Alkasoroko Benta
Alkasoroko Benta
2013, nobela
176 orrialde
978-84-92468-45-4
azala: Unai Iturriaga
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2021, poesia
2001, narrazioak
 

 

VERONIQUE

 

Toki arriskutsua da Alkasoro. Herriko etxe guziak aldapa batean daude, Maldarrune mendiaren magalean. Goitieneko puntan, eliza, dena menean hartzen duela. Eliz atariko arkupetik harrizko berrogeita hamabi eskailera-maila jautsita, Plaza Nagusia, Herriko Etxearen, Rusoaren ostatuaren eta hiru haritz zaharren artean. Handik beheiti dena malda, eta hor, ezker-eskuin, etxeak, bakarka edo multzoka, ibaiaren arrimuan luzatzen den trenbide zaharreraino. Bederatziehun eta hogei metro, eta tarte horretan hamabi errebuelta. Erdialdean, Eskola Ttikia, neska-mutiko guziok batxilerra estudiatzera edo lanera joateko adinera bitarte egunero bisitatzen genuen tokia, eta herriko frontoia, eskolaren beraren pareta!

        Inoiz lurrikararik izanez gero edo erraldoiren bat mendia dardaratzen hasten balitz, dena amilka eroriko litzateke, Urrabiaraino, gure putzu koxkorreraino. Ibaian hasten baita herria, edo akabatzen, nondik begiratzen den. Eta haren gainean harrizko zubi zaharra, igeri ez dakitenek ihes egiteko modua izateko.

        Nolanahi den, huraxe zen gure mundua. Nahikoa terreno zernahitarako! Bizikleta gainean goiti eta beheiti ibiltzeko, konparazio batera. Gazte sasoikoak nahiz haur zoldazuak, bakoitza bere burdina puska hankartean, eginahalak egiten. Karrerako bizikleta bakarra zegoen, eta Juanito zuen jabea. Haren kontra ez zen deus egiten ahal, baina saiatzen ginen gogotik. Adineko jendeak izuturik begiratzen zigun, ezbeharra noiz gertatuko gure tour partikular haietan. Arrazoirik ez zuten falta. Makina bat merkromina poto gastatu zuten gure gurasoek afizio haren kontura.

        Gainerakoan, ez zen zirkulazio handirik izaten. Esne biltzen edo jenero partitzen ibiltzen ziren kamioiak (horien artean gure aitak zuen muturluze hura), baserritarren karroak eta, guri gehien inporta zitzaizkigunak, moto azkarrak. Baziren dozena bat bederen herrian. Haien eztula aditze hutsarekin jakiten genuen guk zein heldu zen: Ossa, Montesa, Bultaco edo Guzzi xaharra.

        Oroitzen naiz udako arratsalde batean, siesta orduan, nola ginen lagunak erdi aspertuak eskolako sarrerako eskaileretan jarrita. Halako batean, soinu bat sumatu genuen plaza aldetik hurbiltzen, ttor-ttor-ttor.

        — Jabier Oilartegiren Bultacoa! —nik inork deus erran baino lehenago.

        — Ez! Hori Ossa duk! Joxe Perrexilena! —Arraitzek segituan.

        Hark beti kontra egin behar niri! Gainera, hori aski ez eta, beti bezala, apustu egin zidan.

        — Zer nahi duk jokatu?

        — 100.000 pezeta! —handi samarra bota behar nik, ea hala isilarazten nuen; amorrazioa ematen zidan kaskagogor hark beti arrazoia izatea.

        — Eduki! —hark, musean bezala.

        Akabo ni!

        Hitzik gabe gelditu ginen bideari begira, nor agertuko zain. Perrexil agertu zelarik, zutitu eta lasterka abiatu nintzen ziztu bizian etxe aldera. Arraitz aluxka hark jakinki Jabier ezin zela izan, fabrikan hasia zela! Nik ez! Urrundik ere aski garbi aditzen nituen kontrarioaren oihuak, pagatzen ez banion bi beharriondoko eman eta xehatuko ninduela. Ni baino indartsuagoa baitzen, badaezpada ere ospa egin nuen.

        Etxera sartu nintzen, ikaraturik, non gorde ez nekiela. Kaka egina eta, gainera, gertatua ezin inori kontatu, han ere kobratu nahi ez banuen. «Ederra egin duk, demonio ergela!» erraten nion nire buruari. Xari gure xakurra nirekin hartu eta kanpoko almazenera joan nintzen, inori deus erran gabe. Hantxe xoko batean sartu ginen biak. Gari-zahiz, azukrez, artoz, ilarrez edo bakailao gazitu idorrez beteriko zakuen ondoan.

        Gurea Zubiko Benta baitzen. Lehengo nagusia modu ez sobera garbian hil ondotik (gizon zitala zela eta andreak berak hil ote zuen zabaldu zen) gure familiak hartu zuen. Denetik saldu eta denetarako balio zuen. Sartu eta eskuin aldera mostradore bat zuen, eta hor jendea behar zuen guziez hornitzen zen: ogia, kafea, iltzeak, botoiak, olioa, botikak, azukrea, pentsua, kateak, janari-potoak, abarkak, espartinak, sardina zaharrak... Ezkerraldean, berriz, zurruterako lekua. Hantxe zerbitzatzen ziren goizean goizeko pattar kopak, arratsalde-ilunabarreko ardo txikitoak eta igande eguerdiko bermutak, ttanttarekin, jakina. Eta hantxe berean jokatzen ziren mus partida beroak, hantxe egiten herritarren bilerak, pajina erraten zitzaion auzolana edo beheitiko auzoko bestak antolatzeko-eta, hantxe prestatzen afari bereziak etxe batzuetako arto-zuritze lanean juntatzen zirenentzat...

 

 

Lorentxo bere bizikletan agertu zen ilunabarrean. Baserrian lan handixkoenak egin ondotik, eguneroko bueltaxka behar izaten zuen, lurrak ura bezala. Kontent ematen zuen. Rusoarenean txikito bat, Kasinoan bigarrena, Estazioan bertze bat eta, orain, gurea ez zuen huts egin gogo. Hantxe errematea, eta etxera, falta zituenak egitera, ohatzera baino lehen.

        Ostatura sartzen ari zela, moto bat ailegatu zen. Bultaco berri bat zen, haren anaia Jabierrena. Beratik heldu zen, andregaia kortejatzetik. Fabrikako lanaldia akabatzen zuenean, etxera joaten zen, arropa aldatzera, gero Maddalenengana, harekin gizongaiaren obligazioetan kunplitzera, eta berriz ere etxe aldera pare bat tokitan zintzurra bustita. Gure Bentan hartzen zuen azkena jeneralean.

        Feliziano eroa lehenago etorria zen. Gure aita sukaldetik ateratzen ikusi, eta tentatzen hasi zitzaion, «Ramon! Ekarri ardoa eta ixilik egon!». Beti gitarra jotzen hura! Baina jendeak ezagutzen zuen, eta harritzekoa zen inor harekin haserretzea. Aitak bertze lan batzuk egin behar zituen, ordea. «Edan nahi duk? Badakik zer egin: horreri galdetu!» erran, eta kanpora atera zen zigarroa ezpainean. Gero ondoko bulego ttikira sartuko zen, bonbilla kaxkar baten argitan eguneko kontuak egitera.

        Mostradorearen barreneko aldean neska eder bat basoak garbitzen ari zen harraskan. Burua altxatu eta nagusiari tiroa bota zion begiz, ateko kristala puskatzeko arriskuarekin. Sorbaldatik sukaldeko trapua hartu zuen, eskuak igurzteko.

        «Ai, Veronique!». Ezin izan zuen eskea akabatu. «Sosik ez bada, ardorik ere ez!», zakar itxuran zerbitzariak. Bertze umore klase bat zuen. Hala ere, ardoa botilatik basora gero. «Ai, Veronique! Bero nik!», Felizianok, eta besoa luzatuz atzaparrak neskarengana. «Bero? Hortxe duk Urrabia! Edo sartzak horma puska batean!». Halaxe egunero, zernahi erraten zion, eta alde egiten zuen sukaldera, hango gerizara, ostatuko jende guzia irri ajarika utzirik.

        Ixabel zuen izena, baina Veronique nahi izaten zuen deitzea. Miarritzeko etxe batean neskato aritu baitzen urte pare batez. Bertze mundu batzuk zituen amets. Ezagun zuen. Gona motzagatik ere bai. Halakorik ez inon Seierrietan. Izter ikaragarriak zituen.

 

 

Haragizko enbor haien neurria zenbat ote zen? Ordu pare bat eramaki zuen Urbanok kalkuluak egiten. Goizean bota zituen pinu ederrenekin konparatzen. Ehun eta hogei minutu zurrutean Txapasekin. Kamioiaren kabinan kolpe ederra hartua zuen harritzar batekin mendian. Atea ezin zuen ongi itxi, eta txapistari bisita egin behar nahitaez. Pegasoa tailerrean utzirik, ostatura etorriak ziren biak tratu egitera.

        Oilartegiko Lorentxok aulki luzea izaten zuen gordea beretzat. Hantxe, isil-isilik zuri-beltzeko telebisioari begira. Anaia aparte, zutik, ukondoa marmol gainean, begi bat leiho magikoari, bertzea Veroniqueri. Hura ere mutu.

        «Ateri botila bat xanpain!», Txapasek orroa egin zuen. «Xanpaina edan behar diguk?», Urbanok. «Bai! Gosetu nauk!». Horrelako burubide xelebreak ibiltzen zituen txapa-konpontzaileak. Gainerako bezeroek zeharka begiratu zioten, ero ernea ondora hurbildu, gure amak sukaldeko atetik burua agertu.

        Veroniquek Codorniu botila bat atera zuen hozkailu berritik. Txapasek laneko buzoaren sakelan eskua sartu, eta billete multzo bat utzi zuen marmolaren gainean, «Zenbat behar duzu?» galdetzen zuela. «Zuretzat bada, berrehun pezeta», toreatu zuen neskak. «Fuerte habila!», Urbanok diru-paper zimurtuak ikusirik. «Mila pezeta ere pagatu izan diat nik botila xanpainarengatik!», harro, txapistak. Arbola botatzaile zaharrak goiti egin zituen begi txirolduen gaineko ile zerrendak, eta behatzekin beharriko gerezia ukitu zuen. Erran nahi zuena buruan antolatu beharko zuen, ahoa ireki baino lehen. Bi gizonek kostata egiten zuten solas. Zutik egoteko ere nahiko lan. «Serbizio osoa izanen zuan, ez? Konpletoa?» galdetu zuen noizbait ere. Txapa-konpontzaileak buruarekin baietz, «Irunen!». Urre koloreko edariari begiratu zioten biek, zaharrenaren buruko mekanikak kontuak egiten segitzen zuen bitartean, «Halere, ez zaik garestixko iruditzen?». Zerbitzaria gure amarengana joan zen, irriari kontu ezinik.

        Orduan sartu zen gure aita. Pixa egin izanen zuen Urrabiari begira, hontz gazteren baten ulua aditu bidenabar. Zeharka begiratu zien mostradorearen kontra zeudenei. Ez zuen konbertsaziorako gogo handirik. Astelegun gorria izanagatik, bistan zen batzuei kostako zitzaiela kanpoko atea gurutzatzea.

        Noizbait ere, «Erretira beharko diguk!» erran zion Urbanok adiskideari erlojuari begira baina ordurik ikusi gabe. Ez zen bertze inor gelditzen ostatu barrenean eta aitak erdi-bulkaka bidali zituen. Gainerakoak aspaldixko joanak ziren. Baita eguneroko bezero fidelenak ere, Oilartegiko bi anaiak. Jabierrek Ducados pakete bat eskatu zion Veroniqueri adio erran baino lehen. Anaia Lorentxok ere agudo, hondarreko xurrupa edan, eta pezeta batzuk utzi zituen marmol gainean, «Bakotxari berea!», eta etxera martxa. «Merci» atera zitzaion neskari.

        Alemanen Bentan jaioa zen Veronique, lehenago Xixariren Benta erraten omen zitzaion hartan, Larun mendiaren magalean. Toki famatua, mundu guziak ezagutzen baitzuen jabea, Urruñako Catherine! Gazterik gelditu zen senarrik gabe, eta hiru alaba hazi behar izan zituen, ez ama bezain ederrak, baina haren jenio bera zutenak. Veronique zen gazteena, gorputzez bertze biak ez bezalakoa, handiagoa eta zabalagoa. Ile horia eta begi urdinak zituen. Ama alargundu eta handik hiru urtera jaioa, Alemana jarri zioten izengoitia, baina hori aditu hutsarekin sutan jartzen zen bera. Zer kulpa zuen berak jaiotetxea soldadu nazien mozkortegia izan bazen Bigarren Mundu Gerran!

 

 

Udazken hartan, uso sasoia hasi eta agudo, ilunabar batean, Oilartegiko Jabierrek parrokiano guziei bertze erronda bat ateratzeko eskatu zuen harro-harro, «Tragoa denentzat! Nere kontura!». Gero erran zuenarekin ez nintzen sobera harritu. Inori kontatu gabea ikusia nuen hamabortz egun lehenago. Ama Donostiara joana zen autobusean, itsasoa ere ikusi behar izaten baitzuen hilabetean behin bederen, eta aita herrian barna zebilen, etxeko kamioi zaharrarekin edari partitzen, anaia Joxantoniorekin. Nitaz ez ziren oroitzen eta usteko zuten inork ez zituela ikusiko. Deskuido koxkorra. Kanpoko almazenean nengoen ni orduan ere, gustukoa nuen gordelekuan kuento bat irakurtzen. Nire xokotik zelataka ikusi nituen, eurek niri begirik eman gabe. Oroitzen naiz gauza zakarra iruditu zitzaidala. Jabier gainean zen, bulkaka, galtzak beheiti eta ipurdia bistan, eta Verok bere izter ederrekin gizona gerritik lotzen zuen. Haiek izter puskak!

        Noiztik hasiak ote ziren elkar ikusten? Noiz izan ote zuten estreinakoa? Nitaz aparte, bertze inork ote zekien deus?

        Jabierrek berak eman zuen berria egun hartan. Gure ostatua jendez betea zegoen, dudarik gabe besta bezpera zelako edo.

        — Tragoa denentzat! Nere kontura! Serbitzaile berria beharko duzu, Karmen! —gure amari.

        Amak harriturik begiratu zion, eta neskatoari gero. Veronique lasterka joan zen sukaldera.

        — Hilabete baten buruan, boda! Akabo mutilzaharraren bizimodua! Esposatu behar dugu!

        Aita mostradorearen gibeleko aldera sartu zen.

        — Hi gure neskarekin? Ez huken andregaia Beran? —galdetu zion, serio samar.

        — Hura finitu zen! Haizea kanbiatu da, fiu-fiu! —eta irriz hasi zen.

        Gure zaharra trapua pasatzen hasi zen, Jabierren solasak marmol gainean arrasto zikinen bat utzi balute bezala. Jendearen marmarra aditzen zen.

        — Tragoa denentzat! Nere kontura! —erran zuen berriz.

        — Nahi duk nik toberak jotzea? —Feliziano ere ez zen falta arratsalde hartan.

        — Toberak jo, hik! Neronek joko haut buruan isiltzen ez bahaiz! —eta orduan bezero gehiago irrika berarekin.

        Aitak baso ilara luze bat paratu zuen mostradore gainean eta ardoa isurtzen hasi zen.

        Gizon gehienek inbidiaz begiratzen zioten Oilar gazteari. Eta berak ere ezin poza disimulatu. Hainbertzek desio zutena hark harrapatu! Hamar kiloko izokina! Marka handia, inondik ere!

        Inazio bertsotan hasi zitzaion: «Gure Jabier, hau duk gizona! Apuntatu eta tiro! Ta honen kontra saiatzea ere... ez du sobera balio!», eta hor gelditu zen, bertso osoa egiteko gauza ez izaki. Arropan ezagun zuen Wyomingetik etorri berria zela: bakero galtza bereziak, atorra koadroduna... Txoraturik zegoen, kontent, paraje haietan artzain halako bakardadea pasatu, eta orain berriz ere aspaldiko lagunen artean. Hark ere bi ttantta edanak zituen, eta jendeak kasu egitea nahi zuen. «Badakizue zer ikusi dutan han?» airean utzi zuen galdemodua, eta segituan, bi eskuekin hanka tartekoa hartuz bezala, «Gran Canyon!», eta denak irriz lehertu.

        Haurren gisara harroturik zeuden denak, eta inor ez zen ohartu ere egin Lorentxo kanpora atera zelarik deus erran gabe. Niri arraroa iruditu, eta ondotik segitu nion. Ordukoz ilun zegoen. Gure Bentaren paretako bonbillak etxearen aitzinaldea argitzen zuen. Hantxe zegoen anaia zaharra, serio-serio, Jabierren motoaren gainean! Harritu nintzen, beti bere bizikletan ikusia bainuen. Bultacoa arrankatzeko pedalari eman zion indarrez eta ia-ia lurrera erori zen, motoa eta guzi, motorraren lehenbiziko trumoiarekin. Soinua aditzean, Jabier bera agertu zen lehenbizikoa ostatuko atetik. «Zer egin behar duk? Utz ezak moto hori segituan!», erran zion anaiari oihuka. Haren gibeletik gure aitak eta zurrutean ari ziren gainerakoek ere ikusi nahi zuten zer gertatzen ari zen. Veroniquek eta amak ere bai. «Mekauendiooos!!!», garrasi izugarria egin zuen Lorentxok azeleradoreari ahal zuen guzia emanda. Esker-eskuin ziraldoka abiatu zen, gure etxeko pareta justu-justuan libratuz. Gero, motoa zuzendu eta tximista bezala urrundu zen.

        Hurrengo eguna argitzearekin harrapatu zuten gizajoa, Sarako bidean, Lizuniagatik hurbil. Erdi hila, hagitz itxura itsusiarekin. Nonbait, bidetik atera eta errekazulo batera erori zen metalezko zaldiarekin, 10 metro beheiti, arbola batzuen kontra. Sekulako kolpea! Gau osoa eman zuen bertan inork ikusi gabe! Erortzean, kopetan kanka jo eta konturik gabe gelditu zen, baina hagitz postura txarrean, sudur-ezpainek makinaren ke zuloa ukitzen zutela. Motoaren aitzineko gurpila arrunt okertua zegoen eta eskutokia puskaturik, baina motorrak martxan segitzen zuen isildu gabe, ttor-ttor-ttor eztulka, ke erregarria Oilartegiko seme zaharrenaren aurpegira botatzen.