Antzinako zibilizazioa
Mutikoak freskoago hartzen du arnasa, kontraleihoen artean
isil-gorderik, kaleari begira, adi. Errekarriak ikusten dira
zirrikituaren argitik, eguzkitan. Inor ez dabil oinez
kaleetan. Mutikoak nahiago luke kalera ateratzea
horrela, biluzik (ororena baita kalea), eta eguzkitan kiskali.
Hirian ezin da. Belazeetan bai, posible litzateke,
buru gainean ez balego zeruaren sakonera,
izutzen eta moteltzen duena. Belarrak, hotz delarik,
oinetan kili-kili dagi, baina geldirik begira dauden landareak
eta enborrak eta sasiartea begi zorrotzak dira
dardaraka ari den gorputz ahul zurbilarentzat.
Bestelakoa da belazea ere, nazka ematen du ukitzean.
Alabaina, mortu dago kalea. Inor igaroko balitz
mutikoa ausartuko litzateke ilunpetik begiratzera
eta pentsatzera guziek ostentzen dutela gorputz bana.
Ordea, gihar sendoko zaldi bat igaro da
eta burrunba dagite errekarriek. Gero zaldia
badoa, biluzik eta koplarik gabe, eguzkitan:
badoa kalearen erditik trostan. Mutikoak
nahiago luke bera ere hura bezain sendoa eta belztua balitz
eta beharbada gurdi hari tira egitea; hartara, ausartuko litzateke
bere burua agertzen zeruko izpien azpian. Begira dauden etxeek
belaze mortuek baino gutxiago moteltzen dute.
Gorputz baten jabe izanez gero, ikusi beharra dago. Mutikoak ez daki
guziak ote diren gorputz baten jabe. Goizean pasatzen ari zen
agure zimur hark ezin du izan halako gorputz zurbil eta tristerik,
ezin du izan horrela izutzen duen deus ere. Helduak ere ez,
ezta haurrei titia ematen dieten emazteak ere,
haiek ez daude biluzik. Soilik mutikoak dira gorputz baten jabe.
Mutikoa ez da ausartzen bere burua ilunpetan ikustera
baina badaki kiskali beharko duela eguzkitan
eta ohitu beharko duela zeruaren begiradarekin, gizon izango bada noizbait.