Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Iparraldean
Lagunak izatearen abantaila. Pantxika Halsouet Urruñan, Maixan Merkapide Izuran, Fuchs anaiak eta beren gurasoak Lartzabalen, Azkainen eta Lohizunen, Joanes Etxebarria Maulen, Kristiane Etxaluz Domintxainen, Iban Ithurbide Saran. Euren etxeetako ateak beti zabaldu izan dizkidate. Nik zorte hori izan dut, eta “iparralde” deitzen dugun mugaz bestaldeko toki eder hori eta bertako jendeak modu sakonagoan ezagutzeko aukera eman dit.
Lapurdi
Théâtre des Chimères Jean Marie Broucaretek sortu zuen 1979an Baionan. Ondoren erroak Miarritzen eman zituen, Les Decouvertes deitzen den espazioan. Han dute beraien egoitza eta nik bertan taldea ezagutzeko aukera izan nuen. Broucaretek gonbidatuta, ikastaro bat antolatu genuen hiru irakasleren artean: Espainiatik Begoña Baena, Frantziatik Jean Marie bera eta ni Euskal Herritik. Hiru hizkuntzatan aritu ginen lanean, espainola, frantsesa eta euskara. [63]
Bi urtean behin antolatzen zuten Les Traslatines jaialdian Babiloniako loreak antzezlanarekin egoteko aukera ere izan genuen. Emanaldia antzerki taldeak Miarritzen duen egoitzan eman genuen, Les Decouvertes aretoan.
Euskaraz ere egin zuten antzerkia. Pok eta Chimeres antzerki taldeen artean koprodukzio lanak egin zituzten. Entzutetsuena, Broucareten zuzendaritzapean eta Itxaro Bordaren itzulpenarekin eman zuten Bertolt Brechten Kaukasiar kreazko borobila (VI. Donostiako Antzerki Saria) izan zen. Arrakasta bildu bazuten ere, Hegoaldean ez zen askorik emana izan. Taldeak une gorabeheratsuak bizi izan zituen, eta Jean Marie sarri azaltzen zen kexu Frantziako Gobernuaren laguntza eskasiagatik.
Chimeres taldean harremanik zuzenena Txomin Hegirekin izan nuen. Bera euskalduna izanik, euskarazko sorkuntzak ere prestatu zituen taldearekin. Erretretan sartu aurretik, bere azkenetako lana Bilboko Loraldia jaialdiak proposatutako Anton Abadiaren pertsonaia egitea izan zen. Orain, Hendaiatik, Ondarraitz hondartzaren ondoan dagoen gaztelutik begiratzen du zertan den gaur egungo antzerkia. Edo ez! Pertsonaia guztien arropak bildu, armairuan sartu eta seguruenik Hazparnen egongo da, berak antzerkiari eta antzerkiak berari emandakoaz gogoetatzen, Bordaxuri antzerki taldeko kide izatetik Chimeres taldeko kide izateraino egin zuen ibilbideaz. Beti antzerkiaren altzoan.
*
Senperen Andoni Iturriozek zaharberritutako Larraldea etxean egiten genituen errepikak. Astean behin, autoa hartu eta Berriztik Senperera joaten nintzen. Errepika egin eta mahaiaren bueltan kontu kontari egoten ginen, berriz autoa hartu eta etxerako buelta egin arte. Hasieran Mizel Brust ere etortzen zen errepiketara. Eskola zaharreko aktorea izanik, bera nola mintzatzen zen eta hitz eta esaldi guztiak nola ahoskatzen zituen entzutea plazera zen. Gainera, nire harridurarako, errepiken hastapenetan testua goitik behera zekien bakarra izaten zen. Eritasun batek kanpoan utzi behar izan zuen, eta Pierre Larre sartu zen bere ordez. Taldean aspaldiko ezagun nuen Kattin Mendiburu ere bazegoen. Garai batean Hegoaldetik Donibane Lohizunera dentistarenera joateko ohitura zegoen. Askok egiten genuen bidaia hura, dirudienez merkeagoak eta hobeagoak ziren. Ba Kattin ordutik ezagutzen nuen, kontsultan egiten baitzuen lan. Eta orain biok elkarrekin ari ginen antzerkia egiten.
Iparraldean hobeak ez dakit, baina antzerkirako trebezia, eta jakintza gehiago dutela argi dago. Herri antzerkian transmisio bat egon da eta sarritan amateurrek ematen duten maila profesionalen adinakoa izan daiteke. Batzuek badute sen bat, zerbait berezkoa, jokoan ongi asko moldatzeko gai egiten dituena. Taula gainean Peio Berhokoirigoin Bixoko bezalako aktore bat ikustea ederra da, edota Maialen Foutox, Maider Beheran eta Xalbat Dagerrezar esaterako. Antzerkia eta plazera eskua emanda doazenean sentipen horrek ez du preziorik!
Iparraldean herrigintzatik zetorren antzerkizaletasun handiarekin egin nuen topo. Iduzkilore taldeko Iban Ithurbide lagunaren gurasoak, Xan Leon eta Maite Berrogain, oso antzerkizaleak dira. Lehen aldiz, emanaldi baten ondoren, niregana hurbildu zirenean, esan zidaten: “Goresmenak, Lipus”. Bueno! Bueno! Bueno! Halakorik inoiz entzun gabe!!! Pozez zoratzen atera nintzen antzokitik eta autoa hartu nuen etxera bidean, Iparraldean antzerki gehiago egin nahi nuela nire buruari esaten.
Iduzkilore antzerki taldearen lehen lana Manex Fuchsek zuzendu zuen. Joseba Aurkenerena eta Peio Chipiren testuetan oinarrituta, moldaketa bat egin zuten Mixel Jorajuria eta Manexek berak. Iduzkilore 1609an Lapurdin iragan gertakizun lazgarrien oroimenez idatzitako antzezlana izan zen. Gero nirekin egin zuten lan, Hazparneko Anderea obran. [64] Ondoren etorri ziren Xabier Mendigurenen Telesforo ez da Bogart, Inazio Tolosak zuzendua; eta Piarres Larzabalen Herriko bozak, Maika Etxekoparrek zuzendua. Herri antzerkia bizirik mantentzeko ahalegin polita egin dute Iduzkiloreko partaideek. Ehun urtez!
Senperen bertan Arretxea kolegioan egon nintzen urtebetez, bertako ikasleekin antzerkia egiten. Ez da erraza erdararako joera (batzuetan frantsesa, besteetan espainola) duten ikasleekin euskaraz aritzea. Baina tira! Norbaiti irekiko nizkion euskararen eta antzerkiaren ateak.
Nafarroa Beherea
Nire lehen egonaldi luzea Ibañeta muntatu genuelarik izan zen. Amikuze eta Oztibarre eskualdetako jendearekin batik bat. Uda partean izan zen eta nire oporraldia horretarako baliatu nuen. Hiru hilabetez, uztaila, abuztua eta iraila. Izurako herriko etxean egiten genituen errepikak. Laborariak batzuetan berandu iristen ziren, eguzkiaren azken izpiak aprobetxatuz, belarretan ari baitziren.
Ibañeta sorkuntza prozesuaren oso oroitzapen ederrak gordetzen ditut, talde ederra lortu genuen biltzea. Larzabalen teatroan hitzak zuen garrantzia azpimarratu nahian, aktoreak espazio huts batean jarri nituen jokoan. Inongo artifiziorik gabe eta euren gorputzak keinu bakar batera mugatzen nituen esku artifizial batzuk erabiliz. Aktoreen eskuen moldeak egin genituen, pertsonaia karakterizatzen zuen keinua landu ondoren aktore bakoitzak landutako adierazpen horrekin jokatzen zuen. Honekin jokatzeko molde naturalistatik ihes egin eta aktorearen organikotasuna bilatzen nuen. Barne dantza. Eta horrela, hitzari zegokion garrantzia ematen genion. Bukaeran esku horiek guztiak lurrean lurperatuak geratzen ziren, zerura begira, garrasika baleude bezala. Gerraren ondorioz hildako guztien omenez. Heriotza ez baita ederra, eta ez baita sekula izango. [65]
*
Ibarlako Jean-Marie Irigoienek eta Lekorneko Beñat Bidegainek Tipul & Putil bikotea osatzen zuten. Beraien deskribapen zintzoa aurkitu nuen eskuorri batean: “Bi irri eginarazteko. Kauteren izpirituarekin, aktualitatea jorratzen dute eta gure itzal ttipiak argitan emaiten dituzte”. Eta hala zen. Beraien agerraldiek jende guztia irriz jartzen zuten. Biak laborariak eta jokalari apartak, Ibañeta ikuskizunean parte hartu zuten aktore lanean. Bikain jokatzen zuten euren rola, Jean-Mariek Urkorena eta Beñatek Gotonena. Hiru Punttun ere arituak ziren. Nik Antton Lukuren Fauxto karrusan ikusi nituen, eta Larresoron antolatzen diren antzerki jardunaldietan ere oholtza partekatu genuen aldi batez. Beti lanean, oporrak gutxi eta tarte libre horietan antzerkia maitatuz, antzerkia ikusiz eta antzerkian ariz bizi ohi direnak. Bi lagun on, ondo asko dakitenak dena ez dela gasna eta xingar!!
*
Aljeriako gerrara joateko erreklutatuta, entrenamenduak eta prestaketa lanak egitea tokatu zitzaion. Altura handi batetik salto egin eta, etsaien sabotaia baten ondorioz, paraxuta ez omen zitzaion zabaldu. Elbarriturik geratu zen. Harrezkero eta bizitza osorako ibiltzeko katxaba baten beharra izango zuen. Entzuna daukat jendarmeek gelditzen zutelarik eta gerrako beterano zela ikusten zutelarik, ohore guztiekin agurtzen zutela, “Eskuara baizik etzakiten haiek, morts pour la patrie”. Asko estimatzen nuen Izurako Eñaut Larralde.
Eñaut Etxamendirekin batera herriz herri ibili zen kantari Etxamendi eta Larralde bikotea osatuz. Gogoangarriak dira beraien abestiak eta gure herriaren maitatzeko sortutako kantuak. Nork ez du oroitzen, Carrero Blancoren heriotzaz egindako “Yup La La!” abestia?
Euskal kantuzaleen elkarteko sustatzaile eta Haize Berri elkarteko lehendakaria ere izan zen Eñaut. Oztibarreko antzerki taldean eta Bordaxuri taldeetan partaide izan zen. Biziki maite zuen antzerkia, eta modu oso aktiboan esku hartzen zuen inguruetako kultur ekitaldi ezberdinetan. Azken urteetan inguruko herrietako taldeetan aritzen zen antzerki zuzendari gisa. Piarres Larzabalen obra zuen gogoko eta haren antzerkiaren jakitun zen. Bere hitz egiteko manera eztia eta bere begirada bizia gogoratuko ditut beti.
*
Mattin Irigoien ainhizearrak Kitzikazan/k taldea eramaten zuen. Donapaleu eta inguruak batzen dituen Amikuze eskualdeko gazteek osatzen zuten antzerki taldea. Taldearen bigarren lana, Loreak mendian, ondarkinak lurpean, bideak gainean Domintxainen ikusteko aukera izan nuen. Kitzikazan/keko aktoreez gain, Uxue Alberdi eta Andoni Egaña ere aritu ziren bertsotan. Formula gustatu zitzaidan. Antzezlan honetan ingurumenari buruzko gogoeta egiten zen zortzi esketxez osatutako lanean. Ekologiaren, ingurumenaren eta planetaren orekaren zangoz goratzea zituen gai nagusi eta pertsonaia eta egoera irringarriak antzezten zituzten jokalariek hasiera-hasieratik osatutako zirkuluaren erdian.
Nire aldetik, Aulesti herrian antzerki talde bat eratzeko intentzioz nenbilen, eta pentsatu nuen agian Mattinen testu hura baliatu ahal nuela aulestiarrei proposatzeko. Mattinen etxera joan eta bizpahiru egun eman genuen testua goitik behera errepasatzen. Moldaketa egin behar zen. Adibidez, aipatzen ziren politikariak nik ez nituen ezagutzen, hots, bertako errealitate politikoa, frantsesa barne, ez nuen ezagutzen. Beraz gauza horiek kontrastatu behar genituen. Gogoratzen dut “Bidusa ibaia” ere aipatzen zela testuan. Guk Lea ibaia jarriko genuen? Baina kutsadura maila ez zen berdina. Beraz adaptazio bat egiteko Mattinekin partekatu nituen horrelako kontuak. Mattin gehiago ezagutzeko balio izan zidan, baina azkenean Aulestin obra egiteko bulkada ez zen aurrera atera, baina ez testua arazoa zelako, Jabier Aranguena Artakok modu oso naturalean aulestiarrera ekarri baitzuen, Aulestiko aktoreekin errepika egunak aurkitzea, hots, taldea osatzea, ezinezkoa izan zelako baizik.
Kitzikazan/k antzerki taldearen esperientziatik aparte, Mattinek beste hainbat antzerki lan ere idatziak ditu, baita bere anaia Gillaume Irigoienek ere. Urteetan Iparraldeko orena euskal telebistako aurpegi ezaguna izan zenak esku ona omen dauka nik zoritxarrez ikusi izan ez dudan antzerkia idazteko. Badirudi familiatik badutela berezko bizitzaren ikuspegi ironiko eta irringarri bat, antzerkian baliatzen dutena. Ezin aipatu gabe utzi libertimenduetarako idatzitako testuak, benetan ederrak dira Mattinen erranak, Donapaleuko libertimenduetan zirtzilen ahoetatik ateratzen diren hitz purrustak. Antzerkia zerbait izatekotan, kitzikagarria izan behar da!
Zuberoa
Hamazazpi mila biztanle dituen probintzia honetan gauzak derrigorrez beste ikuspuntu batetik begiratu behar dira. Batzuetan sentsazioa izan dut hauek direla azken euskaldunak, azken indigenak, baina ez ditut hitzak aurkitzen sentsazio horiek baino haratago joateko, Xiberuak transmititzen didana azaltzeko. Xiberuara sartzean beti behelaino batek harrapatzen nau, eta mendi haien magalean txorien kantuak entzuten ditut. Txorienak edo…
Maskaradak eta pastoralak dira Euskal Herriko probintzia honetako ezaugarri. Gure Euskal Telebista maitean uda partean hutsaren peskizan emititzen dituzten pastoral famatuak. Inori inoiz ez zaio okurritu esatari bat jartzea, pilota partidak edo futbol partidak emititzen diren moduan, pastoral horien esanahiak eta kodigoak azaltzeko. Ohiturak ohitura direlako, eta mingarria ez den artean, euskal kultura salbatua baita!!! Vive la Xiberua!
*
Oiartzunen bizi den Altzabeheitiko Dominika Rekalt Ttittika, Xiberoko Botza irratiko kazetari eta esatari izateaz gain, aktore eta idazle ere bada. Ez dut ongi oroitzen pertsonalki noiz ezagutu genuen elkar, baina gogoan dut bere lanetako bat ikusi nuen lehen aldia. 2006ko uztailean zen, Berriztik autoa hartu eta Ahüzkinera joan nintzen. Kostatu zitzaidan lekua aurkitzea, autoa Hegiloreko bortüan utzi eta oinez luze mendian gora egin ondoren aurkitu nuen Lurdako ziloa. Paraje idiliko hartan, ilargipean, aurkeztu zuten Oiherkoren trajeria “pastoral beltza”, hala definitu zuten behintzat!.
Harrezkero elkarri pista jarraitu diogu eta elkarrekin ere gauzak egitea amestu, baina oraindik ez da gure arteko elkarlana gauzatu. 2009an gustura ikusi nuen Aloze-Ziboze-Onizegaineko landetan eman zuten Belagileen trajeria pastorala, Ttittikak idatzitzakoa. Zinema munduan ere, Peio Cachenautek zuzendutako Xora filmean parte hartu zuen.
Hebentik kolektiboak antolatuta, eta Ttittikaren gidoiarekin ere, dantza, kanta eta antzerkia oinarri zituen Barbau Hamalau ikuskizuna estreinatu zuten Ozazen, 2014an. Pastoral eta maskaradetako adierazpen moldeak zerabiltzan ikuskizunak, baina modu askean. 1914ko gerla oinarri hartuta, gaur egungo gizartearen kritika egiten zuten hainbat arte espresio uztartuz. Ttittikak jokatzen zuen pertsonaia nagusiari, bere itxuragatik eta antzezteko moduagatik Kazuho Ono butoh dantzariaren itxura hartzen nion. Ttittika aktore baino performerra dela iruditu zait beti.
Saltsa-maltsa askotan ibiltzen den horietakoa da Ttittika, arte diziplina ezberdinekin ausartzen dena. Dantzari trebea, idazlea, irrati esatari aparta, noizbait ere entzun izan diot erakusketa bat egin nahian ari zela. Beti inkiet. Inoiz kaiolaturik egon ez den txori buztangorria.
*
Gonzalo Etxeberriak eta Miriam Martinezek Barkoxen eraiki zuten beraien habia. Bertan sortu ziren bi semeak, Joanes eta Pette. Bizitzan hartutako hautu politiko baten ondorioz, berak eta bere emazteak Xiberuan hartu zuten aterpea. Artista margolari honek, Gonzalo Etxeberriak, adierazten duen apaltasunetik barne mundu ikaragarri ederra du.
Mendikotan sortu zuen Uztaro taldea eta bertan egiten du lan arte atelierrean. Bere koadroez aparte hainbat logotipo, disko azal eta afixa diseinatu ditu, baita antzerki eszenografiak burutu ere. Ezagutu nuenean Ibañeta sorkuntzan parte hartzera gonbidatu nuen, Pette semearekin batera.
Iheslari politikoa izanik, bilbotar zuberotartuak hogeita hamahiru urte pasatu zituen muga zeharkatu gabe. Hegoaldera itzuli zen lehen aldia dut akorduan. Markina-Xemein ondoko herria den Etxebarrian elkartu ginen, bere senide batzuek daramaten Antsotegi hotel-jatetxean. Handi-handiak eta argiz beteak zituen begi-niniak. Ikusitakoaz harri eta zur, nola dena aldatuta zegoen txundituta. Emozio ikaragarri batek betetzen zuen.
Debako arte eskolan ikasi zuen Gonzalok. Jorge Oteizak sortua, nahiz eta ordurako taldea utzia zuen. Agian hargatik antolatutako zuten Santa Maria Elizako klaustroan erakusketa, Deban egoteak bazeukalako esanahi sinboliko bat. Bertara gerturatu nintzen bere margolanen indar magiko hartaz gozatzera. Oso pertsonala da egiten duena eta kolore nahasketa interesgarriak lortzen ditu. Argiz betetako mundu ilunak dira bere koadroak niretzat. Bere apaltasunean zein handia den Gonzalo.
Izuran nintzelarik, Haize Berri elkarteak erakusketa iraunkor bat ezarria zuen kultur gelan, Pette Etxebarriak sortua. Bilbon Arte Ederrak ikasi eta Xiberuara bueltan zen. Bere herri inguruetan mugimendua sortu asmoz instalazio bat egina zuen. Garaikidea zen, baina tradizio punttu handia zuen. Umorea ere ez zitzaion falta adierazten zuenari. Pettek aitaren bidea hartu zuen ofizioari dagokionez, baina bere estetika eta bidea bilatuz.
Joanes Etxebarria kazetaria, argazkilaria eta bertsolaria da. 2010eko Xilaba Bertsulari Xapelketan parte hartu zuen, laugarren geratu zen Amets Arzallus, Odei Barroso eta Sustrai Colinaren atzetik. Bertso mundua alde batera utzi eta urte sabatikoa hartu zuen. Horrela ezagutu genuen elkar Habanan. Harrezkero gure laguntasuna mantendu dugu, eta Maulera joaten naizen bakoitzean elkar ikusten dugu.
Zuberoan ohikoa denez, biek izan zuten harremana maskaradekin, eta biak pasatu ziren iniziazio erritutik. Herri eta urte ezberdinetan antolaturik, Pettek Pitxurena egiten eta Joanesek Kabanarena; primeran jokatu zituzten euren paperak. Bueno, ni Pette ikustera joan nintzen egunean, harrapatu zuen mozkorrarekin ezin izan zuen saioa bukatu Pitxuk. Beste kauterek egin zituzten ahaleginak, uraska batera bota zuten ea ernatzen zen, baina ezin! Azkenean neska batek ordezkatu zuen. Hau pitxu hau!!
*
Jean Mixel Bedaxagar lehen aldiz Izuran entzun nuen, 2008an. Hitzaldi bat ematen ari zen lehengo kanta zaharrez. Bera lehen aldiz entzutea zirraragarria izan zen. Ze ahots zen hura! Nondik zetorren? Zelako tinbrea! Zelako agudoak! Ze fina! Eta berak kantagintza nola bizi zuen entzutea, nola oroitzen zituen hitz guztiak, doinu guztiak.. Kanta batetik bestera salto egiten zuen azalpenak emanez, herri kantak ziren guztiak. Iluntze pasa ederra izan zen hura! Topa!
*
Donaixtin antolatu zen gaualdi batean ezagutu nuen Maddi Oihenart kantari barkoxtarra. Ruper Ordorikarekin batera abesti batzuk kantatu zituen. Boz ikaragarri hark txundituta utzi ninduen. Dolu dut inoiz ezin izan dudala bera bakarrik zuzenean entzun. Kontsolamendu gisa, bere diskoak entzuten ditut.