Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Mind the gap, please, mind the gap, Eneritz Artetxe Aranaz
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Mind the gap, please, mind the gap, Eneritz Artetxe Aranaz
Bukaera
14. agerraldia: “Aita-alaba”
(Argia bueltatzen denean, oholtzan ez da inor egongo, baratzetik jyrkiren ahotsa entzungo da laguntza eskatzen. Kableen gelan zarratuta gelditu da antza.)
jyrki: Unai! Unai! Unai! Unai!
(maitane plazatik sartuko da agertokira.)
maitane: Jyrki?
(Baratzetik irtengo da, jyrkiren ahotsari jarraitzen.)
jyrki: Maitane? Lagundu! Zarratuta! Zarratuta!
maitane: Egin atzera!
(Zarata bat entzungo da, maitane eta jyrki sartuko dira. jyrki kableetan korapilatuta, maitane barrezka.)
maitane: Lagunduko dizut?
jyrki: Mesedez...
(karmelo sartuko da alkandora aldatzen.)
karmelo: Kaguendios... Honek zarratu ere ez dit egiten. A! Aupa! Unaik esan dit zu bere etxean zaudela.
jyrki: Bai, “ni, Unairen etxean ikasle-truk”.
karmelo: Eta zuk Euskal Herria, like it?
jyrki: Bai, oso polita.
karmelo (maitaneri): Oso polita!
(maitanek mugikorrera begiratuko du, aitaren auzolotsaz. karmelo bere alkandoretara bueltatuko da.)
jyrki (maitaneri): Nik, kanpoan itxaron.
maitane: Ados. Oraintxe joango naiz.
jyrki: Agur, Karmelo!
karmelo: Agur Jurgi!... Jyyyyyrki, Jyyyyrki!
(maitanerengana joko du konplizitate bila, maitanek kaskoak jarriko ditu. karmelok hurbiltzeko imintzioa egingo du. maitane aldendu egingo da, mugikorrari so. karmelok gitarra hartuko du eta Maitaneren lo kanta jotzeari eta abesteari ekingo dio. Apurka-apurka, maitane samurtu egingo da eta elkarrekin abesten bukatuko dute.)
karmelo eta maitane:
Maitanek ez du nahi, joan lotara
Maitanek ez du nahi, joan lotara
Begiak zarratzen zaizkio, ez du nahi lotara
Behin eta berriz esan diot, ez du nahi lotara
Mesedez, arren, faborez, s’il vous plaît
Ezin dut gehiago, ez diot zutik eusten
Zoaz lotara txikitxo, zoaz maite
Zoaz lotara, arren, Maitane
Maitanek ez du nahi, joan lotara
Maitanek ez du nahi, joan lotara
Begiak zarratzen zaizkio, ez du nahi lotara
Behin eta berriz esan diot, ez du nahi lotara
(Abestia bukatutakoan, oholtza erdian elkartuko dira eta elkar besarkatuko dute.)
karmelo: Bukatu duzu lana?
maitane: Bai, oraintxe bidali dut.
karmelo: Amaia ez da etorri azkenean.
maitane: Ez. Eta Katxas?
karmelo: Auskalo! Heltzear, espero dut.
maitane: Aita, Amaiarekin kezkatuta nago.
karmelo: Ez da etorri behar, ala?
maitane: Ez. Eta bakarrik dago etxean.
karmelo: Hemen moldatuko gara. Katxas une batetik bestera ailegatuko da. Zoaz lagunarengana.
maitane: Benetan?
karmelo: Benetan. Maite nauen emakume bakarrak ez du nire azken kontzertua ikusiko. Ez da munduaren akabera.
maitane: Aita!
karmelo: Eta kanpoan bikingoa ikusten baduzu, eraman zuekin! Bukatzean deituko dizut. Egon telefonoari adi, bai?
maitane: Bai, aita. Seguru-seguru?
karmelo: Baietz, ba! Zaindu baina, bai?
maitane: Bai, aita, lasai. Eskerrik asko.
(Irteteko imintzioa egingo du. Buelta hartuko du.)
maitane: Aita, horrekin super guapo zaude.
(Irten egingo da.)
maitane: Agur, Unai!
15. agerraldia: “Hil da Jainkoa”
(unai sartuko da.)
unai: Joe, Memelo! Urteko aitatxoa! Listo, bost minutu atea zabaltzeko. Prest?
karmelo: (Su ta Gar-en Jo ta Ke kantuaren melodiarekin kantatuz) “Jaio nintzen prest!”. Ane?
unai: Berehala dator. Lagun batekin egin du topo atean.
karmelo: Lagun-laguna, ala “laguna”? (Mamuarena egiten)
unai: Lagun-laguna.
karmelo: Urduri?
unai: Urduri, triste, gogotsu, baina pena ematen dit.
karmelo: Niri ere bai. Baina, ez du zertan bukaera izan... Datorren astean has gaitezke gure bueltako kontzerturako zerbait asmatzen.
unai: Hori da!
ane: Listo, mutilok!
karmelo: Guau, guauu... Ane Iturrizar, ze guapa jarri zaren!
ane: Eskerrik asko, eskerrik asko. Zu ere bai, Karmelo Alonso. Oso aukera ona egin duzu. Zu ere bai, Unai!
karmelo: “Nobioa” etorriko zaizu ikusten, ala?
ane: Kia! Moztu egin dugu. Gure harremanari etenaldi mugagabe bat ematea erabaki dugu.
unai: Hori da!
(Kontzerturako argiak piztuko dira, kea martxan jarriko da. Kontroletik, katxas entzungo dugu.)
katxas: Zer, neskok? Pipa batzuk ekarriko dizkizuet, ala?
unai, karmelo eta ane: Katxas! Bazen garaia!!!
katxas: Benga, kaguendios! Ateak ireki ditut, hau petauta dago!!!
unai, karmelo eta ane: Goazen ba!
(Argi aldaketa. Kontzertua hastera doa.)
karmelo: Gabon eta eskerrik asko etortzeagatik. Ateak itxita daude... Beraz, ez dago ihesbiderik!
ane: Bat, bi, hiru, lau...
(Hondartza jotzeari ekingo diote.)
abestia:
Ipar mendebaldeko haizeak
Kresala dakar airean
Oinek badakite bidea
Itsas labarrean behera doaz
Olatuak taupaka belarrietan
Beste ezer ez dut entzun nahi
Oinek badakite bidea
Haitzen artean irmo aurrera
Korronteak urrun eraman nazala
Ezabatu nazala aparrak
Laster izango naiz plankton bazka
Betirako desagertzera noa
Oooooooo, ooo, ooooo
Pa, parapa, pa parapaaaa