Mendekuak
Mendekuak
1987, ipuinak
116 orrialde
84-86766-00-1
azala: Joxean Muñoz
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
 

 

Gertakariaren lekuan bertan

 

Bizenta Iratzekoak maiz zion gomentatzen bide hartan bertan, alkatzia luze paren ondoan gutxi gora behera ateratzen zela zaldien hankapera Zapiraindarren zaharrena haur gaxoa besoetan zuela goizero, eta merkatutik honuntzakoan eskaini egiten zien. Ama, ezagutu zuen berak, emakume galanta zen baina, hogei urtetan ume egiten arituta zortzigarren hark beste mundura bidalia zen.

        Sailka etorten omen ziren orduan, orain baino gehiago, Polloetik barrena, denak marmitak hutsak eta asko titiak betean. Eta zazpi emakumeren bularrek hazitako ume hura, Juan Krutz, bertsolaria egina zen, eta Santa Jenobebaren bizitza jarri berria zuen ehun eta hirurogeitahiru bertsotan. Sarritan kantatzen zituen Bizentak bidean. Ozen abesten zuen, garbia zuen aboza, eta bi gurdi atzeragokoek entzuten ahal zioten.

        Madalenek ere segitzen zion aldizka, baina txarra zen bertsoak buruz hartzeko.

 

                Azkeneko aldiz Golo juan zan

                amorratuba bezela:

 

        Goiz erdi aldera hasi zen zurrumurrua hirian zabaltzen, alegia Polloe kanposantu inguruan ondiko lazgarri bat zela gertatua, bi protagonisten bizia eramanez.

        Aurreneko batean albistea ohizko nahaspiletan jantzia bazetorren ere, gerora argituz joan ziren non-nolakoak, eta jakin ahal izan zen gertatutakoa amodiozko drama bat zela.

        Bai hala ere, errauts erretenaren antzo zabaldu ziren berriak ez zeuden gertatutakotik hain urrun.

        Talde, tertulia eta merkatu zoko guztietan, San Martinekoetan batez ere, hildakoak hantxe saltzen zuen eta esnea egunero, gomentarioen gaia idazten ari garen gertakariaren albistea zen.

        Esaten zena, eta hala izan gainera, 25 urteko mutil gazte batek, amodiozko gora-beherak zirela eta, su egin zuela 20 urteko andregaiaren kontra, Martutenekoa bera, zerraldo utzirik bertan, eta ondoren, ehizako eskopeta bat erabilirik, bere buruari eman ziola tiro.

        Albistearen interesgarriagatik eta gertatutakoaren larriagatik, trajediaren gertalekura abiatu ginen doilorkeria zitalaren xehetasunak jasotzearren.

 

 

GERTAKARIAREN LEKUAN BERTAN

 

Martutenera ailegaturik eta Altzarako bidea hartuta, bidezihor batek zenbait baserri dauden parajera garamatza. Haietako batean bizi izan zen gertakariaren protagonista, Magdalena Arrieta, bere amarekin, Eujenia, orain hiru urte alargundua, eta bere anaia Alberto, José eta Migelekin.

        Baserrian sartu orduko mutiko batek Magdalena dohakabea hilotzik datzan gela erakusten digu, Jose Andrés Elustondo, 25 urtekoa, hemendik ordu erdira, «Errekatxo Goikoa» baserrian bizi zen bere nobiaren biktima.

        Gaztearen gorpuak ezagun talde handi bat zuen inguruan, bizi zelarik pozik tratatu zutenak, zeukan izakera apal eta zerbitzalagatik. Denek gaitzesten zuten hilkintza landerra, laztura handi batean.

        Zorigaiztoko Madalenen ahizpak, familiartekoek hala esaten zioten, zintzo erantzuten digu egindako galdeei eta atzo goizean gertaturiko sarraski izugarriaren aurreragoko datu interesgarriak ematen dizkigu.

 

 

TRAJEDIAREN AURRERAGOKOAK

 

Jose Andrés Elustondo eta Magdalena Arrietaren arteko maitasun harremanak duela hiruren bat urte sortu ziren, gure erantzulea dugun Isabel ahizparen ezkontza zela eta.

        Ez ziren ongi konpontzen hala ere, eta Elustondoren izakera zakarragatik, maiz izaten zituzten liskarrak beren artean, batez ere iaz, dirudienez, neskak ezezko borobila eman zionean.

        Halaz guztiz ere, ez zen Elustondo otxandu eta berriro hasi zen neskaren jiran, eguneroko lanetik honuntzakoan lagun eginez, izan ere goizean Donostiako San Martin merkatuan egiten baldin bazuen lana, arratsaldez Ergobiako etxe batean aritzen baitzen josten.

        Ez zuten neskaren familiakoek ezer berezirik nabaritu joan den asteko ostegunera arte. Madalen guztiz goibeldurik eta etsita heldu zen egun hartan baserrira, tristuraren zergatia ezkutaturik, ostiralean handitu egin zelarik, eta areago larunbatean. Baina Madalen mututu egiten zen, berez ere isila izaki.

 

                Zenbat denbora itxoingo ziyon

                kontu atera zezala...

 

        Lehengo igandean, goizero bezala, San Martingo merkatura abiatu zen betiko orduan Madalen gaztea, begitartean salatzen zuela aztarrendu mingarriren bat.

        Goizeko hamarrak aldera ikusi zuten nobioarekin hizketan zakar eta gordin, Merkatuko atean, laneko lagunak biziro aztoratu zituela.

        Baina goiz osoan negar batean, kupida sustatzeko moduan atsekabetua eta eroria ikusi behar izan zutenean helduko zen bizienera lagunen kezka. Galdetu zioten zergatik hainbeste zotin, eta gazteak, malkoek urpetua eta galdeek hesitua, ezin gorde izan zuen arima nahigabe gorritan ziztatzen zion arantza ikaragarria, eta Rufina lagun minari aitortu zion Elustondok 48 orduko epea ziola emana erabakia hartzeko, eta ezezkotan, ematen ahal zuela bere burua hiltzat.

        Hauxe izan zen nobioarekin izan zuen elkar hizketaren ondorio garratza, Merkatuko atean.

 

 

KRIMENAREN BEZPERA

 

Astelehenean, lanetik etxerakoan, esan dugun bezala Ergobiako joskintzatik, malko erretan negar eginez itzuli zen baserrira.

        Bere ahizpa Isabelek tinko eta gogor egin zion galde oraingoan zer zen halako samindura, inolako erantzunik lortzeke.

        Orduan, Domusantu Egunean estrainatu behar zuen berokia josten segitzeko agindu zion xamur. Orduantxe lehertu zen gaztearen arima, zurbiltasun ikaragarrian esanik: «Zertarako berokia josi, hil egin behar banaute?»

        Ondoren esan egin zion ahizpari, pentsatzekoa den izialdura neurgaitzarekin, nobioak bezperan esandako bidegabeko epea eta hiltzeko zemai zitala, «Elustondorekin ez zuela ibili nahi eta eta ez zela ibiliko» gaineratuz.

        Madalenek esan zion Rufina lagun minari goizean merkatuan: «Bihar konfesatzera eta komulgatzera joango naiz!»

        Hurrean somatzen zuen heriotzea, baina nobioaren esku sarraskariak ez zion utzi Jaungoikoarekikoak egiteko nahi zinezkoa kunplitzen.

 

                Ai, Jenobebak erantzun ziyon

                ura mudatuko etzala

 

        Goizeko zazpiak eta hamarretan irten zen bere baserritik Madalenek gidaturiko gurdia Donostiako merkaturantz, beste egunetan bezalaxe.

        Atzetik zihoakion «Iratze» baserriko etxekoandrea, hildakoaren auzoa, bere gurdian.

        Ez zuen hogei metro baino luzeagoko bidea eginen Madalenek, non bazterreko alkatziaren orpotik ustekabean sortzen den Jose Andrés Elustondo, Magdalena Arrieta errukarriaren senarnahia, gurdiak geldi eraziz.

        Elustondo Madalenen gurdira hurbildu zen, eskua ezarri zuen kartolan, bestearekin ehizako eskopeta eusten zuela, eta Madaleni latz hitz eginez, sententzia eman zuen: «Bete dira 48 orduak!». Neska gazteak bere ezezkoan iraun zuen setatsu, eta eztabaida garratzean aritu ziren biak hamar minutuz.

        Bitartean, Bizenta Sagastume, ondiko lazgarriaren lekuko bakarra, atzeko gurdian zetorrenak, behin eta berriz esaten zion neskari aurrera segitzeko, Elustondori kasurik egin gabe.

        Horretan direla, etsita, nobioak burutu egin zituen bere asmo beltz ankerrak, bertatik bertara, erropa-erre, tiro emanda, zauri larriak eginik neska gazteari besoan eta bularrean, zazpiko kartutxoarekin.

        Neskak ikarazko intziri bat egin zuen, eta gurdiaren ezker aldera etzanda gelditu zen. Bizenta Sagastume, ezin asmatuzko izuarekin, ustez eta bigarren tiroa beretzat izanen zelakoan, oihuka hasi zen eztarria urratuan oldargile basatiari. Honek, zurbil, zoro eta ausart, burura eraman zuen kanoia, eta apunteak huts eginik, zauri azaleko bat baino ez zuen egin.

        Elustondo, urratu arin batekin eta kartutxo eskasean, bere baserrira abiatu zen lasterrean, eta ordu erdi baten buruan, ostera Madalen zorigaiztokoaren etxe aurreko zabaldegira etorririk, eta odol hotzean, tiro bat eman zion bere buruari, zauriak garunak eramanik, berehala hilteko.

        Horrelako modu mingarri eta izugarrian izan zuten azkena amodiozko grinek ekarritako liskarrez eta sesioz beteriko historialak eta bi bizitza gazteok, loretan galduak.

 

 

LAGUNTZA OIHUAK

 

Bizenta Sagastume, ondiko lazgarriaren lekuko bakarrak, oraino izuturik, lasterkari eman zion herio-suhar eta laguntza oihu asaldagarriak eginez.

        Hilkintza landerraz ohartu zen aurrena Bizentaren seme bat izan zen, eta honek, zaldia hila izanen zelakoan, labana eskuan heldu zen arreoak moztearren, baina Madalenen gorputz eroria ikusitakoan, orru lazgarri bat egin zuen. Eraman zuten arineketan baserrira, eta han sakona eta ezin esan halakoa izan zen familiaren lantua.

 

                Aserretuta esanaz juan zan

                illeraziko zubela

 

        Madalen bizi izan zen oraino pixka batean, arima Jaungoikoari emanik goizeko zortziretan.

        Lehendabizikoan Erreformatorioko kapelaua etorri zen, eta geroago Martuteneko apaiza Don Gregorio Arzallus eta Altzako erretorea, Olio Santua eman ziotenak.

 

 

MADALENEN DATU GEHIAGO

 

Madalenen ahizpa Isabelekin eta «Iratze» baserriko etxekoandre Bizentarekin hitz egiteaz gain, izan genuen elkar hizketa bat Lucía Gonzálezekin, atzoko gertakari trajikoaren protagonistak esnea ematen ziona.

        Lucía Gonzálezek esan zigunez, behin baino gehiagotan esan omen zion Madalenek, honen galdeei erantzunez, Elustondok ez zuela betetzen, eta inoiz ez zuela maite izan eta ez zuela maite izanen.

        Halako batean —dio Lucíak— Elustondok «sanwich» bat eskaini zion neskari, eta baita Madalenek arbuiatu ere azkar.

 

 

GOMENTARIOAK

 

Atzo goizean aipatutako hilkintza ikaragarriak eragindako gomentarioak zenbagaitzak baldin baziren, arratsaldean ere ez ziren urri gelditu.

        Irakurleari eman dizkiogun xehetasun guztiak bildu ditugun gertakariaren lekuan bertan, dolu mugagabez eta etsipen biziz gomentatzen zen maita-grinezko trajedia mingarria.

        Amaitzeko, ez da beharrezkoa izanen noski, iritzi gogorrenak moldiztegira ditzagun gertakari anker hau gaitzesteko. Gertatutakoaren adierazpenak eta Elustondo gaztearen zoramen deitoragarriak alferrikakoa egiten dute gainerako gomentariorik.

        Deitora dezagun, hala ere, gertatutakoa, protagonisten familia biei gure doluminik benetakoena bidalirik.

        Eta Jaungoikoari nahi dakiola jaio ginen eta hil nahi genukeen gure euskal lur honetan, ez daitezela aurrerantzean gisa honetako gertakariak jazo, higuintzen dutenak idazten dituena eta irakurten dituena.

 

                Komeni zaigun ixtoriya bat

                kantatu a! bageneza...

 

        Bizenta Iratzekoak maiz gomentatzen zuen San Martingo merkatuan bidean bertan, eta ez Donostiako kazetariak jarri zuen moduan, semeak Santa Jenobebarena bezala irakurria baitzion Santuene aurreko zabaldegian izan zelakoa, beherago baizik eman ziola tiro bere buruari Errekatxo Goikoako zoro hark, alkatzia luze haren orpoan hain zuzen, Zapiraindarren zaharrena haurra besoetan bezala eseri egin zela lasai bizkarra arbolaren kontra jarrita, eta luzea zuen eskopeta eta, aurrenekoan ere horretxegatik huts egin zuen, ezin menakari eman eskopetaren kanoia buruan jarrita, ez heltzen eskuarekin, eta adaska xardedun baten bila ibili zela bazterrean, eta harekin eragin ziola.

        Semea bidali zuen zihoala segituan Errekatxo Goikoara abisu ematera, bi anaia mutilzahar bizi ziren han zein baino zein, eta anaia heldu zenean hantxe zegoen Jose Andrés eserita alkatzia luzearen orpoan lasai, berak ez baitzuen ukitu artean, adaska eskuan eta odolak lepo kolko guztia gorritzen ziola. Orduan Mateok, biak ere zoroak ziren eta, bururatu egin behar gizonari, halaxe esan zion: «Zer moduz Sanferminetan Jose Andrés?». Bezperan izan.

        Bizentak maiz gomentatzen zuen bide hartakoa bartakoa, alkatziaren orpokoa hain zuzen, eta zenbaitetan «Dotore hago pañuelo berriarekin!» esan ziola Mateo Errekatxo Goikoak anaia hilari. Zein baino zein baitziren biak ere, zoroak. Maiz esana zion Madalen zenari, Madalen gaxua... Santueneko guztiak ere... Eta Santa Jenobebaren bizitza kantatzeari ekiten zion gurdia marmita hutsez bete orduko kazetariak paperean hartu nahi izan ez zuen kantu hura:

 

                Azkeneko aldiz Golo juan zan

                amorratuba bezala...