Zerrakuretan
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
Gaizka Sarasola
 
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
aurkibidea
 

 

Sar hitza

ehaze

 

      Euskal antzerkigintza, zorionez eta ezinbestez aldi berean, puzzle dinamikoa da, egunero sortzen, birsortzen, osatzen eta zabaltzen dena. Ganbila bildumak Gaizka Sarasolaren Txoriak eta zauriak eta Iluntzen bi antzerki testuak biltzen dituen ale honekin beste pieza bat jarri nahi du puzzle horren sortze eta osatzearen lan kolektiboan.

      Gaizka Sarasola (Lesaka, 1974) antzerkigile, musikari eta aktoreak ibilbide luze, oparo eta ausarta egina du dagoeneko euskal antzerkiaren munduan. Lan horren ondorioa da, besteak beste, 2016an Edo! argitaletxean kaleratu zuen Erleak, satorrak, beleak liburua. Bertan, berak idatzitako hiru antzerki testu jasotzen ziren: 2013an Gilkitxaro Antzerki Taldeak eszenaratu zuen Urak ttiki dire lana, 2013an Café Bar Bilbao antzerki laburren lehiaketa irabazi zuen Lur azpikoak pieza, eta 2015ean Lesakan estreinatutako Talaka.

      Gaizka Sarasolak egindako bidea antzerki amateurraren baitan izan da, Lesakan 90eko hamarkadaren bukaeran sortutako Mairu Antzerki Tailerrari lotuta gehienbat. Hogei urte baino gehiagoko esperientzia, beraz, esaldi labur batez laburbiltzen den filosofia jarraituz: bizibidea izan gabe, antzerkiaz bide bat biziz. Antzoki eta foku ikusgarrietatik urrun, Gaizka Sarasolarena periferiatik idatzitako antzerkia dela esan daiteke zentzu batean baino gehiagotan. Periferia geografikotik eta baita merkatuaren eta bere sistemaren periferiatik ere, adibidez. Baina ez garaikidetasunaren periferiatik, ordea, ez eta berritasun edo esperimentazio formalaren periferiatik ere, besteak beste.

      Baina ez horiek bakarrik, liburu honetan jaso ditugun bi antzezlan hauetan antzeman daitekeen moduan, oso bestelako zentraltasun berezkoak ere baditu bere antzerkigintzak. Horietako bat, ez bakarra, komunitatea dela esango genuke, norberaren komunitatea hartzea kezka, gogoeta eta galdera iturri gisa; ulertuz, segur aski, lehen eskuko ezagutza horrek ematen diola hain zuzen unibertsaltasuna bere lanari, azkenean norberaren etxeko ataritik abiatuta hasten baita unibertsorako bidea. Antzerkia komunitateak bere buruaren isla aurkitzeko erabiltzen duen ispilua litzateke. Fabuletan bezala, ezohikoak eta baita ezinezkoak diren egoerak talaia ezin hobeak izan daitezke ohikoak diren gertaerak eta konportamenduak erakusteko, eta horretaz probesten da egilea. Ondorengo orrialdeetako antzezlanetan fikziozko, espazio eta denbora batean kokatuak, egilea partaidea den komunitatea topatuko du irakurleak, surrealismoz eta absurdoz jantziak; errealitatearen zatiak aurkituko ditu, gaurko jendartearen galderak, gogoetak eta zalantzak, gozamenerako, hausnarketarako.

      Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi bi testu hauetan agerikoa den hitzekiko mimo eta kariñoa. Hitzen esanahi eta sonoritatearekin jolas finean, hizkuntzaren baliabideak ekintza dramatikoaren zerbitzura modu elegantean jarrita topatuko ditu irakurleak, bizibidea izan gabe, antzerkiaz bide emankorra bizitzen ari den Gaizka Sarasolaren eskutik.