Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-13-4
Manex Erdozaintzi-Etxart
1934, Oztibarre
1984, Tolosa
 
 

Herri honen erraietan (Zatiak)

laugarren oharra:

 

NEURE HERRIKO EUSKALTZALEAK

GUDULARIAK BADIRA MILATAN

NI BAINO AUSARTAGOAK

ETA IDAZLEAK MILATAN UGARIAGOAK

ETA POETAK MILATAN FINAGOAK...

BAINA

UTZ NAZAZUE

NEURE HARRITXOAK MARMOLAN PIKATZEN

NEURE HITZAK ELEAN ZORROZTEN

TITULURIK EZ DUEN HERRI HONEN MAILAN

FAMARIK EZ DUEN HERRI HONEN BARRUAN

OHORERIK EZ DUEN HERRI HONEN APALEAN

HIRUR EHUN MILA IPUI BERRI ASMATUAK

IZANEN EZ DIRENO

HERRI ZAHAR HONEN HEZUR-MAMIAK DANTZAN

ARIKO EZ DIRENO

TXISTUEN MUSIKA LIBRE ZORAGARRIAN... ETA

GEURE HERRI ZAHAR HONETAKO EMAKUMEAK

MANTELINA XURITAN ATERAIAK

IKUSIKO EZ DITUGUNO...

UTZ NAZAZUE

HIRUR EHUN MILA HARRI XURIZ

HIRUR EHUN MILA HITZ GOGORREZ

ZAPALDUADEN HERRI HAU

ALTXATZEN...

HIREKIN ETA HIRE LAGUN

GUDULARI BEILARIA...

 

Gauean berant jakin ondoan

hil lagun baten berria

hautsaren pean kukutu zuen

ikatz hondarkin gorria;

bi eskuz hartu mailu giderra

ta belauniko jarria

lapitz hotzean pikatu zuen

hamabosgarren harria!

 

Bihotz barruan oraindik dakar

heriotzaren dohaina:

hamabosteko hil-herri baten

izen lerroen labana!

Zori gaiztoak goizegi hartu

anaia gazte lerdena

asteri batez neguak hautsi

bere aitamen adina...

 

UTZ NAZAZUE

HIRUR EHUN MILA HARRI XURIZ

HIRUR EHUN MILA HITZ GOGORREZ

HERRI ZAHAR HONEN ERRAIETAKO

POESIA

LIBRATZEN...

 

UTZ NAZAZUE.

 

bosgarren oharra:

 

Ale hau galtzen baldin bada

nonbaiteko polizier baten eskuetan

edo suan sartua zentsore zital baten manuz

edo, beste gauza ezdeusen artean,

pubelagian suntsitzen baldin bada

ez dolu ukan

eta...

krima bat izan bazen...

barka

zeren

holako aleak

mila ta mila baitaude gordeak

harri xuriekin nahastekatuak

hitz gogorrez estekatuak

herri zahar honen erraietan.

 

GEUK NAHI BALDIN BADUGU:

 

Herri Batuen auzitegian

ez da sekula erranen...

Zapaltzaileen mintzaldietan

ez da agian entzunen...

Historiaren horri beltzetan

ez da nonbait idatziren:

Europa zahar honen lurretan

behin herri bat izan zen!

 

hola ziotean

Herri zahar honetako erraien barruan

gertatu eta juntatu zirenek

bizia pil-pil bere beroan eta garrasian

senditu eta hurrupatu zuten egun hartan...

Erabaki zitean eta

zin egin:

EZ DITEK ERRANEN

EZ DITEK ERRAN BEHARKO:

HERRI BAT IZAN ZEN!

 

ZIN EGIN-ETA GERO...

 

Kexu minean hasi zituan

zedarri-mugak gainditzen...

Lotsagabeko zapaltzaileen

indarkeriak ordaintzen...

Kartzela-herri bihurtu zuten

ate ustelak botatzen:

Tinkatu herri honen jendeak

has zitezen oldartzen...

 

LEHER EGITEN EZ BALDIN BADUGU...

 

Kalda gaitzean ari zituan

harri xuriak pikatzen...

Arnas kolpeka izerdi trenpan

euskara hitzak limatzen...

Burdin beltzaren golde gogorraz

lur lehortu hau iraultzen:

Herri agortu honen erraiak

has zitezen ernaltzen...

 

ORAINDIK INORK EZ DIK ERRANEN:

                    HERRI BAT IZAN ZEN!

 

GEURE HERRIAREN BORROKA, ERDI-MINAK

 

GEURE HERRIAREN BORROKA, ERDI-MINAK

                                        GAUR

AITA-AMEN BIHOZKADAK, ZOTINAK, NIGARRAK

ANAIEN KARKAILAK, ABESTIAK, IRRINTZINAK

                                        GAUR

HASTEN GAITUK KANTATZEN, DANTZATZEN

                                        GUDULARIEKIN

EZIN ASPERTUZ, EZTI ALA AZKAR

POLLIKI ETA FINKI, POLLIKI ETA ARIN

ARITZEN GAITUK ORENAK ETA ORENAK

                                        PLAZAZ-PLAZA

BIZI DEN HERRI HONEN IRAULTZA

HIRUR EHUN MILA HARRI XURIREN ARTEAN

                                        MINTZATZEN

                                        DANTZATZEN

                                        ARIN-ARIN

                                        AGERIAN

                                        GAUR

HIRUR EHUN MILA HITZ GOGORREN

MUSIKA ZORAGARRIAN...

 

GAUR ETA GERORAKO

GAUR ETA BETIRAKO

UTZ GAITZAZUE LIBRE

HIRUR EHUN MILAKO JENDETZE HONENTZAT

HIRUR EHUN MILA HARRI XURIZ

HIRUR EHUN MILA HITZ GOGORREZ

HERRI ZAHAR HONEN ERRAIETATIK

POETA DEN HERRI ISILDU HONEN

                      IPUIA

                      SORTZEN...

 

                      GAUR ETA GERORAKO

 

                                              GAUR ETA

                      BETIRAKO

                      GAUR ETA BETIRAKO

                      UTZ GAITZAZUE LIBRE

 

w 1974