Aitaren heriotzan
Mila bederatziehun laurogei urtean
irailak hogei egun, goiz triste batean
aitak azken arnasa, guk lehen malkoa
itsasontzi herbala ekaitzak jan zigun
nik ez dakit zergatik, sorgor eta ilun
haserraldi gogorrez nedukan gogoa
«Ni naiz kapitan pilotu
ni naiz kapitan pilotu
neri behar zait obeditu»
Bi hilabete luze eduki zintuzten
konorterikan gabe, taupadak irauten
hilik bizitzen-edo, egia esanaz:
zerua irabazteko omen aproposa
hala nola arantzak dituen larrosa
Jainkoak hala nahirik tortura jasanaz
«Bestela zenbaiten kasketa
binbilin-bonbolon behera
buruan jartzen bazait neri
binbilin bat eta bonbilun bi»
Ikara dut bihotza gogoratutzean:
bazen tresna zantarrik zure hil-ohean!
oxijeno-hodiak, gernu-maxkuriak
erizain-medikuen rutinazko xera:
hain axola han bertan doana hiltzera
nola harakinari bildots-axuriak
«Eragiok Xanti arraun horri
Eragiok Xanti arraun horri»
Denok ginkoazkizun ahal zenaz zaintzera
emazte'ta senide, ohe-bazterrera
zuk begiak gugana kontsolamen bila
ote gintuzun baina inor ezagutzen?
guk ikusi ezina zenuen somatzen:
azken bakardadeko mirabe zurbila
«Ontzian dabilenian
ontzian dabilenian
marmariozka gehienian»
...........
«Ezeren bildurrik ez du
Ezeren bildurrik ez du
sekulan ez da ikaratu»
Hura zenekusan bai, hura seinalatuz
altxatzen zinen inoiz besoa luzatuz
zure sasoi oneko oroitzak gogoan
arrantzoan zenbiltzan izurde zaurtua
borroka etsituan sarean lotua
marrazoaren kontra gogor erasoan
«Txit beltza da kapitana
txit beltza da kapitana
dirudiena alkitrana»
...........
«Barkua da oso fina
barkua da oso fina
dirudiena bergantina»
Inoizko ontzi eder ezpal-hondakina
kila zulaturiko bergantin arina
hondartza-bazterreko balea itoa
izotz-eremuek hautsitako branka:
heriotza azkenik zure ate joka
otsein barrendaria, mirabe harroa
«Pipa badu ezpainetan
pipa badu ezpainetan
ez da beldurtzen sekuletan»
...........
«Bizar luze gorrixkara
bizar luxe gorrixkara
holandesaren tankerara»
Amaren nigar mingots guk ezti ezina
apaizen komeriak, hileta samina:
sofrikarioaren goraipu ergela
zeruan omen zaude, kontsola gaitezen
gizona duintasunez noiz bizi izanen?
noiz heriotza amaia labur'ta epela?
...........
Aita, zure gomutak
nau guztiz iluntzen
bertsoa zait hausten
naiz atsekabetzen
Wikingo zaharren antzo
amets egin nuen
ontzi sukartuan
itsas zabalera
bazindoazela
zure maite ixilaren
musu errauskorra
ezpain zurbiletan
gozo dastatzera
«Horra adirazi dana
horra adirazi dana
nolakua zan kapitana
ka
pi
ta
na»
w1982