Aurkibidea
Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio
Aurkibidea
Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio
Izaretan
Amak ate aurrean itxi du euritakoa, giltza sartu baino segundo batzuk lehenago. Gona busti du euritakoa ixteko mugimenduan, tanta batzuk baino ez, asko ikusten direnak, ordea, gona grisean. Alkandora ere busti du, izkina batean, tantarik lodiena beharbada, eta hezea sentitu du azalean, gerrialdean. Tentsioan jarri du horrek guztiak. Deseroso dago gainera hainbeste gauza eskuetan, poltsa, giltzak, euritakoa.
Sarrailan sartu du giltza orduan eta, atea zabaltzeko mugimenduan, ukitu txiki bat egin dio ateko egurrari euritakoarekin. Uste baino askozaz ere tanta gehiago gelditu da atean inprimatuta, hiru-lauk behera egin dute bernizetik. Horrek ere urduri jarri du ama.
Etxera sartu, hallean euritakoa utzi eta egongelako besaulkietako batean ikusi ditu aita-alabak, aitaren gainean jesarrita umea. Agur lauso bat egin die, gehiago adierazten duena lanetik dakarren aldartea beste ezer baino. Kalerako gauzak bazter batean utzi ditu, geroago eramango ditu logelara, armairura batzuk.
Alabarengana hurbildu da gero, musu eman dio ilea eta lokia elkartzen diren zatian eta berehala hasi da etxeko gauzak antolatzen. Umeak ez dio ezer esan, musua hartu dio, eman ez, aitarekin jolasten jarraitu du. Gutxiago egoten da aitarekin, baina aldrebes izan da atzo eta gaur. Bihar ere berdin jarraituko dute, erdi libre aitak ostegunera arte.
Ama korridoretik mugitzen hasi da aurrera eta atzera, normalean baino arinago, estuago. Aitak agur txiki bat egin dio bekainekin alabarengana hurreratu denean, neurtu nahi izan balu bezala zelako tentsioa ekarri duen etxera.
Umea lotara sartu behar dutela esan du amak, behar baino ozenago beharbada, momentuak eskatzen duena baino urduriago beharbada. Umeak kontra egin dio, ez du lotara joan nahi, egongelan jarraitu nahi du. Sukaldera joan da aitaren belaunetatik jaitsita. Ez daki ondo ibiltzen oraindik, balantzak egiten ditu lantzean behin. Erdi negarrez dago, oihuak ere egiten ditu, oraindik ez du hitz gehiegi esaten, Ohera ez, Ohera ez, antzeko zerbait.
Ama sartu da sukaldera, haserre itxurak egin ditu. Umea hartu nahi izan du logelara indarrez eramateko. Ezin izan du: kontrol barik hasi da umea mugitzen, hankak, burua. Beso batekin kolpea eman dio mahai gainean zegoen edalontzi bati, lurrera bota du. Barruko ura lauzetan zabaldu da, korridoreko egurrera ere heldu, edalontziko kristala hainbat zati egin da.
Umea izutu ere izutu da apur bat hasieran, isilik geratu da, harrituta, zarata handia egin duelako edalontziak, baina berehala hasi da negarrez berriro, oihuka, indar handiagoz orain, edalontziaren zaratak eta gero. Jarraitu du mugitzen gainera, amari bultzaka. Ortozik dago eta kristal zati bat zapaldu du... Odoletan hasi da berehala, ebakia egin du oin-zolan, baliteke kristal zatiren bat izatea oraindik zaurian. Hortik aurrera umea kontsolatzea ia ezinezkoa izan da, aitak hartu behar izan du besoetan. Ama atzetik ibili zaie zer egin behar duen ez dakiela. Hiru-lau odol tanta jausi dira korridoreko alfonbra gainera.
Minez sendatu dute komunean, odolak uste baino gehiago behar izan du eteteko. Negarrez umea denbora guztian, aitaren gainean baretu da, besaulkian jesarrita, kantuak ere egon dira. Negarrak asko nekatu du umea, errazago joan da ohera, berehala lokartu. Bakarrik geratu dira aita eta ama egongelan.
Aitak normalean baino luzeago begiratu dio amari, tontakeria bat esan, etxera ekarri nahi du... Sumatu du bulegoan dagoela oraindik, itzuli gabe, baina esandakoak ez dio ezertarako balio izan, lotsagarri geratu da. Hurbildu ere hurbildu da amarengana, musua saiatu du ilean, zikin dauka, berdin dio. Hitz egiten hasi da ama, arduratuta oraindik, baina etxera etorrita apur bat.
Betiko kontuak dira amaren ahotsean, umea batez ere, etxea, dirua ere bai apur bat, lankide bat, bezeroak. Lasaitu egin da aita, ama ekartzea lortu duelako, natural hitz egiten ari delako. Moldatuko zara, galdetu dio amak halako batean, bihar esan nahi dut. Baietz esan dio aitak, ez dela horren konplikatua ere. Zortziak eta laurdenetan esnatuko dut, galdetu dio aitak orduan. Zortzietan hobeto, erantzun dio amak, gauzak trankil egiteko. Umea bederatzietan utzi behar du eskolan, goizegi iruditu zaio zortzietan esnatu behar izatea, baina ez du eztabaidarik nahi, ez orain. Oso gutxitan eraman du aitak umea eskolara, ahaztu egiten zaizkio gauzak.
Isilik geratu diren batean, zalantza egin du aitak: ez daki zelako eguraldia dakarren, ez daki, batez ere, umeari goizean jarri behar dion arropa modua. Amari galdetu dio. Bere buruarekin haserretu da ama, errua berea balitz bezala: ez du umearen arropa prestatu, zapatak ere ez. Logelara sartu beharko du berriro, korridoreko argia piztuta, armairuak zabaldu, zarata barik, arropa aukeratu, koloreak buruz gogoratzen ditu. Ahaleginik handiena umea ez esnatzeko egin du. Uste du lortu duela, umeak zirkin egin duen arren, ileak burkoan batez ere.
Egongelara itzuli da ama, nekatu itxura du. Badirudi azken betebehar horrek eguneko beste ezerk baino gehiago kontsumitu duela. Eseri orduko, ordea, animatuago hasi da. Ez dio asko iraun ordea, hogei minuturen buruan ohera joan behar duela esan du, biharamunean inoiz baino lehenago irten behar duela etxetik, seiak eta laurden.
Ama ohera sartu denean, aitak egongelan geratzea erabaki du, biharamunean ez duelako goiz altxatu behar, ez oso goiz. Liburua hartu du, baina ez du gogorik. Telebista piztu du. Hala ere, hamabiak laurden gutxiago dira ohera joatea erabaki duenerako. Kostatu egin zaio lokartzea, ez gehiegi ere, ez luke jakingo minututan neurtzen.
Biharamunean, ama altxatu denean, mugimenduak sentitu ditu aitak, atea, bainugelan, ura, euria ari duela ere iruditu zaio. Ez da guztiz esnatu ordea, begiak segundo bakar batez ere ez ditu ireki, baina ulertu du oso ilun dagoela oraindik, ez duela merezi. Ama sukaldean gosaltzen ari dela lokartu da berriro aita, uste baino sakonago.
Handik gutxira esnatu da berriro, erdi esnatu, ez luke jakingo minututan neurtzen, ez ditu begiak ireki. Mugimenduak sentitu ditu ostera, berarengandik hurbilago esango luke, gelan bertan. Ez da arduratu, ama imajinatu du armairuren bat zabaltzen, euritarako arroparen bat hartzen. Oraindik goiz dela, hori da pentsatzera baino ez da heldu. Gorputzaren jarrera aldatu du, sakon lokartzen ahalegindu da.
Aitaren ohe ondoan dauden gizon biek estalita daukate aurpegia, ezertarako behar ez duten arren. Zaharra da egurrezko zorua, uste baino zarata handiagoa ari dira egiten. Iruditu zaie beraz gauzak arin egin behar dituztela puntu horretatik aurrera.
Ematen du oso pentsatuta dutela non jarri behar duen bakoitzak eta ondoren egingo dituzten mugimenduak. Gizonetako batek ahoa tapatu dio aitari esku batekin eta bestearekin burua altxatu dio burkotik. Besteak soka sartu dio, oso arin, buru azpitik eta zintzur aurrean gurutzatu ditu mutur biak. Neurri perfektua dauka, fina da, muturretan metalezko helduleku bi ditu. Heldulekuetatik tiratu du gizonak ahal izan duen indar handienarekin, sama inguruan markatuta geratu zaio soka aitari. Asko mugitu da hasieran, baina ahoa tapatu dion gizonak eutsi dio. Ia zaratarik gabe ito dute, ama ohetik altxatu denean baino zarata txikiagoekin. Umeak ez du ezer sentitu gelan.
Gizonek berehala alde egin dute, lasai, ate nagusitik, sartu diren bezala, ondo jantzita doaz. Ez dute ezer lapurtu, ez zuten ezer lapurtu nahi, egin dutena egin nahi zuten. Ezer ez da okertu, gutxitan hau bezain erraz. Egun asko dauzkate orain zereginik gabe.
Umeak ez du ezer sentitu orduan ere, lo jarraitu du, natural, erlojuak zortziak jotzean ere, aitak esnatu behar zuen orduan. Izarak apur bat igo ditu, sorbaldetaraino.
Zortziak eta laurdenak apur bat pasatuta daudenean, etxekoei deitu behar liekeela pentsatu du amak bulegoan, nola konpontzen ari diren jakin nahi luke, minutu bat dauka batzarra baino lehen. Ez die deitu azkenean, paper batzuk ordenatzen eman du denbora hori.
Umea bederatziak bost gutxiagotan esnatu da, bakarrik, behartu gabe. Arraroa egin zaio, eskola egunetan beti esnatzen du baten batek, barneratuta dauka hori, ez du asko pentsatu behar ulertzeko. Ohetik altxatu da, dagoen bezala, ortozik, ez du oinetakorik jantzi, galtzerdirik, ez dauka inor halako gauzak agintzeko, logelatik irten da.
Egongelara joan da zuzen, han utzi zituen bezperan aita eta ama, han imajinatzen ditu. Ez daude, argia amatatuta dago, ez atzo iluntzean bezala. Sukaldera joan da gero, harlauzen hotza nabaritu du oin-zoletan. Kristalak gogoratu ditu, zauria, hozkia ere sentitu du, odola, baina sukaldea ere hutsik.
Bainugeletan sartzea erabaki du gero, baina bietako handiena hutsik aurkitu duenean, deika hasi da, Ama, ama, ama. Ematen du urduri ere jarri dela, Aita, aita ere esan du, gogoratu baitu aitak eraman behar duela eskolara. Larri dago beharbada, aurpegian ez zaio igartzen. Bigarren bainugelan ere, txikian, ez dago inor.
Gurasoen logelara sartu da azkenean, ez dago besterik. Atea ez dago guztiz itxita, bultzatu egin du, argi nahikoa sartzen da leihotik, zirrikituetatik. Aita ikusi du ohean, lo dagoela iruditu zaio. Ohera igo da umea, badaki zelan egin, askotan egin izan du, laguntzarekin hasieran, laguntzarik gabe orain.
Aita esnatzen ahalegindu da, ezagutzen dituen hitzak esan dizkio, aurpegia ukitu. Gelditu egin da. Berriro egin du esnatzeko ahalegina: hitzak ozenago orain, aita mugitzen saiatu da, ezker besoa apur bat astindu dio. Hirutan, lautan, zazpi aldiz saiatu da aita esnatzen, errepikapena luzeagoa umeengan. Gelditu egin da berriro, ez daki zer egin... Begirada galduta egin ditu segundo batzuk. Izarekin jolasten hasi da, eskuetan bildu ditu, bendak balira bezala. Marra eten urdin batzuk dituzte izarek.
Ohetik jaitsi da orduan, bere logelara joan. Ilun dago, lehen baino ilunago, ez da argia piztera heltzen. Egongelako leihotik datorren argiarekin moldatu beharko du. Puzzle bat hartu du gero, ate ondoan egiten ahalegindu da, beste guztia ilunegi dagoelako. Denbora luzea egin du gelan bakarrik, uler litekeena baino askozaz gehiago, puzzleak, panpinak, irudiak. Doministikuka hasi da, ortozik oraindik, pijama, eskuak hoztu zaizkio, lepo ingurua, gose da.
Gurasoen logelara sartu da berriro, ohera igo. Aitari gose dela adierazi dio nola edo hala, mugitu egin du, aurpegia ukitu. Ulertu du lehengo gauza berberak egiten ari dela eta ez duela aita esnatuko, lehen esnatu ez duen bezala. Begirada galduta geratu da berriro. Aitaren erlojua hartu du gero, mahai txikian uzten duena. Ulertu gabe begiratu die zenbakiei, orratzei, mahai gainean utzi du berriz.
Aitari begiratu dio orduan, bekainak, begiak, ahoa, ilea nahastuta dauka. Ezin da jakin umeak zerbait ulertu duen ala ez. Negarrez hasi da, gero eta intentsitate handiagoz... Gosea ere izan liteke, beldurra beharbada, ematen du izarak bihurritzen ari dela. Badirudi zerua apur bat saretu dela, argi biziagoa sartu da gelan.
Izara eta manta azpian sartu da umea orduan, aitaren ondoan, itsatsita ia. Eskuak eta oinak berehala epeldu zaizkio, lodiak dira mantak. Ez da negarrez ari orain, asko nekatu du negarrak, ezin du. Aitaren sama gainean jarri du burua, berehala lokartu da, zaila da minututan neurtzea.