Algara mutilatuak
Algara mutilatuak
2021, saiakera
112 orrialde
978-84-17051-60-0
editorea: Jule Goikoetxea
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2022, antzerkia
 

 

1.
Umorearen joko arauak

 

 

Umorea bizitzari eusteko tresna bat da.

Amaia Agirre, 2017

 

Umorea eraldaketa politikorako lanabesa da.

Beatriz Egizabal, 2017

 

 

      Umorea definitzea ez da, inondik inora, langintza erraza. Izan ere, urriki ikertu izan den fenomenoa da eta ikertu izan denetan ere haren inguruan egindako irakurketak orotarikoak eta elkarrekiko oso desberdinak dira. Uxoa Anduaga soziologoaren arabera, “umorea baztertua izan bada, ikergai ‘umoretsu(egi)a’ izateagatik garrantzia gutxikotzat jo delako izan da” (2016: 132).

      Nolanahi ere, XX. mendearen hondarretan sendotutako feminismoen eta garaiko hainbat mugimendu eta aldarrikapen soziopolitikoren sorrera medio, interakzio sozialaren, emozioen edota bizitza pribatua bezalako errealitateen inguruko ikerketak zabalduz joan ziren gizarte zientziei loturiko diziplinetan eta honek ahalbidetu zuen ordura arte garrantzirik aitortu ez zitzaien zenbait fenomeno, umorea haien artean, ikerketarako esparru gisa hautematen hastea.

      Umorearen inguruko irakurketa aniztasunaz jabetuta, umorearen definizio malgu eta zabal batetik abiatzea hobesten du Anduagak. Bere aburuz, “inguru sozialaren ezaugarriekiko sentikorra izanik, umorea azalduko duten definizioek nahitaez hartu beharko lukete kontuan haren aldagarritasuna” (2016: 152).

      Hortaz, ikergaiaren izaeran oinarrituta, umorea prozesu bezala ulertzeko proposamena luzatzen du ikerlariak. Izan ere, umoreari bi bereizgarri nagusi esleitu dakizkioke, praktika sozial gisa ulertua den heinean. Alde batetik, umorea errealitate sozialari atxikitako fenomenoa denez, aldakorra da testuinguruaren baldintza eta ezaugarrien arabera; inguru sozialak eragina du umorean, baina berdin gertatzen da alde erantzira ere: umorea errealitate sozialaren parte den heinean, gauzatu ahala errealitate hori (ber)eraiki edo osatzeko gaitasuna du. Azkenik, umorea praktika ere badela kontuan izan behar da eta, ondorioz, gerta dadin, umorea gauzatzea beharrezkoa dela, subjektuen arteko interakzioaren ondorioa baita.

      Errealitate bakarra izanik ere, prozesu den neurrian, askotariko izaerak, adierazpideak edota funtzioak izan ditzake umoreak eta, beraz, “‘umoreaz’ baino ‘umoreez’ hitz egiteko aukera sortzen da” (Anduaga, 2016: 154). Elkarren artean desberdinak dira, esaterako, telebistako umore saioak edota jendaurreko bakarrizketa inprobisatuak. Espazio, denbora, agente, funtzio, ondorio edota formatu desberdinak dauzkate, eta horrek elkarren artean diferenteak diren umore eredu bilakatzen ditu.

      Anduagak, gainera, mediazio prozesu gisa aurkezten du umorea. Soziologoaren hitzetan, mediazioa “botere posizioetatik gizarte osora zabaltzen den errealitate konkretu baten eraketa homogeneo eta aldibereko bat sortzeko modua litzateke, eta ondorioz, baita errealitate sozial hegemonikoaren ezarpena bideratzekoa ere” (2016: 160). Hala, mediazioa ez da esparru bezala ulertzen, ezpada aldatzen doan eta hainbat agentez eta askotariko interakzioez elikatzen den fenomeno malgu gisa. Mediazioak errealitate sozialaren (ber)irakurketa eta (bir)sortze iraunkorra ahalbidetzen du eta negoziaketa horretan eragin zuzena dute agente desberdinen arteko botere-harremanek. Eragin horiek tarteko, mediazioa interakzio sinbolikoaren bidezko errealitate sozialaren (bir)produkziorako abagunea eskaintzen duen prozesutzat ulertzea proposatzen da; bai eta ezaugarri horiei erantzunez, umore prozesuek euskal nazioaren eraketarako mediazio bezala funtzionatzen dutela ere.

      Liburu honen helburuetako bat bada umore prozesuek, euskal nazioaren eraketan ez ezik, genero-sistemak egituratutako errealitate sozialaren eraketan ere mediazio funtzioa betetzen dutela ikusaraztea. Mediazioak eta umore prozesuek performatzeko gaitasuna konpartitzen dute, harreman komunikatiboetan informazioa transmititzeaz gain, errealitate soziala (bir)produzitzeko gaitasuna ere badutelako. Fenomeno diskurtsibo moduan funtzionatzen duten heinean, aipatu eta ukitzen dituzten errealitate horietan (eta sinergikoki beste batzuetan ere bai) eragina izateko gaitasun politikoa dute.

 

 

 

1.1.
UMOREA, KONTU SERIO HORI

 

 

      Gaur egun garrantzia zerk daukan neurtzeko arma handi eta garrantzitsua da umorea.

Alaia Martin, 2017

 

 

      Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak “kontu serio” gisa izendatu zuen umorea 2010ean eta, gizartean bestelako usteak nagusi izan arren, ez dira gutxi berarekin bat egin eta umorearen garrantzia azpimarratzen duten autoreak. Barbara Diazen (Nueve, 2018) arabera, esaterako, ez genuke inola ere jokatu behar gure umoreak gizartean nagusi den giroa islatuko ez balu bezala, ezta grazia egiten digunak gure ideiak eta pentsatzeko modua adieraziko ez balitu bezala ere.

      Anduagaren ustez, arreta handiagoa jarri beharko genioke hizpide dugun umoreari. Ikerlariaren hitzetan, umoreak, gaur egun bizitzen ari garena agertzeaz gain, aurreikuspenak egiteko moduko aztarnak ere ematen ditu; “autore batek esaten zuen umorea badela termometro baina baita termostato ere; zer dagoen erakusten du eta, horrez gain, dagoen hori aldatzeko gaitasuna ere badauka” (Anduaga, 2015).

      Aurrekoen bidetik dihardu Francisco Jose Cortesek (2014) ere. Bere aburuz, akats handia da umorea beti transzendentzia handiegirik gabeko denborapasa bezala katalogatzea. Kontrara, umorea beti izan da eta gaur egun ere bada helburu sozialak dituen artefaktu estetiko bat, hitz jokoen azpian kamuflatutako mezu serioen bidez entzulearen arreta bereganatzea helburu duena.

      Gurean, Virginia Imaz pailazoa da, ezbairik gabe, esku artean dugun gaia lantzeko erreferente nagusienetakoa. Bere hitzetan, sistema oso azkarra izan da umorea haurren kontutzat sailkatuz, baina umorea gizarte kritikak duen elementurik baliotsuenetakoa da (Argia, 2005-01-30).

      Bestalde, Magdalena Romerak (2014) dioen moduan, umorea testuinguruko elementuei hertsiki lotuta dago. Egoerazko faktoreek, hizlarien arteko harremanak, beraien ezaugarriek, adinak, estatusak... eragin zuzena dute, eta genero-sistemak gainerako guztiak gurutzatzen ditu, zeharkako aldagaia da. Agustin Arrieta filosofo eta irakaslearentzat, umoreaz ari garelarik ezinbestekoa bilakatzen da testuinguruaren azterketa. Bere aburuz, “testuingurugabetzea da umorearekin egin daitekeen akatsik larriena” eta akats horrekin lotzen du egun sare sozialekin gertatzen dena; “txiste bat egin dezakezu baina ezin duzu testuingurua ondo finkatu” (Argia, 2020-06-21).

      Imazek (2005) ere umorea erreferentziala dela azpimarratzen du eta, haren iritziz, barre eginarazten diguna erreferenteen distortsioa, anplifikazioa edo exajerazioa izan ohi da. Idoia Torregarairen hitzetan, erreferentzialtasuna umorerako funtsezko elementua delako suertatzen dira hain lagungarri topikoak eta estereotipoak, beharrezko kode konpartituak eraikitzeko orduan. Gainera, erreferentea zenbat eta gertuagokoa izan, are eta grazia handiagoa eragin ohi digu. Horrela, adibidez, kultura bakoitzak erreferente propioak ditu eta kultura bakoitzaren barneko talde bakoitzak bereak. Varelak ere, umorea egiteko, ezinbestekotzat du taldekoen edo parekoen artean egotea:

      Zu jaio aurretiko pelikula bati buruzko txistea egingo banu, zuk ez zenidake ezer ulertuko. [...] Virginia Imazek behin esan zuen emakumeak trabesti kulturalak garela, guk eta geuretzat eginak ez diren produktu kulturalak kontsumitzera ohitu garelako. Horregatik egin ohi dugu barre gizonek gizonentzat egindako txisteekin. Gizonek ez dakite hori egiten, ezinezkoa zaie emakumeen umorearen parte sentitzea. Andreen txisteek ez diete graziarik egiten eta, edo erasotuak sentitzen dira, edo ez dute ezer ulertzen. Eta haiek jendartearen erdia soilik dira, ezta? Beraz, gure txisteak ere badira umore unibertsal, ez dira neskon txisteak, txisteak dira. (Labaka, 2017)

      Mundu erreferentzial desberdinak izateak lotura handia dauka emakumeoi egotzi izan zaigun balizko umore faltarekin. Sozialki barre egiten ikasi dugu; graziarik egiten ez zigutenean ere, urrutiko erreferenteei automatikoki barre egiten. Aurrerago sakonduko dugun moduan, historikoki emakumeekin lotutako arloak eremu pribatura zokoratuak eta baliogabetuak izateak zaildu egin du emakumeok guri buruzko umorea egitea, hasteko eta behin, gure erreferenteak ez ditugulako baliotsutzat jo izan. Eta, Imazen (2015) hitzetan, zerbait desdramatizatzeko, zerbaiti garrantzia kentzeko, beharrezkoa da aurrez garrantzi hori aitortua izatea. Sakratua dena baino ezin da fribolizatu.

 

 

 

1.2.
UMOREAREN ASKOTARIKOTASUNA

 

 

      Umoreak balio dezake hegemonia bat, norma bat, kanon bat, hankaz gora jartzeko, baina, era berean, balio dezake hegemonia, norma edo kanon hori betikotzeko ere.

Nerea Ibarzabal, 2018

 

 

      Anduagaren (2016) lana oinarri hartuta[7], mintzagai dugun umoreari buruzko irakurketa historiko garrantzitsuenak nabarmentzeko ahalegina da ondorengoa. Ikerlariak zehaztu bezala, Sokratesek dagoeneko aditzera eman zuen komediak, atsegin edo ongizaterako praktika huts izatetik urrun, beti dakarrela berarekin “besteaz” burla egitea, eta beraz, gizakien arteko nagusitasuna erakusteko ekintza bat dela (Anduaga, 2016: 135). Platonek, aldiz, komedia hazka egitearekin alderatu zuen, biek ala biek gozamena sortzen badute ere jatorrian ezinegon bat dutela agerian utziz (Platon, 2010 in Anduaga, 2016). Filosofo klasikoen ildoari jarraituz, barrea eta umorea besteekiko sentitzen den nagusitasunak sortutako gozamena direla defendatu zuten beste zenbait autorek, eta ondorioz, subjektuen arteko botere-harremanak agerian jarri eta elikatzeko balio dezaketela. Bestela esanda, gizarteko beste subjektuekiko nagusitasuna erakutsi eta eskuratzeko gaitasuna egotzi zioten umoreari.

      Askotarikoa eta konplexua izan da umorea ulertzeko modua. Umorea gertaera sozial gisa uler daiteke, gizartea zuzentzeko praktika gisa. Ikuspuntu psikologiko batetik, umoreak inhibitutako bulkaden gozamena sentitzea ahalbidetzen duela proposatu izan da eta, hortaz, askapen pertsonalerako bitarteko gisa ulertu izan da, mugak, tabuak eta zentsura soziala gainditzeko bitarteko bezala. Soziologoek, berriz, umorearen unibertsaltasun nahiz partikulartasunean ipini dute arreta, umorearen barne egituran eta duen eragin sozialean, eta, beraz, kategoria atenporal eta unibertsal gisa ulertzetik urruti, umorea denbora-espazioaren arabera mugatuta dagoen errealitate gisa hautematea proposatu izan dute. Tartean, umore senaren ezaugarriak taldetasun baten oinarrizko ikuspegiaren erakusle direlako, besteak beste, talde batek “normaltzat” eta “desbideratutzat” zer ikusten duen erakutsi dezaketelakoan. Hain zuzen ere, umorea askotan erabiltzen baita arbuiatu, aldarazi edota desagerrarazi nahi den errealitate (agente, praktika...) horren aurka, eta, aldiz, babestuta uzten da desiragarria, “normala” edo aldatu nahi ez dena.

      Beste ikerlari batzuek, ordea, umorea besteen inguruan baino norbere burua umoregaitzat hartuta egiten den praktikatzat daukate, fenomeno honek taldea garatzeko, hobetzeko eta indartzeko ariketa gisa funtzionatzen duela argudiatuz. Donna Goldsteinen lana (2003 in Anduaga, 2016) aipa daiteke honen erakusgarritzat. Autoreak Brasilgo auzo txiroetako emakumeen umorea aztertzeko egindako etnografian haien egoera prekario eta menderakuntzakoaz barre egiten dutela erakusten du eta horrek emakumeen artean kontzientzia politiko bat partekatzen eta indartzen laguntzen duela.

      Umorearen egiturari dagokionez, zenbait autorek diote umorea suerta dadin oinarrizko bi fase daudela, gorago aipatu dugun umorearen erreferentzialtasunarekin lotuta daudenak. Batetik, hartzailearentzat ulergarria den errealitate bat erabili behar du umoreak eta horretarako emaile eta hartzailearen mundu ikuskerek edo kulturek gutxieneko antzekotasunak eduki behar dituzte. Deskribatzen den errealitatea hartzailearentzat ezezaguna bada, ezinezkoa izango baita umorea sortzea. Baina, honekin batera, umoreak beharrezkoa du argitara ekarri den egoera hori bere testuingurutik ateraraztea, hau da, deslotu edo haustea. Anduagaren arabera, “ohikotasuna ‘desorekatzeak’ egunerokoan arruntak diren logikak, ulerkerak eta komunikatzeko manerak auzitan jartzea dakar” (2016: 142). Ildo honi jarraituz, umoreak errealitatearen planteamendu dikotomikoetatik aldendu eta ikusmolde anitzak posible egiten dituen ulerkera bat ahalbidetuko luke.

      Era berean, azpimarragarria da umorea soziologiatik aztertzen dabiltzan egileek errealitate sozialean eragiteko gaitasuna aitortzen diotela (2016: 143). Besteak beste, praktika sozial izate hutsak, berarekin dakarrelako errealitate sozialaren parte izatea eta, gehiago edo gutxiago, errealitate horretan eragina izatea. Hala ere, desadostasun handia erakusten dute eragin hori nolakoa den zehazterako garaian. Zenbaitzuek umoreak indarrean dagoen gizarte ordena mantentzeko duen gaitasunari egiten diote azpimarra. Gizarte industrializatuetan egindako ikerketek, esaterako, arrazoi ematen diete hauei, umoreak gatazkatsuak diren egoeren inguruko txantxen bidez horiek neutralizatzeko gaitasuna duela jartzen baitute agerian. Antzeko bidetik baina era muturrekoagoan, umorea kontrol sozialerako tresnatzat dute beste batzuek eta aurretik aipatutako ikuspegiari helduz, umorea “zuzentzaile sozialtzat” hartzen dute, umorea gainerakoengan lotsatzeko modukotzat jotzen dena seinalatzeko eta arau sozialak onartzeko eta mantentzeko baliabidetzat ulertuz.

      Rose Coserren lana (1959 in Anduaga, 2016) bitxia bezain interesgarria suertatu daiteke. Ikerlariak ospitale bateko lan-bileretako umore erabilerak aztertu zituen, txisteen kopurua eta noranzkoa lanpostu maila desberdinek (medikuak, egoiliarrak eta erizainak) duten hierarkia sozialarekin alderatuz. Beraien posizioa besteen aurrean defendatzeko haiek baino “maila baxuagoko” langile taldeen inguruko txantxak egiten zituztela ikusi zuen autoreak eta umoreak talde sozialen arteko higiezintasuna bultzatzen duela argudiatu zuen. Are gehiago, autorearen arabera, umoreak posizio sozialen mugiezintasuna indartzen badu, posizio bakoitzaren baitan kideen arteko kohesio soziala indartzen duelako da. Hain zuzen ere, beste zenbait autorek azken ideia horri heltzen diote, umorearen funtzio nagusia harreman sozialak sortzea edota estutzea dela adieraziz. Hauen arabera, talde kultura jakin bat sortu eta definitzeko baliagarria da umorea, “besteen” (taldekide ez direnen) inguruan konspiratuz sendotzen baita “gutarron” konplizitatea, murrizten elkarrekiko distantzia soziala eta indartzen identitate komuna.

      Hainbat autorek azpimarratzen dute umorearen jarrera bikoitz hori: kohesio soziala sortzeko eta indartzeko balio duela, batetik; eta mailaketa sozialak bistaratzeko eta elkarrengandik bereizita mantentzeko gaitasuna ere baduela, bestetik. Alabaina, beste autore batzuek, umoreak haustura eta subertsioa dakartzala defendatzen dute. Judith Butlerrek (2001, 2010 in Anduaga, 2016), adibidez, umoreak errealitate soziala desnaturalizatzeko balio duela esaten du, eta gauzak “bestela” izan daitezkeela erakusteko gaitasuna egozten dio, dagoen ordena soziala mantenarazi ordez (orain arteko autoreek aditzera eman duten moduan) hura iraultzeko balio duela aldarrikatuz; umoreak tesi-antitesi logika dikotomikotik urrunduz errealitatearen balizko aukera hipotetiko berriak proposatzeko aukera ematen duelakoan baitago.

      Butlerren ikuspegiarekin bat egiten dute umorea gatazka teorien ikuspegitik landu dutenek. Hauetako zenbaitek, adibidez, talde sozial jakin batek umorea erasorako edo defentsarako arma gisa nola balia dezakeen aztertzen dute. Beste zenbaitek, umoreak itutzat duen taldean eragina duela defendatzen dute, besteak beste, “ahularen” arma gisa funtziona dezakeela; zapaltzailearen aurka eraso egiteko, egoera zehatz bat salatzeko edota borroka espazio alternatibo gisa agertzeko aukera emanez. Badira, aitzitik, argudiatzen dutenak umorearen bidezko erresistentziak uneko lasaitasuna edo asetasuna eskaini arren, egoera gatazkatsuetan eraldaketa errealik ez duela sortzen eta askapen balbularen metaforari eutsiz, umoreak egiazki sistema bera egonkortzen laguntzen duela uste dute.

      Anduagaren iritziz, umorearen inguruko funtzio banakatu horri bira interesgarria eman zion Dawn Robinson eta Lynn Smith-Lovinen lanak (2011 in Anduaga, 2016). Izan ere, lau dira orotara autore hauek umoreari esleitzen dizkioten gaitasun sozialak: a) kohesio sortzailea izatea; b) tentsioak gainditzen laguntzea; c) hierarkia sortzaile nahiz mantentzailea izatea; edota d) esanahiak eraldatzeko gai izatea. Hala ere, ez dute aintzat hartzen umoreak aldi berean aurrez aipaturiko funtzio bat baino gehiago izan dezakeenik, ezta horiez gain bestelako funtzioak izan ditzakeenik seinalatzen ere (Anduaga, 2016: 147).

 

 

 

1.3.
UMOREAREN EZAUGARRIAK

 

 

      Plazerari lotuta dagoenez, ez dugu hartaz hainbeste gogoetatzen, bizitzearekin aski zaigulako. Besteren umorearen objektu garenean pentsatzen dugu hartaz, azpiratzen gaituenean, sufritzen dugunean. Pairamenak eramaten gaitu agian gogoetara, zauriari azalpen bat bilatzen saiatzen gara, umoreari pisu bat emanez.

Uxue Alberdi, 2017

 

 

      Bidaia historiko honen ostean, eta behin umorearen inguruko irakurketak askotarikoak direla baieztatuta, gutxieneko oinarri komunei buruz jardutea komeni da. Bide honetan, umorearen hiru ezaugarri partekatu hauek azaleratzen dira Anduagaren tesian; gozamena, haustura eta distantzia.

      Gozamenari dagokionez, autore gehienek hartzen dute aintzat umorea plazerarekin, ongizatearekin, atseginarekin zein dibertsioarekin lotuta dagoela. Bigarrenik, haustura deitzen zaio umoreak errealitatearen ohiko interpretazioarekiko sortzen duen desdoiari, umoreak ohikotasuna kolpatu, irauli, birplanteatu edo, une batez bada ere, kolokan uzteko ariketa abiarazten baitu:

      Umorea, beraz, forman edo egituran unibertsala dela uler genezake (beti dakar haustura), testuinguru soziokulturalaren arabera aldatuko duelarik haren hausturen tasuna. (Anduaga, 2016: 150)

      Hirugarrenik, distantzia deritzo umoreak berak darabilen egiturari, hots, zerbait esateko, azpimarratzeko, argitara ekartzeko edo, besterik gabe, aipatzeko jarduerari. Alegia, umoreak beti dio zerbait eta zerbait hori “nonbaitetik” esana da.

      Aipatutako hiru ezaugarri partekatuak honela laburbiltzen ditu ikerlariak:

      Ulertzen dugu, beraz, umoreak zerbaitekiko distantzia sorrarazten edo bultzatzen duela errealitateak aipatzen dituen momentutik, errealitate horrekiko haustura joko bat proposatuz gozamena sorrarazten duen praktika batean. (Anduaga, 2016: 150)

      Umorea, funtsean, komunikatzeko modu bat da eta zerrendatutako ezaugarri hauek eraginkortasun handiko diskurtso molde bilakatzen dute. Anduagak (2016: 47) zehaztu moduan, hasteko eta behin, bestelako genero diskurtsiboekin gertatzen ez den bezala, umoreak berezkoa duen bat-bateko algara sortzeko gaitasunak horrekiko jarrera kritiko bat garatzeko aukera gutxi uzten duelako. Irriaren katarsian murgildurik, zaila izan ohi da askotan umorez igortzen den mezua momentuan bertan auzitara eramatea eta, horren ordez, umorez jaulkitzen den edukiaz erabat jabetu gabe, hori onartu eta barneratzen amaitzen da gehienetan. Hala, sortzen duen atseginagatik, errazagoa suertatzen da bestela esatea ezinezkoak liratekeen hainbat mezu umore formulan gizarteratzea.

      Ibarzabalek (Labaka, 2018), adibidez, umoreak beste modurik ez zeukanean zenbait gauza esateko balio izan diola aitortzen du eta antzera dihardu Varelak ere:

      Ulertzen dut batzuetan umoretik egin behar dudala, esplikatzeko dudan modurik onena delako. Nik beti hitz egiten dut zapalkuntzei buruz, baina modu dibertigarrian egiteak laguntzen du jendeak bideoak ikusi eta konpartitu ditzan. (Labaka, 2017)

      Quan Zhou Wu txinatar jatorridun ilustratzaileak ere antzeko ikuspegia agertzen du Berrian egindako elkarrizketako pasarte batean:

      Arrazakeriaren gisako gai serioagoak aipatzean, uste dut garrantzitsua dela diskurtso guztiak ez izatea zigortzaileak edo salaketazkoak. Arrazakeriari buruz pentsarazten duen diskurtso atsegin bat ere behar da. [...] Umoreak ez die garrantzirik kentzen gai serioei. Umoreak digestioa errazten du. Gogorra da hau esatea; beraz, beste ikuspegi batetik eta modu atseginean, agian batzuek hausnartuko dute. (Berria, 2020-09-25)

      Azken baieztapen honekin lotuta, kontuan izan behar da umorea preziatua den garai batean bizi garela, eta horrek umorea erabili eta zabaltzeko nahia hedatuta egotea dakarrela: zerbaitek grazia egiten badigu gure inguruan zabaltzera joko dugu berehala, eta edozein mezu espazio sozialean azkar hedatzeko tresna ezin hobea bihurtzen du horrek umorea (Anduaga 2017: 31).

      Anduagak argi adierazten du umorea zerbait ona eta atsegina dela pentsatzea tranpa moduko bat dela. Ahaztu egiten zaigulako, hain justu, umorearen inguruko balorazio hori bera ere konstrukto sozial bat dela eta horrela “ez dugu ikusten bazterketa ekar dezakeela, arma politiko bezala erabil daitekeela, iraina, beldurra, lotsa sentiarazi ditzakeela... eta horrek gero ondorio sozial batzuk dauzkala” (Anduaga, 2015). Positiboa den zerbait bezala ulertzeak erabiltzen dugunean bere gaineko ia kontrolik ez izatea ekar lezake, gainera. Atsegina delako, sortzen digun berehalako erreakzioa da gustatu zaiguna konpartitu nahi izatea eta horrek suposatzen duena da umore bitartez igorritako diskurtso hori barrerarik gabe irentsi dugula eta ia inolako barrerarik gabe transmiti dezakegula.

      Honengatik guztiagatik, askotan kosta egiten zaigu umoreak mezua duela konturatzea. Dena dela, maiz kontrakoa uste izan arren, ez dago umore zuririk, umoreak errealitatearen gaineko juzgua helarazten baitu beti, egokia denaren eta ez denaren arteko balorazio bat, gizartean “normaltzat” jotzen denaren eta ez denaren arteko inkongruentzian oin hartuz. Hori baita, hain zuzen, umorearen funtzionamenduaren oinarrian dagoen logika: onargarria, zuzena, “normala”, neutroa zer den agerian jartzeaz arduratzen da, gaitzesgarri, baztergarri, anomalo edo desiragaitzak direnak umorez kolpatu eta horiekiko lotsa edo deslotura bultzatuz (Anduaga, 2017).

      Azkenik, umoreak funtziona dezan ezinbestekoa da umore prozesuak proposatzen duen haustura eta distantziarekiko onarpena izatea. Zentzu honetan, interesgarria izan daiteke proposatzen diren umore prozesu guztien artetik gizartean onartuak zein diren (eta zein ez diren) behatzea; modu horretan bistaratu baititzakegu hierarkiak eta botere-harremanak.

 

 

 

1.4.
UMOREAREN HIZTEGIA

 

 

      Hitzak behar ditugu bestelako umorea nahi badugu, horra abiapuntua. Hitzak zorroztasunak, sonak, graziak bere bidea egin dezan. Monsantok bahitu eta Bayerrek komertzializatu gabeko hiztegi libre bat, ezinezkoa baita beste logika batean saiatzea, barreari ziri-ziri aritzea, hasieratik bertatik bagaituzte gatibu.

Iñigo Aranbarri, 2017

 

      Gogoratzen naiz Baginaren bakarrizketak[8] egitean jende asko kasi-kasi uzkurtuta geratzen zela besaulkian alua esateko hogeita zazpi modu desberdin zerrendatzen genituenean.

Aitziber Garmendia, 2017

 

 

      Askotan errepikatzen den zerbait da aipatzen ez dena ez dela existitzen. Ibargurenek (2010) dioenez, zenbait hizkuntzatan gai batzuen inguruko terminologia eraiki gabe dago oraindik. Hizkuntza sexista denez, errealitate batzuk ez dira izendatzen eta, ondorioz, ez dira ikusarazten. Hori dela eta, oraindik hiztegi oso bat dago eratzeko emakumeon errealitate askoren inguruan; gure sexualitatearen inguruan, kasurako. Umorea gauzatzerakoan garrantzi berezia hartzen dute hitzek eta horrexegatik da ezinbestekoa umorea zertaz eta zer esanez egiten den aztertzea eta, bide batez, umorerako zein gai (eta zein ez), zein hizkera (eta zein ez), zein hitz (eta zein ez)... baliatzen diren behatzea.

      Varelaren aburuz, hiztegiak eraikuntzak dira eta gizon zuri heterosexualek eraikitzen dituzte. Ondorioz, hitzak nabarmenki markatuta daude. Gaztelaniaz, esaterako, badaude maskulinoan graziarik egiten ez duten arren femeninoan grazia egin ohi duten hitzak. Kontzeptu batzuk, areago, ez dira existitu ere egiten; femme fatale deritzogunaren baliokide maskulinoa, besteak beste. Hortaz, bistakoa da hitzek karga ezarri bat daukatela eta umorea egitean bi aukera ditugula: karga hori baliatzea edo, kontrara, karga hori aldatzen saiatzea.

      Mugimendu feministak askotan erabili izan duela azken estrategia hau, uste du Varelak. Gaztelaniaren kasuan, adibidez, hitz askoren esanahia birformulatu da: feminazi, puta, bollera... Ildo beretik, umorea hegemonikoa denaren zerbitzura dagoenez, badaude zuzenean asmatu egin behar diren hitzak. Varelari oso aberatsa iruditzen zaio esanahia aldatu nahiz hitzak asmatzeko aukera hori. Horrekin batera, emakumeak umoregintzan hasteak lehenago aipatu ere egin ezin ziren hainbat tabu armairutik ateratzea ekarri du berarekin.

      Alaia Martinen hitzetan (Labaka, 2017), hizkuntzak jendarte baten inguruko nahiz barruko paisaiaren argazki bat dira, azken finean. Hizkuntzek badaukate islatzeko balioa, ezkutatzekoa daukaten neurri berean. Hori dela eta, normalean hegemonikoak diren gaiak, kontzeptuak eta rolak askoz ere ordezkatuagoak egon ohi dira hizkuntzetan. Martinentzat sexua da gure jendarteko tabu handienetako bat eta adierazgarria iruditzen zaio, kasurako, zakila bera gutxitan esaten den arren, berau adierazteko metafora mordo bat egotea:

      Sexurako grina orain arteko umorean gizonezko baten ahotik entzunda oso natural, oso ohiko, oso barregarri eta oso erraz belarriratu zaigun bezala, emakume baten ikuspegitik esaten denean beste kortozirkuitu bat sortzen du eta nik uste dut aipatu orduko igartzen den gauza bat dela entzuleen artean. [...] Aluaz ez da kantatu izan, niri metafora oso gutxi bururatzen zaizkit entzun izan ditudanak eta zakilaz pila bat okurritzen zaizkit... Berdin gertatzen da telebistan ikusi dudan fikzio guztian, kaleko elkarrizketetan... Askoz askatasun gehiagorekin hitz egiten dute gizonek euren zakilaz. (Labaka, 2017)

      Sexualitateaz haratago, Martinek azaltzen du hizkuntza hitz batzuk aurrean eta beste batzuk atzean jartzen dituen erreminta ere badela. Bere ustez, interesgarria litzateke ikustea jendaurreko jardunetan bolantea, sukaldeko gortina edo harraska, adibidez, zenbatetan aipatu diren gai interesgarri bezala. Hau da, hitzak hartu eta hitz horien jatorri diren espazioak behatuta, ikerketa interesgarri bat egin daitekeela uste du, bai zer mundu errepresentatzen ditugun ikusteko eta baita zer munduk errepresentatzen gaituen ikusarazteko ere. Martinen iritziz (Labaka, 2017), lan aktiboa justu itzalean utzitako hitz horiek eta mundu horiek bilatzean dago: “Bilatu egin behar ditugu askotan ez zaizkigulako berez etortzen plazarako gai interesgarritzat”.

      Lujanbioren iritzian, azken batean hizkuntza lotuta baitago onarpenarekin (Labaka, 2017). Nabarmena da emakumeen mundu erreferentzialak onarpena izango balu hitzak izango lituzkeela. Aitzitik, inoiz horretaz hitz egin ez dugunez, aipatu ez dugunez, hitzak falta zaizkigu:

      Emakumearen mundu erreferentziala (mundu intimoa, sexualitatea, gorputza, fisikoa...) izan da oso kanpotik eta goitik behera tratatu den zerbait eta oso estereotipikoki. Geuk ez badugu landu, ez bagara ausartu horretaz hitz egiten, normala den bezala terreno hori ibili gabe dago eta hizkuntza hori egin gabe. [...] Zakilari buruz hitz egiteko hamar milioi metafora daude. Aipatu nahi ez duzunean ere askotan, irudi lanbro batekin, hori ulertzen da. Emakumearen aluari buruz edo klitoriari buruz hitz egiteko ez daude. Nik ez dut inoiz esan hitz hori bertsotan igual hogeita bost urtean! Eta metafora bezala ere... Azken urteetan askoz gehiago, baina... (Labaka, 2017)

      Elkarrizketa berean, Lujanbiok dio emakume taldeetan (bertsotatik kanpo ere bai) kode konpartitu eta giro erosoetan pila bat sortzen dela. Eta emakumez osatutako saioetan ere, zenbat eta emakume bertsolari gehiago aritu, bertso munduan ere askoz presenteago sumatzen da:

      Emakumerik ez da egon eta gizonek hitz egin dute beren erara edo sozialki onartzen zen erara horri buruz. Orduan, orain dago terreno hori dena irabazteko eta hori ederra da. Azkenean oso kreatiboa ere bada. Batetik, gogorra da hitz berri horiek integratzea diskurtsoan baina, bestetik, oso aliziente ederra da. Azkenean, mundu metaforiko bat asmatzea kristorena da! Sortzeko kristoren esparrua, alorra dago hor. [...] Zortez egiteko daukagu! Mundu erreferentzial bat eta hizkera bat, modu baliagarri-kaletar-artistiko bat eta gero horren metaforizazio bat. Eta gero umore bat, horri buruzko umore bat. (Labaka, 2017)

 

 

[7]   Azpiatal honen eta hurrengoaren oinarria Uxoa Anduagaren Herri barrez, umore bidezko euskal nazioaren eraketa prozesua (2016) ikerlanetik eratorritakoa da.

[8]   Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garai aktoreek Eva Ensler idazlearen antzezlanean oinarrituta taularatutako obra.