneralak bezala? Saldu? Baina zure ideia nobleen munduan ezin izango ziren saldu, ezta? Arazoa beste bati pasatzea hori... Ez da noblea: etika, morala... Baina armak ere dirua dira, eta gure ariketan, gure jolasean, horren ardura ere baduzu, diruaren ardura, ezin duzu bota...»
«Ez nuke botako...»
«Dena dela, hori guztia egin eta gero, soldaduak kendu, armada, egitura, armak ere bai..., inguruko batek, hurbilekoak, urrunekoak, berdin dio, inguruko estatu batek, militar batzuek, adibidez, erabakitzen badute halako batean zure ardurako pertsonak, zure herrikoak, zureak hiltzea, bortxatzea, fusilatzea, gas-ganberetan sartzea... Orduan lanak, ezta, Irene? Nola erantzun orduan? Zer? Beste estatu bati laguntza eskatuta beharbada? Beste armada bati? Baina hori ere ez da zure ideia nobleetan sartzen, ezta, Irene?»
«Ez. Ez dakit. Ez.»
«Eta beti egon dira zoroak, Irene, agintariak, militarrak... Beharbada ez dira zoroak. Zer dira? Ez dakit... Besteena nahi dutenak beharbada, diruak, jabetza, interesak ere bai... Beste zerbait ekarriko dieten interesak, lausotzen diren interesak askotan, nahita, nahi gabe. Beti egon izan dira, Irene, eta beti egongo dira, erraza da hori ulertzea, onartzea, ezta, Irene?»
«Ez... Ikasi egiten da hori ere. Ikasi egiten da... Dena. Alde batera eta bestera. Ikasi... Zorabiatzen ari naiz.»
Pauso batzuk sumatu zituen Irenek atzean eta andre baten eskua ikusi zuen gutxira bere masailaren ondoan, baso bat ur. Hartu egin zion, apur bat edan, bekokian jarri zuen hotz zegoela sentitu zuenean. Bere onera etorri zen, ez erabat.
«Hobeto?»
«Bai.»
Oraindik segundo batzuk egin zituen gizonak isilik. Pantailan gizonezko bi ari ziren hizketan, ahotsik gabe, uniformean.
«Baina RFP besterik da, ezta?»
«RFP?»
«Ondo ezagutzen duzu RFP, Irene... Ez hasi orain... Tutsien hori, Irene, tropak, armada, atzerrian prestatu zutena, Ruandara sartu zena 1994an, Paul Kagame, militarrak... Bai, ala?»
«Bai.»
«Hori besterik da, ezta? Armada hori desberdina da, beharbada, ezta? Hilketak gelditu zituzten, 1994koak, genozidioa gelditu zuten, horregatik da desberdina armada hori... Zure buruan ere, seguruena, desberdina da armada hori, ezta, Irene? Onerako beharbada...»
«Onerako...? Beharbada... Ez dakit. Kontua da gero...»
«Bai... Gero... Egia da... Esaten dute astakeriak gero, egia da, tropek, soldaduek, hori esaten da, hildako asko, egia... Beraz, armada bat onerako izan daiteke orain eta txarrerako gero... Ez dakit nola biribilduko duzun ideia hori zure buruan, Irene, ideia perfektuak, nobleak... Iruditzen zait balantza asko egiten dituzula, gehiegi, ezta, Irene?»
«...»
«Zergatik nahastu dituzu Ruanda eta ETA, Irene?»
Beste behin harritu zuen galderak, dena zekien, dena zekiten. Harrezkero ez zion bere buruari galdetzen nola jakin zezaketen... Pelikula aldatu zuten orduan, audioarekin orain baina oso apal. Viggo Mortensen aktorea pantailan, zubi bat... Berehala identifikatu zuen filma.
«Zergatik Ruanda eta hau?»
Irenek ez zekien nola erantzun, burua garbi izan zuenean ere ez zukeen jakingo. Isilik geratu zen gizona. Etxe baten aurrean aktorea orain, semearekin, deserrotua etxea, griskara.
«Zutundu zaitezke?»
Baietz erantzun zion Irenek, zutundu egin zen. Gizonak berak lagundu zion gelaraino, ez zien besteei deitu, Ireneren atzetik beti. Ez zuen zorabiorik sentitu, tentsioa bai. Iruditzen zitzaion oso hurbil zuela gizona atzean. Gelako atea arin zabaldu zuen, gizonak itxi zuen gero, astiroago, giltzak, pausoak. Gelan beste argi mota bat.
Erretilua ikusi zuen Irenek alfonbran, aurrekoan bezala, leku berean, jatekoak ere antzekoak, fruitu lehorrak, solomoa, gazta, jogurt txiki bi, ogia. Apurka jan zituen zati batzuk. Gose larririk ere ez, zorabioagatik jan zuen gehiago, makalaldiagatik, pentsatu zuelako on egingo ziola. Tripak ez zion gehiegi ere onartu.
Leihoetara hurbildu zen gero, beti egiten zuen moduan, astiro, orduak zituen ezer egin gabe egoteko. Ikusi nahi zuen pertsianak altxatu zituzten, zerbait aldatu zen... Errezelak ere astiro erretiratu zituen, baina leku berean zeuden pertsianak, beheraino, zulorik txikiena ere ez. Abaildura moduko bat Irenek orduan, ez ziolako antzik ematen denborari, erlojua ere desagertu egin zitzaion eskumuturretik, gaua, eguna. Minutu batzuk egin zituen errezela atzamar biren artean.
Berriro itzuli zen gelaren erdira. Lanpara bakar bat zegoen piztuta, ohe ondoko mahaian, txikia, argia ere oso apala. Irene ohartu zen halako une batean pizteko eta amatatzeko botoia ere bazuela. Pentsatu zuen orduan lehenengoz kontrolatu ahal izango zuela argia, eta aldaketa zela hori. Aldaketa handia iruditu zitzaion izan ere, handiegia.
Hurbildu egin zen, makurtu, botoia sakatu... Ez sinesteko modukoa iruditu zitzaion argia amatatzea. Beste aldera sakatu zuen gero, piztu egin zen. Hiru-lau aldiz errepikatu zuen, sinesteko zaila egiten zitzaion, lelotu egin zuen botoiak une batez.
Garbi zuen orain zerbait aldatu zela. Ulertu zuten, beharbada, lo egin barik ezin zuela Irenek gauza handirik esan, koordinatu. Atseden minimo bat utziko zioten beharbada, burua behar bezala ordenatzeko, orekatzeko... Lanpararena gonbidapen moduko bat bezala ulertu zuen Irenek, ohera sartzeko, epela, loa ere bai, gutxienekoa. Hala ere, denbora luzea egin zuen lanparari begira, oheari begira, tapakiak, izarak, musker kolorea, zutunik. Bueltaka hasi zitzaizkion gauza asko buruan orduan, gizonaren ahotsa, Ruanda, ETA, Baader-Meinhof, Limako txakurrak, Kigalikoak, ume erreak. Zutunik hori guztia, lanparari begira.
Ohean jesartzera ausartu zen. Apur bat okertuta gorputza, pisua izter baten gainean jarri zuen... Deskargak jotzen bazion, beste izterra eta parterik mingarrienak libratuko zituen. Izan ere, beldurra hartu zion deskargari, merezi zuena baino gehiago beharbada. Minutu asko egin zituen horrela... Apurka lasaitu zen ordea, ohitu, ikusi zuen ez zela deskargarik, ez zela egongo. Normal eseri zen, baina ez zen oraindik etzan.
Etzan eta tapatu aurretik hasi zen gozatzen, hartu ahal izango zuen atsedena aurretik gozatzen. Kalkulatu zuen egunak zirela, ez zekien zenbat, asko, lo egin barik, etzan barik, beharrizana handia zuela, hori pentsatu zuen. Biriketan mina sentitzen hasita zegoen, lo falta seguruena, bular barruan batez ere, leku guztietan. Sumatzen zuen, gainera, birikak baino zabalagoa zela min hori, eztarrian ere bai, hankak oso bigun, besoak.
Pentsatu zuen gauzak behar bezala egin behar zituela lotan geratu baino lehen: altxatu egin zen, komunera joan. Inoiz baino argiago sentitu zuen komun-ontziaren eta ohearen tenperatura desberdintasuna, hotzikara ere bai, ohera itzuli zen berehala. Berriro eseri zen, berriro izter baten gainean, minutuak, lasaitu berriro... Normal jesarri zen azkenerako, ez zen ausartzen etzatera oraindik.
Berrogei minutu baino gehiago egin zituen jarrera horretan. Zine-gelan esandako batzuk berritu zituen, osorik batzuk, erdizka. Gogoratzen zuena berehala ahazten zuen, esaldi zatiak etortzen zitzaizkion. Izaren zati berdeak ukitu eta sinistu zuen ez zela deskarga gehiago egongo.
Etzan egin zen azkenean. Ahalik eta gutxien ukitu nahi zuen koltxoia hala ere: belaunak gora, gerria bihurrituta, lepoa apur bat altxatuta, atezuan, deskargari begira. Lasaitzen hasi zen apurka, jarrera naturalagoa hartzen, epela, betazalak ere apur bat beheratu zitzaizkion. Ez zuen lanpara itzali, ez zion lo egiteko enbarazurik egiten. Ez zuen itzali beldurra zielako ukituei, ondo gogoratzen zuelako sentsazioa. Tapaki guztiak jarri zituen, besoak gorputz aurrean gurutzatu, gora begira, lokartzen hasi zen.
Amets txiki bat eginda zeukan zerbaitek esnatu zuenean, aurpegia ukitu zion zerbaitek. Begiak zabaldu zituen, lanpara itzalita zegoela ikusi zuen. Ukitua ez zen aurreko aldikoak bezalakoa, artifizialagoa orain, plastikoa beharbada.
Segundo batzuk geroago, ordea, esnatu eta berehala, minutu batera beharbada, presio bat sentitu zuen aurpegi osoan, plastikoa itsatsi balitzaio bezala... Gero eta zailagoa Irenek arnasa hartzea, ematen zuen zimur guztietara itsatsi zitzaiola plastikoa. Ahalegina egin zuen kentzeko, baina ezin izan zuen milimetro bat ere bereizi, itsatsita zuen, ito sentsazioa. Gorputza ere ezin zuen mugitu, konturatu zen zerbaitek heltzen ziola gerritik. Itoa bular barruan, ahoan, sudurrean, birikak. Konortea galtzeko jarri zen momentu batean, ezin zuen gehiago, baina plastikoa berez bereizi zitzaion.
Ukondo gainean jarri zen Irene, arnasa ahal izan zuen moduan hartu, ahal izan zuen beste. Negarrez hasi zen, tripa azpiak bigundu zitzaizkion, negar arraroa egin zuen, lasaitu egin zen apur bat gero. Baina arnasa berdindu ahal izan zuenean, ez erabat, berriro itsatsi zioten plastikoa aurpegira. Ezin zuen sinistu, itoa berriro, lehen baino okerrago beharbada... Asko mugitu zen ohean, ahal izan zuena, zarata arraro bat saman. Iruditu zitzaion azken itoa zela hura, baina berez kendu zen plastikoa orduan berriro. Bost aldiz gero gauza bera.
Gelako atea zabaltzearekin batera, aurreko aldietako argia piztu zen, intentsitate handikoa, mingarria begietan. Irenek ez zekien lo egon zen ala ez, begiak itxita bai, irudiak buru barruan, baina ez zekien lo egin ahal izan zuen. Lo urduria gehienez ere, gutxiro esnatzen zuena, atseden gabekoa, hori zen sentsazioa.
Gizon biak sartu ziren gelara orduan. Altxatzeko esan zioten Ireneri, berriro jaitsi behar zuela. Irenek ahal izan zuen moduan eseri zen ohean, asko kostatu zitzaion, min handia gerrian, saihetsetan. Presio handia sentitzen zuen bular barruan, erdian, erditik ezkerrera... Bazekien zer zen, zer izan zitekeen, min ematerainoko presioa, arnasa ere kostata. Hankak eta besoak ere ez ziren betiko moduan mugitzen, hankak batez ere, ezin zuten, indarra. Irenek asko pentsatu behar zuen nola mugitu behar zituen, askotan egiten zuen estropezu hala ere, zutunik jarri zenean ulertu zuen.
Korridoreko argiak lasaitua eman zion beste behin ere, baina eskailerak jaisten nabaritu zuen ondoen burua lehertzeko zuela, handituta edukiko balu bezala, kolpeka odola, lokietan, aurreko partean ere bai, bekain gainean. Ez zuen ulertzen nola ez zen konturatu ordura arte.
Aurrekoetan baino askozaz gehiago kostatu zitzaion zine-gelara heltzea. Makurtuta zihoan, aurrerantz, sorbalda bat bestea baino beherago; iruditu zitzaion bularreko mina apaldu egiten zitzaiola jarrera horretan. Askotan egin zuen estropezu, hormen kontra jartzen zituen eskuak. Gizonek ez zioten behin ere lagundu, altxatu, ez zioten ezer esan, arinago joateko ere ez.
Zine-gelan betiko gizona, zutik baina beste aldera begira, jakaren atzeko partea baino ezin zion Irenek ikusi. Aurrera jarraitu zuen, betiko lekura, oso astiro orain ere, eta besaulki-ilaran sartzera egin zuenean, okertu egin zela esan zion gizonetako batek, aurreko ilaran sartu behar zuela, bigarren ilaran, bigarren besaulkian. Kasu egin zion Irenek, baina estropezu egin zuen lehen besaulkiarekin, min handia belaunean. Aurreko besaulkian jarri zituen eskuak lurrera ez jausteko. Ukondoak tolestu zitzaizkion, baina jausi gabe eutsi zion. Pentsatu zuen hobeto egongo zela jesarrita, hala sinistu zuen lehenengo momentuetan... Ez zegoen hobeto, inondik ere: itoa, arnasa, presioa bularrean, berdin, antzera.
Pantailan pelikula bat, ingelesez, azpitituluak portugesez. Pelikulako koloreak oso argiak, zurien tonu guztiak, Irenek oso arin identifikatu zuen. Harrigarri egiten zitzaion nola pentsa zezakeen horretan, nola bereiz zezakeen bere buruak pelikula hori beste guztietatik, halako egoeran, burua, gorputza, itoa. Guztiarekin ere, sekuentzia bat baino gehiago jarraitzeko modua izan zuen.
«Txarto, ezta?»
«Bai...», ahotsa guztiz pobretuta zuela ohartu zen Irene.
«Zerbait behar duzu?»
«Ez.»
Sumatzen zuen Irenek ezerk ez zizkiola minak arinduko, gizonak eman ziezaiokeen ezerk, itoak, presioak bularrean. Medikua behar zuela, ospitalea beharbada, sentsazio hori zuen, ezin zuen beste ezer erabili buruan.
«Gauza gehiegi, ezta, Irene?»
«Zer gehiegi...?»
«Gehiegi: Berlin, Londres, Mosku, Mosku barrukoak, NKVD, Lubianka, Bukarest, Esmirna, Erevan... Uste duzu dena ulertu duzula, Irene, dena ikasi duzula?»
«Ez...»
«Baina dena ikasten da. Aurrekoan esan zenuen... Zuk oraindik ez duzu ikasi, bidean zaude beharbada, zure mundu noblean hori pentsatuko duzu beharbada, apurka egin behar dela, ikasi, ulertu, prozesu horretan zaudela pentsatuko duzu beharbada...»
«Ez dakit, nik...»
Irene ohartu zen zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta okerrago sentitzen zela, arnasa, itoa, zerbait apurtuko balitzaio bezala barruan, bularrean, beherago, lehertu. Asko kostatzen zitzaion hitz bakoitza, isiltzea erabaki zuen.
«Dena ikasten da. Zeuk esan zenuen. Eta ikasten denean, irakatsi. Eta alderantziz. Beharbada ez duzu horretan pentsatu... Guk bai. Pentsatu duzu horretan, Irene?
«Ez.»
Ez zekien zeri erantzun zion ere, ez zuen pentsatu. Berdin zion orain, gehiago zegoen bere gorputzari begira, gorputz barruari, leherketei. Iruditu zitzaion odola sentitzen zuela ezohiko bideetatik... Ezkerreko eskua altxatu zuen, ezkerreko lokia ukitu.
«Denbora asko egiten duzu umeekin, ezta, Irene? Alabarekin, lagunekin... Ahal duzun denbora gehiena, ezta, hori da zure asmoa, ezta, Irene?»
«...»
«Asmo noblea, hori da, nola ez, Irene, nola ez... Eta dena ikasten da. Batez ere umetan. Baina umeek arin hartzen dituzte urteak... Berehala daukazu hogei urteko alaba, Irene... Eta gauzak ulertzen hasiko da noski. Baina umetan ikasi duenetik ulertuko ditu gauzak, horri tiratuko dio gauzak ulertzeko. Dena dago bideratuta, hala ematen du, alde batera, bestera... Kontua da nork bideratzen duen... Horretan, Irene? Pentsatu duzu horretan?»
«...»
«Umeak ez dira hain ume beharbada, ezta, Irene?»
Pantailako pelikula zeharo ilundu zen orduan. Azpititulu zatiak irakurtzen zituen Irenek, portugesez, lantzean behin. Ez zuen, ordea, atzeko gizonaren arrazoibidea jarraitzen, ezin zuen, zatiak aditzen zizkion, guztiz ulertu gabe.
Pelikula kendu zuten halako batean, konturatu balira bezala pantailari adiago zegoela Irene gizonari baino. Pantaila zuri, gizonaren ahotsa argiago. Irenek ez zekien zertaz ari zen hitz egiten orain, nondik zetorren, baziren minutu batzuk...
«... Tolkien 14ko gerran; Lobo Antunes kontrakoa. Ulertzen duzu portugesa, Irene?»
«Apur bat.»
Beste zerbait jarri zuten pantailan. Ez zen pelikula orain: grabazio normal bat, kamera sinple batez, eskola batean, umeak, irakasleak. Mahaiak ez zeuden gela itxi batean, lorategia ematen zuen, belarra, zuhaitzen bat, eguna ere ona, eguzkia. Guztira 10-12 ume, irakasle bi, gazteagoa bat, 50 urtetik gorakoa bestea. Ez zeukan azpititulurik, inork ez zuelako ezer ere esaten, aditzeko moduko ezer ere ez, umeen zarata baino ez, barre batzuk. Irakasleak isilik, kamerari begira noizik behin.
Umeak binaka, hirunaka hasi ziren fokatzen gero, mahaiaren bueltan eserita. Gizona isildu egin zen orduan, beren-beregi seguruena, Irene pantailari adiago egoteko. Inpresioa zen umeak gustura zeudela, barreka gehienak, kamerari adi batzuk.
Grabazioaren lehen minutua betetzeko segundo gutxi batzuk falta zirenean ikusi zuen Irenek alaba lehenengoz, argi, oso argi, nahi izango zukeena baino argiago, 10-12 ume haien artean, mahaiaren bueltan eserita, belarretan. Irakasleak ez ziren alabaren irakasleak, ikastolakoak ere ez... Umeak ere ez ziren alabaren gelakoak, adinekoak bai, baina oso desberdinak, arropak, orrazkerak. Lorategia hobeto ikusi zen une batean, Irenek ulertu zuen ez zuela ezagutzen, seguru zen ez zela sekula egon. Berriro agertu zen alaba pantailan orduan, gustura ematen zuen, pozik ere bai, umeekin hitz egiten zuen, irakasleekin, natural.
Itoa inoizko bizien berritu zitzaion Ireneri, bularreko presioa. Zutunik jarri zen, aurreko besaulkietan jarri zituen eskuak, burua aurrera, alabarengandik hurbilago egoteko beharbada. Zorabioa ere handia, aurrekoak baino handiagoa, arnasa etenda, kolpera, ia guztiz. Orban zuri batzuk ikusi zituen begien aurrean, laino modu batzuk, begien bazterretan hasi eta erdira ixten ari zirenak, ia ikusmen osoa zuritu arte. Hankak bigundu zitzaizkion orduan, indarra galdu, guztiz, lurrera jausi zen, besaulkien artean. Egurrezko zorua ikusi zuen hurbiletik, harik eta laino zuriek begi osoa hartu zioten arte. Hortik aurrera ezer ere ez. Hortik aurrera ezer ere ez baino askozaz gutxiago beharbada.
Algorta, 2009-2014