Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Oinetako lur hau jabilt ikaran!
Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Oinetako lur hau jabilt ikaran!
Breizh II
Kenavo Breizh, oi Breizh maitea!
zure lanbroaren hegalean jarririk
ibilia naiz zure oihartzunetan barna,
bide bazterretan
harrizko herri heze ñabar bat agertu zait,
Kemper-eko karrika zaharretan
Oanez deitu begitarte zabaleko neskatxa tinkoak
gizaseme sendoak
buruan kofiadun emakume xahar maitagarriak,
zure hatsa
lanbroaren mezua, gizakien auhen eta poza
musikaren bitarteaz da
oroimenaren ortzimugan desleitzen,
zure bizitza
kan-ha-diskan bat
gavotta dantzan da lotzen ari
Karnag-eko harri zaharrak dantzari
bukaerarik gabeko fest-noz zoragarrian,
Gwendal
Roazhon-eko xirularru joile jatorra
erdi aroko irudi batetik sortua iduri
musikalari aspergaitza
kondairaren ihauteri eta dantzaren gidari
zapela zahar
zaharragoak sena eta nahikari,
Breizh
herri haurridea
egungo maizter dohakabea
zapela eta musika hartu eta
kondairan barna zoazena,
iduri luke
musika telurikoan bakarrik atzematen duzula
barda gauean Brest-eko karriketan ebatsi zentzua,
oi Breizh,
herri zahar maitagarria
eskua nahi nizuke luzatu
sentipenak azaldu
baina...
garai batean, antzinean, hobeki ezagutzen genuen elkar
oroitzen?
horrengatik
hiru punttuko gavottan lotuko garelakoan elkarri
oroitzapenez josi ametsean
ari nauzu egungo argisentian
zuri kantari.
w1975-76
Kenavo: agur.
Oanez: emakume izena.
Roazhon: Rennes.
Gwendal: gizon izena.
Kan-ha diskan: Kantu kontrakantua.
Fest-noz: gau-festa.