Giza marmaloak
Denok gaituzu senide,
Gregor Samsa.
Denok gabilzkizu
herrestan, arnasestuka
—aldiz gela hertsietan
aldiz kale eremuetan—
nork geure
atabute beltz txarolatua
bizkarrean garraio.
Batzuk —zuk ez, anaia martiri—
urin pozointsuak jaulkitzen,
—nor geure buruaren defentsan omen—
elkarren arteko talka kupidagabean.
Bestetzuk —edo berberok beste aldika—
elitroak aidean dantzatuz,
honelakoxeak egin bide gaituztenen
kontra altxatuz,
etsipen itxaropentsuzko edo
itxaropen etsituzko eleak aldarrikatzen.
Baina funtsean,
Gregor anaia,
denok gaituzu
zu bezalakoak:
kakarraldo hutsak.
w1989