Abuztuko ilargia
Hori koloreko muinoez harago dago itsasoa,
lainoez harago. Alabaina, egun izugarriak
tartetzen dira zeruan muino kizkurtuz eta zirtakatuz,
itsasoaren aurretik. Hemen goian olibondoa dago
islarik ematen ez duen ur putzuarekin batera,
eta uztondoak, beti uztondoak, amaitzen ez direnak.
Eta ilargia altxatu da. Senarra zerraldo dago
zelai batean, kaskezurra eguzkitan zartaturik,
emazteak ezin du hilotza garraiatu
zaku baten antzera… Ilargia altxatu da eta itzal apur bat ematen du
adaxka bihurrien azpian. Andreak itzaletan
izu antzeko imintzioa egin dio bisaia odoleztatuari,
koagulatzen eta estaltzen ari dena lepoaldeko zimurrak oro.
Ez dira mugitzen zelaietan datzan hilotza
ez itzaletan dagoen andrea. Areago, badirudi
norbaiti keinu egiten diola odolezko begiak, eta bide bat seinalatzen.
Zirrara luzeak datoz muino biluzietan barrena
urrunetik, eta andreak sentitzen ditu bizkarretan,
alez beteriko itsasoan korrika egingo balute bezalaxe.
Zirrarek hartu dituzte olibondo galduaren adarrak halaber
ilargizko itsaso horretan, eta badirudi arbolaren itzalak
uzkurtzean irensten duela andrea bera ere.
Amildu egiten da ilargiaren izularrian
eta harrietan barrena jarraitzen dio haizekirriaren kirrinkak
eta silueta lauso batek hozka egiten dio oin-zoletan
eta min ematen dio magalean. Ostera ere sartu da itzaletan
eta harrietara bota du bere burua eta hozka egin dio bere ahoari.
Behean, odolez bustitzen ari da lur iluna.