Kristalezko bularrak
Kristalezko bularrak
1990, ipuinak
102 orrialde
84-86766-26-5
azala: Otto Dix
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

ARDO USAINA

 

Susani atea ireki zion emakumeak, zaharrago irudituagatik, berrogeiren bat urte izango zituen. Ilea nahasita zeukan, eta aspaldi lo gutxi egin duenaren musua.

        — Amalia? —galdetu zion Susanek apal.

        — Bai — eta izua eta zalantza nabari ziren atea ireki zuenaren ahotsean.

        — Susan Peres naiz, udaletxekoa. Lindak pasa zidan informea...

        — A bai! —Amaliari espresioa argitu egin zitzaion, eta Susani, dorpeki, bidea zabaldu zion—. Zure zain egon naiz...

        — Bai; ez dut lehenago etortzerik izan.

        Amaliak beren atzean atea itxi zuelarik, korridore estu eta ilun batean aurkitu zen Susan. Gurutze bat antzeman zuen soilik, paret bateko paper hautsiaren gainean.

        — Pasa, pasa zaitez hona — esan zion Amaliak, aurreraxeago, eskuinean zegoen sukaldera sarraraziz, eta Susanek halakotsu interesa somatu uste zion, etxeko beste gelarik ez zezan ikus.

        Kaleko zohargiak apenas argitzen zuen sukalde txikia. Aulki batera igo zen Amalia eta bonbilari ukitu batzuk egin zizkion, piztu zen arte. Irribarre xoilez jeitsi zen handik.

        — Eseri, eseri zaitez — esan zion Susani, eta balizko hautsaz garbi-xamartu zuen aulki koloka bat.

        — Eskerrik asko — jarri zen Susan; baina, Amaliak ez bait zuen eseritzeko imintziorik egiten: —Ongi al datorkizu, oraintxe hitz egitea?

        — O bai — esan zuen, soberazko adeiaz, Amaliak—. Badut denbora...

        — Ez zara ateratzen goizean?

        — Ez — buruaz ere egiten zuen uko—. Etxean egoten naiz.

        — Eta Henri, lanean izango da.

        — O bai. Gauean etorriko da —hitz haietan mina somatu zuen Susanek.

        — Igeltsero da ezta?

        — Bai — instant batez xor gelditu zen Amalia—. Badakizu, paletarekin eta...

        — Eta alabak: eskolan izango dira ala?

        — O! —keinu sentigarri bat egin zuen Amaliak—.

        Hala beharko lukete!

        — Zer esan nahi duzu, beharbada ez direla eskolan izango?

        — Goizean atera dira — Amaliak besoak antxumatu zituen, hotzak bezala; Susanek ere sentitu zuen hotzikara—. Baina batzutan ez dira eskolara joaten.

        — Maistrarekin mintzatu zara?

        Begi ubelak erori egin zitzaizkion Amaliari. Gero jaso zituen atzera.

        — Bai. Kurtso honetan ez zirela oraindik azaldu esan zidan.

        — Baina, badira bi hilabete hasi zela kurtsoa. Isiltasun mehe bat gertatu zen sukaldean; Amaliak hautsi zuen:

        — Zerbait hartuko duzu —gonbidatu zuen, ordurarte ezer eskaini ez zuelako biziki kezkatua—. Gaseosa ttantta bat edo...

        — Ez, eskerrik asko —uxatu zuen Susanek atseginki—. Hamaiketakoa eginda etorri naiz...

        Halere armario batetik txorizo mutur bat atera zuen Amaliak, eta mahai gainean utzi. Zenbait ogi porro zahar zegoen mahai hartan, sagar ustel bat eta irrati tripagabetu bat. Trapo batez bazterkatu zituen apur bat haiek emakumeak.

        — Zergatik uste duzu ez direla eskolara joaten zure alabak?

        — Ez zaie gustatzen — Amaliak ez zekiena egin zuen sorbaldez—. Nik ez dakit zer duten ez bait dira joaten. — Ez diezu problema berezirik ikusten?

        — Lehengo eskolatik bidali egin zituzten —orduan, begiak jiratu zituen, eta espantuz erantsi:— Baina orain, ez bait dira joaten!

        — Non ote diren...?

        — Kalean! —bota zuen Amaliak xaloki—. Kalean ibiliko dira...

        — Ez al dizute deus esaten, ez al duzue hitzegiten...? —Hitzegiten dugu baina... —esan zuen Amaliak,

        Susani fijo-fijo begira—. Gutxi!

        Esku tartean zerabilen, urduri, trapoa. Haren atzean, ispiluño bat ikusi zuen Susanek. Gaiaz aldatzea erabaki zuen.

        — Zer moduz, gizonarekin, orain?

        Amaliak eskua masailera eraman zuen, auhen eginez.

        — Gaizki — eta ezpainetan kozka egin eta gero: — Jo egin nau berriz ere.

        — Denuntzia jarri al duzu? — galdetu zuen Susanek agudo.

        — Ez dut denborarik hartu — esan zuen, baina beste zerbaiten itzala somatu zuen Susanek.

        — Zemai egin dizu?

        — Gaixoa badakizu —bapatean mihia askatu zitzaion Amaliari— txikiteoan ibiltzen bait da mozkortuta etortzen da gauean eta behartzen nau, eta nik kontra egiten badiot okerrago bait da, trakestu egiten da, jo egiten nau eta ohera eraman eta behartzen...

        — Askotan egiten al du hori, Amalia?

        — Bai...! —baina, berea gabe, historia arrotz, harrigarri bat kontatzen ari zela zirudien—. Lehengoan erreta etorri bait zen, afaria jarri nion baina bukatu gabe orruka eta porraka hasi bait zitzaidan etxetik alde egin nahi izan nuen baina berak eskaileran heldu zidan eta, Nora, bigarrenekoak, dena ikusi zuen, etxera sarrarazi zidan, alaba negarrez etorri zen ni defendatzera baina hari ere atearen markoaren kontra burua jo zion koskorra atera bait zaio. Begira...

        Hanka ubeldua erakutsi zion Susani.

        — Bizkarrean ere badut zenbait seinale...

        — Ba al daki, berezi nahi duzula?

        — Bai, horregatik jotzen nau.

        — Garbi esan al diozu?

        — Bai, baina... — ahotsa ikaratu zitzaion—. Ez, berak ez daki...

        — Entzun, Amalia —baina hurbilagotik mintzatu nahi zion: — Ez al zara eseritzen?

        — Atera zait grano bat ipurdian! —orduan bai, min itxurapena egin zuen Amaliak—. Ezin naiz eseri! Zuk deitu duzunean ere ohean nengoen, horregatik!

        — Entzun — moztu zion Susanek—. Hemen ezin duzue segitu baina, nahi baduzu gizonarengandik berezi, haren kontra denuntzia jarri behar duzu! Uste nuen Lindak oso garbi esan zizula.

        — Bai, arrazoi duzu gaixoa — orain trapoa kanila gainean laga zuen eta bi eskuak lotu zituen lazoki, segituan askatzeko atzera—. Baina, parre egiten bait du! Justiziak ezin duela bere kontra deus, esaten du! Ni ez naizela alde egiteko gauza eta dirurik gabe nora joaterik ez dudala, eta joanez gero aurkituko nauela eta ederki damutuko naizela...

        — Baina zuk badakizu horiek gezurrak direla.

        Amaliak ez zion jaramonik egiten. Poz bakunaz esan zuen:

        — Orain desiratzen nago, datorren astean ehizera bait doa.

        Susanek beste galdera konprometitu bat egiteko unea iritsi zela eritzi zion.

        — Jose de Sousa, ikusi al duzu aspaldi?

        — Jose? — instant bateko diztira agiri zen Amaliaren begietan—. Ez, honekin burruka egin zuenetik ez da gehiago azaldu...

        — Ez al dakizu non dagoen?

        — Ez...

        Biak isilik gelditu ziren momentu batean.

        — Maite al zenuen, hura?

        — Atsegina zen —epel mintzo zen Amalia, arrotz bati buruz ari balitz bezala—. Baina, hark ere bazuen bere emakumea. Edo beldurra hartu zuen, kankailu honekin —pausaldi bat egin zuen eta gero, esku ahurraz artega igurtzen zuelarik okozpea:— Lehengoan, astoak, nire gauzak bait nituen, zikin nengoela esan eta lurrean lo egitera behartu ninduen.

        Susanek burua kordokatu zuen.

        — Udaletxean esan behar dituzu horiek.

        Baina Amaliak hasperen egin zuen.

        —Amets egiten dut... Gaur amets egin dut, San Antonion bizi nintzela, etxe eder batean alabekin...

        — Amalia — iratzarri zuen Susanek—. Etxea ikusi al dezaket?

        — Bai! — esan zuen, xerukiro, Amaliak—. Ikusi, ikusi.

        Susan abiatu zen, Amalia orpoz orpo zeramala gibelean.

        — Etxe txikia da, gaixoa — esplikatu zion—. Hor sala —eta, neskengatik nabari zen errixta moduan: —Oheak egin gabe beti.

        Bi ohe zeuden, jasotzen diren horietakoak, telebista, sila bat. Maindireak eta nesken arropak xurruburru, han-hemenka zabalduta zeuden. Armario baxu bateko ateak ere irekita zeuden, barruan arropa gehiago ikusten bait zen nahas-mahas. Egutegi zahar bat, panpin hautsi bat, ez zen paretetan, ez beste inon, beste apaingarririk hatzematen.

        — Txiki zirenean telebista ikusten gelditzen ziren... —esan zuen Amaliak, pena sinple batez.

        — Baina zure alabek bederatzi eta hamar urte dituzte — zuzendu zion Susanek, eta berriz hotza sentitu bait zuen: —Ez al duzue kalefakziorik etxean? —galdetu zuen.

        — O bai —eta sala haren pareko gelan errebista batzuren azpian zegoen butanozko estufa erakutsi zion. Matrimonioaren logela behar zuen noski hark, eta bestea bezala bildu gabe zegoen. Ohea, mesanotxe txikia eta horman sartutako armarioak osatzen zuten hango muebleteri guztia. Salak bezalaxe, patiora jotzen zuen gela hark, sukaldea izaki nonbait kale-bista zuen etxeko pieza bakarra. Estufaren atzean berriz, garrafa bat ikusi zuen Susanek. Haren usaina igarri zuen.

        — Hemen, komuna... —desbideratu zuen haren arreta Amaliak.

        Baina Susanek ez zuen hara begiratzen.

        — Noiz izango dira zure alabak etxean? —galdetu zion.

        — Alabak? —oso harritu zen Amalia.

        — Berekin hitzegin behar nuke —esplikatu zuen Susanek; baina Amalia ttonttortu zen orain, mora begira. Pasiloan ziren bi emakumeak. Amalia ez zela eroso sentitzen, somatu zuen Susanek.

        — Ez dakit nahiko duten — esan zuen Amaliak.

        — Beharrezkoa da ordea — insistitu zuen Susanek—. Eurek zer pentsatzen duten jakin eta...

        Amaliak eskuak izerditzen hasi zitzaizkiola nabaritu zuen.

        — Bien, esango diet! —eta «neregatik!» esan nahi zuen ajola gutxiko keinu bat egin zuen.

        — Nik bihar deituko dizut... — saiatu zen Susan.

        — Bai, bai. Nahi duzularik etorri.

        Etxetik bidali nahi zuela, inpresioa izan zuen Susanek.

        — Eta zu — esan zion, halere—, bihar goizean, udaletxera azaldu.

        — Bai! — esan zuen Amaliak, «lasai egon!» adieraziz bezala.

        Hura atea irekitzera zihoala, bere hankapean kras, segur labezomorro bat mazpildu zuela aditu zuen Susanek. Sarrerako ilunean apenas elkar ikusten zutela despeditu ziren.

        Bakarrik gelditu zelarik, sukaldeko argia itzali eta leihoraino irristatu zituen zapatilak Amaliak. Handik begiratu zuen, udaletxeko neska hura pareko espalotik behera urruntzen ikusiz. Bai, eraman egingo zizkioten alabak, hori nahi zuten —eta berak bakarrik egin beharko zuen monstruo harekin burruka. Non ote ziren, neska deabru haiek? Goizean ez zituen ikusi. Etorriko ote ziren bazkaltzera etxera? Ez ahal ziren etorriko behintzat, galerazi baizik ez zioten egiten eta. Bapatean mihia dorpe, eztarria lehor somatu zituen.