Soka
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
Mikel Gurrea
1985, Donostia
 
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
aurkibidea
 

 

15. ESZENA

 

igorrek soka zintzilikatzen du berriz, oraingo honetan bi muturretatik “U” baten modukoa sortzen du.

Eszenatokiaren aurrera hurbiltzen da.

 

igor:

 

Julenen amaren etxeko leihoaren parean nago.

Gaur bai negua dela. Sekulako hotza egiten du.

Leiho barruan, Arantza paretari begira.

Hutsune bati begira.

Horrela gelditzen da ordu luze batez.

Eta ni... hari begira. Itxoiten.

 

Erdi lokartuta nago Arantza etxetik irteten denean. Ezkutatu egiten naiz eta herritik jarraitzen diot. Burua beherantz darama, inorekin begirada ez gurutzatzeko.

 

Ni kontuz ibili behar naiz, inork ikus ez nazan. Azkenaldian ezin naiz, segun eta zer ordutan, kalera atera. Egunkariek niri buruzko kronika bat egin zuten. Dena “ustezko” hitza aurrean jarrita, noski.

Ustez, nire klaseak ez ziren egokiak.

Ustez, ez nion haurren sentsibilitateari behar bezainbeste erreparatzen.

Ustez, zortzi urte dira biktimaren aitak bere ama abandonatu zuela.

Ustez.

Horrek dena argituko balu bezala.

 

Arantza parkera iristen da. Haurrak eskolan daude ordu honetan eta ez dago inor. Hotz gehiegi egiten du jubilatuentzat.

 

igor sokaren “U”an esertzen da.

 

Arantza kolunpioan esertzen da eta

bultzadatxo batekin, aurrera eta atzera egiten hasten da.

Kolunpioko kate herdoilduak zarata zorrotz bat egiten du mugitzen den bakoitzean.

 

Soinua: “Ņiii” bat igorrrek kolunpioan aurrera eta atzera egiten duen bakoitzean.

 

Zer egin dudatan nago. Ez dakit nola erreakzionatuko duen eta, gauza guztien gainetik, ez diot emakume honi minik eman nahi. Negarrez hasten dela ikusten dut.

 

Ņiii

 

Barkatu. Ez zaitut molestatu nahi.

 

Ņiii

 

Kleenex bat eskaintzen diot.

Arantzak hartu egiten du eta barrutik datorren saminarekin begiratzen nau.

Igual ni naiz ikusi nahi duzun azkeneko pertsona. Baina nitaz esaten ari direna gezurra dela kontatu nahi nizun.

 

Ņiii

 

Arantza isilik gelditzen da, kolunpioaren kulunkarekin jarraituz.

 

Ņiii

 

Julenen lagunak zeintzuk ziren ba al dakizu? Zer egiten zuen institutuan ez zegoenean?

 

Ņiii

 

Arantza eztanda egitekotan dago. Suma dezaket.

 

Ņiii

 

Igual, horrela, zer gertatu zitzaion argitu dezakegu. Nik, argitu beharra daukat. Ez da nahia. Beharra da. Mesedez.

 

Ņiii

 

Ņiii

 

Ņiii

 

Azkenaldian, ni lan eta lan ibili naiz eta ez nuen horrenbeste kontrolatzen. Horra egia.

Harkaitzekin ibiltzen zen gehienbat. Ez dakit. Afaria prestatu eta bere arropa garbitu besterik ez nuen egiten. Txandala behin eta berriz garbitu. Guztiz lokaztuta eta sastrakek zulatuta ekartzen zuen. Poliziak Harkaitzekin hitz egin zuen jada, baina ezer ez.

 

Nire errua dela pentsatzen duzu zuk ere?

 

igor zutik jartzen da.

 

Arantza kolunpiotik altxatzen da eta malkoak lehortzen ditu.

Berriz leiho parean ikusten bazaitut, Poliziari deituko diot.

Ospa egiten du, galderari erantzun gabe.

Kolunpioaren zarata mantentzen da, pixkanaka-pixkanaka itzaliz.

 

Ņiii, Ņiii, Ņiii, Ņiii...