Ipar haize hotz zuriak
Hehapa Sapa (Altze Beltza)ri,
Hi-ei-hei-i-i! Hi-ei-hei-i-i! Tunkaxila WAKAN-TANKA!
Ipar haize hotz zuriak
garbitzen gaitu eta indartzen neguan,
Eguzkialdeko haize lehor horiak dakarkigun argia
ulertzeko gai izan gaitezen udaberrian,
Hego haize bero gorriak damaigun bizia
zorion betekoa dakigun udan,
Itzalaldeko haize heze urdinak bere euriz
eta garaziaz ernaldurik udazkenean...
lau haizeon erdian zutik,
lau haizeok lau aldeetatik astindurik
haz gaitezen beheko lurretik goiko izarrez goiti;
hazi beteki, azaleko larrutik barruko bihotzeraino...
luzean bezala zabalean, goratasunean bezala barrentasunean...
Gizon haundia da mundua,
eta mundu ttikia, gizona.
Mundua gizonarentzat egina da,
baina ez gizona munduarentzat.
Mundua sar daiteke oso-osorik gizonaren baitan,
ez, ordea, gizon osoa osoki munduaren barruan:
munduak nonbait hasiera, nonbait bukaera,
eta gizonak, ez,
gizonaren bihotzak ezinon hasierarik,
inon ez bukaerarik;
ez du aski lurrik Lurrean,
ez aski zerurik Zeruetan...
Zer eskain diezaioke munduak gizonari,
honek jada ez duenik? Zer?
Gizon orok hor dugunean bihotz xokoan
arroz-alea baino ttikiagoa dena,
garagar-alea baino ttikiagoa,
ziape-alea baino ttikiagoa,
artatxiki-alea baino ttikiagoa,
artatxiki barruan den ernamuina baino ttikiagoadena?
eta aldi berean, lurbira baino haundiagoa,
eguratsa baino haundiagoa,
zerua baino haundiagoa,
munduok denok batuta baino haundiagoa dena?
Zer eman behar dio mundutxo honek gure bihotzari,
bihotzean bizi zaigunean
azkengabeki dena haundian haundi
eta azkengabeki ttikian ttiki?
Bihotza loraturik denean,
dituenak eta ez dituenak eman dituenean,
gauza guztien neurri da bihotza:
bihotz loratuak guztiak neurtzen,
bera ez da inoiz neurtua!
w 1998