Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Mind the gap, please, mind the gap, Eneritz Artetxe Aranaz
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Mind the gap, please, mind the gap, Eneritz Artetxe Aranaz
Sar hitza
ehaze
Ganbila bildumaren helburuetako bat egun euskarazko teatrogintzan dabiltzan ahotsak argitaratzea da, hala idazkuntzan nola dramaturgian. Zentzu horretan, pozarren gaude Patricia Urrutia Urieta paperezko plazara ekartzeaz.
Patricia Urrutia Urieta aktore ezagutu dugu luzez, besteak beste, Pabilioi 6k antzeztutako Esperando a Godot (Godoten esperoan) lanaren bertsio gogoangarrian, Artedramaren Hozkailuan edota Ganbila bilduman bertan irakurri daitekeen Francoren bilobari gutuna ezagunean.
Ez dira gutxi aktoregintzan abiatu eta, beren ahotsa arakatze aldera, proiektu, konpainia eta eszenaratze propioak garatu dituzten egileak. Zentzu horretan, zubi deialdia aitzindaria izan da, babestutako proiektuak beren hastapenetan garatzeko eta erreal bilakatzeko baliabideak eskaintzen asmatu duelako. Bultzada horretatik jaio zen Benetan Be Teatroa konpainia, Patricia Urrutia Urietaren gidaritzapean. Lehenengo lana izan zuen Inondik inora, batez ere haurrei zuzendutako lana. Haren ostetik etorri da Porno vs Afrodita (edo I ♥ #gorkaurbizu), adinaren arabera irakurketa ezberdinak eskain ditzakeen obra: seguru gaude hura ikustean gazteek topatuko zutela haien kezken isla, haien beharrekin bat egiten duen energia mota bat. Ikusle helduagoei, ordea, askotariko irakurketak eskaintzen dizkien obra da honakoa: ironia zorrotz bat, Pornoren eta Afroditaren arteko lehia absurdo eta umoretsuan adierazpen gorena hartzen duena.
Musikaren arloko giroa jasotzen du lanak, belaunaldien arteko talka, porrota eta behinolako ametsen argi-itzalak, tentsio horretan irauteko kemena, pertsonaien izaera patetiko maitagarri bat. Musikaren eraginpean, kanta batek izan dezakeen egitura hartzen du obraren egiturak berak.
Koronabirusak ekarritako egoeraren haritik argitaratutako Bidenteak gara iritzi lan kolektiboan ere topatu ahal izan ditugu, azkenaldian, Patricia Urrutiaren kezken oihartzunak. Bertako hitzak ekarrita gonbidatzen zaitugu, irakurle, esku artean duzun liburua zabaltzera:
“Antzerkiaren izaera kolektiboak erakarri egiten nau. Ikusle eta sortzaileon arteko komunio zehatz eta mistikoa, bestearen esperientzia, inoiz baino beharrezkoagoa iruditzen zait urrunekoaren garaian. Zelanbait, norbanakoa beraren gaitzen eta zorionen arduradun gorentzat jotzen den aro honetan, pasio, ahulezia, makurkeria eta ergelkeriak kolektibo sentitzeak gizarteari osasuna ekartzen diolako konbentzimendu irmoa daukat. Bizi dugun aro indibidualizatu honetan, elkarrekin negar eta barre egitearen indar eraldatzailea indar subertsibo bilakatzen da”.