Poesia kaiera
Poesia kaiera
Cesare Pavese
itzulpena: Ion Olano Carlos
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-27-3
Cesare Pavese
1908-1950
 
 
Poesia kaiera
Cesare Pavese, 2019

XX. mendeko poeta italiar handietako bat da Pavese. Ez zuen poesia asko argitaratu, poemategi bakarra argitaratu zuen bizirik zela: Lavorare estanca (Lan egiteak akitzen du), nahiz eta denbora pasatu ahala poema gehiago txertatzen joan zen. Gero, 1945ean, La terra e la morte (Lurra eta heriotza) seriea argitaratu zuen Le Tre Venezie aldizkarian. Verrà la morte e avrà i tuoi occhi (Etorriko dun heriotza hire begiz), berriz, hilondoan argitaratu zen. La terra e la morte-koez gain, hamar poema argitaragabe agertu ziren liburu horretan, tartean bildumari izena eman zion poema ezaguna, euskarara erruz ekarri dena (Olanorena seigarren bertsioa dugu). Hunkigarria da Paveseren poemetako begirada erdi-xaloa, bizitzaren plazerei bertatik bertara begiratzen diena. Pavesek poesia molde errotik ezberdin bat ekarri zuen bere garaiko italiar poesiara. Iluntasun poetikoaren aldean, poesia askoz ere narratiboagoa zen berea, erritmo eta kadentzia handikoa eta bertso-lerro luzekoa. Kasu berezia da gurean Cesare Paveserena. Poesia gutxi euskaratu den arren, bera izango da gehien itzuli den poetetako bat, bai behintzat izan duen itzultzaile kopuruari dagokionez. Ion Olano Carlosek, zenbait poemaren itzulpen berriak emateaz gain —italieratik zuzenean itzuliak—, Paveseren ibilbide poetikoaren soslai osatu bat eman digu kaier honetan.

kritikak:
I tuoi occhi, Igor Estankona, Argia, 2019-04-07
«Heriotzak du dena mediatizatzen bere poesian. Hain da distantea. Eta hala ere bulkada hor dago, erreala da bere begirada, poesia formal horren atzean bada bihotz bat, gainontzekoekin komunikatu gura duena».
Paveseren poesia, Javier Rojo, El Diario Vasco, 2019-06-01
«Hirian, jendez inguraturik, bakardadea da nagusi, eta bakardade honetatik babesteko beste pertsonaiekin hasten dira harremanetan. Hauek azaleko harremanak baino ez direnez, ez dute lotura trinkorik lortzen».
Desamodioaren kontra, maitasuna, Aiora Sampedro, Berria, 2019-06-09
«Bestela begiratuz, baliteke lanik politikoenak poesiazko lan hauek izatea; jendearen arteko erroak indartzeaz jarduten baita poeta, etortzekoa den mundu berriari itxaron bitartean, artean geratzen diren plazer terrenalez disfrutatzeko deia eginez».