1960ko hamarkada
Irudikatu galtza motzetan doazen mutil koxkor batzuk zinema-areto bateko pasilloetatik korrika. Komunera sartu eta ispiluaren parera iristen doazen heinean, bata bestearen gainean pilatzen dira, ahoa zabalik, karmin gorriz egindako “Iraultza ala hil” pintadari begira.
Irrikaz zabaltzen dugu 60ko hamarkada Joseba Sarrionandiak Lagun izoztua eleberrian utzitako postal horrekin. Desira horrekin ireki dugu Pako Aristiren Rosa itzuli da eleberria ere. Istorioaren hari zentrala ez bada ere, protagonistaren ama alzheimerdunak opari bat eskaintzen digu, gordean. Eldarnio betean, harekin bidaiatzen dugu 1963ko Capbretonera, etaren II. Biltzarrera. Biltzar hartara gonbidatutako emakumeei harrera beroa egin zietela kontatzen digu eleberriak, ekar zitzatela lagun gehiago hurrengoan.
Historiak, ordea, azkar zulatuko digu fikzioak puztutako ilusioa: testigantzek bestelako bertsio bat daukate. Genero ikuspegitik biltzar hori mugarria izan zela, egia da: estreinakoz bi emakumeren presentzia erregistratu zen etaren historia ofizialean. Baina, Carrie Hamiltonen (2007) eta Onintza Odriozolaren (2016) ikerketek argi jasotzen dute emakume haiek sukalde-lanetan aritzeko gonbidatu zituztela, besterik ez. etaren hurrengo biltzarretan ere, argazkia oso antzekoa da: berrogeita hamar gizonen artean, lauzpabost emakume. Froga grafiko samarrak, ez duzu uste?
60ko hamarkadan emakumeak oraindik ez daude fronte militarrean; haien ekarpena fronte kulturalean eta azpiegituran dago, hori gutxi balitz bezala. Jakina da, ordurako, emakume batzuk etako formakuntza taldeetan eta herriko ekintza-taldeetan parte hartzen hasiak zirela. Baina, besterik ez. Eta hori guztia.
Bada aipatzea merezi duen kontu paradoxiko bat: klandestinitatea eta genero-erregimen patriarkala gurutzatzen direnean sortzen den sorgin-gurpila. Aitaren etxean oxigenorik gabe gelditzen ari zirelako borrokara ihes egin zuten emakumeak, ironikoki, normaltasun tradizional hori bera antzeztera derrigortzen zituen segurtasun-premiak. Oraindik euskal gatazka armatuaren historiak ia ez du izenik ere, eta, beraz, patriarkatuaren menera egindako emakumea ez da susmagarri: etxekoandrea, gizonaren emaztea, aitaren alaba, nebaren arreba, emakume zintzo eta esanekoa. Egin hau, hori eta hura. Goazen eskutik, eman musu. Ekarri honakoa eta eraman beste hau. Jana eta harrikoa zuen kontu, ezta? Askatasun promesa arraro samarra.
Ipar Irlandako gatazka armatuan ere, inork ez zuen emakumerik espero eta irako emakumeek haur-gurditxoetan paseatzen zituzten metrailadoreak. Armak sabelari lotuta haurdunaldi faltsuak antzezten zituzten[3]. Euskal gatazka armatuaren testuinguruan irudi horiek fikzio hutsa lirateke. Gure imajinarioan ez da halakorik kabitzen eta sinesgarritasunarekin arazoak izango genituzke halakorik irudikatzekotan. Baina, funtsean, han eta hemen, mekanismoa bera da: zuk tuntun plantak egin eta segi lasai, baina bizkor.
Iruditeria, ordea, ez da apurtezina. 60ko hamarkada amaitu berritan, argazki zein bideo-kameren eta hedabideen laguntzaz, pitzadura batetik argi apur bat sartu zen. 1970ean Burgosko Prozesu polemiko bezain mediatikoak munduari aurkeztu zizkion Arantza Arruti, Jone Dorronsoro eta Itziar Aizpurua. Hedabideek, beren kontakizun patriarkalari eutsiz, “aurpegi polit” izendatu bazituzten ere, maskulinitatearen monopolioa publikoki hautsi zen estreinakoz. Beren herri, etxe eta sukaldeetatik su txikiak piztuta begira zeuden emakume askorentzat zerumuga zabaldu zen: erreferenteak, dagoeneko, hezur-haragizkoak ziren.
[3] Gaian interesa izanez gero biziki gomendatzen dizut Aretxaga (1997) eta O’Keefe (2013) irakurtzea.