Euriak ere baditu begiak, arrain erailduak,
makar eta sasi-hortzak ere baditu,
zizare-goroldioz estalitako
bere larruaren gainean.
Iratzarri eta berehalaxe loak hartzen gaitu
berriro, maite,
euriak lurra
bere ile horiz
urratzen duen bitartean.
Hotzak dakar bere ke amai-ezina
hondar zaharkituzko leze heze honetara,
hemen gautza,
sabeleraino
zilar ugertuzko zirla-oskol zurrunez
abaildurik,
eta aldiz itsasoa ere badator
bere guardasolik gabe,
nik ez jakin zertara,
baina denborak ateak oro
hertsirik ditu.
Hemen barruan
ez dago kanporik, ez dago barrurik, euria bakarrik
denak du goroldio eta
arrain urtuen hatsa,
ez dago beste argirik
bere ahots lakartua
borborrean jaulkitzen
duen kea baizik, eta
bizitza ahotik zintzilik
dugu, harik-eta
odol-eztulka
txoriak jaurtiki ditzagun arte,
harik-eta euriak
bere begiak
karroinak eraildutako arrainak bailiran
leher ditzan arte, baina
ibiliaren ibiliz, eztularen eztulez,
agian laster aurkituko dugu
norbait
sakelak bete belar.
w1986