4.
Jendaurreko umorea
Emakumeari edo edozein pertsonari egin dakiokeen anputazio gordinena umorea, barrea, ukatzea da. Berarekin, berataz, beretzako... eta deklinabideko kasu guztietan, ezin barrerik ere egina. Algara, irria, zirika, ukapen latzegiak dira. Gaixotasun larria gizarte itxuraz osasuntsu baterako. Irribarre erdia baino ez dakigu egiten.
Maialen Lujanbio, 2003
Debekatuta baldin badago barre egitea, imajinatu barre eginaraztea!
Nerea Elustondo, 2017
Mary Beardek zioen eran, mintzo publikoa maskulinitatearen ezaugarri definitzailea izan da eta horrexegatik daude “literatura eta historia elkarrizketa publikotik kanporaturiko emakumeen adibidez beteta” (Alberdi, 2019: 163). Reyes Ilintxetak (2020) emakume umoregileen urritasunari buruz galdetu eta Aitziber Garmendiak antzerkia gizartearen isla baino ez dela erantzun zion eta, bide batez, umorea beti gizonentzat modu esklusiboan erreserbatutako eremua izan dela. Varelak ere emakume umoregileen urritasunari egiten dio azpimarra; “ez dago emakume umoregilerik, emakume fisikaririk edo argazkilaririk ez dagoen bezalaxe; ez direlako ikusarazten” (Labaka, 2017).
Agirreren aburuz, umorea lantzeko beharrezkoa da entrenatzea eta entrenamendu hori falta zaie emakume umoregileei; “jendaurrean gehiago elkartuko bagina, egongo lirateke askoz emakume komiko, antzezle eta bertsolari gehiago orain daudenak baino” (Labaka, 2017).
Irribarre erdietan sakondu asmoz, jendaurreko jarduna den bertsolaritza hartuko da adibidetzat ondorengo lerrootan, barre nori eta zeri egiten zaion —eta, hortaz, umorea nori ukatzen zaion— gogoetatu asmoz.
4.1.
UMOREA PLAZAN
Hemen eta orain aldagaia hain da premiatsua, bertsoa bera eta harekin batera umorea bera ere, urgentziak baldintzatzen dituela.
Unai Iturriaga, 2017
Jone Miren Hernandezek ohartarazi gisa (2016), bertsolaritza ere gizartearen isla da eta, halabeharrez, gizarteak bezalaxe, genero-sistema du antolaketaren erdigunean. Antropologoak oroitarazten digunez, emakume bertsolariek iragan bati egiten diote uko oholtzaren gainera agertzen diren bakoitzean: isiltasun inposatu bati, genero-agindu eta -rolei, inertziei... Modu horretan, “haien presentziak, gorputzak eta ahotsek tradizioa jartzen dute kinkan eta hura deseraikitzeko deia egiten dute” (Hernandez, 2016: 41). Esan liteke “tradizio” berri bat hutsetik sortzen ari direla, nolabait, eta honek erresistentziak sortzen dituela tradizioaren alde daudenengan. Bertsolaritzan emakumeen ibilbidean agertutako mugez eta oztopoez ari dela, muga eta oztopo horietako asko gizarte-egituraren azterketatik identifikatu badaitezke ere beste batzuk jardueraren beraren izaeratik eta logikatik soilik uler daitezkeela azpimarratzen du antropologoak.
Hasteko eta behin, ezaguna da tradizioak leku handia duela bertsolaritzan; oholtza gainean gertatzen denak garrantzia izateaz gain, aurrez gertatu izan denak ere pisu handia izan ohi du. Horregatik da interesgarria bertsolaritzaren transmisioan gertatzen diren emakume eta gizonen arteko desorekak behatzea eta, umoreaz ari garelarik, zein bertsoaldi umoretsu gogoratzen diren, zein errepikatzen diren, eredu gisa zein jartzen diren, etab. aztertzea. Enbeitaren hitzetan, bertsolaritzan historikoki garatu den umore motak pisu handia du oraindik eta umore hori sarri izan da goitik beherako umorea; ondokoa zapaltzean oinarritu dena.
Tradizioaren transmisio lan horretan, gainera, ezin ukatuzkoa da publikoaren eragina. Publikoa gizartea da, gizartearen lagin bat behintzat, eta publikoak ere tradizioaren iturritik edan du; ikasi du. Bertsolariak entzulearekin negoziatu behar du une oro, eta erresistentziak eta tentsioak publikotik datoz[20], neurri handi batean bederen. Negoziaketa hori gizarteak oro har onartutako diskurtsoaren erakusgarritzat har daiteke eta bertsoak ezarritako komunikazio eremuan publikoaren eta bertsolariaren arteko topaketa hau gertatzen denean, genero-sistemak ezarritako arauak performancearen parte izan ohi dira, ezinbestean.
Hernandezen (2016: 38) arabera, bertso-jardunean bertsolariaren eta publikoaren ikuspegiak gurutzatzen dira eta biak aztertu eta ulertu beharko genituzke, biek hartzen dutelako parte bertso-saioaren eraketa-prozesuan. Horrez gain, elipsia bertsoaren muin bihurtzen da sarritan eta bertsoan isiltasunak (esaten ez denak) hitzak (esaten denak) bezainbesteko pisua izan dezake. Hortaz, publikoak sorkuntza bera baldintzatzen duela esan daiteke. Berriozabalen aburuz, zentzu honetan, “bertsolariak ez ezik entzuleak ere ipintzen dizkio mugak umoreari” (Labaka, 2018).
Lujanbiok ere bertso jarduna etengabeko negoziaketa bat bezala bizi du: “Jendeak zenbat hartu dezakeen, zenbat ulertu dezakeen, zenbat konpartitu dezakegun...” (Labaka, 2017). Egungo publikoaren ezaugarrietako bat gero eta ezpalduagoa izatea —eta, ondorioz, sektore bakoitzak erreferentzia desberdinak izatea— izan daitekeen arren, bertsolariak masa batentzat kantatzen du eta, a priori, denek ulertzeko moduan. Hori dela eta, une oro negoziatu behar du kodea eta negoziaketa horretan umorea ere asko estandarizatu ohi da, estereotipoen erabilera ohiko bihurtuz.
Bestalde, azpimarratu beharrekoa da formari dagozkion muga zurrun batzuk errespetatuz eta bat-batekotasunez eta urgentziaz (segundo gutxiren buruan) sortzen den jarduna izateak berezi bilakatzen duela aztergai dugun diziplina. Dioguna bi aldiz pentsatzeko tarterik apenas izan gabe aritzeak leku gehiago egiten die inertziei nahiz topikoei eta, alde horretatik, bistakoa da bat-bateko bertsolaritzaren interesgarritasuna, jendartean gehien hedatutako uste eta balioen ispilu gardena izan daitekeen heinean. Enbeitarentzat bertsolaritza sormen lan prekarioa da, errepasatzeko astiaren faltan, datorren moduan bota behar baituzu[21] burura datorkizuna:
Zure etxean bakarrik zaudenean, zure memoriak baldin badauzka hiru kaxoi, zu joan zaitezke hirugarren kaxoira, baina, bat-batean ari zarenean, lehenengo kaxoira zoaz! Eta lehenengo kaxoian denok dauzkagu gutxien hausnartuta dauzkagun gauzak; lehenengo kaxoian dauzkagu estereotipoak. (Labaka, 2017)
Iturriagak ere bat egiten du aurrekoaren esanekin:
Denborak eta distantziak hartara ekarrita, laburrean bertsolariak gehiago tirako dio fisikoari, begitik sartzen denari, topikoari, eraikita dagoen moldeari, horrek berarekin dakartzan arrisku guztiekin. Azken finean, topikoen eraikuntzak asko du gizartean nagusi diren balioetatik. Bizkor ibili beharrak, inprobisatzeak berarekin duen urgentziak, burutik ezpainetarako bidean berbak norberaren eraikuntzak diren arrazoia edo ideologia lako galbaheak pasa barik jaurtitzera garamatza. Horrekin ez dut, inondik ere, neure burua zuritu nahi. Ez da gure ahotik gure baitan ez dagoen ezer aterako, bai, ostera, bazegoela ez zenekienik. (2017: 44)
Alberdik (2010), bere aldetik, bertso jardunaren beraren ezaugarri den bat-batekotasunaren ondorioz, maiz inertzietatik kantatzen dugula dio eta, bere ustez, bertsolarion diskurtsoa matxista, sexista, homofoboa... izaten da sarri, jendarteko estereotipoak erreproduzitzen ditugun heinean. Bere arabera, eraginkorrak eta beharrezkoak (hausteko bada ere) dira estereotipoak bertsolariarentzat, komunikazioa gauzatuko bada, kode konpartitu bat behar baitu entzulearekin. Bat-bateko komunikazioak, izan ere, azkar identifikatzeko moduko erreferenteak behar ditu. Tradizionalki espazio publikoa gizonezkoek okupatu dutenez, kode hori gizonezkoek eraikia izan da[22].
Lujanbioren hitzetan, bertsotan ari zarenean pertsonaia marraztu eta ulertua izatea behar duzu:
Estereotipoak balia ditzakezu umore klase hori bera elikatzeko edo puskatzeko edo kuestionatzeko edo beste zerbait sortzeko, ez? Klaro, estereotipo horiek behar dira. Kontua da gero eta anitzagoak izatea, gero eta zabalagoak, eta gero eta asterisko gehiago jartzen saiatzea. (Labaka, 2017)
Elkarrizketa berean, Alberdik dio bertsotan gehien erabiltzen den umorea estereotipoen gainean eraikia dela:
Hasteko besteak ulertu egin behar du zein den zuk proposatzen duzun distortsioa. Ari baldin bagara publiko zabalaz hizketan, erreferente konpartituak ez dira berdinak. Eraikiak izan garen moduagatik eta jaso dugun genero kulturagatik erreferente desberdin batzuk jaso ditugu emakumeok gure artean eta gizonek beraien artean. Baina, horretaz gain beste hainbat talde daude: gazte-zahar, baserritar-hiriko, hetero-homo, eremu euskalduneko-eremu erdalduneko... Hainbat erreferente mota daude. Generoarenak denetan eragiten du, transbertsala da. (Labaka, 2017)
Bertsolariaren ustez, legeetan aurretik emandako epaiekin jurisprudentzia bat ezartzen den eran, umorea ere aurretik gauzatutako umorearekin joaten da osatzen:
Zenbait gairi buruz publikoki ez baldin bada umorerik egin oso zaila da lehenengo momentuan asmatzea zer gradutako, zer koloretako... umorea egin. Termometroa jartzea ez da batere erraza, ez delako aurrez probatu. (Labaka, 2017)
Alberdik berak Kontrako eztarritik (2019) liburuan emakume bertsolarien jarduna mugatzen duten hogeita bi mekanismo azaltzen ditu eta horietako batean “umore azpiratua”z dihardu. Emakumeen testigantzen tartean, Bertsolaritzaren ikerketa soziologikoa 2005-2018 laneko pasarte adierazgarri bat dakar gai honi buruzkoak osatzeko:
Aldea dago bertsolari batengan gehien estimatzen diren ezaugarriei buruz galdetzerakoan. Askotariko iritziak daude, baina, oro har, umorea, hunkiarazteko gaitasuna eta irudimena dira ezaugarri estimatuenak bertsolari batengan. Hunkiarazteko gaitasuna estimatzen dutenen kopurua handiagoa da emakumezkoen artean, baita irudimena estimatzen dutenena ere. Aldiz, umorea estimatzen dutenen kopurua handiagoa da gizonezkoen artean. Ondoriozta genezake emakumezkoen artean umorea gutxiago estimatzearen arrazoia ez dela umorea oro har gutxiago estimatzeagatik, baizik eta bertsolaritzan gutxienez tarteka nagusitzen den umorea hainbeste ez estimatzeagatik. (Zubiri, 2018 in Alberdi, 2019: 110)
Izaro Zinkunegik, berriz, 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean jarritako gaiak, bertsolariek hartutako paperak eta hauek sortutako testuak aztertu zituen genero-ikuspegitik, eta umorearen tratamenduari dagokionez ere zenbait gako eman zituen (2014). Batetik, emakume bertsolari gehienek umorea lantzen den neurrietan, hala nola, zortziko txikian edo puntutako ariketan, puntuazio baxuagoa lortzen dute gizonek baino. Halaber, gehienek nahiago dute bestelako neurrietan jardutea.
Txapelketetatik kanpo erreparatzean, Alberdik (2010) azpimarra berezia egiten die otorduen jirako bertso-saioei. Bertso-saio hauek festa giroan kokatu ohi dira normalki eta hausnartzeko modukoa da antolatzaileek festa norentzat antolatzen duten, zer bertsolari dauzkaten festarakotzat, ustez umoretsuak diren bertsolariak norentzat diren umoretsu, zeren kontura egiten den barre... Funtsean, denontzako festa ote den sortu nahi dena ala batzuentzakoa bakarrik.
Jende artera kantatzera irteteko momentua mintzagai hartuta, hainbat emakume bertsolari bat etorri dira emakumeei buruzko umorea egitea gizonezkoei buruzkoa egitea baino zailagoa zaiela aitortzean. Honakoa da, adibidez, Ibarzabalen kezka:
Kalkulatzen badituzu zure umorea egiteko limiteak besteari egin diezaiokezun minaren arabera, iruditzen zaigu automatikoki emakume baten ezaugarri fisikoekin sartzea askoz mingarriagoa dela. (Labaka, 2018)
Alberdirentzat ere gaur egungo bertsolariak gizonek, gizonei eta gizonentzat egindako umore-hari jakin batetik datoz eta hau argi ikus daiteke, besteak beste, formatu honetako saioetan:
Bertso-bazkari eta bertso-afari gehienak parranda eta festa-giroan egiten direnez, umorea jan-edanen gehiegikeriara eta lige kontuetara lerratzen da sarri. Horri ezaugarri fisikoen inguruko umorea gehitu behar zaio. Kontestu horretan, kontuan hartzekoa da, gizonezkoak, oro har, askoz ere entrenatuago daudela elkarren arteko adarjotzean eta, bestetik, euren arteko ziri sartze horretan biolentzia kuota handiagoak jasateko heziak izan direla, eta onartzen zaizkiela. Ez zaigu arrotza egiten, umore klabean, gizonezko batek beste bati jendaurrean “sudurluzea”, “jatuna”, “zaharra”, “lodia”, “sexuzalea”, “burusoila”, “mozkortia”, “alferra”... dela esatea edo iradokitzea. Eta denok ikasi dugu umore-klabe horretan barre egiten. Aldiz, badirudi, emakumeok babestu beharreko espeziea garela, eta emakumezko bati adjektibo desegoki bat gehituz gero, ez duela graziarik egiten, deseroso gertatzen dela (emakumea zenbat eta urtetsuago, gehiago). Hala, erreferente faltagatik eta desegokiak izateko beldurragatik, batzuetan, entzuleen arteko emakumeak ez ditugu aipatu ere egiten, eta, ondorioz, haien ikusezintasuna areagotzen dugu [...]
Adarjotzea oso ariketa sanoa eta askatzailea izan daiteke botere-harreman parekideetan, baina zapaltzailea eta krudela ere izan daiteke, hain zuzen, botere-harreman desorekatuak mantentzeko eta berrezartzeko egiten bada. (Alberdi, 2010: 10)
Paradoxikoa suerta daiteke, batetik, emakumeoi ezarritako patroiak halako marjina estuak izaki eta gutaz esan daitekeen ia edozerk “burla” izateko aukerak dituenez, gehiegi ezagutzen ez duzun emakume batekin barre egitea oso zaila izatea baina, bestetik, ikusi dugun eran, umorea jendarte eredu hegemonikoaren norma indartzeko eta bazterrean gelditzen den hori zuzentzeko sistemaren bitarteko oso eraginkor bat izan daitekeenez, emakumeak umore objektu bezala hainbestetan agertzea. Elustondok gogorarazi bezalaxe, gutxiago denari barre egitera ohituta gaudenez, eta emakumea beti gutxiagotzat hartu denez, emakumeari barre egin zaio ahulagoa, tuntunagoa eta sentiberagoa dela azpimarratuz (Labaka, 2017).
Nolanahi ere, Leire Ibargurenek azpimarratu moduan, “bertsolaritza ez da dibertsio hutserako zerbait, eraldaketa sozialerako tresna ere izan daiteke” (2010: 62) eta egungo bertsolaritzan, eraldaketa horien ondorioz, umorearekin lotutako pitzadurak bi norabidetan (gutxienez) jazo ohi direla esan genezake. Batetik, litekeena da genero-sistemak markatutakoa indartzen duen umore mota gaur egun hain onartua eta txalotua ez izatea eta, kontrara, genero-sistemak markatutakoa iraultzea xede duen umoreak ere pitzadurak sortu ditzake, oraindik ez delako (umoretzat) ulertzen. Aurrerago ikusiko dugun moduan, bazterreko umore hauek esparru hegemonikoagoetara hedatzeko eta hauetan zirrikituak sortzeko saiakera ugari izaten ari dira egun.
Plazako egoeraren lagin gisa, Lujanbiok kontatutako bi pasarte jasoko dira orriotan. Lehenengoan, Josu Goikoetxea gai-jartzaileak Markinako plazan jarritako gai “nobedosoa eta ederra” ekarri du gogora hernaniarrak:
Frontoian, mila lagun, saio klasiko ohiturazko bat eta Miren [Amuriza] eta ni jarri gintuen kantuan. Polideportiboan elkartu ginela aldageletan eta biluztu ginela eta nire titiak grabitatearen indarrarekin beheraino erortzen zirela eta Mirenenak, berriz... Kristoren grazia egin zidan. Kristoren sorpresa izan zen. Plaza horretan gai hori, derrepente biluzik bezala sentitzen zara benetan. Eta gustatu egin zitzaidan. Gainera, Mirenekin eta jende horren aurrean... Esan nuen: Ostia, ederra! Hau berria da, ez dut honetaz hitz egin. [...] Eta, gainera, sentitzen duzu zilegitasuna nahi duzuna esateko, zu, pertsona hori, emakume hori, zaren edo izan zaitezkeen aldetik. Inor ez da ofendituko. Diferentea da Sebastian [Lizaso] eta Andoni [Egaña] gai horri buruz hitz egiten; izango litzateke goitik beherako harreman bat edo... Nik esan dezaket neure buruagatik. Orduan da derrepente terreno berri bat irabazteko, ez? Egin dezaket umorea neure buruari buruz edo balizko egoera honi buruz, ni naizena edo gu garena. Eta kristorena da. Gero, emakumearen mundu —eta gainera kasu partikular— hori denontzako zerbait bihurtzea, ez? (Labaka, 2017)
Lujanbioren iritziz, hain zuzen ere, hortxe dago gakoa. “Denontzako umore” bilakatzea litzateke benetako aurrerapausoa:
Ze klaro! Soiltzeari buruz edo pitopausiari buruz —nahi baduzu— askotan hitz egin dugu, baina horri buruz lehenengo aldia zen. Eta, orduan, derrepente horrelako gauza bat izatea Markinako plazan, mila lagun, eta mundu guztiarentzat mikrofono batetik honetaz hitz egingo dugu... Segun zer esparrutatik begiratuta erridikulua dirudi, baina gure munduan zer edo zer izan zen hori. Eta horrelako gai bat izatea gai unibertsal bat edo neutro bat; mundu guztiarentzat bat... Kristorena izan zen. (Labaka, 2017)
Bigarren pasartea Andoaingo saio batean jazotakoa da. Gai-jartzaileak bazkaria egiteari buruzko gai bat proposatu zien bertsolariei eta honakoa gertatu zen:
Orduan batek bazekien, besteak ez... zen lentejekin bueltaka. Pentsa zer gai tontoa! Eta orduan konturatu nintzen; izan zen oso bisuala. Lehenengo aldiz ikusten nituen lehenengo lerroko emakumeak disfrutatzen algara batean! Zergatik? Beraiek zirelako espezialista handienak gai horretan. Publiko guztian derrepente beraiek ziren autoritate bat. Eta mikrotik ari ziren hitz egiten beraien munduaz; beraiek inork baino gehiago kontrolatzen zuten munduaz. Kristoren algarak egin zituzten. [...] Baina, esaten duzu: klaro, gizonek bizi guztia daramate horrela, algara hori egiten. Beraiek direlako protagonistak, beraiek direlako pertsonaia hori, beraien mundua delako. Orduan denbora guztian beraien mundua islatuta ikusten dute bertsotan. Eta andre hauek beraien lentejez hizketan ari garelako eta beraiek direlako nagusi horretan derrepente sentitzen ari dira... beraien mundua mikrotik esana, beraien bizitza prestigiatua. Eta horrekin konturatu nintzen: andre hauek zenbat urtetan egon dira beraien burua aurkitu gabe mikrofonoan? (Labaka, 2017)
Izan ere, orain dela gutxira arte emakumea beti irudikatu izan da beste batzuen ahotik, gizonen ahotik; ia beti zeharka, ez-protagonista eta erabat estereotipo eta gehientsuenetan “norbaiten emazte” bezala.
4.2.
PLAZANDREAK UMOREGILE
Emakume bertsolari bezala frustrazio gehien eragin didana, bai diskurtso aldetik bai praktikan, da sentitzea nik esaten dudanak ez daukala graziarik.
Oihana Bartra, 2019
Bereziki interesatzen zaizkit emakumeen diskurtsoak aske direnean, alegia, eremu ez mistoetan, badakidanean interferentzia maskulinorik gabe sortutako diskurtsoak direla.
Ainhoa Agirreazaldegi, 2017
Imazek dioenez (2005), emakumeok plaza publikoan eta, are, eremu pribatuan ere, umore hartzaile izan gara umore sortzaile baino gehiago eta zeri buruz, non eta noiz barre egin ikasi dugu. Torregaraik ere argi azaltzen du hori, nerabezaroko garaiak oroituz:
Orain arte zen zuek hartzaileak zarete eta guk egingo dizuegu barre eginarazi, hau da, zuek zarete hartzaile eta objektu. Eta gizonezkoak izango gara sortzaile eta subjektu, orduan harremana desorekatua da. Gaur egun ere desorekatua da oraindik. Desorekatua da bizi garen kultura honetan bizi garelako, eman diren rolak direnak direlako, hau da, gizonezkoentzat kanpokoa, publikoa, garrantzitsua... eta emakumezkoentzat, aldiz, bigarren mailakoa, ezkutukoa, inporta ez duena. Eta, noski, horrek sorrarazi ditu bere horretan bakarrik unibertso oso bat eta joko arau oso-oso zurrunak. [...] Ni txikitatik izan naiz umorezalea, zirtolaria... Nerabezaroan jadanik ohartzen nintzen kuadrillako mutilek bazutela umorea egiteko ohitura baina ni hasten nintzenean harrera ez zela berdina. Nire goitizena Idoia Torregarai “Torre”, “La loca”, izan da nerabezarotik. (Labaka, 2017)
Hainbat arrazoi egon daitezke oholtza gainean emakume umoregile oso gutxi ikusteko: eredu falta, emakumeoi espazio publikoa ukatu izana, genero-sistemaren bidez barneratu ditugun balioak, ardurak erantzukizunez eta seriotasunez hartzeko jaso dugun heziketa, biktimaren paperera lotzea, jendarte eredu honetan seduzitzaileak eta zaintzaileak izatera mugatzea, arretarik deitu gabe eta edertasun kanonak apurtu gabe ibili beharra... Horrez gain, behin eta berriz leporatu izan zaigu graziarik eta umore senik ez izatea. Epai horrek berarekin dakarren “otzantzea” azpimarratzen du Imazek (2005), eta hark esana da publikoa emakumez bakarrik osatua denean hauek askoz sarriago eta ozenago egin ohi dutela barre. Espazio feministetan emakumeek eta emakumeentzat egindako bertso-saioetan ere halatsu gertatu ohi da.
Alberdiren ustez, hau guztia ez da “gizonezkoen umorea” eta “emakumezkoen umorea” berez desberdinak direlako. Baina, hasieratik aditzera eman dugun bezala, umorea erreferentziala denez, konfiantza, lasaitasuna eta taldekotasuna ezinbesteko abiapuntuak dira umorea egiteko:
Emakumeok, jendaurreko umorea (publiko mistoaren aurrean) egiten ari garenean, maiz zailtasunak izaten ditugu emakumezkoekin konpartitzen ditugun erreferente publikoak bilatzeko. Izan ere, gure uste eta bizipen asko ez ditugu publikoki konpartitu izan tabuak direlako (horietako asko gorputzari lotuak: sexu-grina, masturbazioa, menopausia, hilerokoa...) edo garrantzia kendu diegulako: etxe barruko mundua, emozionalitatea, egunerokoa, emakumeen borroka, zaintza, geure langintzak eta afizioak... (Alberdi, 2010: 9)
Horrela, maiz gure erreferenteak garrantzitsutzat jotzea kosta egiten zaigunez, besteentzat garrantzitsua denaz egiten dugu umorea, “sozialki pisuzkoak” eta “unibertsalak” direla erakutsi diguten gaien haritik. Imazen kasua adibide ona izan daiteke azken hori azaltzeko. Izan ere, clownak berak kontatua da formazioetan hasi zenean bera zela emakume bakarra eta ondorioz, gizonezkoen rola hartu ohi zuela beti. Gerora, ordea, kontzientzia feminista piztu zitzaionean ohartu omen zen berari graziarik egiten ez zioten hamaika konturi buruzko txisteak egiten ari zela, graziarik egiten ez zioten txiste horiei barrez.
Enbeitaren arabera, genero hegemoniko bat egoteak umore hegemoniko bat egotea dakar berarekin. Lujanbiok ere aurrekoaren bidetik dihardu neutro unibertsala beti maskulinoa dela gogoraraziz. Gizonek egindako umorea “denon” umoretzat hartzen da automatikoki; umore dominantea da. Emakumeek egindakoa edo emakumearen mundu erreferentzialean oinarritutako umorea, aitzitik, ez da kode konpartitu eta boteretsua, ez presentzia mediatikoaren aldetik, ezta kapital sozialaren aldetik ere. Ondorioz, askoz partikularragoa dirudi eta askoz talde txikiagoetan gauzatzen da. Egizabal, aldiz, alderantziz ikusten ahalegintzen da:
Ez dago umorea eta gero, aparte, umore femeninoa edo emakumeena; dago umorea eta gero dago umore maskulino bat edo matxista bat, hartu dena unibertsaltzat. [...] Eremu gehienetan bezala, umorean ere gizonezkoa hartzen da zentro edo oinarri eta orain arte egin den umorea, historikoki egin den umorea, erreferente komun gisa balio zuten eta gizonezkoenak ziren gauza inportanteetan oinarritu da. Umore unibertsaltzat hartzen da gauza horien inguruan hitz egitea. Historikoki emakumeek egin dituzten jardunek, borrokek, lorpenek prestigiorik ez daukatenez ez dira umore objektutzat jo. Eta sortzen hasten denean katalogatzen da “emakumeentzako umorea” bezala, literaturan eta gainerako arteetan pasa den bezala. Orduan hor mailaketa bat dago; dago umorea eta gero “gure gauzak”. Beraien erreferentziak unibertsalak direnez, guk beraienak askoz hobeto ezagutzen ditugu maiz gureak baino. (Labaka, 2017)
Bereizketa honek bide ematen du kategorizazio faltsuaz jarduteko. Izan ere, Joanna Russek azaldu bezala (Russ, 2018 in Alberdi, 2019), emakume sortzaileak gutxiesteko erabiltzen den mekanismoetako bat haien lana kategoria okerrean sailkatzea da, kategoria zuzenerako sarrera ukatuz. Autoritate maskulinoek erabakitzen dute zer den literatura eta zer ez. Zer den literatura ona eta zer literatura txarra eta, ondorioz, asko izan dira emakumeen literatura azpiratzeko erabili izan diren kategorizazioak: literatura femeninoa, intimista, autofikzionala...“Emakumeen esperientziaren debaluazio automatikoa” salatu zuen Russek, eta Phyllis Chesler-en (Chesler, 2018 in Alberdi, 2019) hitzez baliatuz azaldu: “Gutxiespen horrek baimenduta, gizonek emakumeen sufrimendua ez dute ikusten sufrimendu humanoaren erakusgarri edo ordezkari posible gisa”. Ezta emakumeen poza, kezkak edota interesak ere. “Esperientzia femeninoa esperientzia maskulinoa baino zabaltasun, erakusgarritasun, garrantzi gutxiagokotzat jotzen da”. Hala, “emakumeen esperientzia gizonezkoenaren azpikotzat, garrantzigabetzat eta mugatutzat jota, emakumeen literatura automatikoki gutxiesten da” eta antzera gertatzen da emakumeen umorearekin ere. “Zoritxarrez”, baieztatzen du Erica Jong-ek (Jong, 1973 in Alberdi, 2019), “emakume izateak definizio maskulinoak sinestea esan nahi du”.
Garmendiaren esperientzia pertsonalean oin hartuta, gainera, azpimarratzeko modukoa da dauden andre umoregile gutxi horien gainean jarritako zama. Aktorearen iritziz, umoregile hauek edertasun kanonak bete behar dituzte nahitaez eta askotan tuntunarena egitera behartuta daude:
Nik telebistan eztabaida asko izan ditut. Hitz hauek entzun izan ditut, testualki: “Korrekta izan behar duzu, ezin dituzu hitz hau edo bestea esan...”. Emakumeak gaur egun umorean daukan papera horixe da; korrekta izan behar du, beti dago figura maskulino horri txisteak bandejan zerbitzatzeko. [...] Telebistako serie edo pelikuletan erreparatzen baldin baduzu, emakumeen % 80 kanon estetikoen barruan sartzen da eta gizonezkoen % 95, aldiz, izan liteke potoloa, itsusia, iletsua... berdin zaio, zeren eta graziosoa da. Horregatik iruditzen zait oso injustua dela emakumeei egiten zaien trataera hori. (Labaka, 2017)
Garmendiak argi dauka, ordea, berarentzat lehentasuna umorea egitea dela, eta “gero gerokoak”:
Niri ez zait inporta kristoren piurarekin azaltzen baldin banaiz, ez zait inporta makillatu gabe ateratzen baldin banaiz, orraztu gabe edo... Esan nahi dut, estetikari, zoritxarrez, karga handiegia ematen zaio emakumeetan eta nik ez dut hor sartu nahi: casting askotan esan didate ezetz horregatik. Bi aukera baldin badaude eta bigarren aukera kristoren emakumea bada, bigarren aukera hori hartuko dute beti. Eta ni orain kontziente naiz ate asko ixten dizkidala 1,75eko morenaza bat ez izateak. [...] 90-60-90 ez baldin bazara, ahaztu. [...]
Ni eskandalosa naiz, oso eskandalosa naiz. Barre altu egiten dut eta normalean —egia da askotan dagoela tendentzia ahoa tapatzeko— nik ahoa zabalduta ere barre lasai egiten dut. Iruditzen zait oso sanoa dela jendea barrez ikustea eta jendea barrez benetan ikustea eta bada garaia, gainera, jendeak gu horrela ikusteko, emakume bezala eta artista bezala, barrez, algaraka, gustura. Ez pentsatzen “ba nik perfil honetatik barre egin behar dut”... Madrilen entzunda bainago horrelako gauzak. Niri behin neska batek esan zidan: barre egiten duzunean mingaina ahosabaira itsatsi eta horrela ez zaizu papoa aterako. Eta ni neure artean... “Bai! Horretan pentsatzeko nago zerbaitek grazia egiten didanean!”. (Labaka, 2017)
Elkarrizketatu gehienek bezalaxe, Lujanbiok ere ikusten du umorea egiteko seguru sentitzea garrantzitsua dela:
Umorea oro har konfiantza giro batekin lotzen dut, eta kode konpartitu batekin. Hau da, erortzeko beldurrik ez daukazun gune batekin, edo juzgatua izateko edo... lotsatzen ez zaren giro batekin. Hor bai puskatu dezakezu, transgreditu dezakezu, esan ezin dena esan dezakezu, baina behar duzu kode konpartitu bat jendearekin. (Labaka, 2017)
Agirrek ere antzeko bizipenak dauzkala dio:
Segurtasun hori ez baldin badaukazu eta azpian sare bat sentitzen ez baduzu... Edo erori arren berriz altxatzeko gaitasunik sentitzen ez baduzu... Hor ez da ez umorerik ez beste ezer sortzen. (Labaka, 2017)
Alberdik ere aurrekoen haritik jarraitzen du:
Oso desberdina da umorea egitea seguru sentitzen zaren guneetan, aurrez baiezkoa edo onarpena sentitzen duzun guneetan eta neurtua izango ez zarela sentitzen duzun guneetan. Umorea egiten duzunean ari zarelako gauza asko esaten, ari zarelako zure iritzia ematen, ari zarelako zure ahulguneak erakusten, zerk egiten dizun mina, zerk haserretzen zaituen... Hori dena agerian lagatzen duzu. Umorea egitea biluztea da. (Labaka, 2017)
Ibarzabalek, ostera, honen guztiaren atzean ahul agertzeko beldurra egon daitekeela aipatzen du:
Umorea askotan izan ahal da zure ahulgunea ezkutatzeko fuerte agertzea, edo zure ahulgunea erakutsi eta fuerte agertzea. Niretzako askoz ere interesanteagoa da zure ahulgunea erakutsi eta fuerte agertzea. Baina horrek aurretiko ahalduntze bat eskatzen du. (Labaka, 2018)
Elkarrizketako beste pasarte batean, Alberdik erlaxatzearekin eta armak askatu eta kontrola galtzearekin lotzen du umorea. Umoreak konplizitatea eskatzen duela: “Hari bat luzatzen duzu eta ikusten duzu ea norbaitek hartzen duen” (Labaka, 2017).
Agirrek ere bertso-jardunerako konplizitate hori behar-beharrezkoa dela azpimarratzen du, emakumez soilik osatutako bertso-saioak hizpidera ekarriz. Elustondoren hitzetan ere Ez da kasualitatea[23] eta antzerakoetan ez daukazu perfektua izan beharrik eta norbere buruaz barre egin ahal izateko beharrezkoa da perfektua izateari uztea. Plaza hegemoniko batean “demostratu behar hori” handiagoa da eta begirada gehiago daude zure esperoan. Umorezko konplizitate hori, nolanahi ere, gizonezkoek gizonezkoekin eraikitakoa izan da gehienbat duela oso gutxira arte. Hamaika aldiz entzun eta ikusi dugun umore motaren aurrean prestatuta gaude, azpian gordetzen dituen botere-harremanak ikusezin egiteraino domestikatuak. Gaur egun, orain dela urte batzuk baino zainduagoak izaten dira genero-rolak gaietan eta baita bertsolarien diskurtsoetan ere, baina hamaika urtetan eraikitako umore hori deseraikitzea ez da batere erraza, are gutxiago berriak eraikitzea. Martinek honela azaltzen du desoreka hori elkarrizketan:
Normalean gizonezko batzuek egiten badute umorea gizonezkoei buruz, hor egongo da iruditegi bat, hitz soro bat konpartituko dena eta ulertuko dena barregarritzat edo onargarritzat. Eta, aldiz, gizonezko horiek umorea egiten badute emakume batzuei buruz eta emakume horiek ez badute esku hartzerik botere eremu horretan, bukatuko du zapaltzaile izaten horretarako asmorik ez dagoenean ere. [...] Urte askotan espazio publikoa gizonen espazioa izan denez, oholtza bera, eraiki den umore eredua edo komikotasuna gizonezkoena izan da normalean. Batetik, indarrean oinarritua eta handitasun horretan detaile gutxikoa eta, gainera, emakumea objektu bezala ikusi duena. Ertzik gabekoa, nolabait, orokortzeko ahalegin bat egin duena. Umorea azkenean hori delako, ez? Kode bat behar duzulako, orokortu behar dituzulako ezaugarri batzuk. Orduan askotan, emakumearen kaltetan izan da orokortze hori. Emakumeak ere bilatu behar izan duelako espazio horretan identifikazio bat askotan aurkitu ez duena. (Labaka, 2017)
Ibargurenen hitzetan (2010), sexuaren inguruan egiten den umorea har daiteke aurrekoaren adibidetzat; gehiena gizonen sexualitatera mugatzen da eta oraindik kosta egiten da emakumeena errekonozitzen[24]. Zinkunegik erreferentzia konpartituen falta azpimarratzen du berriro ere (2014); zakilari buruz milaka bertso abestu izan direnez, bertsolariak badaki nola egin umorea horren inguruan, baita entzuleak horren aurrean nola erreakzionatu ere. Aitzitik, umorearen hiztegiari buruzko atalean adierazi bezala, aluari buruz ez denez abesten, ez dago kode konpartiturik, bertsolariak ez du erreferentziarik eta publikoak ez daki nola erreakzionatu. Abesten ez denaren gaineko metaforizazioa ere eraikitzeke dago[25]. Azken urteetan, emakume bertsolariak lan handia egiten ari dira zentzu honetan, beste gaitegi batzuen inguruko umorea esploratzen ari baitira. Hala ere, Garmendiari Ilintxetak egindako elkarrizketan bildu bezala (Argia, 2020-05-24), “emakumeontzako arruntak diren gauza asko oraindik arrotzak dira gizonezkoentzat”[26].
Baina erreferentzia edo identifikazio kontuez soilik aritu beharrean, ezinbestekoa da umorerako zilegitasunari buruz ere jardutea. Horretarako beharrezkoa da publikoak bertsolari bakoitzari esleitzen dion rolaz gogoetatzea. Oro har, emakume bertsolariek ez dute umorea ordezkatzen bertsolaritzan. Anduagak (2015) dioen moduan, kalean iritzi batek eta besteak zilegitasun eta balio bera ez duten bezala, batek eta besteak egingo luketen umoreak ere ez du zilegitasun bera. Ohikotasunetik kanpo dauden diskurtsoak edo errealitate ikuspegiak dituztenek erabiltzen duten umorea askoz ere zailagoa izaten da zabaltzen.
Martinen arabera, hasteko eta behin, adierazi beharrekoa da umoreak subjektu bihurtzen zaituela eta jarrera aktibo bat eskatzen duela:
Umorea egiteak, umoreak boterea daukan heinean, boterea ematen dizula uste dut. Jendeak zu entzutea ere behar duzu. Ez zaie berdin barre egiten pertsona guztiei txiste bera eginda eta batzuetan ez da komikotasun edo grazia kontua bakarrik. Batzuetan bada aitortzen diogun zilegitasun moral eta komikoagatik. (Labaka, 2017)
Berriozabalen ustez, emakume bati ahalegin berezia eskatzen dio umorea egiteak:
Oso zaila da emakume bati barre egiteko boterea ematea, emakume bati bere horretan emakumea izateagatik eta, gainera, zer esanik ez, emakume horrek umorea egin nahi badu grazia putarik egiten ez duen gauza batekin... Zeren grazia hori ere eraikia da.
Ibarzabalek ere antzera dihardu, jendaurrekotasunak ariketa bat eskatzen duela azpimarratuz:
Umorea egiteak jendaurrekotasuna eta ausardia eskatzen ditu. Ez da erraza umorea egitea, ahotsa altxatu behar da —metaforikoki— edo kokatu behar zara zentro batean. Leku hori historikoki mutilek eduki badute iruditzen zait mutilek diseinatu dutela modu askotan: zeri egiten diogun barre, zer umore mota dagoen. (Labaka, 2018)
Elkarrizketa berean, eta markinarraren hitzetan, ez da batere erraza zilegitasuna lortzea:
Legitimitatea, autoritatea, nola irabazten da emakumeen kasuan? Euskal Herriko bi txapel irabazita? Zuk egin dezakezu kristoren lanketa baina, klaro, ez daukazu autoritaterik. Beste batek badaukana. Orduan zurea hor geratzen da; hor genero-sistema sartzen da. (Labaka, 2018)
Enbeitaren hausnarketa da, kasurako, gizon bertsolari kontsakratu batek kantatuta graziosoa den ateraldi bat Onintza Enbeitak kantatuta gordinegia izan daitekeela. Zilegitasunaren auziaz, gainera, interesgarriak dira Eli Pagolak kontatutakoak, lehenago Garmendiak azaldutakoen oihartzun zenbait biltzen dituztenak:
Bertsokide mutil batekin batera asko kantatu izan dut. Saioetan grazioso papera beti berak zeukan eta gure saio dinamikan beti zen nik bidea ireki eta berak errematatu, kolpea jo. Edo, berdinetik berdinera hasten ginenean ere, ingurukoei edo elkarri harpa jotzen, berak beti grazia handiagoa egiten zuen, berak esandakoari barre gehiago egiten zioten, nahiz ez ziren beti bere bertsoak hobeak... Beti bera zen graziosoa. Eta ni, akonpañante. (Alberdi, 2019: 111)
Martinek partekatutako bizipenak ere argigarriak dira:
Lagunartean baneukan bertsotan baino askoz rol umoretsuago bat. Ni umoretsua nintzen, nire txiste txar eta guzti. Eta gogoratzen naiz egun batean konturatu nintzela bertsotan ere umorea egin nezakeela. Bertso-poteo batean izan zen. [...] Beste umore sinpleago bat neukan nire buruan, egunerokoago bat. Eta deskubritu nuenean umore hori bertsotan erabili nezakeela, niretzako izan zen deskubrimendu handi bat, liberazio handi bat. Eta uste dut, gainera, bertsotan jarraitu banuen horregatik izan zela, niretzako oso inportantea zen nire zati hori aplikatu edo erakustea posible zela ikusi nuelako. [...] Ordutik uste dut beti eduki duela nire bertsogintzan leku bat umoreak. Niretzako kantatzeko lekurik interesgarrienetako bat da umorea. (Labaka, 2017)
Lujanbiorentzat ere sortzeko leku interesgarria da umorea eta publikoak espero duen umorea ez erabiltzea erresistentzia modu bat da. Horri erresistentzia pasiboa deritzo Lujanbiok baina hortik erresistentzia aktibora ere umoretik joan daitekeela defendatzen du. Hala ere, zaila dela onartzen du, landu egin behar dela:
Zerbait berria denean gehiago da txokantea umorezkoa baino. Orduan, lortu behar duzu berria izanik edo espero ez dena izanik eta, gainera, pixka bat jendea inkomodatuko duena edo lotsaraziko duena izanik, hala ere umorera hurbiltzen, ez? Horrek oso fin ibili beharra eskatzen du, guk denbora guztian onarpenarekin jokatzen baitugu bertsotan. Eta bestela onartuko dizute transgresioa igual edo onartuko dizute inkomodatu duzula jendea, baina hori bakarrik. (Labaka, 2017)
Zailtasun handiena emanda dauden elementuekin beharrean beste elementu batzuekin barre eginaraztea da:
Oso fin ibili behar duzu, zeren haiek molestatuko dituzu, zenbait behintzat molestatuko dituzu. Mikatzarekin batera gozo pixka bat eman behar diezu zurekin jolasean segitzeko. Eta igual gero eta gozo gehiago. Mikaztasuna bajatzen joango zaie eta onartuko dute, eta azkenerako barre egingo dute. (Labaka, 2017)
Lujanbiok aitortzen du bide horretan elementuak falta zaizkiola askotan. Badaki nola ez duen egin nahi, zein terminologia edo rol ez dituen erabili nahi, baina gero ez da erraza nola egin jakitea:
Horren ordez, zer? Hori da zaila. Hor sortu egin behar da eta, gainera, jendea zurekin eraman behar duzu, neurri batean behintzat. Ezezkoa erraza da. Gero kontua da zer proposatu. (Labaka, 2017)
Ibarzabalek, bukatzeko, honako hausnarketa egiten du proposatzen diren umoreen inguruan:
Badakit zein umore ez zaidan gustatzen. Badakit zein gustatzen zaidan baina gustatzen zaidan hori oraindik esparru txikiagoa da gustatzen ez zaidan handi hori baino. (Labaka, 2018)
[20] Publikoaren eraginaren erakusgarritzat har daiteke Xalbador bertsolariari jotako txistualdi ezaguna: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/aire-etxart-fernando/ar-17383/
[21] Antzerki inprobisatuan ere antzera jazo ohi da.
[22] Estitxu Eizagirre kazetariak “gizonkera batua” deitu zion kode honi.
[23] Ez da kasualitatea saioak emakume bertsolariz osatutako bertso-saio musikatu eta feministak dira. 2009an antolatu zen lehena Mutrikun eta ordutik 120 emanalditik gora egin dira. Emakume bertsolari askok arnasgunetzat dituzte mota honetako saioak.
[24] Alberdik gogorarazten du (Labaka, 2017), Imazi erreferentzia eginez, umorea nahiz sexua emakumeoi plazer iturri bezala ukatuak izan zaizkigula egokitasunaren izenean. Alberdiren arabera, hala izan da etxe barruan eta are gehiago umore publikoan. Varelak ere, elkarrizketa berean, dibertigarria den guztia debekatua izan zaigula dio; hanka zabalik esertzea, asko jatea, gure gorputzari eta desirari buruz hitz egitea, larrutan egitea... Eta, nola ez, algaraka barre egitea.
[25] Sexuarekin lotutako testuinguru batean ari direla “txistorra” edo “makila” aipatuz gero, adibidez, ziurrenik entzuleak zuzenean egingo du lotura genital maskulinoekin.
[26] Garmendiak berak salatzen du hainbat emakume protagonistatzat dituen Erlauntza antzezlana ikusi ondoren, gizon bat baino gehiago hurbildu zaiola antzezlanean kontatzen dena oso erreala ez dela esanez.