Lotu gintuen gerrikoa
Hondarribiko hiribilduaren udaletxean 1611ko maiatzaren 10ean Ubillako Santxo eta Abadiako Gabriel, bertoko alkate jaun arruntak, Aranburuko Domingo eskribaua naizen honen aurrean
Aranoko Isabel, Aranoko Martin soldaduaren eta Etxegaraiko Mariaren alaba. Hamalau urte zituela erran zuen, eta hiru urte lehenago Hendaiatik zetorrela, hiribilduko ateak jadanik itxita zeudelako lonjan hartu zutela, eta lotarako etzanda zegoela Gaxengo Inesa hurbildu zitzaiola, eta galdetu ziola gaixorik zegoen izeba ikustera joan nahi zuen, eta baietz erantzun ziola, eta gero zerbaitekin igurtzi ondoren, sorbalda gainean jarri zuela, eta leiho batetik ateraz akelarrera eraman zuela Frantzia aldera (...) eta bera apoak zaintzen jarri zutela; han batzen ziren sorgin anitz jaten ari ziren mahaien inguruan, gero dantzan hasi ziren denak, eta euren artean Gaxengo Inesa, deabruaren ondoan ari zena dantzan sorgin nagusi gisa, eta beste batzuk ere ikusi zituela. Beste sei aldiz eraman zuela akelarrera Inesak, eta bi aldiz Illarrako Mariak. Beti igurtzi egiten zutela ukenduez. Inesak behin meza erran zuela deabruak lagunduta, eta beste batzuetan dantzetarako danbolina jotzeko betebeharra zuela, eta Illarrako Mariak haurrak apoak zaintzen jartzeko betebeharra zuela, forma altxatzean «Akerra gora, akerra behera» kantatzen zutela (...)
Estakonako Jakoba, hamaika urtekoa, hiribildu honetako Estakona kapitainaren eta Isturrizagako Maria Anaren alabak dio (...) deabruari laguntzen albo batean Inesa zegoela azkon bat zuela eskuan, eta beste alboan Etxegaraiko Maria zegoela, eta Garroko Maria oinetakoak josten zegoela, oinetakogile betebeharrean, eta Illarrako Maria ohetik eramaten zituzten haurrak jagoten ikusi zuela; dantza asko ere ikusi zuen (...)
(...) eta hiribildu honek eta bere biztanleek berriz izan zitezkeen kalteak kontuan izanik, eta fede saindu katolikoaren eta Jaungoikoari zerbitzatzearen aurkako ekintza hain gorrotagarriak erein ez zitezen, eta baita ere frantsesak zirelako eta, beraz, ezin zirelako hiribilduan bizi Bere Maiestateak urtebete lehenago Errege Gutunean agindu zuen bezala, eta bidezko abegiagatik, aipatutakook atzerriratu egin zituztela euren nazio eta izaerako beste batzuekin batera, agindua hauts ez zezaten mehatxupean, eta hiribildutik atera eta tirola baten jarri zituztela, eta Hendaiarantz abiatu zirela (...)
(...) Aitatutakook [sorgin frantsesok] agindu hain larriari jaramonik egin gabe eta hiribildu honi kalte eginez eta justizia mespretxatuz, jakin zutela Garroko Maria itzuli egin zela eta bertan bizi zela ordu bi edo zela, eta algara handia sortu zuela bere etorrerak, eta hori ekiditeko eta aurretik aipatutako arrazoiengatik hiribildutik bota zutela lehen aldian egin zuten eran, oraingoan Frantziatik ez itzultzeko hona ez beste inora aginduz, 200 zigorren eta epaitegietara eramateko mehatxupean.
(...) Egun berean alkateak eta eskribaua Lapa kalera Aranburuko Estebanen oinordekoen etxeetara joan ziren, Joan Lizardi, Diego de Luna y Mora kapitainaren soldadua bizi baitzen han, eta Garroko Mariaren senarra zenez, galdetu zioten ea non zuen emaztea, eta etxean zela erantzun zien, eta ekar zezala agindu zioten eta erakuts zezala, eta hala egin zuen, eta alkateek atxilotu egin zuten emaztea, eta hiribildutik atera, eta itsasadarrera eraman zuten, eta gabarra batean sartu Frantziarantz joan zedin. Eta alkateen aginduz eskribauak Garrori epaia irakurri zion, eta honek entzun, eta jakinaren gainean zegoela esan zuen. Eta gero senarra agertu zen, eta eskribauari eskatu zion berari ere irakur ziezaion, eta alkateek agindu zuten ez ziezaiola Lizardiri ezer irakurri 50.000 marabediko zigorraren mehatxupean, zeren eta aipatutako Garroren desterruaren kausa eta nolakoak bazekizkien, eta Jaungoikoaren zerbitzurako eta hiribilduaren onerako emakumea atzerrian izatea behar zuelako, eta erremedioaren bila jaun inkisidoreengana jo zezala.
(...) eta frantsesak izanik, ezin zirela hiribilduan bizi, Errege gure Jaunak agindu zuenari jarraiki; hiribildutik erbesteratuak izan ziren gehiago itzul ez zitezen desterrua hautsiz, eta hala eta guztiz, salatua, Jaungoikoaren maitasunari eta zuek kudeatzen duzuen erret justiziari muzin eginez, itzuli egin da desterrua hautsiz, eta bertan egon eta bizitzeko asmoa duela; eta ezin zaio utzi, zeren eta bizimodu txarrean jarraituz gero eta deabruaren sektan, herrian zabalduko da hau Jainkoaren irainerako, eta zalaparta handia eta kaltea eragingo luke auzoengan, eta, gainera, sorginkeriara eraman dituztenen guraso arrazoiz minduei aukera emango litzaieke ezbehar eta hilketak eragiteko, eta berriz eramango dituzten beldurragatik; eta eragozpen, kalte eta arrisku horiek guztiak ekiditeko, berriro erbesteratu, egotzi eta bota behar da, aurretik gogor eta zorrotz zigortuz lehengo arau-hausteagatik eta geroago egin duenarengatik desterrua hautsiz, eta legez kondenatuz egindakoengatik.
(...) orain dela hamabost bat egun sartu zela hiribildu honetan probintziako Korrejidore jaunaren aginduz, eta merio batekin etorri zela, «zeinak hiribildu honetan bizi ahal zedin babestu zuen» (...)
* * *
Garroko Maria, Garro ondoan Frantziako Mendiondon jaioa, 60 urtekoa gutxi gorabehera, hiribildu honetan jadanik 8 urtez gutxi gorabehera soldadu dagoen Juanes Lizardikoa senar duena, eta Donostiako hiribilduan bizi izan zena beste 30 urtez gutxi gorabehera.
Eri nago eta ez dut bizirik asko iraungo, zer gal nezake, beraz, egia erranik? Nire azken orduak senarraren ondoan iragatea besterik ez da nire borondatea. Zer delitu da hori?
Duela zortzi urte etorri ginen Hondarribira, Donostiatik. Laurehun dira erregimentuan. Frantzia eta Espainiako mugan kokatzen den erregimentuan, Frantziatik letorkeen edozein eraso jasotzen lehena izango litzatekeen erregimentuan. Hala ere, Felipe III.ak gaizki ordaintzen ditu berarengatik eta bere erreinuarengatik hain sendo borrokatzeko prest dauden gizonok.
Alokairuan bizi gara. Gure etxean ez da lapurrik sartzen, ez soldadua bizi delako bertan, ez daukagulako eramatea mereziko lukeen ezer baizik. Eta horrela izan da beti.
Zein fite doan denbora behin adin batera ezkero, ez dakit pertsona nagusi guztiek nabari duten, nik bai, gero! Zeren, nahiz eta askotan ahora zer eraman ez izan, ez baitzait bizitza astunegia egiten, arin doakit senarraren ondoan, arinegi, hainbatean. Banekien ez nintzela luzaroan izango bere ondoan zuek egotzi ez baninduzue ere, ondo dakizuen bezala arras eri nago, eta 'sorginok' ez daukagu bizitza luzatzeko ahalmenik, ez horixe!
Felipe III.ak iaz mairuak bota zituen Aragoitik eta Kataluniatik, orain 'frantsesok' bota nahi gaitu, zer ironia! (denok euskaldun izanik frantses izatea egokitu zaigu guri, zuei gaztelau izatea egokitu zaizuen bitartean). Senarra espainiarra eta ni frantsesa? Noiztik? Euskaldunak besterik ez gara-eta!
Behin adin batera ezkero, lehen ere erran dut, urtea oso arin doa, hegan bezala. Aise pasatzen da, eta norbaitek beste norbait azkenekoz urtebete lehenago ikusi badu, ez da hain urrun egiten une hura. Senarrarengandik urrun egin ditudan egun hauek, ordea, inoiz sentitu dudan atsekaberik larriena sortu didate. Luzeak izan dira, batez ere gauak, jasanezinak egin zaizkit.
Behin adin batera ezkero denbora hain arin iragateak badu bere beste aldea, gero eta hurbilago dagoela norberak hegan egin behar duen unea, hegan betikotasunera. Denbora azkar joan, eta ezin ene senar maitearekin iragan? Itzultzeko baimena geneukan guztiok, zergatik ez diguzue utzi?
Ez nintzela biziko maite dudanarekin ez bada, egin nion zin ene buruari aspaldi. Maitasuna sua bezala zaindu behar dela diote, baina maitasunaren suak zaindu nau ni, bizitzan behin hartu nuen aukerari jarraitzeko sortu izan zaizkidan oztopoengandik babestu nau.
Egiazko aitormen hau hartzen duzuenerako, alkateok, zuen eskuetatik urrun egongo gara senarra eta biok. Beraz, zuen agindua beteko da, eta bakean utzi beharko gaituzue, baina argi utzi nahi dizuet, zuei eta Salazarko Alfontso Lizentziatuari, gutariko bat ere ez dela sorgina, sorginik ez dagoela, eta bai inbidiak eta gorrotoak, eta erresumen arteko borroka latzak, inoren lurraldeak eta aberastasunak izateko gutiziarengatik sortzen direnak.
Berrogeita bederatzi urte nituen izurrite beltzak azken aldiz jo zuenean. Gurean ere jo zuen, eta Joan bere atzaparretan erori zen; luze, eta izuak hartuta zaindu nuen. Artean horrelako eritasunik hain gertu ikusi gabea nintzen. Ez nekien, laugarren egunera arte bizirik iraun behar zuela bizirik ateratzeko, eta horregatik beste bi hilez zaindu nuen, nahiz eta lehen egunetako sukarrak aspaldi joanak ziren. Ez nion etxetik irteten utzi, ni hamabosgarren egunean kalean banintzen ere. Batek baino gehiagok usteko zuen etxean nuela hilotzik, hilotza zaintzen ari nintzela. Ez nion inori ezer erran, herrian geratzen ziren apurrek ni bizirik ikusten ninduten, eta kito.
Etxeraino heldu ahal izan zen oinez lehen handituak nabaritu zituenean. Norbaitek ikusi egin zuen, eta ordu batzuen buruan atea eta leihoak iltzatu zizkiguten handik jalgi ez gintezen. Ez ginen bakarrak, Donostian ia zazpiehun lagun hil ziren. Argi dago Donebastianek ez gintuela izurritetik babestu. Eta gero, goseak akabatu zituen beste asko.
Hogeita hemeretzi urte nituen Okendoko Migelen eskuadran Joan Ingalaterrarantz eraman zutenean Isabel erreginaren kontra egitera. Porrot ikaragarria izan zen ekintzan parte hartu behar izan zuen. Eguraldiaren apetei aurre egin eta etxera itzultzea lortu zuen. Zer uste duzue egiten duela soldaduaren emazteak horrelakoetan? Berriak txarrak direnean gaur eta bihar ere bai?
Hogeita zortzi urte nituen semea galdu genuenean. Sei urte bete gabe hil zen, eztul eta eztul.
Gure bizitza gogorra izan da, atsekabez betea. Gosea bizi izan dugu anitzetan, ez dugu ondasunik izan. Haurra gaizkitu zitzaigunean Mendiondora eraman nuen aitarenera, hura bizi baitzen oraindik, baina alferrik izan zen, haren sosek ezin izan zuten salbatu. Amiñi bat gehiago koskortzen zenean aitatxirengana bidaltzekotan ginen, harekin merezi zuen bizimodua izan zezan, guk eman ezin geniona. Aita aberats izanda, hori guztia ekiditeko aukera izanik, zergatik ezkondu nintzen soldadu batekin?
Hogei urte nituen Joanes Leizarragaren itzulpenak argitaratu zirenean, eta urte horretan erregina bere itzultzaileetariko harekin elkartu zen gure etxean. Aitak «Gaur andere handia ezagutu behar dun» besterik ez zidan erran, beraz, une batez 'handi' harekin ez ote zuen lodia erran nahi otu zitzaidan, Baionatik etorritako saltzaileren bat, oihal pollitak ekarriko zituena, eta lurrin goxoak.
Eguerdia baino apur bat lehenago zerbitzariak aztoratzen hasi ziren: leihoetatik begira, orain; lorepotoetako arrosa eta azuzenei ustezko koadro baterako posatzen lagunduz, gero; ate aurrean jarrita erreberentziak egiten, ondoren. Zer gertatzen zen galdetzera nindoanean, «Badator, badator» urduri eta ozena entzun zen. Zaldi-mutikoak egin zuen proklama zaldi gainetik atari aitzinean. Orduan aita ikusi nuen aterantz zetorrela, eta ni han ikusirik «Hemen hago, maitea, non sartu haiz, hator nirekin» erran zidan besoak luzaturik. Pozik zegoen, eta aiduru.
Laster entzun genuen zaldi eta gurpil hotsa. Gurdi ederra zen, ez dakit zenbat zaldunek laguntzen zioten, anitzek. Aitak ireki zuen atea, eta gurdiarena irekitzera joan zen prestu, inguratzen zutenei aurrea hartuta.
«Eguerdion erregina maitea» entzun nionean bihotzak jauzi handia egin zidan.
Ordurako Lapurdi, eta beraz Mendiondo, gure herria, Frantziaren menpe zeuden, baina aitarentzat Luis XII.a ez zen berezko errege, kargu hori Joana Albretekoarena zen legez, Nafarroako erreginarena.
Enrikek, bere semeak, nik baino bi urte gutxiago zituen. Hura ezagutzeko parada ere izan nuen. Leizarraga eta erreginaren bilkura hartatik urtebetera ezkondu zen Enrike Parisen Margotekin.
Berarekin eraman nahi izan ninduen erreginak ezteietara, bere gortekide gisa. Joan ere eraman zuen berarekin, eta gure etorkizuna iragarri izan balu bezala, elkar aurkeztu, eta elkartu egin gintuen.
Joan, gipuzkoarra sortzez, sendiz urruñarra duzue. Urruñako bere sendi hura gu bezain erreginazalea zen, eta haren esanetara zegoen, gu bezala. Espiak deituko gintuzkezue, eta hala izan ginen urte askotan, baina ez Frantziaren espiak Nafarroaren aldekoak baizik. Ene aitak ozenago esan zezakeen, baina ez argiago: «Espainolek konkistatu zizkiguten lurraldeak, eta frantsesek ere bai, eta orain Nafarroa txiki hau baino ez dugu». Hala esan zidan Garaziko Donibanen, gazteluko harresitik besoak zabalduz oraindik gurea zena erakusteko. Eta hitz haiek hunkitu egin ninduten, eta erreginaren zerbitzuan sartu nintzen, zerbitzu sekretuan.
Lehenik eta behin, Leizarragaren Testamentu berria irakurri nuen, euskaraz. Zein ederra gure hizkuntzan Jainkoaren bideari jarraiki ahal izatea, Calvino zerraion eran egin ahal izatea!
Izkiriatzen badakidala ohartzea zuentzat ezustekoa izango da, ziur naiz, nire tankerako atso batek ezingo zuela pentsatuko zenuten. Ume-umetan ikasi nuen, latinarekin batera. Aitak argi zeukan alaba bakarra ez zuela ezjakintasunera kondenatuko. Era berean, hurbildu zitzaizkidan gizonezkoen artean bati ere ez zion oniritzi. Libro nahi ninduen. Horregatik hil zorian zegoela, bedeinkazioa eman zidan Joanekin ezkontzeko: «Nafarzalea da, eta erregina gaixoaren zerbitzukoa, eta zuk zinez maite duzu, ene alaba, enetzat aski da». Lasai asko hil zen alde horretatik bederen; ez, ordea, Euskal Herriari dagokionez, erreginarik gabe ez baitzuen ikusten haren semea nafar erresuma irmo defendatzeko gai.
Medicitarrekin ez zegoen ezer onik, Bartolome deunaren gaueko sarraskia Parisen bertan bizi izatea gertatu zitzaigun. Higanotekin joan ginen ospakizunetara, baina ez genuen kaleetako harlauzetan ostaturik hartu haietariko anitzek bezala; guri lekua egin ziguten etxe umil batean. Harremanak genituen, bai Parisen bai Madrilen. Horregatik aske atera ginen odolustetik. Oso larria zen Enrikeren egoera, hango hainbeste solairutako etxeetako hagen antzo jasaten zuen jantzita zeraman koroa txikiaren pisu erraldoia. Bere borroka-lagun eta adiskideak horrela, horren ankerki, erailda ikusteak ia eromeneraino eraman zuen. Eta amaren erailketak.
Erregina ezteiak baino bederatzi egun lehenago erail zuten. Eskularruak erostera joan zenean pozoitu zuten, medicitarren autopsiak era naturalean hil zela aldarrikatu bazuen ere. Alabaina, eztei-eguna atzeratu, eta Enrike eta Margot ezkondu egin ziren.
Giro lazgarri hartan sortu zen gure amodioa. Errazago zatekeen beste egoera batean Parisen maitemintzea, hango ibai eta zubi ederren artean, jauregi eta lorategi oparoen artean, baina Parisek izan zuen gatazka eta sarraski artean ere maitasuna sortzeko ahalmena. Gaztetasuna zen nagusi jai odoltsu haietan, gu ere gazteak ginen, kausa beraren jarraitzaile ginen, misio berezi baten jabe. Gure artean berehala jaio zen elkarri laguntzeko gogoa, ez zen pasioak sortutako maitasuna izan, gure herriagatik hartuko genituen nekeek lotu gintuzten. Neke bakoitzak estutu egin du lotu gintuen gerrikoa; banatuz gero, sortan dauden loreen lokarria askatzean bezala, erori eginen ginateke.
Higanoten artean joan ginen, baina gu higanotak baino hurbilagokoak izan ginen Enrikerentzat, amak hil zorian harentzat erran zizkigun hitzak adieraztera joan gintzaizkion, eta ordutik aitzinera bere aginduetara jartzera.
Enrikek amak agindu zion bezala, eutsi egin zion egoerari, eta irabazle atera zen. Eta baxenabartarrak ere bai, baina beste euskaldunok berdin jarraitzen dugu, hark ez baitu egin ezer gure lurraldeak bereganatzeko.
Ez naiz luzatuko haren eta gure arteko jazoerekin. Hilik dago jadanik hura ere, erailik ama bezala, eta haren emazte medicitarraren eskuetan geratu da gure Nafarroa txikia, agi denez ez luzerako aske antzean. Zenbat denbora beharko du Frantziarekin bat egiteko?
Enrikek Lancrai ankerra bidali zuen, bere aldekoak izan ginenok akabatzera. Zeren beldur zen? Agerian utziko genuen beldur? Bere berezko herriaz lotsatu zen agian? Eta saritu egin zuen inkisidore malapartatua. Etxe onekoa naiz, nire senarra ez bezala, baina argi daukat nobleek ez dutela guk bezainbeste egin gure herriaren alde.
Amets egin genuen euskaldunok geure erresumari eutsiko geniola, baina sentitzen dut ametsa beteko ez dela. Amets egin genuen protestanteak izango ginela, baina hori ere ez da bete. Soilik amets bat bete dut: maite dudanak ni maite izatea, lehen egunean bezainbat.