Lokatzetan sartu aurretik
NIRE AURREKARI PENALAK I
Ez dakit 2000. urteko azaroaren 10ean etak seigarren pisuko bizilagunari jarritako bonba lehertu izan balitz liburu hau idazten ariko ote nintzatekeen. Ez naiz kalkulu matematikoetan iaioa; beraz, ez dakit zehaztasunez leherketak gure bosgarren pisuko etxea harrapatuko ote zukeen, baina beti pentsatu dut baietz. Bizitzak, zoriak, patuak edo dena delakoak hala nahi izan balu, une hartan etxean zegoen aita hilda zegokeela. Baina, leherketak huts egin zuen, kazetari familia hura Madrilera lekualdatu zen, gure aitak bizirik jarraitu zuen, gure etxeak osorik eta nik 90eko hamarkadan Donostian hazi eta hezi ginen haur askoren moduan, inongo bandotara lerratu beharrik gabe bizitzeko pribilegioarekin jarraitu nuen bidea. Pribilegio diot hamar urtetik behera gatazka armatuaren bandoren batean edo bestean kokatu behar izan duen haur ororekiko elkartasunez. Ez genituzke helduen erabakien ondorioak meriendatu behar, baina, oraingoz, hala antolatuta dago ezagutzen dugun mundua.
Nerabezaroan ikasi nuen, ordea, lerratu beharra zegoela, biziraupen sozialagatik, bederen. Etxean eta inguruan halakorik entzun (akaso, zuzenago, identifikatu, ulertu) gabe igaro nuen haurtzaroa. Bonba-abisu baten arriskuak paralizatutako eskola. Gogoan dut San Tomas egun bat, Antiguara bueltan, kuadrillako gizonezko gurasoak txoferrari oihuka “a-rran-cael-au-tobús”. Atzeko autobusa sutan eta enkaputxatuak gugana korrika. Debako jaietan tablaura igotzen ziren espontaneoak, goitik behera buzo zuriz jantzita, ikaragarri beldurtzen ninduten maskara txuriak soinean. Mesfidantzaz begiratzen nituen balkoietako banderolak. Deszifratzea lortzen ez nuen Amnistiaren eta Arrano Beltzaren ikurrak.
Gure amak ez zuen alaba “arazotan” sartzerik nahi. Gerora aitortu dit, eskuak larritasun keinu batekin ahora eramanda, gatazkak iraun bitartean eta, beraz, bere bizitza osoan zehar, bakea besterik ez zuela nahi izan. Funtsean, beldurra ziola bizitza galtzeari. Etxean gurasoek gaiaren inguruan izaten zituzten eztabaidak jasangaitzak zitzaizkiola. Aita zamorarra zuen, lanera etorrita Deban amaitutakoa. Ama errezildarra, barnealdeko baserri girotik kostara arnasa bila etorritakoa, edo auskalo. Ez dut sekula nahasketa hori ulertu, baina nolabait, bertatik sortu naiz ni.
Amak eskolaz aldatu nahi izan ninduen aski ezaguna baitzen tokatzen zitzaidan institutu publikoan istiluak eta ideia arriskutsuak elikatzen zirela. Gerora ondo konprobatu genuen diziplina militarra akademikoa zela eta ez bestelakoa. Bide batez, euskal gatazka armatuari buruzko tesi bat idazteko funtsezkoa izan zaidana.
Azkenean, beraz, nire alegatu nagusiak irabazi zuen, eta institutu konbultsoan amaitu nuen nota onak ateratzen jarraitzea hitzemanda eta lagunak galtzeko arriskuari iskin eginda (biziraupen soziala, again). Amak eta biok susmatzen ez genuena zen institutuan hasi eta urtebeteren buruan amama galduko genuela, eta horrenbesteko hutsuneak hartuko zidala barrena, hainbeste galdera geldituko zitzaizkidala hari egiteke, ezen ikerketa bihurtuko baitzen nire ekinbide 13 urte besterik ez nituela. Ironikoki, amamaren heriotza izan zen, azkenean, Euskal Herriko gatazka armatuaren baitan lerratzera eraman ninduena.
Duela ia hamar urte, oraindik amamak utzitako isiltasuna izendatzeko hitzen bila nenbilela, eskuetara heldu zitzaidan lehenengo Lisipea. Une horretantxe jakin nuen zerbait betiko aldatu zela nire begiradan. Ez zen soilik liburu bat: nire baitako eta gure herriko barrunbe lokaztuetan bidea egiteko lehen argibide-liburua nuen esku artean. Ondoren ehundu ahal izango nituen genealogien lehen hari-muturra. Garai hartan, ordea, ezinezkoa zitzaidan neure burua hitzok idazten irudikatzea.
NIRE AURREKARI PENALAK II
Zuriņe Rodriguezek eta Oihana Etxebarrietak (2016) idatzitako lehen Lisipe harentzat Jule Goikoetxeak idatzitako hitzaurreko esaldi bakoitza ekarriko nuke orriotara. Tamalez, alderdi batzuek antzeko diraute. Zorionez, beste asko eta askori egin zaie aurre. Oraindik, ordea, behar dugu Lisipe gidari. Lehoiek jarraitu behar dugu gure historiak kontatu eta gure ahotsak legitimatzeko ahaleginean. Ehiztarien monopolioarekin amaitu arte, edo, ahalegin horretan ziplo erori arte, bederen.
Tira, lehoi baino, inurri sentitu naiz bizitzako une eta esparru askotan. Eta ez, ez naiz nire neurriaz ari. Bereziki sentitu naiz inurri Euskal Herriko Unibertsitatean euskal literatura ikertzen. Oraindik hotzikara sortzen dit latorrizko ontziaren kontra emandako kolpe bakoitza oroitzeak, han barruan sentitutako itolarriak.
Baina Lisiperen eta lehoi-kideen laguntzaz irten nintzen zulo hartatik. Zein eder zegoen kanpoan oihana. Geroztik, sinetsita nago oinarrizko premisa honetatik abiatzen dela dena: pertsona orok, existitze hutsagatik, badu testuinguru bat eta hori politikoa (ere ba) da. Testuinguru horretan, arteak eskain diezaioke pertsonari bere existentziaren gordintasuna liseritzeko (edo bere egoa elikatzeko) bidea, eta ihesbide horietariko bat da literatura. Literatura, ere, politikoa da, kontatzen duena kontatzen duela, kontatzen duen tokitik. Hain zuzen ere, horregatik.
Demagun hipotesi ero hori zuzena dela. Orduan, euskal literatur kritika akademikoan zergatik ez dio (ia) inork literaturaren izaera politiko horri erreparatzen? Azken batean, darabilgun hipotesiaren arabera, pentsatzekoa da ustez modu apolitikoan egindako irakurketek ez diotela politikotasunari ihes egiten, inondik ere. Are gehiago: “neutraltasuna”, “kontsentsua” eta “bizikidetza” bezalako hitz potoloak aldarrikatuz amaitzen diren diskurtsoak, izatez, erabat politikoak dira. Baina, oraingoz, utz ditzagun irakurketa horiek harro goraipatzen duten apolitikotasun eta kontsentsuaren lakuan igerian.
Nik, bien bitartean, bost bat urte igaro ditut zientoka liburu artean igerian. Amak gerora aitortu dit beldur ematen ziola eszenak, liburu dorreak nigana amiltzen ikusten zituela. Ordea, Lisiperen alboan Iruzurgilearen Sindromea buruzagi nuela, taxuzko gauzaren bat edo beste zioen doktore tesia harilkatzen ahalegindu nahi banuen, derrigorrezkoa nuen tamainako dokumentazio lana egiten ahalegintzea. Gaur, zazpi bat urte beranduago, iragarpen autokonpliturik unibertsalena bete da beste behin: amak arrazoi. Hobeto biziko nintzatekeen horietakoren batekin topo egin izan ez banu. Baina, aldi berean, eskertuta ere banago, horiek izan baitira eskutan dudan pospoloa piztu dutenak. Ikusiko dugu zertarako baliatuko dugun.
2024ko maiatzean defendatzea lortu nuen adreilu nahiko akademiko hartatik abiatuta, datozen orriotan ariketa literario-historiko-politiko bat egingo dugu euskal gatazka armatuaren, memoria historikoaren eta patriarkatuaren inguruan, eta Lisipek libra gaitzala samin daitezkeenengandik.
JASO MAHUKAK
Euskal gatazka armatuaren oroimen historikoa ere patriarkala da. Horrek, noski, askotariko ondorioak dakartza, baina oraingoan honako honetan jarriko dugu arreta: erakunde armatuan militatu duten emakumeen partehartzearen inguruan sortutako distortsio diskurtsiboan[1]. Eta horrek zer harreman du literaturarekin?, galdegingo duzu. Emakume horien inguruko iruditeriaren sorgin-gurpila hedatu eta betikotzen duela. Gizarteko diskurtsorik (distortsiorik esan genezake, zuzenean) hedatuenak literatur irudikapenetan islatzen direnean, errealitatean existitzen den distortsioa elikatu eta betikotu egiten da. Eta, horrela, etengabe. Norbaitek su-etena aldarrikatzen duen arte.
Literaturak badu oroimen historikoa transmititzeko gaitasuna eta baita zeregina ere. Esaldi horrek hautsak harro ditzakeela jakitun, literatura ez da, funtsean, errealitatean jazotakoa gutxi-asko fikzionatuta jasotzea besterik (eta hori guztia). Are gehiago, ausartuko nintzateke esatera segun eta zer den kontatu nahi dena, fikzioarena batzuentzat ariketa nasaiagoa dela historialariaren edo kazetariaren zapatak janzten ahalegintzea baino. Ez da bata bestea baino hobea, baina jakin beharra dago zein den idazlearentzat eta oroimen subjektu zein objektuarentzat molderik aproposena. Hori da zailena.
Ordea, fikzio-ariketan aritzea ere, ez da nolanahiko erronka, kontzientziatik egiten bada, behinik behin. Gizartearen gatazka armatuari buruzko iruditeria kolektiboan, oro har, eta genero-iruditerian, zehazki, eragiteko gaitasuna du. Bakhtin (1981 [1941]) pentsalari errusiarrak zioen moduan, ez dugu ahaztu behar diskurtso oro hartzaile bati zuzendua dagoela eta, hortaz, mezuaren transmisioa ez dela norabide bakarrekoa. Testuok eragina dute gugan, modu kontzientean zein inkontzienteki, segun testua, segun testuingurua, segun igorlea, segun gu. Bestela esanda, gure iruditeria kolektiboa (berr)elikatzen dute. Berez, beraz, idazlearen ardura agerikoa da. Baina baita irakurlearena ere. Horregatik, esku artean duzun liburu honen helburuetako bat bi kolektibo horietako bakoitzari dagokiona itzultzea da.
Hala ere, argi dago testu guztiek ez dutela gizartean eragiteko botere bera. Oraintxe aipatu dugu literatur testuak, finean, diskurtsoak direla eta lehenago aipatu dugu horiek politikoak direla. Beraz, honakoa onartzea kosta bazait ere, gizartean erreproduzitzen diren botere harreman berak islatzen dira sistema literarioaren baitan. Hausnarketa hori gure gaira ekarrita, horrek esan nahi du literatur lan baten harrerak harreman estua duela memoria historikoaren gordailu gisa eskaintzen zaion zilegitasunarekin. Goazen adibide praktiko bat jartzera. Nik Fernando Arambururen ditxosozko Patria euskal gatazka armatuaren oroimen historikoaren gordailu goren gisa laudatuko banu (Lisipek libra nazala), zuk ondorioztatu beharko zenuke testu horrek hedatzen duen diskurtsoa sutsuki babesten ari naizela. Eta berdin, esango banu Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean edo Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso eta Martutene totem ahalguztidunak direla, gure herriaren historia garaikidearen isla literario doirik doienak. Halakorik banio, zerbait erosten ariko nintzaieke idazle errespetagarri bezain erdiguneko kanonizatu eta maskulino horiei. Gainera, nahiko termino absolutuetan hitz egiten ariko nintzateke eta hori ez litzateke oso ariketa inklusiboa. Hala aritu ordez, materialismo kulturalaren aterkipean, justuagoa iruditzen zait honako proposamena: aintzat har dezagun euskal gatazka armatuaren gaia lantzen duen testu oro memoria historikoaren gordailutzat eta, batez ere, azter ditzagun orain arte bazterrekotzat jotako diskurtsoak eta literatur generoak baliatzen dituzten testuak ere, litekeena baita azken horietan topatzea inoiz historiak irekitako zaurietan ezkutatutako esanezinik. Batzuek, agian, esango dute literatura horrek ez duela literatur kalitaterik. Nik, ordea, honako hau galdetuko nieke: nork definitzen du literatur kalitatea eta zein helbururekin?
Memoriaren lokatzetan nabilenean, estetika eta plazer hutsa baino, egiaren ziztada da bilatzen dudana. Eta hori, maiz, kritikak eta kanonak sekula aipatu ez dituzten testuetan topatu dut. Hemen lehenengo kasualitatea.
Egia eta plazera eskutik helduta doaz, niretzat behintzat. Egia eta bakea, finean. Egiak, denoi bezala, askotan mina eta deserosotasuna eragiten badizkit ere, nonbait egia-izpirik aurkitu dudala sentitzeak beti sortzen dit azaldu ezin dudan plazer moduko bat. Halako batean begiak dir-dir sumatzen ditut eta badakit hor badagoela zerbait. Tesirako ikertzen eta irakurtzen ari nintzela, askotariko testigantza moldeak irakurtzen sentitu dut hori, transkripzio soziologiko zein antropologikoekin, egunkari pertsonalekin, autobiografiekin, eleberriekin edo beste zeinahi forma literariodun testuekin. Burura datozkit Olatz Daņobeitiaren (2024) ikerketako testigantzak, Itziar Aizpuruaren Autobiongrafia (2006), Julen Madariagaren Egiari zor (2014), Dolores Gonzalez Katarainen egunerokoa (1987), Agurtzane Juanenaren eleberria (2003)… Bestelako fikzioei falta zaien zerbait daukate guztiek: deitu egia, deitu arima, deitu nahi bezala.
Aitorpen hori, ordea, nire gustu literario eta bizi-filosofia hutsetik haratago doa. Gaur egun arte irakurri eta ikertu ahal izan dudanagatik, hizpide dugun testuinguruan soberan ez dauden —eta, hein berean, ezinbestekoak diren— apaltasuna eta enpatia lantzeko aproposagoak dira bazterretan dantzan dabiltzan testuak. Bai, egia da, askotan deserosoagoak dira. Baina, hain justu, horregatik dira interesgarriak. Horregatik merezi dute irakurtzea. Eta orriotan egotea. Gure ahotan. Azken batean, behin eta berriro testu eta egile berberez aritzea ez al da ba erabat susmagarri bezain aspergarria?
Oso askatzailea izan zen niretzat literatur sistemaren eta kanonizazioaren funtzionamenduaz jabetzea. Funtsean, sistema heteropatriarkal, kapitalista, klasista eta arrazista orotan bezala, indartsuena erdigunean kokatzen da eta boterea duen norbaitek erabakitzen du indartsua den hori nor den. Bestela esanda, kanonizatzen diren autoreak eta obrak kritikariek eta gizarteko hainbat erakunde eta eragilek aukeratzen edo erabakitzen dituzte, irizpide eta balio jakin batzuen arabera. Haiek erabakitzen dute zein den testu guztien artean ordezkagarritzat hautatu, gorde, gogoratu eta irakatsi beharreko corpusa. Hortik ondoriozta dezakegu obren harrerak oroimen historikoaren gordailu gisa eskaintzen zaien zilegitasunarekin harremana duela. Horrela, bada, euskal gatazka armatuaren gaiaren inguruan diharduten eta zirkulazioan dauden literatur irudikapen nagusiek lotura estua dute kanonarekin eta berau sostengatzen eta elikatzen duten balioekin. Baina guk jada badakigu hautapen hori, gutxienez, subjektiboa, politikoa eta ideologikoa dela, ezta?
Hain zuzen ere, dinamika horietan sakondu eta adibide zehatzen bidez hausnartzeko, ibilbide historiko-literario-politiko bat egingo dugu etako militante izandako emakumeen inguruan eraiki, gorde eta transmititutako diskurtsoen inguruan hausnartzeko eta, batez ere, genero-iruditeria kolektiboaren bidez hedaturiko imajinarioak zalantzan jartzeko. Zer esan da emakume horien inguruan? Zer isildu da? Isildu, ala isilarazi? Nolako emakumezko etakideak irudikatu dira orain arte euskal literaturan? Zein izan dira konbentzio narratiboak? Gogoan izanik pertsonaia horiek, gehienetan, iruditeria kolektibo batetik sortu direla eta iruditeria horrek ez duela zertan errealitate objektiboarekiko leiala izan, erreala sinesgaitza izan al daiteke eta ez-erreala, aldiz, sinesgarria? Belen Gopeguiren eta Eider Rodriguezen hitzen oihartzuna orriotara ekarriz, nork ezartzen ditu egiantzekotasunaren printzipioak?[2]
Jaso ditzagun mahukak, bada. Lokatza zain daukagu.
NON DITUGU OINAK?
Itxaron segundo bat. Lokatzetan ibili ahal izateko, ezinbestekoa da, lehenik, oinak non sartzen ari garen jabetzea, edo horretan ahalegintzea, behintzat. Honezkero argi izan beharko genuke “euskal gatazka” deitu den hori, ezer izatekotan, gatazka hegemoniko bat izan dela. Gatazka horri unibertsaltasun kutsua eman izanak ondorio nabarmenak ekarri ditu eta orriotan horietako batzuk aletuko ditugu. Baina dagoeneko aurrera dezakegu, oro har, alderdirik mediatikoenak, odoltsuenak, morbosoenak eta, noski, epiko eta maskulinoenak gorde eta goraipatu direla oroimen historiko kolektibo gisa.
Eta hori tranpa da. Baina, ez da broma.
Samara Veltek (2023) egindako ikerketan, ondorioztatu du 90eko hamarkadaren amaieran jaiotako belaunaldiarentzat euskal gatazka armatua “izozmendiaren tontorra” besterik ez dela: hildakoak, leherketak eta bortizkeria fisikoa. Baina izozmendi horren azpian dagoen guztia (biolentzia sinbolikoa, erro historikoak, estereotipoetatik aldendutako pertsonen bizipenak…) urpean geratu da, ikusezin. Biolentzia hertsiki eta soilik bortizkeria armatuarekin eta heriotzarekin loturik azaltzen badugu, diskurtsoaren eta, beraz, ulermenaren eremua erabat mugatzen ari gara. Horrek esan nahi du, aldi berean, testigantza legitimoen espazioa murrizten ari garela, kontatzeko historiak eta istorioak dituztenen ahotsak diskriminatzen ari garela, sistematikoki.
Horregatik da garrantzitsua horren gai konplexuari kritika feministatik erreparatzea, dikotomia manikeoetatik haratago doazen errealitateei argi apur bat eskaintzen laguntzen duelako. Zeren, ez dezagun ahaztu: justizia sozialaz ari bagara, modu integralean pentsatu behar dugu. Horregatik ezin zaio iskin egin liburu hau hauspotzen duen galdera nagusiari: nola gurutzatzen da euskal gatazka armatua generoarekin?
Galdera horrek gure iruditeria kolektiboa dardarka jartzen du. Etakide izandako emakumeen esperientzietara hurbiltzean, zerbait pitzatu egiten da. Zergatik? Gure iruditeria marko patriarkalaren baitan eraikia izan delako. Eta emakumea eta bortizkeria armatua, marko horren barruan, ezkonezinak dira.
Ez naiz ezer berririk esaten ari. Gizonen kasuan, gatazka armatuaren baitan egindako transgresioak maskulinitate hegemonikoaren erakusgarri dira eta borroka horrek heroi bihurtzen ditu maiz. Aldiz, emakume eta bestelako genero-disidentzien kasuan, transgresio oro estigmatizatu, arbuiatu edo etxekotu egiten da. Nazio-borroka (patriarkal) guztietan errepikatzen den joera sistematikoa da: hegemonikoki maskulinoak ez diren subjektuek biolentzia darabiltenean, biktimizatu, patologizatu, isolatu, hipersexualizatu edota munstrotu egiten dira. Benetako emakumeek ez dute biolentziarik erabiltzen. Bizitza sortzen dute, ez dute erauzten.
Baina errealitateak historian zehar behin eta berriro erakutsi du mandamentu hori fikzio hutsa dela. Orduan, zer gertatzen da iruditeria patriarkal hori zalantzan jartzen duten emakumeekin? Beren agentzia automatikoki ukatzen zaiela, automatikoki haien ekintzak arrazoi irrazionaletara edo gizonekiko (izan mutil-lagunarekiko, izan aitarekiko, izan nebarekiko) menpekotasun itsu-erromantiko batera mugatuz. Deserosotasun ikaragarria sortzen dute ez dagokien espazio bat okupatzen ari direlako, ez dagokien zerbait egiten.
Ez dugu urrutira begiratu behar. Euskal genealogia kultural tradizionalak ere uste horixe elikatu eta sakralizatu du: Itziarren semearen ama goraipatu du, Joxepa Mendizabalen sufrimendua bere egin eta aldarrikatu. Ondo ikasi dugu defendatu beharreko etxea norena den. Baina baita nork defendatzen duen eta nork txukuntzen duen ere. Joxeparen eta Itziarren rol estatiko eta sufritu zein mitifikatu horietatik haratago, ordea, esperientzia errealak askoz konplexuagoak eta sakonagoak izan dira, eta hori ere islatu da gure literaturan; baita aitarena bakarrik ez den etxerik ere.
Teresa del Vallek eta bere kideek edo Begoņa Aretxagak irekitako bideetatik hasi, eta gaur egungo euskal soziologia, antropologia zein literatur kritika feministaraino —Mari Luz Esteban, Zuriņe Rodriguez, Oihana Etxebarrieta, Olatz Daņobeitia, Ibai Atutxa, Iratxe Retolaza—, saiakera honek erronka berari heltzen dio: emakumeak eragile gisa birpentsatzea eta genero-iruditeria herrikoiak zabaldutako imajinario horiek literaturaren bidez leherraraztea. Euskal gatazkaren memoria zintzoki eta osorik eraiki nahi badugu, bazterreko fikzioen zirrikituei erreparatzea ez delako aukera estetiko hutsa: ezinbesteko betebehar politikoa da.
ZER KONTATU DIGUTE?
ERREPASO BAT HISTORIA
EPIKO ETA LITERARIOARI
IKUSPEGI FEMINISTATIK
Sortzeko ezinbestekoa omen da hutsunea, isiltasuna, ezereza. Inkubazioa ahalbidetuko duen espazio huts bat. Euskal gatazka armatuaren inguruko kontakizunean isiltasun hori ez da hutsune bat izan, horma bat izan da.
1950eko hamarkadan eltzea pol-pol hasi zenetik (edo hala jarraitu zuenetik, segun nondik begiratzen diogun), 90eko hamarkadan presio-eltzea txistuka lehertu zen arte, euskal literaturak gatazkari heltzeko izan zituen oztopoak ez ziren gutxi izan. Diktadura. Errepresioa. Gure herriak, onerako eta txarrerako, herriko plaza baten tankera du. Publikoki posizionatzearen arriskua. Hala ere, inkubazio garai horretan sortu, elikatu eta finkatu zen datozen orriotan disekzioa egingo diogun iruditeria kolektibo patriarkala. Lehentxeago aipatu dut: Telesforo Monzonek idatzitako “Itziarren semea” kantak eta Gabriel Arestiren “Joxepa Mendizabal Zaldibian” poemak ondo bildu zuten emakumeek gatazkan gorpuztu beharreko rola: ama estoikoarena.
Baina emakumeek hamarkada horietan zehar izan zituzten bizipenak ez ziren estereotipo horretan kabitzen. Gatazkan sartzeak baditu bere gatazkak, eta horiek argitzea dagokigu orain. Goazen herentzian jaso ditugun zuri-beltzeko argazki lokaztu horiek arretaz miatzera.
[1] Orriotan, hizkuntzaren ekonomiaren izenean, sozialki emakume gisa irakurriak izan diren eta diren gorputzei erreferentzia egiteko erabiliko dut “emakume” terminoa. Berdin “gizon” terminoarekin.
[2] Ikus Gopegui, B. (2011), Tiroa kontzertuaren erdian. Eleberrietan politikaz aritzeari buruz (Itzul. Ainhoa Caballero). Txalaparta.