Zerrakuretan
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
Gaizka Sarasola
 
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
aurkibidea
 

 

Ipurtargiak

 

kristobal: Ipurtargiak. Ipuinetan ipurtargiak agertzen dira. Zenbait ipuinetan... eta ipuinak behar ditut nik! Istorioak; iluntasuna arintzeko istorioak. Ipurtargien istorioak. Eta hemen, ipurtargi gutti ikusten da. Lantegietako argiengatik izanen da. Lanik emanen balute sikiera! Hemen ipurtargi gutti ikusten da... eta nik ipurtargiak ikusi nahi ditut! (Isilunea. kristobalek bularraldean daraman fokua biztu du. Ibaia argitu du) Horregatik, arratsetan, izarrak ipurtargiak direla imajinatzen dut; pixkanaka agertzen joaten direnak, izarrak bezala, ez denak batera... Orain bi, gero bat, gero lau, sei, zortzi... (kristobalen gibeleko aldean bonbilla eta linterna desberdinak biztu dira) Eta badakit ez direla ipurtargiak, baina ezta izarrak ere! Garai bateko umeen logeletako bonbillak direlako, orain agure direnak, oraindik umeen antzera ipuinak irakurtzeko arratsetan bonbillak bizten... argiekin altxorrak bilatzen, garai batean meatzeetan meatzariak harrien atzetik bezala. Ipuin ederrak, harri ederrak, argi ederrak... iluntasuna arintzearren. (Isilunea) Guttien espero dudanean aurkitzen ditut istoriorik ederrenak. Baina harririk ederrenak agortzen dira. Ipuinak ere bai. Berriz ere arratsa izan arte. (kristobalek bularraldean daraman fokua itzali du) Izarrak agertu arte... edo ipurtargiak.

 

(kristobal atera da, eszenatokia zeharkatu ondoren. Argi guziak itzali dira, hiru izan ezik. shepherd jaunak buru itxurako farol handia darama eskuetan. mari piliren ipurdi aldetik lanpara luze batek bere aurreko aldea argitzen du. Eta erramun joakin izeneko arotzaren tailerreko bonbilla ere, biztuta dago.

shepherd jauna, igel itxurako pertsonaia dotorea, altuago dagoen pasabide batean dago. Pasabideak eszenatokia zeharkatzen du. mari pilik ipurtargi bat oroitarazten digu. Makurtuta ibili ohi da, zerbaiten bila ariko balitz bezala, batzuetan eskuetan bahea duela, bertzeetan deus gabe. erramun joakin aldiz, behinolako sasoi eta indarra ahitzen hasitako arotza, bere tailerrean dago ia beti, probetxuzkoagoa ez izateak sortzen dion herra ezin ezkutaturik.)

 

shepherd jauna (oihuka): Alirooooon! Alirooooon!

 

(Isilunea.)

 

mari pili: Kristobal gaizoa. Berriz ere istorio berdinarekin. Beti istorio berdinekin... eta beti berriak balira bezala kontatzen, deskubritzen. Normal! Bururik gabe nola akordatu? Hamar, hamabi istorio etengabean pasatzen eta kontatzen, egutegietako hilabeteen orriak bezala! (Isilunea) Ui! Ez gara hain desberdinak ere...

 

shepherd jauna: Alirooooon! Alirooooon!

 

(Isilunea.)

 

mari pili: Gaurkoan ipurtargiena berriz ere...

 

shepherd jauna: Niri gustatzen zait ipurtargiena. Umetan irakurtzea gustatzen zitzaidala oroitarazten dit. Eta gaztetan burdina bilatzea, gero goritzea, gero urtzea... gurtzea... aspaldian izarrak bezala. Istorio borobila da.

 

mari pili: Borobila? Ipurtargirik ez dagoela? Existituko ez banintz bezala... Arratsero ipurdia biztuta edukitzea magikoa balitz bezala... arratsero ipurdia sutan.

 

erramun joakin: Ez biztu argirik orduan!

 

mari pili: Eta nola harrapatuko ditut angulak? Argiarekin ere apenas ageri dira. Ez da lehen bezala. Ez da angularik ia gure ibai honetan. Karramarroak ere desagertu ziren. Eta badaezpada ere gauero beti bilatu behar... ea kolpe on bat noiz eman!

 

erramun joakin (haserre): Bada, Kristobalek ipurtargiarena kontatzen duen hurrengoan nik emanen diot kolpea mailurik kozkorrenarekin!

 

mari pili: Ni ipurtargia, eta zu ipurterrea! (Isilunea) Erramun Joakin, herrian hamar lagun baino ez gara gelditzen, gure artean ere haserretzen hasteko...

 

erramun joakin (haserre oraindik): Ba! Lagunak... lagunak...

 

(erramun joakinek tailerreko argia itzali du. Erretiratu da.)

 

shepherd jauna: Ez dagoenik, ez. Kristobalek ez du erran ipurtargirik ez dagoenik. Ipurtargi gutti ikusten direla erran du. Ipurtargi gutti.

 

mari pili: Gutti... hemen dena da gutti. Guttitzen ari da dena. Guttitzen ari gara denak. Guttitzen ipurtargiak, karramarroak eta angulak. Eta umorea... eta jendea.

 

(mari pili atera da.)

 

shepherd jauna: Alirooooon! Alirooooon!

 

(Isilunea. Lehen aldiz shepherd jauna bere lekutik mugitu da, jauzi ttikiz, baina motel. Bere talaiatik farolarekin ingurua aztertu du.)

 

shepherd jauna: Alirooooon! Alirooooon!

 

(Isilunea. shepherd jaunak argia itzali du.

Isilunea.

Argitu du. erramun joakin azaldu da. Bere tailerrean lanean hasi da. Hauspoari eragin, garra bizitu, burdina goritu eta mailuarekin ekin.

mari pili agertu da, lanpara itzalita oraingoan.)

 

mari pili (oihuka): Shepherd Jauna! Shepherd Jauna!

 

(Arratsean shepherd jauna egondako lekurantz begiratu du. Han ez dago inor.)

 

shepherd jauna: Hemen!

 

mari pili: A! Gaur hor zaude.

 

shepherd jauna: Bai. Gaur hemen.

 

mari pili: Ez duzu Enara ikusi?

 

shepherd jauna: Ez.

 

erramun joakin: Enara?

 

mari pili: Bai. Ez dago etxean. Bere bila nabil. Altuera horretatik Shepherd Jaunak dena ikus dezake; dena zaindu.

 

shepherd jauna: Den-dena ere ez.

 

mari pili: Guk baino hobe bederen!

 

shepherd jauna: Harat-honatean ibiliko da! Ezagutzen duzu Enara.

 

mari pili (erramun joakini): Hobekiago ezagutzen duzu zuk. Badakizu zerbait? Erran dizu zerbait?

 

erramun joakin: Erran? Niri?

 

mari pili: Laster hemendik joatekoa dela erraten dabiltza. Enara ere joanen dela hemendik. Ama hil zitzaionetik ez duela hemen egoteko beharrik, hemengo ilunei aurre egiteko indarrik... ibaiaren hezetasunak ez diola egiten batere onik; eta badoala. Badoala gure Enara ere, hemen utzita gu bakarrik.

 

shepherd jauna: Guttitzen da jendea.

 

erramun joakin (haserre): Oraindik ez gaude bakarrik!

 

mari pili: Baina berak jartzen digu argia. Berak egiten bonbillak. Aldatzen zaharrak eta jartzen berriak. Nork jarriko digu argia bera falta denean? Nork?

 

erramun joakin: Ez da joana oraindik. Baditut aunitz gordeak. Eta eginen ditu gehiago. Eginen ditu gehiago, joan baino lehenago.

 

mari pili: Bai, izanen ditugu batzuk gordeak... baina, noiz arte?

 

erramun joakin: Ez zaizkigu hainbertze arrats gelditzen azken finean!

 

(Isilunea.)

 

mari pili: Enara aurkitu beharra dut. Berarekin solastatu. Alde egiteko ideia burutik kendu!

 

erramun joakin: Alferrik duzu. Saiatu nintzen ni ere... Ez duzu lortuko!

 

(erramun joakin zaharra, arotz zakarra, bere tailerrera erretiratu da.)

 

mari pili: Saiatu beharra dut. Aurkitu beharra dut. (Isilunea) Shepherd Jauna, ikusten duzu nonbait?

 

shepherd jauna: Zer?

 

mari pili: Enara! Ikusten duzu Enara nonbait?

 

shepherd jauna: Harat-honatean ibiliko da! Ezagutzen duzu Enara.

 

mari pili: Bai, baina berarekin solastatu beharra dugu! Ikusten duzu?

 

shepherd jauna: A! Ez.

 

mari pili (etsiturik abiatuz): Baina zer duzu buruan, Shepherd Jauna?

 

(mari pili atera da.)

 

shepherd jauna: Deus ere ez. Guttitzen dela jendea, guttitzen bonbillak...

 

(Argia desagertu da. Ilundu du.)