Distopia literarioak
Zaharra baina merkea zen egoitza. Aspaldi eraiki zuten, garai hobeak ezagututako ingeniaritza eskola baten ondoan, erdigunetik etxadi pare batera. Mojen ardurapean zegoen, hirian ikasle fededunik apenas gelditzen zen arren.
«Zure kide berria», esan zidan moja hezurtsu batek, nire gelako atea kask-kask jo eta erantzuteko tarterik eman gabe ireki zuenean.
Neskaren betaurrekoei erreparatu nien; nireen oso antzekoak ziren, pixka bat argiagoak, ezti-koloreko armazoi lodikoak. Handik urte batzuetara ikasleen artean boladan jarriko ziren itxura antigoaleko betaurreko handiak, sasoi hartan egunkaria irakurtzeko ohitura zuten agureek janzten zituztenen modukoak. Neskak, nire adin berekoa izanagatik, presbizia eta miopia zituen, foku biko kristalak zerabiltzan.
Gelan sartu zenean, ez zitzaidan iruditu ni ezagutzeko irrika berezirik zuenik. Diosalik egin gabe, libre zegoen ohearen gainean utzi zuen larruzko maleta txikia. Hasperen baten konpasean eseri zen. Nekatuta zirudien. Nire liburuen apalari begiratu zion une batez, baina ez zuen deus esan.
— Gauez argiak traba egiten badizu, ez dut irakurriko —harrera atsegina egin nahi izan nion.
Onarpenezkoa edo gaitzespenezkoa zen esaten asmatu ez nuen keinu bat egin zuen. Ez zuen maleta desegin. Ekarri bezala gorde zuen armairuan. Ilea txukundu eta alde egin zuen supituan.
Afaritan nesken artean bilatu nuen, baina ez nuen aurkitu. Patiora irten nintzen zigarro bat erretzera. Berrehun ikasle inguru bizi ginen egoitzan, askok bigarren edo hirugarren urtea genuen bertan. Gutxitan gertatzen zen ikasturtea hasiz gero neska berriren bat sartzea, berriki hirira aldatutako atzerritarrak izaten ziren normalean. Gauero bezala, loak garaitu ninduen arte aritu nintzen irakurketan. Ordu txikitan esnatu nintzen lepoko minez. Lurrera eroritako liburua jasotzera makurtu nintzenean jabetu nintzen aldameneko ohea desegin gabe zegoela. Harritzekoa, mojek gaueko hamar eta erdietan ixten baitzituzten egoitzako ateak; doi-doi iristen nintzen asteazkenetan, ikasleentzat programatzen zuten arratsaldeko emanaldira joaten nintzenetan.
Hurrengo eguneko iluntzean ikusi nuen berriro, unibertsitatetik bueltan. Ohean eserita topatu nuen belauna belaunaren kontra. Ikusi ninduenean lihozko txabusina jantzi zuen barruko arropa zuriaren gainean.
— Martina —aurkeztu nuen nire burua.
Bostekoa luzatu nion.
— Joana —esan zuen.
Bere aldeko apalategia liburuz goraino bete zuela ohartu nintzen. Lurrean kartoizko bi kaxa zeuden, artean hustu gabe.
— Atzerritarra zara?
— Probintziakoa —ez zuen esan nongoa zehazki.
Egoitzan ikasturtea hasi eta bi hilabetera sartzearen arrazoiaz galde egin nion.
— Aitonarekin bizi nintzen hiritik gertu. Astebete da hil dela. Haren anai-arrebek etxea saltzea deliberatu dute.
— Sentitzen dut.
Ez nion galdetu nola moldatzen zen egoitza ordaintzeko, ezta gaueko ibilerez ere. Zerbaitek esaten zidan hobeto moldatuko ginela galderarik egiten ez banion.
Hurrengo egunean entregatu behar nuen iruzkina idaztera eseri nintzen. Joanaren arnasots isila aditzen nuen nire atzean; gelan katu bat sartu balidate bezala, presentzia txiki eta diskretu baten ziurtasuna neukan nigandik gertu. Egiaz toki txikia hartzen zuen Joanak, poliki eta tentuz mugitzen zen, horretan ez zuen probintziakoa ematen. Gau hartan ez ginen afaltzera jaitsi. Uste baino gehiago korapilatu zitzaidan testua eta Joana ez zen gose. Ez zuen apetitu onekoa izateko itxurarik, hezur eta azal zegoen.
— Zeri buruzkoa da? —galdetu zidan.
— Distopia literarioak.
Ez ninduen gehiago molestatu. Ez dakit zenbat denboraz aritu nintzen lanean. Amaitu nuenean, ohe zabaldu gabearen gainean lo zegoela ohartu nintzen. Barruko arropa infantil hura bakarrik zuen soinean. Tapaki batekin estali nuen.
— Martina!
Begiak ireki nituenean besoa leunki astintzen ari zitzaidan.
— Zer gertatzen da?
Segundo batzuk behar izan nituen begiak iluntasunera ohitzeko. Lauak eta hogei markatzen zituen irratiak. Joana izerditan zegoen. Lotarakoan ez nuen sareta jaitsi eta azal zurbilak distira egiten zion kanpoko farolen argitan.
— Benoit atzetik dabilkit.
Agondu egin nintzen. Gau-argia pizteko imintzioa egin nuen baina geldiarazi egin ninduen:
— Ez!
Kalera begiratzen zuela ohartu nintzen. Jertsea jantzi eta leihora hurbildu nintzen.
— Hortxe dago? Auto beltz bat ikusten duzu?
Ezezkoa esateko zorian egon nintzen, baina lorategiaren atzeko kalean aparkatuta antigoaleko auto beltz bat begiztatu nuen. Nengoen lekutik ez nintzen gai barruan inor ba ote zegoen bereizteko. Joanarengana itzultzekoa nintzen autoaren argiak piztu zirenean. Ingeniaritza eskolaren alboko zubitik barrena urrundu zuen.
— Joan egin da.
Joanak aurpegira eraman zituen eskuak. Ur pixka bat eskaini nion.
— Nor da tipo hori?
Banekien su-etenaren ostean ere jendea atxilotzen ari zirela, gazteak batik bat. Pisuetan ezkutatzen ziren, baserri abandonatuetan. Joanak ez zuen ordura arte ezagutu nituen militanteen trazarik, baina mozorroa izan zitekeen. Horrek azalduko zukeen egoitzan egun batetik bestera agertu izana, bezperako gaueko irtenaldi klandestinoa, diskrezio erabatekoa.
— Polizia da?
Harrituta begiratu zidan.
— Ez, ezta pentsatu ere.
Azalpenen zain gelditu nintzen. Gelan alde batera eta bestera hasi zen oinez, irtenbideren baten bila.
— Zer nahi du zugandik?
Barre-zantzoka hasi zen bat-batean, eskuaz ilea nahasten zuela. Betaurrekoak erantzi eta airean astindu zituen.
— Ideiak! Ja!
Gorputz txikia intsektu ornogabeen moldez tolesten zitzaion.
— Ideiak! —barre zoroa egin zuen—. Baina denbora pixka bat behar dut, egun bat, bi...
Lehenera etorri zen, lumazko ahotsa berreskuratu zuen. Txabusina jantzi eta ohean eseri zen.
— Zuk joan behar duzu nire ordez.
— Nora? —ez nuen ezer ulertzen.
— Badakizu idazten, ezta? —esan zidan zerbait leporatu nahiko balit bezala—. Liburuak ikusi ditut: Proust, Nemirovski, Txekhov, Zola, Duras... Idatzi egiten duzu?
— Bai —onartu nuen, eta aitortza hura egin nuen lehenbiziko aldia zen.
— Benoitek gustuko izango zaitu. Ikusi zintudan unean bertan jakin nuen. Gaztea zara, talentua duzu, nabaritu egiten zaizu.
Egoa hestegorritik gora nola igotzen zitzaidan sentitu nuen. Auto beltzarekin oroitu nintzen, nola zeharkatu zuen gaua leihora hurbildu nintzenean.
— Nor da Benoit delako hori?
— Editorea.
Boligrafo bat atera zuen poltsatik.
— Bihar gauean da hitzordua. Hamarretan puntuan helbide honetara joan behar duzu —papertxo bat eman zidan—. Ez duzu editore hoberik aurkituko. Unibertsitatean ez dizute erdirik ere irakatsiko, bost axola zaie literatura. Ikusi duzu inoiz irakurtzen duen bitartean haserrea zainetara igotzen zaion irakaslerik? Poemak arbelean izkiriatzean izerditzen al da funtzionario horietako bakar bat ere? Ez, ezta? Ez dizute deusetarako balio. Ikusi zaitut ezpainak hozkatzeraino amorratzen, Bai mundu berria nobelako pasartea kopiatzen zenuen bitartean. Ez zara afaltzera jaitsi. Gosea, bakardadea, sumina! Horra hor literaturaren hiru zutabe behinenak!
— Ez didate sekula ezer argitaratu.
— Eta nori axola dio horrek? Ni literaturaz ari naiz.
Eskuak hartu zizkidan bereen artean.
— Hartu atseden. Biharko prest egon behar duzu.
Ohean sartu zen. Katu-arnasa berriro. Loak hartu zuen. Goizean hizketalditxo bat izan behar genuela erabaki nuen, kontu asko argitu behar zizkidan.
Baina goizean ez zegoen Joanaren arrastorik. Ohea eginda zegoen. Apaletan jarraitzen zuten liburuek. Armairua zabaldu nuen: han zegoen maleta; itxitura bikoitza askatu eta tapa altxatu nion. Arropaz beteta zegoen: lihozko beste bi txabusina, barruko arropa zuria, blue-jeansak, artilezko jertse marroia.
Nazkatzen hasita nengoen hainbeste misteriorekin. Ordulariari begiratu nion, zortzi eta erdiak ziren. Mugitu beharra nuen, ordubete baino lehen entregatu behar nuen idazlana.
Eskoletan, irakasleen jardun monotonoa sekula baino hilagoa suertatu zitzaidan. Ikaskideei begiratu nien. Apunte absurduak hartzen zituzten denbora azkarrago kontsumi zedin. Joanaren hitzak kolpeka nituen buruan. Gosea! Bakardadea! Sumina! Hirian ezagutzen nuen inor ez zen gisa hartan mintzatzen.
Ama ikustera joan nintzen bazkalondoan. Jostailu-denda baten atzean kokatutako jostun-tailerrean lan egiten zuen; eskualdeko azken brodatzaileetako bat zen.
— Nolatan zu hemen? —poztu zen.
Musu eman nion, eta aspaldi haren haragia ukitu gabe nengoela konturatu nintzen. Bero zuen masaila.
— Ikusi egin nahi zintudan.
Kafea hartu genuen elkarrekin, eta artilezko txano bat oparitu zidan, «belarriak ez hozteko». Amak, aitak ez bezala, gustuko zuen nire ile laburra, askeago egiten ninduela esaten zuen. Sorbaldetaraino iristen zitzaidan adats gaztainkara moztu nuenean, «Polit hagoela pentsatuko dun» errieta egin zidan aitak eta bi astez egon zen niri hitzik egin gabe. Nire partez aitari musu bat emateko esanda agurtu nuen ama.
Ibaiertzetik itzuli nintzen egoitzara. Plataneren hosto iharrak oinpean hautsi gabe tolestu zitzaizkidan parketik igarotzean. Lo-kuluxka bat egitea lortu nuen. Esnatutakoan haserretu egin nintzen Joana oraindik falta zelako. Benoiti buruz hitz egin ziezadan nahi nuen, zer suposatzen zen esan behar niola ikusten nuenean, zer erantzun behar nion Joanari buruz galdetzen bazidan, zer zen papertxoak seinalatzen zuen tokian zehazki egin behar nuena.
Afalaurretik irtetea erabaki nuen, iluntzeko emanaldira zihoazen ikasleekin batera. Boligrafo bat eta koaderno bat sartu nituen poltsan, oharrak hartzeko erabiltzen nuena. Astia soberan nuenez, alde zaharreko tradizio handiko taberna batean sartu eta uxuala eskatu nuen. Lasaitua eragin zidan bezero gehienak bakarka edaten ari zirela ikusteak.
Kalerakoan Joanak emandako papertxoa atera nuen patrikatik. Leku hura hiriaren beste muturrean zegoen. Autobusa hartzea deliberatu nuen. Jaitsi bezain pronto pare bat urteko haurra sorbaldan lo zeraman emakume beltz bati galdetu nion helbideaz. Hiru etxadi harantzago joan behar nuela azaldu zidan. Auzo soila zen, garaiera ertaineko etxe gris eta apaindurarik gabeek osatua. Fabrika-itxurako bi eraikinen artean zegoen bilatzen nuen ataria. Txirrina jo eta zain gelditu nintzen.
Ilea motots estu batean bilduta zeukan emakume luzanga batek ireki zidan atea.
— Aurrera —esan zidan, deus galdetu gabe.
Korridorean barrena nindoala, bizkarrean aditzen nuen haren takoi-hotsa. Aldagela bateko atea zabaldu zidan. Lihozko txabusina bat eman zidan plastiko garden batean bilduta.
— Eranzten zarenean, zoaz areto nagusira horko ate horretatik.
— Mila esker.
Aldagelako kakoetan arropa gehiago zeudela ikusi nuen. Gonak, galtzak, galtzerdiak, blusak. Barruko arropa zuria. Erabat erantzi nintzen eta txabusina jantzi nuen. Aurpegia ur hotzez igurtzi nuen konketan.
Korridorea liburutegi itzela zen, bi aldeetan garaiera izugarria hartzen zuten apalek. Aurrera egin nuen ate zabal baten ondoan «areto nagusia» irakurri nuen arte. Hatz-koskorrekin kolpatu nuen baina ez zidan inork ireki. Sartzea erabaki nuen.
Eskola hasita zegoen. Hamar edo hamabi neska-mutil zenbatu nituen. Biluzik eta eserita zeuden denak. Txabusina esekitokian utzi nuen besteenen gainean, eta zutik gelditu nintzen aretoaren erdian.
— Martina Fano —esan zuen Benoit delakoa izango bide zenak—, zure zain geunden.
Jakin-minez begiratu zidaten. Benoiten hitzei adi jarri zitzaizkien berriro. Libre zegoen aulkian eseri nintzen, larru hotza sentitu nuen ipurmasailetan. Denen gorputz argal eta zurbilak izerdi-patsetan zeudela jabetu nintzen. Benoit ere izerditan zegoen, alkandora blaituta zuen besapeetan eta bularrean. Hatsanka mintzatzen zen eta listuak alde egiten zion ezpainen artetik.
— Idazle eskasak zarete, narrasak, utziak! Noren errespetua nahi duzue hitz horien truke? Begiratu zuen ipurdiak, bularrak, bisaiak. Zer berri dakarte humanitatearen historiara? Bereziak zaretela uste duzue... Bakarrak... Begiratu zuen haragiari; begiratu zuen hitzei... Sentitzea ez da aski! Kontzientzia ez da aski! Ausardia ez da aski! Gazte harrook... Gauza bat esango dizuet: zuen buruez idaztea laketzen bazaizue, sartu luma uzkian eta egiezue fabore liburuak irekitzeko lana hartzen dutenei.
Bular txiki-txikiak zituen neska baten koadernoa hartu eta idazmahaiaren alboko makina birrintzailean sartu zuen oso-osorik. Txirbil bilakatu ziren orriak. Neskari dardara egin zion kokotsak.
— Ez duzu usteko ezer galdu denik, ezta? —esan zion ahotsa goratu gabe—. Hor ez zegoen ezer, orri horietan ez zegoen irakurtzea merezi zuen ele bakar bat ere.
— Baina... —protesta egin zuen neskak.
— Silence, putain! —agindu zion—. Samara!
Gerrirainoko adatsa zuen neska bat jaiki zen aulkitik. Eserleku ikusezin batean eserita balego bezala, bizkarra hormaren kontra eta belaunak tolesturik laurogeita hamar graduko angelua osatuz jarrarazi zuen.
— Ez mugitu nik esan arte.
Izterretara eraman zituen eskuak. Bi minutu igaro aurretik intzirika hasi zen neska.
— Orain! —agindu zion—. Atzoko dialogoa!
Neska erosta batean zegoen oinazez. Izerditan, aurpegira itsasten zitzaion ilea.
— Aski da! Aski da! —erregutzen zuen.
— Geldi egoteko esan dizut!
— Ezin dut gehiago, Marvis jauna...
— Segi!
— Etzatera noa...
— Geldi, puta alaena!
Elkarrizketan jarraitu zuten neska lurrera erori zen arte. Gero idazmahaiaren ertzera itzuli zen Benoit.
— Askoz hobeto, Samara. Askoz hobeto...
Ileak belarri atzeetan orraztu eta egurrezko zoruaren gainean biluzik zegoen neskak irribarre zintzoa egin zion Benoiti. Eskerrak eman eta bere lekura itzuli zen.
— Oinazea oinazetik, eromena eromenetik, sexua sexutik! —garrasi egin zuen Benoitek.
Ukabila estutu zuen bularraren parean. Ahotsa baretu zitzaion.
— Eta orain, idatzi.
Gazteek gorputz hezeak paperen gainean etzan eta izkiriatzeari ekin zioten. Ni ere idazten hasi nintzen. Joanak aipatzen zidan amorrua sentitu nuen matrail-hezurrean. Benoit besaulki granate batean eseri zen gure aurrean. Arretaz begiratzen zigun. Haren soa suma nezakeen orkatiletan, izterretan, aluan.
— Idatzi mundua zuen gorputz biluziei begira balego bezala. Zeren beldur zarete?
Gure inguruan paseatzen hasi zen.
— N'oubliez pas —esan zion nire alboko mutilari—: humanité, humeur, humilité.
Sorbaldan sentitu nuen Benoiten esku beroa. Idatzi nituen lerroak irakurtzen ari zela suma nezakeen. Nire buruaren parera jaitsi zuen berea, haren hats lehorra usaindu nuen.
— Zabaldu hankak —xuxurlatu zidan—. Horrela.
Gau osoan lan egin genuen. Egunsentiarekin eman zigun Benoitek gelditzeko agindua. Irribarre egin zigun.
— Lan oso ona —adierazi zuen—. Mila esker; zoazte orain atseden hartzera.
Aulkietatik jaiki eta ilara bat osatu zuten gazteek. Banan-banan besarkatu zuten Benoit, estu eta luze. «Eraiki egun eder bat zure buruarentzat» esanez agurtu zituen denak. Nire txanda iritsi zenean, haren sabela eta hankartea nabaritu nituen nire gorputz biluziaren kontra, arnasketa motela, egur-usaina.
— Mila esker, Martina —esan zidan—. Eraiki egun eder bat zure buruarentzat.
Goizeko autobusean, egoitzara bueltan, esku-ahurretan berotasuna sentitzen nuen oraindik. Zoriontasun lasai batek zeharkatzen ninduen, zentzuz bete balira bezala begiradak, paisaiak, goiz hura. Korrika egin ostean edo mendian luzaroan ibili ostean izaten den sentsazio horren antzekoa zen, haragi nekatuaren plazera, inguruarekiko elkartasun sakona, umiltasun betea. Banekien poltsan neramatzan orriak sekulan idatzi nituen onenak zirela, baina ez nuen hargatik inori irakurtzeko premiarik sentitzen. Arratsaldean amari bisita egingo nion berriro, eta aitari ere bai akaso, ilea luzatzen utziko nuela esateko. Eskuzabaltasuna erne zitzaidan, bizitzarekiko esker ona, euripean oinez ibiltzeko gogoa. Goizeko ihintzaren gainean lanerantz zihoazen bizikletazaleei begira egon nintzen leihotik. Irribarre egin nien autobusera sartu ziren bisaia logaletuei. Gosaritarako iritsi nintzen egoitzara. Eta loak hartu ninduen.
— Barkatu, Martina.
Ezustekoa hartu zuen mojak ohean lo ikusi ninduenean.
— Joana Gilen gauzen bila nator.
Armairuko maleta txikia hartu eta orgatxo batean ezarri zuen.
— Nora joan da? —galdetu nion, oraindik aho zabalka.
Orgatxoa askatu zuen. Zuhur begiratu zidan.
— Ez al dakizu ezer?
— Zer jakin behar dut?
— Joana ospitalean dago. Istripu oso larria izan du bart gauean. Jainkoak lagunduko ahal dio gajoari!
Zutitu egin nintzen, erabat biluzik nengoela ahaztuta.
— Nola gertatu da?
— Zoritxarreko ezbehar bat. Auto batek harrapatu du egoitzara bidean kalea gurutzatzen ari zela.
Aitaren egin zuen bi bider. Eta bi ahizpari agindu zien liburuak erretiratzen hasteko.
Txingorra hasi zuen kanpoan.
Premiazkoa bakarrik sartu nuen bizkar-zorroan. Ahal banuen beste batean itzuliko nintzen liburuen bila.
Ekialdeko trena hartu nuen, probintzia herriz herri zeharkatzen zuena.
Hirian auto beltz baten argiak piztu ziren.