Baga, biga… Hika!
Harkaitz Cano
Agurtzane Intxaurragak hezurmamitzen duen Hika antzerki konpainiak hiru hamarkada baino gehiago daramatza jada arriskuak hartzen, estilo propioz, baina bertan goxo geratzetik urrun, aldiro erronka berriak taularatzen. Benetan aliantza emankorra izan da bide horretan Arantxa Iturbe eta bien artekoa: Iturbek elkarrizketa hutsez pertsonaiak eraikitzeko duen gaitasun paregabeari Intxaurragak oholtzarako duen sen poetikoa gehituta aurrera atera dituzten proiektuek merezimendu osoz jaso dituzte publikoaren txaloa eta kritikaren oniritzia. Hemezortzi urte luzetako harremanak orotariko fruituak ekarri ditu: Iturberen liburu baten egokitzapenarekin hasi zenari (2002an estreinatutako Ai, ama! lanaren kasua), elkarrekin espreski antzerkirako idatzitako lanek eman zioten segida, ale honetan jasotzen diren beste bi antzezlanak lekuko: Ixa (2003) eta Aitarekin bidaian (2009). Baina izan dira bestelako lankidetzak ere, hala nola, Alessandro Bariccoren Zeta nobelaren egokitzapen dotore eta anbizio handikoa (2005), edota Intxaurragak hain bere dituen dantza muntaia sotiletarako Iturbek prestatutako testuak, diziplina ezberdinen arteko bidegurutzeetan hitz doiak eta koreografia landuak txirikordatu dituztenak.
Sortzaile-bikoteak gurean horren bakanak ez izan arren, talde lanaren nolakoa eta abantailak ez dira, akaso, behar adina aztertu. Irudi lezake ez dela hain neketsua biren artean idaztea, lau eskutara errazago egiten dela bi eskutara baino; idaztea ez da, ordea, izarak tolestea bezain esker oneko koordinazio ariketa. Lau eskutara idazteak zerikusi gehiago du agian arraunean egitearekin; jarri bikote bat piragua batean eta baietz zirkuluan biraka hasi… Bikotekako idazketa orok du atzean pultsua: negoziazioa, berridazketa, talka, sokatira, amore eman beharra… Lau eskutara idazteak esan nahi du bi eskuineko esku daudela eta bi ezkerreko. Nork berea defendatu eta lagunarenari guraizea sartzeko prest dauden bi ego. Gaitasuna bikoitza, baita desorekatzeko aukera ere. Elkarlan hori areago zailtzen da bi mundu ezberdinetatik gatozenean. Ez da beti erraza izaten hitza paperaren gainean irudikatzen dugunon, eta berba, beste ezer baino lehen, ahots, ehundura, gorputz gisa irudikatzen dutenen arteko lankidetza. Idazleak paperari dion fedea arnasari eta keinuari dio antzezleak edo antzerki-idazleak, bataren hausnarketa patxadatsua bestearen ekintzarako presa haragikoiari kontrajartzen zaio. Idazleak ausente egon nahi luke; antzezpenaren ardura duena, aldiz, presentziaren xamana da edo ez da ezer. Itxuraz hitz bera izan arren, ez du pisu eta abiadura bera idatzi ondoren desagertu nahi duenaren hitzak, edo hitz hori habitatuz aldiro-aldiro biziarazten duenarenak. Iturbe eta Intxaurragaren kasuan, jakina, abantaila handia ematen dio bikoteari lehenengoa, idazlea izateaz gain, irrati-emakume petoa izateak. Inor gutxik menperatzen ditu berak adina elipsia, erritmoa, hitzen joskera eta hurrenkera egokia, alusioa bezala zeharkako idazketa, nola informazioaren ezkutaketa hala iradokizun diferitua. “Dialogatzeko belarria” esaten zaion hori, alegia. Ai, ama! irakurtzen hasi orduko jabetuko da irakurlea hitzak munizioa bailiran erabiltzen direla, pertsonaiek aldibereko hiru ping-pong partida jokatuko balituzte bezala. Ez da zaila sortzaile biek prozesuan zehar bizi izango zituzten ping-pong partidak irudikatzea ere…
Amatasun berriei buruz inork txintik esaten ez zuen garaian argitaratu eta taularatu zen Ai, ama! (Alberdania, 2000), gurean bilduma feministak eta feminismoa bera literaturan eta gizartean ezkutuko lan gogorrean zebiltzalarik artean, gerora lehertuko zenaren genesia isilpean prestatzen/pairatzen ari zirela ez esateagatik. Garaiari aurre hartu baino, gaiari aurrez aurre begiratzeko generaman atzerapenari erremedioa jarri zion Iturbek bere larrutik bizi eta idatzitako istorio esanguratsu honetan. Amatasuna inguratzen duen hipokrisia soziala eta bere inguruan ardaztutako egitura maltzurrak —baita hizkuntzarenak ere— seinalatu eta agerian jartzen ditu antzezlanak, bilduma honetan jasotzen diren pertsonaietako gehienek konpartitzen duten ezaugarri bat aurreratuz: errebeldia. Izateko arrazoia duten errebeldeak baitira izena ere ebatsia izan zaien ama horietako zenbait; inkonformista ipurterrea da Manuel Tejero Ixa laneko figurante-bahitzailea; biologiak dakarren halabeharrezko endekapenaren kontra errebelatzen da Aitarekin bidaian antzezlan hunkigarriko aita.
Inkonformismo kritiko horrekin batera, munduarekin borrokan bizi diren pertsonaiok ingurunera egokitzeko dituzten zailtasunak aipatuko nituzke. Egokitzeko eskatu zaien arren, haiek ez daude arrastoan sartzeko prest, ez dute bidezkoa denik uste. Amatasuna ikusteko modu zaharretara ez plegatu nahia, gizarteak ezarri digun rol otzanaren aurrean errebelatzeko borondatea, norbere zahartzaroaren edo ingurukoenaren aurrean egokitzeko ezintasunak dakarren frustrazioari buru egin nahia… Esku artean dituzun hiru antzezlanetako protagonistek gorroto dute itxurakeria, zintzoki begiratu nahi dute inork begiratzen ez duen lekura, tabuetan harramazka egin eta zaurian piko egiteko sortu ziren paperean eta helburu berarekin altxatu dira tranpaldoraino. Errebelde izateko arrazoiak dauzkate, bai, “eguneroko bizitza” esaten diogun horrek gain hartzen badie ere sarri. Haiek ironia mingotsez eta elkarrizketa erne eta gordinekin erantzuten diote munduari. Garden, artifiziorik gabe. Eta letxe txar dexenterekin, zertan uka. Horrekin batera, beldurra dago. Mundua mugitzen duen hiru dinamoetako bat. Demagun, amaren beldurra: “Beldur naiz gehiegi maiteko ote zaitudan, eta beldur naiz, zu jaio arte, nireak ziren orduak, den-denak, konturatu gabe zuri emango ote dizkizudan…”.
Gaur berrirakurrita, atentzioa eman dit lanketa intimo batetik egindako kontakizunak izanik, hirurek duten dimentsio sozialak. Batetik, amatasuna eta adinekoen zaintza birpentsatzea gure gizartearen ardura nagusietako bi izan direlako azken urteotan, eta, bestetik, hiru antzezlanetan daudelako lan prekarietateari buruzko aipamenak, pertsonaien zalantzak eta erabakiak batera edo bestera lerratzea ekartzen dutenak. Horretan muturrekoena, agian, Ixa antzezlanaren parabola litzateke. Hiru lanetan metateatralena den honetan, aise enpatizatzen du gure fantasiak figurante lanak egiteagatik kobratzen duen pertsonaiaren mendeku gosearekin. Irakurleak/ikusleak bere burua interperlatua sentituko du, bizi dugun fartsa honetan gutako bakoitzak betetzen duen figurantetasunaren zenbatekoarekin aurrez aurre ipintzen baikaitu protagonistak. Zer gara, bada, betelana egiten dugun betelangileez haratago? Segi Errebeldia Hiribidean gora, hurrengo izkinan topatuko duzu Existentzialismoaren karrika itsua.
Gordin pentsatu, gordin pentsatutakoa zintzo idatzi. Zintzotasun aratzaren xalotasunik gabe eta gordintasun hutsaren ankerkeriarik gabe. Hori da konbinazio perfektua. Horregatik funtzionatzen dute hain ongi, besteak beste, antzezlanok. Bigungarririk eta ahoan bilorik gabe hitz egiten dutelako pertsonaiek, baina samur diren egiak ahaztu gabe. Gaiztakeriatxoaren abegia umorez bilatuz. Aitarekin bidaian laneko pasarteetako batek dioen moduan: “Zer gehiago behar du pertsonak zoriontsu izateko? Elkarri begiratu eta ulertu, besterik ez”.
Elkarri begiratu, ulertu eta bizitzari aurrez aurre hitz egin. Baga, biga… eta Hika. Arraunari laga gabe, bogan segitzea opa diegu.