Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-19-3
Rikardo Arregi
1958, Gasteiz
 
 

Urre-lilien eresia

 

Urre-liliak bakar-bakarrik begiratu

urdin izugarrien gainean, ez da orain

ilargi zuria argi horren sortzailea.

Kaleargiak kanpoan, gela ilunean

telebistaren argiantz dardarti hori.

Begiak zabalik, kriseilu hutsak, hutsalak.

Errekarena izan nahi duen ur hotsa,

etengabea, orekatua, betikoa.

 

Esan zidaten, esan zidaten... Oroitzapen

desitxuratuak eguneroko borrokan,

gaurko bizitza honetan espetxeraturik.

Eta amodiozkoa zirudien baina

amodiozkoa ez zen kanta bigun hura.

Sorbalden astuna eta minaren sakona.

Urre-liliak, handiegi, argitsuegi,

hain sexu bestaldetik, hain setati, hain gezur.

 

Beste nonbait egoteko grina gaindigaitza,

nahiz eta jakin beste nonbait hartan ere

usteltzen direla betiko urre-liliak.

Urdin ezin hartan ere argitsuegiak,

egia izateko malko bat falta zaie,

akatsen bat, egonezaren bat. Ez gehiegi,

dena azaltzea barkaezina dateke,

antzinako gizalegea gorde bederen.

 

Zeinek nahi du amodioaz gozatzea?

Zeinek ez? Urre-lilien bekaitz. Oroimena

landu. Honelaxe zen: gaua epel zegoen,

atorra gorria nuen, asko edan zuten.

Zorion zoroak bigundu zuen tristura,

azkenean ederrak dira urre-liliak,

gau urdinetan bortizki sakabanatuak,

basamortuko ipuin zaharretan bezala.

 

Sukarrak bekokian egiten du bidea,

baina trabaturik gelditzen da eskuetan.

Gaixotasun noble horiek, hain desiragarri.

Nekaturik nago, egun luzea izan da,

ez betor inor arrangurak asaskatzera

kontsolamendu guztiak alferrik baitira.

Urre-liliek guztiok gaituzte sorgindu,

ezin duzu ezer egin. Desirak. Desirak.

 

Ez nuen hori esan gura. Ez nuen gura.

Glosak egingo nituzke hitz horien gainean

Erdi Aroko letradun urdurien gisa.

Zer esan gura nuen? Zer esan gura nuen?

Oker-ulertuen munduan gezurrezkoa

dirudi urre-lilien ausardia hori.

Naturak ez duena kaleargiek dute:

amets paranoikoak itsasoen aiduru.

 

Zoramenak erlojuak eraso zituen,

lehena, oraina eta geroa nahasiz.

Ez diogu garrantzi handirik eman behar,

ez du merezi, dena huts dela badakigu,

urre-liliak, malko gorriak, gau urdinak,

beste nonbait egoteko gogo absurdua,

beste bizitzak bizitzeko asmo antzua,

eta haiekin datorren etsipen narea.

 

Hau da ene gaubeila, hau ene hiltamua.

 

w1998