21. ESZENA
Flash batekin, argiak lehenbiziko eszenaren kolore berbera berreskuratzen du. Musika lehor eteten da.
igor zutitu egiten da eta eszenatokiaren erdira, aurrera hurbiltzen da.
Isiltasuna.
igorrek zuzen begiratzen du publikorantz.
igor:
Hemen ez dut erruaz hitz egingo.
Nik neuk ere soka bat hartu
eta lepoan kiribiltzeko gogoaz
ez dizuet hitz egingo.
Bi egun eman nituen baso hartan, Julenen diarioa
eskuan nuela, inor etorri gabe.
Koberturarik ez.
Kasurik ez.
Deika eta deika.
Gero, zuhaitzaren hamar metro horiek saltatu nituen. Bi orkatilak apurtu. Bularra eta tripak enborraren
aurka urratu. Horrela jaitsi nintzen.
Eta gero, Polizia, telebista, epaiketa...
Eta dena bukatzeko zegoela pentsatzen nuenean, bilera honetara deitu zenidaten.
Egun batetik bestera, institutuko zuzendaritzak deitu eta guraso batzordearekin batera,
bilera bat egin nahi zenutela esan zenidaten.
Joxe Marik ez zuen “Ados?” esan oraingo honetan. “Nahi baduzu”, esan zuen.
Errudunak aurkituta zeudela.
Prebentzio alarma guztiek huts egin zutela eta errudunak ikasleak zirela esan zenidaten. Adingabeen zentrora eramango zituztela.
Barrutik, hasiera batean, horrek sokatik azkarrago zintzilikatzeko gogoa eman zidan.
Baina, gero Liernik haurdun zegoela esan zidan.
Aita izango naizela.
Ni ere guraso.
Aita, ni.
Nick Cave & The Bad Seeds-en “O’Children” kanta entzun daiteke berriz ere. Musika oso suabe hasten da eta, pixkanaka, bolumena igotzen doa.
Eta eskolara bueltatzen naiz.
Ya ez dago aurpegi txarrik.
Ez dago irainik eta denek ahaztuta bezala daukate.
Eta denbora pasatzean,
eskolako gimnasioan nago.
Orain, kolore berdez margotua.
Itxaropenaren berdea.
Ya ez dago sokarik.
Gaur nire semeak lehen aldiz egin du txiribuelta.
Eta, bere klaseko 25 haurren artean,
Julen ikustea iruditzen zait.
Irribarretsu.
Besteekin berriketan.
Ateri da gaur berriz ere.
Eta patiora irtengo gara.
Jolastera.
Bakoitza garena izateko.
Helduak garenean gogoratzeko gauza politak izateko.
iluna