Pendrive
Pendrive
2013, narrazioak
136 orrialde
978-84-92468-50-8
azala: Gorka Lasa
Arrate Mardaras
1960, Abadiņo
 
 

 

ETORKIZUNA

 

Umeak ere hil egiten dira. Ez daude gehiago. Alferrik bilatzen ditugu argazkietan. Alferrik bilatzen ditugu oroimenean euren keinuak. Hil egin dira eta nerabeak sortu dira euren lekuan.

        Nerabeak ere hil egiten dira, eta gazteak sortzen dira euren ordez. Orduan, gazteak libre uzten ditugu. Etorkizuna asma dezaten.

        Etorkizunak ez du itxaroten. Egunero sartzen da gure bizietan, begirale, zer egiten dugun zain, piezaz pieza atontzeko geroaren puzzlea, eta gu, gehienetan, ez gara ohartzen. Gero, etorkizunean, baldintza erabiltzen dugu damua edota zalantza adierazteko; lehenaldian erabili behar, erremediorik ez duen aditz denboran.

        Hitz egiten ari nintzaizunean, entzun nizula adieraztera eman izan ez banizu, ez dizut jaramonik egin, beste zerbait neukan buruan aitortzeko betarik hartu izan banu, ez zinatekeen nirekin betiko haserretuko, ez zintuzkedalako giltzarik gabe kanpoan gau osoan etxera sartu gabe utziko; ez dizut ulertu aitortzeko lotsarik izan ez banu jarraibideak azaldu zenizkidanean, ez nintzatekeen mendian galduta ibiliko ordu luzeetan zehar.

        Senargaiak Sindari egia esan izan balio noizbait, hobe hasiera-hasieratik, ez ziokeen denbora galtzen utziko; baina egia ezkutatu izan ez balio, senargaiak ez zukeen bi familia izango, ez zukeen bi andre izango, ez zatekeen bigamoa izango, eta horixe izan zen bere aukera: biak ala biak, eta ez bat.

        Nik ere biak eduki nahi izan nituen: txakurra eta katua. Baina ez ziren ondo konpontzen. Bizitza eta heriotza ondo konpontzen ez diren moduan.

        Heriok kolpea jotzen duenean lehenaldira joan nahi izaten dugu zuzenean, inongo baldintzarik erabili gabe, ez oraingoa, ez lehenaldikoa, ez alegiazkoa. Baina lehenaldiak ez dauka atzera egiterik.

        Etorkizuna ametsen aditz denbora da. Gure egunerokotasunak geroa guztiz mugatuta, guztiz giltzapetuta badu ere, dena egitear ikusten dugu, dena posible. Esperantzaren denbora da. Orainean bete ezin ditugun asmoei hegoak jartzen dizkiona.

        Adin batera arte. Bizitzan, halako batean, bihurgune bat hartzen dugu, bidaiaren amaierarantz. Herio jadanik besoak zabalik dugun seinale. Gurekin bidaian doazenei eskertzeko unea heldu da, bidaian jarri gintuenei eskertzeko, edo kontuak eskatzeko garaia. Bidaian utziko ditugunei laguntzeko sasoia.

        Lehenaldira begira egiten ditugun ametsekin oso ondo pasatzen badugu ere, ameskeriak besterik ez dira.

        Lehenaldira begiratu behar da, ordea, oraina ulertu eta ezagutu nahi bada; era berean amorante maitatuena legez zaindu behar da oraina, etorkizunik nahi badugu.