Biografiak
ARANTXA ITURBE
(ALEGIA, 1964)
AGURTZANE INTXAURRAGA
(OROZKO, 1966)
Denbora zeramaten Agurtzane Intxaurragak antzerkian eta Arantxa Iturbek irratian lehendabizikoz elkartu zirenean. Ama izan berritan, Intxaurragak, Iturbek amatasunaz idatzitako kronika antzezlan bihurtua amestu zuen eta elkarrekin idazteko konbentzitu zuen. Lau eskutara idatzi zutela esatea litzateke logikoena, baina ez da erabat egia. Intxaurragaren begiz eta Iturberen belarriz idatzi zuten. 2002. urtean izan zen. Eta halaxe idatzi dituzte gerora Ixa (2003), Zeta (2005), Aitarekin bidaian (2009) eta Koadernoa zuri (2016).
Istorio desberdinak, elkarrekin asmatuak eta amestuak batzuk, beste batzuen ametsen gainean eraikiak besteak. Baina beti Iturberen hitzak Intxaurragaren poesia bisuala eta errebeldia eszenikoaren zerbitzura erabiliz.
HIKA TEATROA
Agurtzane Intxaurragak Hika taldea sortu eta lehendabiziko lana eszenaratu zuenetik hogeita hamaika urte joan dira. Harrezkero hogeita zortzi ikuskizunek daramate Hikaren sinadura. Izaera sozial nabarmenekoak gehienak, ikusleari barne gatazkaren bat eragiteko asmoz sortuak, denak. Oraintxe uztartzen ditu dantza eta kabareta, oraintxe bakarrizketa, zirkua edo irudi poetikoak. Osagai desberdinak, istorioak kontatzeko bide berriak jorratzeko pasioz aldiro.
Berriena, lehendabiziko konfinamendu ostean estreinatu duten Tonbola kale ikuskizuna.