Ezertan lagun diezazuket?
Eguna argitu gabea zen Albeniz anderea itzartu zenean. Senarrari begiratu zion, lo zegoen. Bezperan aukeratutako arropak aulkiaren bizkarretik jaso eta komunean jantzi zen. Zalantza egin zitzaion ezpainetakoa eskuan zuela. Nezeserrean sartu zuen berriro. Zapatak hautatu zituen, takoi baxukoak. Kafe-makina italiarraren tapa ireki zuen sukaldean, ez zen tantarik geratzen. Poltsa eta maleta hartuta irten zen etxetik. Zazpietako albisteak entzun zituen autoan. Ez zuen pilaketarik aurkitu Malmasinen, sarria izan arren trafikoa. Hiriaren sarreran gorri zegoen semaforo baten aurrean margotu zituen ezpainak. Euro bat eman zion goizero paperezko mukizapiak eskaintzen zizkion gizonari. Ohi baino lehenago iritsi zen lantokiko aparkalekura. Eskaileretara jo ordez autoen sarbidetik gora egin eta bufete pareko taberna txikian eskatu zuen kafea.
— Egun on, Abaitua —esan zion platertxoaren gainean kikara azkar laga eta aterantz zihoan gizon gorbatadunari.
— Egun on —erantzun zion gizonak hotz samar, eta lantokira joaten ikusi zuen Albeniz andereak.
Kafe-kikara eskuan, egunkari lodi baten orriak pasatu zituen. Tokian tokiko albisteei eta politika sailari eman zien denbora apur bat, baina, segituan, egunkaria itxi eta kikara platertxoan laga zuen.
Kalea zeharkatu bitartean abokatu-txartela bilatu zuen maletan eta, sarrerako gizonari diosalak eginda, irakurgailutik pasatu zuen. Igogailuan iritsi zen seigarren pisura. Karpeta urdina bilatu eta hiru folio atera zituen, eta idazkariari eman zizkion haren mahaira iritsi orduko.
— Lau kopia, mesedez.
Kristalezko ate automatikoa ireki zitzaion eta sarrerako esekitokian zintzilikatu zuen jaka. Telefonoz hizketan edo ordenagailuetako pantailei adi zeuden lankideen artetik abiatu zen bere mahaira.
— Egun on, andrea —esan zion ezpain moreak zituen emakume gazte batek—. Ezertan lagun diezazuket?
— Barkatu?
— Zure alde ezer egin dezakedan, andrea.
— Barkatu... —zalantza egin zitzaion Albeniz andereari.
— Itziar.
— Barkatu, Itziar, baina hau nire lekua da.
— Zer?
— Nire lekuan zaudela. Berria al zara hemen?
— Barkatu, andrea, baina nahastu egin zara.
— Albeniz anderea —zuzendu zion Albeniz andereak.
— Barkatu, Albeniz anderea, baina nahastu egin zarela esango nuke. Nahi baduzu idazkaritzara lagunduko dizut.
Albeniz andereak ingurura begiratu zuen. Han zeuden bere aulkia eta ordenagailua.
— Badakizu hori nor den? —xaguaren alfonbratxoa seinalatu zion.
— Ez dut ideiarik, andrea.
— Unai.
— Ez dut ezagutzen.
— Jakina ez duzula ezagutzen. Nire iloba da.
Emakume gazteak begirada apartatu zuen Albeniz anderearengandik.
— Barkatuko duzu, baina lan handia dut —esan zion.
Albeniz andereak idazmahaiaren gainean pausatu zuen maleta. Erretiratu eta lurrean laga zuen gero.
— Karlos —deitu zion bere mahaiaren aldamenekoan telefonoz ari zen gizonari.
Itxaroteko keinua egin zion hark eskuaz. Sakelakoari kokotsarekin eutsiz, oharrak hartzen ari zen paper-mutur batean. Albeniz andereak itxaron egin zuen. Telefonoa eskegi bezain laster esan zion:
— Karlos, azalduko diozu, mesedez, neska honi oker dagoela?
Unairen erretratuaren ondoan bermatu zituen eskuak.
— Barkatu, andrea, nor zara?
Eskuak mahaitik apartatu eta gonari beherantz tira zion Albeniz andereak.
— Karlos, ez adarrik jo.
Gizonak hobeto begiratu zion.
— Ez naiz konturatzen, andrea. Beste argibideren bat eman beharko didazu.
— Karlos, Marta naiz, zure lankidea.
Karlos izeneko gizonak Itziar izeneko emakumeari begiratu zion. Ondoren, zutitu eta esku bat jarri zion sorbaldan Albeniz andereari.
— Gaizki-ulerturen bat dago hemen, andrea. Guk —eta guk esan zuenean alboko emakume gazteari begiratu zion— ez dugu Marta izeneko lankiderik. Seguru zaude bufete honetan lan egin izan duzula?
— Hemen lan egiten dut!
— Ezinezkoa da.
Albeniz andereak makurtu eta esku urduriekin ireki zuen lurrean zetzan maleta. Karpeta mordoa atera zuen. Ilobaren argazkiaren aldamenean zabaldu zituen.
— 156/10; 71/08; 1685/11... —zerrendatu zituen boz gora.
Fitxetako bat pasatu zion Karlosi.
— Eta hau zer?
Fitxari gainbegiratua eman zion Karlosek:
— Zer da hau?
— Ez duzu gogoratzen?
— Ez.
— Elkarrekin ari ginen kasu honetan. Ziur geunden irabaziko genuela.
Karlosek mahai gainera itzuli zuen fitxa.
— Albeniz anderea, hau ez da zure lekua. Zoaz, arren.
— Baina...
— Zoaz edo poliziari deitu beharko diogu.
Albeniz andereak karpetak jaso eta maletan sartu zituen. Abokatu gazteari begira, xagua apartatu eta alfonbratxoa hartu zuen, hura ere maletan gordetzeko. Zuzendariaren bulegora abiatu zen pausaje irmoz, baina azken unean komunerantz egin zuen norabidez aldatuta. Sabela estutzen zion gonaren kremailera askatu ondoren sartu zen betiko komunean, ezkerretik hasita bigarrenean. Komun-ontziaren gainean eseri zen. Betiko pegatina zegoen atean itsatsita, urteek zati bat ezabatu zioten arren, Albeniz andereak memoriaz osatu zuena: «Arazo bat nuen eta abokatu bati deitu nion. Orain bi arazo ditut». Terbasmina atera zuen maletatik eta bi zupada eman zizkion. Zorabio txiki bat sentitu zuen, baina segituan pasatu zitzaion.
Komunetik irten baino lehen ispiluan begiratu zion bere buruari. Blusa esku-ahurrekin lixatu eta gonaren kremailera itxi zuen. Hamabi urte zeramatzan ispilu hartan bere isla ikusten. Zin egingo luke ispilua gehiago aldatu zela bera baino. Hantxe konpondu ohi zuen makillajea etxera berandu itzuli aurretik, lepoaldea urez busti, eta lurrin-tanta bat isuri, Ivesen usaina —ez ordea oroitzapena— gainetik kentzearren.
Hormako botikina zabaldu zuen. Larrialdietarako gordetzen zuen Tanpax paketea ikusi zuen goiko apalean. Eskuetan hartu zuen eta berriro laga zuen lehengo lekuan.
Ilea pixka bat apaindu eta Ivesen bulegora abiatu zen. «Ives Barinagarrementeria» irakurri zuen plakan. Barinagarrementeria. Abizenez deitu ohi zion larrua jotzen zuten bitartean, eta ahoan ebakitzen zitzaion abizena, arnasa bezala. Nagusiaren konfiantzazko abokatua zen, maitalea izateaz gainera. Ongi kostata lortu zituen bai bata eta bai bestea. Hatz-koskorrekin jo zuen atea. Lehenengo kolpe bat, hiru jarraian. Atea ireki zuen.
— Ives.
— Bai? —begiak pantailatik kendu gabe erantzun zion.
— Ives —errepikatu zuen Albeniz andereak goxo.
Betaurrekoen gainetik begiratu zion nagusiak. Albeniz anderea haritz-egurrezko idazmahaira gerturatu zen.
— Esan, bai —kasu egin zion ilea urdintzen hasitako gizonak.
— Ives.
— Bai?
— Ives! —Albeniz anderea idazmahaiaren aurreko aulkian eseri zen.
— Zer behar duzu, andrea?
— Ezin dut sinetsi.
Ivesek begiak altxatu zituela ikusi zuen Albeniz andereak. Burua jiratu eta ezpain moredun emakume gaztea ikusi zuen atearen markoan bermatuta.
— Zer gertatzen da, Itziar? —galdetu zuen Barinagarrementeria jaunak.
— Emakume honek hemen lan egiten duela dio —erantzun zion airoski—. Lekua kendu omen diot.
Azken esaldia irribarrez esan zuen, atetik nagusiaren idazmahaira astiro-astiro hurbildu bitartean. Ipurmasail bat pausatu zuen idazmahaian, Barinagarrementeria jaunaren eta Albeniz anderearen artean.
Nagusiaren erantzunaren zain geratu zen Albeniz anderea. Magalean kokatu zuen maleta, eskuak maleta gainean.
— Zera... —hasi zen Barinagarrementeria jauna.
— Marta.
— Zera... Marta...
— Ives, benetan, ez nauzu ezagutzen?
— Marta, zer gehiago?
— Marta Albeniz, Ives!
Albeniz andereari dardara egin zion kokotsak. Aulkiari atzerantz bultzatu eta zutitu egin zen.
— Hau duzu, beraz, urdanga berria?
Ezpain moredun emakumearengana hurbildu zen.
— Esan, Ives, honek miazkatzen dizu orain izterrondoko orbaina? —oihuka ari zen Albeniz anderea—. Honek esaten dizu orain lasaitzeko? Ez daukazula horren txikia?
Apur bat durduzatu zen Barinagarrementeria jauna, baina eztarria garbitu eta emakume gazteari hitz egin zion:
— Deitu segurtasunekoei, Itziar.
Ipurmasaila mahai gainetik apartatu gabe, nagusiaren telefonotik bertatik deitu zuen.
Albeniz andereak emakume gaztearen bularrei begiratu zien zenbakia markatzeko burua makurtu zuenean. Ez zuten akatsik.
— Noiztik? —galdetu zion Ivesi.
Emakume gazteak telefonoa eskegi zuen eta idazmahaiaren atzealdean zutitu zen, Barinagarrementeria jaunaren aldamenean. Elkarren ondoan zutik egon ziren segurtasuneko bi agente iritsi ziren arte.
— Eraman ezazue —agindu zien.
Hitzik esan gabe heldu zioten beso banatatik. Albeniz andereak bularraren kontra estutzen zuen maleta, bi agenteek lankideen artetik aterantz arrastaka zeramatela.
— Nire jaka —esan zien esekitoki albotik igarotzean.
Besoa askatu zion bi gizonetako batek, jaka hartzeko. Besteak gogor heltzen zion besondotik. Albeniz andereak ilea txukuntzeko aprobetxatu zuen. Kristalezko ate automatikoa zeharkatzean idazkariaren aurretik igaro ziren, igogailuan sartu baino lehen. Beheko solairuan kalera bultza egin zioten.
Eguzki beteko eguna zegoen. Albeniz anderea autoen sarbidetik joan zen aparkalekura. Martxan ipini eta hiriaren irteerara gidatu zuen Jesusen Bihotzetik barrena. Ez zegoen ia trafikorik, goizeko hamaiketako seinaleak entzun zituen irratian. Garajean laga zuen autoa. Takoi baxuko zapatak erantzi zituen atarian. Eta bazkaria prestatzen hasi zen, senarra goseak iritsiko baitzen lanetik.